75. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZABALTZA

Ordenantza fiskala, Herriko jabari publikoan intereseko hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresen aprobetxamendu bereziaren tasa arautzen duena. Behin betiko onespena

Zabaltzako Kontzejuko Batzarrak, 2017ko urriaren 20an egin bilkuran, aho batez erabaki zuen hasiera batean onestea Herriko jabari publikoan intereseko hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresen aprobetxamendu bereziaren tasa arautzen duen ordenantza fiskala (217. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 10ean).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurreko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta testu osoa ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Zabaltzan, 2018ko otsailaren 12an.–Kontzejuko burua, Joaquín Galar Jiménez.

ORDENANTZA FISKALA, HERRIKO JABARI PUBLIKOAN INTERESEKO HORNIDURA ZERBITZUAK USTIATZEN
DITUZTEN ENPRESEN APROBETXAMENDU BEREZIAREN
TASA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 100. artikuluaren eta hurrengoen babespean, ordenantza honen helburua da udal eremu publikoko zoru, zorupe eta hegalkinean hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresen erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziaren tasa arautzea, zerbitzu horiek interesekoak direnean edo herritar guztiei edo frankori eragiten dietenean.

2. artikulua. Tasa honen zerga-egitatea dira Udalaren eremu publikoko zoru, zorupe eta hegalkinean hornidura zerbitzuen enpresa edo entitateek egiten dituzten erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziak, zerbitzu horiek interes orokorrekoak direnean edo herritar guztiei edo frankori eragiten dietenean.

Bereziki, zerbitzu horien barrenean ur, gas, argindar, telefonia finko eta mugikor eta beste komunikabide moten hornidurak egonen dira, Udalaren jabari publikoa okupatzen duten sare edo antena finkoen bitartez, osorik nahiz partez, ematen badira.

3. artikulua. Tasa horren subjektu pasiboak dira aurreko ataleko hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten zerbitzu enpresak, bai hornidurak egiteko erabiltzen diren sareen titularrak badira, bai, sare horien titularrak izan gabe, sareak erabiltzeko, haietara iristeko edo elkarri lotzeko eskubideen titularrak badira.

Horri dagokionez, zerbitzu horiek ustiatzen dituzten enpresen artean sartzen dira banaketarako eta merkaturatzeko enpresak.

4. artikulua. Tasa horren zenbatekoa, hurrengo atalean jorratuko den telefonia mugikorreko kasuan izan ezik, udal-mugartearen barnean enpresek urtero lortzen duten fakturazioaren diru-sarrera gordinen %1,5ekoa izanen da, tasa horri lotuta badaude.

Ondorio horietarako, diru-sarrera gordinen artean ez dira sartuko egindako zerbitzuak kargatzen dituzten zeharkako zergak, ezta hirugarrenen kontura kobratutako partida edo zenbatekoak, tasaren zenbatekoa zehazteko araubide hau aplikatzen zaion entitatearen diru-sarrera berariazkoak ez badira. Orobat, Ekonomia Ministerioaren Energia elektrikoa sortzeko instalazioen administrazio erregistroaren 1. edo 2. ataletan energia sortzeko beharrezko lehengaitzat hartutako instalazioetan (araubide berezi honetan tributatzekoak) erabiltzen diren hornidura zerbitzuen zenbatekoak ez dira fakturazioaren diru-sarreren barnean hartuko.

Hornidurak egiteko kanpoko sareak erabiltzen dituzten enpresek beste enpresa batzuei haien sareak eskuratzeagatik edo haiei lotzeagatik ordaindu dizkieten zenbatekoak kenduko dituzte beren fakturazioko diru-sarrera gordinetatik. Sare horien titulartasuna duten enpresek kontzeptu horregatik eskuratzen dituzten zenbatekoak sartu beharko dituzte beren fakturazioko diru-sarrera gordinetan.

Erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakartenean toki erakundearen jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, onuraduna, behar den tasaren ordainketa ukatu gabe, aipatu horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostu osoa ordaintzera beharturik dago, baita aurretik zenbateko hori gordailutako uztera ere.

Kalteak konponezinak badira, suntsitutako ondasunek zenbat balio duten edo kaltetutakoen baliogalera norainokoa den, horrenbeste emanen du ordainetan onuradunak.

5. artikulua. Telefonia mugikorreko enpresak araubide orokorrari lotuko zaizkio tasa zehazteko, jabari publikoaren erabilera pribatibo edo aprobetxamendu berezia dela eta. Horretarako, erabileratik edo aprobetxamendutik eratorritako onurak merkatuan izanen lukeen balioa hartuko da oinarri, ukitutako ondasunak jabari publikokoak ez balira.

Tasa zehazterakoan, gainera, ondoko irizpide hauek hartuko dira kontuan: aprobetxamenduaren iraupena eta operadore bakoitzari egotz dakiokeen berariazko koefizientea merkatu-kuotaren arabera. Hala, tasa lortuko da merkatuaren balioa iraupenarekin eta operadore bakoitzaren berariazko koefizientearekin biderkatuz.

6. artikulua. Tasa urte guztietako urtarrilaren 1ean sortuko da, eta zergaldia urte naturalekoa izanen da, erabilera pribatiboa hasteko edo uzteko kasuetan izan ezik, urte naturalaren zenbatekoa proportzionalki banatuko baita.

7. artikulua. Zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresetan tasa ordaintzera beharturik daudenek hiruhilero aurkeztu beharko dute udal-mugartean erdietsi diru-sarrera gordinen aitorpena, aitzineko hiruhilekoari dagokiona hain zuzen ere.

Aipatu aitorpen horretan tasaren zenbatekoa kalkulatu beharko da, arau honetan ezarritakoaren arabera.

Aitorpena aurkeztearekin batera, dagokien tasaren zenbatekoa ordaindu beharko dute enpresek.

8. artikulua. Ordenantza honetan arautzen den tasa independientea izanik, bateragarria da zerbitzuak edo toki erakundearen eskumeneko jarduerak egiteagatik ezar daitezkeen bertze tasa batzuekin, salbu eta erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziarekin ikusteko duten tasekin, horiexek baitira ordenantzaren berezko xedeak.

9. artikulua. Tasa hau kudeatzeko, toki entitate honek bertze entitate batzuekin bat egiten ahalko du hitzarmenen bidez, kudeaketa eta likidazioa errazagoak eta arinagoak izan daitezen.

Iragarkiaren kodea: L1802090