68. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

191E/2018 EBAZPENA, martxoaren 15ekoa, Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusiak emana, turismoko ETEentzako diru-laguntzen deialdia onesten duena, Nafarroako turismoko establezimenduek 2018. urtean kalitate turistikoaren Q ziurtagiria eskuratu eta manten dezaten.

Turismo azpiegituren eta zerbitzuen kalitatea ezinbesteko jarduketa-ildoa da sektorearen lehiatzeko estrategian.

Behar horren eta Nafarroako turismo eskaintzaren tamainaren jakitun, Espainiako Kalitate Turistikoaren Sistema (aurrerantzean EKTS) osatzen duten proiektu multzoa, hau da, Turismoko Estatu Idazkaritzaren menpeko programa, sustatuz bultzatu dira kalitate arloko jarduketak.

Programa horren esparruan eta, zehazki, sektoreetara bideratutako proiektuaren esparruan (EKTS Sektoreak), kalitate turistikoaren Q marka sustatzea da Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiaren helburua; Espainiako Kalitate Turistikoaren Institutuak ematen du Q marka, baita ziurtatu eta administratu ere, eta begiratzen du behar bezala erabiltzen dela. Marka hori eskuratzeari esker, agerian gelditzen da turismoko enpresen ahalegina haien azpiegituren eta zerbitzuaren kalitatea hobetzeko. Horrez gain, prestigioa, desberdintzea, fidagarritasuna eta zorroztasuna ekartzen ditu, baita Turismoko Estatu Idazkaritzaren eta autonomia erkidegoen sustapena ere.

2017-2025eko Turismoko Plan Estrategikoak jasotzen du jarduketa hau, “Enpresa-sarea indartzea, eta turismoaren kalitatea, jasangarritasuna eta irisgarritasuna hobetzea” programaren barruan, zehazki 3.06 neurrian, hor adierazten baita enpresei eta toki entitateei laguntza eman behar zaiela kalitatea kontrolatzeko sistemak ezartzeko, agenteei sistema horren gaineko prestakuntza hobea eman behar zaiela, aitorpen maila hobetu behar dela, eta Nafarroako Kalitate Turistikoaren Plana prestatu behar dela.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan ezarritakoaren arabera, deialdia norgehiagoka ebatziko da, aurrekontuan behar adina dirua badago; izan ere, baremo bat aplikatuko da, diru-laguntzak emateko lehentasun ordena zehaztuko duena.

Horrenbestez, Garapen Ekonomikorako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urtarrilaren 11ko 1/2017 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Turismoko ETEentzako diru-laguntzen deialdia onestea, Nafarroako turismoko establezimenduek 2018an kalitate turistikoaren Q ziurtagiria lortu eta manten dezaten.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. 20.000 euroko gastua baimentzea diru-laguntzen deialdi honen ondoriozko konpromisoak betetzeko.

4. Gastu hori Nafarroako 2018ko Aurrekontu Orokorretako 830001 83130 4709 432102 partidaren kargura finantzatuko da. Partidak “ETEentzako diru-laguntzak kalitatea ziurtatzeko” du izena.

5. Ebazpen hau eta dagokion eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Adieraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2018ko martxoaren 15ean.–Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusia. Bere ordez (Garapen Ekonomikorako kontseilariaren azaroaren 19ko 95/2015 Foru Agindua), Herri Lanetako zuzendari nagusiak, Ignacio María Nagore Laín.

ERANSKINA

Turismoko ETEentzako diru-laguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak, Nafarroako establezimendu turistikoek 2018. urtean kalitate turistikoaren Q ziurtagiria lortu eta manten dezaten

1. Xedea.

Turismoko ETEentzako diru-laguntzen araubidea erregulatzea dute xede oinarri arautzaile hauek, haien establezimenduek kalitate turistikoaren Q ziurtagiria lortu eta manten dezaten; Turismoko Estatu Idazkaritzaren marka erregistratua da, eta Espainiako Kalitate Turistikoaren Institutuak (aurrerantzean EKTI) kudeatzen du.

Kalitate turistikoaren Q ziurtagiria duten establezimenduek auditoretza zorrotzak gainditu dituzte, ziurtatzeko zerbitzu-prestazioak kalitatea, segurtasuna eta profesionaltasuna bermatzen dituela, eta bezeroek ahal den esperientzia turistiko hoberena jasotzen dutela.

