74. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

26E/2018 EBAZPENA, martxoaren 1ekoa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena “Irtenbide Bateratua, 4. Fasea. Burutain-Ostitz Lotura” proiekturako, Anueko eta Odietako mugapean. Sustatzailea Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitatea da.

2017ko irailaren 28an, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean sartua dago (Uraren goi-hornidurarako eta saneamendurako hodiak, lurzoru urbanizaezinean paratzen direnean eta dekretu horren beste eranskin batean bilduta ez daudenean). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuak egindako “Uraren goi horniduraren Nafarroako Plan Zuzentzailea”ren irtenbidearen barruan dago proiektua. Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitatearen Uraren goi hornidura hobetzeko irtenbidearen laugarren fasea da eta orain arte gauzatutako aurreko faseak osatzen ditu.

Proiektuak burdinurtu nodularrezko 100 eta 80 mm-ko hoditeria jarri nahi du, 3,5 km-an zehar, Etulaingo gunetik Burutaineraino eta Ostitzeraino. Gaur den egunean, Lanzko iturburuetatik hornitzen dira herri horiek. Hoditeria Iruñerriko Mankomunitatearena (SCPSA) da eta hemendik gutxira utziko dio zerbitzua emateari; beraz, Ultzanuetaren sarearen bidez hornitu beharko dute Anuek (Burutain) eta Odietak (Ostitz).

Lanetan, honako jarduketa hauek eginen dira:

–Hoditeria nagusia: Burdinurtu nodularrezko Ø 100ko hoditeria jartzea Etulaingo gunetik Burutaingo guneraino; 1.823 m-ko luzera izanen du gutxi gorabehera. Burutaingo gunetik Ostizko biltegira BNko Ø 80ko hoditeria jartzea, etenkako lau zatitan, gaur egun dauden hodien artean; 1.442 m-ko luzera izanen du gutxi gorabehera.

–Burutaingo adarra: BNko Ø 80ko hoditeria jartzea Burutaingo gunetik Burutaingo biltegiraino; 184 m-ko luzera izanen du.

%20 baino handiagoko malda duten zatietan, BNko hodiak jarriko dira, sarrailaz itxitako VE junturarekin, 80 m-an zehar, gutxi gorabehera. Gainera, beste lan osagarri eta hobekuntza batzuk eginen dira gaur den egunean dagoen hornikuntza sarean.

Proiektuarekin batera, Ingurumen ukipenen azterketa aurkeztu da, 2017ko irailekoa. Hartan, ingurune fisiko, biologiko eta sozioekonomikoa deskribatzen da eta balizko ingurumen ukipenak identifikatu eta baloratzen dira, eta horietarako prebentzio eta zuzentze neurriak ezartzen dira, baita ingurumen zaintza eta jarraipenerako plan bat ere. Proiektua egitean sortuko den ingurumen eragina txiki-ertaintzat jo da baldin eta babeste eta zuzentze neurriak betetzen badira.

Ingurumen ikuspegitik nabarmendu behar da hoditeriak bi aldiz gurutzatuko duela Mediano ibaia, eta behin, Saibeko erreka. Ibai-espazio hori europar bisoiaren (Mustela lutreola) bizitokia izaten ahal da.

Lurzoruaren erabilerari dagokionez, ibilbidearen zatirik handiena belardietatik, larreetatik, bideetatik eta errepide bazterretatik joanen da. Ukitutako landaredi naturalaren gainaldean, batez ere, landaredi nitrofilo-erruderala egonen da zuhaixka orlarekin, eta ibai ertzeetako basoekin. Horri dagokionez, honako hauek dira ukipenik aipagarrienak:

–Etulaingo gunea - Burutaingo gunea tartea:

Hoditeriak larretarako erabiltzen diren lurzatien arteko bi muga gurutzatuko ditu. Zuhaixka horiek, batez ere, honako zuhaixka hauetako orla bat osatzen dute: laharra (Rubus ulmifolius), basarana (Prunus spinosa) eta zuhandorra (Cornus sanguinea). Horren ondotik, makal italiarrak eta sakabanatutako fruta zuhaitzak dituen lurzati bat ukituko du. Etulaingo Bentara ailegatu baino lehen, Saibeko erreka gurutzatu behar du, eta gero, Mediano ibaia.

Erreka bazterrean, honako hauek ditugu: haritzak dituen sasitza bat (Quercus humilis), astigarrak (Acer campestre) eta sahats zuriak (Salix alba; S. atrocinerea). Mediano ibaia gurutzatzeko, hoditeriak sasitza batean barna sartu behar du, eta, gero, oso egoera onean dagoen ibai bazterreko baso batean. Gurutzatze horretan, haltz beltzak (Alnus glutinosa) ukituko ditu batez ere.

