74. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

26E/2018 FORU AGINDUA, martxoaren 26koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, garapenerako hezkuntza proiektuak eta sentsibilizazio ekintzak egiteko diru-laguntzetarako 2018ko deialdia onesten duena.

Gure Foru komunitatearen gizarte kontzientziaz jabeturik, Nafarroako erakundeek funtsak ematen dituzte Garapen Jasangarriaren Helburuak (Nazio Batuek 2015eko irailean hitzartuak) lortzeko. Funts horiek herrialde eta herri pobretuen giza garapen iraunkorrerako ekarpen solidarioak dira, eta garapenerako laguntza ofizial gisa ematen dira.

Bestalde, Europar Batasuneko Kontseiluak irizten du sendotu behar dela nazioarteko elkartasun sentimendua, eta Europan kulturen arteko gizarte bat ezartzearen aldeko ingurune bat sortu, garapenerako hezkuntza eta hari lotutako komunikazio politika garatuz Estatu kideetan eta garapenerako hezkuntzaren arloan lanean diharduten GGKEen ekimenak babesten jarraitzeko sustatuz. Ildo berean, “Garapenari buruzko Europako kontsentsua” zehaztu da, eta, besteak beste, adierazten du Europar Batasunak parte-hartze handia bultzatzen duela herrialdeen garapenean interesa duten eragileen artean eta gizarteko sektore guztien partaidetza adoretzen duela.

Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legeak Nafarroako garapenaren aldeko lankidetzari buruzko printzipio gidariak, helburuak eta baliabideak ezartzen ditu. Horrela, 1. artikuluan adierazten du Nafarroako Foru Komunitateak bere egiten duela beste herrialde batzuekin lankidetzan aritzeko erantzukizuna, haien garapen integrala bultzatzeko, hango herritarren bizi baldintzak hobetzen laguntzeko eta pobretasun egoerak arindu eta zuzentzeko, giza garapen solidario eta egonkorra bultzatuz, askatasun kuota handiagoak eta hazkunde ekonomikoaren fruituen banaketa zuzenagoa barne direla.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak laguntza publiko guztiak arautzen ditu, eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, bai eta diru-laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko bidea ere. Orobat, haren 30. artikuluaren arabera, aurrekontuko ekitaldia ez den urteko aldi batean (ikasturtean, adibidez) gauzatu ohi diren diru-laguntzaren xedeko jardueren kasuan, hurrengo ekitaldirako behar den gastu konpromisoa eskura daiteke, eta horretarako Nafarroako Gobernuaren baimena ez da nahitaezkoa.

Horrenbestez, beharrezkoa da garapenerako hezkuntza proiektuak eta sentsibilizazio ekintzak egiteko diru-laguntzei buruzko oinarriak ezarri eta argitaratzea, diru-laguntza horietan publizitatearen, gardentasunaren, konkurrentziaren, objektibotasunaren, berdintasunaren, bereizkeriarik ezaren eta kontrolaren printzipioak bermatzeko, baita administrazio emaileak finkaturiko helburuak lortzeko eraginkortasuna eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko eragimena ere.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Garapenerako hezkuntza proiektuak eta sentsibilizazio ekintzak egiteko diru-laguntzetarako 2018ko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinetan jaso direnak, onestea.

3. 580.000 euroko urte anitzeko gastua baimentzea, honela banatuta: 380.000 euro 2018ko ekitaldirako, 2018ko Gastuen Aurrekontuko “Garapenerako nazioarteko lankidetza” izeneko 900004 91100 4819 143102 partidaren kargura; eta 200.000 euro 2019ko ekitaldirako, 2019ko Gastuen Aurrekontuetan horretarako gaitzen den partidan behar adinako kreditua baldin badago.

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Foru agindu hau Administrazio Aferetarako Bulegora, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kontabilitate Zentrora, Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzura eta Diru-laguntzen Datu Base Nazionalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko martxoaren 26an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.

I. ERANSKINA

Garapenerako hezkuntza proiektuak eta sentsibilizazio ekintzak egiteko diru-laguntzetarako 2018ko deialdiaren oinarriak

Lehena.–Xedea eta helburua.

1. Eskubide Sozialetako Departamentuak diru-laguntzen deialdia egin du. Horien bidez, Nafarroan diren Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeekin (GGKE) eta unibertsitateekin batera, garapenerako lankidetzaren eragile diren heinean, gizartea garapen bidean diren herrialdeen arazoekiko sentikorrago bihurtuko duen eta elkarren mende dagoen munduari buruzko kontzientzia eta ulermen kritikoa garatuko dituen esku-hartzeak finantzatuko dira elkartasuna eta lankidetza aktiboa bultzatuz.

2. Esku-hartzeak hiru mota edo modalitatetakoak izaten ahalko dira:

A modalitatea.–Sentsibilizazio ekintzak. Esku-hartze horien xedea da garapen bidean dauden herrialdeen arazoen ezagutza erraztea, batik bat aurrerapen txikiena duten herrialdeena, eta txirotasunaren arrazoiak eta globalizazioaren harreman ekonomikoak, sozialak eta kulturalak ulertzen laguntzea.

B modalitatea.–Garapenerako hezkuntza esparru ez-formalean. Hezkuntza asmoa izanik eta irakaskuntza-ikaskuntzaren esperientziak planifikatuta direla, hezkuntza formalaren esparrutik kanpo gertatzen diren hezkuntza prozesuak bultzatzen dituzten esku-hartzeak dira.

C modalitatea.–Garapenerako hezkuntza esparru formalean, hau da, legez araututako hezkuntza sisteman garatzen diren jarduera pedagogiko guztiak. Zenbait urtetarako esku-hartzeak izanen dira, ikasturte batean egiten baitira.

Bigarrena.–Aurrekontuko diru erabilgarria modalitatearen arabera.

Guztira, 2018. urtean, helburu horietarako, 380.000 euro bideratuko dira, 2018ko Gastuen Aurrekontuko “Garapenerako nazioarteko lankidetza” izeneko 900004 91100 4819 143102 partidaren kargura. Zenbatekoa lau modalitateen artean banatuko da, honela:

A modalitatea.–Sentsibilizazio ekintzak: 180.000 euro.

