75. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

681/2018 EBAZPENA, 2018ko martxoaren 28koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana, zeinaren bidez agintzen baita argitaratzeko “Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Unibertsitateko Master Titulu Ofizialak eta Ikasketa Berekiak arautzen dituzten Arauak aldatzen dituena”, Gobernu Kontseiluak 2018ko martxoaren 28an hartu zuen erabakiaren bidez onetsia.

2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, agintzen dut argitaratzeko 2018ko martxoaren 28ko Gobernu Kontseiluak hartutako erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Unibertsitateko Master Titulu Ofizialak eta Ikasketa Berekiak arautzen dituzten Arauak aldatzen dituena.

“ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO MASTER TITULU OFIZIALAK ETA IKASKETA BEREKIAK ARAUTZEN DITUZTEN ARAUAK ALDATZEN DITUENA

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren 2009ko uztailaren 28ko erabaki baten bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasketa berekiak eta Unibertsitate Master Titulu Ofizialak arautzen dituzten Arauak onetsi ziren. Arau horiek ondoz ondoko zenbait erabakiren bidez aldatu dira 2010., 2011., 2015., 2016. eta 2017. urteetan.

Horietako azkenari esker, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ikasketen Batzorde sortu berriaren eskumenak zehaztu ziren, eta, horrez gain, jatorrizko arauen testu bategina jaso zuen, ondoren egindako aldaketa guztiekin.

Arauak aldatzeko proposamen horrek hiru helburu nagusi dauzka: alde batetik, irakaskuntza ofizialen matrikularekin lotutako administrazio-prozedurak sinplifikatzea, dagoeneko dauden Gradu ikasketen prozedurekin parekatzeko, bereziki matrikulen kudeaketa ekonomikoari lotutako guztiari dagokionez; bestetik, araudia ebaluazio-gaietan bateratzea, Unibertsitateko ebaluazio-araudi orokorrean dagoeneko araututakoa berariaz indargabetuz, eta, azkenik, Ikasketa Berekiei dagokienez, Gradu ikasketa ofizialekin zuzenean lotutako ikasketa berekien berezitasun jakin batzuk arautzea, baita irakaskuntza horien matrikularekin eta deialdiekin lotutako zenbait alderdi zehaztea ere.

Beraz, hau da Gobernu Kontseiluak, 2018ko martxoaren 28ko bileran, Irakaskuntzako eta Ikasleen gaietarako, Enplegurako eta Ekintzailetzarako errektoreordeek hala proposaturik, hartu duen

ERABAKIA

Lehena.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasketa berekiak eta Unibertsitate Master Titulu Ofizialak arautzen dituzten Arauak aldatzea onestea,1. eranskinean azaldutako moduan.

Bigarrena.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasketa berekiak eta Unibertsitate Master Titulu Ofizialak arautzen dituzten Arauen testu bategina onestea, 2. eranskinean azaldutako moduan, aldaketak sartu eta gero.

Hirugarrena.–Erabaki hau jakinaraztea Irakaskuntzako errektoreordeari, Ikasleen gaietarako, Enplegurako eta Ekintzailetzarako errektoreordeari, fakultateetako, eskoletako eta sailetako zuzendaritzei, ikasketa berekietako irakaskuntza-zuzendaritzei, Unibertsitate-Gizarte Fundazioari, eta Irakaskuntzako Zerbitzuari.

Laugarrena.–Erabaki honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

Iruñean, 2018ko martxoaren 28an.–Errektorea, Alfonso Carlosena.

1. ERANSKINA

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Unibertsitateko Master Titulu Ofizialak eta Ikasketa Berekiak arautzen dituzten Arauen aldaketak

Bat.–“Egonaldiak atzerrian” izeneko 12. artikuluko 2. idatz-zatiaren idazketa aldatu da.

  • Honela dioen tokian: “Egonaldiek, gehienez ere, 18 ECTS kreditu izango dituzte, betiere 3 ECTS kredituko moduluetan, eta gutxienez ere 9 ECTS kreditu”.
  • Honela esan behar du: “Atzerrian egingo den egonaldiaren iraupena unean-unean indarrean den Mugikortasun Araudian ezartzen denaren araberakoa izango da”.

Bi.–“Urteko eskaintza” izeneko 22. artikuluko 1. idatz-zatiaren idazketa aldatu da.

  • Honela dioen tokian: “Urtero, aurreko ikasturtearen azken hiruhilekoan, irakaskuntza gaietan eskumena duen Errektoreordetzak (...)”.
  • Honela esan behar du: “Urtero, irakaskuntza gaietan eskumena duen Errektoreordetzak (...)”.

Hiru.–“Irakaskuntza eskaintzaren bermea” izeneko 26. artikuluko 2., 3. eta 4. idatz-zatien idazketa aldatu da.

–2. idatz-zatia:

  • Honela dioen tokian: “20. artikuluaren 4. atalean ezarritakoa kaltetu gabe, Unibertsitateko Master Titulu Ofizial bat emateari uzten zaionean beste master batekin ordeztu gabe, ardura duen ikastegiak oraindik bukatu ez duten ikasleei bukatzeko ezinbestekoak dituzten irakasgaiak eman beharko dizkie. Eskaintza hori, Unibertsitate Masterra behin betiko iraungi ondoren, hurrengo bi ikasturteetarako ere izango da”.
  • Honela esan behar du: “Unibertsitateko Master Titulu Ofizial bat iraungitzea erabakitzen bada, eta ez bada beste batekin ordezkatzen, haren ardura duen ikastegiak bermatu egingo du ikasleek aukera edukiko dutela ondoz ondoko hurrengo bi ikasturteetan bukatzeko. Bi ikasturte igarotzen badira sarbide berriko ikaspostuak eskaini gabe, Unibertsitateak behin betiko iraungiko du titulua”.

–3. idatz-zatia:

  • Honela dioen tokian: “... 20. artikuluko 4. idatz-zatian aipatutako taularen arabera”.
  • Honela esan behar du: “... Master Titulu berriaren egiaztatze txostenean ezarritakoarekin bat”.

–4. idatz-zatia:

  • Honela dioen tokian: “... 20. artikuluaren 4. atalean aipatutako irakasgaien egokitzapen taularekin bat”.
  • Honela esan behar du: “... Master Titulu berriaren egiaztatze txostenean ezarritakoarekin bat”.

Lau.–“Onartuak izateko prozedura” izeneko 30. artikuluko 8. idatz-zatiaren idazketa aldatu da.

  • Honela dioen tokian: “Interesdun ikasleek, aipatu zerrenden aurkako erreklamazioa aurkeztu ahalko dute, argitaratzen direnetik bost eguneko epean. Ikasketa Batzordeak erreklamazioak ebatziko ditu, epea bukatzen denetik, hilabete bateko epean gehienez ere”.
  • Honela esan behar du: “Interesdun ikasleek aipatu zerrenden aurkako erreklamazioa aurkeztu ahalko dute, administrazio egutegiak ikasturte bakoitzerako ezartzen duen epean”.

Bost.–“Ikasleen tipologia arduraldiaren arabera” izeneko 31. artikuluko 1.b) idatz-zatiari testu hau gehitu zaio:

  • “Arduraldi osoko ikasletzat joko da MALean matrikulatuta egon gabe 20 ETCS kreditutik beherako matrikula egiten duen ikaslea ere, betiere Masterra amaitzeko gelditzen zaizkionak badira”.

Sei.–“Matrikula” izeneko 35. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatien idazketa aldatu da.

–2. idatz-zatia:

  • Honela dioen tokian: “Administrazio egutegiak onarpenerako eta matrikularako lehen aldi bat ezarriko du ekainetik uztailera bitartean, eta bigarren aldi bat irailean, matrikula osatuta egon dadin urriaren primerako. Era berean, ikasturtea hasi ondoren, matrikula aldia zabalik egongo da otsaileko lehen astera arte, legezko baldintzaren bat betetzeko baldintzapean onartuak diren ikasleen matrikula egin ahal izateko”.
  • Honela esan behar du: “Ikasturte bakoitzerako onesten den administrazio egutegiak ezarriko du zein diren onarpen eta matrikula aldiak”.

–3. idatz-zatia:

  • Honela dioen tokian: “Master Amaierako Lanaren matrikula Ikasketa Amaierako Lanen Araudian aurreikusitako epeetan egingo da”.
  • Honela esan behar du: “Master Amaierako Lanaren matrikula Ikasketa Amaierako Lanen Araudian ezarritakoaren arabera egingo da, ikasturte bakoitzeko administrazio egutegiak ezarritako epeetan”.

Zazpi.–“Matrikula aldatzea” izeneko 36. artikuluaren idazketa aldatu da.

  • Honela dioen tokian: “Ikasleek aukera izango dute matrikula alda diezaieten, eta, hortaz, matrikulatutako kreditu kopurua gehitu edo murritz diezaieten eskatzeko, horretarako jarritako epean, baldin eta hori justifikatzen duten arrazoiak badaude”.
  • Honela esan behar du: “1. Matrikula aldatzeak bere baitan hartuko du, besteak beste, irakasgaiak ordezkatzea, talde-aldaketa eta deuseztatze partziala. Matrikulatu, aitortu edo baliokidetutako kreditu guztiei eragin ahalko die, betiere aipatu kreditu horiek aktan kalifikaziorik ez badute matrikula aldatu nahi den ikasturtean.

2. Zilegi izango da matrikularen aldaketa eskatzea seihileko bakoitzaren hasieran, administrazio egutegian ezarritako epeetan.

3. Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorearen ebazpen baten bidez arautuko dira ikasleei matrikula aldatzea utziko dieten arrazoiak.”

Zortzi.–37. artikuluaren izenburua aldatu da.

  • Honela dioen tokian: “Unibertsitatearen ofiziozko jarduna matrikularen baliogabetzeei dagokienez”.
  • Honela esan behar du: “Unibertsitatearen ofiziozko jarduna matrikulei dagokienez”.

Bederatzi.–“Matrikula aldatzea” izeneko 38. artikuluaren idazketa aldatu da.

  • Honela dioen tokian: “Matrikula baliogabetzeak matrikulatutako, aitortutako edo baliokidetutako kreditu guzti-guztiei eragingo die, eta, ondorio akademikoren bat sortuko balitz, ez dute baliorik izango horiek guztiek ere”.
  • Honela esan behar du: “Matrikula baliogabetzen bada, matrikulatu, aitortu edo baliokidetutako kreditu guztiei eragingo die, betiere aipatu kreditu horiek aktan kalifikaziorik ez badute matrikula baliogabetu nahi den ikasturtean”.

Hamar.–“Matrikula deuseztatzeko edo aldatzeko eskaeraren ondorio ekonomikoak” izeneko 39. artikulua aldatu da.

–1. eta 2. idatz-zatiak bateratu dira, eta honela idatzita gelditu da: “1. Aurreko artikuluko 1. eta 2. idatz-zatietan eta 36. artikuluko 1. idatz-zatian aipatutako kasuetan, matrikula baliogabetzeak berekin ekarriko du matrikulatutako edo aitortutako kredituei dagozkien prezio publikoen zenbatekoa itzultzea”.

–3. idatz-zatia baliorik gabe utzi da.

–4. idatz-zatiari zenbaki berria ezarri zaio, eta 2.a izango da.

–5. idatz-zatia baliorik gabe utzi da.

Hamaika.–“Ebaluazioa epaimahaiaren bidez” izeneko 43. artikulua baliorik gabe utzi da, ebaluazioari buruzko araudian arautzen baita.

Hamabi.–45. artikulutik 56. artikulurako guztia baliorik gabe utzi da, ebaluazioari buruzko araudian arautzen baitira.

Hamahiru.–“Master Amaierako Lana” izeneko 57. artikuluko 3. idatz-zatiaren idazketa aldatu da.

  • Honela dioen tokian: “Nafarroako Unibertsitate Publikoko Master Amaierako Lanaren Arautegian ezarritakoak arautuko du Master Amaierako Lanak egin, defendatu, ebaluatu, kalifikatu eta administrazioan tramitatzeari dagokion guztia”.
  • Honela esan behar du: “Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasketa Amaierako Lanen Arautegian ezarritakoak arautuko du Master Amaierako Lanak egin, defendatu, ebaluatu, kalifikatu eta administrazioan tramitatzeari dagokion guztia”.

Hamalau.–“Ikasketa berekien tipologia” izeneko 59. artikuluko 2., 4. eta 6. idatz-zatiak aldatu dira.

–2. idatz-zatia:

  • Honela dioen tokian: “Arau hauetako 70.3 artikuluan ezarritakoa galarazi gabe...”.
  • Honela esan behar du: “Arau hauetako 70 artikuluan ezarritakoa galarazi gabe...”.

