75. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

269/2018 EBAZPENA, martxoaren 15ekoa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eman eta kudeatzen dituen diru-laguntza batzuetarako 2018ko gastua baimentzen duena eta beste diru-laguntza batzuen oinarri arautzaileak aldatzen dituena.

Abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren bidez Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onetsi ziren. Estatutu horietan ezarritakoaren arabera, zerbitzu horren xedea da enplegu politikak, eragile ekonomiko eta sozialekin adostutakoak, planifikatu, gauzatu eta kontrolatzea, ondoko arlo hauetan ezartzen diren zerbitzu eta programak modu koordinatuan kudeatuz: enpleguaren sustapena, lan merkatuan sartzeko aukera berdintasuna, enplegu ematea, bitartekaritza eta enplegurako orientazioa eta prestakuntza eta Nafarroako enpleguaren egoeraren eta horren gaineko politiken azterketa; horretarako, besteak beste, zenbait diru-laguntzatarako deialdia egin, horiek eman eta kudeatzen ditu enplegua sortu eta lan munduan sartzen laguntzeko. Diru-laguntza horien oinarri arautzaileak 2018. urtea baino lehenago onetsi ziren.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30.1 artikuluak ezartzen duenez, diru-laguntzen deialdiek berekin ekarri beharko dute gasturako baimena, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz. Horrenbestez, bidezkoa da diru-laguntza batzuetarako 2018ko gastua baimentzea.

Orobat, bidezkoa da beste diru-laguntza batzuen oinarri arautzaileak aldatzea, eskaerak aurkezteko epeen arauketa egokitu dadin Diru-laguntzei buruzko Foru Legean xedatutakora.

Azaldutakoarekin bat, proposamen-txostena ikusirik, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onetsi zituen abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eman eta kudeatu beharreko diru-laguntza hauetarako gastua baimentzea, 2018ko Gastuen Aurrekontuaren kargura:

–Pertsona ezgaituentzat lan-merkatu arruntean enplegu lagundua lortzeko diru-laguntzak, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 13ko 1558/2008 Ebazpenaren bidez arautuak, Diru-laguntzen Datu Base Nazionaleko 382015 zenbakia dutenak. 9.000 euro, “Enpresa arruntek desgaitasunen bat duten pertsonak kontratatzeko diru-laguntzak. Konferentzia sektoriala” izeneko 950001 96100 4709 241105 partidaren kargura.

–Nafarroako laneratze eta gizarteratzeko enpresen laguntza teknikorako diru-laguntzak, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen otsailaren 24ko 476/2017 Ebazpenaren bidez arautuak, Diru-laguntzen Datu Base Nazionaleko 382043 zenbakia dutenak. 414.000 euro, “Gizarteratzeko eta laneratzeko programak, zailtasun handienak dituzten kolektiboentzat. Konferentzia sektoriala eta EGIF” izeneko 950001 96100 4819 241104 partidaren kargura. E-09/000003-07 PEP elementua.

–Nafarroako laneratze eta gizarteratze enpresetan inbertsioen bidez enplegua sustatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko diru-laguntzak, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 8ko 1205/2017 Ebazpenaren bidez arautuak, Diru-laguntzen Datu Base Nazionaleko 383344 zenbakia dutenak. 100.000 euro, “Txertatze enpresetarako inbertsioetarako laguntzak” izeneko 950001 96100 7709 241204 partidaren kargura.

–Nafarroako irabazi-asmorik gabeko enplegu zentro berezietan enplegua sustatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko egiten diren inbertsioetarako diru-laguntzak, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 5eko 1198/2017 Ebazpenaren bidez arautuak, Diru-laguntzen Datu Base Nazionaleko 383334 zenbakia dutenak. 300.000 euro, “Enplegu zentro berezietarako diru-laguntzak inbertsioak egiteko” izeneko 950001 96100 7709 241203 partidaren kargura.

–Ekintzailetza bultzatzen duten zerbitzuak emateko toki entitateentzako eta haien menpeko edo haiei loturiko entitateentzako diru-laguntzak, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen apirilaren 9ko 691/2014 Ebazpenaren bidez arautuak, Diru-laguntzen Datu Base Nazionaleko 382818 zenbakia dutenak. 400.000 euro, “Toki garapena sustatzeko laguntzak. Konferentzia sektoriala” izeneko 950001 96100 4819 241105 partidaren kargura.

–Nafarroako lan elkartuko kooperatibetan eta lan sozietateetan bazkideak eginez enplegua sustatzeko diru-laguntzak, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen apirilaren 29ko 682/2013 Ebazpenaren bidez arautuak, Diru-laguntzen Datu Base Nazionaleko 381923 zenbakia dutenak. 650.000 euro, “Ekonomia sozialeko enpresentzako diru-laguntzak bazkideak gehitzeko” izeneko 950001 96100 4709 241200 partidaren kargura.

–Nafarroako lan elkartuko kooperatibetan eta lan sozietateetan inbertsioak eginez enplegua sustatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko diru-laguntzak, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 4ko 858/2015 Ebazpenaren bidez arautuak, Diru-laguntzen Datu Base Nazionaleko 381940 zenbakia dutenak. 600.000 euro, “Ekonomia sozialeko enpresei inbertsioetarako diru-laguntzak” izeneko 950001 96100 7709 241200 partidaren kargura.

–Langabeziaren kapitalizazioagatik Gizarte Segurantzaren kuoten ordainketarako diru-laguntzak, ekainaren 19ko 1044/1985 Errege Dekretuaren bidez arautuak, Diru-laguntzen Datu Base Nazionaleko 381949 zenbakia dutenak. 275.000 euro, “Langabeziaren kapitalizazioagatik Gizarte Segurantzaren kuoten ordainketa. Konferentzia sektoriala” izeneko 950001 96100 4809 241106 partidaren kargura.

