Iragarkia
73. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 17a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
IRUÑA
Deialdia, Iruñeko Udaltzaingoko sei inspektoreorde-lanpostu betetzeko, lehiaketa-oposizio bidez
Iruñeko Udalaren Tokiko Gobernu Batzordeak, 2018ko martxoaren 28an egin bilkuran, erabaki zuen deialdia onartzea
OINARRIAK
1. oinarria.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da Iruñeko Udaltzaingoko sei inspektoreorde-lanpostu -funtzionario araubidekoak eta B mailakoak- lehiaketa-oposizio bidez betetzea.
Lanpostu horiek izanen dira etorkizunean lehiaketako eta berariazko lehiaketako prozeduren bidez Udaltzaingoko inspektoreorde-lanpostuak betetzeko eginen den lekualdatze-lehiaketaren ondorioz hutsik geratzen direnak, eta honako txanda hauetan banatuko dira:
a) Barne-igoerako 4 lanpostu, Iruñeko Udaleko Udaltzaingoko kideentzat.
b) Txanda irekiko igoerako 2 lanpostu Nafarroako Polizia Kidego guztietako kideei irekia.
Igoerako txandan probak gainditzen duten izangaien kopurua lanpostu hutsen kopurua baino handiagoa baldin bada, txanda horietako probak gainditu eta lanposturik gabe gelditu direnek aukera izanen dute lekualdatze irekiko txandako lanpostuetarako lehiatzeko, betiere txanda horretako izangaiekin lehia garbiaren ondoren lortutako guztizko puntuazioari jarraikiz.
Barne-igoerako txandan betetzen ez diren lanpostu hutsak betegabetzat joko dira, behin gehituta –hala badagokio– txanda irekian bete gabe geratutakoak.
1.2. Deialdi honen ondorioz izendatutakoek Iruñeko Udaleko funtzionario eta Udaltzaingoko inspektoreorde izaera hartuko dute; Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatu eta bertan alta emanen zaie, araubide horretan aurreikusitako babesaren pean.
Deialdi honetako lanpostuetarako izendatutakoen artean Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta gainerako xedapen osagarrietan aipatzen den eskubide pasiboen eta osasun zein gizarte laguntzaren araubidean afiliatuta dauden funtzionarioek aukeratu ahal izanen dute bertan segitzea ala Gizarte Segurantzan afiliatzea.
1.3. Oinarrizko Prestakuntza Ikastaroa egiten duten Iruñeko Udaleko langile finkoek gizarte-aurreikuspeneko araubidea mantenduko dute, eta abiaburuko lanpostuari dagozkion lansariak jasoko dituzte, praktiketako funtzionarioari dagozkionak baino handiagoak badira.
1.4. Lanpostuetarako izendatutako izangaiek Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legean eta hori garatzen duten arauetan ezarritako eginkizunak bete eta eskubideak eta betebeharrak izanen dituzte.
1.5. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da.
2. oinarria.–Aplikatu beharreko araudia.
Prozedura honako arau hauetan xedatutakoaren arabera gauzatuko da: Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legea, Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua onesten duen abenduaren 29ko 718/2003 Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretua, Iruñeko Udaltzaingoaren antolakuntza eta funtzionamendu araudia, aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honetako oinarriak.
3. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
3.1. Izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte lehiaketa-oposizio honetan onartuak izateko:
3.1.1. Barne-igoerako txanda:
a) Gutxienez hiru urteko antzinatasuna izatea Iruñeko Udaltzaingoaren zerbitzuko kabo lanpostuan.
Halaber, parte hartu ahalko dute gutxienez zazpi urteko antzinatasuna eta eskatutako erdi mailako titulazioa dituzten Iruñeko Udaltzaingoaren zerbitzuko udaltzainek.
b) Unibertsitate-diploma, Ingeniari Tekniko, Arkitekto Tekniko edo hirugarren mailako Lanbide Heziketako edo horien baliokide den titulu bat edukitzea, edo lizentziatura edo ingeniaritza baten edo arkitekturaren lehenengo hiru ikasturteak osorik amaiturik edukitzea.
c) Zerbitzu aktiboan, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egotea igoera zein lanpostutik egin nahi eta horretan.