B modalitatea.–Garapenerako hezkuntza esparru ez-formalean: 75.000 euro.

C modalitatea.–Garapenerako hezkuntza esparru formalean: 125.000 euro.

2019ko ekitaldirako, eta C) modalitaterako (garapenerako hezkuntza esparru formalean) soilik, 200.000 euro egotziko dira; betiere, 2019. urteko gastuen aurrekontuetan xede horretarako gaitzen diren partidetan kreditu nahikoa bada.

Modalitateren batean 2018. Urterako aurreikusitako kreditua agortzen ez bada, sobratzen den dirua besteen artean banatuko da, lehentasun hurrenkera honi jarraituz: C modalitatea: Hezkuntza formala; B modalitatea: Hezkuntza ez-formala; A modalitatea: Sentsibilizazioa.

Hirugarrena.–Entitate onuradunek bete beharreko baldintzak:

Deialdi honen xede diren diru-laguntzak hartu ahal izateko, garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek (GGKE) eta unibertsitateek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak izanez gero, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziako (AECID) Garapenerako Gobernuz kanpoko Erakundeen Erregistroan inskribaturik egon beharko dute.

b) Entitatearen egoitza edo ordezkaritza iraunkorra Nafarroako Foru Komunitatean izatea.

c) Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean izatea, eta zorrik ez izatea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin.

d) Diru-laguntzen onuraduna izateko Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako gainerako debeku-egoeretan ez egotea.

e) Gainera, hiru entitate edo gehiagoren batasunek ere hartzen ahalko dute parte, berezko nortasun juridikoa edukita edo ez, eta, hortaz, onuradunak izaten ahalko dira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8. artikuluko 2. eta 3. Apartatuetan xedatutakoarekin bat. Kasu horretan, batasuneko entitate bakoitzak lehen aipatutako baldintza guztiak bete beharko ditu. Unibertsitateen kasuan, C modalitatean bakarrik aurkezten ahalko dira, hau da, “garapenerako hezkuntza esparru formalean” izenekoan.

Laugarrena.–Esku-hartzeetan bete beharreko baldintzak.

Diru-laguntzak hartu ahal izateko, entitate eskatzaileek aurkezten dituzten esku-hartzeek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Deialdi honen lehen oinarriko xede eta helburuei eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 2., 3. eta 7. artikuluetako printzipioei lotzea.

b) Finantzaketaren %20, gutxienez, entitateen beren funtsetatik aterako da, beste administrazio publikoetatik –Nafarroako Gobernuaren beste departamentuak eta erakunde autonomoak kenduta– edo beste entitate batzuetatik.

c) A eta B modalitateetako jarduerak 2018an egin behar dira. C modalitateko jarduerak, berriz, 2018-2019 ikasturtean.

d) Diruz laguntzen ahal diren zeharkako kostuak diru-laguntzaren %10 izanen dira gehienez ere.

e) Esku-hartze bakoitzeko eskatzen diren gehieneko zenbatekoak honako hauek izanen dira:

–A modalitaterako (sentsibilizazio ekintzak): 25.000 euro.

–B modalitaterako (garapenerako hezkuntza esparru ez-formalean): 25.000 euro.

–C modalitaterako (garapenerako hezkuntza esparru formalean): 30.000 euro GGKEen kasuan, eta 20.000 euro unibertsitateen kasuan.

Bosgarrena.–Diru-laguntzen bateragarritasuna.

1. Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaz aparte beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko zein pribatu batzuek edo norbanakoek, nazionalek edo atzerrikoek, jarduera bera garatzeko ematen dituztenekin.

2. Ematen diren diru-laguntzen zenbatekoak ez du sekula gaindituko, bakarrik edo beste erakunde edo entitate pribatu zein publiko batzuen laguntzekin batuta, diruz lagundutako jardueraren kostua.

Seigarrena.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Gastu diruz lagungarriak partida hauetan sartzeko modukoak izanen dira:

a) Zuzeneko gastuak: zalantzarik gabe, diru-laguntza jasotzen duen jardueraren izaerarekin bat datozenak, betiere esku-hartzea gauzatzeko ezarritako epean egiten badira. Multzo honetan, honako hauek sartuko dira:

a.1. Jarduerak egiteko lokalen alokairua.

a.2. Materialak eta hornidurak.

a.3. Langileria gastuak.

a.4. Bidaiak, ostatu hartzea eta dietak.

a.5. Zerbitzu teknikoak eta profesionalak.

b) Zeharkako gastuak: diru-laguntzari %10eko edo hortik beherako zenbatekoa aplikatzen ahalko zaio proiektuaren zeharkako kostuen kontzeptuan. Zeharkako gastuak GGKEaren ohiko funtzionamenduaren gastu administratiboak dira, esku-hartzea egiteko beharrezkoak direnak; horien %75 gutxienez Nafarroan egindako gastuak izanen dira.

Gastuak justifikatzeko, hamabosgarren oinarrian ezarritakoari jarraikiko zaio, frogatzeko zailak diren gastuak izan ezik. Izan ere, horrelakoetan, GGKEaren legezko ordezkariak gastu horien gaineko ziurtagiria egin beharko du. Ziurtagirian honako hauek agertuko dira: zenbatekoa, gastu motaren aipamena, diruz lagundutako esku-hartzearekin duen lotura eta zergatik den ezinezkoa arau orokorren arabera justifikatzea. Gainera, gastuaren frogagiriak aurkeztuko dira: fakturak, kontabilitatearen egoera-orri ikuskatuak edo gastua egiazki egin dela frogatzen duten bestelako agiriak. Ziurtagiri horren bitartez justifikatuko den diru kopuruak ez du zeharkako gastuen %30 edo diru-laguntzaren %3 gaindituko.

2. Langileria gastuak jardueraka xehakaturik aurkeztu behar dira, hauek azalduta: bakoitzean langileek zenbatsu ordu emanen dituzten, orduaren prezioa eta guztira zenbat ateratzen den.

