1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
7/2018 EBAZPENA, otsailaren 27koa, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana. Honen bidez aurretiko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena ematen dira “Barasoain” parke eolikorako (36,3 MW-ekoa), Barasoaingo, Añorbeko, Olorizko eta Tirapuko udal mugapeetan.
Nafarroako Gobernuak, 2017ko ekainaren 21ean egindako bilkuran, honako Udalez gaindiko Proiektu Sektorial hau onetsi zuen: "Barasoain eta Tirapu parke eolikoak"; Desarrollo de Energías Renovables de Navarra SAk sustatu du.
Aurrekoa oinarri hartuta, 2017ko irailaren 18an, Desarrollo de Energías Renovables de Navarra SAk aurretiko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena eskatu zizkion Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiari parke eoliko horietarako. 2017ko abenduaren 18an, Desarrollo de Energías Renovables de Navarra SAk eskaera horretan atzera egiteko dokumentua aurkeztu zuen.
Egun berean, Gas Natural Fenosa Renovables SLUk aurretiko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena eskatu zituen Barasoaingo, Añorbeko, Olorizko eta Tirapuko udal mugapeetan kokatutako “Barasoain” parke eolikorako, honako ezaugarri hauekin:
“Barasoain” parke eolikoak 11 aerosorgailu izanen ditu, eta 36,3 MW-eko potentzia. Aerosorgailu horiek honelakoak izanen dira: hiru palakoak; abiadura aldakorra izanen dute, baita palaren angelu aldakorra ere; Acciona AW132 modelokoak izanen dira, eta 3.300 kW-eko potentzia unitarioa izanen dute; dorreak 137,5 metro izanen ditu eta errotoreak, 132 metroko diametroa. Aerosorgailuek zerbitzu osagarrietarako transformadore bat (640 kVA eta 12/0,69-0,4 kV), maniobratzeko, babesteko eta kontrolatzeko beharrezko gailuak, eta linearen sarrera-irteeretarako kabinak izanen dituzte.
Energia elektrikoa aeroturbina bakoitzean sortuko da eta 12 kV-ean banatuko da San Esteban azpiestazioraino (12/66 kV). Aerosorgailuak elkarren artean lotuta egonen dira dagozkien lurperatutako eroaleen bidez eta linearen sarrera-irteeretarako kabinen bidez. Lur azpiko 12 kV-eko lau linea elektriko instalatuko dira eta honela deituko dira: 1 Zirkuitua (A-9tik A-11ra bitarteko aerosorgailuak), 2 Zirkuitua (A-6tik A-8ra), 3 Zirkuitua (A-3tik A-5era) eta 4 Zirkuitua (A-1 eta A-2). Sortze linea bat eratuko da 12 kV-ean, eta lur azpitik joanen da azpiestazioraino.
San Esteban azpiestazioaren 66 kV-eko sistema honelakoa izanen da: aire zabaleko parke bat izanen da eta, han, 66/12 kV-eko potentziako transformadorea elikatuko duen kokagune bat izanen da azpiestazioaren aire zabaleko eremu berean; horren bidez, 66 kV-eko kolektore-barrarekin lotura sortu nahi da eta linea beretik aterarazi.
Azpiestazioak leku nahikoa izanen du honako hauek kokatzeko: zirkuituak eten, ebaki eta isolatzeko elementuak, babesteko eta neurtzeko transformadoreak, baita parke eolikoaren 12 kV-eko sortze kabinekin konektatzeko behar adina potentzia duen transformadorea ere.
Dagoeneko existitzen den 66 kV-eko aireko linea elektrikoaren bidez eginen da bat sare elektrikoarekin; hori San Esteban azpiestaziotik abiatzen da eta Gas Natural Fenosa Renovablesena eta Acciona Energíarena den azpiestazioarekin lotzen da.
Gas Natural Fenosa Renovables SLUren baimen eskaera jendaurrean paratu zen 4. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 2018ko urtarrilaren 5ekoan, argitaratutako iragarki baten bidez.