Kanpo mailan, kalitate turistikoaren Q ziurtagiria eskuratzeari esker, bezeroen poztasuna handitzen da, zuzeneko nahiz zeharkako fidelizazioa sustatzen da, erakundearen ospea hobetzen da eta zigilu bereizgarria erakusten zaie bezerogaiei. Barne mailan, egiten diren jardueren kudeaketa eta eraginkortasuna hobetzen dira, baliabideak optimizatzen dira, langileak motibatzen dira eta erakundearen jarduera modu eraginkorrean kontrolatzeko sistema bat finkatzen da.

Beraz, deialdi honen helburua da turistak jaso eta atzematen duen zerbitzuaren kalitatea hobetzea, bisitatzen gaituztenen poztasuna handitzearren, kalitate turistikoaren Q zigilua establezimenduaren atean izateak ederki asko laguntzen baitu gure azpiegitura eta zerbitzuen kalitatea agerian izaten.

2. Enpresa onuradunak eta haien izaeraren frogabidea.

Turismoko enpresa txiki eta ertainek (aurrerantzean turismoko ETEak) eskuratzen ahalko dituzte deialdi honetan azaltzen diren diru-laguntzak, baldin eta, diru-laguntza eskatzen den unean, ziurtagiria duen establezimenduaren titular gisa agertzen badira Nafarroako Turismo Erregistroan.

ETE bat zer den argitu behar izanez gero, Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean mikroenpresen, enpresa txikien eta enpresa ertainen definizioari buruz ezarritakoa hartuko da kontuan.

Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak, eskaerak aurkezteko epea bukaturik eta Turismoaren Antolamenduaren, Prestakuntzaren eta Kalitatearen Atalarekin batera, ofizioz egiaztatuko du eskatzaileak diru-laguntza eskatzen duten establezimendu turistikoen titularrak direla, eta establezimenduak Nafarroako Turismo Erregistroan behar bezala inskribaturik daudela. Aipatu atalak aldeko txostena egiten ez badu bi baldintza horiek betetzeari buruz, ezetsiko da diru-laguntzaren eskaera.

3. Aurrekontu zuzkidura.

Deialdi honen gastu konpromisoak betetzeko baimendu den kreditua 20.000 eurokoa da.

4. Jarduketa diruz lagungarriak egiteko epea, diru-laguntzaren zenbatekoa eta diruz lagungarriak diren jarduketak eta gastuak.

1. Jarduketa diruz lagungarriak egiteko epea.

Diruz lagungarriak izanen dira 2018ko urtarrilaren 1etik 2018ko abenduaren 11ra arte, biak barne, egin eta fakturatzen diren gastuak, justifikazio epea bukatu aurretik ordaindu direnak.

Gastu diruz lagungarrien ordainagiriek 2018ko urtarrilaren 1etik 2018ko abenduaren 11ra artekoak izan beharko dute, biak barne.

2. Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Onartutako gastu diruz lagungarrien %50eko diru-laguntza emanen da.

3. Diruz lagungarriak diren jarduketak eta gastuak.

EKTIk bultzatzen duen kalitate turistikoaren Q markaren ziurtagiria lortu eta mantentzeko beharrezko ekintzak babesten ditu deialdiak eta, zehazki, gastu hauek dira diruz lagungarriak:

a) Markari atxikitzeko kuota.

b) Kanpoko kontsultoretzako laguntza teknikoa hasierako ziurtapenerako, marka mantentzeko 1. eta 2. auditoretzetarako eta lehenengo berrikuntzarako (betiere hasierako ziurtapenetik hirugarren urtean).

c) Kanpoko auditoretza ziurtapenerako eta berritzeko edo jarraitzeko auditoretzak.

d) Deialdiaren epeari (hau da, 2018. urteari) dagokion marka erabiltzeko eskubidea. Ezin izanen dira eskaera berean sartu markari atxikitzeko kuota eta marka erabiltzeko eskubidea ematen duen kuota.

b) kasuan, gehienez ere 2.500 euroko aurrekontuak izaten ahalko du diru-laguntza 1. ziurtapeneko laguntzetarako, eta 1.000 eurokoak, mantentzeko edo berritzeko laguntzetarako, kanpoko aholkulari eta kontsultoreen egonaldiko dieten gastuak, mantenua eta bidaiak bazter utzita.

Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak:

–Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZa).

–Establezimendu turistikoko langileek egiten duten aholkularitza, laguntza edo kontsultoretzaren gastua.

