Iragarkia
74. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 18a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
LIZARRA
Ordenantza, Herritarren parte-hartzea arautzen duena. Behin betiko onespena
Lizarrako Udalak, 2017ko azaroaren 29an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Lizarrako hirian herritarren parte-hartzea arautzen duen udal ordenantza. Iragarkia 2017ko 243. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, abenduaren 21ean.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, aipatutako ordenantza behin betiko onetsi da, eta argitaratzeko xedatzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Lizarran, 2018ko otsailaren 9an.–Alkatea, Koldo Leoz Garciandia.
ORDENANTZA, HERRITARREN PARTE-HARTZEA ARAUTZEN DUENA
Aurkibidea
ZIOEN AZALPENA.
XEDAPEN OROKORRAK.
1. artikulua. Arauaren xedea.
2. artikulua. Aplikazio eremua.
I. KAPITULUA.–Informazioa.
LEHEN ATALA.–Informaziorako eskubidea.
3. artikulua. Artxibo eta erregistroetako datuetan sartzeko eskubidea.
4. artikulua. Abian diren prozedura orokorrei buruzko informaziorako eskubidea.
5. artikulua. Aurrekontuen egoera ezagutzeko eskubidea.
6. artikulua. Udal jarduketa eta erabakiei buruzko informazioaren hedapena.
BIGARREN ATALA.–Udal antolaketa informaziorako.
7. artikulua. Herritarren Arretarako Zerbitzua.
8. artikulua. Udal hedabideak.
II. KAPITULUA.–Parte-hartze aktiboa.
LEHEN ATALA.–Parte-hartzeko eskubidea.
9. artikulua. Parte-hartzeko eskubidearen edukia.
III. KAPITULUA.–Parte-hartze aktiboaren antolamendua.
LEHEN ATALA.–Parte-hartzaile aktiboen erregistroa.
10. artikulua. Elkarteen erregistroa.
11. artikulua. Herritarren erregistroa.
BIGARREN ATALA.–Arloetako sektore kontseiluak.
12. artikulua. Arloetako sektore kontseiluen antolamendua.
HIRUGARREN ATALA.–Auzo/barrutietako kontseiluak.
13. artikulua. Auzo/barrutietako kontseiluen funtzioa.
LAUGARREN ATALA.–Aurrekontu parte-hartzaileak.
14. artikulua. Aurrekontu parte-hartzaileak.
15. artikulua. Planteamendu orokorra.
16. artikulua. Printzipio orokorrak.
17. artikulua. Parte hartzeko bideak.
18. artikulua. Hasiera.
19. artikulua. Publizitate aktiboa.
20. artikulua. Inbertsio proposamenak.
21. artikulua. Inbertsio proposamenen hasierako lehenespena.
22. artikulua. Inbertsio proposamenei buruzko txostenak.
23. artikulua. Inbertsio proposamenen lehenespen informatua.
24. artikulua. Inbertsio proposamenak onartzea.
25. artikulua. Informazioa.
BOSGARREN ATALA.–Herritarren parte-hartzea kudeaketarako metodologia gisa.
26. artikulua. Parte-hartzea erabakiak hartzean.
IV. KAPITULUA.–Xedapen gehigarriak.
Zioen azalpena
Udal gobernuak behar bezala funtziona dezan, beharrezkoa da, zalantzarik gabe, erakundeek interes orokorraren alde egitea, herritarren beharrei eta eskaerei erantzunez.
Era berean, lurralde bateko espazio instituzionala osatzen duten administrazio guztiek ezagutu behar dituzte herritarren eskaerak eta beharrak, beren eskumeneko esparrutik erantzun ahal izateko eta, halaber, herritarren aurrean erantzuteko beren ekintza eta erabakiengatik.
Lizarrako Udalak, uste horiekin bat, herritarrek parte hartzeko hainbat ekimen eta politika garatzeari ekin dio; izan ere, badaki herritarrak udal kudeaketan inplikatzeak zer esan nahi duen: demokrazia handiagoa eta gobernagarritasun eredu berri bat.
Parte hartzeko tresna ugari jarri dira abian hirian, gero eta parte-hartze handiagoa egon dadin: buzoiak eta taulak, herritarrek beren kezkak eta iradokizunak helarazteko Udalari; auzolanak, askotariko ekintzak denen artean gauzatzeko; entzunaldi publikoak; aurrekontu parte-hartzaileetarako botazioak; Auzo Kontseiluak; zenbait kontseilu sektorial, hala nola euskararena... Elementu horien guztien bidez sare bat osatu da, herritarren parte-hartzea estrategikoa eta metodologikoa bihur dadin Lizarrako gobernuan.
Planteamendu horrek honako hau du xede: udal gaiak herritarren eta erakundeen artean kudea daitezela lortzea, Lizarrako herritarren inplikazioa oinarri hartuta, maila indibidualean nahiz kolektiboan.
Gure hiriko parte-hartze prozesuen kopurua areagotzeko asmoz, beharrezkoa da ordenantza hau egitea, herritarrek eskura izanen dituzten bide eta bitartekoak antolatu eta arautu ditzan, parte hartzeko eskubidea eraginkorragoa eta zuzenagoa izan dadin.
Bestetik, egia da ordenantza batek ez duela bere kabuz parte-hartzea sustatzen; hala ere, parte-hartzea sustatzea xede duten zenbait tresna arautzea lagungarria izaten ahal da eskubide hori ahalik eta baldintza onenetan gauza dadin.
Ordenantza hau estrategia zabalago baten oinarrizko dokumentua izanen da. Estrategia horren bidez, Lizarrako Udalak herritarren parte-hartzea garatzeko erabiliko dituen gidalerro politikoak sustatu eta eszenaratuko dira. Ordenantza Udalaren antolamenduan eragina izanen duen eta hirian ezarri nahi den parte-hartze eredua definitzeko tresna gisa erabiliko den plan baten abiapuntua izanen da. Horretarako, parte-hartzea sistematikoa eta benetakoa izan dadila lortzeko mekanismoak eta metodologia emanen dizkio.