3. Gastu finantzarioek, notario-gastuek eta erregistro-gastuek diru-laguntza jasotzen ahalko dute, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta hura ongi prestatu edo egiteko ezinbestekoak badira.

4. Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzaren etekin finantzarioak diru-laguntzaren zenbatekoari gehituko zaizkio eta diru-laguntzaren xede den jarduerari ere aplikatuko zaizkio.

5. Diruz lagundutako gastuak zerbitzuak emateko erabiltzen direnean eta 12.000 eurotik gorakoak direnean, txosten gehigarri bat aurkeztuko da, hornitzaileak hautatzeko prozedurari eta irizpideei buruzkoa, gutxienez haietako hiruri eskatutako aurrekontuekin batera.

6. Mota guztietako inbertsioak diru-laguntzetatik aparte gelditzen dira (ekipamenduak, garraio elementuak, lurrak, eraikinak...). Diru-laguntzarik gabe geldituko dira, oro har, protokolo-gastuak (bazkariak, harrera-ekitaldiak, opariak, loreak, ikuskizunetako sarrerak, etab.), eta diru-laguntzaren kontura egozten ahalko dira, bakar-bakarrik, jarduerak egitearekin lotura zuzena duten langileen joan-etorriei dagozkien bidaia, ostatu eta mantenu gastuak, betiere gainditu gabe Gobernuak 2012ko azaroaren 28an hartutako Erabakian kostu errealaren gainean ezarritako muga. Erabaki horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko enplegatuek joan-etorriengatik egiten dituzten gastuak onetsi ziren (2012ko 244. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 17koa).

7. Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzatik kanpoko ekarpen gisa onartuko dira lokalen alokairuen gaineko balioztatzeak, material didaktikoak eta borondatez eta doan egindako lanorduak, horrelako ekarpen guztien %35eraino, gehienez.

Zazpigarrena.–Eskaerak aurkeztea.

1. Entitate interesdunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztu beharko da eskabidea, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 20 egun naturaleko epean.

2. Eskaeren muga: entitate eskatzaile bakoitzak hiru esku-hartze egiteko aurkez dezake eskaera, baina hirurak ezin dira izan modalitate berekoak. Bakarka zein entitateen batasunek aurkeztutakoak kontatuko dira eskaeratzat.

3. Eskaerak, ahal dela, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkeztuko dira. Interesdunek Eskubide Sozialetako Departamentuaren Erregistroetan ere (González Tablas, 7, 31005 Iruña) aurkezten ahal dituzte eskaerak, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aurreikusitako tokietan. Gainera, eskaerak Nafarroako Gobernuarenak ez diren beste erregistro ofizial batzuetan aurkezten badira, aurkezpen horren berri eman beharko diote unitate kudeatzaileari, mezu elektronikoa bidaliz servcoopdes@navarra.es helbidera, aurkezpenaren egunean berean.

Posta bulegoen bitartez aurkezten diren eskaerek posta zerbitzuak arautzen dituen abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan aurreikusitako zehaztapenak bete beharko dituzte. Entitate eskatzaileek servcoopdes@navarra.es helbidera egun berean mezu elektroniko bat bidaliz iragarriko dute eskaera bidali dela.

4. Eskaera adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez da onartuko.

Zortzigarrena.–Aurkeztu beharreko agiriak.

Entitate eskatzaileek inprimaki ofizial batean eginen dute eskaera, eta dokumentazio hau gehituko diote:

A) Entitate eskatzailearen agiriak:

–Hirugarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko agiriak (horiek Foru Komunitateko Administrazioak ez badauzka edo haien edukia aldatu bada):

a) Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziaren GGKEen Erregistroan egindako inskripzioaren ziurtagiria; bereziki adieraziko da ordezkaritza bat zabalik dutela Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean. Aipamen horren ordez beste erregistro administratibo batek emandako ziurtagiri osagarria aurkezten ahalko da, ordezkaritza hori badela egiaztatzen duena, edo notarioaren agiria, fundazioen kasuan. Ziurtagiri horrek/horiek urtebete baino gutxiagoko antzinatasuna izan beharko du/dute, deialdi hau argitaratzen den egunean. GGKEak ez diren beste agente batzuekin osatutako elkarteei dagokienez, horiek kasuan kasuko erregistroan inskribatzeko ziurtagiria aurkeztuko dute, entitateko estatutuekin edo antzeko agiriekin batera, edo, bidezko bada, Nafarroan egoitza edo bulego iraunkorra duela frogatzen duen agiriarekin batera.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileek esku-hartzeko zikloaren faseren batean parte hartuz gero, langile horien izenen zerrenda eta programan egin beharreko eginkizunak eta eman beharreko denbora aurkeztu beharko dira; horrekin batera, pertsona horietako bakoitzaren erantzukizunpeko adierazpena, beren lana proposatutako jarduerarekin bateragarria dela dioena.

c) Entitateen batasunak izanez gero, erakunde bakoitzaren agiriez gain, honako hauek aurkeztuko dituzte:

c.1) Entitateen batasunaren eraketa agiria. Batasunak berezko nortasun juridikorik ez badu, eratze agirian berariaz azaldu beharko da batasunari, onuraduna den aldetik, dagozkion eginbeharrak betetzeko adina ahalmen duen ahaldunaren edo ordezkariaren izena, bai eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean preskribatzeko aipatzen den epea bukatu arte ez desegiteko konpromisoa ere.

c.2) Elkartea edo batasuna osatzen duen entitate bakoitzak, batasunaren kontura eta haren izenean, bere gain hartzen dituen eginkizunak eta konpromisoak adierazten dituen agiria. Haietako bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa ere azalduko da.

d) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, aurreko diru-laguntzak sartzeko bankuko kontua aldatu bada.

e) Nahi izanez gero, entitate eskatzaileek, diru-laguntza eskabidearekin batera, deialdi honen hemezortzigarren oinarrian araututa dagoen gardentasun betebeharra betetzeko behar den informazioa aurkez dezakete. Informazio hori eskaerarekin batera aurkezten ez badute, diru-laguntza jasotzen duten entitateek oinarri hartan ezarritakoa bete beharko dute, eta hilabeteko epea izanen dute informazio hori aurkezteko, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazten edo, kasua bada, argitaratzen den egunetik hasita.

