73. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

24E/2018 EBAZPENA, martxoaren 23koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, enpresei hasierako gastuetarako laguntzak emateko 2018ko deialdia onesten duena.

2017an Nafarroako II. Ekintzailetza Plana (2017-2019) onetsi zen; plan horretan zenbait neurri jasotzen dira Nafarroan ekintzailetza bultzatzeko, enplegua sortzeko eta Foru Komunitatearen garapen ekonomiko eta soziala sustatzeko. Esparru horren barrenean onetsi zen enpresei hasierako gastuetarako diru-laguntzak emateko 2017ko deialdia, 2016ko uztailaren 1etik 2017ko ekainaren 30era bitarte sortutako enpresentzat. Hortaz, bidezkoa da neurri horiekin jarraitzea, enpresei hasierako gastuetarako laguntzak emateko beste deialdi baten bidez; 2017ko uztailaren 1etik 2018ko maiatzaren 31ra bitarte sortzen diren enpresek edo aldi horretan jarduera Nafarroara eramaten dutenek jaso dezakete laguntza.

Nafarroako Gobernuaren 2018ko otsailaren 7ko Erabakiaren bidez, baimendu zen laguntza horiek banakako ebaluazioaren araubidean ematea, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17.1. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Enpresei hasierako gastuetarako laguntzak emateko 2018ko deialdia onestea.

2. Diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimendu dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

810001-81100-4701-422200: Enpresen eraketa sustatzeko diru-laguntza

2018

270.000,00

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2018ko martxoaren 23an.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen helburua da ekintzailetza bultzatzea, enplegua sortzeko eta Foru Komunitatearen garapen ekonomiko eta soziala sustatzeko, enpresei hasierako gastuetarako laguntza bat emanez. Enpresek sortu berriak izan behar dute, edo helbide soziala eta jarduera Nafarroara eramana izan behar dute.

Horretarako, laguntza bat emanen da gastu orokorretarako eta beste bat berariazkoagoa gastu hauetarako: prestakuntzarako, aholkularitzarako, patenteak ordaintzeko eta lokalak egokitzeko. Orobat, pizgarri gisa, laguntza gehigarri bat izanen dute honako enpresa hauek:

a) Emakumeek, desgaitasunen bat duten pertsonak edo 30 urtetik beherako gazteek sustatutakoak.

b) Enplegua sortzen dutenak.

c) Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategian Nafarroako Gobernuak lehentasunezkotzat jotzen dituen sektoreetan aritzen direnak.

2. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

1. Sortu berriak diren enpresek edo helbide soziala eta jarduera Nafarroara eraman dutenek eskatzen ahal dituzte deialdi honetako laguntzak.

Ondorio horietarako, enpresatzat joko dira jarduera ekonomiko bat gauzatzen duten honako entitateak:

a) Pertsona fisikoak (banakako enpresaburuak).

b) Merkataritza-sozietateak (enpresa sozietarioak).

c) Nortasun juridikorik gabeko sozietateak (sozietate irregularrak).

2. Eskatzaileek honako betebehar hauek bete beharko dituzte laguntzak eskatzen diren unean:

2.1. Betebehar orokorrak:

a) Jarduera eta helbide soziala Nafarroan izatea.

b) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala badagokio, Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan xedatuaren arabera.

c) Alta emanik egotea ekonomia-jardueren gaineko zergan (EJZ) eta egunean egotea zerga horren ordainketan.

d) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Eskaeraren inprimakian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahal da hori.

Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik dauzkala frogatzeko, diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar laguntzen organo kudeatzaileari baimena ematea hori frogatzen duten datuak kontsultatzeko, diru-laguntzaren ebazpen proposamena ematen denean.

2.2. Berariazko betebeharrak:

a) Banakako enpresaburuek honakoak bete behar dituzte:

–Langile autonomoen araubide berezian altan emana egotea 2017ko uztailaren 1etik 2018ko maiatzaren 31ra bitarte, eta horretan egotea 6 hilabetez jarraian, 8.1.a) oinarrian adierazten den bezala.

–Aipatutako araubidean alta eman den dataren aurreko bi urteetan, Nafarroan, EJSN 2009ren “talde” bereko jarduera bat (hiru digitu) egin ez izana norberaren kontura (zuzenean edo beste sozietate batzuetan duten partaidetzaren bidez).

b) Enpresa sozietarioek honakoak bete behar dituzte:

–Eraketa eskritura edo, helburu soziala eta jarduera Nafarroara eraman dituzten enpresen kasuan, aldaketa eskritura 2017ko uztailaren 1etik 2018ko maiatzaren 31ra bitarte sinatu izatea.

