Iragarkia
74. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 18a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
221E/2018 EBAZPENA, martxoaren 23koa, Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita diru-laguntzen deialdi bat, 2018koa, lehiakortasuna hobetzen laguntzeko Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatutako turismoko enpresa txiki eta ertainei.
Begi bistakoa da turismoaren instalazioak eta azpiegiturak egungo bezeroaren beharretara eta gustuetara egokitzeak eta modernizatzeak laguntzen dutela sektoreak, eta, hortaz, destinoak, lehiarako duen gaitasuna hobetzen.
Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak bultzatu ohi du sektorean inbertsioak egin daitezela, helburu izanik turismo arloko azpiegiturak modernizatzea, Nafarroaren irudiarekin bat datozen kalitate maila izateko, kalitate maila ezin hobeak alegia.
2018-2025eko Turismoko Plan Estrategikoan ezarritako helburu estrategikoetako bat da jarduketa hau, hain zuzen ere III. programaren barnean ezarritakoa (“Enpresa-sarea indartzea, eta turismoaren kalitatea, jasangarritasuna eta irisgarritasuna hobetzea”), zehazki 3.08 neurrian (“Nafarroa, turismo gune irisgarria”) eta 3.09 neurrian (“Nafarroako sistema turistikoan jasangarritasun eredugarriko neurriak babestea”).
Ekimenaren helburua da irisgarritasunaren hobekuntza bultzatzea turismo guneetarako eta turismoko establezimenduetarako, eskaintzaren xede diren kolektiboek behar dituzten baldintzetara moldatuz, irizpide orokorrak txertatuz turismo guneen irisgarritasun fisikorako, era guztietako kolektiboentzat, oztopo arkitektoniko eta urbanistikoak ezabatuz, bereziki turista gehien hartzen dituzten guneetan, erraztasunak emanez baldintza orokorrak ezar daitezen gune horiek erabiltzeko eta gozatzeko mugarik gabe, eta, gainera, jasangarritasun ahalik handienaren printzipioa aplikatuz arlo honetako jarduketetan.
Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzek norgehiagokako araubidea betetzen dute, eta, hortaz, kasuan kasuko baremoaren aplikazioak zehaztuko du diru-laguntzak emateko hurrenkera.
Horrenbestez, Garapen Ekonomikorako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urtarrilaren 11ko 1/2017 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Diru-laguntzen deialdi bat, 2018koa, onestea, lehiakortasuna hobetzen laguntzeko Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatutako turismoko enpresa txiki eta ertainei.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.
3. 325.000 euroko gastua baimentzea diru-laguntzen deialdi honen ondoriozko konpromisoak betetzeko.
4. Gastu hori Nafarroako 2018ko Aurrekontu Orokorretako 830001 83130 7709 432100 partidaren kargura finantzatuko da (Turismoko ETEetarako diru-laguntzak. Lehiakortasuna hobetzea).
5. Ebazpen hau eta dagokion eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Adieraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2018ko martxoaren 23an.–Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusia. Haren ordez (Garapen Ekonomikorako kontseilariaren azaroaren 19ko 95/2015 Foru Agindua), Herri Lanetako zuzendari nagusia, Ignacio María Nagore Laín.
ERANSKINA
Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatutako turismoko enpresa txiki eta ertainek lehiakortasuna hobetzeko diru-laguntzen 2018ko deialdia. Oinarri arautzaileak
1. Xedea.
Oinarri arautzaile hauen xedea da Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatutako turismoko enpresa txiki eta ertainentzako diru-laguntzak arautzea. Aipatutako diru-laguntzak dira ETE horiek inbertsioak egiteko, establezimendu turistikoak hobetzeko eta berritzeko, baita Nafarroako enpresa aktiboko eta/edo kulturaleko enpresen ekipamendua hobetzeko eta berritzeko ere.
Deialdi honen xedea da turismoko azpiegituren kalitatea mantendu, sendotu eta hobetzea, turismoaren sektorea indatzearren eta lehiakorragoa izatearren, horrela Nafarroak destino gisa duen irudi orokorra hobetzen laguntzeko.
2. Enpresa onuradunak eta haien izaeraren frogabidea.
Turismoko enpresa txiki eta ertainek (aurrerantzean turismoko ETEak) eskuratzen ahalko dituzte deialdi honetan azaltzen diren diru-laguntzak, baldin eta, diru-laguntzarako eskaera aurkeztu baino lehen, Nafarroako Turismo Erregistroan inskribaturik agertzen badira, inbertsio proiektua eginen den establezimendu turistikoaren edo turismo aktiboko eta/edo kulturaleko enpresaren titular gisa.
ETE bat zer den argitu behar izanez gero, kontuan hartuko da Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritakoa mikroenpresen, enpresa txikien eta enpresa ertainen definizioari buruz.
Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak, eskaerak aurkezteko epea bukaturik eta Turismoaren Antolamenduaren, Prestakuntzaren eta Kalitatearen Atalarekin batera, ofizioz egiaztatuko du ezen establezimendu turistikoen edo turismo aktiboko eta/edo kulturaleko enpresen titular direla, eta, gainera, Nafarroako Turismo Erregistroan behar bezala inskribaturik daudela. Aipatu atalak aldeko txostena egiten ez badu bi baldintza horiek betetzeari buruz, ezetsi eginen da diru-laguntzaren eskaera.
3. Establezimendu turistikoen eta turismo aktiboko eta/edo kulturaleko enpresen baldintza berariazkoak.
1. Turismoko ETEen eskaerak onartuko dira baldin ondoko establezimendu turistikoen eta turismo aktiboko eta/edo kulturaleko enpresen titular badira eta baldintza berariazko hauek betetzen badituzte:
a) Ekonomia-jardueren gaineko zergaren 68. multzoaren (Ostatu zerbitzua –681. taldetik 687.era, biak barne–) epigraferen batean alta emanik dauden eta Nafarroako Turismo Erregistroan ondotik ematen diren modalitateen barrenean inskribaturik dauden ostatu establezimenduak:
–Ostalaritzako establezimenduak arautzen dituen abenduaren 26ko 146/2005 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat inskribatutako hotel-establezimenduak. Ostatu-etxeen kasuan, hostalaren edo hotelaren kategoriara igotzea dakarten proiektuak bakarrik onartuko dira.
–Landetxeak eta apartamentu turistikoak, betiere honako arau hauekin bat inskribatutakoak: Landetxeetan ostatatzea arautzen duen ekainaren 28ko 243/1999 Foru Dekretua eta Turismo apartamentuak arautzen dituen urriaren 16ko 230/2011 Foru Dekretua.
–Martxoaren 30eko 24/2009 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat inskribatutako kanpaleku turistikoak.