B) Baloraziorako dokumentazioa:

a) Esku-hartzearen memoria teknikoa eta aurrekontua, inprimaki ofizialetan.

b) Azken hiru urteotako urteko kontuak (2015, 2016 eta 2017), kontu horiek ikuskatuak, entitateko zuzendaritza organoek onetsiak, behin-behinekoak edo bestelakoak diren adierazita.

c) Eranskinak: dokumentazio grafiko, tekniko eta ekonomikoa (proformako fakturak, aurrekontu profesionalak, eta abar), eta esku-hartzeaz ongi jabetzeko beharrezkotzat jotzen den bestelako dokumentazioa. II. eranskineko (“balorazio irizpideak”) zer atali dagoikion adieraziko da, eta aztertu beharreko edukia eranskineko zein tokitan dagoen zehaztu.

d) Aurreikusten bada entitate publiko edo pribatuen lokaletan (udalak, beste departamentu batzuk, NUPa, elkarteak, etab.) egitea jarduerak, agiri bat aurkeztu behar da lokalaren jabea den entitatea programatutako jarduerarekin ados dagoela frogatzeko.

Bederatzigarrena.–Diru-laguntza emateko prozedura eta instrukzioa.

1. Diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokakoa izanen da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

2. Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiak tramitatuko ditu eskaerak, eta, instrukzio organo gisa, Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzua arituko da. Horrexek egiaztatuko du diru-laguntzak hartzeko betebeharrak betetzen diren, eta eskaerak baloratuko ditu ofizioz, oinarri hauen arabera.

3. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, ondotik aipatzen diren kasuetan interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean hutsegiteak zuzendu edo aginduzko agiriak aurkez ditzala, eta ohartaraziko zaio hori egin ezean eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela, espedientea artxibatzeko ebazpena eman ondoren:

a) Eskaeran identifikazio daturik ez agertzea, dela eskatutako diru-laguntzari dagozkionak, dela entitate eskatzaileari buruzkoak.

b) Zortzigarren oinarriaren A ataleko dokumentazioan akatsak izatea.

c) Laugarren oinarrian ezarritakoari jarraikiz esku-hartzeetan bete beharreko baldintzetan akats materialak izatea.

d) Aurrekontua aldatu beharra dakarten arazoak (akats aritmetikoak, okerreko datuak, oso errealistak ez diren kostuak edo hautagarriak ez diren beste kostu batzuk). Horren ondorioz, gauzak argitzeko eskatzen ahalko da, eta instrukzio organoak aldaketak edo murrizketak ezartzen ahalko ditu akats edo datu zehaztugabe horiei aurre egiteko.

e) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritako kasuetako edozein.

Gainerako kasu guztietan, eta, bereziki, baloratzeko aurkezten den dokumentazioari lotutako kasu guztietan, ez da zuzentzeko aukerarik izanen.

Hamargarrena.–Diru-laguntzaren zenbatekoaren balorazioa eta zehaztapena.

1. Eskaerak zein bere modalitatean (lehenbiziko oinarrian adieraziak) baloratuko dira, 0tik 1.000 puntura arteko eskalan, II. eranskinean adierazitako irizpide objektiboak eta haien haztapena kontuan hartuta.

2. Diru-laguntzarako eskaera baiesteko, esku-hartzeak gutxienez ere 500 puntu lortu beharko ditu guztira, eta horietatik 40 gutxienez II. eranskinaren zeharkako ikuspegiekiko egokitasun irizpideei lotutakoak izanen dira.

3. Diru-laguntza eskatzen den zenbatekoa adinakoa izanen da.

4. Modalitate bakoitzean balorazio positiboa lortzen duten eskaeren zenbateko guztiek aurrekontuetan horretarako dagoen dirua gainditzen badute, lehentasun hurrenkera bat ezarriko da, balorazioan lorturiko puntuazioaren arabera, eta diru-laguntzak muga horretaraino banatuko dira. Prozedura horren arabera diru-laguntza eskuratzen ahal duen azken proiektuarentzat eskatutakoak gainditzen duenean hura finantzatzeko dagoen zenbatekoa, diru-laguntza ematea proposatuko da haren kontzesioa eraginkorra bada, eta kasu horretan 11. oinarriko 2. puntuan ezarritakoari jarraituko zaio.

Hamaikagarrena.–Alegazioen tramitea.

1. Instrukzio organoak proposamen-txostena eman aurretik, interesdunei entzuteko tramitea egin daiteke, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. artikuluari jarraikiz.

2. Diru-laguntzaren proposamenaren zenbatekoa aurkeztutako eskaeran ageri dena baino txikiagoa baldin bada, instrukzio organoak eskaera berregiteko eskatzen ahalko du, konpromisoak eta baldintzak egokitu daitezen ematen ahal den diru-laguntzaren arabera, betiere hasierako xedea eta ezaugarriak errespetaturik. Aldatutako proiektu horren aurrekontua ez da txikiagoa izanen proposatutako diru-laguntzaren zenbatekoaren eta, halakorik badago, hasiera batean antzeko baldintzetan aurreikusitako kofinantzaketaren batura baino (eskaeran ageri den kofinantzaketa portzentaje bera mantenduko da).

Hamabigarrena.–Prozeduraren ebazpena.

1. Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiari dagokio aurkeztutako eskaerak ebaztea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenen ondorioz.

2. Modalitate bakoitzerako ebazpen bat emanen da, honako hauek jasoko dituena: diru-laguntzak zer eskatzaileri esleitu zaizkion, laguntzen helburua, zenbatekoa, ordaintzeko eta justifikatzeko modua eta epea, eta gainerako eskaerak ezesteko arrazoiak, Diru-laguntzei buruzko arazoaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan xedatu bezala. Egokia ikusiz gero, ebazpen bakar batean bil liteke modalitate bat baino gehiagoren kontzesioa.

3. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta 6 hilabeteko epean berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, ukatu egin direla ulertuko da.