–Enpresa berria eratu aurreko bi urteetan, Nafarroan, EJSN 2009ren “talde” bereko jarduera bat (hiru digitu) norberaren kontura (zuzenean edo beste sozietate batzuetan duten partaidetzaren bidez) egin ez duten pertsona fisikoak kapitalaren %50 baino gehiago izatea.

c) Sozietate irregularrek honakoak bete behar dituzte:

–Sozietate irregularraren eraketa dokumentuaren data 2017ko uztailaren 1etik 2018ko maiatzaren 31ra bitartekoa izatea.

–Sozietate irregularra osatzen duten pertsonak altan emanak egotea Langile autonomoen araubide berezian 2017ko uztailaren 1etik 2018ko maiatzaren 31ra bitarte, eta horretan egotea 6 hilabetez jarraian, 8.1.a) oinarrian adierazten den bezala.

–Laguntzen eskaeran pertsona bat izendatu beharko da sozietatearen ordezkari edo ahaldun bakarra izan dadin, onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko adinako ahalmenen jabe.

–Berariaz adieraziko dira eskaeran zer konpromiso hartzen dituen bere gain sozietate irregularreko kide bakoitzak. Halaber, laguntza ematen duen ebazpenean kide bakoitzari aplikatu beharreko diru-laguntzaren zenbatekoa adieraziko da; kideok ere onuraduntzat joko dira.

3. Betebehar horiek 6. oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztuta frogatu beharko dira, eta diru-laguntzaren xede diren jarduerak bukatu arte bete beharko dituzte.

4. Ez dira laguntza hauen onuradun izanen lehenagoko enpresa baten izenaren edo forma juridikoaren aldaketa baten, kapital handitze baten edo egiturazko aldaketa baten ondoriozko enpresak.

3. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Gastu hauek jaso dezakete diru-laguntza, betiere 2017ko uztailaren 1etik 2018ko maiatzaren 31ra bitarte fakturatu eta ordaindu badira:

a) Banakako enpresaburuentzat edo enpresetako bazkideentzat honako arlo hauetan egindako prestakuntzaren gastuak: “Finantzak”, “Negoziazioa eta salmenta”, “Estrategia” edo jarduera abian jartzeko gaitasuna hobetzea xede duen beste prestakuntza bat.

b) Honako arlo hauen gaineko aholkularitza gastuak: negozio estrategiarako ekintzak, marketin ekintzak edo bezeroen leialtasuna lortzeko estrategiak. Aholkularitza gastuak ezin dira enpresa abian jartzeko tramiteei buruzkoak izan, ez zerga edo lege arloko aholkularitzari buruzkoak ere, ezta gisa horretako bestelako gastuei buruzkoak ere.

c) Patentea eta markak erregistratzeko gastuak. Espainiako Patente eta Marken Bulegoan (OEPM) eta Europar Batasuneko Jabetza Intelektualaren Bulegoan (EUIPO) ordaindutako tasek jaso dezakete diru-laguntza.

d) Lokalak konpontzeko edo kontserbatzeko gastuak. Gastu horien helburua da lokalak behar bezala erabiltzeko baldintzak mantentzea, elementu batzuen ordezpenaren bidez, eta ez dira sartzen lokala hobetzen duten jarduketa berriak. Profesionalen ordainsariak eta materialak sartzen dira gastu horietan, eta gutxienez 500 euro gastatu behar da, BEZik gabe.

2. Aurreko apartatuaren a) eta b) letretako gastu diruz lagungarria 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZik gabe) edo d) letrakoa 30.000 eurotik gorakoa bada, onuradunak frogatu beharko du enpresa hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko ditu eta aukeratutakoa hautatzeko arrazoiak eman “Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa” izeneko inprimakian, laguntzen fitxan dagoena.

Onuradunek ez dituzte hiru eskaintza erantsi beharko gastua diru-laguntza eskatu baino lehen egin bada. Edonola ere, halakoak frogatu beharko dira aipatu inprimakia aurkeztuz.

