73. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

91/2018 EBAZPENA, martxoaren 27koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, graduatu ondokoentzako beka bat emateko deialdia onesten duena, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Berrikuntzaren, Barne Kalitatearen eta Europako Proiektuen Atalean aritzeko. Titulazio hau eskatzen da: Biologiako lizentzia edo gradua eta/edo Kimikako lizentzia edo gradua.

Lurralde eta Ingurumen Jasangarritasunaren arloko Berrikuntza eta Ezagutza Zerbitzuak proposatu du graduatu ondokoentzako beka bat emateko deialdia egitea, Berrikuntzaren, Barne Kalitatearen eta Europako Proiektuen Atalean aritzeko. Titulazio hau eskatzen da: Biologiako lizentzia edo gradua eta/edo Kimikako lizentzia edo gradua.

Bekadunen esku utziko diren azterketek eta lanek lanbide-esperientzia baliotsua ekarriko diete, eta, aldi berean, oso baliagarriak izanen dira departamentu honentzat.

Ebazpen honi honako arau hauek aplikatuko zaizkio: azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea, Diru-laguntzei buruzkoa, eta apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretua, prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duena Nafarroako Foru Komunitateko Administraziorako eta haren erakunde autonomoetarako.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak azaroaren 9an emandako 68/2017 Foru Aginduaren bidez eman dizkidaten eskudantziak erabiliz (izan ere, foru agindu horren bidez departamentuko zuzendari nagusien esku utzi zen 2018ko Gastuen Aurrekontuko “Bekak” izeneko 700000-70110-4809-411100 partidari eta ondorengo ekitaldietako antzeko partidei egotzitako gastuak eta ordainketak baimentzeko eskumena).

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren oinarrizko egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Graduatu ondokoentzako beka bat emateko deialdia onestea, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Berrikuntzaren, Barne Kalitatearen eta Europako Proiektuen Atalean aritzeko. Titulazio hau eskatzen da: Biologiako lizentzia edo gradua eta/edo Kimikako lizentzia edo gradua. Deialdiaren oinarri arautzaileak ebazpen honen eranskinean jaso dira.

2. 11.274,96 euroko gastua baimentzea, “Bekak” izeneko 700000-70110-4809-411100 partidaren kargura, honela banatuta diru kopuruaren eta denboraren arabera:

–2018ko ekitaldi ekonomikoa: 6.577,06 euro, 2018ko Gastuen Aurrekontuko “Bekak” izeneko 700000-70110-4809-411100 partidaren baliokide izateko sortzen denaren kargura; 900 euroko 7 hileko laguntzak dira, gehi 39,58 euro hilabetean Gizarte Segurantzaren kontzeptuan.

–2019ko ekitaldi ekonomikoa: 4.697,90 euro, 2019ko Gastuen Aurrekontuko “Bekak” izeneko 700000-70110-4809-411100 partidaren baliokide izateko sortzen denaren kargura; 900 euroko 5 hileko laguntzak dira, gehi 39,58 euro hilabetean Gizarte Segurantzaren kontzeptuan.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen hau Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Ekonomia Aferetarako Bulegora eta Langileria Bulegora igortzea.

5. Deialdi hau eta bere oinarri arautzaileak Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean (DDBN) erregistratzea.

6. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, argitalpen egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean.

Iruñean, 2018ko martxoaren 27an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

ERANSKINA

Beka bat emateko deialdiaren oinarri arautzaileak,
Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Berrikuntzaren, Barne Kalitatearen
eta Europako Proiektuen Atalean aritzeko

Lehena.–Xedea.

Deialdi honen xedea da graduatu ondokoentzako beka bat sortzea, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Berrikuntzaren, Barne Kalitatearen eta Europako Proiektuen Atalean aritzeko. Lanak lotuta egonen dira barne prozesuen kalitateari eta, zehatz-mehatz, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren prozesuen hobekuntzari.

Bigarrena.–Iraupena.

