1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
464/2018 EBAZPENA, martxoaren 22koa, Eskubide Sozialetako Departamentuko Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako zuzendari nagusiak emana, “Nafarroa” 2018ko Elkartasunaren Nazioarteko Sariaren XVI. edizioaren deialdia egin, eta haren oinarri arautzaileak onesten dituena.
Nafarroako Gobernuak, Eskubide Sozialetako Departamentuaren bidez, eta Laboral Kutxako Nafarroako Zuzendaritzak “Nafarroa” Elkartasunaren Nazioarteko Sarirako deialdia egin dute 2001. urtetik aurrera; sari horren azken helburua izan da gizartea kontzientziatu eta sentsibilizatzea herrialde eta herri pobretuetako gizarte sektore andeatuenen alde egiten den borondatezko elkartasun lanaren garrantziari buruz.
2018ko martxoaren 20an, “Nafarroa” Elkartasunaren Nazioarteko Sariaren XVI. ediziorako lankidetza hitzarmena sinatu zuten Eskubide Sozialetako Departamentuak eta Laboral Kutxak.
Horrenbestez, Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. “Nafarroa” 2018ko Elkartasunaren Nazioarteko Sariaren XVI. edizioaren deialdia egitea eta haren oinarriak onestea, ebazpen honi eranskin gisa erantsi zaizkionak.
2. Ebazpen hau eta “Nafarroa” 2018ko Elkartasunaren Nazioarteko Sariaren oinarri arautzaileak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.
3. Ebazpen hau Laboral Kutxako Nafarroako Lurraldeko Zuzendaritzari jakinaraztea (Arcadio M. Larraona kalea, 1-31008, Iruña), eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
4. Ebazpen hau Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora eta Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2018ko martxoaren 22an.–Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako zuzendari nagusia, Gema Mañú Echaide.
I. ERANSKINA
“Nafarroa” 2018ko Elkartasunaren Nazioarteko Sariaren XVI. edizioaren oinarriak
1.–Sariaren xedea eta zuzkidura:
1.1. Sari honen xedea da garapenerako nazioarteko lankidetzaren edozein arlotan, bereziki garapen jasangarriaren helburuak lortzeko egindako ekarpenengatik, nabarmendu diren instituzioek, gobernuz kanpoko erakundeek eta pertsona fisikoek egindako lana goraipatzea eta aitortzea.
1.2. Saria 25.000 eurokoa da eskudirutan. Saria jasotzeko, ezinbestekoa izanen da saritutako entitatearen arduraduna edo saritutako pertsona saria emateko ekitaldira joatea, baita saria ematearen ondorioz antolatzen diren bestelako jardueretara ere, ezinbesteko kasuetan izan ezik, horrelakoetan ordezkari bat izendatzen ahalko baitu.
1.3. Antolatzaileak bere gain hartuko ditu saria jasotzen duen pertsona saria ematen den tokira joateak sortutako gastuak.
2.–Hautagaiak aurkezteko epea eta tokia:
2.1. Proposamenak Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusira igorriko dira (González Tablas 7, 31005 Iruña, Espainia) posta ziurtatuaren bidez, gutun-azalean “Nafarroa” Elkartasunaren Nazioarteko Sarirako dela adierazita. Mezularitza zerbitzuaren bidez igorriz gero, faxez (+34 848 423 818) jakinaraziko da hura igortzen den egun berean. Eskaerak posta elektronikoz igorriz gero, honako helbide honetara bidaliko dira: servcoopdes@cfnavarra.es.
2.2. Hautagaiak aurkezteko epea oinarri hauek argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2018ko maiatzaren 31n bukatuko.
3.–Entitate proposatzaileak:
3.1. Edozein herrialdetan legez eratutako erakunde publikoek (gobernuek, ministerioek, udalek, unibertsitateek, akademiek, ikerketa zentroek, enbaxadek, kontsulatuek eta abarrek) aurkezten ahal dituzte hautagaiak, baita hezkuntza, kultura eta gizarte arloetako entitateek, gobernuz kanpoko erakundeek eta abarrek ere.
Halaber, antolatzaileek gonbidatutako izen handiko pertsonek edo entitateen ordezkariek aurkezten ahalko dituzte hautagaiak, baita epaimahaiko kideek ere, adierazitako epearen barnean betiere.
3.2. Saria norberarentzat edo norberak legez ordezkatzen dituen erakundeentzat eskatuz aurkezten diren hautagaiak baztertu eginen dira.
3.3. Sarirako hautagaiak aurkezteak berekin dakar oinarri hauek goitik behera onartzea, baita epaimahaiak hartzen dituen erabaki guztiak ere.