5. Eskabideak eta eskatzen den dokumentazioa aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak aurkezteko modua.

a) Pertsona juridikoen kasuan eta nortasun juridikorik gabeko entitateen kasuan, eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (http://www.navarra.es/home_es/Temas/Empleo+y+Economia/Sector+turistico/Subvenciones.htm) dagoen zerbitzuen katalogoaren berariazko fitxaren bidez (aurrerantzean laguntzaren fitxa); fitxan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko lotura izanen da, eta beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala izatea, identifikatzeko.

Eskaera telematika bidez aurkezten ez bada, interesdunari eskatuko zaio akatsa zuzen dezala, hau da, elektronika bidez aurkez dezala, eta, ondorio horietarako, zuzenketaren eguna izanen da eskaeraren aurkezpen eguna, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen (aurrerantzean APAPEL) 68.4 artikuluan xedatutakoarekin bat.

b) Pertsona fisikoen kasuan, eskabideak modu telematikoan aurkeztuko dira ahal bada, aurreko paragrafoan adierazitakoari jarraikiz, edo, hala ez bada, aurrez aurre Iruñeko Navarreria kaleko 39an dagoen erregistro bulegoan, edo beste erregistroetan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako araubide iragankorrarekin bat.

Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, nahitaez eman beharko zaio horren berri Merkataritza eta Artisautza Antolatzeko eta Laguntza Ekonomikoen Atalari, mezu elektroniko bat igorrita turismo.ayudas@navarra.es kontura, aurkeztutako eskabidearen kopia bat gehituta, aurkezpen data bertan adierazita.

c) Eskaerak laguntzaren fitxan ageri den berariazko eskabidea erabiliz eginen dira nahitaez, eta Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari zuzenduko dira, APAPELaren 66.6 artikuluan xedatutakoarekin bat.

3. Eskatzen den dokumentazioa.

Eskaerari erantsi behar zaion dokumentazioa, laguntzaren fitxan ageri den berariazko inprimakiarekin bat datorrena, eskaneatuta aurkeztu behar da, behar bezala identifikatutako agiri bereizietan. Hauxe da:

Enpresa eskatzailearen gaineko dokumentazioa:

1. Eskaera ordezkari batek aurkezten badu, zuzenbidean baliozkoa den edozein baliabideren bidez frogatu behar da ordezkaritza; ondorio horietarako, diru-laguntzaren eskabidean horretarako finkatutako erantzukizunpeko adierazpena betez ere frogatzen ahalko da.

2. Erantzukizunpeko adierazpena, enpresa txiki edo ertaintzat hartua izateko baldintza guztiak betetzen dituela adieraziz.

3. Erantzukizunpeko adierazpena, azkeneko hiru urte fiskaletan –aurtengoa barne– administrazio honek edo beste batek Europar Batasuneko “de minimis” arauari jarraikiz emandako diru-laguntzen berri ematen duena.

4. Erantzukizunpeko adierazpena, diru-laguntzaren xedeko kontzeptu berentzat eskatu edo jasotako beste diru-laguntzei buruz.

5. Erantzukizunpeko adierazpena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako egoera debekatu batean ere ez dagoela dioena.

6. “Transferentzia bidez kobratzeko eskaera” izeneko jatorrizko inprimakia, lehenago inoiz Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik lortu ez bada.

Apartatu honetan aipatutako erantzukizunpeko adierazpen guztiak diru-laguntzaren berariazko eskabidean daude.

Jarduketa diruz lagungarrien gaineko dokumentazioa:

1. EKTIren ziurtagiria, Espainiako Kalitate Turistikoaren Sistemari atxikita egoteari buruzkoa (atxikipen berrien kasuan).

2. Aurrekontua, kontzeptu diruz lagungarrien araberakoa.

3. Adierazpena, deialdiak hartzen duen epean zer auditoretza motatara aurkeztuko den dioena (diru-laguntzareno berariazko eskabidean dago).

6. Diru-laguntza emateko parametroak.

Diru-laguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17. artikuluan xedatzen den moduan. Hortaz, onartzen diren eskaerak alderatuta esleituko dira diru-laguntzak, dokumentazio osoa dagoela egiaztatu ondoren, jarraian ezartzen den baremoa aplikatuta ateratzen den ordenari (puntuazio altuenetik txikienera) jarraituta eta aurrekontuko dirua bukatu arte.

