75. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BUÑUEL

Aldaketa, Kultura, hezkuntza, kirol, gazteria, ospakizun, giza eta gizarte xedeetarako diru-laguntzak arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena

Buñuelgo Udalak, 2017ko azaroaren 22an egin osoko bilkura berezian, hasiera batean onetsi zuen aldaketa hori.

Aurreko erabakia 2017ko 243. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 21ean, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Buñuelen, 2018ko otsailaren 8an.–Alkatea, José Antonio Lasheras Sanz.

ORDENANTZA, BUÑUELGO UDALAK KULTURA, HEZKUNTZA, KIROL, GAZTERIA, OSPAKIZUN, GIZA ETA GIZARTE XEDEETARAKO EMATEN DITUEN DIRU-LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA

Zioen azalpena

I.–Buñuel bere gizarte egitura egunero hazten ikusten duen herria da, bai zenbakitan neurturik, bai, bereziki, komunitatearen, partaidetzaren eta konpromisoaren ezagutzan neurturik egungo bizia garatzeko alor desberdinetan: kultura, elkartasuna, berdintasuna, kirola, boluntario lana, ingurumena eta, bizikidetzarako eta kulturen arteko trukaketarako, gizarte partaidetzarako eta herritartasuna eraikitzeko, eta abarrerako espazioak egituratzea.

Buñuelgo Udala ohartua da egiten diren jarduerek balio erantsi handia dutela udalerriko gizartearentzat, hala zuzeneko parte-hartzaile eta bultzatzaileentzat nola jardueren onuradunentzat. Horregatik, gero eta partida handiagoak ematen ditu elkarteen lana erraztu eta, aldi berean, jardueraren balorazio soziala aitortu beharrez.

II.–Bestalde, publikotasuna, tratu berdintasuna eta lehiakortasuna dira laguntzak ematean jarraitu beharreko irizpideak; hala dio Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen VI. kapituluak, Nafarroako toki entitateek erakunde publiko eta pribatuei eta partikularrei, tokiko eskumenei lotutako zerbitzuak eta jarduerak osatu edo ordeztu beharrez, laguntza ekonomikoak eman eta sustatzeko arauak jartzen dituenean.

Xedapen horiek betetzeko, ezinbestekoa da udal arau batzuk jartzea, diru-laguntzak emateko prozedura arautu eta ezartzearren; batetik, aipatutako legeari jarraituko zaio, nahitaez bete beharrekoa baita, eta, bestetik, udalerriaren aipatu errealitate berriari.

III.–Hori dena ikusirik, udal ordenantza honek barnean hartu nahi ditu aipatutako arloetan egiten diren jarduera guztiak, eta oinarrian ditu Administrazioaren jarduketaren objektibotasun eta efizientzia printzipioak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 3. artikuluan biltzen direnak, baita berdintasun, publizitate, gardentasun eta lehiakortasun printzipioak ere, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 5. artikuluan modu berariazkoan ezartzen dituenak.

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honek diru-laguntzak emateko irizpideak eta prozedura finkatzea du xede, Buñuelgo udalerriaren esparruan, eta baldintza berak bermatzea herritar eta entitateei, onura publiko edo interes sozialeko helburu zehatz bati erantzuten dioten zerbitzu eta jardueretarako laguntzak eskuratzeko.

Ordenantza hau osatzeko, diru-laguntza bakoitzaren deialdiaren berariazko arauak emango dira; horiek ezin izango dira kontraesanean etorri ordenantza honetan xedatzen denarekin, eta, betiere, elementu hauek arautuko dituzte:

a) Diru-laguntzaren xedea.

b) Onuradunek bete beharreko baldintzak eta horiek frogatzeko bidea.

c) Berariazko balorazio baremoa.

d) Eskabideak aurkezteko epea.

e) Kide anitzeko organo kalifikatzailearen osaera.

f) Interes publikoen aldeko bermeak, halakoak komenigarriak direnean.

2. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, Udalak pertsona edo entitate publikoei nahiz pribatuei dirua zein gauzak emateari esaten zaio diru-laguntza, horren xedea baldin bada onura publiko edo interes sozialeko jarduerak bultzatu edo sustatzea, hala nola bekak, primak, laguntzak, eta laguntza pertsonal, material eta ekonomikoa dakarten gainerako xedapen guztiak.