3. Edozein motatako tributuak ez dira diruz lagunduko, ez eta 1. apartatuko gastuak ere alderdiek akzioen bidezko harremana badute edo odol edo ezkontza bidezko hirugarren gradura arteko ahaideak badira.

4. oinarria.–Laguntzen zenbatekoa.

1. Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak honakoak izanen dira:

a) Jarduera ekonomiko bat hasteko eskatzaileek izandako gastuak finantzatzeko laguntzak (ez dago gastu horiek justifikatu beharrik):

–Banakako enpresaburuak: 500 euro.

–Enpresa sozietarioak: 1.500 euro.

–Sozietate irregularrak: 1.000 euro.

b) 3.1 oinarriko gastu diruz lagungarrien %50eko laguntza, gehieneko hauek izanda:

LAGUNTZAREN INTENTSITATEA (gastuaren %50)

GEHIENEKO LAGUNTZA

Prestakuntza

200 euro

Aholkularitza

200 euro

Patenteen eta marken erregistroa

200 euro

Lokalen konponketa edo kontserbazioa

1.000 euro

Laguntzaren intentsitatea fakturatutako eta pagatutako gastuari aplikatuko zaio, BEZa kenduta.

c) Eskaera aurkezten den egunean honako baldintzak betetzen dituzten enpresentzako laguntza gehigarria. Zenbateko gehigarri hauek metatu egin daitezke:

IZAERA

LAGUNTZA
GEHIGARRIA

A. Emakumeek, desgaitasunen bat duten pertsonak edo 30 urtetik beherako gazteek sustatutako enpresak:

A.1. Emakumezko banakako enpresaburua izatea edo enpresa sozietarioan emakumeek %50eko edo gehiagoko partaidetza izatea.

200 euro

A.2. Desgaitasunen bat duen banakako enpresaburua izatea edo desgaitasunen bat duen pertsona batek enpresa sozietarioan %25eko edo gehiagoko partaidetza izatea.

200 euro

A.3. 30 urtetik beherako banakako enpresaburua izatea edo enpresaren kapitalaren %50 gutxienez adin horretako bazkideena izatea, eskaera egiten den egunean.

300 euro

B. Enplegua sortuko duten enpresak:

B.1. Bazkideak ez diren pertsonak kontratatu izatea.

200 euro

B.2. Bazkideak ez diren pertsonei kontratatu mugagabeak eginak izatea. Nafarroara eramandako enpresen kasuan, lekualdatzearen ondoren egindako kontratu berriak bakarrik hartuko dira kontuan.

200 euro kontratu mugagabe
bakoitzeko
(600 euroko muga)

B.3. Desgaitasuna duten pertsonak kontratatu izatea.

300 euro

C. Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategian lehentasunezkotzat jotzen diren sektoreetan aritzen diren enpresak (1).

300 euro

(1) Lehentasunezko sektore horietan sartutzat joko dira EJSN 2009an dibisio epigrafeei (bi digitu) dagozkien honako jarduerak:

01

02

03

10

11

16

17

18

20

21

22

23

24

25

26

27

28

29

30

33

35

38

39

55

58

59

60

61

62

63

71

72

73

74

75

86

90

91

94

5. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2018ko ekainaren 30ean bukatu, hura barne.

Deialdirako baimendutako aurrekontuko kreditua egun hori baino lehen bukatzen bada, eskaerak aurkezteko epea itxi dela jakinaraziko da Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariaren tramiteen katalogoko fitxaren bidez (aurrerantzean, laguntzen fitxa): http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/7177/Convocatoria-de-2018-de-subvencion-de-gastos-iniciales-de-empresas.

2. Eskaerak nahitaez modu telematikoan, laguntzen fitxaren bidez, aurkeztuko dira; fitxa horretan lotura bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikora.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, eta telematikoki eta aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak. Horrenbestez, aurkeztutzat jotzen ez direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

3. Laguntzen eskaeran adierazi behar da eskatzaileak baduela helbide elektroniko gaitua (DEH) eta Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikorako prozeduretan harpidetuta dagoela. DEHa 9. oinarrian adierazten den moduan lortuko da.

4. Eskaera ordezkari batek aurkezten badu, frogatu egin beharko da ordezkaritza hori. Kasu horietan, bai eskatzaileak bai bere ordezkariak, biek izan beharko dute DEHa.