Hamahirugarrena.–Jakinarazpena eta argitalpena.

Deialdiaren ebazpena administrazio prozedura arautzen duten legeetan ezarri bezala jakinaraziko zaie interesdunei, eta Nafarroako Atarian argitaratuko da.

Hamalaugarrena.–Diru-laguntza ordaintzea.

1. 2018. urteko diru-laguntza aldez aurretik ordainduko da, ordainketa bakar batean, diru-laguntzak emateko ebazpenaren ondotik.

2. C modalitaterako: 2019ko diru-laguntza aldez aurretik ordainduko da, 2018ko diru-laguntza osoaren eta Nafarroako Gobernuarena ez den diru-ekarpenaren justifikazio txostena aurkeztu ondoren.

3. Hori guztia, gardentasun betebeharra bete ondoren. Betebehar hori deialdi honen hemezortzigarren oinarri arautzailean eta Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan ezarrita dago.

Hamabosgarrena.–Diru-laguntzaren justifikazioa.

1. Esku-hartzeak bukatu eta hilabeteko epean gehienez, entitate onuradunek esku-hartzearen gauzatzeari buruzko azken txostena aurkeztuko dute, www.cooperacion.navarra.es webgunean eskura dagoen eredu ofizialaren araberakoa. Diru-laguntzak ematen dituen administrazioak esku-hartzea gauzatzeko epea luzatzea baimenduz gero, kasuan kasuko baimenean xedatutakoak aginduko du.

2. Urte anitzeko finantzabidearen kasuan, eta 2019. urteko ordainketaren ondorioetarako, 2018an emandako partearen exekuzio partzialaren txosten bat aurkeztu beharko da 2018ko abenduaren 31 baino lehen.

3. Txosten partzialak eta azken txostenak justifikazio-kontuaren itxura izanen dute, eta gastua justifikatzen duten agiriekin batera aurkeztuko dira. Hurrengo elementu hauek jasoko dituzte:

a) Justifikazioaren txosteneko dokumentazioan ageri diren datu guztiak egiazkoak direla dioen erantzukizunpeko adierazpena, entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatua.

b) Esku-hartzearen gauzatzeari buruzko txosten teknikoa, eta, halakorik bada, egiaztatze-iturriak.

c) Txosten ekonomikoa, esku-hartzearen aurrekontuaren exekuzioari buruzko azalpen txosten bat erantsita, Excel formatuan, Nafarroako Atarian eskura dagoen eredu ofizialaren arabera prestatua (www.cooperacion.navarra.es). Txosten horretan honako hauek jasoko dira:

–Esku-hartzearen gastuen kontua.

–Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko jaso diren bestelako diru-sarrera, diru-laguntza edo laguntzak, publikoak edo pribatuak, baita haien zenbatekoa eta jatorria ere.

–Gastu guztien zerrenda, jarduera eta gastu motaren arabera bereizita, Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza ez beste ekarpen batzuekin finantzatutako gastuen zerrenda barne dela. Gastu bakoitzean honako hauek agertuko dira: zerrendan zer dokumentu zenbaki duen, egiaztagiriaren zenbakia eta data, igorlearen izena edo helbidea eta haren identifikazio fiskaleko zenbakia edo antzekoa, kontzeptua, egiaztagiriaren testua (luzea izanez gero, laburtzen ahalko da), ordaintzeko modua, zenbat ordaindu den tokiko monetan eta hori zenbat den eurotan.

d) Gastuen zerrendekin batera, frogagiriak aurkeztuko dira, kasuan kasuko kontrol organoak egiaztatu ahal izateko. Horrek laginen bidez berrikusten ahalko ditu. Egiaztagiriak fakturak izanen dira, edo, halakorik ezean, banku-laburpenak, ordainagiriak, kaxako erregistroak, gastuen oharrak edo bestelako agiriak. Egiaztagiri horiek, betiere, zerrendan aipatzen diren datuak adierazi beharko dituzte. Frogagiriekin batera, dagokien ordainketa egin dela justifikatzeko agiriak aurkeztuko dira.

Frogagiri guztiek eginbide-zigilua eraman beharko dute, Nafarroako Gobernuak finantzatzen dituela adierazteko. Eginbidean, gutxienez, honako hauek jasoko dira: espediente zenbakia; “Nafarroako Gobernuak finantzatua” testua; eta Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzaren kargura finantzatutako diru kopurua edo portzentajea.

e) Justifikatzen den gastua ez bada iristen aurreratutako edo kontura ordaindutako guztizko zenbatekora, frogagiri bat aurkeztu beharko da erakusteko diru-sarrera bat egin dela Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiaren alde, aurreratutako edo kontura ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldea adinakoa, deusetan galarazi gabe diru-laguntzaren espedientea ixten duen ebazpenean ezartzen dena. Diru-sarrera hori ordainketa-gutun baten bidez eginen da, entitate onuradunak kudeaketa organoari eskatu beharko diona, eta horren bidez ulertuko da entitateak uko egiten diola itzultzen duen diru zenbatekoari.

f) Beste edozein dokumentazio grafiko nahiz idatzizko, borondatez eman nahi dena, diruz lagundutako proiektuaren gauzatzearen edo martxa onaren berri emateko.

4. Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzaz besteko finantzabidea izanez gero, entitateak berak emandako ziurtagiri bat aurkeztuko da, funts pribatuen kasuan, edo aldeko ebazpenaren kopia, zenbatekoa eta proiektua adierazita, bestelako diru-laguntza publikoak badira. Nafarroako Gobernuaren finantzaketatik kanpoko ekarpen gisa onartutako balioztatzeen kasuan, seigarren oinarriaren 7. puntuan xedatutakoari jarraituko zaio.

5. Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuak, diruz lagundutako jarduera behar bezala justifikatu dela egiaztatu ondoren, diru-laguntzari buruz dagokion administrazio espedientea itxiko du, eta horren berri emanen zaio entitate onuradunari.

Hamaseigarrena.–Azpikontratazioa.