Bekak 12 hilabete arte iraunen du, 2018ko ekainaren 1etik 2019ko maiatzaren 31ra bitarte. Atalak eskatuz gero, beka luza daiteke, epe berdinetarako, hiru urte egin arte gehienez, hasierako epea eta luzapenak kontuan izanda.

Hirugarrena.–Zenbatekoa.

Bekaren zenbatekoa 11.274,96 eurokoa da, “Bekak” izeneko 700000-70110-4809-411100 partidaren kargura, honela banatuta diru kopuruaren eta denboraren arabera:

–2018ko ekitaldi ekonomikoa: 6.577,06 euro, 2018ko gastuen aurrekontuko “Bekak” izeneko 700000-70110-4809-411100 partidaren baliokide izateko sortzen denaren kargura; 900 euroko 7 hileko laguntzak dira, gehi 39,58 euro hilabetean Gizarte Segurantzaren kontzeptuan.

–2019ko ekitaldi ekonomikoa: 4.697,90 euro, 2018ko gastuen aurrekontuko “Bekak” izeneko 700000-70110-4809-411100 partidaren baliokide izateko sortzen denaren kargura; 900 euroko 5 hileko laguntzak dira, gehi 39,58 euro hilabetean Gizarte Segurantzaren kontzeptuan.

Urteko kotizazioak enpleguari eta gizarte segurantzari buruzko indarreko aginduei jarraikiz eginen dira; agindu horiek Gizarte Segurantzan kotizatzeko lege arauak garatzen dituzte.

Laugarrena.–Betebeharrak.

Betebehar hauek guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoek hartzen ahalko dute prestakuntza beka:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez duenak gaztelaniaz behar adina badakiela frogatu beharko du.

c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta diru-laguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea.

d) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdiaren eguna baino urte bat lehenagotik gutxienez.

e) Biologiako edo Kimikako lizentziako edo graduko titulua izatea, Espainiako agintariek emana edo homologatua.

f) Eskatutako titulua prestakuntza bekarako deialdia egin aurre-aurreko hiru urteen barrenean eskuratua izatea.

g) Bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galaraz dezakeen ezintasun fisikorik edo gaixotasunik ez izatea.

Bosgarrena.–Eskaerak aurkeztea.

1. Eskaerak ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hogeita hamar egun baliodunean aurkeztuko dira.

2. Eskaerak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (González Tablas kalea, 9, Iruña), Nafarroako Gobernuaren gainerako erregistro bulegoetan (zerrenda 2014ko 46. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 7an) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan.

Telematika bidez ere aurkez daitezke, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz: http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/7479/Beca-de-postgraduado-a-disfrutar-en-el-Departamento-de-Desarrollo-Rural-Medio-Ambiente-y-Administracion-Local. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Behar diren baliabideak ez dituzten edo aholkularitza behar duten eskatzaileen tramitazioa errazteko, Nafarroako Gobernuak erabiltzaileari arreta emateko Info 012 gunea jartzen du haien eskura, Tuterako Foruen plazako 5-6 zenbakietan. Han aholku emanen zaie eskaerak aurkezteko moduaz, baina hartarako, aurreko paragrafoan ezarri bezala, behar-beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala izatea.

3. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Eskabidea.

b) Curriculum vitaea, honako hauek adierazten dituena: egindako ikasketak, garatutako jarduerak, argitalpenak, lortutako sariak eta, egokitzat joz gero, aipatu nahi dituen merezimendu guztiak.

c) Ikasketa-espedientearen ziurtagiria, maila bakoitzeko irakasgai guztien kalifikazioekin, zein deialditan gainditu zituen espresuki aipatuta.

d) Seigarren oinarrian adierazten diren gainerako merezimenduen eta hizkuntza mailen egiaztagiriak, horrelakorik badu.

e) Dauzkan titulu eta diplomen fotokopia.

f) Jaiotze agiria edo nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

g) Nafarroan duela urtebete bizi dela frogatzen duen agiria (adibidez: kasuan kasuko udalak emandako ziurtagiria).

Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

4. Epe barrenean aurkeztutako eskaeran behar diren datu guztiak jasotzen ez badira edo eskatutako agiriak eransten ez bazaizkio, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar egun balioduneko epean akatsak zuzendu ditzala edo agindutako agiriak aurkez ditzala. Halaber, jakinaraziko zaio hori egiten ez badu eskaerari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da, interesdunari jakinaraziko zaiona. Deialdian eskatzen diren agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da zuzenketarik egin.

5. Prestakuntza beka jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

Seigarrena.–Eskaeren ebaluazioa.

1. Ebaluazio batzorde batek baloratu eta hautatuko ditu deialdiko baldintzak betetzen dituzten eskaerak. Honako hauek osatuko dute batzordea:

Batzordeburua: Andrés Arriaga Oroquieta, Berrikuntzaren, Barne Kalitatearen eta Europako Proiektuen Ataleko burua.

Batzordekidea: Delia Sola Jiménez, Nekazaritzako Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzaren Koordinazio Bulegoko burua.

Idazkaria: Luis Igor Sanmartin Sanmartin, Berrikuntzaren, Barne Kalitatearen eta Europako Proiektuen Ataleko teknikaria.

2. Ebaluazio batzordeak izangaiek frogatutako merezimenduak kalifikatuko ditu, balorazio hauen arabera:

2-I. Ikasketa-espedientea:

Ikasketa-espedientearen batez besteko nota hartuko da kontuan. Batez besteko nota handienari (10) 60 puntu emanen zaizkio. Balio osoa oinarri hartuta, kalkulu proportzionala edo hainbanatua aplikatuko da.

2-II. Bekaren jardueraren esparruari lotutako arloetako prestakuntza eta/edo beste titulu batzuk:

Ikastaroak: bekaren xedearekin lotura duten ikastaroak gehienez 10 punturekin baloratuko dira:

–40 ordu baino gutxiagoko ikastaroak: 1 puntu ikastaroko.

–40tik 199 ordura bitarteko ikastaroak: 2 puntu ikastaroko.

–200 ordu baino gehiagoko ikastaroak: 3 puntu ikastaroko.

Beste titulu batzuk: frogatutako beste titulu akademiko batzuk gehienez 10 punturekin puntuatuko dira.

–Titulu akademiko osoak: 5 puntu titulu osoko.

2-III. Lanbide-esperientzia.

Bekaren xedearekin lotura duten jardueretan lan egindako urte bakoitzeko 2,5 puntu emanen dira, edo haren banaketa proportzionala, gehienez 10 puntu emanda.

2-IV. Hizkuntzak.

Hizkuntzak baloratuko dira Hizkuntza Eskola Ofizialetako, Euskaltzaindiko eta/edo Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratua ezartzen duen otsailaren 28ko 30/2011 Foru Aginduaren bidez aitortutako erakundeetako titulu ofizialen arabera. Gehienez ere 10 puntu emanen dira guztira (frogatutako hizkuntza guztien puntuak batuta).

–B1 maila - tarteko maila: 1,6 puntu.

–B2 maila - maila aurreratua: 2 puntu.

–C1 maila - gaitasun maila: 2,5 puntu.

3. Izangai batek 100 puntu eskuratzen ahalko ditu gehienez; balio hori bat etorriko da aipatutako merezimendutako bakoitzaren gehieneko balioekin. Merezimenduak kalifikatzeko prozesua bukatuta, ebaluazio batzordeak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren iragarki oholean (González Tablas kalea, 9, Iruña) argitaratuko du aukeraturiko izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren araberakoa, baita Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko zerbitzuen katalogoaren berariazko fitxan ere (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/),

4. Ebaluazio batzordeak organo eskudunari igorriko dio bekak emateko proposamena, loteslea izanen dena.

5. Hautatutako gainerako eskatzaileekin ordezkapenetarako zerrenda bat osatuko da, guztira lortzen duten puntuazioaren araberako hurrenkerari jarraikiz; hurrenkera horri zorrotz jarraituko zaio sortzen ahal diren bajak betetzeko, onuradunak uko egiten duenean, ezinbesteko kasuetan, baldintzak betetzen ez dituenean edo behar den bezala arrazoitutako beste edozein kasutan.