–Aterpetxe turistikoak arautzen dituen abenduaren 5eko 140/2005 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat inskribatutako aterpetxe turistikoak.
b) Ekonomia-jardueren gaineko zergaren 67. multzoaren (Elikadura zerbitzua) epigrafean, 671. taldearen barnean (Jatetxeetako zerbitzuak) dauden jatetxe establezimenduak, Nafarroako Turismo Erregistroan inskribaturik daudenak Jatetxeak eta kafetegiak antolatzen dituen abuztuaren 28ko 56/2013 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat.
Jatetxe establezimenduek karta hiru hizkuntzatan izanen dute gutxienez, eta, gainera, web-orria ere gutxienez ere hiru hizkuntzatara itzulia egonen da.
Salbuetsita daude industria edo zerbitzu poligonoetan kokatzen diren establezimenduak.
c) Nafarroako Turismo Erregistroan inskribaturiko turismo aktibo eta/edo kulturaleko enpresak, jarduera onesten duen abuztuaren 23ko 288/2004 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat.
2. Inbertsio-proiektua egiten duen establezimendu turistikoak eta turismo aktibo eta/edo kulturaleko enpresak 2016ko urtarrilaren 1a baino lehenago egon behar du inskribaturik Nafarroako Turismo Erregistroan.
3. Enpresa eskatzaileak frogatu beharko du turismo jarduera mantendu dela 2016ko urtarrilaren 1etik eskaera aurkeztu den eguna arte. Aldi horretan titulartasuna aldatzen bada, titularra aldatzen denetik aurrera bete beharko da baldintza hori.
Kasu horretan, deialdia kudeatzen duen organoak ofizioz egiaztatuko du, Turismoaren Antolamenduaren, Prestakuntzaren eta Kalitatearen Atalarekin, enpresa eskatzaileak jarduera turistikoari eutsi diola gelditzen den aldian.
4. Enpresa eskatzaileak bere web-orria izan behar du, eguneraturik, eta posta elektronikoa jardunean. Enpresa talde batekoa bada enpresa, ulertuko da baldintza hori beteta dagoela baldin haren taldeak korporazio web bat badu.
5. Instalazioetan gabeziak konpontzeko dituzten establezimendu turistikoen eskaerei ezetz esanen zaie baldin Turismoaren Antolamenduaren, Prestakuntzaren eta Kalitatearen Atalak hori jakinarazi badie eta zuzenketak egiteko epea igaro bada enpresak behar den konponketa egin gabe. Deialdia kudeatzen duen organoak ofizioz egiaztatuko du hori, aipatutako atalarekin batera.
6. Edonola ere, diru-laguntzak justifikatzeko epearen amaieran, inbertsio-proiektua egiten duten establezimendu turistikoak aplikatzen zaien araudira egokituko dira (aurretik egokitu ez badira), eta gutxienez honako kategoria hauek eskuratu beharko dituzte:
–Hotel-establezimenduak: hostalaren kategoria, gutxienez.
–Landetxeak: 3 izarreko kategoria, gutxienez.
–Jatetxeak: bi sardexkako kategoria, gutxienez.
–Gainerako establezimenduak: duten kategoria.
7. Jarduketak barneko edo kanpoko obra aurreikusten badu, enpresak kasuan kasuko obra lizentzia eduki beharko du eskaera aurkeztean, edo, bestela, lizentziarik ez duela behar dioen udal ziurtagiria, edo behar den toki entitatearena. Lizentzia edo ziurtagiri hori, kasu guztietan, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurrekoa izanen da.
8. Etxebizitza partikularrak ukitzen dituzten proiektuen kasuan, eskaerak argi bereiziko ditu establezimendu turistikoari dagokion zatia, eta, betiere, diruz lagunduko da, bakar-bakarrik, jarduera turistikorako erabiltzen diren inbertsioen zati proportzionala, ostatatze turistikoarekin zuzeneko eta zalantzarik gabeko lotura duena.
9. Baldin bi inbertsio-proiektu edo gehiago egiteko eskaera egiten badu enpresa berberak, lehen aipatutako irizpideak beteta, honako hau hartuko da kontuan:
a) Eraikin edo instalazio berean badaude, establezimendu zaharreneko datuak hartuko dira kontuan baremorako, baina gehieneko aurrekontu bat onartuko da bakar bat balitz bezala, 5.2.e) oinarrian ezarritako gehieneko inbertsio diruz lagungarriaren mugaren barrenean.
b) Guztiz bereizita dauden eraikin edo instalazioetako establezimenduak badira, eskaera bat onartuko da establezimendu bakoitzeko.
10. Abuztuaren 28ko 56/2013 Foru Dekretuaren arabera (haren bidez onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko jatetxe eta kafetegien antolamenduari buruzko Erregelamendua) Nafarroako Turismo Erregistroan jatetxe gisa inskribatu diren establezimendu turistikoen jantokien kasuan, erregistro horretan jatorrizko establezimenduak duen antzinatasuna hartuko da kontuan.
4. Aurrekontu zuzkidura.
Deialdi honen gastu konpromisoei erantzuteko baimendutako kreditua 325.000 eurokoa da, honela zehaztuta, establezimendu turistiko diruz lagungarriaren arabera:
ESTABLEZIMENDU TURISTIKO MOTA | % | GUZTIRA |
Hotel-establezimenduak | 38 | 123.500 |
Landetxeak eta apartamentu turistikoak | 22 | 71.500 |
Kanpaleku turistikoak | 20 | 65.000 |
Aterpetxeak | 8 | 26.000 |
Turismo aktibo eta/edo kulturaleko enpresak | 6 | 19.500 |
Jatetxeak | 6 | 19.500 |
GUZTIRA | 100 | 325.000 |
Baldin, espedienteak berrikusi eta espediente bakoitzari dagokion diru-laguntzaren kalkulua egin ondoren, kreditu gerakinik badago aipatutako establezimendu motetarako, zenbateko horiek ordena honi jarraituz banatuko dira:
–Landetxeen eta apartamentu turistikoen, kanpaleku turistikoen, aterpetxeen, turismo aktibo eta/edo kulturaleko enpresen edo jatetxeen ataletako gerakinak hotel-establezimendura igaroko dira lehenbizi.
–Hotel-establezimenduen ataleko gerakinak landetxeen eta apartamentu turistikoen atalera igaroko dira lehenbizi, eta, atal horretan beharrezkoak ez badira, kanpaleku turistikoenera, aterpetxeenera, turismo aktibo eta/edo kulturaleko enpresenetara eta jatetxeenetara, hurrenkera horretan.
5. Jarduketa diruz lagungarriak egiteko epea, diru-laguntzaren zenbatekoa eta diruz lagungarriak diren jarduketak eta inbertsioak.