Diru-laguntzak emateko lehentasun ordena ezartzearren, honako baremo hau aplikatuko da:

a) Lehendik jasotako diru-laguntzak, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak, kalitate turistikoaren Q ziurtagirirako deialdiak direla eta, aurreko 5 urtean (2013ko urtarrilaren 1etik aurrerako ebazpenak) tramitatuak:

  • 20 puntu, diru-laguntzarik jaso ez bada.
  • 15 puntu, 500 euro bitarteko diru-laguntzak jaso badira.
  • 10 puntu, 501tik 1.000 eurora bitarteko diru-laguntzak jaso badira.
  • 5 puntu, 1.001tik 2.000 eurora bitarteko diru-laguntzak jaso badira.
  • 2 puntu, 2.001tik 3.000 eurora bitarteko diru-laguntzak jaso badira.
  • 0 puntu, 3.000 eurotik gorako diru-laguntzak jaso badira.

Ondorio horietarako, establezimendu turistiko bakoitzak jasotako diru-laguntzak batuko dira, kontuan harturik 5 urteko epe horretako titulartasun aldaketek ez dutela ukituko atal honetako puntuazioaren kalkulua.

Baremoaren aplikazioaren ondorioetarako, establezimendu turistiko batek, kalitate turistikoaren Q ziurtagirirako deialdi batean diru-laguntza lortu ondoren, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari deialdian ezarritako epean jakinarazten badio uko egiten diola, kasu horretan emandako diru-laguntza ez da kontuan hartuko; aldiz, epez kanpo jakinarazten bada ukoa, emandako diru-laguntzatzat joko da ondorio guztietarako.

b) Establezimenduaren kalitate turistikoaren Q ziurtagiriaren antzinatasuna:

–Ziurtagiri berriak: 15 puntu

–Kalitate turistikoaren Q ziurtagiria zein urtetan lortu zen: puntu bat urte bakoitzeko, eta gehienez ere 15 puntu. Hilabetea eta eguna ez dira kontuan hartzen, urtea bakarrik.

c) Establezimenduak Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatuta duen antzinatasuna: puntu 1 urte bakoitzeko, eta 10 puntu gehienez (hilabetea eta eguna ez dira kontuan hartzen, urtea bakarrik).

Berdinketarik badago, lehenbizi, azkeneko 5 urteetan jasotako diru-laguntzei begiratuko zaie. Epe horretan diru gutxien jaso duten titularrek izanen dute lehentasuna. Berdinketak bere horretan iraunez gero, Nafarroako Turismo Erregistroko inskripzioaren antzinatasuna hartuko da aintzat (hilabetea eta eguna ere hartuko dira kontuan), eta establezimendu zaharrenek izanen dute lehentasuna.

Deialdiaren zerbitzu kudeatzaileak ofizioz eskuratuko du onartutako eskaerei baremoa aplikatzeko behar den informazio guztia.

a) eta c) apartatuetako puntuazioaren kasuan, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusian eskura dauden datuen arabera esleituko da; b) apartatuko puntuazioa esleitzeko, onartutako eskaerak ebaluatzen direnean Espainiako Kalitate Turistikoaren Institutuaren web-orrian (http://www.calidadturistica.es) dagoen informazioa hartuko da kontuan.

7. Diru-laguntzaren tramitazioa eta ebazpena.

1. Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzua da diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko kudeaketa organoa.

Eskaerak betetzen ez baditu finkatutako baldintzak, edo osorik ez badago, enpresa eskatzaileari eskatuko zaio zuzen dezala gehienez ere hamar egun balioduneko epean, errekerimendua jakinarazten zaionetik hasita, eta adieraziko zaio ezen, eskaera zuzentzen ez badu, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzen duen ebazpena emanen dela.

Eskaera osorik eta zuzen dagoela egiaztaturik, bai eta 4.3 oinarriko jarduketa bati dagokiola ere, espedientea 6. oinarrian ezarritako baremoari jarraituz baloratuko da, lehentasun ordena zehaztuko da, eta diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatuko, 4.2 oinarrian ezarritako portzentajearekin bat.

2. Aurrekontuan diru aski ez egotearen ondorioz, funtsak eskaera bati dagokion diru-laguntza adinakoak ez direnean, zerbitzu kudeatzaileak ondoriozko diru-laguntzaren proposamenaren berri emanen dio enpresa eskatzaileari. Enpresak 5 egun baliodun izanen ditu jakinarazi zaion diru-laguntzaren proposamena onartzeko edo ukatzeko.