3.1.2. Igoerako txanda irekia:
a) Gutxienez hiru urteko antzinatasuna izatea, lanpostuaren jabetzaren datatik, kabo lanetan, Nafarroako Polizia Kidegoetako batean.
Halaber, parte hartu ahalko dute gutxienez zazpi urteko antzinatasuna eta eskatutako erdi mailako titulazioa duten Nafarroako Polizia Kidegoetako funtzionarioek.
b) Unibertsitate-diploma, Ingeniari Tekniko, Arkitekto Tekniko edo hirugarren mailako Lanbide Heziketako edo horien baliokide den titulu bat edukitzea, edo lizentziatura edo ingeniaritza baten edo arkitekturaren lehenengo hiru ikasturteak osorik amaiturik edukitzea.
c) Zerbitzu aktiboan, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egotea igoera zein lanpostutik egin nahi eta horretan.
3.2. Aurreko betekizunak bi txandetako izangaiek bete beharko dituzte parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean, eta mantendu lanpostua betetzen den egunera arte. Atzerrian eskuratutako titulazioen kasuan, horien homologazio-egiaztagiria eduki beharko dute.
4. oinarria.–Eskabideak eta aurkezteko epea.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aitzina.
4.2. Deialdian parte hartzeko eskabideak Iruñeko Udalaren edozein erregistrotan aurkeztu ahalko dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren bideetako edozein erabiliz.
Eskabidea posta-bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, Postetxeko langileek eskabidean data eta zigilua jar ditzaten hura ziurtatu aurretik.
Eskabideak I. eranskinean jasotako ereduari lotuko zaizkio. Eredu hori eskuragarri egonen da Iruñeko Udalaren Herritarrendako Arreta bulegoetan eta Interneten (www.pamplona.es webgunean), eta hura argitaratzen duen Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.
Eskabidean izan daitezkeen akats materialak zein egitatezkoak edozein unetan zuzentzen ahalko dira, ofizioz ala interesdunak eskatuta.
4.3. Eskabideaz gain, barne-igoerako txandako izangaiek (Iruñeko Udaltzaingoko kideak) aurkeztu beharreko agiriak:
4.3.1. Udalak ofizioz erantsiko du espedientean interesdunak lanpostuaren jabetzaren datatik gutxienez 3 urteko antzinatasuna duela, Iruñeko Udaltzaingoko kabo lanpostuan, egiaztatzen duen agiria, edo lanpostuaren jabetzaren datatik gutxienez 7 urteko antzinatasuna duela, Iruñeko Udaltzaingoko polizia lanpostuan, egiaztatzen duen agiria, bai eta interesdunaren administrazio-egoera zein berak emandako eta berari aitortutako zerbitzuen berri ematen duena ere.
4.3.2. Deialdi honen II. eranskinean ezarritako baremoaren arabera alegatzen dituzten merezimenduak egiaztatzeko agiriak. Baldin eta izangaiak aurkezten dituen merezimenduak administrazio honen eskutan badaude, hala adierazi beharko da, eta berariaz azaldu zer prozeduratan dauden.
4.4. Eskabideaz gain, txanda irekiko izangaiek (Nafarroako Polizia Kidegoetako kideak) aurkeztu beharreko agiriak:
4.4.1. Organo eskudunak emandako egiaztagiria, baieztatzeko interesdunak gutxienez 3 urteko antzinatasuna duela, lanpostuaren jabetzaren datatik, Nafarroako Polizia Kidegoetako bateko kabo gisa, edo gutxienez 7 urteko antzinatasuna duela, lanpostuaren jabetzaren datatik, Nafarroako Polizia Kidegoetako polizia gisa. Egiaztagiri horretan bertan adierazi beharko da, baita ere, interesduna zein egoera administratibotan dagoen.
4.4.2. Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emandako egiaztagiria, non ziurtatuko baita interesdunak Nafarroako Polizien Kabo ikastaroa edo Polizia lanpostura sartzeko eskatzen den oinarrizko ikastaroa, erakunde horrek emandakoa, gainditu duela.
Betebehar hori deialdia egin duen administrazioak egiaztatuko du, ofizioz, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolatik jasota.