5. Enpresa edo IFZ bakoitzeko laguntza eskaera bakarra onartuko da.

6. Eskaerak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, organo eskudunak eskatzaileari eskatuko dio okerra zuzen dezala hamar egun balioduneko epean eta adieraziko dio zuzendu ezean eskaerari uko egiten diola ulertuko dela.

6. oinarria.–Laguntzak eskatzeko aurkeztu beharreko agiriak.

1. Eskabide telematikoarekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira:

2. Oro har aurkeztu beharreko dokumentazioa:

a) Eskaeraren inprimakia, laguntzen fitxan eskuratu daitekeena, behar bezala beteta.

b) Honako hau jaso beharko duen memoria:

–Enpresaren deskribapen laburra, bai eta garatu beharreko jarduerena edo egin beharreko produktu eta zerbitzuena ere.

–Bazkideek enpresa sortu aurreko bi urteetan egindako jardueren deskribapena.

–Diruz lagungarriak diren gastuen deskribapen zehatza eta horien xedea.

c) Jarduera ekonomikoen zergan alta hartuta dagoela dioen agiriaren kopia.

d) Enpresak jarduera zein udalerritan garatzen duen, bertako udalak eskatzaileak zerga betebeharrak eguneratuak dituela egiaztatzeko luzatutako ziurtagiria.

e) Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasunerako betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan eskatzen den gardentasun aitorpena.

f) Diruz lagungarriak diren gastuen fakturen kopia eta ordainketen frogagiriak; enpresa eskatzailearen izenean egon behar dute. Ordainagiritzat hartuko da finantza entitateak egin eta eskatzailearen kontuan zordundutakoa. Enpresa hornitzailearen kontuan eskudirutan egindako diru-sarrerak ez dira onartuko.

Patenteen eta marken gastua frogatzeko, izen edo marka eskaeraren kopia aurkeztu beharko da. Eta ordainketa frogatzeko, bankuak egiaztatutako ordainketa-gutunaren kopia aurkeztuko da, edo, aurkezpen elektronikoaren kasuan, ordainketaren bankuko frogagiriaren kopia.

Lokalak konpontzeko eta kontserbatzeko gastuak justifikatzeko, alokairu kontratua edo lokalaren jabetza eskritura aurkeztu beharko da eta 2007ko Kontabilitate Plan Orokorreko 622 kontuan (“Mantentze-lanak eta konponketak”) kontabilizatuta dagoela dioten frogagiriak, edo halakorik ezean, gastuen erregistro liburuan.

g) Inoiz Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik lortu ez bada, “Transferentzia bidez kobratzeko eskabidea” inprimakia beteta aurkeztu beharko da. Inprimaki hori Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian eskuratzen ahal da: https://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm.

3. Aurkeztu beharreko berariazko dokumentazioa:

a) Banakako enpresaburuen kasuan: lan bizitzari buruzko txostena, laguntzaren eskaera aurkeztu aurreko 10 egun naturalean luzatua.

b) Enpresa sozietarioak izanez gero:

I. Enpresa eratzeko edo aldatzeko eskrituraren kopia, dagokion erregistroan behar bezala inskribatuta.

II. Enpresaren kide bakoitzaren lan bizitzari buruzko txostena, laguntzaren eskaera aurkeztu aurreko 10 egun naturalean luzatua.

c) Sozietate irregularren kasuan:

I. Nafarroako Zerga Ogasuneko Entitateen Zentsuan inskribatuta egotea frogatzen duen dokumentuaren kopia.

II. Sozietate irregularraren eraketa dokumentuaren kopia, non ordezkari gisa jarduteko ahalmena dutenak ageriko diren.

III. Enpresaren kide bakoitzaren lan bizitzari buruzko txostena, laguntzaren eskaera aurkeztu aurreko hamar egun naturalean luzatua.

4. 4.1. oinarriaren c) letrako laguntza gehigarriak eskatzen badira, agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:

a) A.2 baldintza egiaztatzeko, desgaitasuna duten pertsonek bultzatutako enpresei buruzkoa: banakako enpresaburuaren desgaitasuna egiaztatzen duen dokumentazioa, edo bestela, enpresako kideena.

b) B ataleko baldintzak egiaztatzeko, hots, enplegua sortzen duten enpresei buruzkoak: enpresaren lan bizitzari buruzko txostena, kotizazio kontuko kode bati dagokiona, laguntzaren eskaera aurkeztu aurreko hamar egun naturalean luzatua.