1. Jarduketa diruz lagungarriak egiteko epea.
2017ko azaroaren 16tik 2018ko azaroaren 15a arteko epean, biak barne, egindako, fakturatutako eta ordaindutako inbertsioak dira diruz lagungarriak.
Diruz lagungarriak diren jarduketen ordainagiriek 2017ko azaroaren 16tik 2018ko azaroaren 15era artekoak izan beharko dute, biak barne.
2. Diru-laguntzaren zenbatekoa eta nahitaezkoa den gutxieneko inbertsioa.
a) Diru-laguntza itzuli beharrik gabeko laguntza da, eta kalkulatzen da inbertsio diruz lagungarriaren zenbatekoari (BEZa kanpo) aplikatuz %35eko portzentajea.
b) Gehieneko diru-laguntza 17.500 eurokoa izanen da enpresa onuradun bakoitzeko.
c) Jarduketek gutxienez ere 3.000 euroko (BEZa kanpo) inbertsio diruz lagungarria izanen dute turismo aktibo eta/edo kulturaleko enpresen kasuan.
d) Jarduketek gutxienez ere 6.000 euroko (BEZa kanpo) inbertsio diruz lagungarria izanen dute establezimendu turistikoen kasuan.
Gainera, proiektu bat “Irisgarritasuna hobetzekoa” jotzeko, helburu hori lortzeko jarduketa espezifikoengatiko gutxieneko inbertsio diruz lagungarria 4.000 eurokoa (BEZa kanpo) izanen da gutxienez, eta, halaber, proiektu bat “Jasangarritasuna hobetzekoa” jotzeko, helburu hori lortzeko jarduketa espezifikoengatiko gutxieneko inbertsio diruz lagungarria 4.000 eurokoa (BEZa kanpo) izanen da gutxienez.
e) Gehieneko inbertsio diruz lagungarria 50.000 eurokoa da (BEZa kanpo).
3. Diruz lagungarriak diren inbertsio eta jarduketa proiektu motak.
Honako inbertsio proiektu hauek izan daitezke laguntzen xede:
a) Establezimendu turistikoaren kategoriari eusteko eraberritze, berritze eta egokitze obrak.
b) Establezimendu turistikoaren kategoria handitzeko eraberritze, berritze eta egokitze obrak.
c) Establezimendu turistikoan, mugikortasuna murriztua dutenen edo bestelako muga fisiko, psikiko edo zentzumeneko bat dutenen irisgarritasuna hobetzeko eraberritzeko obrak eta jarduketak, baita oztopo arkitektonikoak eta zentzumenekoak kentzekoak ere.
Atal honetan proiektu bat kontuan hartzeko, bi baldintza hauek bete beharko dira:
–Irisgarritasunaren arloan egitea aurreikusitako jarduketen zenbatekoak gainditu behar du diru-laguntzaren xede den proiektu orokorraren zenbatekoaren %50.
–Jarduketa mota honen gutxieneko inbertsio diruz lagungarria 4.000 eurokoa izanen da gutxienez (BEZa kanpo), 5.2.d oinarrian ezarritakoarekin bat.
Hori, nahitaez, enpresa edo profesional eskudun batek ziurtatu beharko du proiektuaren memoria aurkezteko unean.
Gainera, hori, nahitaez, enpresa edo profesional eskudun batek ziurtatu beharko du proiektua gauzatu izanaren frogagiria aurkezteko unean.
d) Jasangarritasuna hobetzeko inbertsioak. Onartuko dira ingurumena hobetzeko jarduketak, esaterako establezimendu turistikoaren efizientzia energetikoa hobetzea eta isolamendu termikoa, ibilgailu elektrikoetarako karga guneak ezartzea edo antzeko beste batzuk.
Atal honetan proiektu bat kontuan hartzeko, bi baldintza hauek bete beharko dira:
–Jasangarritasunaren arloan egitea aurreikusitako jarduketen zenbatekoak gainditu behar du diru-laguntzaren xede den proiektu orokorraren zenbatekoaren %50.
–Jarduketa mota honen gutxieneko inbertsio diruz lagungarria 4.000 eurokoa izanen da gutxienez (BEZa kanpo), 5.2.d oinarrian ezarritakoarekin bat.
Hori, nahitaez, enpresa edo profesional eskudun batek ziurtatu beharko du proiektuaren memoria aurkezteko unean.
Gainera, hori, nahitaez, enpresa edo profesional eskudun batek ziurtatu beharko du proiektua gauzatu izanaren frogagiria aurkezteko unean.
Aurreko a), b) c) eta d) ataletako proiektuetan, onartuko dira honako arlo hauetako jarduketak: isolamenduak, saneamenduak, elektrizitatea, segurtasuna, berokuntza sistemak, igeltserotza, iturgintza eta zurgintza.
e) Establezimendu turistikoaren edo turismo aktibo eta/edo kulturaleko enpresaren altzariak eta ekipamendua, betiere erosketa eta jarduketa horiek inbertsioa badira eta ez birjartzea, mantentzea edo kontserbazioa.
Honako jarduketa hauek ez dira diruz lagungarriak:
–Sarbideetako obra edo konponketak salbu turismorako erabiltzen den jabetzaren zatirako badira.
–Erremintak, tresnak edo elementuak, baldin haien erabilerak lotura zuzenik ez badu establezimendu turistikoaren edo turismo aktibo eta/edo kulturaleko enpresaren jarduera turistikoarekin.
–Hornigaiak, mihiseria eta etxetresna elektriko txikiak eta birjartze balioa duten ekipamenduak, salbu eraberritze integraleko proiektu baten parte badira.
–Garraiobideak, lotura esturik ez badute enpresaren jarduera nagusiarekin eta ezinbestekoak ez badira horren jarduera turistikorako. Halakoetan, aurkeztutako aurrekontuaren %50 baino ez da izanen diruz lagungarria.
–Leasing bidez finantzatutako jarduketetako inbertsioak.
–Ekipamendu edo aplikazio informatikoak.
–Establezimendu turistikoaren perimetrotik kanpo egindako inbertsioak.
–Higiezinak eta lurrak erostea.
–Aktibo finko erabiliak.
–Enpresak berak bere ibilgeturako egindako lanak.
–Edozein eratako zergak, lizentziak, baimenak edo antzeko gastuak.
6. Eskaerak eta eskatzen den dokumentazioa aurkezteko epea eta modua.
1. Eskaerak aurkezteko epea.
Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
2. Eskaerak aurkezteko modua.
a) Pertsona juridikoen kasuan eta nortasun juridikorik gabeko entitateen kasuan, eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (http://www.navarra.es/home_es/Temas/Empleo+y+Economia/Sector+turistico/Subvenciones.htm) dagoen zerbitzuen katalogoaren berariazko fitxaren bidez (aurrerantzean laguntzaren fitxa); fitxan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko lotura izanen da, eta beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala izatea, identifikatzeko.
