1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
65/2018 EBAZPENA, otsailaren 12koa, Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak emana, Iruñeko “The British School of Navarra” ikastetxe pribatuari ireki eta jarduteko baimen berria ematen diona, eskaintzen dituen ikasketak aldatzeagatik eta ikaspostuen kopurua handitzeagatik.
Ikusirik ireki den espedientea, Delfín Serna Tinao jaunak eskaturik, Iruñeko “The British School of Navarra” ikastetxe pribatuaren titularra den “British School of Navarra SL” entitatea ordezkatuz, ikastetxea ireki eta jarduteko baimen berria eskatu baitu, ikastetxeak gaur egun baimendua duen adinaren gehieneko muga handitzeko; hots, Ingalaterrako eta Galesko curriculum nazionaleko “Year 9” (13-14 urteko adina) maila.
Ikusirik Espainiako The British Council entitateak eman duen ziurtagiria, zeinak adierazten baitu ikastetxeak baldintzak betetzen dituela Ingalaterrako eta Galesko curriculum nazionaleko “Nursery” (3-4 urteko adina) mailatik “Year 11” (15-16 urteko adina) mailara bitarteko baimen osoa lortzeko.
Ikusirik ziurtagiri horrek 2021eko azarora arte duela balioa, eta kontuan hartuta orduan eginen dela ikastetxearen hurrengo ikuskapena.
Espainian dauden ikastetxe atzerritarren araubideari buruzko maiatzaren 28ko 806/1993 Errege Dekretuan ezarritakoa kontuan harturik.
Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz eta Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuak hala proposaturik,
EBATZI DUT:
1. Iruñeko “The British School of Navarra” ikastetxe pribatuari ireki eta jarduteko baimen berria ematea, 2020-2021 ikasturtea amaitu arte iraunen duena, eskaintzen dituen ikasketak eta ikaspostuen kopurua aldatzeagatik, eta baimena ematea “Nursery” (3-4 urteko adina) mailatik “Year 11” (15-16 urteko adina) mailara bitarteko ikasketak emateko, gehienez ere 280 ikaspostutarako.
2. Ohartaraztea ikastetxearen entitate titularrak baimen berria eskatu beharko duela, 2021eko uztailaren 31 baino 3 hilabete lehenago gutxienez, ebazpen honen bidez baimendu diren “Year 11” (15-16 urteko adina) maila arteko ikasketak edo maila altuagokoak eman ahal izateko; edo “Year 11” mailatik gorako ikasketak ematen hasteko asmoa duen ikasturtea baino 3 hilabete lehenago, baldin eta ikasketa horiek 2021-2022 ikasturtea baino lehenago emateko asmoa badu. Eskaerekin batera 806/1993 Errege Dekretuaren 14.2 artikuluan adierazten den dokumentazioa aurkeztu beharko da.
3. Handik aurrera, honako hauek izanen dira ikastetxearen erregistro datuak:
Ikastetxearen kodea: 31013653.
–Ikastetxearen izen generikoa: Espainiako eta atzerriko ikasleentzako atzerriko ikastetxe pribatua.
–Ikastetxearen berariazko izena: “The British School of Navarra”.
–Titularra: “British School of Navarra SL”.
–Helbidea: Joan Paulo II.aren etorbidea, 1.
–Herria: Iruña.
–Udalerria: Iruña.
–Baimendutako ikasketak: Ingalaterrako eta Galesko curriculum nazionaleko “Nursery” (3-4 urteko adina) mailatik “Year 11” (15-16 urteko adina) mailara bitarteko ikasketak, gaztelaniarekin eta kultura espainiarrarekin osatuak.
–Gehienez ere 280 ikaspostutarako baimena ematen da.
–Baimendutako ikasleak: Espainiakoak eta atzerrikoak.
4. Gogoratu beharra dago, egindako ikasketak onartzeko, unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako atzerriko titulu eta ikasketen homologazio eta baliozkotzeari buruzko araudian xedatutakoa hartuko dela kontuan, 806/1993 Errege Dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoarekin bat.
5. Ohartaraztea ezen, ebazpen honen 2. atalean ezarritakoa galarazi gabe, eta 806/1993 Errege Dekretuaren 16. artikuluarekin bat, ikastetxeko entitate titularrak behar den baimena eskatu beharko diola departamentu honi, “British Council en España” entitatearen ziurtagiria eta izandako aldaketaren frogagiriak aurkeztuta, baldin eta ikastetxearen konfigurazioa aldatu nahi bada eta horrek ebazpen honen 3. apartatuan ezarritako erregistro datuak aldatzea ekartzen badu, edo instalazioak aldatu nahi badira.
6. Ohartaraztea, halaber, ikastetxeak Nafarroako Gobernuko Ikastetxeen Erregistroan duen inskripzioa deuseztatu, baliogabetu edo aldatzen ahalko dela, bidezkoa denaren arabera, titular interesdunari entzun ondoren, baldin eta inskripzioaren oinarri izandako funtsezko baldintzak aldatzen badira edo maiatzaren 28ko 806/1993 Errege Dekretuan eta gainerako arau aplikagarrietan xedatutakoa urratzen bada, errege dekretu horren 17. artikuluak ezarritako moduan.
7. Ebazpen hau ikastetxearen titularrari jakinaraztea, eta aditzera ematea haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
8. Ebazpen hau igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuari, Kontratazioaren, Zerbitzu Osagarrien eta Koordinazio Administratiboaren Atalari, eta Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegoari.
9. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñean, 2018ko otsailaren 12an.–Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia, Nekane Oroz Bretón.
Iragarkiaren kodea: F1802365