1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
44E/2018 EBAZPENA, martxoaren 5ekoa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ingurumen ukipenetarako baimena ematen baita telefono mugikorreko deien banagune bat paratzeko proiekturako, Olatzeko 14. poligonoko 380. lurzatian, Eguesibarko udal-mugartean. Sustatzailea Orange España SAU da.
2017ko uztailaren 26an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M epigrafean sartua dago (komunikazio instalazioak). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.
Baimena eskatzen da telefono mugikorreko deien banagune baterako, haren legeztapena lortu ahal izateko; Olatzeko 14. poligonoko 380. lurzatian kokatuta dago, Eguesibarko udal-mugartean, lurzoru urbanizaezinean. Sustatzailea Orange España SAU da. Telefono mugikorreko deien banagunearen kokapena aldi baterako da eta ekipoak nahiz antenak desmuntagarriak dira. Ingurumen ukipenen baimena lortzeko aurkeztu den proiektuak Orangerena den eta dagoeneko existitzen den telefono mugikorreko deien banagunea legeztatzea du helburu; NA0025 kodea du eta 2,20 × 2,50 m-ko etxola aurrefabrikatu bat da; haren barrenean, honako hauek biltzen dira: zenbait telekomunikazio ekipo, koadro elektriko trifasiko bat, korronte zuzeneko ekipoak eta transmisio ekipoak.
Espedientean Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak emandako txostena jaso da. Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak espedientearen aldeko txostena eman du.
Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea telefono mugikorreko deien banagune bat instalatzeko Olatzeko (Eguesibarko udal-mugartean) 14. poligonoko 380. lurzatian, Orange España SAUk sustaturik.
2. Baimenak neurri hauek aplikatzera behartzen du:
–Hirigintza arlokoak:
- Baimen honek babesa ematen die telefono mugikorreko deien banagunea ezartzeari eta instalazio horretarako hargune elektrikoa jartzeari, hura legezta dadin, aurkeztutako dokumentazio teknikoa eta baimenak ezartzen dituen xedapenak oinarri harturik.
- Herri-lurren Atalaren txostenak dioena betez, egiaztatu da instalazio hori ez dagoela 14. poligonoko 380. lurzatian bakarrik, baizik eta herri lurra den 14. poligonoko 308. lurzatiaren zati bat ere hartzen duela. Beraz, Orange Espagne SAU enpresak legeztatu nahi duen duen jarduketak Olatzeko Kontzejuaren herri lurrak ukituko dituenez, kontzejuak, jarduera lizentzia jaso baino lehen –Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren Herri-lurren Atalaren bidez–, lursail horien desafektazioaren onespena lortu beharko du, gero proiektuaren erabilera sustatzaileari lagatzeko. Horretarako, aginduzko tramiteen ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, honako hauetan ezarritakoarekin bat: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140. artikulua eta Nafarroako Toki Entitateetako Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 143. artikulua.
- Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 112.2 artikuluaren arabera, instalazioaren edo azpiegituraren elementuek, kanpora ateratzen direnek, 3 m-ko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko bazterretik neurtuta. Nola antenak hala deien banagunearen itxiturek zortasun eremu hori errespetatu beharko dute.
- Egin gogo diren lanek ukitzen ahal dituzten edo lanen trabagarri izaten ahal diren azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
- Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluaren arabera, baimendutako jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere 5 urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio ezen aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, lurzorua lehengoratzeko bost urteko epean gehienez.
3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Eguesibarko Udalari, Basozaintzari (Iruñeko barrutia) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2018ko martxoaren 5ean.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.
Iragarkiaren kodea: F1803230