–Etulaingo gunea - Ostizko biltegia tartea:

N-121-A errepideko zubibidearen azpitik pasatu eta NA-8109 errepidearen ingurura ailegatu baino lehen, haritzen arteko bide estu batetik pasatuko da ibilbidea.

–Burutaingo adarraren tartea:

Adarraren edo gunearen hasieran, hoditeriak beste behin gurutzatuko du Mediano ibaia. Ibaiaren puntu horretan honako espezie hauek ditugu: makal beltz handiak (Populus nigra), haltz beltzak (Alnus glutinosa) eta lizarrak (Fraxinus excelsior), eta laharrez, zuhandorrez, intsusez eta sahatsez osatutako zuhaixka orla bat. Ibaia gurutzatu eta gero, hoditeria herriko lurzoru urbanizagarrian eta bide batean barna joanen da eta, ia ukipenik sortu gabe, biltegira ailegatuko da.

Gainera, proiektuak Baztango Donejakue Bidean izanen du eragina. Natura 2000 Sarean eta Nafarroako Naturagune Babestuen Sarean ez da eraginik sortuko.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak proiektuaren aldeko txostena egin du, baina Ingurumen Ukipenen Azterketan ezarritako neurriak eta Ebazpen honen ebazpen zatian biltzen diren baldintza eta neurri guztiak bete beharko dira.

Espedientean, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak 2018ko otsailaren 12an proiektuari buruz emandako txostena jaso da.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. “Irtenbide Bateratua, 4. Fasea. Burutain-Ostitz Lotura” proiektuari ingurumen ukipenetarako baimena ematea, Anueko eta Odietako mugapean. Sustatzailea Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitatea da.

2. Baimenak neurri hauek aplikatzera behartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Proiektua gauzatzeko, ingurumen arloko teknikari batek bertan agertu beharko du, behintzat zuinketa lanak egin eta landaredi naturala ukitzen duen lanerako eremua ireki bitartean, ibaia eta erreka zeharkatzen dituenean eta azken lehengoratze lanak egiten diren bitartean.

–Landaredi naturalean eta haritzez inguratutako bide estuan barna joanen diren zatietan, obra zinta erabiliz balizatutako da lan eremua. Debeku da makinak pasatzea edo materialak biltzea balizatutako eremuetatik kanpo. Zona berezi horietan, lan eremuko zabalera ezin izanen da 5-7 m baino zabalagoa izan, eta makinek lerroan lan egin beharko dute.

–Makal italiarren eta fruta sakabanatutako arbolen lurzatiaren barna pasatuko den zatian, hoditeriak makalak saihestu beharko ditu horiek moztu behar ez izateko.

–Saibeko erreka gurutzatzeko soilgune bat bilatuko da ibai bazterreko zuhaitz landarediaren artean. Puntu horretan (0+703 KP), landareditik kanpo joan beharko du isurbide hodiak, eta ukipen hori dagozkion isuri eta hegaletarako bakarrik erreserbatuko da. Kalkulatzen da aski izanen dela ibai bazterrean 50 m²-ko azalera okupatzea.

–Etulaingo Bentatik hurbil (0+900 KP) Mediano ibaia gurutzatzeko proiektuak eragin larria izaten ahal du ibai bazterreko basoan. Horren ondorioz, harlanduzko zubiaren ondoan dagoen ibaian irekitako tartea gurutzatzea proposatzen da, zubiari eta zuhaitzei eragin gabe. Puntu horretan gurutzatzea teknikoki ezinezkoa balitz, Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalari horren berri eman behar litzaioke, eragin gutxiago sortuko lukeen puntu alternatibo bat bilatzeko.

–Burutaingo gunearen ondoan Mediano ibaia gurutzatzean, zenbait desbideratze eginen dira zuhaitz handiak eta bereziak moztu behar ez izateko. Horrelako aleak babestu eta balizatu beharko dira.

–Jarduketa eremua bisoi europarraren ohiko habitata dela aintzat hartuta, ibaia eta erreka gurutzatzeko egin beharreko sastraka mozteak eta lur mugimenduak irailetik martxora bitartean eginen dira, ugaltze garaian espeziarengan eraginik ez sortzeko. Gainera, sastraka mozten denetik lurrak mugitzen hasi arte, gutxienez 48 ordu pasatu behar dira ur-ingurunearekin lotutako faunari lekuz aldatzen uzteko.

–Azkenean ibilguan harri-lubetarik egin behar bada, aldez aurretik, Zuzendaritza Nagusi honetako Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari eman beharko zaio horren berri (restauracionderiberas@navarra.es).