Argi utzi behar da parte-hartzea herritar guztien eskubidea dela, eta administrazioek hori sustatu eta bermatu behar dutela. Bestetik, ez da parte-hartzetzat jotzen besterik gabe informazioa jasotzea edo jarduketa jakin batzuei buruzko iritzia eskatzea: kontua da gure hiriaren sistema demokratikoan sakonduko duen tresna bat lortzea eta ezartzea. Ez da, halaber, gobernatzaileek Lizarrako herritarrei egiten dieten lagapen bat, demokraziaren oinarrizko eskubideetako bat baizik.
Hori horrela, planteamendu hau abian jartzeko beharrezkoak dira borondatea eta pertsonekin –ez soilik pertsonentzat– gobernatzeko bide emanen duen posizionamendu politiko argia; herriarekin eta herriarentzat gobernatu behar da.
Lizarrako parte-hartzea arautuko duen oinarrizko dokumentu hau edukita ere, kontzeptu hori elementu dinamiko gisa ikusi behar dugu; etengabeko bilakaera izan behar du, dagokion aplikazio esparruaren beharretara egokitzeko. Informazioa jasotzeko eskubidea da prozesuaren abiapuntua, eta herritarrek erabakitzeko aukera izanen da azken fasea. Horrenbestez, honako hau funtsezkoa da: inplikazioaren eta Lizarrako Udalaren eta herritar guztien arteko kudeaketaren kulturaren alde lan egitea.
Beste alde batetik, oro har, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea indarrean sartu zenetik, erregelamendu ahalaz baliatzearekin lotutako esparruan, nahitaezkoa da zioen azalpenean edo xedapen orokorren atarikoan justifikatzea testuak lege horren 129. artikuluan zerrendatutako erregulazio onaren printzipioei men egiten diela:
–Beharra.
–Eraginkortasuna.
–Proportzionaltasuna.
–Segurtasun juridikoa.
–Gardentasuna.
–Efizientzia.
Beharraren eta eraginkortasunaren ikuspegitik, ordenantza honek interes orokorreko arrazoiei erantzuten die argi eta garbi; izan ere, herritarrei haien intereseko gaietarako ahotsa emateko prozedura arautuko duen esparru bat ezartzea da ordenantzaren asmoa, Lizarrako herritarren parte-hartzearen sustapena eta garapena behar adinako gardentasunez eta bizkortasunez egin daitezen, herritarrek gai publikoetan parte hartzeko duten eskubidea errealitate egiaztagarri bihur dadin. Aldi berean, ordenantza tresna erabilgarria izanen da udal arduradunentzat, eskubide horren erabilera berme juridikoekin antolatzeko.
Tresnaren egokitasunari dagokionez, Toki araubidearen oinarriak arautzen dituen Legearen (apirilaren 2ko 7/1985 Legea) atarikoan ezarritakoa hartu behar da aintzat; izan ere, Legearen 1. artikuluak honela definitzen du udalerria: Estatuaren lurralde-antolaketaren oinarrizko erakundea eta herritarrek herri-arazoetan esku hartzeko hurbileneko bidea. Kontuan hartzekoak dira, halaber, Legearen 69. eta 70.bis artikuluak; horien arabera, toki korporazioek ahalik eta informaziorik zabalena emanen dute beren jarduerei buruz eta herriko kontuetan herritar guztien partaidetza bultzatuko dute, eta udalek, arau organikoen bidez, tokiko bizitza publikoko gaietan auzotarrek benetako parte-hartzea izan dezaten egokitutako prozedurak eta organoak ezarri eta arautu behar dituzte.
Nafarroako Foru Komunitateari dagokionez, antzeko zerbait diote Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen (uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea) 6. eta 92. artikuluek.
Ezarritako arauen proportzionaltasunari dagokionez, bat dator, batetik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen (urriaren 1eko 39/2015 Legea) 129.3 artikuluarekin. Bestetik, Toki araubidearen oinarriak arautzen dituen Legeak (apirilaren 2ko 7/1985 Legea) eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legeak (uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea) herritarren parte-hartzeari jartzen dizkioten mugak errespetatzen ditu. Hain zuzen, azken bi lege horien arabera, tokiko erakundeek bere burua antolatzeko ahala baliatuz ezartzen dituzten parte hartzeko modu, bitarteko eta prozedurek ezin izanen dituzte murriztu ordezkaritza-organoei legez dagozkien erabakitzeko ahalmenak.
Segurtasun juridikoaren ikuspegitik, ordenantza honek herritarren parte-hartzerako zenbait mekanismo ezartzen ditu, bai informaziorako eskubidearen esparruan (udal bulegoetan eskuratzen ahal den dokumentazioa eskuratuta), bai herritarrengan eragina duten gaiei buruz erabakiak hartu aurretik egiten den kontsultaren esparruan. Hala ere, kasu batzuetan ezartzen du aukera hori herritarrek bakarrik izanen dutela, eta herritarrentzako arreta zerbitzu bat diseinatzen du, herritarren parte-hartzea behar bezala bidera dadin Udalaren zerbitzu guztietan.
Azkenik, ordenantza onartzeko prozesuak gardentasunaren printzipioa errespetatzen du; izan ere, interesa duten pertsona eta talde guztiei aukera ematen die ordenantza egiteko prozesuan parte hartzeko, eta ahalik eta eraginkortasun handiena bilatzen du, kasuan kasuko gaiei buruzko herritarren iritzia udal arloetara ahalik eta azkarren iristea ahalbidetzen duen sistema bat ezarriz. Horri esker, iritziok kontuan hartzen ahal dira gaian eskumena duten organoek erabakiak hartu aurretik eta espedienteak moteldu beharrik gabe.
Ez da aurreikusi, ordenantzaren helburua kontuan izanik, haren aplikazioak Udalaren aurrekontuan ondorio garrantzitsuak izanen dituenik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129.7. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Arauaren xedea.
Ordenantza honek honako hau du helburu: Lizarrako herritarren parte-hartzea sustatzea eta gauzatzea, gardentasuna eta tokiko demokraziaren kalitatea bermatuz. Zehazki, xede gisa du udal kudeaketarako parte-hartze eredu bat diseinatzea, helburu hauek betetzeko asmoz:
1. Udal kudeaketaren esparru guztiei buruzko informazio argi eta zehatza ematea Lizarrako herritarrei.
2. Herritarrek udal kudeaketan parte har dezatela lortzea, parte hartzeko kultura ezarriz gure hirian.
3. Parte hartzeko eskubideak barne hartzen dituen esparru eta mekanismoak definitu eta arautzea, eskubide hori Lizarran erabat gauzatu ahal izan dadin.