Entitate onuradunak esku-hartzearen zati bat gauzatzeko hirugarrenak azpikontratatzen ahalko ditu; horretarako, diruz lagundutako aurrekontuaren %25 erabiltzen ahalko du, gehienez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamazazpigarrena.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Esku-hartze jakin baterako diru-laguntza jasotzen duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Eskaeran eta diru-laguntza emateko baldintzetan zehaztutako moduan gauzatzea esku-hartzea. Gauzatzeko epea aldatzen duten edo hura betetzea nabarmen zailtzen duten inguruabarrak gertatuz gero, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluan eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 16.1.c) artikuluan ezarritako moduan jokatuko da.

b) Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiari baimena eskatu eta hura eskuratzea, diruz lagundutako esku-hartzean aldaketak egin ahal izateko, baldin eta esku-hartzea gauzatu bitartean haren garapena larriki aldatu edo zailtzen duten inguruabarrik gertatzen bada. Berdin egin beharko da baliabideak eraginkortasunez erabiltzeagatik gerakinik baldin badago. Azken kasu honetan, diruz lagundutako esku-hartzeari dagozkion jarduerak edo antzekoak zabaltzeko eskaera bat egin beharko dute. Funtsezko aldaketak izateko, honako hauetan izan beharko dute eragina: helburuetan, emaitzetan, xedeko populazioan, lurralde kokapenean, kontu-sailetako aldaketa diru-laguntzaren %20 baino handiagoa denean, edo guztirako kostuaren %10 edo gehiago gutxitzen bada Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzatik kanpoko beste ekarpen txikiago baten ondorioz; betiere, laugarren oinarriaren b) atalean ezarritako baldintza urratu gabe. Esku-hartzea gauzatu bitartean gertatzen diren gainerako gorabehera eta aldaketak arrazoi bidez adieraziko zaizkio Nafarroako Gobernuari azken txostenean, barnean dela Nafarroako Gobernutik kanpoko finantzabideak handitzeagatik guztirako kostua handitzea.

c) Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza hartu ondoren edozein erakunde publiko edo pribaturi helburu bererako eskatutako eta horrek emandako diru-laguntzen zenbatekoa jakinaraztea. Jakinarazpen hori azken justifikazio txostenean egin beharko da.

d) Organo emaileari justifikatzea betebeharrak eta baldintzak bete direla, diru-laguntzaren xedeko jarduera egin dela eta diru-laguntza hartzeko helburua lortu dela, deialdi honen hamabosgarren oinarrian aipatzen den azken txostenaren bidez. Justifikatutako zenbatekoa diru-laguntzaren zenbateko aurreratua baino txikiagoa izatera, erabili ez diren funtsak itzuliko dira, organo kudeatzaileak emandako ordainketa-gutunaren bidez.

e) Diru-laguntzak emateko ebazpenaren proposamena egiten denean, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zergen arlokoak eguneratuak izatea.

f) Nafarroako Gobernuari proiektuaren zabalkundea egiten laguntzea, Nafarroako herritarrak garapenerako lankidetzaren arloan sentsibilizatzearren.

g) Proiektuaren zabalkundea eta publizitatea egiten den guztietan diru-laguntza nork eman duen adieraztea. Zabalkunde-lan idatzi edo grafikoetan Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko da, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan adierazi bezala. Logotipo horrek diru-laguntzaren onuradunen logotipoaren tamaina berean eta berdin ikusteko moduan agertu beharko du. Nolanahi ere, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak uztailaren 2an emandako 212/2010 Foru Aginduaren 4.b) artikuluan xedatutakoa bete beharko da; foru agindu horren bidez, gizarte zerbitzuen, garapenerako lankidetzaren, familiaren, haurren eta kontsumoaren arloetan diruz lagundutako edo kontratatutako zerbitzu eta zentroetan egiten diren programa, jarduera, inbertsio eta jarduketetan Nafarroako Gobernuaren partaidetza zabaltzeko arauak ezarri ziren.

h) Edozein euskarritan erreproduzitzen ahal diren eta jendaurrean banatzeko, alokatzeko edo saltzeko diren mota guztietako materialak sortuz edo argitaratuz gero, Lege Gordailuaren, Jabetza Intelektualaren eta ISBN-ISSNren eskakizunak bete beharko dira, bidezkoa denaren arabera.

i) Organo emaileak egiten dituen egiaztapenak onartzea, baita kontrol organo eskudunek egiten dituzten egiaztapenak eta finantza kontrolak ere, eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea. Bereziki, hamabosgarren oinarrian aipatzen diren gastuen egiaztagiriak organo emailearen esku uztea, eskatuz gero. Horrela egin ezik, ulertuko da Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluko 1.1.f) idatz-zatiaren kontrako arau-haustea gertatu dela.

j) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea azken txostena aurkeztu eta lau urtez, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

k) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan eta deialdi honen hemeretzigarren oinarrian aipatutako kasuetan jasotzen diren funtsak itzultzea, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak uztailaren 2an emandako 212/2010 Foru Aginduaren 8.2 artikuluan ezarritako ondorioekin, behar izanez gero. Foru agindu horren bidez, gizarte zerbitzuen, garapenerako lankidetzaren, familiaren, haurren eta kontsumoaren arloetan diruz lagundutako edo kontratatutako zerbitzu eta zentroetan egiten diren programa, jarduera, inbertsio eta jarduketetan Nafarroako Gobernuaren partaidetza zabaltzeko arauak ezarri ziren.

Hemezortzigarrena.–Gardentasun betebeharra.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasunerako betebeharrak arautzen dituen 59/2013 Foru Dekretuaren 2. artikuluan jasotako entitateak behartuta daude betetzera Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasun baldintzak, baldin Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen baditu eta bi inguruabar hauek gertatzen badira:

a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea.

b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren urteko negozio-zifraren edo aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako negozio-zifra edo urteko aurrekontua honako hauen arteko txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu exekutatua.

b) Hala badagokio, diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute diru-laguntzarik jasotzen badute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzaren lanaldi mota gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, kasua bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean diru-laguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak ukatu gabe, betetzen ez badira onartutako diru-laguntza ordaindu gabe utziko da, eta zenbatekorik kobratu bada, itzuli beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hemeretzigarrena.–Ez-betetzeak.

