70. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

213/2018 EBAZPENA, martxoaren 21ekoa, Herri Lanetako zuzendari nagusiak emana, Iruña eta Soria bitartean errepidetik egiten den erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio publiko erregularraren zerbitzuaren (NAV 001) aurreproiektuari aurkeztutako alegazioak ebazten dituena eta zerbitzu horren proiektua onesten duena.

Herri Lanetako zuzendari nagusiaren maiatzaren 17ko 277/2016 Ebazpenaren bidez, Iruña eta Soria bitartean errepidetik egiten den erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio publiko erregularraren zerbitzuaren (NAV 001) aurreproiektua onetsi zen, eta jendaurrean jarri, Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko Legearen Erregelamendua onesten duen irailaren 28ko 1211/1990 Errege Dekretuaren 63. artikulua aplikatuz.

Horretarako, behar diren iragarkiak argitaratu ziren 2016ko 113. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 13koan, eta 2016ko 139. Estatuko Aldizkari Ofizialean, ekainaren 9koan. Aurreproiektua Nafarroako Gobernu Irekiaren Interneteko Atarian ikusgai egon zen, eta 30 egun balioduneko epea ezarri zen ohartarazpenak aurkezteko, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen egunetik hasita.

Era berean, zerbitzuak autonomia bat baino gehiago ukitzen dituenez, aurreproiektuaren ale bat igorri zitzaien Sustapen Ministerioko Lurreko Garraioaren Zuzendaritza Nagusiari, Errioxako, Gaztela eta Leongo eta Aragoiko autonomia erkidegoetan garraio arloko eskumena duten organoei, Lurreko Garraioen Kontseilu Nazionalari eta Errepide bidezko Garraioen Batzorde Nazionalari, txostena egin dezaten.

Epe hori bukaturik, Garraio Zerbitzuak adierazi du honako hauek aurkeztutako alegazioak jaso direla: José Ignacio Jiménez Domínguez jauna, Logroza SL ordezkatuz; eta Carlos Yéboles López eta Manuel Parrondo González jaunak, Compañía Navarra de Autobuses SA (CONDA) ordezkatuz. Jaso dira, orobat, honako hauek egindako txostenak: Sustapen Ministerioko Lurreko Garraioaren Zuzendaritza Nagusia, Aragoiko Gobernuko Mugikortasunaren eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia, Gaztela eta Leongo Juntako Garraio Zuzendaritza Nagusia eta Lurreko Garraioen Batzorde Nazionala.

Aurkeztutako alegazioak eta egindako txostenak Garraio Zerbitzuak baloratu ditu, eta ondoren adierazten den moduan ebaztea proposatu du:

José Ignacio Jiménez Domínguez jaunak, Logroza SL ordezkatuz, alegazio hauek egin zituen:

1. Lehiaketaren aurretik Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zen iragarkian, zerbitzuaren gaur egungo ustiapen baldintzak azaltzen ziren, eta aurreproiektuan, berriz, funtsezko aldaketak sartu dira, erabat berria den zerbitzu bat izateraino.

Argitaratutako iragarkian Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2007ko urriaren 23ko 1370/2007 (EE) Erregelamenduaren 7.2 artikuluan eskatutako informazioa jaso da (erregelamendu hori trenbide eta errepide bidezko bidaiari-garraioen zerbitzu publikoei buruzkoa da), eta horretarako prestatutako eredu normalizatuaren araberakoa da. Uki litezkeen lurraldeak ere identifikatu dira, kasuan kasuko NUTS kode eta guzti.

Bestalde, aurreproiektuaren edukia iragarkian argitaratutako informazioarekin bat dator, eta informazio hori Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko Erregelamenduaren 62. artikuluaren arabera zehaztu da, izan ere, artikulu horretan eskatzen da aurreproiektuetan zehazki jasotzea egin beharreko trafikoak. Hortaz, Garraio Zerbitzuak alegazio hau ezestea proposatu du.

2. Aurreproiektuan ez da jaso Tutera eta Alfaro artean gaur egun egiten den trafikoa.

Gaur egun, Iruña eta Soria bitartean errepidetik egiten den erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio erregularraren zerbitzuaren emakidaren barruan (NAV 001), ez dago Tuteraren eta Alfaroren arteko trafiko baimendurik. Hortaz, Garraio Zerbitzuak alegazio hau ezestea proposatu du.

3. Lizitazioa ezin da oinarritu orain dela 100 urte aintzat hartutako mugikortasun-fluxu berberetan, izan ere, herrietan jende gutxiago bizi da orain eta autonomia erkidegoek eskumen berriak bereganatu dituzte.