4. Sektore eta lurraldeen arabera parte hartzeko organo eta tresnen sare bat osatzea, herritarrek erabakiak hartzeko prozesuan parte hartzen dutela bermatzeko.
5. Gizarte zibila indartu dadila sustatzea, hiriko elkarteen sarea garatu eta sendotu dadila sustatuz eta balio jakin batzuk zabalduz: elkartasuna, besteekiko errespetua, erantzunkidetasuna eta gizarte kohesioa.
6. Herritarrek udal politika edo neurri jakin batzuk ezartzeari buruz duten iritzia udal ordezkariengana errazago iristeko mekanismoak artikulatu eta garatzea.
7. Jarduketa administratiboko zenbait prozedura definitzea, parte-hartzea ahalik eta eraginkorrena izan dadin parte-hartzea sustatzen den gaietan.
2. artikulua. Aplikazio eremua.
1. Ordenantza honetan ezarritako arauak pertsona fisiko edo juridiko guztien parte-hartzeari aplikatu zaizkio, baldin eta, hiriarekiko duten harremanagatik (dena delakoa), udal-organoek hartzen dituzten erabakien eta Udal Gobernuaren jarduketaren eraginpean badaude. Dena den, arau honetan ezarritako zenbait eskubidez baliatzeko, beharrezkoa izanen da udalerriko herritar izatea edo, taldeen kasuan, herritarren entitate izatea.
2. Lizarrako herritartzat joko dira hirian erroldatuta dauden pertsona guztiak.
3. Arau honetarako, herritarren entitate izateko beharrezkoa izanen da Herritarren Entitateen Udal Erregistroan izena ematea, III. kapituluaren (Parte-hartze aktiboaren antolamendua) Lehen Atalean (Parte-hartzaileen erregistroa) ezarritako prozeduren bidez.
I. KAPITULUA
Informazioa
LEHEN ATALA
Informazioa izateko eskubidea
3. artikulua. Artxibo eta erregistroetako datuetan sartzeko eskubidea.
Udaleko artxibo eta erregistroak informazio publikotzat hartzen dira, toki erakundeei aplikagarri zaien abenduaren 9ko 19/2013 Legean (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzkoa) eta Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko Foru Legean (ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legea) ezarritakotik ondorioztatzen ahal denez.
Hala, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen (urriaren 1eko 39/2015 Legea) 13.d artikuluan berariaz jasota dagoen moduan, herritar guztiek eskubidea dute informazioa ikusteko. Horretarako muga bakarrak abenduaren 9ko 19/2013 Legean (Gardentasunari, informazio publikoari eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzkoa) ezarritakoak dira.
4. artikulua. Abian diren prozedura orokorrei buruzko informaziorako eskubidea.
Lizarrako Udalak entzunaldia eginen die lantzen ari den gaiarekin lotura duten edo, besterik gabe, gaian interesa duten talde edo pertsonei.
Horretarako, taldeek eta herritarrek, oro har, entzunaldia eskatzen ahalko dute udaletxean, horretarako ezarritako mekanismoak erabiliz: posta elektronikoa, hitzordua eskatzea udaletxeko bulegoetan, telefonoa eta gaitu eta jakinarazten ahal diren gainerako bitartekoak. Kasu bakoitzean jasotako informazioa doakoa izanen da (baita formatu ez-digitalean badago ere), eta Udalak eskatutako informazioa eskuragarri edukiko ez balu, doako aholkularitza eman beharko dio eskatzaileari, hark hala eskatzen duenean, behar duen informazioa eskuratu ahal izan dezan.
Era berean, herritarrek eskubidea dute informazio eskaeraren erantzuna jasotzeko gehienez hilabeteko epean eta, hala eskatuz gero, eragiten dieten prozesu administratiboen izapidetze egoeraren berri izateko.
5. artikulua. Aurrekontuen egoera ezagutzeko eskubidea.
Pertsona guztiek dute Udalaren aurrekontu arruntaren izapidetze egoera eta exekuzio maila ezagutzeko eskubidea: Udalak aktiboki jakinaraziko du (zehatz, argi eta hiru hilez behin) aurrekontuen egoera; horretarako sare sozialak, webgunea eta espazio publikoetan jarritako Herritarren Parte Hartze Taulak erabiliko ditu. Taula horien artean, udaletxekoaz gain, Kiroldegian, Kultur Etxean, Liburutegian eta Musika Eskolan daudenak erabiliko dira. Horrez gain, publizitate aktiboa eginen da horretarako gaitzen ahal diren gainerako bitartekoetan.
6. artikulua. Udal jarduketa eta erabakiei buruzko informazioaren hedapena.
1. Udalak bere esku dituen bitarteko guztiak erabiliko ditu udal jardueraren informazioa helarazteko, eta informazio hori ahalik eta gehien zabalduko du hiri osoan. Gauzatzen diren herritarren parte-hartzerako ekintza eta prozesu guztiak jakinaraziko dira. Bereziki ezagutaraziko dira eskumeneko organoak onartutako hirigintza planak eta proiektu estrategikoak, jendaurreko informaziorako aldiak eta jardueren agenda.
2. Herritarrak informatuta egon daitezen, Lizarrako Udalaren osoko bilkuren deialdiak eta gai-zerrendak argitaratu eginen dira, nagusiki iragarki-taularen eta udal webgunearen bidez. Horrez gain, Udalak Udalbatzaren eta Tokiko Gobernu Batzordearen erabakien berri emanen du, webgunearen bidez, Udalaren Herritarren Parte Hartze Taulen eta horretarako jartzen ahal diren gainerako bitartekoen bidez.
BIGARREN ATALA
Udal antolaketa informaziorako
7. artikulua. Herritarren Arretarako Zerbitzua.
1. Herritarren Arretarako Zerbitzuak koordinatu eta sustatuko du Udalaren informazio politikoa, eta koherentzia emanen dio.