Eskaera telematika bidez aurkezten ez bada, interesdunari eskatuko zaio akatsa zuzen dezala, hau da, elektronika bidez aurkez dezala, eta, ondorio horietarako, zuzenketaren eguna izanen da eskaeraren aurkezpen eguna, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.4 artikuluan xedatutakoarekin bat.
b) Pertsona fisikoen kasuan, eskabideak modu telematikoan aurkeztuko dira ahal bada, aurreko paragrafoan adierazitakoari jarraikiz, edo, hala ez bada, aurrez aurre Iruñeko Navarreria kaleko 39an dagoen erregistro bulegoan, edo beste erregistroetan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako araubide iragankorrarekin bat.
Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, nahitaez eman beharko zaio horren berri Merkataritza eta Artisautza Antolatzeko eta Laguntza Ekonomikoen Atalari, mezu elektroniko bat igorrita turismo.ayudas@navarra.es kontura, aurkeztutako eskabidearen kopia bat gehituta, aurkezpen data bertan adierazita.
c) Eskaerak laguntzaren fitxan ageri den berariazko eskabidea erabiliz eginen dira nahitaez, eta Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari zuzenduko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.6 artikuluan xedatutakoarekin bat.
3. Eskaturiko dokumentazioa.
Eskaerari erantsi behar zaion dokumentazioa, laguntzaren fitxan ageri den berariazko inprimakiarekin bat datorrena, eskaneatuta aurkeztu behar da, behar bezala identifikatutako agiri bereizietan. Hauxe da:
–Enpresa eskatzailearen gaineko dokumentazioa:
a) Eskaera ordezkari batek aurkezten badu, zuzenbidean baliozkoa den edozein baliabideren bidez frogatu behar da ordezkaritza; ondorio horietarako, diru-laguntzaren eskabidean horretarako finkatutako erantzukizunpeko adierazpena betez ere frogatzen ahalko du enpresa eskatzaileak.
b) Erantzukizunpeko adierazpena, enpresa txiki edo ertaintzat hartua izateko baldintza guztiak betetzen dituela adieraziz.
c) Erantzukizunpeko adierazpena, azkeneko hiru urte fiskaletan –aurtengoa barne– administrazio honek edo beste batek Europar Batasuneko “de minimis” arauari jarraikiz emandako diru-laguntzen berri ematen duena.
d) Erantzukizunpeko adierazpena, diru-laguntzaren xedeko kontzeptu berentzat eskatu edo jasotako beste diru-laguntzei buruz.
e) Erantzukizunpeko adierazpena, eskaintzen den ereduaren arabera prestatua, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan adierazitako debekurik urratzen ez dela dioena.
f) Azken 5 urteotan turismo jardueran aritu dela frogatzen duen dokumentazioa. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan aurreikusitakoarekin bat, ETE eskatzaileak ez daude beharturik frogagiriak aurkeztera, eta, kasu horretan, deialdia kudeatzen duen organoak kontsultatuko du ofizioz informazio hori, Nafarroako Zerga Ogasunean dauden datuen arabera. Ulertuko da ETE eskatzaileek kontsulta hori baimentzen dutela, salbu berariaz kontra agertzen badira eskaerako formulario berariazkoan; kasu horretan, egoki diren agiriak aurkeztu beharko dituzte.
g) Diru-laguntza eskaeraren xedeko establezimendu turistikoa edo enpresa aktibo eta/edo kulturala ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafe guztietan alta emanik egotearen agiriaren kopia. Aurreko atalean adierazitakoarekin bat, ETE eskatzaileak ez daude beharturik dokumentazio hori aurkeztera, eta, kasu horretan, deialdia kudeatzen duen organoak kontsultatuko du ofizioz informazio hori, Nafarroako Zerga Ogasunean dauden datuen arabera, eta ulertuko da ETE eskatzaileek kontsulta hori baimentzen dutela, salbu berariaz kontra agertzen badira eskaerako formulario berariazkoan; kasu horretan, egoki diren agiriak aurkeztu beharko dituzte.
h) “Transferentzia bidez kobratzeko eskabidea” izeneko jatorrizko inprimakia, inoiz Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik lortu ez bada.
Atal honetan aipatutako erantzukizunpeko adierazpen guztiak diru-laguntza eskatzeko berariazko inprimakian sartuta daude.
–Proiektuari buruzko dokumentazioa.
a) Proiektua deskribatzen duen memoria eta gauzatzeko aurreikusten diren epeak.
b) Kontzeptuen arabera xehakatutako aurrekontua eta proformako fakturak. Ez dira onartuko 100 eurotik beherako aurrekonturik, ez proformako fakturarik ere (BEZa kanpo).
c) Hala badagokio, obra proiektu ikus-onetsia.
d) Hala badagokio, enpresa edo profesional eskudun baten ziurtapena edo frogagiria, adierazten duena inbertsio-proiektua dela “Irisgarritasuna hobetzekoa” edo “Jasangarritasuna hobetzekoa”, 5.3 oinarriko c) eta d) ataletan ezarritakoarekin bat, hurrenez hurren.
e) Proiektuak barneko edo kanpoko obra aurreikusten badu, titularrak kasuan kasuko obra lizentzia eduki beharko du eskaera aurkeztean, edo, bestela, lizentziarik ez duela behar dioen udal ziurtagiria. Lizentzia edo ziurtagiri hori, kasu guztietan, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurrekoa izanen da.
f) Jatetxe establezimenduek karta aurkeztu behar dute, baita web-orriaren helbidea ere, egiaztatzeko biak ere gutxienez hiru hizkuntzatara itzulita daudela.
g) Obra bat gauzatzen den kasuetan (eraberritzeko, berritzeko eta egokitzeko obrak), gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa bada, edo, aholkularitzako edo laguntza teknikoko enpresek ekipo-ondasunen hornidura kasuetan (altzariak eta ekipamendua erostea), 12.000 eurotik gorakoa, erantzukizunpeko adierazpen bat bete beharko da, enpresa hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz aukeratu dela adierazteko, eta gutxienez ere hiru eskaintza erantsi. Adierazpen hori diru-laguntza eskatzeko inprimakian sartua dago.
Dokumentazio hori diru-laguntzaren eskabidearekin batera aurkeztuko da, salbu gastua egin bada diru-laguntza eskaera aurkeztu aurretik, edo, diruz lagungarriak diren gastuen ezaugarri bereziak direla eta, merkatuan ez badago halakorik ematen duen entitate kopuru nahikorik.