Alegazio generiko honetan ez da uste hori justifikatzen, eta ez dira zehazten aurreproiektuan behar bezala atenditu gabe uzten diren mugikortasun-fluxuak. Hortaz, Garraio Zerbitzuak alegazio hau ezestea proposatu du.

4. Soria eta Madril arteko trafikoa Logroño eta Madril arteko emakidan sartuta dago (VAC-022). Emakida hori berritzen denean, Auzitegi Gorenak emandako zenbait epai kontuan hartu beharko dira, Iruña eta Madril arteko VAC-208 emakida sortu zutenak (Burgosen eta Logroñon barna doana). Horrek ekarriko du VAC-022 emakidaren ordez baimentzen den emakida berrian debekatzea Logroño eta Madril arteko trafikoak egitea. Hortaz, debeku horren ondorioz, Soria eta Madril arteko zerbitzuak murriztuko dira, eta horrek eragina izanen du aurreproiektu honen xedeko zerbitzuaren bideragarritasun ekonomikoan.

Auzitegi Gorenaren Administrazioarekiko Auzien Salak (3. Atalak) 2008ko azaroaren 25ean emandako Epaian adierazi da Madril-Burgos-Logroño-Iruña zerbitzua ez dela bateraezina VAC-022 emakidarekin (Madril-Soria-Logroño, adarrekin) eta NA-019 emakidarekin (Iruña-Soria, adarrekin), beste bide batzuetatik hartzen baitute, hau da, Madril-Burgos-Logroño-Iruña VAC-208 emakidak ez du baldintzatzen Madril eta Soria arteko trafikoen jarraitutasuna, ez eta Iruña eta Soria artekoena ere, alegazio honen xedeko aurreproiektuan ezarritakoena, hain zuzen.

Bestalde, egungo zerbitzuen arteko konparazioak erakusten du Iruña eta Soria artean egunero 5 zerbitzu daudela, eta Soria eta Madril artean 9. Hortaz, Soria eta Madril arteko eskaintza jaitsiko balitz, ez litzateke nahitaez konprometituko Iruña eta Soria arteko lotura.

Horrenbestez, Soria eta Madril arteko zerbitzuaren jarraitutasuna ezin da zalantzan jarri, nahiz eta Soria eta Madril arteko zerbitzu berriaren ezaugarriak ezin diren zehaztu harik eta gaur egun Logroño eta Madril arteko VAC-022 emakidaren barruan dauden zerbitzuen berritze prozesua egin arte, Sustapen Ministerioaren eskumenekoa baita.

Horregatik guztiagatik, Garraio Zerbitzuak uste du ez dagoela argudiorik Iruña eta Soria arteko zerbitzuaren lizitazioa galarazten duenik, zerbitzua eteteak erabiltzaileei kalte eginen dielako. Hortaz, alegazio hau ezestea proposatu du.

5. Baliabide materialei dagokienez, alegatzen du desegokia dela ibilgailuek gehienez 6 urteko antzinatasuna eduki behar dutela ezartzea. Adierazten du erabaki horrek dakarrela tarifak asko igo beharra, eta, kontratua bukatutakoan, ibilgailuaren kontabilitate-balio garbia ez dela zero izanen. Bestalde, alegatzen du instalazio finkoek behar diren baimenak izan beharko lituzketela, eta zerbitzu osagarriak eskaini.

6 urteko gehieneko antzinatasun hori bera eskatzen zaie autopistatik egiten diren zerbitzuetako ibilgailuei, eta, kasu horretan, ez du adierazitako ondoriorik ekarri. Hala, irizpide hori zerbitzua ematen duten ibilbailu guztiei aplikatuko zaie, material mugikor osoaren kalitatea eta segurtasuna homogeneizatzearren eta emisioak murriztearren, motorizazioak eraginkorragoak izanen baitira.

Amortizazio kostua tarifari egozteko, ondasunak zerbitzuan erabiltzearen ondorioz izaten duen balio-galera hartu behar da aintzat, hots, ibilgailuaren adina ez da kontuan hartu beharreko amortizazio-irizpide bakarra. Kontratua bukatutakoan ibilgailuak duen kontabilitate-balio garbia ez zaio tarifari egozten, izan ere, ibilgailuen kudeaketaren arduraduna enpresa emakidaduna da, arriskua bere gain hartuz kudeatuko baitu zerbitzua.