2. Zerbitzuak arreta emanen du aurrez aurre, telefono bidez edo informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrien bidez.
3. Zerbitzuak honako eginkizun hauek izanen ditu: informazio-eskaerak, kexak, iradokizunak eta proposamenak erregistratzea eta bideratzea; horrez gain, zerbitzuak kultur etxeetan edo auzo zentroetan pixkanaka ezartzeko lan eginen du, auzoetako zerbitzu deszentralizatu gisa. Hala, buzoiak ere jarriko dira, talde edo partikularrek eskaerak edo iradokizunak egin ditzaten Herritarren Arretarako Zerbitzutik kanpo ere, honako leku hauetan: Kiroldegia, Udaletxea, Kultur Etxea, Liburutegia, Musika Eskola. (Zerbitzu hau arduratuko da herritarrek egindako iradokizunak eremu bakoitzean biltzeaz, sailkatzeaz eta banatzeaz).
8. artikulua. Udal hedabideak.
Hauek dira udal hedabideak ordenantza honen ondoreetarako: sare sozialak, webgunea, aurreko puntuan zehaztutako espazio publikoetan jarritako Parte Hartze Taulak, posta elektronikoa, Udal Erregistroa eta erabilgarri jarri eta jakinarazten ahal diren gainerako bitartekoak. Dena den, parte hartzeko prozesu bakoitzean Udalak zer bitarteko erabiliko diren xedatu eta iragartzen ahalko du, baita herritarrek ekarpenak egiteko zein bitarteko onartuko dituen ere.
II. KAPITULUA
Parte-hartze aktiboa
LEHEN ATALA
Parte hartzeko eskubidea
9. artikulua. Parte-hartzeko eskubidearen edukia.
1. Pertsona guztiek dute banaka nahiz taldean udal eskumeneko gai publikoetan esku hartzeko eskubidea. Udalak bermatu beharko du parte-hartzea berdintasun baldintzetan egiten dela, horretarako neurri espezifikoak hartuz.
2. Honako eskubide hauek osatzen dute Udalaren gai publikoetan parte hartzeko eskubidea:
–Eskaerak egiteko eskubidea: pertsona natural edo juridiko guztiek egiten ahal dizkiote eskaerak Udal Gobernuari, banaka nahiz taldean, bat etorriz Konstituzioaren 29. artikuluarekin; horretarako, ordea, beren nortasuna adierazi behar dute: izen-abizenak, helbidea eta NAN zk. Hala, Udalak eskaeraren titularrari jakinaraziko dio eskaera jaso duela, gehienez hamar eguneko epean.
Dena den, eskaerak ez baditu baldintza horiek betetzen, interesdunari eskatuko zaio hamabost eguneko epean akatsa zuzentzeko edo beharrezko dokumentuak eransteko. Horrekin batera adieraziko zaio, hala egiten ez badu, eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela, Udalaren aldez aurreko ebazpen bidez.
–Ekimenerako eskubidea.
- Erabakiak hartzeko ekimena: Udal hauteskundeetan sufragio aktiboaren eskubidea baliatzen ahal duten herritarrek Udalaren eskumenen artean sartzen diren gaietan proposamenak egiteko herri ekimena erabiltzen ahalko dute, Udalbatzaren Araudi Organikoan ezarritakoarekin bat etorriz.
- Ekimenak udal hauteskundeetan sufragio aktiboaren eskubidea baliatzen ahal duten herritarren ehuneko hamarrek sinatuta egon beharko du, eta Udalbatzan eztabaidatu eta bozkatu beharko da; horretarako, Udalbatzako idazkari nagusiaren aldez aurreko legezkotasun txostena beharko da. Ekimenak Udalaren eskubide eta betebehar ekonomikoei eragiten badie, txostena Kontu Hartzailetzako titularrak eginen du. Horrez gain, ekimenaren eraginpeko jarduketa eremuari dagokion udal arloko zerbitzu teknikoen aldez aurreko txostena ere beharko da. Txostenak gehienez ere hogeita hamar eguneko epean eginen dira.
- Araugintzako herri ekimena: udal hauteskundeetan sufragio aktiboa duten herritarrek araugintzako herri ekimena baliatzen ahal dute, eta, horretarako, araugintzako proiektuak aurkeztu beharko dituzte udal eskumenetako gaien inguruan. Herri ekimenak bere eragina duen eremuko herritarren ehuneko hamarrek gutxienez sinatuta egon beharko du, eta aurreko puntuan adierazitako prozedurarekin bat izapidetu beharko da.
–Entzunaldi publikorako eskubidea: abiarazita dagoen prozesuren bati buruz eskaera, kexa, proposamena... izapidetzen duten kolektiboek gehienez ere hamar eguneko epean jaso beharko dute erantzuna. Pertsona fisikoak edo kolektiboak eskaera lantzen den osoko bilkuran edo batzordean bertan egon beharko du. Horretarako, atal honen “eskaerarako eskubidea” atalean ezarritako jarraibideak bete beharko dira.
–Herri kontsultarako eskubidea: Herri kontsultarako prozesuak Nafarroan toki esparruko herri kontsultak arautzen dituen urriaren 28ko 27/2002 Foru Legearekin bat izapidetuko dira. Udalak ahalik eta parte-hartze handiena sustatuko du prozesu horietan, egindako prozesuen emaitzak legitimatzeko.
–Osoko bilkura: osoko bilkuran gai bakoitza azaldu edo eztabaidatu ondoren parte hartuko dute, hitza eskatuta. Gonbidatutako edo bertaratutako pertsona eta kolektibo guztiek dute parte hartzeko aukera. Alkateak hitz egiteko aukera eman beharko die parte hartzaileei, eta, gainera, parte-hartzea bideratzeaz arduratu beharko du: txandak ematea, besteok hitz egiteko aukera eta iritziak errespetatzea eta prozesuaren martxa.
Horretaz gain, osoko bilkuran, herritarrek eta talde politikoek hirian eragina duten gai orokorrak azaldu eta haien inguruan eztabaidatzen ahal dute.