Printzipio gidariak

3. artikulua. Honako printzipio hauen arabera emango dira ordenantza honek aipatzen dituen diru-laguntzak:

1. Publikotasuna, gardentasuna, konkurrentzia, objektibotasuna, berdintasuna, diskriminaziorik eza eta kontrola.

2. Eraginkortasuna, administrazio emaileak finkatutako helburuak betetzean.

3. Efizientzia, baliabide publikoak esleitu eta erabiltzean.

4. artikulua. Diru-laguntzen xedeko alor baten edo gehiagoren gainean onesten diren oinarri arautzaileetan ezarritako irizpide, xede eta prozedurei begiratuta eman beharko dira diru-laguntzak.

Oinarriak onetsi aurretik, nahitaezkoa izango da xede horretarako dirua esleitzea aurrekontuetan.

Onuradunak

5. artikulua. Hona hemen nor diren diru-laguntzak eskatzen ahal dituztenak:

Irabazi-asmorik gabeko entitate, erakunde eta elkarteak, Buñuelgo udalerrian egoitza edo ordezkaritza iraunkorra dutenak.

b) Pertsona fisikoak, jende talde baten ordezkari gisa, baldin eta Buñuelgo udalerrian bizi badira, eta ekimenak berariazkoak eta irabazi-asmorik gabeak badira.

Diruz lagundu daitezkeen jarduerak

6. artikulua. Diru-laguntza jaso dezakete diru-laguntzen deialdi bakoitzari dagokion aldian Buñuelgo udalerriaren esparruan egiten diren jarduera programatuek, arlo hauetakoak badira:

–Kultura.

–Hezkuntza.

–Kirolak.

–Gazteria.

–Gizarte laguntza.

–Laguntza humanitarioa eta/edo garapenerako lankidetza programak hirugarren munduko herrietan.

–Gizarte, kultura edo erlijioaren aldetik interesa duten jarduerak irabazi-asmorik gabe egiten dituzten entitateendako laguntzak.

–Irabazi-asmorik gabeko herri entitate eta taldeentzako laguntzak, herritarren partaidetzaren arloan.

–Ingurumena.

–Gizarte ongizatea.

–Ospakizunak.

Banakako ebaluazioaren sistema hautatzen denean diru-laguntza emateko, haren gaineko araudi berariazkoak irizpideak ezartzen ditu eskaerak ebaluatzeko eta ebaluazio horren arabera diru-laguntza handiagoa edo txikiagoa esleitzeko. Espedienteak aurkeztu ahala tramitatu eta ebazten dira, aurrekontuan horretarako dirua dagoen bitartean.

7. artikulua. Ezin izango dira diruz lagundu honako hauek:

a) Lokalak egokitzea edo eraikinetako beste edozein esku-hartze.

b) Ondasun higiezinak erostea.

Prozedura orokorra eta zuzenean ematea

8. artikulua. 1. Orokorrean, diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.

Udalak zenbateko bat esleituko du urtero aurrekontuan, diru-laguntza har dezaketen jardueretarako.

Diru-laguntzak eman aurretik, organo eskudunak diru-laguntzetarako deialdia egin beharko du, eta haiek arautzeko oinarriak onetsi.

Aurrekontuan dagoen dirua banatuko da aurkeztu diren eskaeren artean, honako hauek kontuan hartuta: deialdiaren oinarrietan aipatzen den jardueraren arlo edo esparrua, lortu nahi diren xedeak eta aurrekontuan horretarako dagoen partida. Biltzen diren inguruabarrak aztertu ondoren emango da, zenbateraino eta zer ehunekotan laguntzen ahal diren zenbatetsi ondoan.

2. Nolanahi ere, beste diru-laguntza batzuk modu zuzenean ematen ahalko dira, horretarako egiaztatzen diren arrazoiak interes publiko, sozial, ekonomiko, hezkuntzako, kultural, zientifiko, humanitario edo bestelakoak direnean, baldin eta, hartzailea dela-eta, ez badago lehia publikorako aukerarik, diru-laguntzaren xedea aurrera eramateko onuradun bakarra edo onuradun talde bakarra dagoelako.