4.4.3. Izangaiak deialdi honen II. eranskinean ezarritako baremoaren arabera alegatzen dituzten merezimenduak egiaztatzeko agiriak.
4.5. Izangaiek jatorrizko dokumentuak, fotokopia konpultsatuak edo legeekin bat kautotuak aurkeztu beharko dituzte.
5. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
5.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Giza Baliabideetako zuzendariak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin aginduko du.
Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, Giza Baliabideetako zuzendariak lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzen duen ebazpena emanen du.
5.2. Baztertutako izangaiek aukera izanen dute, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hamar egun baliodunetatik aitzina, erreklamazioak aurkezteko edo, hala badagokio, izan daitezkeen akatsak zuzentzeko.
5.3. Erreklamazioak aurkezteko epea iraganik eta haien gainean ebatzitakoan, Giza Baliabideetako zuzendariak onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin aginduko.
5.4. Aurreko ataletan aipatzen diren behin-behineko eta behin betiko zerrendetan honako datu hauek agertuko dira bakarrik: polizia-zenbakia, izangaia Nafarroako Poliziako zein Kidegotakoa edo zein toki entitatekoa den, eta zer txandatan aurkezten den.
6. oinarria.–Lehiaketa-oposizioaren garapena.
6.1. Lehiaketa-oposizioa hiru fasetan eginen da. Lehenengo fasea lehiaketa izanen da, bigarrena, proba praktikoa, eta azkena, trebakuntza-ikastaroa, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat.
Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ematen den ebazpenean bertan zehaztuko dira lehiaketa-oposizioa osatzen duten probak non, noiz eta zer ordutan izanen diren. Gainerako probetarako hurrengo iragarkiak argitara emanen dira Udaletxeko iragarki-taulan, webgunean eta Iruñeko Udaltzaingoaren lokaletan, gutxienez 48 orduko aurretiazko epearekin.
6.2. Lehiaketa-aldia.
6.2.1. Lehiaketa-aldian izangaiek aurkeztutako merezimenduen balorazioa eginen da –merezimenduek behar bezala egiaztaturik egon behar dute–, eta gehienez ere 82,475 puntu jasoko dira:
a) Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak: 35 puntu gehienez ere.
b) Polizia-lanarekin loturiko prestakuntza, irakaskuntza eta ikerlanak: 25 puntu gehienez ere.
c) Hizkuntzak: euskara, frantsesa, ingelesa edota alemana: 19,975 puntu gehienez ere. Euskararen balorazioa hizkuntza horren erabilera arautzen duen ordenantzarekin bat eginen da.
d) Eskersariak: 2,5 puntu gehienez ere.
Aurreko ataletarako alegatu eta egiaztaturiko merezimenduak deialdi honen II. eranskinean jasotako baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak. Merezimenduak agiri bidez alegatu eta frogatu beharko dira lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean. Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez egiaztatu gabeko merezimendurik, ezta atal bakoitzerako aipatzen den gehieneko puntuazioa baino altuagorik eman ere.
Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahal ditu izangaiek alegatutako merezimenduen gainean.
Aldi honen amaieran, epaimahaiak behin-behineko puntuazioak argitaratuko ditu Iruñeko Udaleko iragarki-taulan, eta 5 egun naturaleko epea irekiko du, argitaratzen diren egunetik aitzina, izangaiek eskubidez komeni zaiena alegatu dezaten.
Behin epaimahaiak behin-behineko emaitzen aurrean aurkezturiko erreklamazioak ebatzita, Herritarren Segurtasuneko eta Elkarbizitzako Alorrean dagoen Iruñeko Udaleko iragarki-taulan eta Udalaren webgunean (www.pamplona.es) argitaratuko ditu merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak.
6.3. Proba praktikoen fasea
6.3.1. Proba praktikoen fasea honako proba hauek osatuko dute:
a) Proba objektiboan, III. eranskinean jasotako gaitegiari buruzko galderei erantzutea: gehienez ere 150 puntu.
b) Txosten psikoteknikoa: gehienez ere 70 puntu.
Proba guztiak deialdi bakarraren bidez eginen dira. Bazterturik geldituko dira horietako edozein probatara agertzen ez diren izangaiak.