Pertsona guztiek dute ohiko osoko bilkuretan parte hartzeko eskubidea, baldintza hauekin bat:
a) Eztabaidatzen den gaiak lotura zuzena izan behar du gai zerrendako beste gai batekin edo batzuekin, eskaera eta galderen txandan izan ezik.
b) Gomendatzen da parte-hartzea alkateari idatziz eskatzea, saioa egin baino egun baliodun bat lehenago gutxienez, erantzun egokia ematea errazteko.
c) Eskatzaileak gehienez ere 10 minutu izanen ditu hitz egiteko, udal taldeen txandak amaitu ondoren.
–Batzordeetan esku hartzeko eskubidea: batzordeetan puntu bakoitza azaldu edo eztabaidatu ondoren. Gonbidatutako edo bertaratutako pertsona eta kolektibo guztiek dute parte hartzeko aukera. Bestalde, batzordeetan esku hartzean kontuan hartu behar da espedienteetako datu pertsonalen babesari buruzko araudia, batzordeetako parte hartzaileek espediente horiek eskuratzen ahal dituztelako. Horrela, batzorde batean dauden pertsona guztiek arau horrekiko konpromisoa hartu behar dute idatziz.
III. KAPITULUA
Parte-hartze aktiboaren antolamendua
LEHEN ATALA
Parte-hartzaile aktiboen erregistroa
10. artikulua. Elkarteen erregistroa.
1. Lizarrako Udalak erregistro bat osatuko du udal jardueran parte hartu eta ekarpenak egin nahi dituzten elkarteekin.
2. Erregistro horretan, irabazi asmorik gabeko elkarte guztiak inskribatzen ahal dira, baldin eta haien xedea hau bada: udalerriko herritarren interes orokorrak edo sektorialak defendatzea, sustatzea edo hobetzea.
3. Erregistroak honako hau du helburu: Udalak jakin ahal izatea udalerrian zenbat entitate dauden, zer helburu dituzten eta zer ordezkaritza duten; horrela, herritarren elkarteak bultzatzeko udal politika egokia bideratzen ahalko da. Bestalde, erregistroan inskribatutako elkarte horiek Udalaren jarduerari buruzko informazio guztia jasoko dute Udaletik: osoko bilkuraren eta batzorde bakoitzaren gai-zerrenda, aktak...
4. Erregistroan inskribatzeko eskaera udal bulegoetan aurkeztuko da, agiri hauek erantsita:
–Elkartearen eraketa-akta eta estatutuak.
–Nafarroako Gobernuko erregistroko inskripzioa.
–Zuzendaritza karguak dituzten pertsonen izenak.
–Egoitza soziala.
–Lan eremua.
11. artikulua. Herritarren erregistroa.
1. Lizarrako Udalak erregistro bat osatuko du udal jardueran parte hartu eta ekarpenak egin nahi dituzten herritarrekin.
2. Erregistro horretan, Lizarran erroldatuta dauden pertsona guztiak inskribatzen ahal dira, baldin eta haien xedea bada udalerriko herritarren interes orokorrak edo sektorialak defendatzea, sustatzea edo hobetzea. Bestalde, erregistroan inskribatutako pertsona horiek Udalaren jarduerari buruzko informazio guztia jasoko dute Udaletik: osoko bilkuraren eta batzorde bakoitzaren gai zerrenda, aktak... Udalak fitxategi bat sortuko du, Datuak Babesteko Agentzian inskribatzeko.
3. Erregistroan inskribatzeko eskaera udal bulegoetan aurkeztuko da, agiri hauek erantsita:
–Izen-deiturak.
–Helbidea.
–Interesatzen zaien arloa.
–Inskripzioarekiko adostasunaren klausula.
BIGARREN ATALA
Arloetako Sektore Kontseiluak
12. artikulua. Arloetako Sektore Kontseiluen antolamendua.
Toki araubideari buruzko araudian ezarritakoaren arabera, Sektore Kontseiluak herritarrek eta elkarteek udal gaietan parte hartzea bideratzeko tresnak dira, eta txosten eta proposamenak egiten ahal dituzte, kontseilu bakoitzari dagokion jarduera arloari buruzko udal ekimenei dagokienez.
1. Osoko bilkurari dagokio sektore kontseiluen kopurua, osaera eta antolamendua zehaztea, udal arloetako arduradunek proposatuta, eta saiatuko da udal arloen eskumen eremuarekin bat etortzen:
–Gizarte Ongizatea.
–Berdintasuna eta Emakumea.
–Hezkuntza.
–Industria.
–Kirolak.
–Gazteria.
–Ogasuna.
–Euskara.
–Kultura eta Jaiak.
–Herritarren Parte Hartzea.
–Langileak eta Zerbitzuak.
–Hirigintza.
–Merkataritza eta Turismoa.
2. Arloko Sektore Kontseiluak eginkizun hauek ditu:
a) Arloaren arazo espezifikoen berri ematea Udalari.
b) Sektorearen arazo zehatzenei irtenbide alternatiboak proposatzea; Udalak derrigorrean aztertu beharko ditu irtenbide horiek, eta osoko bilkuran ebatziko.
c) Dagokion kontseiluak egiten dituen proposamenei buruz Udalak hartzen dituen erabakiak nola betetzen diren jarraitzea.
d) Udalak sektorearen interesekoak izaten ahal diren gaien berri emanen dio Arloko Sektore Kontseiluari.
e) Dagokion sailaren jarduerei eta aurrekontuari buruzko informazio jasotzea.
f) Udal aurrekontuetan inbertsioak egiteko proposamenak egitea.
3. Honako hauek osatuko dituzte sektore kontseiluak:
–Presidentea: alkatea edo hark eskuordetzen duen pertsona, dagokion informazio batzordetik igaro ondoren. Presidenteak eguneko gai zerrenda zehazten du, bilkuren buru jarduten du eta erabakiak betetzen direla zaintzen du. Hala ere, herritar bat izaten ahal da presidentea, behin lehenengo bilkura egin ondoren.
–Idazkaria: dagokion arloaren ardura duen funtzionarioa; hitz egiteko eskubidea du, baina botoa emateko eskubiderik ez.