–4. idatz-zatia:

  • Honela dioen tokian: “... modulu, gai eta irakasgaietan...”.
  • Honela esan behar du: “... modulu eta jakintzagaietan...”.

–6. idatz-zatia:

  • Honela dioen tokian: “Titulu berekitzat hartuko dira unibertsitateko master titulu ofizial baten babesean diseinatzen diren eta titulu bereki moduan eskaintzen diren moduluak”.
  • Honela esan behar du: “Titulu berekitzat hartuko dira Unibertsitateko Master Titulu Ofizial edo Master Titulu Bereki baten babesean diseinatzen diren eta titulu bereki moduan eskaintzen diren moduluak”.

Hamabost.–“Etengabeko prestakuntzaren eta ikasketa berekien beste modalitate batzuk” izeneko 60. artikuluaren izenburua eta 2.a) idatz-zatia aldatu dira.

  • Honela dioen tokian: “60. artikulua. Etengabeko prestakuntzaren eta ikasketa berekien beste modalitate batzuk”.
  • Honela esan behar du: “60. artikulua. Ikasketa berekien beste modalitate batzuk”.

–2.a) idatz-zatia:

  • Honela dioen tokian: “... eta mintegiek 1 ECTS, gehienez ere”.
  • Honela esan behar du: “... eta mintegiek 2 ECTS, gehienez ere”.

Hamasei.–“Finantzazioa” izeneko 66. artikuluko 2. idatz-zatia aldatu da.

  • Honela dioen tokian: “Beste erakunde batzuekin titulu berekiak egitea adosten denean...”.
  • Honela esan behar du: “Beste erakunde batzuekin ikasketa berekiak egitea adosten denean...”.

Hamazazpi.–Hirugarren Kapituluaren izenburua aldatu da.

  • Honela dioen tokian: “Titulu berriak eta ikasketa berekiak onetsi eta ezartzea”.
  • Honela esan behar du: “Ikasketa bereki berriak onartzea eta ezartzea”.

Hemezortzi.–67. artikuluaren izenburua aldatu da.

  • Honela dioen tokian: “Titulu berekiei buruzko proposamenen edukia”.
  • Honela esan behar du: “Titulu berekiak eskuratzeko ikasketen proposamenen edukia”.

Hemeretzi.–68. artikuluaren izenburua eta 3. idatz-zatia aldatu dira.

  • Honela dioen tokian: “Titulu berekiak eskuratzeko ikasketak berritu eta kentzea”.
  • Honela esan behar du: “Titulu berekiak eskuratzeko ikasketak berritu eta kentzea”.

–3. idatz-zatia:

  • Honela dioen tokian: “Titulu berekiak eskuratzeko ikasketak berritu...”
  • Honela esan behar du: “Titulu berekiak eskuratzeko ikasketak berritu...”

–eta

  • Honela dioen tokian: “... programaren, finantzaketaren edo beste alderdiren baten aldaketa ekartzen badu...”.
  • Honela esan behar du: “... programaren edo finantzaketaren aldaketa ekartzen badu...”.

Hogei.–“Ikasketa berekietarako sarbidea” izeneko 70. artikuluko 4., 5. eta 6. idatz-zatiak gehitu dira, eta hau da beren edukia:

–4. idatz-zatia:

  • “Nafarroako Unibertsitate Publikoan ikasketa ofizialak eta, aldi berean, beren eskaintzan ikasketa ofizial horiekin lotura zuzena daukatela berariaz adierazita daukaten ikasketa berekiak egiten dituzten ikasleei ez zaie unibertsitateko titulu ofizialik eskatuko sartzeko, eta automatikoki emango zaie 3. idatz-zatian adierazitako sarbide baimena”.

–5. idatz-zatia:

  • “Gehienez ere unibertsitateko titulu ofizial baten irakasgaien edo Ikasketa Amaierako Lanaren 12 ECTS kreditu gelditzen zaizkien ikasleei automatikoki emango zaie 3. idatz-zatian adierazitako sarbide baimena”

–6. idatz-zatia:

  • “Aipatu gabeko gainerako kasuetan, ikasleek ez badaukate unibertsitateko titulu ofizialik, Ikasketa Batzordeak baimendu beharko du ikasketa horietarako sarbidea”.

3. artikuluko 2. idatz-zatia aldatu da, aurrerantzean artikulu horretako 7.a izango baita, eta hau da beren edukia:

  • Honela dioen tokian: “Baimen horren arabera titulu bereki bat egiten duten ikasleek ezin izango dute master titulu berekia, aditu edo espezializazio diploma jaulkitzeko eskatu, unibertsitateko titulu ofizialik lortzen ez badute. Nolanahi ere, egindako ikasketen ziurtagiria lortzeko eskubidea izango dute”.
  • Honela esan behar du: “3., 4., 5. eta 6. paragrafoetan ezarritako baimenen arabera titulu bereki bat egiten duten ikasleek ezin izango dute master titulu berekia, aditu edo espezializazio diploma jaulkitzeko eskatu, unibertsitateko titulurik lortzen ez badute. Ikasleak ikasketa berekiak bukatu eta ondoko lau ikasturteen barruan eskuratu beharko du unibertsitateko titulu ofiziala. Nolanahi ere, bitartean, egindako ikasketen ziurtagiria lortzeko eskubidea izango dute”.

Hogeita bat.–71. artikuluaren izenburua aldatu da.

  • Honela dioen tokian: “Titulu berekiak eskuratzeko ikasketetan onartzeko eta matrikula egiteko prozedura”.
  • Honela esan behar du: “Ikasketa berekietarako onarpena, matrikula eta deialdien kopurua”.

–Bi paragrafo berri gehitu dira (4.a eta 5.a).

  • 4. idatz-zatia: “Edozein ikasketa berekitan matrikulatzeagatik deialdi bakar bat izango du ikasleak, ebaluaziorako, ikasleak ikasketa zein ikasturtetan gauzatzen duen, ikasturte horretan. Matrikulak eskubidea ematen die ikasleei ikasketetan zehar eskuratu dituzten ikasketen eta gaitasunen emaitzak ebaluatu diezazkieten. Ebaluazio horrek azken kalifikazio bat sortuko du, ikasketa espedientean agertuko dena”.
  • 5. idatz-zatia: “Beharrezkoa izanez gero, modulu eta ikasturte bakoitzerako errekuperazioko ebaluazio proba bat egongo da, irakastaldiaren barruan”.

–4. paragrafoa 6.a izango da.

–Bi paragrafo berri gehitu dira (7.a eta 8.a).

  • 7. idatz-zatia: “Ikasketa berekia berriz ere ematen bada, matrikulatutako kreditu guztiak edo batzuk gainditu ez dituen ikasleak eskubidea izango du ikasketa amaitzeko, aurretik gainditu edo matrikulatu ez dituen ECTS kredituak matrikulatuz, araudi honetako 68.2 artikuluan ezarritakoa errespetatuz”.
  • 8. idatz-zatia: “Aurreko idatz-zatian aipatutako matrikulan, ikasleak matrikula gauzatzen duen ikasturtean indarrean diren ECTSen prezioak eta tasak ordaindu beharko ditu”.

–5. paragrafoa 9.a izango da.

–6. paragrafoa 10.a izango da.

Hogeita bi.–“Irakaskuntza zuzendaritza” izeneko 73. artikulua aldatu da, eta hau da bere edukia:

  • Honela dioen tokian: “Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin lotura iraunkorra duen irakasle doktore baten esku egongo da ikasketa berekien irakaskuntza-zuzendaritza. (...)”.
  • Honela esan behar du: “Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin lotura iraunkorra duen irakasle doktore baten esku egongo da ikasketa berekien irakaskuntza-zuzendaritza. Salbuespen gisa, ikasketa berekien gaietan eskumena duen errektoreordetzak aukera izango du lotura iraunkorrik gabeko arduraldi osoko irakasle doktore bat ikasketa bereki bateko irakaskuntza zuzendari izendatzeko. (...)”.

Hogeita hiru.–“Ikasketa berekien kalitatearen kalifikazioa, jarraipena eta ebaluazioa” izeneko 74. artikuluko 1. idatz-zatia aldatu da, eta hau da bere edukia:

  • Honela dioen tokian: “Araudi honetako 55. artikuluan ezarritako kalifikazio sistema erabiliko da titulu berekietarako...”.
  • Honela esan behar du: “Indarrean den Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ebaluazio Prozesuak Arautzen dituen Araudia ezarritako kalifikazio sistema erabiliko da ikasketa berekietarako...”.

Hogeita lau.–Lehen xedapen iragankorra deuseztatu da.

2. ERANSKINA

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasketa Berekiak
eta Unibertsitateko Master Titulu Ofizialak arautzen dituzten Arauen testu bategina

ATARIKO TITULUA

1. artikulua. Aplikatzeko eremua.

1. Arautegi hau Nafarroako Unibertsitate Publikoan ematen diren ikasketa ofizialei dagokie, lurralde nazional osoan ofizialak eta baliodunak diren master tituluak eskuratzeko direnei.

2. Era berean, arautu egiten ditu Unibertsitateak antolatzen dituen bestelako ikasketak, ikaslearen garapen profesionala, zientifikoa, teknikoa edota artistikoa hobetzeko xedearekin, eta, lanbidean aplikatzeko aukerak ematen dituzten ikerketa alor berriak hedatzeko, edo hainbat jarduera garatzeko, barneko edo inguru sozialeko eskakizunei erantzungo dietenak. Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasketa horiek titulu eta ziurtagiri berekiak sortzeko aukera izango da, ofizialak diren horiez gain.

LEHEN TITULUA

Ikasketa Batzordea

2. artikulua. Definizioa.

Ikasketa Batzordea da organo eskuduna aurreko artikuluan aipatzen diren ikasketei eragiten dieten auzietan.

3. artikulua. Osaera eta funtzioak.

Ikasketa Batzordearen osaera eta eginkizunak erabaki honetan ezarritakoari jarraikiz arautuko dira: Gobernu Kontseiluak 2017ko maiatzaren 29an hartu zuen erabakia, zeinaren bidez onesten baitira Nafarroako Unibertsitate Publikoko titulu ofizialen oroitidazkiak prestatzeko eta aldatzeko prozedura erregulatzen duten arauak.

BIGARREN TITULUA

Unibertsitateko Master Titulu Ofizialak

LEHENBIZIKO KAPITULUA

Unibertsitateko Master ikasketa ofizialen egitura

4. artikulua. Ikasketen plangintza. Prestakuntza Programa. Ikasketa plana.

1. Unibertsitateko Master Titulu Ofizial bat osatzen duten irakaskuntzen diseinuak kontuan hartu behar ditu sarrera-profil egokia, prestakuntza-programa eta unibertsitatetik ateratako ikasleen profila.

2. Prestakuntza-programan sartuko dira ikasleak titulua lortzeko eskuratu behar dituen ezagutza eta gaitasun berariazkoak, eta izaera orokorreko edo zeharkako gaitasunak. Honako hauek osatuko dute: Ikasketa Plana eta gainerako prestakuntza-jarduerak gaindituz, zehazten diren kalitatea bermatzeko prozeduren laguntzarekin, emaitza zehatzak eta zenbatu ahal direnak lortzea ahalbidetzen duten gaitasun eta espero diren emaitzen multzoak.

3. Ikasketa-plan bat modulu, gai eta irakasgaien egitura zehatz bat da. Horretan irakasgaiak segidan antolatuta eta planifikatuta daude, eta 60tik 120ra ECTS kreditu artekoak dira. Aurreikusitako iraupena, arduraldi osoko ikasle batentzat, batetik bi ikasturte bitartekoa da.

5. artikulua. ECTS kredituak. Tutoretzak.

1. Prestakuntza Programa europar kreditutan (ECTS) egituratzen da, Europako unibertsitateetan egindako ikasketen balioa errazago aitortzeko, eta alderantziz. Europar kredituak ikasleak Ikasketa Planean aurreikusitako helburuak lortzeko egin beharreko ikasketa-lanaren eduki edo karga osoa neurtzen du.

2. Nafarroako Unibertsitate Publikoan europar kreditu bat emango da ikasleak egindako 25 lan-ordurengatik, horien barnean daudela ikasgelako orduak, teoriakoak eta praktiketakoak, tutoretza eta ikasketa-orduak, mintegiak, lanak, praktikak edo proiektuak egiteko erabilitako orduak eta ebaluazio-probak prestatu eta egiteko eskatutakoak.