Gainerako baldintzak aurreko ataletan adierazitako agirien bidez egiaztatuko dira.

7. oinarria.–Diru-laguntza eman eta ordaintzea.

1. Diru-laguntza hauek banakako ebaluazioaren araubidean emanen dira. Hori dela-eta, eskaerak oinarri hauetan ezarritako irizpideekin bat ebaluatuko dira eta ebaluazio horren emaitzaren araberakoa izanen da diru-laguntza.

Eskaerak zein hurrenkeratan aurkezten diren, horren arabera tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean. Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

2. Politika Ekonomikoaren Zerbitzuak eskaerak ebaluatuko ditu; horretarako, beharrezkotzat jotzen duen informazio osagarria edo argigarria eskatzen ahalko dio eskatzaileari, eta adieraziko dio ezen eskaerari ezarritako epean erantzuten ez badio eskatutako laguntzak ukatzen dituen ebazpena emanen duela.

Eskaera bakoitza aztertu ondoren, Zerbitzuak ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari, eta, bertan, onuradunek laguntzak jasotzeko beharkizun guztiak betetzen dituztela adierazi beharko da.

3. Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da diru-laguntza ematea (edo ez ematea) eta ordaintzea ebazteko organo eskuduna. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izanen da gehienez ere, eskaera aurkezten den egunetik hasita.

Ezarritako epea berariazko ebazpenik jakinarazi gabe iraganik, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

8. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Banakako enpresaburuek eta sozietate irregularrak osatzen dituztenek Gizarte Segurantzako Langile Autonomoen Araubide berezian alta egoeran egon beharko dute, sei hilabetez jarraian, jardueran alta ematen den egunetik aurrera zenbatzen hasita, salbu onuradunaren heriotza, ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia gertatzen bada.

Diru-laguntza eskatzeak berekin dakar laguntzen organo kudeatzaileari baimena ematea betebehar hori ofizioz egiaztatzeko.

b) Behar bezala aditzera ematea diru-laguntza honen xedeko gastuen finantziazioa publikoa izan dela. Horretarako, enpresaren webgunean, ageriko lekuan eta 6 hilez (laguntza emateko eta pagatzeko ebazpenaren egunetik hasita), honako esaldi hau paratuko da: “Enpresa honek Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza bat jaso du, enpresei hasierako gastuetarako diru-laguntzak emateko 2018ko deialdian”.

c) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebehar guztiak bete ezik, diru-laguntza itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

Zehazki, aurreko ataleko a) letrako iraunkortasun betebeharra 3 hilabetez baino gehiagoz jarraian betetzen bada, laguntzaren itzulketa partzial bat eginen da, gelditzen diren hiru hilabeteak betetzeko falta denarekin proportzioan, berandutze-interesak barne.

9. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta laguntza-eskaera modu telematikoan aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.navarra.es) tramiteen katalogoko laguntzen fitxaren bidez.

2. Administrazio-egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduran egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematika bidez eginen dira entitate eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez.

Gaitutako helbide elektronikoa Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren helbide honetan lor daiteke: https://notificaciones.060.es.Horretarako, beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala izatea. Halaber, gaitutako helbide elektronikoa lortu ondoren, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da.

10. oinarria.–Laguntzen bateraezintasuna.

Deialdi honetako laguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste diru-laguntza batzuekin.

Bereziki, laguntza hau bateraezina da “Enplegu autonomoa sustatzeko diru-laguntzak” izena duen eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak kudeatzen duen deialdiarekin.

11. oinarria.–’’De minimis” laguntzak.

Laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoarekin bat. Erregelamendu hori Itunaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da. Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako “de minimis” laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan.

Nekazaritzako produktuen lehen mailako ekoizpenean diharduten enpresen kasuan, “de minimis” laguntzen izaera Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1408/2013 (EB) Erregelamenduaren bidez arautzen da (Erregelamendu hori Europar Batasunaren Itunaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritza sektorearentzako “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzkoa da). Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako “de minimis” laguntza guztien batura ezin da 15.000 eurotik gorakoa izan.

Horretarako, eskatzaileek kasuan kasuko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak aitortu beharko dituzte eskabide-orrian.

12. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Politika Ekonomikoaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Diru-laguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

13. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik zenbatuta.

Iragarkiaren kodea: F1804336