2. 2018ko ekitaldiko aurrekontuaren kargura bideratzea 2017ko ekitaldian ebatzi gabe gelditu ziren deialdi hauetako eskaerak:

–Nafarroako lan elkartuko kooperatibetan eta lan sozietateetan bazkideak eginez enplegua sustatzeko diru-laguntzak, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen apirilaren 29ko 682/2013 Ebazpenak arautuak.

–Nafarroako lan elkartuko kooperatibetan eta lan sozietateetan inbertsioak eginez enplegua sustatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko diru-laguntzak, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 4ko 858/2015 Ebazpenak arautuak.

–Langabeziaren kapitalizazioagatik Gizarte Segurantzaren kuoten ordainketarako diru-laguntzak, ekainaren 19ko 1044/1985 Errege Dekretuak arautuak.

3. Honako diru-laguntza hauen oinarri arautzaileak honela aldatzea, eskaeren epeei dagokienez:

–Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 13ko 1558/2008 Ebazpenaren bidez onetsitako deialdiaren 9.2 oinarria (ebazpen horren bidez, pertsona ezgaituentzat lan-merkatu arruntean enplegu lagundua lortzeko diru-laguntzen deialdia egin zen). Honela geldituko da idatzia:

“Eskabideak aurkezteko epea, diru-laguntzaren xede den enplegu lagunduko proiektuaren arabera pertsona ezgaitu baten azken lan-kontratua egiten den egunaren biharamunetik aurrera hogeita hamar eguneko epean amaituko da, baldin eta dagokion gastuaren baimena argitaratu bada. Bestela, epea hilabetekoa izanen da baimen hori ofizialki argitaratu eta biharamunetik hasita”.

–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen otsailaren 24ko 476/2017 Ebazpenaren bidez onetsitako deialdiaren 6.2 oinarria (ebazpen horren bidez, Nafarroako laneratze eta gizarteratzeko enpresen laguntza teknikorako diru-laguntzen deialdia egin zen). Honela geldituko da idatzia:

“Diru-laguntzaren ordainketa eskatzeko epea hilabetekoa da, aurreko hilabetea bukatzen denetik, baldin eta dagokion gastuaren baimena argitaratu bada.

Deialdiaren aurreko urteko azaroaren eta argitaratzearen aurreko hilabetearen arteko aldirako eskaerak hilabeteko epean aurkeztuko dira, deialdia argitaratu eta biharamunetik aurrera”.

–Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen apirilaren 9ko 691/2014 Ebazpenaren bidez onetsitako deialdiaren 7.1 oinarrian (ebazpen horren bidez, ekintzailetza bultzatzen duten zerbitzuak emateko toki entitateentzako eta haien menpeko edo haiei loturiko entitateentzako diru-laguntzen deialdia egin zen), honako hau ordeztuko da: “Eskaerak azaroan aurkeztuko dira urtero”. Eta, horren ordez, hauxe jarriko da: “Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, dagokion gastuaren baimena ofizialki argitaratu eta biharamunetik hasita”. Oinarri horren gainerakoa ez da aldatuko.

–Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen apirilaren 29ko 682/2013 Ebazpenaren bidez onetsitako deialdiaren 7.1 oinarriko lehen paragrafoa (ebazpen horren bidez, Nafarroako lan elkartuko kooperatibetan eta lan sozietateetan bazkideak eginez enplegua sustatzeko diru-laguntzen deialdia egin zen) honela geldituko da idatzia:

“Eskabideak aurkezteko epea hiru hilabetekoa izanen da Gizarte Segurantzan alta ematen denetik hasita, baldin eta dagokion gastuaren baimena argitaratu bada. Bestela, epea hiru hilabetekoa izanen da baimen hori ofizialki argitaratu eta biharamunetik hasita. Alta ematen baldin bada Norberaren konturako Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Berezian, ondorio guztietarako aintzat hartuko den data Gizarte Segurantzaren diruzaintza orokorrean tramite horretarako erabiltzen den “A-0521” agirian alta-egun gisa agertzen dena izanen da, betiere egun horretatik 30 egun naturaleko epean aurkeztu baldin bada. Epe hori bukatu ondoren aurkezten bada, edo alta-egunik agertzen ez bada agirian, ondorio guztietarako aintzat hartuko den data izanen da Gizarte Segurantzako Lurraldeko Diruzaintzan izan duen erregistroko sarrera-eguna”.

–Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 4ko 858/2015 Ebazpenaren bidez onetsitako deialdiaren 7.1 oinarrian (ebazpen horren bidez, Nafarroako lan elkartuko kooperatibetan eta lan sozietateetan inbertsioak eginez enplegua sustatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko diru-laguntzen deialdia egin zen), honako hau ordeztuko da: “Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, aurkezten diren fakturen azkeneko ordainketa egiten denetik”. Eta, horren ordez, hauxe jarriko da: “Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, aurkezten diren fakturen azkeneko ordainketa egiten denetik, baldin eta dagokion gastuaren baimena argitaratu bada. Bestela, epea hilabetekoa izanen da baimen hori ofizialki argitaratu eta biharamunetik hasita. Nolanahi ere, diruz laguntzeko eskatu diren inbertsioen urte berean egin beharko da eskaera”. Oinarri horren gainerakoa ez da aldatuko.

4. Ebazpen honek aldatzen dituen oinarri arautzaileei dagozkien diru-laguntzen deialdietan 2018an aurkeztutako eskaerak oinarrien arabera tramitera onartu eta ebatziko dira, eta ez da beharrezkoa izanen interesdunek eskaera berri bat aurkeztea.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuari.

7. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2018ko martxoaren 15ean.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Paz Fernández Mendaza.

Iragarkiaren kodea: F1803709