3. ECTS kreditu sistemaren testuinguruan, tutoretzak titulazio berrien prestakuntza programetan sartzen diren ikaskuntza metodoa dira, aukera ematen dutenak ikaslearen lan autonomoa bakoitzari egokitzeko, gainbegiratzeko eta ebaluatzeko. Tutoretzako parte-hartzea programatuta dago, eta ikaslearen lan-ordu presentzialak balira bezala zenbatuko da.

6. artikulua. Unibertsitateko Master Titulu Ofizialak diseinatzeko baldintzak.

Unibertsitateko Master ikasketa ofizialen egiturak ondoko baldintzak beteko ditu:

a) Ikasketen ECTS kreditu-kopurua 60tik 120ra bitartekoa izango da, lehentasunez 90etik 120ra bitartekoa. Kreditu horiek ikasleak jaso beharreko prestakuntza teoriko eta praktiko guztia izango dute: nahitaezko eta aukerako irakasgaiak, mintegiak, kanpo praktikak, atzerriko egonaldiak, master amaierako lana eta beste prestakuntza jarduera batzuk.

b) Aukera egon daiteke aldez aurretik prestakuntza osagarriak eskaintzeko, Unibertsitate Masterrera sartzeko titulazioaren arabera eskatuko liratekeenak. Prestakuntza osagarria ez da Masterreko kredituen parte izango, ez dakarrelako Unibertsitate Masterrari dagokion berezitasuneko gaitasunik. Unibertsitateko Master titulu Ofizialari dagokion irakastorduen kopurua ez da inoiz aldatuko hartara sartzeko titulazioaren arabera.

c) ECTS kredituen eskaintza osoaren % 65, gutxienez ere, presentziala izango da.

d) Ikasturte bakoitzaren lan karga 60 ECTS kreditukoa izango da, gehienez ere.

e) Gai bati dagozkion ikaslearen lan-ordu guztietatik, gehienez ere % 40 jarduera presentzialekoak izango dira, oro har. Eskola magistrala dagokion gaiari eskainitako ordu presentzial guztien % 75 izango da, gehienez, eta % 35 gutxienez. Gainerakoa, dagokion gaiaren ezaugarriei hobekien egokitzen zaizkien praktikak, lantegiak eta mintegiak izango dira.

f) Ikasketak presentzialak edo erdipresentzialak izango dira. Edonola ere, aukera izango da eduki jakin batzuk “urrunetik” eman edo hartzeko, beste zenbait unibertsitatek partekatutako Master Titulazio Ofizialetan izaten ahal den eskaintzaren barnean, edo bestela Espainiako edo atzerriko unibertsitateekin mugikortasun birtuala bultzatzeko programen barnean.

g) Hala ere, salbuespenez eta beste instituzio batzuekin batera egiten diren tituluen esparruan, Ikasketa Batzordeak aztertu ahalko du Master ikasketa ofizialak on-line emateko aukera.

7. artikulua. Moduluak, gaiak eta irakasgaiak.

1. Unibertsitateko Master ikasketak modulutan egituratuko dira. Modulua helburu komun bat duen ikaskuntza-unitatea da. Ebaluazio-irizpide esplizitu eta koherenteak ditu, eta gaien edo irakasgaien multzo bat biltzen du, pentsatzen baita elkartuta egon behar dutela, eskaintzari begira, eta ikasleak horien jarraipen sekuentzial, horizontal edo bertikala egiteari begira. Moduluen definizioak Unibertsitate Master batean ibilbideak (berezitasunak edo aipamenak sortuko dituztenak) ezartzeko beharrari, gaitasun batzuen lan koordinatuari edo beste irakaskuntza-irizpide batzuei erantzuten ahal die.

2. Gaiei zientzia-diziplinen balioa ematen zaie, eta irakasgaietan banatu ahalko dira; nolanahi ere, irakasgai bakarreko gaiak ere ezarri ahal dira.

3. Ezarritako irakasgaien egituraren barnean, hauek bereizi behar dira, gutxienez: prestakuntza-jarduera teorikoak, praktikoak, mintegiak, hitzaldiak eta banakako edo taldekako beste jarduera batzuk, bai eta banakako lana eta ebaluazio probak ere.

4. Nahitaezko edo aukerako gisa eskainitako irakasgaiek 3, 4, 5 edo 6 ECTS kreditu izango dituzte.

8. artikulua. Master Amaierako Lana.

1. Unibertsitateko Master Ikasketa Ofizialen bukaeran, ikasleek master amaierako lan bat egin eta defendatu behar dute. Ikasketa planaren arabera, lan horrek 6, 12, 18, 24 edo 30 ECTS kreditu izango ditu.

2. Master Amaierako Lanak tituluarekin lotutako gaitasunak eskuratzera eta ebaluatzera bideratuta egon behar du.

9. artikulua. Nahitaezko eta aukerako kredituak.

1. Unibertsitateko Master Titulu Ofizialen Ikasketa Planek nahitaezko gaien kredituen % 50 izan beharko dute, gutxienez ere, haietan barne Masterraren Amaierako Lana.

2. Aukerako irakasgaien eskaintza, gehienez ere, izango da ikasleari Unibertsitateko Master Titulu Ofiziala lortzeko urtean eskatzen zaizkion kredituen % 50.

3. Espezialitateak dituzten masterrek ezin izango dute izan aukerako beste modulurik eta/edo irakasgairik.

10. artikulua. Kanpo praktikak.

1. Kanpo praktikek aukera emango diete ikasleei lanbide arloko trebetasunak bereganatzeko. Ikasleak lanbide-jarduera horretara hurbil daitezen, kanpo praktikek honako hauek beharko dituzte: kudeaketa egitura, Unibertsitatetik kanpoko entitateekin hitzarmen eta akordioak zehaztea ahalbidetuko duena; prestakuntza baliabideak, alegia, profesionalak eta irakasleak, tutoretza lanak egingo dituztenak, eta jardueren plangintza, lan mundura bideratutako prestakuntzarako gaitasunak bermatuko dituena.

2. Lanbide-orientaziorako Unibertsitateko Master Titulu Ofizialen kasuan, kanpo praktikak nahitaezkoak izango dira. Irakaskuntzara edo ikerketara bideratutako Unibertsitateko Master Titulu Ofizialen kasuan, kanpo praktikak nahitaezkoak edo aukerakoak izan daitezke.

11. artikulua. Aldez aurreko prestakuntza osagarriak.

1. Aldez aurreko prestakuntza osagarriei esker, ikasleek, egin nahi duten Unibertsitate Masterrarekin zuzenean lotzen ez diren titulazioetatik datozenean, behar diren gaitasunak eskuratuko dituzte, gainditzeko bermearekin burutu ahal izateko beren masterrak.

2. Unibertsitateko Master Titulu ofizial bat egiteko onartuak izan diren ikasleak, aldez aurreko prestakuntza osagarriak egiten ari badira, Unibertsitate Masterreko ikasleak izango dira, ondorio guztietarako.

3. Berez Unibertsitate Masterrarenak diren irakasgaien aurretik egin ahalko dituzte, edo, bestela, Masterra egiten ari direnean, tutoreak egoki ikusten dituen irakasgaiekin batera.

4. Ikasleak ez du inoiz ere, Unibertsitateko Master Titulu Ofizial bat lortzeko, 120 ECTS kreditu baino gehiago egin beharko, aldez aurreko prestakuntza osagarriak barne.

12. artikulua. Egonaldiak atzerrian.

1. Ahal den guztietan, Ikasketa Planaren barnean atzerriko egonaldi bat aurreikusiko da, betiere, Unibertsitateko Master Titulu Ofizialarekin lotura duena.

2. Atzerrian egingo den egonaldiaren iraupena unean-unean indarrean den Mugikortasun Araudian ezartzen denaren araberakoa izango da.

3. Ikasleak Goi Mailako Hezkuntzako Unibertsitate Ikastegietan igaroko du atzerriko egonaldia, ikasketak edo Masterraren Amaierako Lana egiten, edo gero kredituak lortzeko aukera emango dioten praktikak egiten enpresetan.

4. Halaber, zilegi da Ikasketa Planean sartzea tituluarekin lotutako Nazioarteko Mugikortasun Birtualeko Programen garapena. Programa horiei esker, ikasleek eta irakasleek beren hizkuntza-gaitasuna sendotuko duen “urruneko” nazioarteko esperientzia lortzeko aukera izango dute.

13. artikulua. Hizkuntza gaitasuna.

NUPek, Unibertsitateko Master Titulu Ofizial berrien garapenean ikasleak atzerriko hizkuntza batean -ingelesak lehentasuna izango du- gaitasuna erdiesteko prestakuntza-jarduerak sustatuko ditu, Masterraren gaiei berez dagozkienak. Era berean, ikasleari euskara edo beste hizkuntza batzuetan hizkuntza-gaitasuna erdiesteko prestakuntza-jarduerak emango zaizkio aukeran. Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegiak, e-learningeko tresnak abian jarri eta garatzeak, mugikortasun programek, eta mugikortasun birtualeko programek gaitasun hori eskuratzen lagunduko diote.

14. artikulua. Unibertsitateko Master Titulu Ofizialen kalitatea bermatzeko sistema.

Unibertsitateko Master Titulu Ofizialen kalitatea bermatzeko sistemak, oinarri izango dira irakaskuntzen antolaketa berriak eraginkortasunez funtziona dezan eta konfiantza sor dadin, hori baita tituluen egiaztapen-prozesuaren funtsa. NUPeko Unibertsitateko Master Titulu Ofizialen diseinuan, Unibertsitatearen titulazioen kalitatea bermatzeko titulu horiei banan-banan aplikatzen zaien sistema orokorretik abiatuta, honako hauek zehaztuko dira:

a) Unibertsitateko Master Titulu Ofizialaren kalitatearen berme sistemaren arduraduna.

b) Irakaskuntzaren eta irakasleen kalitatea ebaluatu eta hobetzeko prozedurak.

c) Kanpo praktiken eta mugikortasun programen kalitatea bermatzeko prozedurak, kasua denean.

d) Unibertsitatetik atera direnen laneratze-datuak eta jasotako prestakuntzari buruzko gogobetetasun-maila analizatzeko prozedurak.

e) Gai horretan parte hartzen duten talde guztien (ikasleak, administrazio eta zerbitzuetako langileak, irakasle-ikertzaileak, e.a.) gogobetetasun-maila analizatu eta iradokizun edo erreklamazioei arreta emateko prozedurak.

f) Irizpide berariazkoak titulu bat iraungitzen bada.

BIGARREN KAPITULUA

Unibertsitateko Master Titulu Ofizial berriak ezartzea

Unibertsitateko Master Titulu Ofizial berriak ezartzea erabaki honetan ezarritakoari jarraikiz arautuko da: Gobernu Kontseiluak 2017ko maiatzaren 29an hartu zuen erabakia, zeinaren bidez onesten baitira Nafarroako Unibertsitate Publikoko titulu ofizialen oroitidazkiak prestatzeko eta aldatzeko prozedura erregulatzen duten arauak (Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 115 zk., 2017ko ekainaren 15ekoa).

15. artikulutik 21. bis artikulura (indargabetuak).

HIRUGARREN KAPITULUA

Antolamendua eta irakaskuntza

22. artikulua. Urteko eskaintza.

1. Urtero, irakaskuntza gaietan eskumena duen Errektoreordetzak hurrengo ikasturterako Unibertsitateko Master Titulu Ofizialen eskaintzari dagokion programazioa eskatuko die ikastegiei.

2. Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak, irakasteko baliabideen arabera, urtero onetsiko du Unibertsitateko Master Titulu Ofizialen eskaintza.

23. artikulua. Unibertsitateko Masterraren Irakaskuntza Batzordea.

1. Irakaskuntza Batzorde bat arduratuko da Unibertsitateko Master Titulu Ofizial bakoitzaren irakaskuntza zuzendaritzaz. Irakaskuntza-gaietan eskumena daukan Errektoreordetzak izendatuko du, Ikastegiak proposatuta.

2. Unibertsitateko Masterraren Irakaskuntza Batzordea osatuko dute, gutxienez, hiru irakasle iraunkorrek. Horietako bat Unibertsitateko Masterraren Irakaskuntza zuzendaria izango da, beste bat Kalitate arduraduna, beste bat idazkaria, eta gainerakoak, halakorik bada, batzordekideak izango dira. Ikastegiak proposatuko du hiru kide horien izendapena, Unibertsitate Masterrean aritzen diren irakasleen artetik. Behar bezala justifikatutako kasuetan, errektoreorde eskudunak baimentzen ahalko du Kalitate arduraduna eta idazkaria ikastegian aritzen diren irakasle ez iraunkorren artetik izendatuak izan daitezen.