Zazpigarrena.–Beka emateko ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak beka emateko ebazpena emanen du.

2. Prozedura ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori bukatzen denerako berariazko ebazpena argitaratu edo jakinarazi ez bada, uler daiteke eskaerak ezetsi egin direla administrazioaren isiltasunez.

3. Beka onuradunari adjudikatu zaiola eta, kasua bada, gainerako eskaerak ukatu direla administrazio prozedura erkideari buruzko legedian agindu bezala jakinaraziko zaie interesdunei, eta, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren iragarki oholean argitaratuko da (González Tablas kalea, 9, Iruña), baita Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko zerbitzuen katalogoaren berariazko fitxan ere (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/). Bekaren esleipenari buruzko jakinarazpenean, onuradunei ezarritako baldintzak zehaztuko dira.

Zortzigarrena.–Jabetza intelektuala.

Egiten diren dokumentu eta lanen jabetza intelektuala Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuarena izanen da, eta berak bakarrik izanen du haiek zabaldu eta argitaratzeko eskubidea.

Bederatzigarrena.–Jardueren hasiera eta ukoak.

1. Prestakuntza beka jasotzen duenak organo eskudunak agintzen dion egunean hasi beharko du jardueran, edo, bestela, bekaren esleipena jakinarazi eta hamar eguneko epean. Horrela egiten ez badu, ulertuko da onuradunak bekari uko egin diola behin betiko, non ez den ezinbesteko arrazoirik edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera.

2. Emandako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, organo eskudunak zilegi izanen du beka hori ebaluazio batzordeak ezarritako zerrendan hurrengo postuan ageri denari ematea, deusetan galarazi gabe onuradunak uko egin arte dituen betebeharrak.

Hamargarrena.–Betebeharrak eta bateraezintasunak.

1. Bekadunek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 16. eta 19. artikuluetan ezarritako bateraezintasun eta betebehar orokorren araubidea bete beharko dute.

2. Jarduerak hasten diren unean onuradunek ezin izanen dute bekarekin bateraezina den beste edozein laguntza publiko edo pribaturik jaso.

Hamaikagarrena.–Tutoretza eta jarduerak.

1. Bekadunari tutore bat esleituko zaio. Tutoreak eginkizun jakin batzuk ezarriko dizkio, ordutegiak finkatuko ditu eta bekadunak betebeharrak eta jarduerak betetzen dituen begiratuko du, haren ardura izanen baita bekaduna gainbegiratzea.

2. Beka emateak ez du inolaz ere sortuko lan, kontratu edo estatutu bidezko harremanik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin.

3. Bekaldiaren hilabete bakoitzeko, 2,5 egun naturaleko atsedenaldia emanen zaio bekadun bakoitzari.

4. Zein unitate administratibotan egiten diren jarduerak, haren barne edo funtzionamendu araubideari jarraituko zaio eskubide horiek erabiltzeko.

5. Bekadunek prestakuntzarako beharrezkoak diren joan-etorriak egin beharko dituzte.

Hamabigarrena.–Kalte-ordainak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 21. artikuluan ezarritako kalte-ordainak jasotzeko eskubidea du bekadunak.

Hamahirugarrena.–Kalteengatiko erantzukizuna.

Administrazio Publikoa izanen da prestakuntza jardueran bekadunak hirugarrenei sortzen dizkien kalte eta galeren erantzulea, baina administrazio horrek zilegi izanen du bekadunak dolo, erru edo zabarkeria larriagatik izan dezakeen erantzukizuna eskatzea.

Iragarkiaren kodea: F1804435