Eskaintza merkeena hautatzen ez bada, eta, diru-laguntza kudeatzen duen organoaren ustez, hautaketa ekonomia eta efizientzia irizpideen arabera egin izanaren justifikazioa nahikoa ez bada, eskaintza merkeenaren zenbatekoa bakarrik lagunduko da diruz.
–Baremoa aplikatzeko dokumentazioa.
Zazpigarren oinarriko baremoan ezarritako balorazio irizpideak frogatzeko agiriak, baldin deialdia kudeatzen duen organoak ofizioz aplikatzen ez baditu, nahitaez aurkeztu beharko dira diru-laguntza eskaerarekin batera, eta eskaerak aurkezteko epetik kanpo aurkezten badira ez dira baloratuko.
7. Diru-laguntza emateko parametroak.
Diru-laguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17. artikuluan xedatzen den moduan. Hortaz, aurkezten diren eskaerak alderatuta esleituko dira diru-laguntzak, dokumentazio osoa dagoela egiaztatu ondoren, jarraian ezartzen den baremoa aplikatuta ateratzen den ordenari jarraituta (puntuazio altuenetik txikienera) eta aurrekontuko dirua bukatu arte.
Diru-laguntzak emateko lehentasun ordena ezartzearren, honako baremo hau aplikatuko da:
1. Aurreko diru-laguntzak, aurreko 5 urtean (2013ko urtarrilaren 1etik aurrerako ebazpenak) Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak onartutakoak establezimenduak hobetu eta berritzeko tramitatutako diru-laguntzen deialdietan:
–20 puntu, baldin diru-laguntzarik jaso ez bada.
–15 puntu, baldin 2.000 euro bitarteko diru-laguntzak jaso badira.
–10 puntu, baldin 2.001 eurotik 5.000 eurora bitarteko diru-laguntzak jaso badira.
–5 puntu, baldin 5.001 eurotik 10.000 eurora bitarteko diru-laguntzak jaso badira.
–2 puntu, baldin 10.001 eurotik 15.000 eurora bitarteko diru-laguntzak jaso badira.
–0 puntu, baldin 15.000 eurotik gorako diru-laguntzak jaso badira.
Ondorio horietarako, establezimendu turistiko edo turismo aktibo eta/edo kultural bakoitzak jasotako diru-laguntzak batuko dira, kontuan harturik 5 urteko epe horretako titulartasun aldaketek ez dutela ukituko atal honetako puntuazioaren kalkulua.
Baremoaren aplikazioaren ondorioetarako, establezimendu turistiko batek edo turismo aktibo eta/edo kultural batek, establezimendu turistikoak hobetzeko eta berritzeko diru-laguntzen deialdi batean diru-laguntza lortu ondoren, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari deialdian ezarritako epean jakinarazten badio uko egiten diola, kasu horretan emandako diru-laguntza ez da kontuan hartuko; aldiz, epez kanpo jakinarazten bada ukoa, emandako diru-laguntzatzat joko da ondorio guztietarako.
Puntuazio hori ofizioz aplikatuko da, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusian dagoen informazioaren arabera.
2.a. Establezimendu turistiko baten kategoria handitzea dakarten inbertsioak, eraberritzeak eta jarduketak:
–Ostatu-etxe izatetik hostal edo hotel izatera.
–Hostal izatetik hotel izatera.
–Hotelaren kategoriaren barnean, 2 izar edo gehiago izatera iristea.
–Landetxearen kategoriaren barnean, 3 izar edo gehiago izatera iristea.
–Apartamentu turistikoaren kategoriaren barnean, 2 giltza edo gehiago izatera iristea.
–Kanpaleku turistikoaren kategoriaren barnean, 2 izar edo gehiago izatera iristea.
–Aterpetxearen kategoriaren barnean, bigarren kategoriara igotzea.
–Jatetxearen kategoriaren barnean, 2 sardexka edo gehiago izatera iristea.
Aurretik adierazitako kategoria batera igotzeagatik 10 puntu emanen dira.
Puntuazio hori aplikatzeko, diru-laguntzaren eskabidean dagoen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, adieraziz zer inbertsiok dakarten lortu beharreko kategoria igoera, beranduenez 2018ko azaroaren 15erako. Baldintza hori aipatutako epean betetzen ez bada, deklaratuko da diru-laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela.
Gero, Turismoaren Antolamenduaren, Prestakuntzaren eta Kalitatearen Atalak egiaztatuko du kategoria igoerak araudia betetzen duela, eta, bestela, jasotako diru-laguntza itzuli beharko du enpresa onuradunak, gehi berandutze-interesak.
Proiektu berberak pilatu ditzake balorazio irizpide honen puntuazioa eta “Irisgarritasuna hobetzekoa” edo “Jasangarritasuna hobetzekoa” izateagatik jasotakoa.
2.b. Mugikortasuna murriztua dutenen irisgarritasuna bermatzeko inbertsioak eta jarduketak eta oztopo arkitektonikoak eta zentzumenekoak kentzekoak: 10 puntu.
Puntuazio hori aplikatzeko, aurkeztu beharko da enpresa edo profesional eskudunaren ziurtapena edo ziurtagiria, 6.3 oinarriko (Proiektuari buruzko dokumentazioa) d) atalekoa.
Gainera, egindako jarduketak justifikatzeko unean “Irisgarritasuna hobetzeko” proiektu izaerari eutsiko zaio; horretarako, hala ziurtatzen duen enpresa edo profesional eskudun baten ziurtapena edo ziurtagiria aurkeztuko da. 10.2.f) oinarriko dokumentazioa aurkeztuko da horretarako, eta, bestela, deklaratuko da onartutako diru-laguntze kobratzeko eskubidea galdu dela.
2.c. Jasangarritasuna hobetzeko inbertsioak eta jarduketak: 10 puntu.
Puntuazio hori aplikatzeko, aurkeztu beharko da enpresa edo profesional eskudunaren ziurtapena edo ziurtagiria, 6.3 oinarriko (Proiektuari buruzko dokumentazioa) d) atalekoa.
Gainera, egindako jarduketak justifikatzeko unean “Jasangarritasuna hobetzeko” proiektu izaerari eutsiko zaio; horretarako, hala ziurtatzen duen enpresa edo profesional eskudun baten ziurtapena edo ziurtagiria aurkeztuko da. 10.2.f) oinarriko dokumentazioa aurkeztuko da horretarako, eta, bestela, deklaratuko da onartutako diru-laguntze kobratzeko eskubidea galdu dela.
2.d. Kategoriari eustea dakarten inbertsioak: 0 puntu.
2.e. Altzariak edo ekipamendua erosteko inbertsioa: 0 puntu.