3. Unibertsitatearteko Master Titulu Ofizialen kasuan, Masterraren Irakaskuntza Batzordearen osaera ezberdina izan ahalko da, parte hartzen duten unibertsitateek ikasketak koordinatzeko adosten dituzten erabakien arabera.

4. Irakaskuntza Batzordearen bilerak akten bidez erregistratuko dira eta Masterreko idazkariak gordeko ditu aktak. Aktetan Irakaskuntza Batzordearen erabaki guztiak jaso beharko dira.

5. Unibertsitateko Masterraren Irakaskuntza Batzordearen eginkizunak dira:

a) Ikasturte bakoitzean behar den informazio eguneratua prestatzea Unibertsitateko Master Titulu Ofizialaren publizitatea eta ikasleen matrikulazioa errazteko.

b) Masterrean sartzeko betekizunak eta ikasle zehatzak onartzeko irizpideak ezartzea eta, beharrezkoa bada, jendeari jakinaraztea.

c) Unibertsitate Masterrera sartzeko ikasleen onarpenari buruz ebaztea.

d) Tutoretza ordutegia ezartzea matrikula aldian, eta matrikulatutako ikasle bakoitzari ikasketak garatzeko tutorea esleitzea.

e) Unibertsitateko Masterraren Irakaskuntza Batzordearen bileretan hartutako erabakien berri ematea Unibertsitate Masterreko irakasleei.

f) Ikastegiko Irakaskuntza Batzordeari kredituak aitortzeko eta transferentziak egiteko proposatzea.

g) Unibertsitate Masterraren garapenaren jarraipena egitea, Tituluen Kalitatearen Berme Sisteman identifikatutako prozesuak betetzen direla ziurtatzea eta haien emaitzak jaso, aztertu eta Ikastegiko Kalitatearen Berme Batzordeari horien berri ematea, bereziki eraginkortasunik eza edo disfuntzioak atzematen badira.

h) Ikastegiari proposatzea Master Amaierako Lanen epaimahairako kideak.

i) Programa ikasketa egutegiari lotu dakion zaintzea, Master Amaierako Lanen defentsa barne, eta, beharrezkoa bada, kanpoko praktikak egitea ere bai.

j) Urtero, eguneratzea Master Amaierako Lanaren irakaskuntza-gida, dagokion ikasturtean Master Amaierako Lanen zuzendaritza egiteko proposatzen diren Unibertsitateko irakasleen zerrenda ezarriz.

k) Masterraren egiaztapenena berritzeko autotxostena egitea.

24. artikulua. Irakasleak.

1. Unibertsitateko Master Titulu Ofizialetako irakasgaien irakasle arduradunek Unibertsitatearekin lotura iraunkorra izan beharko dute. Hala ere, irakaskuntzan, beste kategoria batzuetako unibertsitateko beste irakasle edo ikertzaile batzuek eta unibertsitate kanpoko profesional adituek ere parte hartu ahalko dute, baina ezin izango dute prestakuntzazko irakasgaien ardura beren gain hartu.

2. Irakaskuntza Batzordeak, era berean, Unibertsitate Masterrean parte hartzeko baimena eman ahalko die Ramón y Cajal, Juan de la Cierva, I3 edo antzeko programetako ikertzaileei, eta unibertsitate institutuei atxikitako langileei, edo Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazio eta Zerbitzuetako Langileei, profesional aditu gisa.

3. Unibertsitatearteko Master Titulu Ofizialetan, unibertsitate bateko irakasleak izanik, irakaskuntza beste unibertsitate batean ematen duten irakasleek (Master beraren barnean) irakaskuntza hori kontabilizatu ahalko dute jatorrizko Unibertsitateko Irakaskuntza Antolamenduaren Planaren barnean, Unibertsitate Masterra emateko Unibertsitateen arteko hitzarmenean horrela ezarri bada.

25. artikulua. Tutorea.

1. Unibertsitateko Masterraren Irakaskuntza Batzordeak matrikulatzen den ikasle bakoitzari irakasle tutore bat esleituko dio. Tutoretzak honako oinarrizko helburu hauek izango ditu:

a) Ikasle berriak igarotzeko eta horiek onartu eta integratzeko prozesua erraztea.

b) Ikastegien eta Unibertsitatearen zerbitzu, laguntza eta baliabideei buruzko informazioa ematea.

c) Tutoretzapeko ikasleen irakaskuntza-aurrerabidea erraztea, banakako jarraipenaren bidez.

d) Ikasleei curriculum plana beren interes eta aukeren arabera diseinatzen laguntzea.

e) Ikasketetan dituzten zailtasunak identifikatzea eta aplika daitezkeen konponbideak aztertzea.

f) Laneratzeko eta irtenbide profesionalak aurkitzeko aholkuak ematea.

2. Tutore izateko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle izan behar da, ahal dela lanaldi osoz, eta ikaslea matrikulaturik dagoen Unibertsitateko Master Titulu Ofizialeko irakasle.

26. artikulua. Irakaskuntza eskaintzaren bermea.

1. Unibertsitateko Master Titulu Ofizialaren ardura duen Ikastegiak matrikulatutako ikasleei bermatuko die masterra ikasturte batean osatu ahalko dutela 60 kredituko ikasketak direnean, edo bi urtetan, 120 kreditura arteko ikasketak direnean.

2. Unibertsitateko Master Titulu Ofizial bat iraungitzea erabakitzen bada, eta ez bada beste batekin ordezkatzen, haren ardura duen ikastegiak bermatu egingo du ikasleek aukera edukiko dutela ondoz ondoko hurrengo bi ikasturteetan bukatzeko. Bi ikasturte igarotzen badira sarbide berriko ikaspostuak eskaini gabe, Unibertsitateak behin betiko iraungiko du titulua.

3. Unibertsitateko Master Titulu Ofizial bat emateari uzten bazaio beste batek ordeztu duelako, master hori bukatu ez duten ikasleak zuzenean sartuko dira master berrian, gainditutako irakasgaiak egokituz Master Titulu berriaren egiaztatze txostenean ezarritakoarekin bat.

4. Hala ere, Master berria ezartzearen ondorioz ikasleak kaltetuta ateratzen direnean, titulua lortzeko kreditu gehiago egin behar dituztelako edo bestelako irakaskuntza arrazoiengatik, masterraren ardura duen Ikastegiak bukatzeko ezinbestekoak diren irakasgaiak eskaini beharko dizkie oraindik bukatu ez duten ikasleei. Eskaintza hau bakar-bakarrik luzatuko da Masterra behin betiko iraungi ondoko ikasturtean, eta irakasgai horiek ez dira zenbatuko ikasturte horretako Irakaskuntza Antolatzeko Planaren irakaskuntza-mandatu gisa. Ikasturte horren bukaeran ikasketak amaitzen ez dituzten ikasleak Master Titulu berriaren egiaztatze txostenean ezarritakoarekin bat baino ezingo dira egokitu titulu berrira.

LAUGARREN KAPITULUA

Unibertsitateko Master titulu ofizialetako ikasleak

LEHEN ATALA

Sarbidea eta onarpena

27. artikulua. Sartzeko argibideak.

1. Unibertsitateko Master Titulu Ofizialen aurreinskripziorako aldi orokorraren aurretik, Unibertsitateak titulazio bakoitzaren irakaskuntza-gidaliburua argitaratu beharko du, honako informazio hau emanez:

a) Aurreinskripzio, onarpen eta matrikula prozesuetarako bitartekoak, lekuak eta egunak.

b) Ikaspostuen eskaintza eta horietatik zenbat dauden erreserbaturik mugikortasun hitzarmenen bidez edo bestelako hitzarmenen bidez sartzen diren atzerriko ikasleentzat.

c) Izangaiak hautatzeko balioespen irizpideak eta onarpenerako betekizun espezifikoak.

d) Prestakuntza Programa.

e) Irakasgai bakoitzaren programa, honako hauek adierazita: deskribatzaileak, ikaskuntzako emaitzak eta gaitasunak, betekizunak eta gomendioak, testuingurua, gaitegia eta edukiak, metodologia eta lanerako plangintza, bibliografia eta baliabideak, aurreikusten diren irakasleak, eskola orduak, ebaluazio sistemak eta zein hizkuntzatan ematen den.

f) Ikasteko behar den arduraldia.

g) Irakaskuntza modalitateak.

h) Zein hizkuntzatan edo hizkuntzetan ematen den.

2. Desgaitasunagatik hezkuntza-behar berariazkoak dituzten ikasleek Unibertsitatera jo ahalko dute, laguntza- eta aholkularitza-zerbitzuek balioets dezaten curriculumean egokitzapenak egitea beharrezkoa den edo ez.

28. artikulua. Sartzeko betekizun orokorrak.

1. Unibertsitateko Master ikasketa ofizialetara sartzeko, beharrezkoa izango da Espainiako unibertsitate titulu ofizial bat edukitzea, edo Europako Unibertsitate Eremuko goi mailako hezkuntza erakunde batek emandako bestelakoren bat, titulua eman den herrialdean Unibertsitate Master ikasketetara sartzeko aukera ematen duena.

2. Era berean, sarbidea izango dute Europako Unibertsitate Eremutik kanpoko hezkuntza sistemen bidez titulatutakoek, haien tituluak homologatu behar izan gabe, aldez aurretik Unibertsitateak baieztatuta titulu horiek egiaztatzen dituztenen prestakuntza maila Espainian dagokien unibertsitate tituluaren baliokidea dela, eta titulua eman den herrialdean Unibertsitate Masterreko ikasketetara sartzeko gaitzen dituztela.

Sarbide modu horrek inolaz ere ez du ekarriko interesdunak aurretik duen tituluaren homologazioa, ezta beste ondoriorik ere, Nafarroako Unibertsitate Publikoan onartuak izan diren Unibertsitate Master ikasketak egitearena ez bada.

29. artikulua. Ikaspostu kopuruen mugak eta erreserbatutako ikaspostuak.

1. Ikasturte bakoitza hasi aurretik, Gobernu Kontseiluak Unibertsitateko Master Titulu Ofizialen eskaintza eta horietarako dauden ikaspostu kopurua ezarriko ditu.

2. Gehienez ere Masterreko ikaspostuen % 25 gorde ahalko dira atzerriko ikasleen mugikortasuna errazteko aritzen diren erakundeekin egindako hitzarmenen bidez sartzen diren ikasleentzat.

3. Onartua izateko eta matrikula egiteko epe bat baino gehiago ezartzen baldin bada, Masterreko Irakaskuntza Batzordeak epe bakoitzean ikaspostuen kopuru mugatua esleitzeko aukera izango du.

30. artikulua. Onartuak izateko prozedura.

1. Irakaskuntza-gaietan eskumena daukan Errektoreordetzak ikasturte bakoitzerako onesten duen administrazio egutegian zehaztutako egunetan hasiko da aurreinskripzioa.

2. Ikasleek Graduondoko Ikasketen Bulegoan aurkeztuko dute aurreinskripziorako eskaera bakar bat, eta bertan titulazio bat adierazteko aukera izango dute. Ez bada adierazitako titulazio horretan onartua, ikaspostuak bete gabe dituen beste titulazio batean onartua izateko eskaera egin ahalko du.

3. Ikasle bakoitzak Unibertsitateko master bakar batean egin ahalko du matrikula. Hala ere, aurreko ikasturtean Unibertsitateko Master Titulu Ofizial batean matrikulatutako ikasle bat bada, errektoreari eskatu ahalko dio beste ikasketa batzuekin batera egitea, betiere, aurreko ikasketak bukatzeko gehienez ere 20 kreditu falta bazaizkio.

4. Unibertsitateko Master bakoitzeko Irakaskuntza Batzordeari dagokio Unibertsitateko Master Titulu Ofizial batean ikasleak onartzeko erabakia.

5. Masterreko Irakaskuntza Batzordeak prestatuko du eta argitaratuko du onartutako ikasleen eta zain daudenen zerrenda, Unibertsitateko Master bakoitzean sartzeko betekizunekin eta onartzeko berariazko irizpideekin bat.

6. Zerrenda Graduondoko Ikasketen Bulegoko iragarki oholean eta Unibertsitatearen webgunean jarriko da. Bertan, ikasle bakoitzarentzat xehatuta jarriko da zein balioespen izan duen sartzeko betekizunei eta onartzeko irizpide berariazkoei begira.

7. Onarpena behin-behinekoa izango da, eta, izangai bakoitzak, matrikula egiteko unean, Master bakoitzean sartzeko berariazko betekizunak eta onartzeko irizpideak betetzen dituela frogatzen duenean, behin betiko onarpen bihurtuko da.