1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. eta 37. artikuluetan aipatzen diren kasuetan, diru-laguntzen onuradun direnek hartutako dirua itzuli beharko dute, bertan ezartzen diren baldintzetan.

2. Diru-laguntza emateko aintzat hartutako inguruabar, betebehar eta baldintzak hamazazpigarren oinarrian aipatzen den baimen administratiboa izan gabe aldatuz gero, ez-betetzetzat joko da. Orobat, behin esku-hartzea bukaturik eta ezinbesteko kasuetan salbu, alderdi teknikoak eta aurrekontua %50 baino gutxiago gauzatzen badira ez-betetzea izan dela ondorioztatuko da; gainerako kasuetan, organo emaileak baloratu beharko ditu esku-hartzearen gauzatze maila baxua eragin duten inguruabar eta arrazoiak, ez-betetzea izan den erabakitzeko.

3. Hamabosgarren oinarrian aipatzen den azken justifikazio-txostena epe barrenean aurkezten ez bada, ez-betetzea izanen da.

4. Ez-betetzeetan maila desberdinak egonen dira, honako hauen arabera:

–Esku-hartzea noraino bete den, arlo teknikoari eta aurrekontuari dagokienez.

–Zenbat aldaketa egin diren, eta nolakoak, aurretik baimen administratiboa izan gabe.

–Zenbat aldaketa ez-funtsezko egin diren, eta nolakoak, bidezko arrazoirik izan gabe.

–Azken justifikazio-txostena epetik kanpo aurkezten denean, zenbat egun iragan diren. Kasu horretan, atzeratutako hilabete bakoitzeko edo, hilabete osoak ez badira, horren zatiki bakoitzeko, %0,1 gutxituko da emandako diru-laguntza.

5. Aurreko atalean ezarritakoa galarazi gabe, arau-hauste eta zehapenei dagokien guztian azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluak eta hurrengoek eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen VII. kapituluak xedatzen dutena hartuko da aintzat.

Hogeigarrena.–Bidezko diren administrazio errekurtsoak.

1. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean xedatutakoarekin bat.

2. Aplikazio egintzen aurka eta ebazpenaren aurka (berariazkoa edo ustezkoa) gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko foru legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin bat.

Hogeita batgarrena.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan xedatzen denaz gain, Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak dira aplikatzekoak.

II. ERANSKINA

1.–A modalitaterako balorazio irizpideak: sentsibilizazio ekintzak.

a) Erakundeen egokitasuna (200 puntu arte).

a.1) Gaitasun operatiboa eta ezarpena Nafarroan (170 puntu arte):

Sentsibilizazio lana dokumentu estrategikoetan txertatzea (20 puntu arte).

–Garapenerako hezkuntzako eta sentsibilizazioko jarduketak (40 puntu arte).

–Garapenerako lankidetzaren arloko jarduketak (30 puntu arte).

–Boluntarioak, laguntzaileak eta bazkideak Nafarroan (60 puntu arte).

–Batasunean bildutako entitateen kopurua (20 puntu arte).

a.2) Eranskin honen 3. atalean adierazitako zeharkako ikuspegiak entitate eskatzailean txertatzea (30 puntu arte).

Entitateen batasunen kasuan, hori dena batasunaren ordezkariarentzat baloratuko da; batasuna hiru entitatek osatzen badute, 1,2rekin biderkatuko da, eta 1,4rekin gainerako kasuetan, 200 puntu arte, gehienez ere.

b) Esku-hartzearen kalitate teknikoa (800 puntu arte).

b.1) Xede-populazioa: hautatzeko irizpideak; ezaugarriak, zenbatzea, zein herritan esku hartzen den (50 puntu arte).

b.2) Lankidetzarko beste eragile batzuekiko ea agente sozialekiko koordinazioa (25 puntu arte).

b.3) Esku-hartzearen barne koherentzia (200 puntu arte):

–Helburuen, emaitzen eta jardueren analisia (100 puntu gehienez).

–Adierazleen eta egiaztatze-iturrien egokitasuna eta xehetasuna (50 puntu arte).

–Proiektuaren exekuzioan aipatzen diren entitate publiko eta pribatuen abalak (25 puntu arte).

–Arriskuen eta kanpoko faktoreen analisia (25 puntu arte).

b.4) Metodologia (125 puntu arte):

–Jardueren aniztasuna eta zehaztasuna (50 puntu arte).

–Metodologiaren berrikuntza eta didaktika (75 puntu arte).

b.5) Edukiaren egokitasuna (150 puntu arte):

–Nola egokitzen den eranskin honen 3. atalean adierazitako zeharkako ikuspegietara (50 puntu arte).

–Nola egokitzen zaion deialdiaren xedeari, eta edukiaren analisi orokorra (100 puntu arte).

b.6) Baliabideak (150 puntu arte):

–Giza baliabideen egokitasunari buruzko analisia (50 puntu arte).

–Aurrekontuaren analisia; kostuaren eta jardueren arteko erlazioa eta gastuaren partida bakoitzaren beharra (100 puntu arte).

b.7) Ebaluazio eta jarraipen prozesua (50 puntu arte).

b.8) Esku-hartzearen trinkotasun edo sendotasun orokorra (50 puntu arte).

2.–B eta C modalitateak baloratzeko irizpideak: garapenerako hezkuntza proiektuak.

a) Erakundeen egokitasuna (200 puntu arte).

a.1) GGKEen kasuan:

a.1.1) Gaitasun operatiboa eta ezarpena Nafarroan (135 puntu arte):

–Garapenerako hezkuntzaren eta sentsibilizazioaren arloko jarduketak (50 puntu arte).

–Garapenerako lankidetzaren arloko jarduketak (25 puntu arte).

–Boluntarioak, laguntzaileak eta bazkideak Nafarroan (60 puntu arte).

a.1.2) Gaitasun estrategikoa. Garapenerako hezkuntza eta sentsibilizazioa nola txertatzen diren dokumentu estrategikoetan (35 puntu arte).