2018ko urtarrilaren 12an, Olorizko Udalak proiektuaren inguruko alegazioak aurkeztu zituen. Energiaren, Meatzaritzaren, Telekomunikazioen eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuaren bidez sustatzaileari horien berri eman eta gero, honako hau jakinarazten da:
Ingurumenari buruzko dokumentuei eta ingurumenean sortutako eraginei dagokienez, esan beharra dago proiektuaren ebaluazioa egina dela; beraz, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren 1208E/2016 Ebazpenak ezarritakora jotzen da, non Ingurumen Eraginaren Adierazpena biltzen baita.
Ondarean sortutako eraginei dagokienez, adierazi behar da proiektuak baduela Nafarroako Gobernuko Ondare Historikoaren Zerbitzuaren aldeko txostena.
Bideak mantentzeko eta moldatzeko plan bat biltzeari dagokionez, Nafarroako Gobernuaren 2017ko ekainaren 21eko Akordioan xedatutakoa beteko du.
Azkenik, lerrokatze bideen zabalerari buruz (13 metro), sustatzaileak dio proiektu fasean haien zabalera gutxitu egin dela muntatzeko nahiz mantentzeko behar teknikoekin bateragarria den neurrian. Halaber, aurreikusi bada ere bide batzuek 13 metro izanen dituztela, exekuzio fasean bakarrik izanen dute zabalera hori, horren ondotik 6 metroko zabalera izanen baitute.
Horren ondorioz, eta ikusita Olorizko Udalak aurkeztutako alegazioak ingurumenaren eta lurralde antolamenduaren arlokoak direla eta Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak horiek ebaluatu zituela Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala tramitatu zenean, horiek ezestea proposatzen da.
Beste alde batetik, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53.1.a) artikuluaren arabera, espedientean dago Red Eléctrica de España SAUk igorritako DSS.AR.16-985 komunikazioa. Komunikazio horrek honako hauek dakartza: “sarbide eta konexio prozedurak betetzea, eta administrazio-baimenak emateko beharrezkoak diren sarean sartzeko eta konektatzeko baimenak eratzea” 48 MW-etarako, “Barasoain” parke eolikorako.
Halaber, espedientean, 5020000045 (2018) abalaren ziurtagiria dago, Gas Natural Fenosa Renovables SLUren izenean, 480.000 euroren truke, Desarrollo de Energías Renovables de Navarra SAk aurkeztutako 5020000200 (2016) abalaren ordez.
Aurreko guzia aintzat hartuta, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak Gas Natural Fenosa Renovables SLUri aurretiko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena ematea proposatzen du.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Gas Natural Fenosa Renovables SLUri aurretiko administrazio baimena ematea “Barasoain” parke eolikorako (36,3 MW-ekoa).
2. Gas Natural Fenosa Renovables SLUri eraikitzeko administrazio baimena ematea, Joaquín Erice Lacunza industria ingeniari teknikoak sinatutako proiektuaren arabera; eta hogeita hamasei hilabeteko epea ematea lanak egiteko.
3. Olorizko Udalak aurkeztutako alegazioa ezestea, eta Nafarroako Gobernuaren 2017ko ekainaren 21eko Akordioak ezarritakora jotzea; izan ere, hor onetsi zen “Barasoain eta Tirapun parke eolikoak” izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala.
4. Instalazioak aurkeztutako proiektuari segituz gauzatu beharko dira, eta bat etorri beharko dute Goi tentsioko instalazio elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen maiatzaren 9ko 337/2014 Errege Dekretuan eta Goi tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretuan xedatutakoarekin.
5. Behin proiektua gauzaturik, eskatzaileak zerbitzuan jartzearen akta eskatu beharko du. Eskaera horri erantsiko zaizkio aipatutako araudian ezarritako agiriak eta obra bukaerako ziurtagiria, teknikari eskudun batek sinatua.
6. Administrazio baimen hau eman eta proiektua onetsita ere, instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren kontzesio, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, lortu beharko ditu instalazioaren eskatzaileak, aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin bat.
7. Ebazpen hau igortzea Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzura eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.
8. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
9. Ebazpen hau Gas Natural Fenosa Renovables SLUri jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Hartan espediente zenbakia adierazi beharko da.
10. Ebazpen hau Barasoaingo, Añorbeko, Olorizko eta Tirapuko udalei jakinaraztea, eta aditzera ematea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2018ko otsailaren 27an.–Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Yolanda Blanco Rodríguez.
Iragarkiaren kodea: F1802863