Kasu hauetan ematen diren diru-laguntzak zuzenekoak izango dira:

1. Udalaren aurrekontu orokorreko alor bakoitzean indarra duen araudiarekin bat modu izendunean aurreikusiak daudenak.

Udal aurrekontuan agertuko dira onuradunaren izena, diru-laguntzaren xedea eta haren zenbatekoa.

Aurrekontua betearazteko oinarrietan zehaztuko dira mota honetako diru-laguntzak; horiek lankidetza akordio edo hitzarmenen bidez gauzatuko dira, Udal Kontu-hartzailetzak aurretik fiskalizazioa eginda; hartan ordaintzeko modua eta diru-laguntzaren justifikazioa zehaztuko dira.

Zuzeneko araubidearen bidez emandako diru-laguntzak antolatzeko bide arrunta izango da onuradunarekin dagokion akordioa edo hitzarmena sinatzea; hartan, honako hauek zehaztu beharko dira:

a) Diru-laguntzaren xedea eta haien onuradunak, aurrekontuko diru-izendapenaren arabera.

b) Gastua aurrekontuko zer kredituri egozten zaion eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

c) Bateragarritasuna beste administrazio publikoek edo Europar Batasunak ematen dituzten beste diru-laguntzekin.

d) Diru-laguntza ordaintzeko epeak eta modua, ordainketa aurreratuak eta konturako ordainketak egiteko aukerak, baita onuradunek ekarri behar dituzten bermeen araubidea ere.

e) Diru-laguntza zertarako eman zen, xede hori bete dela eta eskuratutako diruak aplikatu direla frogatzeko onuradunak dituen epea eta modua.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Foru Lege Orokorraren 22. artikuluan xedatuarekin bat, diru-laguntzak zuzenean emateko kasuetariko bat da udal aurrekontuetan modu izendunean aurreikusiak daudenena, haiei buruzko hitzarmen eta arauetan ezarritakoarekin bat. Aurrekontuko gastuen egoera-orrietan aurrekontuko zuzkidura eta onuraduna agertu behar dira, gutxienez. Diru-laguntza hauen helburua zehazturik gelditu behar da dagokion lankidetza hitzarmenean edo emateko ebazpenean; xede horrek, betiere, bat etorri beharko du aurrekontuan dagokion kredituaren sailkapen funtzional eta ekonomikoarekin.

2. Lege mailako arau batek agintzen badio administrazioari diru-laguntza emateko edo zenbat eman behar duen.

3. Diru-laguntzaren izaeragatik edo helburuagatik lehiaketa publikoaren deialdirik behar ez denean, edo izaeragatik nahiz helburuagatik publikotasunaren tramitea betetzea ezinezkoa bada, gauzatzeko gaitasuna duen onuraduna bakarra delako.

4. Gizarte ongizateko laguntzak; hala nola, larrialdi sozialeko laguntzak eta banakoendako laguntza sozialak.

Apartatu honi jarraikiz ematen diren diru-laguntzak gauzatzeko, lankidetza akordioak edo hitzarmenak egingo dira. Haietan diru-laguntzak arautzeko oinarriak ezarriko dira, ordenantza honetako aurreikuspenekin bat.

9. artikulua. Buñuelgo Udalaren Osoko Bilkura da ordenantza honetan aipatzen den deialdiko oinarriak onetsi, argitaratu, zuzendu, luzatu edo deuseztatzeko organoa, baita kalifikazio batzordea izendatzen duena ere. Alkate udalburua edo Tokiko Gobernu Batzarra izango dira eskumena duten organoak diru-laguntza guztiak emateko edo ukatzeko eta haien zenbatekoa erabakitzeko, kalifikazio batzordeak aurretik txostena eginda.

10. artikulua. Diru-laguntza emateko deialdi bakoitzaren oinarri partikularretan ezarriko da eskabideak aurkezteko epea zein den.

Zuzeneko kontzesioak direlako epe zehatzik ez duten diru-laguntzak direnean, Udalak urtero onesten duen deialdian erabakiko da eskabideak aurkezteko epe orokorra.

11. artikulua. Laguntzen eskatzaileek, eskabidearekin batean, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

Programa xehatua eta guztizko aurrekontua, egin gogo diren jardueren arabera banatua, haietarako eskatzen baita diru-laguntza.