8. Interesdun ikasleek aipatu zerrenden aurkako erreklamazioa aurkeztu ahalko dute, administrazio egutegiak ikasturte bakoitzerako ezartzen duen epean.

BIGARREN ATALA

Ikasleen arduraldia

31. artikulua. Ikasleen tipologia arduraldiaren arabera.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoan, ikasleari urteko matrikulan eskatzen zaizkion gutxieneko ECTS kreditu kopuruaren arabera, honako tipologia hau ezartzen da:

a) Arduraldi osoko ikaslea: gutxienez 60 ECTS kreditu kopuruaren matrikula egin beharko du, edo Unibertsitate Masterra bukatzeko falta zaizkion kredituen matrikula.

Arduraldi osoko ikasletzat joko da MALean matrikulatuta egon gabe 20 ETCS kreditutik beherako matrikula egiten duen ikaslea ere, betiere Masterra amaitzeko gelditzen zaizkionak badira.

b) Arduraldi partzialeko ikaslea: gutxienez ere 20 ECTS kreditu kopuruaren matrikula egin beharko du ikasturte bakoitzeko.

2. Ikasleek matrikula egiteko unean erabakiko dute zer nolako arduraldia hautatu. Hala ere, Masterreko Irakaskuntza Batzordeek ahalmena dute lehentasuna emateko arduraldi osoz jarduteko konpromisoa hartzen duten ikasleen eskaerei.

32. artikulua. Ikasle bisitaria.

1. Unibertsitateko Master Titulu Ofizial bateko ikasle bisitaritzat hartuko dira horren modulu batean edo batzuetan, edo ikasgai multzo jakin batean, era puntualean matrikulatuta dauden ikasleak. Horrela gainditzen diren irakasgaiak ziurtagiri batean jasota geldituko dira.

2. Ikasle bisitaria Nafarroako Unibertsitate Publikoko unibertsitateko beste master titulu ofizial bat egiten ari bada, aukera egongo da kredituak unibertsitateko master horretako bere ikasketa espedientean aitortuak edo transferituak izan daitezen.

3. Ikasle bisitari gisa onartua izateko baldintza izango da ikaspostuak libre gelditzea, behin Unibertsitateko Master Titulu Ofizialeko ikasleen matrikularako ohiko epea bukatu eta gero. Ikasle bisitariak ez dira sartuko Unibertsitateko Masterraren adierazleen kalkuluan.

HIRUGARREN ATALA

Urteko irakaskuntza eta administrazio egutegia

33. artikulua. Urteko irakaskuntza eta administrazio egutegiaren onespena.

1. Unibertsitateko Ikasketa Batzordeak proposatuta, Gobernu Kontseiluak onetsiko du ikasturte bakoitzean behar den irakaskuntza egutegia, betiere hurrengo artikuluan ezarritako jarraibideak betez.

2. Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak edo gai horretan eskumena duen errektoreordeak ikasturte bakoitzerako administrazio egutegia onetsiko du, betiere ondoko artikuluan ezarritako jarraibideak errespetatuz.

3. Master Amaierako Lanen defentsa publikorako hiru aldi ezarriko dira, seihileko bakoitzeko bana, eta hirugarren bat irailean. Haietara aurkezteko, titulua eskuratzeko behar diren gainerako ECTS kredituak gaindituta izan behar dituzte ikasleek.

4. Ikasleek bi deialdi erabiltzeko aukera dute ikasturte bakoitzean, Master Amaierako Lana defendatzeko. Master Amaierako Lanaren defentsa bi seihilekoetako batean egin ezean, lehen deialdian ez aurkeztutzat hartuko da.

34. artikulua. Irakaskuntza egutegiaren egitura.

1. Irakaskuntza egutegia egiteko abiapuntutzat ikasturte bat edo bi -ikasturte bakoitza bi seihilekotan garatzen da- hartuko dira kontuan.

2. Aldi horiek aukera eman behar dute arduraldi osoko ikasleek seihilekoa garatzeko jarduera guztiak gauzatu ditzaten: eskola presentzialak ikasgelan, teorikoak zein praktikoak, mintegiak, tutoretzak, banakako lanak edo taldean egitekoak, kanpoko praktikak, proiektuak, norberak ikastea edo taldean ikastea, eta ebaluazio probak prestatzea eta egitea.

LAUGARREN ATALA

Matrikula

35. artikulua. Matrikula.

1. Matrikula, eta hura aldatzea edo baliogabetzea, Graduondoko Ikasketen Bulegoan egingo da, ikasturte bakoitzeko administrazio egutegian ezartzen den epeetan eta modu bakarrean edo mailakatuan.

2. Ikasturte bakoitzerako onesten den administrazio egutegiak ezarriko du zein diren onarpen eta matrikula aldiak.

3. Master Amaierako Lanaren matrikula Ikasketa Amaierako Lanen Araudian ezarritakoaren arabera egingo da, ikasturte bakoitzeko administrazio egutegiak ezarritako epeetan.

4. Ezarritako epean matrikula gauzatzen ez duten ikasleek matrikula egiteko eskubidea galduko dute, ez bazaie, behintzat, galarazi dien zerbait larria gertatu ez agertzeko, eta hori behar bezala egiaztatzen badute. Horretarako, eskabidea aurkeztu behar dute errektorearen aurrean, edo hark eskuordetutako errektoreordearen aurrean, eta berak ebatziko du.

36. artikulua. Matrikula aldatzea.

1. Matrikula aldatzeak bere baitan hartuko du, besteak beste, irakasgaiak ordezkatzea, talde-aldaketa eta deuseztatze partziala. Matrikulatu, aitortu edo baliokidetutako kreditu guztiei eragin ahalko die, betiere aipatu kreditu horiek aktan kalifikaziorik ez badute matrikula aldatu nahi den ikasturtean.

2. Zilegi izango da matrikularen aldaketa eskatzea seihileko bakoitzaren hasieran, administrazio egutegian ezarritako epeetan.

3. Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorearen ebazpen baten bidez arautuko dira ikasleei matrikula aldatzea utziko dieten arrazoiak.

37. artikulua. Unibertsitatearen ofiziozko jarduna matrikulei dagokienez.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoak ikasleen espedienteak blokeatuko ditu honako kasu hauetan:

–Matrikularen prezio publikoak ezarritako epeetan ez ordaintzeagatik.

–Ikasleak ez badu aurkezten matrikula egiteko nahitaez eskatzen diren agirietakoren bat.

2. Espedientea blokeatuz gero, ezin izango da titulurik edo ziurtagiririk eman, ez espedientea beste unibertsitate batera lekualdatu, ez eta bestelako kudeaketa akademiko-administratiborik egin ere.

3. Interesdunari espedientearen blokeoaren berri emango zaio, jakinaren gainean egon dadin, besterik gabe.

38. artikulua. Matrikula baliogabetzea.

1. Ikasleek zilegi dute matrikula baliogabetzeko eskatzea, ikasturtea hasten denetik hilabeteko epean, justifikaziorik egiaztatu beharrik gabe, ofizioz onartuko baita.

2. Aurreko atalean ezarritakoa galarazi gabe, ikasleak ikasturtearen edozein unetan eskatzen ahal du matrikula baliogabetzeko, ikasturtearen gainerako aldian ikasketak jarraitzea eragozten dion aparteko egoeraren bat bat-batean gertatu, eta behar bezala justifikatzen badu.

3. Matrikula estreinakoz egin ondoren aparteko egoeraren bat bat-batean gertatu zaielako eta behar bezala justifikatu dutelako matrikula baliogabetu zaien ikasleek eskubidea gordeko dute ikasketa horietan beretan matrikulatzeko, hurrengo aurreinskripzio prozesuan berriro parte hartu beharrik gabe. Ikaspostu horiek ez dira onarpen mugen barnean zenbatuko.

4. Kasu guztietan, errektorearen edo eskumena duen errektoreordearen ebazpen baten bidez ebatziko dira baliogabetzeak.

5. Matrikula baliogabetzen bada, matrikulatu, aitortu edo baliokidetutako kreditu guztiei eragingo die, betiere aipatu kreditu horiek aktan kalifikaziorik ez badute matrikula baliogabetu nahi den ikasturtean.

39. artikulua. Matrikula baliogabetzeko edo aldatzeko eskaeraren ondorio ekonomikoak.

1. Aurreko artikuluko 1. eta 2. idatz-zatietan eta 36. artikuluko 1. idatz-zatian aipatutako kasuetan, matrikula baliogabetzeak berekin ekarriko du matrikulatutako edo aitortutako kredituei dagozkien prezio publikoen zenbatekoa itzultzea.

2. Inolaz ere ez dira itzuliko espedientea irekitzeagatik ezarritako prezio publikoak, ezta kudeaketa administratiboari dagozkionak ere.

BOSGARREN ATALA

Kredituen balioa aitortu eta horiek transferitzea

40. artikulua. Aplikatu beharreko araudia.

Kredituen balioa aitortu eta horiek transferitzeko sistema Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluan erabakitakoari lotuko zaio, “Nafarroako Unibertsitate Publikoko kredituen balioa aitortu eta horiek transferitzeari buruzko arautegian” ezarritakoari jarraikiz.

SEIGARREN ATALA

Ebaluazioa

41. artikulua. Deialdi kopurua.

1. Ikasleak lau deialditarako eskubidea du, irakasgai bakoitza gainditzeko.

2. Edozein irakasgaitan matrikulatzeagatik, baita Master Amaierako Lanean ere, bi deialditara aurkezteko eskubidea izango du ikasleak, ebaluaziorako, matrikula egiten den ikasturtean.

3. Zenbaketa egiteko, ikasleak aukera eduki duen deialdi guztiak zenbatuko dira, ezarritako ebaluazio prozedurak betetzen ez baditu ere.

42. artikulua. Iraupen araubidea.

Master ikasketetan, iraupen araubidea Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Kontseiluak horretarako onesten dituen arauei lotuko zaio.

43. artikulua (indargabetua).

44. artikulua. Konpentsazioaren bidez gainditzea.

1. Ikasleek konpentsazioaren bidez gainditzeko aukera izango dute, honako eskakizun hauek guztiak betetzen badituzte:

a) Ikasketak amaitzeko, gehienez ere, irakasgai bakar bat gelditzea, Master Amaierako Lana alde batera utzita.

b) Konpentsatu behar den irakasgaiaren bi deialdi, gutxienez, agortuak izatea, eta nolanahi ere, azkena agortu gabe edukitzea.

c) 4,0 puntuko gutxienezko nota edukitzea, konpentsatu beharreko irakasgaiaren bi azkeneko deialdietako batean.

d) Konpentsatu behar den irakasgaia aukerakoa ez izatea, ezta kanpoko praktikei dagokiena, ezta Master Amaierako Lana ere. Aipamen jakin bat lortzeko beharrezkoak diren aukerakoak salbuetsita daude.

2. Ikaslearen espedientean irakasgai hori sistema horren bidez gainditu dela adieraziko da. Konpentsazioaren bidezko gai kalifikazioa “Gai 5,0” kalifikazioaren baliokidea da. Espedientea barematzeari dagokionez, konpentsazioaren bidezko gai kalifikazioak 1 balio du.

3. Irakasgaiaren konpentsazioa egiteko eskaera administrazio egutegiak ezartzen duen epean aurkeztu behar da.

4. Eskabideak Graduondoko Ikasketa Bulegoan aurkeztu behar dira, eta bulego horretako kideek dagokion ebazpena emateko proposatuko diote errektoreari edota gai hauetan eskuduna den errektoreordeari.

5. Artikulu honen 1. eta 2. ataletan ezarritako baldintza guztiak betetzen badira, eskaera onartu egingo da.

45. artikulutik 56. artikulura (indargabetuak).

ZAZPIGARREN ATALA

Masterraren Amaierako Lana

57. artikulua. Master Amaierako Lana.

1. Zilegi izango dute Master Amaierako Lanerako matrikula egitea titulua lortzeko beharrezkoak diren gainerako irakasgaiak gaindituta dauzkaten ikasleek, edo irakasgai horien matrikularekin batera Master Amaierako Lanerako matrikula egiten dutenek.

2. Master Amaierako Lanaren defentsa inolaz ere ezin izango da egin, aldez aurretik ez badira gainditu titulua lortzea ahalbidetzen duten gainerako irakasgai guztiak.

3. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasketa Amaierako Lanen Arautegian ezarritakoak arautuko du Master Amaierako Lanak egin, defendatu, ebaluatu, kalifikatu eta administrazioan tramitatzeari dagokion guztia.