–Kontseiluetako kideak:
- Arlo bakoitzaren zentsua osatzen duten herritarren elkarte edo erakunde bakoitzeko ordezkari bat.
- Arlo zehatz batean lan egin nahi duten eta dagokion zentsuan inskribatu diren pertsonak.
- Pertsona fisikoa edo erakunde baten ordezkaria, landu beharreko gai zerrendarekin lotutako batzordearen presidenteak gonbidatutakoa.
4. Arloko Sektore Kontseilu bakoitzaren ondorioak publikoak izanen dira.
HIRUGARREN ATALA
Auzo/barrutietako kontseiluak
13. artikulua. Auzo/barrutietako kontseiluen funtzioa.
1. Lizarrako udalerrian auzo/barrutietako kontseiluak egonen dira, herritarren parte-hartzerako organo gisa eratuak.
2. Auzo/barrutietako kontseiluen jarduera oinarrizko helburu eta xede hauetan oinarritzen da (helburu eta xede horiek irizpide erregulatzaile gisa aplikatuko dira):
–Udal kudeaketa herritarrengana hurbiltzea.
–Ahalik eta herritar, elkarte eta kolektibo gehienek Udalaren jardueran parte hartzea ahalbidetzea, eta barruti edo auzoetako arazo zehatzetan ere bai, auzo/barrutietako kontseiluen bitartez.
–Auzo bakoitzaren jarduera eta erabakiei buruzko informazio zabala eman eta publizitatea egitea.
–Herritarren eskubide eta betebeharren eraginkortasuna bermatzea.
–Elkarteak sustatzea.
3. Hasiera batean, udal kudeaketa hobetzeko beharrezkotzat jotzen diren auzo/barrutietako kontseiluak eratu eta jardunean hasiko dira, eta gero, kontseilu gehiago eratzen ahalko dira, udalerriaren biztanleriaren hazkundea eta beharrizanak kontuan hartuta.
1. auzo/barrutiko kontseilua.
- Merkatondoa.
- Rocamador.
- Zalatanbor.
- Frai Diego.
- San Pedro auzoa.
2. auzo/barrutiko kontseilua.
- Noveleta.
- Merced.
- San Migel auzoa.
- Lizarra auzoa.
- Alde Zaharra.
- Puy/Las Lomas.
3. auzo/barrutiko kontseilua.
- Belastegi.
- Zaldu/Ospitaleen aldea.
- Deierri etorbidea.
- B sektorea.
4. auzo/barrutiko kontseilua.
- Erdigunea: Sorkunde Garbiaren pasealekua, Foruen plaza, Santiago plaza, Koroatze plaza.
4. Toki araubideari buruz indarrean dagoen legeriak ezarritakoarekin bat, auzo/barrutietako kontseiluen eskumenak hauek dira:
–Udalari auzoaren beharrizanen egoeraren berri ematea urtero, zuzenean edo Auzo/Barrutiko Batzarraren bidez. Egoera horretan lehentasunak adierazi beharko dira, geroago udal aurrekontuan sar daitezen.
–Udalaren gobernu organoei auzoko udal zerbitzuen funtzionamenduaren berri ematea, auzo/barrutietako kontseiluen bidez.
–Lan batzordeak sortzea, auzo bakoitzean sortzen ahal diren beharrizan espezifikoak kontuan hartuta.
–Barrutiko batzorde bat sortzea, auzo bakoitzean sortzen ahal diren ekimenak Udalarekin batera kudeatzeko. Batzorde horretan, auzo bakoitzeko ordezkari bat egon behar da.
5. Auzo/barrutiko kontseiluaren osaera hau izanen da:
–Alkatea, edo hark eskuordetzen duen zinegotzia. Eginkizun hauek izanen ditu:
- Kontseilura bertaratzen direnen zalantzak argitzea.
- Udalaren ordezkaria izatea auzo/barrutiko kontseiluan.
- Indarrean diren legeak eta Udalbatzaren erabakiak betetzen direla zaintzea.
–Udalaren Herritarren Partaidetzarako Batzordearen presidentea. Eginkizun hauek izanen ditu:
- Gai zerrenda prestatzea.
- Bilkuraren garapen onaz arduratzea eta moderatzailea izatea: hitz egiteko txandak, txanden iraupena...
- Udal aurrekontuetarako proposamenak helaraztea, horretarako dauden legezko bideak erabilita.
- Auzo/barrutiko kontseiluaren akten kopiak eta kontseiluaren jarduerari buruzko agiriak Udalari bidaltzea.
–Hirigintzako zinegotzia.
- Kontseilura bertaratzen direnen zalantzak argitzea.
–Auzoko elkarteen eta herritarren ordezkariak.
6. Bertaratzea.
–Kontseiluaren jardun eremuan bizi den eta 16 urteak beteta dituen edonor joaten ahal da kontseilura.
–Talde politiko guztien udal ordezkariak.
7. Deialdien maiztasuna.
–Gutxienez bi bilkura urtean.
–Herritarrek bizi diren ingurunearen beharrizanak jakinarazteko eta udal aurrekontuan eragin izateko.
–Herritarrek informazioa jaso dezaten proposamenen gauzatze mailari buruz.
–Auzoan eragina duen gai garrantzitsuren bat dagoen guztietan, auzo/barrutiko kontseiluaren bilerarako deialdia eginen da.
8. Deialdiaren titularra.
–Auzo/barrutiko kontseiluaren deialdia udalak edo herritarrek egin dezakete behin kontseilua eratu ondoren.
–Herritarrek egiten badute deialdia, gutxieneko eskatzaile-kopuru bat egon beharko da (kasu bakoitzerako ezarriko da kopurua).
–Auzo/barrutiko kontseiluaren deialdia ezarritako data baino hirurogeita hamabi ordu lehenago gutxienez eginen da; deialdian eguneko gai zerrenda egon beharko da, derrigorrean.
9. Kontseiluak erabakiak hartzea.
Erabakiak adostasunez hartuko dira. Adostasunik ez badago, bozketa eginen da, eta gehiengo soila nahikoa izanen da erabakiak ontzat emateko.
Auzo kontseiluetan hartzen diren erabakiak Udalaren arloetan garatuko dira, baldin eta legeak betetzen badira, baldintza teknikoak badaude eta bideragarritasun ekonomikoak ahalbidetzen badu.