6.3.2. 6.3.1. zenbakiaren a) letran zehaztutako proba praktikoaren gehieneko puntuazioa 150 puntukoa izanen da, eta haietan test moduko azterketa bat egin beharko da: III. eranskinean jasotako gaitegiari buruzko 100 galderak osatuko dute testa; horietako bakoitzak hiru erantzun posible izanen ditu, eta 1,5 puntu emanen zaizkie erantzun zuzenei, eta 0,5 puntu kenduko da oker erantzundako bakoitzagatik.
Proba hau baztertzailea da, eta kanpoan geratuko dira gutxienez 75 puntu lortzen ez dituztenak.
Proba horretan erreserbako zortzi galdera gehigarri izanen dira, azterketako galderetan akatsen bat baldin bada horiek erabili ahal izateko. Epaimahaiaren iritziz baliorik gabeko galdera gehiago egonez gero, horiek deuseztatuko dira eta ez dira kontuan hartuko azterketa zuzentzerakoan.
6.3.3. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuko Sailak, lanpostuaren edukiari eta funtzioei buruzko hautaprobak egin ondoren, proba horiek gainditu dituen izangai bakoitzari buruzko txosten psikotekniko bat eginen du, eta bertan baloratuko du izangai bakoitza deialdiaren xede den lanpostuaren izaera eta ezaugarrietara egokitzen den.
Aipatu unitateak txosten psikoteknikoan izangaiei emandako puntuazioak epaimahaia lotetsiko du.
Proba hau ez da baztertzailea izanen eta 0 eta 70 puntu bitarte lortzen ahalko dira.
6.4. Behin lehiaketako elementu guztien kalifikazioa amaituta (proba praktikoa eta proba psikoteknikoak), Epaimahaiak Herritarren Segurtasuneko eta Etxebizitzako Alorrean dagoen Udalaren iragarki-taulan eta webgunean (www.pamplona.es) argitaratuko ditu izangaiek eskuraturiko puntuazioak, eta 5 eguneko epea emanen du interesdunek balorazio horri buruzko erreklamazioak egin ditzaten eta eskubidez komeni zaien guztia alega dezaten.
Behin erreklamazioak egiteko epea amaitu eta horiek ebatzi ondoren, epaimahaiak Herritarren Segurtasuneko eta Elkarbizitzako Alorrean dagoen Udalaren iragarki-taulan eta webgunean (www.pamplona.es) argitaratuko du izangaien zerrenda osoa, lehiaketaren guztizko puntuazioak adierazita.
Berdinketarik izanez gero, administrazio publikoetako zerbitzuetan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da, eta, berdinketak jarraituz gero, adinez zaharrena den izangaiari emanen zaio lehentasuna.
7. oinarria.–Igoerarako gaitzeko ikastaroa.
7.1. Zerbitzu berezietako egoeran aritzeko adierazpena.
Iruñeko Udaleko Udaltzaingoko inspektoreorde-lanpostura sartzeko ikastaroa –Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emandakoa– egiteko xedez, hautaketa-prozedura gainditu eta bete beharreko plaza-kopuruan lekua duten izangaiek Nafarroako zein administrazio publikoaren mende dauden eta horri zerbitzu berezietako egoera eskatuko diote, Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamenduko 23. artikuluan eta Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko 24.2 artikuluan ezarritakoekin bat, Iruñeko Udaleko Udaltzaingoko inspektoreorde-lanposturako sartzeko prestakuntza hasten den egunetik aitzina indarra hartzekoa.
Gaitzeko ikastarorako onarturiko izangaien zerrendan adieraziko da non, zer egunetan eta zer ordutan hasiko den ikastaroa.
Gaitzeko ikastaroa egin bitartean, izangaia Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari atxikiko zaio.
7.2. Gainditu beharrekoa.
Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako prestakuntza ikastaroa gainditu beharrekoa izanen da. Izangaiek “Gai” edo “Ez Gai” kalifikazioak jasoko dituzte ikastaroa amaitutakoan, eta ezin izanen dira izendatu “Ez Gai” kalifikazioa dutenak.
Gaitzeko ikastaroa Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen du eta Eskolak ezartzen duen iraupena izanen du.