4.–Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
3. oinarrian aipatutako entitate edo pertsonek, hautagaia aurkezten dutenean, dokumentazio hau erantsiko dute:
a) Proposatutako pertsonen edo entitatearen nortasun juridikoaren datuak biltzen dituen agiria, II. eranskineko ereduaren araberakoa.
b) Azalpen memoria (2.000 hitz gehienez), saria eskuratzeko dituen merezimenduak frogatzeko ekintzak, programak, neurriak eta egokitzat jotzen den gainerako informazioa jasotzen dituena (memoria aurkezteko eredua III. eranskinean dago).
c) Alegatzen diren merezimenduak abalatu eta egiaztatzen dituen beste edozein dokumentazio osagarri, erakunde publikoek, entitate pribatuek edo entzute handiko pertsonek hautagaien alde emandako gutunak barne.
Aurreko deialdietan hautagai bat aurkeztu duten entitateek, aurtengoan hori bera proposatu nahi badute berriro, honako hauek aurkeztu beharko dituzte: datuak emateko agiri eguneratua (II. eranskina); azalpen memoria eguneratua (III. eranskina); hautagaiaren aldeko gutun eguneratuak (halakorik badago edo beste batzuk erantsi nahi badituzte); eta agiri sinatu bat, non adieraziko baita zein urte eta ediziotan aurkeztu zen hautagaia eta orduan aurkeztutako gainerako agiriak orain ere baliodunak direla (informazio osagarria edo bestelako materialak, hala nola DVDak, liburuak,...).
5.–Tramitazioa:
5.1. Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiak, Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuaren bidez, eta Laboral Kutxak hasiera bateko hautaketa ez loteslea egiten ahalko dute, saria erabakiko duen epaimahaiari igortzeko. Horretarako, finalisten proposamenarekin batera, aurkeztutako gainerako hautagaien zerrenda ere igorriko diote.
5.2. Hasierako hautaketa horretan honako alderdi hauek hartuko dira kontuan, epaimahaiarentzat orientagarriak izanen baitira:
a) Elkartasun lana zein testuingurutan egiten den, haren analisia.
b) Garapen jasangarriaren helburuak lortzen eta giza garapena sustatzen egindako ekarpena, eskubideen ikuspegitik eta generoaren perspektibatik.
c) Edukiaren izaera berritzailea.
d) Iraupena: esku hartzen den komunitatean edo arloan duen errotze maila.
e) Lanaren orientazioa talde kalteberen alde.
f) Lankidetza eta koordinazioa antzeko erakunde edo sareekin.
g) Saria emateak herritarrengan, erakundean edo esku hartzen den eremuan dituen onurak eta/edo ondorio positiboak.
h) Hautagai den entitatearen ahalmen instituzionala edo proposatutako pertsonen ibilbide profesionala.
5.3. Sari honi buruzko edozein informazio jasotzeko, Nafarroako Gobernura jotzen ahalko da (Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzua), + 34848425043 telefonoaren bidez eta servcoopdes@cfnavarra.es helbidean.
5.4. Deialdia egiten duten entitateen eskumena da, ez beste inorena, sariaren inguruan sortu edo planteatzen diren arazo guztiak ebaztea.
6.–Epaimahaia, erabakia eta saria ematea:
6.1. Zazpi kidek osatuko dute epaimahaia –mahaiburuak eta sei mahaikidek– elkartasunaren arloan izen handia eta sentiberatasun berezia duten pertsona eta profesionalen artetik hautatuta.
6.2. Epaimahaiak aho batez proposatuko du nori eman saria, edo kideen gehiengo soilaren bidez, ahobatezkotasunik lortzen ez bada.
6.3. Erabakia prentsaurreko batean jakinaraziko zaie hedabideei; aditzera emanen da zein entitatek edo pertsonak irabazi duen saria, edo, kasua bada, eman gabe gelditu dela.
6.4. Saria jendaurrean emanen da, horretarako ekitaldi bat antolatuta, entitate deitzaileek garaiz jakinaraziko duten egunean.
6.5. Egonaldia bitartean, sarituak edo saritutako entitatearen ordezkariek prestasun osoa izanen dute antolakuntzak sariaren inguruan proposatzen ahal dituen ekitaldi eta jardueretan parte hartzeko.
II. ERANSKINA
Proposatutako pertsonen datuak edo entitatearen nortasun juridikoari buruzkoak emateko agiria (PDFa).
III. ERANSKINA
Azalpen txostena, honako alderdi hauek jasotzen dituena 2.000 hitzetan gehienez ere:
–Hautagaia den pertsonaren edo entitatearen ibilbide profesionala:
–Elkartasun lanaren xede den eskualdeko testuinguru soziala, ekonomikoa.
–Zenbateraino dagoen errotua lan egiten duen eskualdean edo komunitatean.
–Zer talderekin egiten den lan eta zenbat diren onuradunak, gutxi gorabehera.
–Egiten diren jardueren eta jarduketen deskripzioa.
–Koordinazioa edo/eta lankidetza beste entitate edo sare batzuekin.
–Esku-hartzearen xedeko populazioari edo eskualdeari sariaren diruak eta aitortzak ekartzen ahal dizkion alboko/zeharkako onurak.
–Aurkeztu nahi diren beste datu interesgarri batzuk.
Iragarkiaren kodea: F1804141