Herritarrek asanbladan onetsitako proposamenen bat garatzeko aukerarik ez badago, Udalak horren berri eman beharko du, atal honetako aurreko puntuan azaldutako irizpideei jarraituta.
Udal eskumenetatik kanpoko gaietan, proposamenak bat badatoz aurreko puntuko betekizunekin, Udalak, bere organo eskudunen bitartez, eskumena duen administrazioari edo organoari helaraziko dizkio, dagokion erantzuna jasotzeko.
Kontseiluek hartutako erabakiak jasotzen dituzten aktak publiko eginen dira, Udalak eskura dituen baliabideen bitartez: Udalaren webgunea, Herritarren Parte Hartze Taulak...
10. Sektore kontseiluekiko erlazioa.
Auzo/barruti bakoitzeko ordezkariek arlo bakoitzean garatu beharreko ekimenen sektore kontseiluan egon beharko dute, batez ere Hirigintza eta Zerbitzuetan.
LAUGARREN ATALA
Aurrekontu parte-hartzaileak
14. artikulua. Aurrekontu parte-hartzaileak.
1. Lizarrako Udalak herritarren parte-hartzea sustatuko du urteko aurrekontuak prestatzean, haietan hirirako ezarritako helburuak ahalik eta pertsona gehienen artean adosteko. Horretarako, partida bat prestatuko da eta herritarrek erabakiko dute, bozketa bidez, zertarako erabiliko den partida hori.
Lizarrako Udalak, Herritarren Partaidetzarako Batzordearen bidez, herritarrek parte hartzeko prozesu bat eginen du, herritarrek Udalaren politikan parte hartzeko aukera izan dezaten eta hiria hobetzeko ekimenak gara ditzaten. Helburu horretarako ezarri diren jarraibideekin bat, Lizarrako herritarrek erabakitzen ahalko dute zertan inbertitu behar den gobernu taldeak prestatutako urteko aurrekontua.
Lizarran erroldatuta dauden eta 16 urteak beteta dituzten herritar guztiek hartzen ahal dute parte.
Aurrekontu parte-hartzaileek aurretik udal aurrekontuetan esleitutako partida bat izanen dute.
Aurretiazko informazio epe bat egonen da, herritarrek garatu beharreko proiektuak aurkez ditzaten.
Proposamenak 15 egunez jarriko dira jendaurrean, Herritarren Parte Hartze Tauletan eta Udalaren eskura dauden beste baliabide batzuetan. Udalaren teknikariek osatutako batzorde tekniko bat eratuko da, proposamenen jarraipena egin dezan. Batzordearen eginkizunak hauek izanen dira:
1.–Ezarritako aurrekontua gainditzen ez dutela egiaztatzea.
2.–Proiektuak legeak betetzen dituela eta oinarrizko eskubideak urratzen ez dituela egiaztatzea.
3.–Proiektua teknikoki bideragarria dela eta gauzatzen ahal dela egiaztatzea. Horrez gain, aurretik aipatutako arrazoiak direla-eta proposamenen bat baztertuko balitz, eskatzaileari zuzenean jakinaraziko litzaioke, proposamena baztertzea eragin duten arrazoiak azalduta.
Gauzatu beharreko proiektuak bozkatzeko, beren-beregi jarritako hautestontzietan (inola ere ez Interneten bidez) eman beharko dute botoa.
Bozketan aukeratutako proiektua proposatu duen pertsona Herritarren Partaidetzarako Batzordearen bileretara joaten ahalko da, proposamenaren jarraipena egiteko: burutzapen maila, epeak...
Botoen zenbaketa publikoa izanen da, eta Lizarrako herritar guztiak bertaratzen ahal dira, hala eskatzen badute. Udal taldeetako ordezkariak ere bertan egoten ahalko dira.
Prozesu osoan eman beharreko urratsen berri emanen du Udalak, eskura dituen baliabideak erabiliz.
2. Herritarren parte-hartzerako aurrekontuen partidak arloetako inbertsioak ere jasoko ditu.
15. artikulua. Planteamendu orokorra.
1. Aurrekontu parte-hartzailea Lizarrako Udalaren parte-hartze eta kudeaketarako mekanismo bat da, herritar guztiek aukera izan dezaten hiriaren aurrekontu orokorretan inbertitzen den dirua zertarako erabili behar den erabakitzeko eta proposamenak egiteko.
2. Aurrekontu parte-hartzaileen helburu orokorra da herritarrek zuzenean parte hartzea aurrekontuen prestaketan eta kudeaketan, herritarren beharrizanak eta eskaerak aurrekontuetan islatzen direla ahalbidetzeko.
16. artikulua. Printzipio orokorrak.
1. Unibertsaltasuna. Lizarrako herritar guztiek parte hartzen ahal dute aurrekontu parte-hartzaileen elaborazioan. Lizarran erroldatutako edozein pertsonak (gutxieneko adina badu) parte hartu, proposatu eta bozkatzen ahal du sektore kontseiluetan.
2. Parte-hartzaileak. 16 urteak beteta dituzten Lizarrako herritar guztiek hartzen ahal dute parte sektore kontseiluetan, Gazteriaren Sektore Kontseiluan izan ezik (nahikoa da 14 urte beteta izatea). Halaber, Gazteria Batzordea gazteen artean parte-hartzea sustatzeaz arduratuko da, Herritarren Partaidetzarako Batzordearekin koordinatuta.
17. artikulua. Parte hartzeko bideak.
Herritarrek aurrekontu partidaren esleipenean hartuko dute parte, auzoetako sektore kontseiluen eta arloetako sektore kontseiluen bidez.
18. artikulua. Hasiera.
Alegazioak aurkeztea oztopatu gabe, herritarren parte-hartzea aurrekontua onetsi ondoren hasiko da, osoko bilkurak hala erabakita, eta, behar denean, aurreko aurrekontuaren prozesu parte-hartzailearen ebaluazioarekin eta ordenantza hau aldatzeko proposamenarekin batera.
19. artikulua. Publizitate aktiboa.
