73. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

208/2018 EBAZPENA, otsailaren 27koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, maiatzaren 16ko 795/2013 Ebazpenaren eranskinaren 2. oinarria aldatzen duena. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emandako ebazpen haren bidez, desgaitasuna duten pertsonak lan merkatu arruntean sar daitezela errazteko diru-laguntzen deialdia onetsi zen.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak maiatzaren 16an emandako 795/2013 Ebazpenaren bidez, desgaitasuna duten pertsonak lan merkatu arruntean sar daitezela errazteko diru-laguntzen deialdia onetsi zen.

Deialdia Europar Batasunaren exentzio erregelamenduari egokitzeko asmoz, 2. oinarrian ageri den testua aldatzea proposatzen da, puntu bat gehitzea, hain zuzen ere. Bestalde, aipatu oinarriaren 1., 2. eta 3. atalak aldatzen dira, hartan aipatutakoak gaur egun indarra duen araudira egokitzeko.

Horrenbestez, azaldutakoarekin bat eta abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuen 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak maiatzaren 16an emandako 795/2013 Ebazpenaren eranskinaren 2. oinarria aldatzea, hots, “Enplegua sustatzeko neurriak” izenekoa. Ebazpen haren bidez, desgaitasuna duten pertsonak lan merkatu arruntetan sar daitezela errazteko diru-laguntzen deialdia onetsi zen. Honela gelditzen da:

“2.–Enplegua sustatzeko neurriak.

1. Desgaitasuna duten pertsonentzako enplegua sustatzeko neurriak, enpresa arruntetan haiek kontratatuz, azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat (haren bidez onetsi zen desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haiek gizarteratzeari buruzko lege orokorra).

a) Desgaitasuna duten langileak denbora mugarik gabe kontratatzen dituzten enplegu-emaileek edo desgaitasuna duten pertsonekin enplegua sustatzeko aldi baterako kontratuak mugagabe bihurtzen dituztenek edo desgaitasuna duten pertsonekin izenpetutako prestakuntzarako kontratuak mugagabe bihurtzen dituztenek diru-laguntzak eskura ditzakete, 6.1 oinarrian ezartzen diren zenbatekoen arabera.

Zailtasun bereziak baldin badituzte lan merkatu arruntean sartzeko, eta zailtasun bereziak izanen dira garun paralisia, gaixotasun mentala edo adimen desgaitasuna pairatzea, aitortutako desgaitasun maila %33koa edo handik gorakoa edukitzea, edo desgaitasun fisikoa edo zentzumenezkoa %65ekoa edo handik gorakoa edukitzea, 6.2 oinarrian ezarritako zenbatekoak eskura daitezke.

Ondorio horietarako, azaroaren 29ko 2/2013 Legegintzako Errege Dekretuaren 4. artikuluan aipatutakoak hartuko dira desgaitasuna duten pertsonatzat.

Desgaitasunaren maila eta, hala balegokio, mota egiaztatzeko, abenduaren 1eko 1414/2006 Errege Dekretuan xedatutakoari jarraikiko zaio, horretan ezarrita baitaude desgaitasuna duten pertsonatzat hartzeko irizpideak, abenduaren 2ko 51/2003 Legearen ondorioetarako.

b) Aurreko atalean kontuan hartutako kasuetan, kontratatzen den langile bakoitzeko, orobat, laguntzarako eskubidea izanen dute, lantokia egokitzeko, babes ekipoetarako edo oztopoak eta trabak kentzeko, 6.3 oinarrian zehazten diren zenbatekoekin.

2. Desgaitasuna duten langileak enplegu-zentro berezietako enplegutik lan merkatu arrunteko enpresetako enplegura igarotzeko neurriak, otsailaren 20ko 290/2004 Errege Dekretuan araututako lan enklabeen bidez, haien mugagabeko kontratazioa sustatuz.

Enpresa laguntzaileak desgaitasuna duten enklabeko langileei mugagabeko kontratazio egiteak eskubidea emanen dio enpresa laguntzaileari 1. atalean zehaztutako laguntzak jasotzeko.

3. 1. b) atalean aurreikusitako onurak, halaber, desgaitasuna duten pertsonekin honako kontratu hauek egiten dituzten enplegu-emaileei aplikatuko zaizkie: enplegua sustatzeko aldi baterako kontratuak, Hazkundea eta Enplegua Hobetzeari buruzko abenduaren 29ko 43/2006 Legearen lehen xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat, edo, 12 hilabete edo gehiago irauten badu, praktikaldiko kontratuak edo prestakuntzakoak edo ikaskuntzakoak (Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bategina onesten duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 11. artikuluan arautuak), edo iraupen mugatuko kontratuak, aipatutako testu bateginaren 15. artikuluaren babesean eginak.

4. Ekainaren 17an emandako 651/2014 (EB) Erregelamendua aplikatuko da deialdian, hau da, merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu zituena Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.”

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, honako hauetan xedatutakoarekin bat: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikulua.

Iruñean, 2018ko otsailaren 27an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Paz Fernández Mendaza.

Iragarkiaren kodea: F1802832