Eranskin honen 3. atalean adierazitako zeharkako ikuspegiak nola txertatzen diren eskaera egiten duen entitatean (30 puntu arte).

Entitateen batasunen kasuan, hori dena batasunaren ordezkariarentzat baloratuko da; batasuna hiru entitatek osatzen badute, 1,2rekin biderkatuko da, eta 1,4rekin gainerako kasuetan, 200 puntu arte, gehienez ere.

a.2) Unibertsitateen kasuan:

a.2.1) Gaitasun operatiboa (100 puntu gehienez):

–Garapenerako hezkuntzaren eta sentsibilizazioaren arloko jarduketak (70 puntu arte).

–Garapenerako lankidetzaren arloko jarduketak (30 puntu arte).

a.2.2) Gaitasun estrategikoa. Garapenerako hezkuntza eta sentsibilizazioa nola txertatzen diren dokumentu estrategikoetan (70 puntu arte).

a.2.3) Eranskin honen 3. atalean adierazitako zeharkako ikuspegiak nola txertatzen diren eskaera egiten duen entitatean (30 puntu arte).

b) Esku-hartzearen kalitate teknikoa (800 puntu arte).

b.1) Xede-populazioa: hautatzeko irizpideak; ezaugarriak, zenbatzea, eragin biderkatzailea, zein herritan esku hartzen den (50 puntu arte).

b.2) Esku-hartzearen barne koherentzia (175 puntu arte):

–Helburuen analisia, ikaskuntzaren emaitzak (ezagupenak, jarrerak, trebetasunak) eta jarduerak (110 puntu arte).

–Adierazleen eta egiaztatze-iturrien egokitasuna eta xehetasuna (40 puntu arte).

–Arriskuen edo kanpoko faktoreen analisia (25 puntu arte).

b.3) Metodologia (100 puntu arte):

–Jardueren aniztasuna eta zehaztasuna (50 puntu arte).

–Metodologiaren berrikuntza eta didaktika (50 puntu arte).

b.4) Edukiaren egokitasuna (175 puntu arte):

–Nola egokitzen den eranskin honen 3. ataleko zeharkako ikuspegietara (50 puntu arte).

–Proposamenaren edukiaren analisia (125 puntu arte):

  • Irakasle, monitore, hezitzaile eta hezkuntzako beste eragile batzuen prestakuntza eta aholkularitza (25 puntu arte).
  • Urteko edo ikasturteko lan etengabea (25 puntu arte).
  • Proposamena nola txertatzen den ikastetxearen edo esparru ez-formaleko entitatearen programan (25 puntu arte).
  • Laguntza teknikoa eta aholkularitza exekuzioan (25 puntu arte).
  • Hedadura komunitatean (25 puntu arte).

b.5) Baliabideak (150 puntu arte):

–Giza baliabideen egokitasunari buruzko analisia (50 puntu arte).

–Aurrekontuaren analisia; kostuaren eta jardueren arteko erlazioa eta gastuaren partida bakoitzaren beharra (100 puntu arte).

b.6) Sareko lana eta koordinazioa (50 puntu arte).

b.7) Ebaluazio eta jarraipen prozesua (50 puntu arte).

b.8) Esku-hartzearen trinkotasun edo sendotasun orokorra (50 puntu arte).

Nafarroako Gobernuak azken hiru urteetako batean finantzatu badu esku-hartzea, jarraitzearen bidezkotasuna baloratuko da, eta, jarraitzearen alde egiten bada, b ataleko puntuazioa 1,05 koefizientearekin biderkatuko da, gehienez ere 800 puntu arte.

3.–Zeharkako ikuspegiak.

1. Giza garapenaren ikuspegia: gizaki guztien aukera eta hautabideak handitzeko prozesua da giza garapena, bai egungo belaunaldiena bai gerokoena; ikuspegi honen arabera, pobreziaren aurkako borroka da garapenerako lankidetzaren helburu nagusia, gizakia garapenaren erdigunean kokatzen du eta haren beharrak atzematen ditu: biziraupena, babesa, afektua, adimena, sormena, askatasuna, aisia, parte-hartzea, identitatea, etab.

2. Eskubideetan oinarritutako ikuspegia: osagarria da, eta giza garapenaren ikuspegia indartzen du, garapenaren helburuak giza eskubideak erabat lortzeari lotuta egotea adierazten du, haien unibertsaltasuna du abiaburu, baita haien banaezintasuna eta interdependentzia ere.

3. Garapen jasangarriaren ikuspegia: horrek esan nahi du esku-hartzeek inguruneko baliabide naturalak errespetatuko dituztela egungo zein etorkizuneko beharrak asetzeko moduan, gizakiaren bizi kalitatea hobetuz eta aurrerapenak eta garapenak ingurumena andeatzea eta herritarren txirotasun indizeak handitzea saihestuz. Garapen horrek oraingo beharrak asetzea ziurtatzen du, baina etorkizuneko belaunaldiek beren beharrei aurre egiteko izanen duten ahalmena ahuldu gabe, eta, zentzu zabalean, elkar indartu behar duten lau zutabe ditu oinarri: ekonomikoa, soziala, ingurumenarena eta munduaren gobernantzarena.

4. Parte-hartzearen eta antolaketa komunitarioaren ikuspegia: parte-hartzea bultzatzea ezinbesteko elementua da giza garapenean aurrera egiteko, herritartasuna bete-betean erabiltzeko eta giza izaerari dagozkion eskubideak baliatzeko; horretarako, ezinbestekoa da gizarte zibilaren erakundeak indartzea.

5. Genero ikuspegia eta garapena: genero berdintasuna giltzarria da garapenaren helburu nagusiak lortzeko; Nazio Batuen arabera, emakumeak ahalduntzeko eta arlo sozial eta ekonomikoan genero desberdintasunak zuzentzeko helburuak, baita eskubide zibil eta politikoetan ere; eremu eta maila guztietan planifikatzen diren ekintzek gizonentzat eta emakumeentzat dituzten ondorioak baloratu beharra dakar ikuspegi honek.

Iragarkiaren kodea: F1804573