HIRUGARREN TITULUA

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasketa berekiak

LEHEN KAPITULUA

58. artikulua. Xedapen orokorrak.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoak ikasketa berekiak eman ahal izango ditu, Unibertsitateen Kontseiluak homologatutako ikasketa planetan ez badaude, eta ikasleen prestakuntza eta espezialitate akademikoa eta profesionala osatzeko badira. Horiek egin ondoren, lurralde nazional osoan baliodunak eta ofizialak diren tituluez bestelako titulu bereki, diplomak eta irakaskuntza ziurtagiriak emango ditu.

2. Nafarroako Unibertsitate Publikoak urtero ezarriko du berak ematen dituen ikasketa berekien eskaintza.

BIGARREN KAPITULUA

Ikasketa berekien egitura

59. artikulua. Ikasketa berekien tipologia.

1. Hauek dira Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ikasketa berekiak:

a) Master titulu berekiak, espezializazio diplomak, unibertsitateko aditu tituluak, unibertsitate hedapeneko diplomak eta unibertsitate hedapeneko egiaztagiria lortzeko aukera ematen dutenak.

b) Titulu bereki bat lortzeko aukera ematen ez duten etengabeko prestakuntzaren eta ikasketa berekien beste modalitate batzuk: espezializazio ikastaroak, ikastaroak eta mintegiak.

2. Nafarroako Unibertsitate Publikoak ikasketa bereki hauek eskaintzeko aukera izango du:

2.1. Arau hauetako 70 artikuluan ezarritakoa galarazi gabe, ikasketak egiteko unibertsitateko titulu bat edukitzea nahitaezko baldintzatzat duten titulu berekiak:

a) Master titulua lortzera bideratzen duten ikasketak. 60 ECTS izango dituzte, gutxienez ere, eta 120 ECTS, gehienez ere.

b) Espezializazio diploma lortzera bideratzen duten ikasketak. 30 ECTS izango dituzte, gutxienez ere, eta 59 ECTS, gehienez ere.

c) Unibertsitateko aditu titulua lortzera bideratzen duten ikasketak. 15 ECTS izango dituzte, gutxienez ere, eta 29 ECTS, gehienez ere.

2.2. Ikasketak egiteko unibertsitateko titulua edukitzea baldintzatzat eduki beharrik izan ez dezaketen titulu berekiak:

a) Unibertsitate hedapeneko diploma lortzera bideratzen duten ikasketak. 30 ECTS izango dituzte, gutxienez ere.

b) Unibertsitate hedapeneko ziurtagiriak lortzera bideratzen duten ikasketak. 15 ECTS izango dituzte, gutxienez ere, eta 29 ECTS, gehienez ere.

2.3. Etengabeko prestakuntzaren eta ikasketa berekien beste modalitate batzuk.

a) Espezializazio ikastaroak, 5 ECTS kreditu izango dituzte, gutxienez ere, eta 15 ECTS, gehienez ere.

b) Ikastaroak, 2 ECTS kreditu izango dituzte, gutxienez ere, eta 5 ECTS, gehienez ere.

c) Mintegiak, 2 ECTS kreditu izango dituzte, gehienez ere.

3. ECTS izenekoa ezarri da balioespen neurritzat, eta ikasketa hauei 5.1 eta 5.2 artikuluetan ezarritakoa aplikatuko zaie.

4. Unibertsitateko Master Titulu Ofizialetarako 7. artikuluan ezarritakoaren antzera, titulu berekiak lortzeko ikasketak modulu eta jakintzagaietan egituratuko dira.

5. Titulu berekiak eskuratzeko ikasketen moduluak bereizirik egin daitezke, proposamenak hala badio. Modulu bakoitza espezializazio ikastaro bakartzat edo zenbait ikastarotzat hartu ahalko da, iraupenaren arabera. Titulu bereki bat lortzeko ikasketa baten modulu osoen parte bat egiteak dagokion ziurtagiria lortzeko modua emango du, betiere proposamenean hori aipatzen bada.

Titulu bereki bateko modulu guztiak espezializazio ikastaro gisa egiten badira, titulu hori emango da, dagozkion prezio publikoak ordaindu eta gero, eta betiere ikasleak titulu berekia egiteko betekizunak betetzen baditu.

6. Titulu berekitzat hartuko dira Unibertsitateko Master Titulu Ofizial edo Master Titulu Bereki baten babesean diseinatzen diren eta titulu bereki moduan eskaintzen diren moduluak.

60. artikulua. Ikasketa berekien beste modalitate batzuk:

1. Espezializazio ikastaroak:

a) Egunean-eguneko prestakuntza berariazkoa emateko dira, zientziaren, teknikaren eta giza zientzien alorretan.

b) Ikasketak egiteko unibertsitateko titulua edukitzea beharrezkoa den edo ez ezarriko dute antolatzaileek.

c) 5 ECTS izango dituzte, gutxienez ere, eta 15 ECTS, gehienez ere.

d) Dagozkien bertaratze eta/edo aprobetxamendu ziurtagiriak eskuratzeko bidea emango dute.

2. Ikastaroak eta mintegiak:

a) Ikastaroek 1 ECTS izango dute, gutxienez ere, eta 5 ECTS, gehienez ere, eta mintegiek 2 ECTS, gehienez ere.

b) Ikasketak egiteko unibertsitateko titulua edukitzea beharrezkoa den edo ez ezarriko dute antolatzaileek.

c) Kanonetik, administrazio tasetatik eta titulua emateko tasetatik salbuetsita egongo dira.

d) Antolaketa unitateak emandako eta ikastaroaren zuzendariak sinatutako bertaratze-agiri bat lortzeko eskubidea emango dute.

61. artikulua. Unibertsitate hedapeneko diplomaren eta unibertsitate hedapeneko ziurtagiriaren titulu berekia.

Titulu berekien sartzeko profilek ez dute nahitaez unibertsitatekoak izan behar, eta ikasketa ofizialek betetzen ez dituzten gizarte inguruaren beharrei erantzuten diete.

62. artikulua. Unibertsitateko Adituaren eta Espezializazio Diplomaren titulu berekiak.

1. Zientziaren, teknikaren eta giza jakintzen esparruetan espezializatzeko graduondoko ikasketek titulu hauek lortzeko modua emango dute:

a) Espezializazio diplomako titulu berekia, 30 eta 59 ECTS kreditu bitarteko irakastordu kopurua baldin badute.

b) Unibertsitateko adituaren titulu berekia, 15 eta 29 ECTS kreditu bitarteko irakastordu kopurua baldin badute.

2. Bi kasuetan ECTS kredituen % 10 emango da, gehienez ere, proiektu edo lan bat egiteagatik.

63. artikulua. Master titulu berekia.

1. Master titulu berekiek maila handiko prestakuntza berezitua edo diziplina anitzekoa emateko graduondoko ikasketak edukiko dituzte, ezagupen horiek irakaskuntzan edo lanbidean aplikatzeari begira.

2. Gutxienez ere, ikasturte batekoak izango dira, eta ikasleek titulua eskuratzeko egin beharko duten kreditu kopurua 60 eta 120 ECTS kreditu bitartekoa izango da, eta horietatik % 10 proiektu edo lan bat egiteagatik eman ahal izango dira.

3. Ikastaro horiek gainditzeak eskubidea emango du master titulu berekia eskuratzeko.

64. artikulua. Ikasketa berekiak beste erakunde batzuekin lankidetzan.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasketa berekiak antolatu ahalko dira nazioko edo atzerriko beste entitate edo unibertsitate batzuekin. Ikasketa horiek hitzarmenen bidez arautuko dira, eta Gobernu Kontseiluak onetsi beharko ditu, Ikasketa Batzordeak proposatuta.

2. Halaber, ikasketa berekien antolamendua eta kudeaketa ekonomiko eta administratiboa Unibertsitate Gizarte Fundazioari agintzen ahalko dizkio Unibertsitateak. Nafarroako Unibertsitate Publikoak erakunde horri urtero egiten dion mandatuaren baldintzek araudi honek ezartzen duena errespetatuko dute.

65. artikulua. Ikasketa berekietako irakasleak.

1. Ikasketa berekietako irakasleak Nafarroako Unibertsitate Publikoko eta beste unibertsitate batzuetako irakasleak izango dira, lehentasunez doktoreak. Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleek emango dituzte irakastorduen % 30, gutxienez, eta NUPekin lotura iraunkorra duten irakasleek, irakastorduen % 10, gutxienez.

Aurreko atalean ezarritakoa ez zaie aplikatuko 5 ECTS baino gutxiago dituzten eta kanpoko profesional adituak eskatzen dituzten ikastaroei.

2. Gehienez ere 100 irakastordu emango dituzte Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleek ikasketa berekietan ikasturte bakoitzeko.

3. Alabaina, eta ikasketa berekiaren izaeraren arabera, irakaskuntzan parte hartzen ahalko dute Unibertsitatekoak ez diren beste hainbat ikertzailek edo profesional adituk, herrialdekoak edo atzerritarrak, hitzaldiak edo/eta mintegiak emanez, 59. artikuluan ezarri diren ikasketa berekien mota bakoitzean.

Ikasketa berekietan Unibertsitatekoak ez diren pertsonen partaidetzaren arrazoia izango da pertsona horiek gai horretan adituak diren profesionalak izatea, eta unibertsitate erakundearekiko harremana administratiboa izango da, kontratu publikoei buruzko foru araudiarekin bat etorriz, eta ez du ekarriko, inola ere ez, Unibertsitatearekin lan-loturarik.

4. Ikasketa berekietan parte hartzen duten irakasleek bateraezintasunei buruzko arautegia bete behar dute.

5. Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorearen ebazpen batez bidez, Ikasketa Batzordeari entzun eta gero, urtero ezarriko da, Unibertsitateko irakasleentzat, irakastordu bakoitzeko eta beste lan batzuengatik (tutoretzak, azterketak..) zenbat diru jasoko den gehienez ere. Ikasketa berekietan parte hartzeagatik jaso beharreko ordain-saria nominaren bidez ordainduko da.

6. Ikasketa berekiak antolatzea eta kudeatzea Unibertsitate Gizarte Fundazioari dagokionean, Fundazioak ikasketak emateko beharrezkoa den kudeaketa ekonomiko-administratibo guztia eta langile-kudeaketa guztia bere gain hartuko ditu, baita laguntza emango duten kanpoko profesionalak atzematea ere, irakaskuntza zuzendaritzarekin lankidetzan.

Unibertsitateak emango dio Unibertsitate Gizarte Fundazioari ikasketa berekian parte hartzeko baimena duen unibertsitateko langileen zerrenda, zeinaren ordainsariak unibertsitateak berak ordainduko baititu nominaren bidez, ondoren egin behar den kitapen ekonomikoaren kaltetan gabe.

66. artikulua. Finantzazioa.

1. Ikasketa berekiek autofinantzatu egin behar dute, eta Oroitidazki Ekonomikoan diru-sarrerek eta gastuek orekatuta egon behar dute.

Hauek izan daitezke diru-sarrerak:

a) Prezio publikoen eskubide ekonomikoak. Matrikularen prezio publikoak ezarriko dira Gizarte Kontseiluak ezarritako gehienezko prezioaren arabera eta kostuen irizpideei eta eskariaren eta eskumenaren gaineko eskakizunei erreparatuz, bai eta beste diru-sarrera batzuen eraginaren arabera ere.

b) Erakunde publiko nahiz pribatuen diru-laguntzak edo ekarpenak.

2. Beste erakunde batzuekin ikasketa berekiak egitea adosten denean, hitzarmen baten bidez jaso behar dira bi aldeen kontraprestazio ekonomikoak.

3. Salbuespen gisa, ikasketen garrantzia edo interes estrategikoa dela eta, Unibertsitateak zilegi du, errektoreorde eskudunaren bidez, finantzabidearen parte bat bere gain hartzea, Unibertsitatearen diru-sarreren aurrekontu orokorraren kargura.

4. Zilegi da beketara zuzendutako gastu kontusail bat ikasketa bereki bakoitzaren aurrekontuan sartzea, eta ikasketa berekiaren bideragarritasuna bermatuko da beti. Bekak esleitzeko baldintzak onetsitako proposamenean jasoko dira. Aurrekontua Betetzeko Oinarrietan ezarritakoarekin bat etorriz esleituko dira.

5. Ikasketa bereki batean txosten ekonomikoan ezarritako gutxieneko matrikula kopurura iristen ez bada edo finantza-orekarekin bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko beharrezkoak diren diru-laguntzak lortzen ez baditu, irakaskuntza zuzendariak, ikasketa berekia hasi baino lehen, errektoreorde eskudunari eskatuko dio aurreikusitako gastuak jaistea, benetako diru-sarreretara egokitzeko edo bertan behera uztea.

