1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
156E/2018 EBAZPENA, martxoaren 2koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, ingurumen baimen integratua ematen diona hondakinak konpostatzeko instalazio bati, Funeseko udal mugartean. Instalazioaren titularra Tecnología Industrial del Reciclaje I.B. SL da.
Instalazio hori existitzen da eta funtzionamenduan dago gaur egun, eta jarduera sailkatuko udal lizentziaren araubidearen menpe dago.
Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea aldatzen duen ekainaren 11ko 5/2013 Legearen bidez, industria isurketei buruz (kutsaduraren prebentzioa eta kontrol integratuak) Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2010eko azaroaren 24an emandako 2010/75/EB Zuzentarauaren (bertsio bateratua) transposizioa egin zen Espainiako antolamendu juridikora.
Horrek industria jarduera berriak sartzea ekarri du Ingurumen baimen integratuaren menpe dauden jardueren eta instalazioen kategorian. Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 1. eranskinean eta urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuak onetsitako lege horren Erregelamenduaren 1. eranskinean zerrendatzen dira jarduera horiek.
Horren ondorioz, instalazio hau ingurumen baimen integratuen araubidearen menpe dago gaur egun; izan ere, Kutsaduraren Prebentzioari eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duen 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamenduaren I. eranskineko 5.4 epigrafean sartuta dago, hots, "Hondakin ez-arriskutsuen balorizaziorako edo balorizazio eta ezabaketarako instalazioak, egunean 75 tonatik gorako edukiera dutenak, ondoko jardueretako bat edo gehiago dutenak, salbu eta hirietako hondakin uren tratamendurako arauak ezartzen dituen abenduaren 28ko 11/1995 Errege Lege Dekretuan aipatzen direnak" izenekoan; eta Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industria-emisioei buruz (kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuak) emandako azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauaren I. eranskineko 5.3.b) epigrafean, hots, "Hondakin ez-arriskutsuen balorizaziorako edo balorizazio eta ezabaketarako instalazioak, egunean 75 tonatik gorako edukiera dutenak eta ondoko jardueretako bat edo gehiago dakartenak, 91/271/EEE Zuzentarauan agertzen diren jarduerak salbu", izenekoan (testuaren bertsio bategina).
Industria establezimendua ez dago irailaren 21eko 840/2015 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan sartuta. Dekretu horrek istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen, substantzia arriskutsuak tarteko diren kasuetarako.
Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 12.1.f) artikuluan xedatutakoarekin bat, substantzia arriskutsu garrantzitsuen erabilera, ekoizpena edo emisioa berrikusi dira, eta lurzorua eta lurpeko urak kutsatzeko arriskua baloratu, eta erabaki da, ingurune horiek kutsatzeko aukera handirik ez dagoenez, ez dela beharrezkoa oinarrizko txosten bat egitea egungo kokapenari buruz lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadurari dagokionez.
Beste alde batetik, espedientean, titularrak 2015eko martxoak 12an eskatutako instalazioaren aldaketa sartu da, azken produktuaren kalitatea hobetzeko bahetze bat egiteko; horrek patioan 507 m² zolatzea eta hormigoi armatuzko hormak eraikitzea ekarriko du.
Espedientea jendaurrean egon zen hogeita hamar egunez. Ebazpen honen IV. eranskinean jaso dira jendaurreko informazioaren tramitean aurkeztutako alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.
Hasierako ebazpen proposamena instalazioaren titularrari eta Funesko Udalari entzunaldia emateko tramitean egon zen 15 egunez. Ebazpen honen VII. eranskinean jaso dira biek aurkeztutako alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.
Goian adierazitako entzunaldia emateko tramitean aurkeztutako alegazioak ikusirik, aldatu egin zen ebazpenaren hasierako proposamena. Horregatik, beharrezkotzat jo zen instalazioaren titularrari eta Funesko Udalari entzunaldia emateko tramitea berriz irekitzea 15 egunez. Ebazpen honen VIII. eranskinean jaso dira biek aurkeztutako alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.
Horrenbestez, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.g) artikuluarekin bat,
EBATZI DUT:
Lehendabizikoa.–Ingurumen baimen integratua ematea Funesko udal mugartean dagoen hondakinak konpostatzeko instalazio baterako. Instalazioaren titularra Tecnología Industrial del Reciclaje I.B. SL da. Instalazioak eta jardueraren garapenak ingurumen baimen integratuari buruzko proiektuan eta espediente administratiboaren gainerako agirietan aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte, eta, edozein kasutan, ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintza eta neurriak.