Diru-laguntzak esleitzeko irizpideak

12. artikulua. Deialdiaren oinarriak onestean finkatzen diren irizpide berariazkoez gain, honako hauek jotzen dira diru-laguntzak emateko irizpide objektibo orokortzat:

a) Jardueraren interes orokorra Buñuelgo Udalarendako.

b) Biztanleriaren partaidetza aktiboa programa hauetan, eta jardueren eragina gizartean.

c) Prestakuntzaren edo hezkuntzaren aldetik biztanleen bizi-kalitatea hobetu dezaketen alderdiei mesede egitea.

d) Proiektua zer esparrutan garatuko den, haren baldintzetara egokitzea gizartearen, kulturaren eta abarren aldetik.

e) Jarduerak Buñuelgo herritarren eskura izatea eta iritzi publikoa sentsibilizatzen laguntzea.

f) Boluntarioek parte hartzea proiektua edo jarduera gauzatzen.

g) Antzinatasuna Buñuelgo erroldan.

h) Gisako jardueren urritasuna.

i) Oinarrizko kirola eta kultura sustatzea.

j) Diru-laguntzarik gabe nekez gauza litezkeen interes orokorreko jarduerei laguntza ematea.

k) Proiektuan ingurumenaren, gizartearen edo genero berdintasunaren ikuspegia txertatzea.

l) Antzinatasuna eta eskarmentua, gisako proiektuetan.

m) Eskatzailearen gaitasun teknikoa nahiz antolaketarako eta kudeaketarako gaitasuna.

13. artikulua. Dagokion informazio batzordeak eskaerak aztertuko ditu eta, horren ondoren, txostena aurkeztuko dio alkate udalburuari edo Tokiko Gobernu Batzarrari. Horrek ebazpena emango du eta diru-laguntza onartuko, biltzen diren inguruabarrak azterturik, kasu bakoitzean zenbateraino eta zer ehunekotan laguntzen ahal den zenbatetsi ondoren. Arau orokorra da jarduerendako diru-laguntzek, guztira, ez gainditzea hartarako aurkeztu den aurrekontu osoaren %50. Gehieneko zenbatekoa deialdi bakoitzaren oinarri partikularrek adieraziko dute.

Onuradunek bete beharrekoak

14. artikulua. Hauek dira onuradunen betebeharrak:

–Diru-laguntza jasotzeko oinarri den xedea betetzea, proiektua gauzatzea, jarduera egitea edo jokabidea izatea.

–Organo emaileari edo, halakorik bada, entitate laguntzaileari frogatzea betekizunak eta baldintzak betetzen direla eta diru-laguntza emateko edo jasotzeko arrazoi izan diren jarduera eta helburua gauzatu eta bete direla.

–Organo emaileak edo, halakorik bada, entitate laguntzaileak egin beharreko egiaztatze lanak onartzea, baita kontrol organo eskudun nazionalek zein europarrek finantzak egiaztatu eta kontrolatzeko egiten ahal dituztenak ere; bestetik, lehenagoko jarduketen ondorioz eskatzen ahal zaion informazio guztia ematea.

–Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo lortutako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea diru-laguntza eman duen organoari edo entitate laguntzaileari. Jakin bezain laster emango da haien berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

–Diru-laguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egitean, zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteak izatea.

–Egiaztatze eta kontrol ahalmenak erabili ahal daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskaturik, onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan eta, halaber, diru-laguntzak arautzeko oinarrietan eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistro berariazkoak edukitzea.

–Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izaten ahal diren bitartean.

–Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, jasotako diru-laguntzak itzultzea.

15. artikulua. Entitate laguntzaileak, onuradunak eta diru-laguntzen xedearekin edo haren justifikazioarekin ikusteko duten hirugarrenak beharturik daude Udalaren kontrol organoen lana erraztera, baita kontrol organo eskudunek finantzen egiaztatze eta kontrolaren arloan egin ditzaketen gainerakoak ere, bereziki uztea kontrolaren eta segimenduaren xedeko dokumentazioa aztertzen eta lokaletan sartzen.

16. artikulua. Jarduera baterako diru-laguntzaren eskabidea aurkezte hutsak berarekin dakar ordenantza hau eta diru-laguntza emateko oinarriak ezagutzea eta onartzea.