Bigarren ataleko balorazio irizpideak ez dira aplikatzekoak turismo aktibo eta/edo kulturaleko enpresetan.
3. Enpresaren tamaina: eskabidearekin batean doan erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko da:
–Mikroenpresa: 6 puntu.
–Enpresa txikia: 4 puntu.
–Enpresa ertaina: 2 puntu.
4. Turismoko kalitatearen “Q” ziurtagiria duten establezimenduen hobekuntza planetan ezarritako inbertsio-proiektuak: 5 puntu.
“Hobekuntza plana” aurkeztu beharko da, frogatzen duena diru-laguntzaren xede diren jarduketak, memorian deskribatutakoak, hartan jasorik daudela.
5. Dela enpresaren titularrek dela bere zerbitzuko langileek ikastaro edo jardunaldietan parte hartu izana, betiere turismoaren jardunarekin edo establezimendu turistikoaren kudeaketarekin lotura badute. 2015eko urtarrilaren 1etik eskaerak aurkezteko epea amaitzen den arte jasotako prestakuntza hartuko da kontuan, eta, ondorio horietarako, frogagiriak aurkeztu beharko dira, eta honako hau aplikatuko da:
–5 puntu, 100 orduko edo gehiagoko prestakuntza frogatzen bada.
–2 puntu, 50 orduko edo gehiagoko prestakuntza frogatzen bada.
6. Erregistro ofizialean inskribatutako elkarte turistiko batekoa izatea enpresa eskatzailea: 3 puntu.
Puntuazio hori aplikatzeko, elkartearen lehendakariaren edo idazkariaren ziurtagiri bat aurkeztuko da, frogatzen duena diru-laguntza eskatzen duen enpresa elkarte horretako bazkidea dela deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurretik; adieraziko da, orobat, bazkide gisa duen antzinatasuna eta kuoten ordainketan egunean dagoela.
7. Kontsumoko Arbitraje Sistemari atxikita egotea, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurretik: 2 puntu.
Kontsumo arloan eskumena duen organoaren ebazpena, frogatzen duena enpresa sistema horri atxikita dagoela.
8. Dela enpresaren titularrek dela bere zerbitzuko langileek genero berdintasuneko ikastaro edo jardunaldi berariazkoetan parte hartu izana. 2015eko urtarrilaren 1etik eskaerak aurkezteko epea amaitzen den arte jasotako prestakuntza berariazkoa hartuko da kontuan, eta, ondorio horietarako, frogagiriak aurkeztu beharko dira.
9. 35 urtetik beherako pertsonen kontratazio mugagabea: 2 puntu.
Establezimendu turistikoaren enpresa titularrak, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean, dauzkan 35 urtetik beherakoen lanaldi osoko kontratu mugagabeen kopia aurkeztuko da.
Hona hemen eskaera bakoitzak lor dezakeen gehieneko puntuazioaren laburpena:
ZK. | BALORAZIO IRIZPIDEAK | XEHETASUNAK | PUNTUAK | IRIZPIDEAREN GEHIENEKO PUNTUAZIOA |
1 | 2013-1-1 egunetik jasotako diru-laguntzak | a) Ez zen diru-laguntzarik jaso | 20 | 20 |
b) 2.000 eurora bitarteko diru-laguntzak | 15 | |||
c) 2.001 eurotik eta 5.000 eurora bitarteko diru-laguntzak | 10 | |||
d) 5.001 eurotik eta 10.000 eurora bitarteko diru-laguntzak | 5 | |||
e) 10.001 eurotik eta 15.000 eurora bitarteko diru-laguntzak | 2 | |||
f) 15.000 eurotik gorako diru-laguntzak | 0 | |||
2 | Inbertsio-proiektu mota | a) Kategoriaz igotzea dakarten inbertsioak | 10 | 20 |
b) Irisgarritasunerako eta egokitzeko inbertsioak | 10 | |||
c) Jasangarritasunaren arloko jarduketak | 10 | |||
d) Kategoriari eustea dakarten inbertsioak | 0 | |||
e) Altzariak eta ekipamendua erostearen bidez egiten den inbertsioa | 0 | |||
3 | Enpresaren tamaina | a) Mikroenpresa | 6 | 6 |
b) Enpresa txikia | 4 | |||
c) Enpresa ertaina | 2 | |||
4 | Kalitate turistikoaren “Q” ziurtagiriko eraberritze eta hobekuntza proiektuak | 5 | 5 | |
5 | Ikastaro edo jardunaldietan parte hartzea | 100 orduko edo gehiagoko prestakuntza | 5 | 5 |
50 ordutik 99 ordura bitarteko prestakuntza | 2 | |||
6 | Turismoko elkarte bateko partaide izatea | 3 | 3 | |
7 | Kontsumoko Arbitraje Batzordeko kide izatea | 2 | 2 | |
8 | Genero berdintasunaren arloko prestakuntza berariazkoa | 2 | 2 | |
9 | Enplegua: 35 urtetik beherako pertsonen kontratu mugagabeak | Kontratu mugagabea, lanaldi osoan | 2 | 2 |
GEHIENEKO PUNTUAZIOA | 65 | |||
–1. balorazio irizpideko puntuazioa aplikatzeko behar den informazioa ofizioz lortuko du deialdia kudeatzen duen organoak, Turismo Zuzendaritza Nagusian dauden datuen arabera.
–2.a) eta 3) balorazio irizpideetan ezarritako puntuazioa aplikatzeko, diru-laguntzako eskabide berariazkoan horretarako ezarritako erantzukizunpeko adierazpenak bete beharko dituzte ETE eskatzaileek.
–Gainerako balorazio irizpideetako puntuazioak aplikatzeko, beharrezkoa izanen da enpresa eskatzaileek nahitaezko dokumentazioa aurkeztea diru-laguntza eskaerarekin batera, eta eskaerak aurkezteko epetik kanpo aurkezten bada ez da baloratuko.
–Berdinketak hausteko, Nafarroako Turismo Erregistroko inskripzioaren antzinatasuna hartuko da aintzat (hilabetea eta eguna ere hartuko dira kontuan), eta establezimendu turistiko zaharrenek izanen dute lehentasuna.
Berdinketak bere horretan badirau, lehenbizi, azkeneko 5 urtean jasotako diru-laguntzei begiratuko zaie. Epe horretan diru gutxien jaso duten enpresek izanen dute lehentasuna.
8. Diru-laguntzaren tramitazioa eta ebazpena.
1. Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzua da diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko kudeaketa organoa.
