1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
24E/2018 EBAZPENA, martxoaren 1ekoa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena “GNLa biltzeko instalazioa egitea, 3,5 bar-eko MOP presioko sarea handitzea eta PGLa GNLarekin ordezkatzea” proiekturako, Mendigorriko udal mugapean. Sustatzailea Gas Navarra SA da.
2017ko irailaren 12an, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean (Energiari buruzko instalazioak) sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.
Honako helburu hauek ditu proiektatutako jarduketak: gas natural likidotua biltzeko instalazio bat eraikitzea, gas naturalaren hornikuntza sarea zabaltzea eta erregai-gasa aldatzea.
2017ko azaroaren 20an, proiektuaren eranskin bat aurkeztu zen, eta, haren bidez, kanalizazioa egiteko proiektatutako bidea aldatu egin zen.
Lanak Mendigorriko mugapean eginen dira. Instalazioa eta banaketa sarea lurzoru urbanizaezinean eraikitzea aurreikusita dago. Banaketa sareak 513 m izanen ditu; polietilenozko PE-100 eta SDR 17.6 hoditeriaren bidez eginen da, eta honelako diametro nominalak izanen du: 160 eta 110 mm.
Instalazioaren edukiera 30 m³-koa izanen da. Honako elementu hauek izanen ditu: biltze horizontaleko tanga bat, andelak husteko unitatea, birgasifikatzeko, erregulatzeko, neurtzeko eta usaina emateko moduluak, eta sistema osagarriak, gasa 3,5 bar-eko presioan aterako da.
Kanalizazioa lur azpian eginen da, 0,6 m-ko sakoneran. Zanga hondarrezko geruza fin batekin diseinatu da; haren gainean, hoditeria jarriko da eta hondarrez estali. Hodiaren gainean (200-300 mm-ra), plastikozko seinaleztatze zerrenda bat jarriko da. Azkenik, gainaldeko 300 mm-ak hondeaketatik ateratako lurrarekin beteko dira. Ibilbidean zehar, ikusteko moduko seinaleztatze zedarriak jarriko dira.
Proiektuarekin batera, Ingurumen ukipenen azterketa aurkeztu da. Hartan, ingurune fisikoa eta biologikoa deskribatzen da, balizko ukipenak identifikatzen eta horietarako prebentzio eta zuzenketa neurriak ezartzen, baita ingurumen zaintzarako plan bat ere.
Biltze instalazioa Mendigorriko 3. poligonoko 85. lurzatian egonen da, Agreroko trokarteari lotutako ordoki alubialaren barruan. Kanalizazioak trokarte txiki hori gurutzatuko du eta lezkadi batean izanen du eragina. Horren ondotik, “Milagro-Aezkoa” errege abelbidea gurutzatuko du eta lursail landuetan barna joanen da NA-601 errepidera ailegatu arte. Hortik aurrera, herriko lurzoru urbanizagarrira joko du Zabarate izeneko parajeko hegal batetik, lehenbizi bide baten azpitik eta gero albitz-larre bat zeharkatuz.
Ez du eraginik izanen naturagune babestuen sarean, Natura 2000 sarean eta hegaztien babesguneetan.
Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak proiektuaren aldeko txostena eman du, ingurumenean sortzen ahal diren kalteen ondorioetarako, neurri prebentibo eta zuzentzaileak betetzeko baldintzapean. Ingurumen ukipenen azterketan eta Ebazpen honen ebazpen zatian jaso dira.
Espedientean, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalaren txostena eta Natur Ingurunearen Plangintza Estrategikorako Atalaren txostena daude jasota.
Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea “GNLa biltzeko instalazioa egitea, 3,5 bar-eko MOP presioko sarea handitzea eta PGLa GNLarekin ordezkatzea” proiekturako, Mendigorriko udal mugapean. Sustatzailea Gas Navarra SA da.
2. Baimenak neurri hauek aplikatzera behartzen du:
Ingurumen arlokoak:
–GNLa biltzeko instalazioa Mochuelo izeneko bidetik ahalik eta hurbilen kokatu beharko da, Agreroko trokarteari lotutako ordoki alubuialetik kanpo egon dadin.
–Kanalizazioa landaredi naturalean barna (trokartea eta larrea gurutzatzean) pasatzen denean, lan eremua obretako zintarekin balizatuko da, eta makinak eta metatuko materiala ezin izanen dira balizatutako zonetatik kanpo egon. Lan eremuak ahalik eta estuena izan behar du; ezin izanen da 6 m baino zabalagoa izan eta makinek lerroan lan egin beharko dute.