Bigarrena.–Baimen hau ematen da inolako unetan jarduera egiten den lekuaren jabetza zalantzatan jarri gabe eta beti alde batera utzita lurzati horren jabetza edo titulartasunaren auzia; izan ere, horren inguruan desadostasunik izanez gero, jurisdikzio arlo zibilean ebatzi beharko da auzi hori. Horregatik, baimen hau jarduera egiteko ingurumen baldintzak ezartzeari dagokio bakar-bakarrik. Horri dagokionez, egokitzat jotzen da instalazio horri lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena mantentzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitakoaren arabera, baldin eta jarduera lurzati horretan kokatuta badago.
Hirugarrena.–Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroan 15G04107012282004 zenbakiarekin hondakin arriskutsuen sortzaile gisa duen baimenaren indarra mantentzea. Kudeatzen ahal dituen hondakinak eta hondakin horiek tratatzeko egiten ahal dituen eragiketak ebazpen honen III. eranskinean ageri dira. Halaber, titularrak hondakinen kudeaketan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko dio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta automatikoki berrituko da beste horrenbeste urteko aldietarako, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 27.8 artikulua aplikatuz (Hondakinak tratatzeko eragiketen baimena).
Laugarrena.–Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu zuzendaritza nagusi honek, arau hauetan jasotako inguruabarren bat gertatzen denean: Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikulua, edo Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikulua.
Bosgarrena.–Halaber, zuzendaritza nagusi honek Ingurumen baimen integratuko baldintzak berrikusten ahalko ditu, eta, behar denean, egokitu, baldin eta eskura dauden aurrerapen teknikoek ahalbidetzen badute emisioak nabarmen murriztea, eta, betiere, jarduera nagusiaren gainean eskura dauden hobekuntza teknikoei buruzko ondorioak argitaratu eta gehienez ere lau urtera, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikuluarekin bat.
Seigarrena.–Instalazioa edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du. Arrazoiak emanda adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 24. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Zazpigarrena.–Titularrak prozedura administratiboan aurkeztu dituen dokumentazioa ikusirik, betetzat jotzen da existitzen den instalazioaren multzoa martxan jartzeko erantzukizunpeko adierazpena aurkezteko tramitea, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzeko asmoz urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamenduaren 12. artikuluan eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan aurreikusia. Nolanahi ere, bahetze berriari eta zolatutako zonari dagokien aldaketa funtzionamenduan hasi baino lehen, titularrak aldaketa hori martxan jartzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan.
Zortzigarrena.–2018ko maiatzaren 1a baino lehen, titularrak arriskuak prebenitzeko programa bat aurkeztu behar du hegaztiak egoteagatik eta airez transmititzen ahal diren eritasunen balizko hedapenarengatik sortzen ahal diren arriskuengatik, ebazpen honen II. Eranskinean xedatzen den bezala.
Bederatzigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak bete ezean, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen IV. tituluan jasotzen diren ingurumen arloko diziplina-neurriak hartuko dira, deusetan galarazi gabe sektoreko legedian ezarritakoa, hori ere aplikatuko baita.
Hamargarrena.–Ingurumen baimen integratu hau ematen da, beste araudi bat (adibidez, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2009ko urriaren 21ean gizakien kontsumorako ez diren animalien azpiproduktuei eta produktu deribatuei aplikatu beharreko osasun arauak ezartzeko emandako 1069/2009 (EE) Erregelamendua) aplikatuta instalazioak eskuratu behar dituen beste baimenak ezertan galarazi gabe.
Hamaikagarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Hamabigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
Hamahirugarrena.–Ebazpen hau Tecnología Industrial del Reciclaje I.B. SLri, Funeseko Udalari, Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zerbitzuari, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari, Abeltzaintza Zerbitzuari, Nekazaritza Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari eta Ingurumena Zaintzeko Atalari eta Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Hamalaugarrena.–Jendaurreko epean alegazioak aurkeztu dituzten interesdunei Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez jakinaraziko zaie ebazpena, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Iruñean, 2018ko martxoaren 2an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.
Iragarkiaren kodea: F1803038