Eskaerak betetzen ez baditu finkatutako baldintzak, edo osorik ez badago, enpresa eskatzaileari eskatuko zaio zuzen dezala gehienez ere hamar egun balioduneko epean, errekerimendua jakinarazten zaionetik hasita, eta adieraziko zaio ezen, eskaera zuzentzen ez badu, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzen duen ebazpena emanen dela.
Eskaera osorik eta zuzen dagoela egiaztaturik, bai eta 5.3 oinarriko jarduketa bati dagokiola ere, espedientea 7. oinarrian ezarritako baremoari jarraituz baloratuko da, lehentasun ordena zehaztuko da, eta diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatuko, 5.2 oinarrian ezarritako portzentajearekin bat.
2. Aurrekontuan diru aski ez egotearen ondorioz, funtsak eskaera bati dagokion diru-laguntza adinakoak ez direnean, organo kudeatzaileak ondoriozko diru-laguntzaren proposamenaren berri emanen dio enpresa eskatzaileari. Enpresak 5 egun baliodun izanen ditu jakinarazi zaion diru-laguntzaren proposamena onartzeko edo ukatzeko:
–Enpresak ez badu jakinarazten epe horretan hura onartu edo ukatzen duen, ulertuko da proposamena onartzen duela eta espedientearen tramitazioak aurrera eginen du.
–Enpresak diru-laguntzaren proposamena onartzen ez badu, hurrengo eskaera ebaluatu eta aztertuko da, eta, hala badagokio, berriz modu berean jokatuko da.
Ez da inoiz 500 eurotik beherako diru-laguntzarik emanen.
Diru-laguntzak lehen adierazitakoari jarraituz esleitu ondoren deialdiaren aurrekontuko dirua agortzen denean, gainerako eskaerak berariaz ezetsiko dira.
Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak behar den ebazpen proposamena igorriko dio Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari.
3. Diru-laguntzak emateko ebazpenaren gaineko eskumena Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari dagokio. Diru-laguntza emateko ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, eta, epe hori iraganik berariazko ebazpenik jakinarazi gabe, eskaerak ezetsitzat joko dira.
Diru-laguntza emateko ebazpenen aurka edo berariazko edo ustezko ukoen aurka, entitate eskatzaileek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.
9. oinarria. Enpresa onuradunen betebeharrak.
Diru-laguntzen enpresa onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:
1. Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarririko betebehar orokorrak betetzea.
Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela frogatzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan aurreikusitakoarekin bat, enpresak ez daude beharturik frogagiriak aurkeztera, eta, kasu horretan, deialdia kudeatzen duen organoak kontsultatuko du ofizioz informazio hori.
Ulertuko da ETE onuradunek kontsulta hori baimentzen dutela, salbu berariaz kontra agertzen badira eskaerako formulario berariazkoan; kasu horretan, egoki diren agiriak aurkeztu beharko dituzte.
2. Diru-laguntza eman dela jakinarazi eta handik hilabeteko epean, diru-laguntzen entitate onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztea, diru-laguntzaren fitxan dagoen ereduaren arabera; hori guztia, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretua betetzearren, dekretu horrek arautzen baititu Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak. Izan litezkeen zehapen ondorioak galarazi gabe, enpresa onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko. Pertsona juridikoek eta entitateek aurkeztuko dute adierazpen hori, baina ez pertsona fisikoek.
3. Diru-laguntzaren xedeko jarduketak egin, justifikatu eta ordaintzea deialdian ezarritako epeetan. Egindako jarduketen justifikazioa 2018ko azaroaren 15a baino beranduago aurkeztuz gero, emandako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.
4. Diruz lagundutako ekintzetan egin gogo diren funtsezko aldaketen berri ematea Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari, haiek gauzatu baino lehen. Zerbitzu horrek baimendu beharko du proiektuaren edozein aldaketa garrantzitsu, eta eskatzen zaizkion aldaketak baimenduko ditu baldin eta behar bezala justifikatuta badaude eta bermatzen bada betetzen direla bai diru-laguntzaren xedea, bai diruz laguntzen den proiektuaren helburuak, bai eta deialdian ezarritako gainerako baldintzak ere.
Diru-laguntza esleitzea ekarri zuten jarduketak aurreikusitakoa eta eskatutakoa baino zenbateko txikiagoarekin egiteak ondoko murrizketa hauek ekarriko ditu:
–Aurkeztutako justifikazioaren zenbatekoa inbertsio diruz lagunduaren %70etik beherakoa bada, ordaindu beharreko diru-laguntza %50 murriztuko da.
–%50etik beherakoa bada, esleitutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.
5. Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari jakinaraztea, 10 egun balioduneko epean kontzesioaren ebazpena jasotzen denetik aurrera, jasotako diru-laguntzari uko egiten zaiola, deialdian ezarritako epeetan ez badira egitekoak ekintza diruz lagunduak.
6. Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari jakinaraztea zer “de minimis” laguntza jaso duen entitateak aurten eta aurreko bi zergaldietan, eta, kasua bada, zer beste diru-laguntza lortu duen diru-laguntzaren xedeko kontzeptu berengatik.
Oinarri arautzaile honen 4., 5. eta 6. apartuetako jakinarazpenak posta elektronikoaren bidez eginen dira, turismo.ayudas@navarra.es helbidera idatziz.
7. Proiektua benetan egin dela eta hartutako konpromisoak bete direla egiaztatzeko erraztasunak ematea.
8. Diruz lagundutako ondasunak turismo jarduerari atxikirik edukitzea gutxienez 10 urtez, ondasun higiezinen kasuan, eta gutxienez 5 urtez, ondasun higigarrien kasuan. Diru-laguntza ematen denetik aurrera kontatuko dira epe horiek.
9. Inbertsioa Nafarroako Gobernuak diruz lagundu duela aditzera ematea; zehazki, establezimendu turistikoan kartel bat ezarriko da aise ikusteko moduko toki batean lau urtez, egindako jarduketen justifikazioa aurkezten denetik aurrera; laguntzaren fitxan eskuratzen ahal den ereduaren araberakoa izanen da kartel hori. Horrez gain, sustapenerako materialak, hala bada, eta web-orrian Nafarroako Foru Komunitateko marka turistikoa jarri beharko da. Web-orri honetan eskuratuko da marka: http://www.turismo.navarra.es/esp/profesionales/descargas/logotipos/.
10. Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak egin edo finantza ditzakeen kanpaina guztietan aktiboki parte hartzea, sektorearen parte-hartzea behar denean.
11. Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak turismo arloan antolatzen dituen prestakuntza ikastaroetara edo jardunaldietara joatea eta horietan parte hartzea.
12. Turismoaren Antolamenduaren, Prestakuntzaren eta Kalitatearen Atalak emandako ikuskapen txostenean jasotako establezimendu turistikoaren gabeziak zuzentzea, horretarako ezarritako epean. Justifikaziorako aldia bukatutakoan zuzenketak egiteko epea bukatu baldin bada zuzenketa egin gabe, deklaratuko da onartutako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdu egin dela.