–Hondeamakinak sartu baino lehen, eskuz kendu behako da sastraka. Adarrak modu garbian ebakiko dira, urratu gabe.
–Kanalizazioak ukituko duen trokartea europar bisoiarentzako habitata izaten ahal da; beraz, eta espeziearen ugaltze garaian eragozpenik ez sortzeko, gomendatzen da trokartea gurutzatzeko lanak irailetik martxora bitartean (biak barne) egitea. Edozein kasutan, sastraka mozten denetik lurrak mugitzen hasi arte, gutxienez 48 ordu pasatu behar dira ur ingurunearekin lotutako faunari alde egiten uzteko.
–Lurzoru urbanizagarriarekin mugakidea den kanalizazioaren azken zatian, soilgune bat bilatuko da zuhaitzen artean. Zuhaitzen bat moztu behar izanez gero, Lizarrako hegoaldeko barrutiko Basozaintzari emanen zaio horren berri (948 556 031 o 686 504 339; ogfoeste11@cfnavarra.es), markatu dezan.
–Lursail naturalean eginen den zanga irekitzean, landare lurra kendu eta behar den moduan bilduko da, hondeaketaren gainerako materialetatik bereiz, bukaeran erabili ahal izateko zangaren goiko bete-lanetan.
–Hondeatze lanetatik sobran gelditzen diren lurrak eta zoruak eraistean sortutako hondakinak hondakinen kudeatzaile baimendu batek kudeatu beharko ditu.
–Obrak bukatutakoan, ukitutako azalera guztiak lehengoratu beharko dira. Landare lurra zabaldu ondoren, eremua profilatu eta lurra findu eginen da, inguruko lurrekin modu egokian bat egin arte alderdi fisiografikoari dagokionez.
–Lehengoratze lanak egitean, makinak pasatzean ukitutako lurrak destrinkotu beharko dira.
–Trokartea lehengoratzeko, ibilguaren morfologia naturala eta ohantzearen jatorrizko granulometria leheneratu behar dira.
–Hegaletik gora doan kanalizazioaren zatiak larrean eragina izanen duenez, eskuz erein beharko dira errotze sakoneko zenbait belar-espezie (Lolium perenne, Festuca rubra, Lolium rigidum, Medicavo sativa, Agropirum repens) eta inguru horretakoak diren zenbait zuhaixka-espezie (Thymus vulgaris, Genista scorpius, Dorycnium pentaphyllum).
–Lanak bukatuta, garbitzeko kanpaina bat eginen da, proiektuaren jarduketa eremuan gelditzen diren hondar eta zabor guztiak kentzeko.
–GNLa biltzeko instalazioa paisaian hobeki integratzeko, makalak landatuko dira inguru hurbilenean.
–Abelbideei dagokienez, Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atalak erantsitako 2018ko urtarrilaren 15eko txostenean xedatzen dena aplikatuko da.
–Obrak hasi aurretik, sustatzaileak Kultura, Kirola eta Gazteria Departamentuko Ondare Historikoaren Zerbitzuaren aldeko txostena eskuratu beharko du.
Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117. artikuluaren ondorioetarako:
–Mendigorriko Udalak begiratuko du Udalaren eskumeneko determinazioak betetzen direla. Zehazki, 3. poligonoko 85. lurzatian paratu beharreko biltegia inguruan integratzeari dagokionez, lurzatiaren baldintzak eta azken egoera begiratuko dira, eta Udalak zehaztuko du lizentziaren kontzesioan zer neurri zehatz (heskaiak, etab.) hartu beharko den paisaiaren gaineko eragina murrizteko (35/2002 Foru Legearen 88. artikulua).
–Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak (Herri-lurren Atala) 2017ko abenduaren 13ko txostenean xedatutakoa bete beharko da.
–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu gogo diren jarduerak gas sarera lotzea.
–Egin nahi den jarduerak ukitzen ahal dituzten edo obren trabagarri izaten ahal diren azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen eta txosten guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Zehatzago, sustatzaileak Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari eskatu beharreko baimenean ezartzen diren determinazioak bete beharko dira, NA-601 (Campanas-Lerin) errepideari dagokionez, Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legean ezarritakoarekin bat.
–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen. Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere 5 urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio ezen aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, lurzorua lehengoratzeko bost urteko epean gehienez.
3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 4.500 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.
4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atalari, Mendigorriko Udalari, Basozaintzari (Lizarrako hegoaldeko barrutia) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2018ko martxoaren 1ean.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.
Iragarkiaren kodea: F1802990