74. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

23E/2018 EBAZPENA, martxoaren 1ekoa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Araizko udal mugapean Gaintzako (Araitz) aireko kable sistemaren lehengoratze-, informazio-, interpretazio- eta sustatze-lanak egiteko. Sustatzailea Araizko Udala da.

2017ko abenduaren 7an, Ingurumen ukipenetarako baimena eskaera aurkeztu da Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proposamena honako honetan datza: Nafarroako zona horretan belarrak moztu eta gero herritara jaisteko erabiltzen ziren kableen sistemaren zati bat lehengoratzea, ondare etnografiakoa mantentzeko eta kultura elementu horren balioa sustatuko duen ekipamendu txiki bat sortzeko.

Proposamenak, neurri txiki batean, “Aralar Mendilerroa” ES2200020 Babes Bereziko Zona hartzen du, Gaintza herriko hegoaldeko mendi hegaletan, bereziki Araizko 5. poligonoko 413. eta 419. lurzatietan; herri lurrak dira horiek.

Proiektua Nafarroako zona horretako intereseko fauna katalogatuari (batez ere hegaztiak) ez eragiteko modelatu eta gero, honako jarduera hauek aurreikusten dira:

–Beheko eta goiko ainguratzeak berreraikitzea, ohiko harri horma baten bidez, metro bateko sakonerako hormigoizko zapatarekin egina eta bi aldetan kareharrizko harlauzez estalia. Horma babesteko, goiko partean, altzairu herdoilgaitzezko pletina bikoitz bat jarriko da, L forma eginez. Beheko ainguratze hormatxo berriaren estradosean, akaziazko bi zutoin biribil (40x350cm) jarriko dira, elkarren artean 1 m-ko tartea utzita; hormigoizko zapata jarraitu batek (1x1x2 m) eginen ditu euste-lanak; gero, hasierako hondeaketa-lanetatik hartutako belar-zohizko geruza fin batez (20 cm-koa) beteko da zangaren goiko partea.

–Aireko kable bat (gutxi gorabehera 345,45 ml-koa) jartzea 10 mm-ko diametroa duen altzairu herdoilgaitzeko zirga erabiliz; eskuz eramanen da goiko ainguratzeraino, eta, goian, kable euskailu batez eta berno batez (altzairu herdoilgaitzezko ainguratzeko berno-iltzea) lotuko zaio kareharri amari; behean, lehenagoko tenkagailua erabiliko da eta tractelen bidez tinkatuko da.

–Herrian eta beheko ainguratze horman, informazio panelak eta beste ekipamendu txiki batzuk jartzea eta liburuxkak argitaratzea.

Espedientean, Araizko Udalaren 2018ko otsailaren 12ko txosten bat ageri da, 2017ko urriaren 23ko beste bat berresten duena; hor, proiektuaren dokumentazioa aurkezten du eta jarduera ez du berritzat hartzen.

Espedientean ere, badago Natur Ingurunearen Zerbitzuak 2018ko otsailaren 23an emandako aldeko txosten bat, baina zenbait baldintza ezartzen ditu; hor aztertzen da ea proposamena bateragarria den “Aralar Mendilerroa” ES2200020 Babes Bereziko Zonako balio naturalekin, habitatekin, katalogatutako landaredi eta faunarekin eta biodibertsitatearekin.

2018ko otsailaren 26an, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko Lurraldea Estrategia eta Ereduaren Atalak aldeko txostena eman zuen, baina proiektuari zenbait baldintza ezarriz.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak aldeko txostena egin dio espedienteari, baina espedientean bildutako txostenetako baldintzak ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Araizko udal mugapean Gaintzako (Araitz) aireko kable sistemaren lehengoratze-, informazio-, interpretazio- eta sustatze-lanak egiteko Ingurumen ukipenetarako baimena ematea. Sustatzailea Araizko Udala da.

2. Baimenak neurri hauek aplikatzera behartzen du:

Ingurumen eta kultura arlokoak:

–Instalazioa egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratuko dira.

–Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikulua eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluak). Aditzera ematen dugu ezen, hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste larritzat hartuko direla, foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.

–Lanak hasi baino 48 ordu lehenago, Ingurumen Departamentuko Basozaintzari (“Ultzama-Arakil” 4. Aldea) horren berri emanen zaio, lanak gainbegira ditzan, batez ere honako hauek: aurreikusitako belar-sastraken garbitzeak eta mozketak, sobera gelditu den materialaren kudeaketa eta belar-zohien babestea lanak bukatutakoan berriz koka daitezen.

–Hegaztiek eta saguzarrek kablearen kontra talka egin ez dezaten, kablea seinaleztatu beharko da tenkatzen denean, eta tenkatu gabe eta lurrean utzi beharko da erakustaldiak eta ingurune horretan egindako belar-ebakitzeak bukatu eta gero.

–Erakustaldiak eta ospakizunak irailean eta urrian zehar eginen dira, inguruan bizi diren hegazti katalogatuen ugaltze garaian eragozpenik ez sortzeko. Beste garai batean egiteko asmoa izanez gero, aldez aurretik, Natur Ingurunearen Zerbitzuko Eskualde Atlantikoa Kudeatzeko Atalari galdetuko zaio haren bideragarritasunari buruz.

–Erakustaldietan, ikusleak kablearen azken zatiaren inguruan kokatuko dira.

–Proiektuak ez du inguruneko abeltzaintzan eragin negatiborik izan behar.

–Jarduera ez da dronen bidez grabatuko, eta, filmatzeko bide hori erabili nahi izanez gero, 48 ordu lehenago jakinaraziko zaio Ingurumen Departamentuko Basotzaintzari (“Ultzama-Arakil” 4. Aldea), aziendengan eta hegaztiengan izaten ahal dituen eraginen jarraipena egiteko; izan ere, orain arte ez da jakin zer-nolako eraginak izaten ahal dituen horrek.

–Hondakinak eta lanak behar bezala kudeatuko dira lanaren eremuan kutsadurarik sor ez dadin.

–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak “Aralar Mendilerroa” ES2200020 Babes Bereziko Zonan eta hango landare- edo fauna-espezieetan eragin zuzenak edo zeharkakoak saihesteko ezarritako baldintzak aldatzen ahalko ditu, batez ere Natur Ingurunearen Zerbitzuak egiaztatzen badu Babes Bereziko Zona horretako balioetan aurreikusi ez den eraginik badagoela proiektuaren, haren gizarte erabileraren eta programatzen diren erakustaldien ondorioz.

Hirigintza arlokoak:

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 112.2 artikuluaren arabera, instalazioaren elementuek, kanpora ateratzen direnek, 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko bazterretik neurtuta.

–Obra-baimena eman aurretik herri ondasuna okupatzeko legediari dagokionez, herri lurren titular den toki entitateak, Gaintzako kontzejuak, herri ondasunak okupatzeko baimena eskuratu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herri-lurren Atalaren bidez, eta horretarako nahitaezko izapideen ziurtagiriak aurkeztuko ditu, bai eta espedienteak ukitzen dituen lurzatiei buruzkoak ere, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/611990 Foru Legearen 172. artikuluan ezarritakoarekin bat.

–Egin gogo diren lanek ukitzen ahal dituzten edo lanen trabagarri izaten ahal diren gainerako azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Eskualde Atlantikoa Kudeatzeko Atalari, Araizko Udalari, Basozaintzari (Ultzama-Arakil 4. aldea) eta interesdunari dagozkion ondorioetarako.

Iruñean, 2018ko martxoaren 1ean.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1802972