Bestalde, instalazio finkoen ezaugarriak eta zerbitzuak baldintza-orrietan zehaztuko dira, Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko uztailaren 30eko 16/1987 Legearen 72.3.j) artikuluan ezarri bezala, zerbitzua hobeki emateko asmoz Administrazioak egokien jotzen duenari jarraikiz.

Adierazitakoa kontuan hartuta, Garraio Zerbitzuak alegazio hau ezestea proposatu du.

6. Azterketa ekonomikoari dagokionez, bidaiari kopuruaren jaitsiera aipatzen du, baita Soria eta Madril arteko zerbitzu eskaintzaren murrizketa ere, eta azaltzen du egindako trafiko-murriztapenak diru-sarrerak murriztuko dituela. Horrenbestez, ezinezkoa da zerbitzua bermatzea Administrazioaren konpentsazio ekonomikorik gabe.

4. alegazioari emandako erantzunean azaldu bezala, ezin da zalantzan jarri Soria eta Madril arteko zerbitzuen jarraitutasuna.

Zerbitzuaren eskariaren bilakaerari dagokionez, baldintza-orrietan ezarriko da enpresa lizitatzaileek, eskaera ekonomikoarekin batera, eskariari buruzko azterketa bat aurkeztu beharko dutela, non bidaiarien eskariaren bilakaeraren analisia eta bidaiariak/kilometro indizea abalatuko baitira eskaintza ekonomikoa justifikatzeko funtsezko elementu gisa.

Aurreproiektuan ez da Administrazioaren konpentsazio ekonomikorik aurreikusi; hortaz, eskariaren arriskuaren %100 enpresa adjudikazio-hartzailearen esku geldituko da, eta Administrazioari dagokio kontratuaren oreka ekonomikoari eustea, aplikatu beharreko araudian ezarritakoarekin bat.

Horregatik guztiagatik, Garraio Zerbitzuak alegazio hau ezestea proposatu du.

7. Zerbitzuaren kostuen egiturari dagokionez, alegatzen du, langileria kostuez den bezainbatean, kostuen behatokiko balioak egozten direla, eta ez langileriaren subrogazioari dagozkionak. Horregatik, kolokan jartzen du zerbitzuaren bideragarritasuna, subrogazio horren ondoriozko kostuaren igoeragatik. Hori dela eta, eskatzen du hori kontuan har dezatela baldintza-orrietan.

Alegazioan berean eskatzen den bezala, subrogaturiko langileriaren kostua aintzat hartu beharko da baldintza-orrietan, eta oreka-tarifa egokitu beharko da kontratuaren bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko. Era berean, subrogaturiko langileen lan baldintzei buruzko informazioa emanen zaie enpresa lizitatzaileei.

Hortaz, Garraio Zerbitzuak proposatu du alegazio hau baiestea goian adierazitakoaren arabera.

2016ko uztailaren 14an, Carlos Yéboles López jaunak, Compañía Navarra de Autobuses SA (CONDA) ordezkatuz, alegazio hauek aurkeztu ditu:

1. Aurreproiektuan herri batzuen arteko trafiko debekuak ezarri dira. Horrek bidaiarien guztizko bolumena %3 jaistea ekarriko duela kalkulatu da, nahiz eta azken urteotan bidaiarien jaitsiera %10 ingurukoa izan den. Gaur egungo emakida defizitarioa da, eta aurreproiektuak haren oreka ekonomiko finantzarioa bermatu beharko luke, sortzen den defizita berdinduz eta zentzuzko enpresa-mozkin bat bermatuz.

Azterketa ekonomikoak egiteko aintzat hartu den aldagaia trafiko debekuaren ondorioz gertatuko den bidaiariak/kilometro indizearen murrizketa izan da (%3 izanen dela kalkulatzen da). Horrek ez du esan nahi bidaiarien murrizketa handiagoa izan daitekeenik, izan ere, kendu diren trafikoak ibilbide laburreko zerbitzuak erabiltzen dituzten bidaiarienak dira, eta horrek lehen aipatutako ondorioa dakar.

Aurreproiektuan ez da Administrazioaren konpentsazio ekonomikorik aurreikusten, izan ere, egindako azterketa ekonomikoan (non zentzuzko enpresa-mozkin bat aurreikusten den) ondorioztatzen da ezen, aurreikusitako baldintzetan eginez gero, oreka ekonomiko finantzarioa izanen dela.

Adierazitako guztia kontuan hartuta, Garraio Zerbitzuak alegazio hau ezestea proposatu du.

