72. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Aldaketa, Trakzio mekanikoko ibilgailuak egonaldi mugatuko eremu publikoetan aparkatzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean. Behin betiko onespena

Tuterako Udalak, 2017ko abenduaren 22ko osoko bilkura arruntean, aldaketak onetsi zituen hasiera batean “Trakzio mekanikoko ibilgailuak egonaldi mugatuko eremu publikoetan aparkatzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean”.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluko aginduei jarraikiz, erabaki hori 2018ko 5. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 8an, baita Udalaren ediktu oholean paratu ere, eta espedientea 30 egunean egon da jendaurrean.

Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu foru legearen 325.1.c) artikuluan dauden aginduak bete beharrez, behin betiko onetsitako aldaketak argitaratzen dira, ondotik ematen den eranskinean ezartzen den bezala.

Argitara ematen da aipatu agindua bete beharrez, eta ohartarazten ezen honako aldaketa hauen aurka –xedapen administratibo orokorra baita– ezin dela administrazio bidean errekurtsorik paratu, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeko 112.3 artikuluari jarraikiz. Hortaz, behin betiko onespen honen aurka ondoko bideetakoren bat erabiltzen ahalko da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraikiz, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Tuteran, 2018ko otsailaren 20an.–Ogasuneko zinegotzi ordezkaria, José Ángel Andrés Gutiérrez.

ERANSKINA

Ordenantza fiskala, Trakzio mekanikoko ibilgailuak egonaldi mugatuko eremu publikoetan aparkatzeko tasak arautzen dituena

–1. artikuluari idazketa berria ematea, testu honekin:

1. artikulua.

1. Tasa hauek ezarri dira Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea tasa eta prezio publikoei dagokienez aldatzen duen martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legearen 100.4 artikuluarekin bat etorriz eta Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onesten duen urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuari jarraituz.

2. Ordenantza honen xedea da tasak arautzea trakzio mekanikoko ibilgailuak aparkatzeagatik, izanik ibilgailu horiek 3.500 kg bitartekoak, edozein mota eta kategoriatakoak eta zerbitzu partikular nahiz publikorakoak, eta aparkamendua, berriz, Tuterako Udalaren Trafikoaren Ordenantza Orokorraren 45. artikuluan eta III. eranskinean ezarritako toki, eremu edo bide publikoetan eta ordutegietan.

3. Tasa galdatzeak ez du inor erantzukizunez gabetuko udal ordenantzak urratu baditu.

–10. artikuluari idazkera berria ematea, testu honekin:

Arau honetan xedatutakoa ez betetzea trafikoari eta zirkulazioari buruzko antolamenduaren kontrako arau-haustetzat joko da, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen 74. eta 75. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, eta Alkatetzak zehatuko du, aipatu Legearen 84., 94. eta 95. artikuluetan adierazten diren eskumenaren eta prozeduren arabera.

Iragarkiaren kodea: L1802460