7.3. Behin ikastaroa amaituta, langilea automatikoki itzuliko da zerbitzu berezietako izendapena jaso arte betetzen ari zen plazara, zerbitzu aktiboan.
Zerbitzu berezietako egoeraren aitorpenak ez du batere aldaketarik ekarriko izangaiaren gizarte-aurreikuspeneko araubidean, eta egoera horretan dagoenean jatorrizko lanpostuan zuen araubide berarekin jarraituko du.
Zerbitzu berezietako egoeran aitortuak izan eta gaitzeko ikastaroan onartutako izangaiek Iruñeko Udaletik jasoko dituzte hasierako soldata eta Iruñeko Udaltzaingoko Trafiko-poliziaren lanpostuari dagokion berariazko osagarriak bai eta jatorrizko lanpostuan aitortuak dituzten graduari, antzinatasunari eta familia-laguntzari dagokien zenbatekoa ere.
Izangaiek nor bere administrazioaren egiaztagiri bat aurkeztu beharko dute, aurreko paragrafoan adierazitakoa egiaztatzeko, eta bertan zehaztuko da kontzeptu horiek direla-eta zenbat jaso zuten gaitzeko ikastaroa hasi aurreko hilabetean.
Izangaiak ikastaroa uzten badu, ikastaroa utzi duen egunera arte bakarrik izanen du eskubidea aurreko atalean adierazitako ordainsariak jasotzeko.
Aurreko atalak aipatzen duen araubideko ordainsaria jasotzeari automatikoki utziko zaio zerbitzu berezietako egoera amaitutakoan, eta ez du inondik ere ekarriko eskuraturiko eskubiderik, eskubide pasiborik zein deitutako lanpostutik eratorritako inongo eskubiderik.
8. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaiaren osaera, eraketa eta jarduketa.
8.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute.
Epaimahaiburua: Jesús Munárriz Salinas, Iruñeko udaltzainburua.
Ordezkoa: Eva Echarri Osinaga, Herritarren Segurtasuneko eta Elkarbizitzako Alorreko idazkari teknikoa.
Epaimahaikidea: Patxi Bacaicoa Nuñez, Iruñeko Udaltzaingoko komisario nagusia.
Ordezkoa: Alfonso Fernández Torres, Iruñeko Udaltzaingoko komisario nagusia.
Epaimahaikidea: José Francisco Ataun Roldán, Iruñeko Udaltzaingoko komisarioa.
Ordezkoa: José Rey Carrascosa, Iruñeko Udaltzaingoko inspektorea.
Epaimahaikidea: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkari bat, Batzordeak berak izendatua.
Ordezkoa: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkari bat, Batzordeak berak izendatua.
Epaimahaikide-idazkaria: Javier García Martínez, Herritarren Segurtasuneko Alorreko legelaria.
Ordezkoa: Víctor Sarasa Astráin, Herritarren Segurtasuneko Alorreko legelaria.
8.2. Epaimahaia epaimahaiburuak deituta eratu beharko da, probak hasi baino lehenago.
8.3. Epaimahaia ezin izanen da ez eratu, ez jardun gutxienez kideen gehiengo osoa bildu gabe, eta, betiere epaimahaiburua eta idazkaria, edo horien ordez ari direnak, bertan daudelarik.
8.4. Epaimahaiko kideek esku hartzeari uko egin beharko diote, eta hori erakunde deitzaileari jakinarazi, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen badira.
Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen bada.
8.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honetako oinarriak interpretatzeko eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.
Epaimahaiak aholkulari adituak deitu ahalko ditu proba batzuetarako zein guztietarako. Aipatu aholkulariak zein bere espezialitate teknikoetan bakarrik ariko dira, eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
9. oinarria.–Gainditu dutenen zerrenda.
Prestakuntza ikastaroa amaituta, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako zuzendariak prestakuntza-ikastaroan izangaiek lortutako kalifikazioak helaraziko dizkio Giza Baliabideetako zuzendariari, horien izendapena eta lanpostu hutsen esleipena egite aldera.
10. oinarria.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.