6. Ikasketa berekia amaitzen denetik bi hilabeteko epean, Unibertsitate Gizarte Fundazioak, kudeatzen dituen tituluei dagokienez, edo irakaskuntza zuzendariak ikasketa berekiaren balantze ekonomikoa aurkeztu behar du.

HIRUGARREN KAPITULUA

Ikasketa bereki berriak onartzea eta ezartzea

67. artikulua. Titulu berekiak eskuratzeko ikasketen proposamenen edukia.

1. Titulu berekiak eskuratzeko ikasketa berekien proposamenak Ikasketa Batzordeari zuzenduko zaizkio antolaketa-unitatearen bidez, eta I. Eranskinean aipatzen diren edukiak jaso behar dituzte gutxienez ere.

2. Batzordeak proposamen bakoitza ebaluatu eta haren gaineko txostena egingo du; txosten hori irakaskuntza berekien gaietan eskumena duen Errektoreordetzari bidaliko dio, eta Unibertsitateko Gobernu Kontseiluari proposatuko dio aldeko txostena jaso duten titulu berekien proposamenak ezartzea onets dezala.

3. Ikasketa Batzordeak, kontrako txostena ematen badu, edo aldeko txostena emanda ere halako baldintza batzuk betetzera behartzen badu, erabaki hori arrazoitu beharko du, eta horren berri eman Titulua proposatu duenari eta antolaketa-unitateari.

4. Gobernu Kontseiluak ezezkoa eman ahalko dio ikasketa berekien programa bat ezartzeari, betiere programa horien helburuak eta edukiak funtsean elkarren antzekoak badira, edo lurralde nazional osoan ofizialak eta baliodunak diren tituluak eskuratzeko beste edozein ikasketaren helburu eta edukien antzekoak badira.

68. artikulua. Titulu berekiak eskuratzeko ikasketak berritu eta kentzea.

1. Unibertsitateak urtero onetsiko du titulu berekien eskaintza. Eskaintzan sartuko dira azken ikasturtean emandako titulu berekiak. Haien eskaintza berritu egingo da, proposamen-egileek horretarako ezarritako epean hala eskatzen badute. Titulu berekiaren azken edizioaren txosten ekonomikoarekin batera aurkeztuko da eskaintza berritzeko eskaera.

2. Aurreko atalean ezarritakoa galarazi gabe, Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak, Ikasketa Batzordeak proposatuta, ikasketa horien eskaintza ez berritzea erabaki dezake, justifikaturiko arrazoiak baldin badaude. Erabakiak ezarri beharko du matrikulatutako ikasleek nola egin behar dituzten titulu berekia bukatzeko geratzen zaizkien kredituak.

3. Titulu berekiak eskuratzeko ikasketak berritu, eta horrek programaren edo finantzaketaren aldaketa ekartzen badu, Ikasketa Batzordeari jakinarazi behar zaio aldez aurretik, ikasketa-proposamen berri baten bidez. Proposamen horretan beharrezkoak diren aldaketak soilik jasoko dira, eskumena duten organoek balioesteko eta onesteko.

69. artikulua. Ikasketa berekien proposamena eta onespena.

1. Lotura iraunkorra duten irakasleek, sailek, ikastegiek, errektoreordetzek, ikerketa taldeek, Gizarte Kontseiluak, Zuzendaritza Kontseiluak eta Gobernu Kontseiluak zilegi dute espezializazio ikastaroak, ikastaroak eta mintegiak ezartzeko eta berritzeko proposamenak egitea. Proposamena egiten duena lotura iraunkorra duen irakasle bat baldin bada, bere sailak aginduzko txosten bat egin beharko du. Gai honetan eskuduna den errektoreordetzak espezializazio ikastaroak, ikastaroak eta mintegiak ezartzeko eta berritzeko proposamenak aztertu eta onetsiko ditu, eta aldian-aldian Ikasketa Batzordeari jakinaraziko dizkio jaso dituen eskaera guztiak.

2. Lotura iraunkorra duten irakasleek, sailek, ikastegiek, errektoreordetzek, ikerketa taldeek, Gizarte Kontseiluak, Zuzendaritza Kontseiluak eta Gobernu Kontseiluak zilegi dute 29 ECTS edo gutxiago dituzten titulu berekiak ezartzeko eta berritzeko proposamenak egitea. Proposamena egiten duena lotura iraunkorra duen irakasle bat baldin bada, bere sailak aginduzko txosten bat egin beharko du.

3. Sailek eta/edo ikastegiek eta errektoreordetzek zilegi dute 30 ECTS edo gutxiago dituzten titulu berekiak ezartzeko eta berritzeko proposamenak egitea, eta haiek izendatuko dute titulu berekien irakaskuntza zuzendaria.

LAUGARREN KAPITULUA

Ikasketa berekien antolaketa eta irakaskuntza

LEHEN ATALA

Sarbidea, onarpena, matrikula, ECTSen aitorpena eta ikaslearen estatusa

70. artikulua. Ikasketa berekietarako sarbidea.

1. Ikasketa berekietan sartzeko, Unibertsitatean sartzeko behar diren legezko eskakizunak bete behar dira.

2. Arau hauetako 59.2.1 artikuluan azaltzen diren ikasketa berekietarako sarbidea izateko, unibertsitateko titulu ofiziala edo parekoa eduki behar da.

3. Hala ere, Ikasketa Batzordeak, Ikasketa Berekien Irakaskuntza Zuzendaritzak proposatuta, ikasketetako espezialitatearekin lotura zuzena duten eta Unibertsitatean sartzeko titulaziorik edo unibertsitateko titulaziorik edo baliokiderik ez duten profesionalak onetsi ahalko ditu, betiere, agirien bidez egiaztatzen badute profesionaltasun hori eta egin nahi duten ikasketa berekian eskatutako gainerako eskakizun berariazkoak betetzen dituztela.

4. Nafarroako Unibertsitate Publikoan ikasketa ofizialak eta, aldi berean, beren eskaintzan ikasketa ofizial horiekin lotura zuzena daukatela berariaz adierazita daukaten ikasketa berekiak egiten dituzten ikasleei ez zaie unibertsitateko titulu ofizialik eskatuko sartzeko, eta automatikoki emango zaie 3. idatz-zatian adierazitako sarbide baimena.

5. Unibertsitateko titulu ofizial baten irakasgaien edo Ikasketa Amaierako Lanaren 12 ECTS kreditu, gehienez ere, gelditzen zaizkien ikasleei automatikoki emango zaie 3. idatz-zatian adierazitako sarbide baimena.

6. Aipatu gabeko gainerako kasuetan, ikasleek ez badaukate unibertsitateko titulu ofizialik, Ikasketa Batzordeak baimendu beharko du ikasketa horietarako sarbidea.

7. 3., 4., 5. eta 6. paragrafoetan ezarritako baimenen arabera titulu bereki bat egiten duten ikasleek ezin izango dute master titulu berekia, aditu edo espezializazio diploma jaulkitzeko eskatu, unibertsitateko titulurik lortzen ez badute. Ikasleak ikasketa berekiak bukatu eta ondoko lau ikasturteen barruan eskuratu beharko du unibertsitateko titulu ofiziala. Nolanahi ere, bitartean, egindako ikasketen ziurtagiria lortzeko eskubidea izango dute.

71. artikulua. Ikasketa berekietarako onarpena, matrikula eta deialdien kopurua.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoan ikasketa berekiak egin nahi dituztenek dagokien administrazio unitatean aurkeztuko dute onartuak izateko eskaera, ikasketa bakoitzean aurretik horretarako ezarritako epean.

2. Onartua izateko prozedura ikasketa bereki bakoitzera ezarritakoa izango da, ikasketa berekiaren proposamenean ezarritako irizpideekin bat etorriz eta antolaketa-unitateak kudeatuko du.

3. Onartutako ikasleek dagokien epean egingo dute matrikula, eta eskatutako dokumentazioa aurkeztuko dute.

4. Edozein ikasketa berekitan matrikulatzeagatik deialdi bakar bat izango du ikasleak, ebaluaziorako, ikasleak ikasketa zein ikasturtetan gauzatzen duen, ikasturte horretan. Matrikulak eskubidea ematen die ikasleei ikasketetan zehar eskuratu dituzten ikasketen eta gaitasunen emaitzak ebaluatu diezazkieten. Ebaluazio horrek azken kalifikazio bat sortuko du, ikasketa espedientean agertuko dena.

5. Beharrezkoa izanez gero, modulu eta ikasturte bakoitzerako errekuperazioko ebaluazio proba bat egongo da, irakastaldiaren barruan.

6. Ezarritako prezioa ordaindutakoan gauzatuko da matrikula, ikasketa berekien urteko eskaintzak, eta, hala badagokio, ikasketa berekiaren deialdiak zehazten duen moduan.

7. Ikasketa berekia berriz ere ematen bada, matrikulatutako kreditu guztiak edo batzuk gainditu ez dituen ikasleak eskubidea izango du ikasketa amaitzeko, aurretik gainditu edo matrikulatu ez dituen ECTS kredituak matrikulatuz, araudi honetako 68.2 artikuluan ezarritakoa errespetatuz.

8. Aurreko idatz-zatian aipatutako matrikulan, ikasleak matrikula gauzatzen duen ikasturtean indarrean diren ECTSen prezioak eta tasak ordaindu beharko ditu.

9. Matrikula baliogabetzeko eta, behar bada, aldatzeko, Araudi honetako 37. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da, eta gainera:

a) Bidezkoa izango da matrikula baliogabetzea, ez ordaintzeagatik ikasturte bakoitzean ezarritako epeetan. Ez ordaintzeagatik matrikula baliogabetu dioten ikasleak ordaindu duen zenbatekoa galduko du.

b) Ikasturtea hasi baino lehen matrikula baliogabetzeko eskatzen dutenei ordaindutako zenbatekoa itzuliko zaie, inskripzio eskubideak direla-eta ordaindutako zenbatekoa salbu (zenbateko hori ikasketa berekien urteko irakaskuntza arautegian agertuko da).

c) Ikasturtea hasi eta gero, matrikula baliogabetzeko eskatzen duten ikasleek ez dute dirua itzultzeko eskubiderik izango, eta zenbatekoa osorik ordaindu beharko dute.

d) Ordaindutako zenbatekoak itzuliko dira ikastaroa bertan behera uzten bada soilik.

6. Istripu aseguru bat kontratatuko da, titulu eta diploma berekiak lortzera bideratutako ikasketak egiteko aldian bere ikasle guztiak estaliko dituena, bidaiak eta praktikak barne, baldin baleude. Administrazio kudeaketaren prezio publikoekin batera ordainduko dute ikasleek aseguru honen zenbatekoa.

72. artikulua: ECTSen aitorpena.

Irakaskuntza zuzendariak zilegi du ECTSak aitortzea titulu bereki batean, arautegi honetako 40. artikulua aplikatuta. Bere ondorio ekonomikoari dagokionez, ez da matrikularen prezioa murriztuko onartutako ECTSengatik. Salbuespen gisa, Ikasketa Bulegoak zilegi du ikasketa bereki batean ECTSak aitortzea aipatu artikuluan ezarrita moduari jarraitu gabe, egoerak hala eskatzen duenean.

BIGARREN ATALA

Ikasketa berekien zuzendaritza eta kudeaketa

73. artikulua. Irakaskuntza zuzendaritza.

Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin lotura iraunkorra duen irakasle doktore baten esku egongo da ikasketa berekien irakaskuntza-zuzendaritza. Salbuespen gisa, ikasketa berekien gaietan eskumena duen errektoreordetzak aukera izango du lotura iraunkorrik gabeko arduraldi osoko irakasle doktore bat ikasketa bereki bateko irakaskuntza zuzendari izendatzeko. Irakaskuntza zuzendariak eta/edo koordinatzaileak jasoko duen ordainsaria finkatzeko datu hauek hartuko dira kontuan: zein eginkizun dituen eta eginkizun horiek egiteko zenbat ordu lan egin behar duen. Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorearen ebazpen batez bidez, Ikasketa Batzordeari entzun eta gero, urtero ezarriko da lan ordu bakoitzeko zenbat diru jasoko den gehienez ere, eta gero dagokion nominan ordainduko da.

74. artikulua. Ikasketa berekien kalitatearen kalifikazioa, jarraipena eta ebaluazioa.