2. Adierazten du ibilgailuentzat eskatzen den gehieneko antzinatasuna oso eskakizun zorrotza dela, eta ez dagoela justifikatua honelako zerbitzuentzat. Eskatzen du, orobat, aurreproiektuan zehaztu beharko litzatekeela zein den hobekuntza gisa eskaintzen ahal den gehieneko antzinatasuna (6 urtetik beherakoa betiere), eta nola baloratuko den hori. Horrez gainera, eskatzen du aurreproiektuan ezar dezatela aldi baterako epe bat ibilgailu flotaren eskakizun teknikoak betetzeko, egungo zerbitzuan erabiltzen diren ibilgailuak erabiltzen jarraitu ahal izateko, egungo flotaren subrogazioa aurreikus dezatela eta egungo enpresa emakidadunak jasoko duen konpentsazioa azal dezatela.

6 urteko gehieneko antzinatasun hori da gaur egun autopistan barnako zerbitzuak egiten dituzten ibilgailuei eskatzen zaiena. Orain, irizpide hori ibilgailu guztietara zabalduko da, lehen aipatutako arrazoiengatik.

Jendaurrean jarritako aurreproiektuaren edukiak Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko Erregelamenduaren 62. artikuluan eskatutakoa betetzen du, eta ibilgailuei buruzko adjudikazio-irizpideak kasuan kasuko baldintza-orrietan zehaztuko dira.

Ibilgailuen ezaugarri tekniko eta segurtasunekoak zerbitzuaren oinarrizko alderdi dira. Beraz, ez da bidezkotzat hartzen aldi baterako epe bat ezartzea.

Aurrekoari dagokionez, enpresak arriskuak bere gain hartuz ematen ditu zerbitzuak, eta ibilgailuak ez dira modu esklusiboan erabiltzen zerbitzu hauetan. Beraz, ez dago justifikatua, ez egungo flotaren subrogazioa, ez inolako konpentsazio ekonomikorik ematea.

Horregatik guztiagatik, Garraio Zerbitzuak alegazio honen edukia ezestea proposatu du.

3. Bere iritziz, ezinbestekoa da Nafarroako Foru Komunitatean instalazio finkoak izatea, eta aurreproiektuan jasotzea haien balorazioari, oinarrizko funtzionaltasunei, araubide juridikoari eta esklusibitateari buruzko informazioa.

Lehen azaldu den bezala, baldintza-orrietan zehaztuko dira instalazio horien ezaugarriak, Administrazioak, zerbitzua hobeki emateko, egoki ikusten duenaren arabera.

4. Baliabide pertsonalei dagokienez, eskatzen du aurreproiektuan sar daitezela aplikatzeko legezko arreikuspenak, eta zehaztu dezatela nola planteatuko den egungo emakidaren langileen subrogazioa eta nola atxiki edo lotuko zaizkion langile horiek emakida berriari.

Kontu horiek guztiak baldintza-orrietan zehaztuko dira, Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko Legearen 73.2 artikuluaren g) eta h) apartatuekin bat, eta lizitazioan parte hartzen duten enpresei haien gaineko informazioa emanen zaie, eskaintzak prestatu ahal izan ditzaten.

Hortaz, Garraio Zerbitzuak alegazio hau ezestea proposatu du.

5. Aurreproiektuan ez da ezer aipatzen kontratu epearen balizko luzapenari buruz, nahiz eta luzapen hori egiteko aukera 1370/2007 (EE) Erregelamenduaren 14.4 artikuluan aurreikusita egon.

Aurreikusi den epea 10 urtekoa da, Erregelamenduaren 4.3 artikuluan ezarritakoarekin bat. Erregelamendu horren beraren 4.4 artikuluan ezarrita dago iraupen epea %50 luza daitekeela zerbitzu publikoaren operadoreak amortizazioaldi bereziki luzea duten aktiboetan inbertitu behar duen kasuetarako, eta hala dago adierazita Batzordeak erregelamendu horren interpretaziorako jarraibideei buruz emandako komunikazioan; kasu honetan ez da egoera hori gertatzen. Beraz, Garraio Zerbitzuak alegazioa ezestea proposatu du.

6. Adierazi du aurreproiektuan ez dela eskariaren proiekziorik egin, eta uste du informazio hori funtsezkoa dela emakida berriaren oreka ekonomiko-finantzarioa eta bideragarritasuna zehazteko.

Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko Erregelamenduaren 62.1 artikuluaren 5. apartatuan ezarrita dago aurreproiektuan sartu beharra dagoela eman nahi diren trafikoen bolumenaren ebaluazioa; datu hori ebaluatu da, eta aurreproiektuan jaso.