10.1. Eskatzen zaizkien agiriak aurkeztu ondoren, Tokiko Gobernu Batzarrak Iruñeko Udaltzaingoko funtzionario eta inspektoreorde izendatuko ditu lehiaketa-oposizioa gainditu duten izangaiak, osotara lorturiko puntuazioaren hurrenkerarekin bat, eta izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.
10.2. Izendatutako izangaiek izendapenean zehazten den egunean hartuko beharko dute lanpostuaren jabetza. Behar bezala justifikaturiko ezinbesteko kausetan salbu, lanpostua jabetzan hartzen ez dutenek kategoriaz igotzeko eskubidea galduko dute.
11. oinarria.–Errekurtsoak.
Deialdi honen nahiz haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetariko bat paratzen ahal da, aukeran:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza zein organok egin eta horri zuzendua, hilabeteko epean, egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.
Epaimahai kalifikatzailearen egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.
Udalaren webgunean argitaratuko dira hala jarritako errekurtsoak nola haien gainean emandako ebazpenak, hautapen-prozesu honetako interesdunei jakinarazpena egiteko.
Iruñean, 2018ko martxoaren 28an.–Alkatea, Joseba Asiron Saez.
I. ERANSKINA
Eskabide-orria (PDFa).
II. ERANSKINA
Merezimenduak baloratzeko baremoa
A) Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak: 35 puntu gehienez ere.
1. Nafarroako Polizia Kidegoetan lanpostu finkoan emandako zerbitzuengatik, urte bakoitzeko: 1,50 puntu, polizia edo agente lanpostuan.
2. Nafarroako Polizia Kidegoetan, deialdiaren xede den lanpostuan, behin-behinean emandako zerbitzuengatik, urte bakoitzeko: 1,65 puntu.
3. Lanpostu finkoan, administrazio publiko baten menpeko beste Segurtasun Kidego eta Indarren batean, emandako zerbitzuak: 1,50 puntu, polizia edo agente lanpostuan.
Oharrak:
1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa esleituko zaio.
2. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, dagokion zatia kenduko da.
3. Ez dira baloratuko deialdia NAOn argitaratu ondoren emandako zerbitzuak.
4. Funtzionarioa zerbitzu berezien egoeran edo eszedentzia berezian eta unitate organiko baten burutzan edo zuzendaritzan emandako aldiak halako egoeretara igaro zirenean zeukaten lanpostuan emandako zerbitzu gisara baloratuko dira.
B) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerlanak: 25 puntu gehienez ere.
1. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzea: 0,10 puntu kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu), eta gehienez ere 10 puntu.
Oharrak:
1. Baloratu beharreko prestakuntza-ekintzetan, ikastorduen zatikiak hainbanatuko dira.
2. Ikastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.
3. Ikasturte bateko iraupena frogatzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.
4. Puntuazio bera baliatuko da baloratzeko erakunde antolatzaileez bezainbatean ezarritako baldintzak bete ez baina Administrazioak aginduta edo haren oniritziarekin eginak diren prestakuntza-saioetan parte hartu izana, halako prestakuntza-saiotzat joko direlarik espresuki sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Itunen barruan antolatutakoak.
2. Biltzar edo jardunaldietan txostenak edo komunikazioak aurkeztea, beka edo sariren bat jaso duten zientzia- edo ikerketa-lanak egitea eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea: hiru puntu, gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoa, kontuan hartuz lana edo jarduera pertsona bakar batek egina den edo taldekoa, eta biltzarra edo argitalpena zer esparrutakoa den (tokikoa, eskualdekoa, naziokoa edo nazioartekoa).
3. Sektore publikoan prestakuntza saioak antolatzea edota halakoetan irakasle jardutea: bi puntu, gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoa, haien iraupenaren arabera.
4. Titulazio eta espezialitate akademikoak, deialdian eskatu direnez bestekoak. Lau puntu, gehienez ere.
5. Deialdirako eskatutako titulaziotik gorako doktorego edo lizentziagatik: bi puntu, gehienez ere.
6. Beste merezimendu batzuk, Epaimahaiak baloratzekoak. Besteak beste, sektore pribatuan egindako lanak, prestakuntza bekak edo egonaldiak eta parte hartzea kontsulta-, aholkularitza-, partaidetza- edo ordezkaritza-organoetan: lau puntu, gehienez ere.