1. Indarrean den Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ebaluazio Prozesuak Arautzen dituen Araudia ezarritako kalifikazio sistema erabiliko da ikasketa berekietarako, eta Gai / Ez Gai sistema erabiliko da espezializazio ikastaroetarako. Ikastaroetarako eta mintegietarako ez da kalifikazio sistemarik ezarri.

2. Nafarroako Unibertsitate Publikoak berak ematen dituen ikasketen babes akademikoa, kontrola eta jarraipena egiteko lana izango du, eta hori Ikasketa Batzordearen bidez egingo du, nahiz zuzenean, nahiz beste hainbat erakunderekin elkarlanean.

3. Ikasketa Batzordeak mekanismoak eta prozedurak ezarriko ditu ikasketa berekien irakaskuntzaren kalitatearen jarraipena eta ebaluazioa egiteko, eta Gobernu Kontseiluari emango dio horien berri.

4. Ebaluazio hori irakaskuntza helburuak nola bete diren aztertzen duten prozesuen bidez egingo da urtero. Horretarako, gutxienez balioetsiko dira ikasleek jasotako prestakuntzarekin izan duten gogobetetzea, parte hartzen duten irakasleen eta ikasketa berekien Irakaskuntza Zuzendaritzaren iritzia.

5. Ebaluazio negatiboa izanez gero, proposamenak aurkeztea eskatuko da, hurrengo ikasturtean horri berehala konponbidea emateko. Konponbidea emateko proposamenik ez bada, edo horiek eskasak direla uste bada, Ikasketa Batzordeak Gobernu Kontseiluari emango dio horren berri, hala behar izanez gero, ikasketa berekiarekin jarraitzeko baimena ez ematea erabaki dezan.

75. artikulua. Irakaskuntza, administrazio eta antolaketa kudeaketa.

1. Ikasketa berekietako zuzendaritzari dagokio irakaskuntza mailako ebazpenak ematea, eta haien aurka gorako errekurtsoa jartzen ahalko da errektorearen aurrean.

2. Onartzeko eta matrikula egiteko prozedurak, bai eta administrazio tramite eta kudeaketako eta antolaketako beste edozein gai ere, kasu bakoitzaren arabera, Nafarroako Unibertsitate Publikoko edo Unibertsitate Gizarte Fundazioko administrazio zerbitzuek kudeatuko dituzte.

3. Unibertsitate Gizarte Fundazioari eskatzen zaionean ikasketa berekien kudeaketa hartzea, Fundazioak hauek beteko ditu:

a) Sail, ikastegi, unibertsitateko ikerketa erakunde eta ikerketa zentroekin eta unibertsitateko beste organo batzuekin sustatzea eta lankidetzan jardutea ikasketa berekietako ikasketak eta jarduerak sortzen eta garatzen, eta haien zabalpena eta sustapena egitea bere ingurune sozioekonomikoan.

b) Dagoen gizarte eskaera aztertzea, eta prestakuntza behar horiek unibertsitateko komunitateari jakinaraztea, erantzun arin eta malgu bat antolatzeko eta sustatzeko, eta kalitateko prestakuntza eskaintza bat eta antzeman diren beharren araberakoa bermatzea.

c) Agindu zaizkion ikasketa berekien antolamendua, administrazio-kudeaketa eta kudeaketa ekonomikoa gauzatzea. Titulu berekiaren kudeaketa ekonomiko eta aurrekontu kudeaketarekin zerikusia duten ekintza guztiak egingo ditu, ikasketa berekiarekin Unibertsitatetik kanpokoak diren aditu profesionalen kontratazioa, laguntzeko langileen kontratazioa, ikasketen eta prestakuntza jardueren jarraipenak, baita haiei laguntza administratiboa ematea ere, eta oro har mandatua aurrera eramateko beharrezkoak diren guztiak. Hori guztia ikasketa berekiaren irakaskuntza-zuzendaritzarekin lankidetzan.

d) Prestakuntza iraunkorreko gaietan eskuduna den errektoreordetzari arau indardunen betearazpenari buruz berri ematea eta aholkuak ematea.

e) Unibertsitateak nazioko prestakuntza iraunkorreko sare nagusiekin lotuta jarrai dezala bermatzea, esperientzia berritzaileen trukea eta ikaskuntza ahalbidetzeko.

f) Ekimen ekintzaileak sustatzea eta laguntzea, prestakuntza iraunkorra aztertzeko, garatzeko eta hobetzeko.

76. artikulua. Tituluak eta ziurtagiriak.

1. Interesdunek eskaturik eta dagozkien prezioak aldez aurretik ordainduta, Unibertsitateak bere administrazio unitatearen bidez jaulkiko du dagokion titulu edo ziurtagiria. Tituluak edo ziurtagiriak ikasketa berekietarako Unibertsitateak duen Erregistroan jasota egongo dira.

2. Legeria indardunarekin bat etorriz, Gobernu Kontseiluak, Ikasketa Batzordeak eskatuta, zilegi du master titulu berekiak eta espezializazio diplomen inskripzioa egitea Unibertsitate, Ikastegi eta Tituluen Erregistroan, bai jendaurreko informazioari begira, bai egon daitezkeen irakaskuntza aitorpenei begira.

3. Unibertsitateak izendatuko duen administrazio unitatean gordeko dira ikasketa bereki bakoitzaren datuak, behin betiko matrikulaturiko ikasleen zerrenda, asistentziaren azken akta, eta, halakorik denean, ebaluazio akta, administrazio kudeaketaz arduratzen den unitateak emango dituen ereduen arabera.

77. artikulua. Ikasketa berekien urteko eskaintzari buruzko xedapenak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorearen ebazpen baten bidez, Ikasketa Batzordeak proposatuta, aurreko ikasturtearen hasieran onetsiko dira urtero ikasketa berekien urteko eskaintzari buruzko xedapenak. Xedapen horiek informazio hau jasoko dute gutxienez ere: ikasketa berekien proposamenak egiteko egutegia, matrikularen prezio publikoa ordaintzeko modua, irakaskuntza emateagatik jasoko den ordainsaria, irakaskuntza zuzendaritzaren eta, hala badagokio, koordinazio eginkizunen ordainsaria, eta beste jarduera batzuek sortutakoak, hala nola, tutoretzak, proiektuak eta azterketak.

LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA

Araudi honetan jaso ez diren egoerak errektoreak edo eskumena duen errektoreordeak ebatziko ditu.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Espainian araututako lanbide-jardueretarako gaitzen duten tituluak direnean, araudi hau aplikatuko da, baldin eta bateragarria bada Gobernuak ezarritako baldintzekin, 1393/2007 Errege Dekretuaren 15. artikuluaren 4. atalean ezarritako moduan.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

1. Arautegi hauek indarrik gabe geratu dira:

a) Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Graduondoko Ikasketa Ofizialei buruzko Esparru Arautegia, Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak 2005eko azaroaren 28an hartutako erabakiaren bidez onetsitakoa.

b) Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ikasketa Berekiei buruzko Esparru Arautegia, Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak 2006ko azaroaren 28an hartutako erabakiaren bidez onetsitakoa, eta Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak 2009ko apirilaren 1ean onetsitako erabakiaren bidez aldatutakoa.

c) Master ikasketa berriei buruzko txostenak onesteko jarraibideak, Unibertsitateen Kontseiluari bidali beharrekoak kontseilu horrek egiaztatzeko, Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak 2008ko azaroaren 28an hartutako erabakiaren bidez onetsitakoak.

d) Master ikasketa ofizialak diseinatu, prestatu eta ezartzeko jarraibide orokorrak, Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak 2008ko azaroaren 28an hartutako erabakiaren bidez onetsitakoak.

2. Indarrik gabe geldituko dira arau hauetan xedatutakoaren kontraesanekoak edo kontrakoak diren lerrun bereko edo txikiagoko arau guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Indarra hartzea

Arautegi honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

I. ERANSKINA

Titulu bereki berriak ezartzeko proposamenek nahitaez izan behar dituzten edukiak

a) Proposamen-egilea.

b) Ikasketekin eskuratzen den titulu berekiaren izena, sailkapena “Ikasketa berekien tipologiak” artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera, eta, halakorik bada, baita titulu bereki baten modulu oso bat edo batzuk egiteko bidea ematen duten ziurtagiriena ere.

c) Titulu berekiaren justifikazio arrazoitua, tituluak ekonomian eta gizartean duen beharrari, egokitasunari eta bideragarritasunari buruz.

d) Tituludunen prestakuntza profila, gaitasunak eta programak ikasleari eman dakiokeen irakaskuntzarako eta lanbiderako gaitasunak.

e) Irakaskuntzen hedapena ECTS kredituetan.

f) Programa, zeinetan ECTS kredituen kopuru osoa eta ikasketa programari aurreikusten zaion iraupena adieraziko baitira. Behar denean, titulu berekia eskuratzeko ikasketaren moduluak modu berezian egin daitezkeenean, horiek beren artean duten harremana. Halaber, modulu, gai eta irakasgai zerrenda bat edukiko du, eta horretan iraupena, gaitasunen azalpena, edukia eta kredituen araberako iraupena, izaera teorikoa edo praktikoa.

g) Ikasketa ebaluatzeko irizpideak.

h) Irakaskuntza zuzendaria eta, beharrezkoa bada, Gastu Unitate Funtzionalaren arduraduna den eta unibertsitatearekin lotura iraunkorra duen irakaslea.

i) Parte hartzen duten irakasleen izen-zerrenda, haien titulazioa, irakaskuntza- edo lanbide-egoera eta ikastaroan emango duten ordu kopurua zehaztuz. Unibertsitateko irakaslea ez bada, parte-hartzea justifikatu egingo da, haren curriculum vitaea aurkeztuz.

j) Ikasleen gutxieneko eta gehieneko kopuruak ikasketak ezartzeko, irakasteko baliabideen eta baliabide materialen arabera, Unibertsitateak, hala dagokionean, ezarriko dituen irizpideen arabera. Irakaskuntzarako eskakizunak, bai eta salbuespenak, matrikula-epea eta aurreinskripzioa ere, behar balitz. Atal honetan, ikasleak hautatzeko prozedura adieraziko da, eskaera kopurua ikaspostu kopurua baino handiagoa bada. Era berean, bekak edo ikasteko laguntzak emateko aukerarik dagoen adieraziko da.

k) Egutegia eta gauzatzeko tokia.

l) Titulua irakasteko behar diren azpiegiturak, bai eta giza baliabideak eta baliabide materialak ere.

m) Oroitidazki ekonomikoa, zeinak aurreikusitako diru-sarreren eta gastuen azalpen zehatza jasoko baitu. Diru-sarrera eta gastu horien bidez autofinantzatuko da ikastaroa.

Gutxienez ere kontzeptu hauek jasoko ditu oroitidazki ekonomikoak:

–Diru-sarreren aurrekontua, zeinean atal hauek jasoko baitira:

a. Matrikulen prezio publikoak.

b. Erakunde publiko eta pribatuek emandako diru-laguntzak.

c. Beste diru-sarrera batzuk.

–Gastuen aurrekontua, zeinean atal hauek jaso behar baitira:

a. Unibertsitatearen gastu orokorrak, gehienez ere diru-sarrera guztien % 10eko balioa izango dutenak.

b. Irakaskuntza zuzendariari eta/edo koordinatzaileari ordaintzera bideratutako zenbatekoa.

c. Irakasleen ordainsariak. Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleen, beste unibertsitate batzuetako irakasleen eta kanpoko irakasleak bereiziko dira.

d. Joan-etorrien gastuak eta irakasleen dietak.

e. Material didaktikoaren kostua.

f. Publizitate eta marketin gastuak.

g. Administrazio eta idazkaritza gastuak.

h. Ikasleen aseguruak.

i. Material inbentariagarria.

j. Ikastaro bakoitzeko emango diren beken kopurua eta zenbatekoa.

k. Beharrezkoak diren bestelako gastu batzuk.

–Beste informazio batzuk.

Proposamena bideragarria izateko eta autofinantzatzeko beharrezkoa den gutxieneko ikasle-kopurua.

–Ekonomia Gaietarako Zerbitzuaren txostena.

n) Izaera: sailen artekoa, fakultateen artekoa, unibertsitateen artekoa –estatuko edo nazioarteko unibertsitateak–. Halakorik bada, titulu edo ikasketa berekia egiteko beste erakunde publiko zein pribatuekin egindako hitzarmena erantsi, arautegi honetako 20.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

o) Proposatutako programaren kalitatea ziurtatzeko egokitzat ematen diren iritzi guztiak, eta horien artean, nahi bada, autoebaluazioa egiteko proposamen bat.

Iragarkiaren kodea: F1804418