Eskariaren bilakaerari dagokionez, adierazi den bezala, lizitazioaren prozeduran ezarriko da enpresa lizitatzaileek eskariari buruzko azterketa bat aurkeztu beharko dutela, non bidaiarien eskariaren bilakaeraren analisia eta bidaiariak/kilometro indizea abalatuko baitira eskaintza ekonomikoa justifikatzeko funtsezko elementu gisa. Era berean, lizitazioan ez da Administrazioaren konpentsazio ekonomikorik aurreikusiko; hortaz, eskariaren arriskuaren %100 enpresa adjudikazio-hartzailearen esku geldituko da.

Horregatik guztiagatik, Garraio Zerbitzuak alegazio hau ezestea proposatu du.

7. Eskatzen du, Errepide bidezko Bidaiarien Garraioari buruzko Erregelamendua onesten duen apirilaren 3ko 51/2012 Dekretuaren 15. artikuluan ezarritakoarekin bat, aurreproiektuan sar dezatela ustiapen baldintzen gaineko azterketa ekonomiko erreal bat. Proposatzen du aurreproiektuan kostuak xehaturik ager daitezela. Eskatzen du aurreproiektuan jaso dezatela, berariaz, kontratuaren oreka finantzariorako bermea.

Errepide bidezko Bidaiarien Garraioaren Erregelamendua, zeinaren aplikazioa eskatzen baitu, Euskal Autonomia Erkidegoaren berariazko arau bat da, eta, hortaz, ez da aplikatzekoa Nafarroako Foru Komunitatean. Horregatik, bidezkoa da alegazio hau ezestea.

Argitaratutako aurreproiektuaren edukiak Lurreko Garraioen Antolamenduaren Erregelamenduaren 62. artikuluan eskatutakoa betetzen du, eta egin beharreko trafikoen ustiapen baldintzen azterketa ekonomikoa dauka, kostuen egitura xehaturik. Adierazi den bezala, subrogatutako langileen kostua kontuan hartuko da baldintza-orrietan, eta enpresa lizitatzaileei subrogatuko diren langileen lan baldintzei buruzko informazioa emanen zaie.

Baldintza-orrietan adieraziko da, orobat, Administrazioak kontratuaren oreka ekonomiko-finantzarioari eusteko duen beharra, garraioei buruzko araudi sektorialean eta kontratazio administratiboari buruzko araudian ezarritakoarekin bat.

Horregatik guztiagatik, Garraio Zerbitzuak proposatu du alegazio hau partez baiestea, subrogaturiko langileen kostua baldintza-orrietan kontuan hartu beharrari dagokionez eta Administrazioak kontratuaren oreka ekonomiko-finantzarioari eusteko duen betebeharrari dagokionez.

8. Alegatzen du aurreproiektuan argi eta garbi adierazi beharko litzatekeela azpikontrataziorako eta enpresen arteko lankidetzarako aurreikusitako lege-araubidea.

Garraio Zerbitzuak proposatu du alegazio hau ezestea, izan ere, aplikatzekoa den araudiari jarraikiz, kontu horiek ez dira aurreproiektuan zehaztu behar, baldintza-orrietan baizik.

9. Emakida berriaren araubide ekonomikoari dagokionez, eskatzen du aurreproiektuan adieraz dezatela eskariaren arriskua nola banatuko den, diru-laguntzaren bat aurreikusi ote den, enpresa emakidadunak jasoko duen sarrera Administrazioak ezarritako tarifen menpe ote dagoen eta, azkenik, prezioak eguneratzeko araubidea zein den.

Horri dagokionez, Garraio Zerbitzuak berriz ere adierazi du aurreproiektuan ezarrita dagoela enpresa adjudikazio-hartzaileak arriskuak bere gain hartuz kudeatuko duela zerbitzu hau. Aurreproiektuan ez da inolako konpentsazio ekonomikorik aurreikusi; beraz, eskariaren arriskuaren %100 zerbitzua ematen duen enpresaren kontura izanen da.

Balizko diru-sarreren kalkuluari, aplikatu beharreko tarifei eta tarifak eguneratzeko araubideari dagokienez, horiek guztiak baldintza-orrietan jasoko dira, Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko Legearen 73.2.j) artikuluari jarraikiz.

Horregatik, Garraio Zerbitzuak alegazio hau ezestea proposatu du.