Oharrak, b) atal osorako:
1. Atal honetan, deialdiaren xedea diren lanpostuekin zerikusirik duten merezimenduak soilik baloratuko dira. Ez dira baloratuko, inola ere, kabo lanpostua eskuratzeko beharrezkoak diren prestakuntza-ikastaroak.
C) Ingelesa, frantsesa, alemana edota euskara (19,975 puntu, gehienez ere):
1.–Ingelesa, frantsesa edota alemana (4,70 puntu, gehienez ere, bakoitzeko).
a. A1 maila: 0,94 puntu.
b. A2 maila: 1,88 puntu.
c. B1 maila: 2,82 puntu.
d. B2 maila: 3,76 puntu.
e. C1 maila: 4,70 puntu.
2.–Euskara (5,875 puntu, gehienez ere):
a. A1 maila: 1,175 puntu.
b. A2 maila: 2,35 puntu.
c. B1 maila: 3,525 puntu.
d. B2 maila: 4,70 puntu.
e. C1 maila: 5,875 puntu.
Tituluak eta egiaztagiriak Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan ezarritako mailekin bat baloratuko dira. Maila horiek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari-kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean jasota daude, zeinak ezartzen baititu euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen jakite-maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliozkotzeak, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa).
Maila gorenari dagokion puntuazioa emanen da. Ez dira inolaz ere batuko bi maila edo gehiagoko puntuazioak.
D) Eskersariak: 2,50 puntu gehienez ere.
1. Zerbitzu Goraipagarrien Plakagatik: 1,25 puntu.
2. Zerbitzu Goraipagarrien Dominagatik: 0,75 puntu.
3. Jendaurreko Esker Onagatik: 0,50 puntu.
4. Esker On pribatuagatik: 0,25 puntu.
III. ERANSKINA
Gai-zerrenda
1.–8/2007 Foru Legea, martxoaren 23koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa, apirilaren 10eko 15/2015 Legeak aldatua.
2.–11/2009 Foru Dekretua, otsailaren 9koa, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua onesten duena.
3.–Prozedura Kriminalaren Legea. Prozedura Kriminalaren Legea: I. Liburua: IV. titulua: Nori dagokion delitu eta falten ondoriozko akzioak egikaritzea. II. Liburua: I. titulua: Salaketa. III. titulua: Polizia judiziala. V. titulua: Delitua egiaztatzea eta delitugilea nor den ikertzea. VI. titulua. II. kapitulua: Atxiloketa. IV. kapitulua: Defentsa-eskubidearen egikaritza, abokatuaren laguntza, eta atxilotuei eta presoei eman beharreko tratua. VIII. titulua. Toki itxian sartu eta hori miatzea; liburukiak eta paperak miatzea; eta idatzizko posta eta posta telegrafikoa geldiarazi eta irekitzea.
4.–Zigor-kodea. I. Liburua: Delitu eta faltei, pertsona erantzuleei, zigorrei, segurtasun-neurriei eta arau-hauste penalaren gainerako ondorioei buruzko xedapen orokorrak. I. titulua: Arau-hauste penala. II. titulua: Delitu eta faltei dagokienez erantzukizun penala duten pertsonak. II. Liburua: Delituak eta horiei dagozkien zigorrak. I. titulua: Giza-hilketa eta giza-hilketaren formak. III. titulua: Lesioak. VI. titulua: Askatasunaren aurkako delituak; II. kapitulua: Mehatxuak; III. kapitulua: Derrigortzeak. VIII. titulua: Sexu-askatasun eta -ukigabetasunaren aurkako delituak. XIII. titulua: Ondarearen, eta gizarte eta ekonomiaren ordenaren aurkako delituak; I. kapitulua: Ebasketak; II. kapitulua: Lapurretak; IV. kapitulua: Ibilgailua erabiltzeko lapurreta eta ebasketa; VI. kapitulua: Iruzur egitea, I. atala: Maulak, II. bis atala: Bidegabe jabetzea. XVII. titulua: Segurtasun kolektiboaren aurkako delituak; III. kapitulua: Herri-osasunaren aurkako delituak. IV. kapitulua: Trafiko-segurtasunaren aurkako delituak. XVIII. titulua: Faltsutzeak; II. kapitulua: Agiri-faltsutzeak. I. atala: Agiri publikoak, ofizialak, merkataritza-agiriak eta telekomunikazio-zerbitzuen bidez bidalitako idatz-agiriak faltsifikatzea. II. atala: Agiri pribatuak faltsifikatzea. XIX. titulua: Herri administrazioaren aurkako delituak. XXII. titulua: Ordena publikoaren aurkako delituak; II. kapitulua: Agintaritzaren aurkako atentatuak, agintaritzaren agenteen eta funtzionario publikoen aurkako atentatuak, eta jarkitzea eta desobeditzea; VI. kapitulua: Erakunde eta talde kriminalak.