Udalak aurrekontuari buruzko informazioa emanen du, hain zuzen ere, nola gauzatzen ari den eta herritarrek zer bide duten parte hartzeko.
20. artikulua. Inbertsio proposamenak.
1. Lehenengo fasean, herritarrek inbertsio proposamenak egin eta defendatuko dituzte, beren izenean edo herritarren parte-hartzerako elkarteen bidez, deitzen zaien sektore kontseiluetan.
2. Kontseilu horietan parte hartzen duten zinegotziek ere proposamenak egin eta defendatzen ahal dituzte, Udalaren edo beren udal taldearen izenean.
3. Inbertsio proposamenek proiektuaren deskribapena, esleitutako aurrekontuaren zenbatekoa eta proposamena egin duen pertsona edo elkartearen identifikazioa jaso behar dituzte.
21. artikulua. Inbertsio proposamenen hasierako lehenespena.
1. Proposamenak aurkeztu eta defendatu ondoren, sektore kontseiluak bozkatuko du, inbertsio proposamenen artean lehentasunak ezartzeko.
2. Sektore kontseiluak bere arloan lehenetsitako inbertsio proposamenak bidaliko dizkio partaidetza batzordeari, bozketaren aktarekin batera.
22. artikulua. Inbertsio proposamenei buruzko txostenak.
1. Partaidetza batzordeak nahitaez jaso beharko ditu Udaletik lehenetsitako proposamenei buruzko txosten teknikoak, ekonomikoak eta bideragarritasun txostenak. Sektore kontseilu bakoitzak bidalitako proposamen nagusia behintzat ebaluatu beharko du.
2. Txosten horiek publikoak dira, eta sektore kontseiluei ere bidaliko zaizkie.
23. artikulua. Inbertsio proposamenen lehenespen informatua.
1. Proposamenei buruzko informazioa jaso eta eztabaidatu ondoren, partaidetza batzordeak bozkatuko du inbertsio proposamenen artean lehentasunak ezartzeko.
2. Partaidetza batzordeak esleitutako aurrekontu partidan sartzen diren lehenengo inbertsio proposamenak bidaliko dizkio osoko bilkurari, onets ditzan. Proposamen horiekin batera, txosten teknikoak, ekonomikoak, bideragarritasun txostenak eta bozketaren akta bidali beharko dizkio.
24. artikulua. Inbertsio proposamenak onartzea.
Esleitutako aurrekontu partidaren inbertsio proposamenak onartzea Udalaren osoko bilkurari dagokio.
25. artikulua. Informazioa.
Onetsitako aurrekontuaren publizitate aktiboa eginen du Udalak, sektore kontseiluen eta ezartzen diren beste baliabide batzuen bitartez.
BOSGARREN ATALA
Herritarren parte-hartzea kudeaketarako metodologia gisa
26. artikulua. Parte-hartzea erabakiak hartzean.
1. Lizarrako Udalak hiriko edo auzo bakoitzeko herritarren parte-hartzea sustatuko du, baldin eta udal erabakiek interes berezia sortzen badute dagokion etorkizuneko jardun eremuan. Erabaki multzo horretan udal ordenantzak ere sartzen dira. Betiere bere eskumenen eremuan.
Sektore batzordeak, Herritarren Partaidetzarako Batzordearekin koordinatuta, bere eskumenen barruan, asanblada monografiko eta espezifikoetarako deialdia eginen du, eztabaidatuko den gaiari buruzko informazioa emateko eta herritarren iritziak jasotzeko.
Parte-hartzea ahalik eta handiena izateko, Lizarrako Udalak, aldez aurretik, irekitako parte-hartzeko bideei buruzko informazioa emanen die herritarrei. Gainera, eztabaidatu beharreko gaiari buruzko txosten teknikoak jendaurrean jarriko dira, herritarrek iritzi bat edo beste izatea errazteko.
Asanbladaren jarrera argirik ez badago, Herritarren Partaidetzarako Batzordearen bidez, Udalak herritarren kontsultarako deialdia egiten ahalko du, eraginpeko pertsonen jarrera argitzen laguntzeko.
Kontsulta horretan, Lizarran erroldatuta dauden eta 16 urte beteta dituzten pertsona guztiek hartzen ahal dute parte.
Hartu beharreko erabakiak eremu zehatz bati eragiten badio, parte hartzeko eskubidea duten pertsonak eremu zehatz horretako biztanleak izanen dira.
2. Edozein ordenantza edo proiekturen kontsulta publikorako erabiltzen diren bide zuzenez gain, herritarrek Udalaren webguneari atxikitako Gardentasunaren Atariaren bidez jarraitzen ahalko dute prozesua, horrela egitea oztopatzen duten legezko arrazoirik ez badago: aurrekontu arauak, antolakuntzako arauak... Parte hartzeko tresna horrek helburu hauek ditu:
–Lizarrako herritarrek espazio bat izanen dute beren proposamen eta ekarpenak egiteko.
–Udalak eztabaidarako behar den informazioa espazio digital horretan jarriko du.
IV. KAPITULUA
Xedapen gehigarriak
Lehenengo xedapen gehigarria.–Lizarrako Udalak udal kudeaketaren gardentasuna eta arintasuna bermatzen duten esku-hartzeak sustatuko ditu; horrela, herritarren ekimenak eta proposamenak kudeatu eta gauzatu eta hirian elkarte autonomoak sustatzen ahalko dira.
Bigarren xedapen gehigarria.–Lizarrako Udalak topaketa eta hitzaldietan antolatutako gizarte zibila eta herritarren kolektiboak sustatuko ditu eta haiekin parte hartuko du; topaketa eta hitzaldi horiek gure hiriaren funtzionamendu orokorra eta parte-hartzea hobetu nahi duten printzipioen alde egin beharko dute.
Era berean, Lizarrako Udalak topaketa eta hitzaldi horietatik sortzen ahal diren ekimenak garatzeko konpromisoa hartzen du, baldin eta denon ongizatea eta begirunea bermatzen bada eta udal zerbitzuen txostenak aldekoak badira.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean jarriko da indarrean, Estatuko edo Foru Komunitateko administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko eskatzeko duten eskumena erabiltzeko epea amaituta.
Iragarkiaren kodea: L1802043
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