13. Lortutako konpromisoa betetzea, baldin erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu bada adieraziz inbertsio-proiektuak berekin ekarriko duela establezimendu turistikoaren kategoria handitzea, 5.3.b) oinarrian ezarritakoarekin bat.
Halaber, proiektuak lortu badu “Irisgarritasuna hobetzekotzat” edo “Jasangarritasuna hobetzekotzat” sailkapena, jarduketak justifikatzean ez baldin bada aurkezten 10.2.f) oinarrian aurreikusitako ziurtapena edo ziurtagiria, 7.2.b) eta 7.2.c) oinarrietan aurreikusitakoa aplikatuko da, eta, bi kasuetan, deklaratuko da onartutako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdu egin dela.
Turismoaren Antolamenduaren, Prestakuntzaren eta Kalitatearen Atalak, bere eskumenen barnean, noiznahi ere ikuskatzen ahalko ditu egindako jarduketak, eta, diru-laguntza kobratu ondoren ere, exijitu dezake itzul dadila, berandutze-interesekin batera, baldin ikusten badu oinarri arautzaile hauetan aurreikusitako ez-betetzea gertatu dela, eta, beraz, egindako inbertsio-proiektua ezin dela hartu “Irisgarritasun hobekuntzatzat” edo “Jasangarritasun hobekuntzatzat”.
Ezarritako betebeharretakoren bat betetzen ez bada, onartutako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galtzen ahalko da, edo diru itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Ondorio horietarako, oinarri arautzaile honen 8. eta 9. atalei dagokienez, zenbat denboran eduki behar dituen onuradunak diru-laguntzaren xedeko ondasunak enpresaren jarduerari atxikirik, horren zuzeneko proportzioan eginen da diru-laguntza itzultzeko kalkulua.
10. Egindako jarduketak justifikatzeko epeak, modua eta dokumentazioa.
1. Justifikazioa aurkezteko epea eta modua.
a) Edozein unetan egiten ahalko da justifikazioa, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik. Dokumentazioa aurkezteko azken eguna 2018ko azaroaren 15a izanen da.
b) Justifikazioa telematika bidez aurkeztuko da nahitaez, pertsona juridikoen kasuan eta nortasun juridikorik gabeko entitateen kasuan, eta ahal bada, pertsona fisikoen kasuan; ondorio horietarako, eskaerak aurkezteko 6.2 oinarrian ezarritakoa hartuko da kontuan.
2. Egindako inbertsioak frogatzeko dokumentazioa.
Diruz lagundutako jarduketak amaitu ondoren, enpresa onuradunek justifikatu beharko dute jarduketa horiek egin direla, eta, horretarako, laguntzaren fitxan eskura daitekeen berariazko inprimakia aurkeztu beharko dute, ondoren aipatzen den dokumentazioarekin batera, behar bezala identifikatutako agiri bereizien bidez eskaneatuta.
a) Aurkeztutako fakturen zerrenda, justifikaziorako inprimakiaren xehetasun orrian ezarritakoaren arabera.
100 eurotik beherako fakturarik ez da onartuko (BEZa kenduta).
b) Diruz lagundutako jarduketei dagozkien fakturen kopia; fakturak fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduan ezarritakoaren araberakoak izanen dira, eta, betiere, diru-laguntzaren enpresa eskatzailearen edo, hala bada, onuradunaren izenean jaulki beharko dira.
c) Ordaindutako guztia justifikatzen duten bankuko agiriak. Eskudirutan egindako ordainketak ez dira onartuko.
d) Azken txostena, egindako inbertsio guztiak xehetasunez deskribatzen dituena, bai eta hasieran aurreikusitako proiektuan izandako desbideratzeak ere, halakorik bada.
e) Egindako hobekuntza obren edo eraberritze obren argazkiak. Argazki horiek ahalbidetuko dute egiaztatzea zein zen jarduketen aurreko eta ondoko egoera, baita altzari edo ekipamendu diruz lagunduen aurreko eta ondoko egoera ere.
e) Hala badagokio, enpresa edo profesional eskudun baten ziurtapena edo frogagiria, erakusten duena hasieran “Irisgarritasuna hobetzekotzat” edo “Jasangarritasuna hobetzekotzat” jotako proiektuak oraindik ere betetzen dituela 5.3 oinarriko c) eta d) ataletan ezarritako baldintzak, sailkapen horri eusteko.
g) Adierazpena, diru-laguntzaren xedeko jardueren finantzaketari buruz: adierazi behar dira diru-laguntza honetaz aparte jarduketak finantzatu dituzten funtsen zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa (funts berekiak, bestelako baliabideak edo bestelako diru-laguntzak). Aitorpen hori justifikazio inprimakian berean eginen da.
h) Jarduketak Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza jaso izanaren berri ematen duen publizitate betebeharra bete dela frogatzen duten argazkiak edo agiriak, 9.9 oinarrian ezarritakoarekin bat.
11. Diru-laguntza ordaintzea.
Frogagiriak aurkeztu, aztertu eta onartu ondoren emanen da diru-laguntza ordaintzeko ebazpena, aurreko oinarri arautzailean ezarritakoari jarraikiz.
Diru-laguntza ordainketa bakarrean emanen da, behin egiaztatuta egindako inbertsioak bat datozela diruz lagundutako jarduketekin, justifikazioa osoki zuzena dela eta diru-laguntzaren xedea bete dela.
12. Diru-laguntzen bateragarritasuna eta “de minimis” laguntzen izaera.
1. Diru-laguntza hauek bateragarriak dira onuradunek jarduketa berberetarako jaso dezakeen beste edozein laguntzarekin.
Jarduketa hauetarako jasotako diru-laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide bereki batzuekin batuta, entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.
2. Deialdi honetako diru-laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.
Erregelamendu horrekin bat, enpresa bati emandako “de minimis” laguntza guztien batura gehienez ere 200.000 eurokoa izanen da 3 zergaldiko edozein alditan.
Horretarako, entitate onuradunak behartuta daude kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan harturiko bestelako “de minimis” laguntzak aitortzera, eskaerak aurkezten dituztenean.
13. Emandako beken publizitatea.
Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu ematen diren diru-laguntzak laguntzaren fitxan, honako hauek zehaztuta: deialdia, diru-laguntza zer programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, enpresa onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.
14. Oinarri arautzaile hauen aurkako errekurtsoa.
Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik zenbatuta.
15. Ordezkoa araudia.
Deialdi honetan ezarrita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.
Iragarkiaren kodea: F1804221
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