5.–6/1984 Lege Organikoa, maiatzaren 24koa, Habeas Corpus prozedura arautzen duena.
6.–5/2000 Lege Organikoa, urtarrilaren 12koa, adingabeen erantzukizun penala arautzen duena.
7.–16/2014 Instrukzioa, Estatuko Segurtasun Idazkaritzarena, gorroto-delituen eta diskriminazioari buruzko lege-arauak urratzen dituzten jarreren aurrean Segurtasun-indar eta -kidegoek jarraitu beharreko jarduketa-protokoloa onesten duena.
8.–2/1989 Foru Legea, martxoaren 13koa, Ikuskizun publikoak eta josteta-jarduerak arautzen dituena.
9.–201/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, Ikuskizun publiko eta josteta-jardueren ordutegi orokorra arautzen duena.
10.–202/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, Establezimendu, ikuskizun publiko eta josteta-jardueren katalogoa onetsi eta enpresa eta lokalen erregistroak arautzen dituena.
11.–33/2011 Foru Dekretua, maiatzaren 2koa, aisiako jardueretan sartzeko eta haietan egoteko baldintzak arautzen dituena eta sarrera kontrolatzen duten langileen gaikuntza-irizpideak eta eginkizunak ezartzen dituena.
12.–Eremu publikoan terrazak eta merkataritzari zein ostalaritzari loturiko bestelako elementuak jartzea arautzen duen ordenantza.
13.–4/1997 Lege Organikoa, abuztuaren 4koa, Segurtasun Indar eta Kidegoek eremu publikoetan bideokamerak erabiltzea arautzen duena.
14.–4/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, Herritarren Segurtasunaren Babesari buruzkoa.
15.–Gizalegezko jokaeren sustapenari eta espazio publikoen babesari buruzko udal ordenantza.
16.–Merkataritza ez-egonkorra arautzen duen udal ordenantza. Behin betiko onespena.
17.–6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen Testu Bategina onesten duena.
18.–1428/2003 Legegintzako Errege Dekretua, azaroaren 21ekoa, Zirkulazioaren Erregelamendu Orokorra onesten duena, Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide- segurtasunari buruzko Legearen testu artikulatua, martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia, aplikatzeko eta garatzeko asmoz.
19.–Aparkatze mugatuko eta murriztuko eremuak arautzen dituen ordenantza. Sarbide Kontrolatuko Eremua.
20.–Edukiontziak eremu publikoan paratzeari buruzko ordenantza.
21.–Iruñean animaliak edukitzea arautzen duen udal ordenantza.
22.–Elikagaien higieneari buruzko ordenantza (onetsia - bategina, 2014ko abuztuaren 14an).
23.–03-00-01 prozedura, poliziaren jarduketa-protokoloa, alkoholaren eraginpean gidatzen duten gidariekin aplikatzekoa.
24.–03-00-02 prozedura, jarduketa-protokoloa, droga toxikoak, estupefazienteak edo substantzia psikotropikoak hartu dituzten gidariekin aplikatzekoa.
25.–03-00-12 prozedura, trafikoko jarduketa-protokoloa, eremu publikoaren okupazioan eta seinaleztapenean.
26.–03-02-01 prozedura, trafiko istripuen protokoloa.
27.–02-00-10 prozedura, gazteak biltzeko lokalen erabilera kontrolatzeko protokoloa.
Iragarkiaren kodea: L1804785
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