–Hondeatzeko makinak sartu baino lehen, eskuz kendu behako da sastraka. Zuhaitzak moztu beharrean zuhaitzen adarrak moztea lehenetsiko da, eta modu garbian moztuko dira, urratu gabe.

–Zuhaitzak moztu baino lehen, Ultzama-Arakil barrutiko Basozaintzari deitu beharko zaio (948 50 03 61 edo 679 996 810; e-mail: ogfoular4@cfnavarra.es), markatu ditzan.

–Zanga egitean, landare lurra kendu eta behar den moduan bilduko da, hondeaketaren gainerako materialetatik bereiz, bukaeran erabili ahal izateko zangaren goiko bete-lanetan eta obrek ukitutako gainazalak lehengoratzean.

–Proiektua gauzatutakoan, obrek ukitutako gainazal guztiak lehengoratuko dira. Landare lurra zabaldu ondoren, eremua profilatu eta lurra findu eginen da, inguruko lurrekin modu egokian bat egin arte alderdi fisiografikoari dagokionez. Ondoren, proiektuan aurreikusitako landaketak eginen dira ingurua berriz landareztatzeko. Gainera, ukitutako belardiak landareztatu beharko dira inguru horretakoak diren belar-espezien hazien nahasketa bat ereinez. Landareztatze lanak neguko hilabeteetan eginen dira, geldialdi begetatiboan zehar.

–Lehengoratze lanak egitean, makinak pasatzean ukitutako lurrak destrinkotu beharko dira.

–Hoditeriak gurutzatu behar dituen ibaia eta errekaren ibilguak lehengoratzeko, ibilgu naturalaren morfologia eta ohantzearen granulometria leheneratzeko lanak egin beharko dira. Ukitutako ibai bazterrak, ahal den neurrian, ibilguan bertan dauden sahatsen adar-aldaxkekin landareztatuko dira.

–Lanak bukatuta, garbitzeko kanpaina bat eginen da, proiektuaren jarduketa eremuan gelditzen diren hondar eta zabor guztiak kentzeko.

–Hondeatze lanetatik sobran gelditzen diren lurrak eta gainerako eraikitze- eta eraiste-hondakinak hondakinen kudeatzaile baimendu batek kudeatu beharko ditu.

–Obrak hasi baino lehen, sustatzaileak Kultura, Kirola eta Gazteria Departamentuko Ondare Historikoaren Zerbitzuaren aldeko txostena izan beharko du balio arkeologikoei eta ondare kulturalaren gaineko balizko ukipenei dagokienez.

–Obra amaierako ingurumen txosten bat aurkeztuko da, han adierazita ukitutako espazio osoa zenbateraino lehengoratu den, eta argazkiak erantsiko dira.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117. artikuluaren ondorioetarako.

–Baimen honek lurzoru urbanizaezinetik joaten den azpiegitura baino ez du babesten.

–Bideei dagokienez, azpiegiturarekin lotutako elementuren bat lurraren sestra baino gorago ateratzen bada, 3 m-ko zortasun eremua errespetatu beharko da bide publikoen kanpo bazterretik neurtuta (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 110.2 art.).

–Baimenak ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu gogo diren jarduerak azpiegitura honekin lotzea.

–Egin gogo diren lanek ukitzen ahal dituzten edo lanen trabagarri izaten ahal diren azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

–Zehatzago, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren baimena ukitutako errepideei dagokienez, Nafarroako Errepideei buruzko 5/2007 Foru Legean ezarritakoarekin bat, eta Ebroko Ur Konfederazioaren baimena, Urei buruzko lege indardunean ezarritakoarekin bat.

–Herri lurren ukipenari dagokionez (Anueko 9. poligonoko 114. lurzatia eta 8. poligonoko 191. lurzatia), Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legeak ezarritakoa beteko da, Herri-lanen Atalaren txostenak dioena kontuan hartuz (2018-01-11): “Ultzanueta Mankomunitateak ezarri nahi dituen kanalizazioek herri lurrak ukituko dituztenez, Etulaingo eta Burutaingo Kontzejuek, obra-lizentzia eman baino lehen, lursail horiek okupatzeko baimena eskuratu beharko dute Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herri-lurren Atalaren bidez. Horretarako, aginduzko tramiteen ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan ezarritakoarekin bat”.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, gehienez bi urteko epea ezartzen da ebazpen honen babespeko jarduketak egin edo abian jartzeko, baimena ematen denetik hasita. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak iraungiko dira zuzenean, eta baliorik gabe geldituko da. Baimendutako jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere 5 urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio ezen adierazpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, lurzorua lehengoratzeko bost urteko epean gehienez.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Anueko eta Odietako udalei, Basozaintzari (Ultzama-Arakil barrutia) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko martxoaren 1ean.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1802976