10. Eskatzen du aurreproiektuan zehaztu dezatela kontratua aldatzeko aurreikusi den araubidea.

Garraio Zerbitzuak uste du ez dela bidezkoa alegazio hau aintzat hartzea, izan ere, Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko Legearen 75.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, kontratuak aldatzeko baldintzak baldintza-orrietan ezartzen dira.

Sustapen Ministerioaren Lurreko Garraioen Zuzendaritza Nagusiak eta Lurreko Garraioen Kontseilu Nazionalak aurreproiektu honen aldeko txostena eman dute.

Aragoiko Gobernuko Mugikortasunaren eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak, lehenbizi, gaur egun zerbitzua ematen duen enpresak autonomia erkidego horretan egiten dituen trafikoei buruzko informazioa eskatu zuen, eta, informazio hori bidali ondoren, adierazi zuen ez zuela alegaziorik aurkeztuko.

Gaztela eta Leongo Juntako Garraio Zuzendaritza Nagusiak aurreproiektuaren aldeko txostena eman zuen, eta bertan gomendatu goizeko zerbitzu bat ezar dezatela Tutera Soriarekin lotzeko, erabiltzaileei kalterik ez eragiteko moduko tarifa bat ezar dezatela eta Soriako Sustapeneko Lurralde Zerbitzuaren txostenean egindako aholkuak eta Miguel Parrondo Gonzalez jaunak Compañía Navarra de Autobuses SA (CONDA) ordezkatuz egindako alegazioak balora ditzatela. Alegazio horien edukia Carlos Yéboles López jaunak enpresa bera ordezkatuz aurkeztutako alegazioena bezalakoa da, eta horiek gorago erantzun direnez, hauek ere erantzuntzat jotzen dira.

Soriako Sustapeneko Lurralde Zerbitzuak bidalitako txostenean adierazi du zerbitzua txarragoa izanen dela, Erriberriko, Caparrosoko, Los Abetosko eta Castejongo trafikoak eta Tutera-Soria adarrekoak kenduko direlako. Bere iritziz, oso eskakizun zorrotza da ibilgailuentzat gehienez 6 urteko antzinatasuna ezartzea.

Horri dagokionez, Garraio Zerbitzuak adierazi du kendutako trafikoak berrantolatu egin direla eta beste kontratu batzuen bidez hartuko direla, modu esklusiboan. Herri horietatik eskualdeko herri nagusiekin eta Iruñearekin konektatuko dira zuzeneko zerbitzuen bidez eta maiztasun handiz; Tutera eta Cintruénigo artean egunero dago zerbitzua orduro, eta horrek aukera ematen du Soriaraino doan zerbitzuarekin konektatzeko Cintruenigon; ibilgailuek gehienez ere 6 urteko antzinatasuna eskatzeari dagokionez, adierazi den bezala, gaur egun Iruña-Soria ibilbidea autopistaz egiten duten ibilgailuentzako ezarritako eskakizun bera da.

Horrenbestez, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2017 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriko 1. apartatuaren bidez emandako eskumenak erabiliz, eta Garraio Zerbitzuak egindako proposamenari jarraituz,

EBATZI DUT:

1. Iruña eta Soria bitartean errepidetik egiten den erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio publiko erregularraren zerbitzuaren (NAV 001) aurreproiektuari aurkeztutako alegazioak ebaztea ebazpen honen azalpen zatian adierazitakoari jarraikiz.

2. Iruña eta Soria bitartean errepidetik egiten den erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio publiko erregularraren zerbitzuaren (NAV 001) proiektua onestea, zerbitzuaren ustiapena adjudikatzeko erabiliko diren baldintza-orriak prestatzeko oinarri izanen dena.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Logroza SLri, Compañía Navarra de Autobuses SAri (CONDA), Sustapen Ministerioaren Lurreko Garraioen Zuzendaritza Nagusiari, Aragoiko Gobernuko Mugikortasunaren eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari, Gaztela eta Leongo Juntako Garraio Zuzendaritza Nagusiari, Soriako Sustapeneko Lurralde Zerbitzuari eta Lurreko Garraioen Kontseilu Nazionalari.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernu Irekiaren Interneteko Atarian argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du bide administratiboa amaitzen, eta haren aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa deusetan galarazi gabe, ebazpen honek bukaera ematen dio administrazio publikoentzako administrazio bideari. Dena dela, administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2018ko martxoaren 21ean.–Herri Lanetako zuzendari nagusia, Ignacio Nagore Laín.

Iragarkiaren kodea: F1803996