17. artikulua. Ordenantza honetako betebehar eta aginduak ez betetzeak diru-laguntza itzuli beharra ekar dezake. Erabaki hori organo emaileak hartuko du, espedientea instruitu ondoan. Hartan, zentro kudeatzailearen proposamen arrazoituarekin batera, bidezko diren txosten eta frogak aurkeztuko dira, baita onuradunaren alegazioak ere, halakorik bada. Espedientea hiru hilabeteko epean ebatzi beharko da.

Justifikazioa eta kobrantza

18. artikulua. Ordenantza honetan aginduei jarraikiz emandako diru-laguntzak jasotzeko, agiri hauek aurkeztu beharko dira udaletxean:

a) Egindako jardueraren memoria xehatua.

b) Eskabidea, entitateko buruak edo behar bezala egiaztatutako ordezkaritza duenak sinatua, alkateari zuzendua, diru-laguntzaren ordainketa eskatzeko. Bertan, kontu korrontearen zenbakia adieraziko da, hartara transferentzia egiteko.

c) Fakturak, diru-laguntzaren zenbatekoa adieraziko dutenak.

d) Jarduerak sortutako gastuen zerrenda eta dokumentazio inprimatua.

e) Onuradunak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela frogatzen duten agiriak.

f) Beste entitate publiko nahiz pribatuek emandako diru-laguntzen zerrenda.

19. artikulua. Aurreko artikuluan aipatu fakturek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak izatea.

b) Diru-laguntza eman den urteko data edukitzea, edo aurreko urteko laugarren hiruhilekokoa.

Jarduera puntuala baldin bada, aipatu jarduerari dagokion data.

c) Hartzailearen nortasun agiri nazionala edo lizentzia fiskalaren zenbakia edukitzea.

d) Etxe hornitzailearen zigilua eta izenpea edukitzea.

e) Eskabidea egitean aurkeztutako aurrekontuarekin bat etortzea.

20. artikulua. 18. artikuluan aipatzen diren frogagiriak eskabidearekin batera aurkeztuko dira. Kalifikazio batzordeak aztertuko du espedientea, eta onesteko eta ordaintzeko proposatuko dio alkateari. Onestea eta ordaintzea, bidezko bada, alkate udalburuari dagokio; egin beharreko gastua bere eskumenen barrenean badago. Dena dela, diru-laguntza benetako gastuetaraino murritz dadin proposatzeko ahalmena beretzat gordeko du, eta hurrengo osoko bilkuran emango du horren berri.

21. artikulua. Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan aplikatzekoak izango dira Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, hari buruz uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamendua eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea.

Emandako diru-laguntzen publizitatea

1. Emandako diru-laguntzen publizitatea eginen da Buñuelgo Udalaren iragarki oholean eta web-orrian; haietan adierazi behar dira deialdia, programa eta aurrekontuan zer kredituri egotzi zaion, eta orobat onuraduna, emandako zenbatekoa eta diru-laguntzaren xedea(k).

Gainera, argitaratzeko agintzen duen ebazpenaren laburpen bat argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta bertan zehaztuko da eduki osoa non dagoen paratuta.

2. Honako kasu hauetan ez da beharrezkoa izango ebazpenaren laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea:

a) Aurrekontuan ezarritako diru-laguntza izendunak direlarik.

b) Haien onarpena eta zenbatekoa, halako onuradun batendako, lege mailako arau baten bidez ezarririk daudelarik.

c) Emandako diru-laguntzen zenbatekoak, banan-banan hartuta, 3.000 eurotik beherakoak direlarik.

d) Onuradunaren datuak argitaratzean kalte egiten zaiolarik ohorearen babesari eta pertsona fisikoen intimitateari edo familiakoei, hala xedatzen baita Ohorerako, norberaren nahiz familiaren intimitaterako eta norberaren irudirako eskubidearen babes zibilari buruzko maiatzaren 5eko 1/1982 Lege Organikoan.

Arau-hauste eta zehapenak

Arau-hauste eta zehapenak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Foru Legearen IV. tituluan ezarritakoak dira.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartu eta ondorio juridikoak izango ditu testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta eta Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko eskatzeko duten eskumena erabiltzeko epea iraganda.

Iragarkiaren kodea: L1802088