–Enpresak ez badu jakinarazten epe horretan hura onartu edo ukatzen duen, ulertuko da proposamena onartzen duela eta espedientearen tramitazioak aurrera eginen du.

–Enpresak diru-laguntzaren proposamena onartzen ez badu, hurrengo eskaera ebaluatu eta aztertuko da, eta, hala badagokio, berriz modu berean jokatuko da.

Diru-laguntzak lehen adierazitakoari jarraituz esleitu ondoren deialdiaren aurrekontuko dirua agortzen denean, gainerako eskaerak berariaz ezetsiko dira.

3. Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak behar den ebazpen proposamena igorriko dio Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari.

4. Diru-laguntzak emateko ebazpenaren gaineko eskumena Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari dagokio. Diru-laguntza emateko ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, eta, epe hori iraganik berariazko ebazpenik jakinarazi gabe, eskaerak ezetsitzat joko dira.

5. Diru-laguntza emateko ebazpenen aurka edo berariazko edo ustezko ezespenaren aurka, entitate eskatzaileek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.

8. Entitate onuradunen betebeharrak.

Diru-laguntzen entitate onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

1. Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9.e) artikuluan ezarririko betebehar orokorrak betetzea.

Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzeko asmoz, diru-laguntzaren eskabidean datorren adierazpenean aditzera ematen zaio enpresa eskatzaileari horren bitartez baimena ematen diola Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari inguruabar horiek egiaztatzen dituzten datuak kontsulta ditzan, APAPELaren 28.2 artikuluan ezarritakoarekin bat.

2. Diru-laguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena aurkeztea, laguntzaren fitxan dagoen ereduaren araberakoa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretua betetzearren, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu. Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du. Hori pertsona eta entitate juridikoei baino ez zaie aplikatzen, ez pertsona fisikoei.

3. Diru-laguntzaren xedeko jarduketak egin, justifikatu eta ordaintzea deialdian ezarritako epeetan. Egindako jarduketen justifikazioa 2018ko abenduaren 11 baino beranduago aurkeztuz gero, emandako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

4. Diruz lagundutako ekintzetan egin gogo diren funtsezko aldaketen berri ematea Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari, haiek gauzatu baino lehen. Zerbitzu horrek baimendu beharko du proiektuaren edozein aldaketa garrantzitsu, eta eskatzen zaizkion aldaketak baimenduko ditu baldin eta behar bezala justifikatuta badaude eta bermatzen bada betetzen direla bai diru-laguntzaren xedea, bai diruz laguntzen den proiektuaren helburuak, bai eta deialdian ezarritako gainerako baldintzak ere.

5. Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari jakinaraztea diru-laguntzari uko egiten zaiola, diru-laguntza ematen dion ebazpena jaso eta 15 egun balioduneko epean gehienez ere, establezimendua ez bada aurkeztuko dagokion auditoretzara.

6. Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari jakinaraztea zer “de minimis” laguntza jaso duen entitate onuradunak aurten eta aurreko bi zergaldietan, eta, kasua bada, zer beste diru-laguntza eskatu eta lortu duen diru-laguntzaren xedeko kontzeptu berengatik.

Oinarri arautzaile honen 4., 5. eta 6. apartuetako jakinarazpenak posta elektronikoaren bidez eginen dira, turismo.ayudas@navarra.es helbidera idatziz.

7. Gastua Nafarroako Gobernuak diruz lagundu duela aditzera ematea; zehazki, establezimendu turistikoan kartel bat ezarriko da aise ikusteko moduko toki batean lau urtez, egindako jarduketen justifikazioa aurkezten denetik aurrera; laguntzaren fitxan eskuratzen ahal den ereduaren araberakoa izanen da kartel hori.

Horrez gain, sustapenerako materialak, hala bada, eta web-orrian Nafarroako Foru Komunitateko marka turistikoa jarri beharko da. Web orri honetan eskuratuko da marka: http://www.turismo.navarra.es/eus/profesionales/descargas/logotipos.

Ezarritako betebeharretakoren bat betetzen ez bada, onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo diru hori itzuli egin beharko da, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

9. Egindako jarduketak justifikatzeko epea, modua eta dokumentazioa.

1. Justifikazioa aurkezteko epea eta modua.

a) Edozein unetan egiten ahalko da justifikazioa, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik. Dokumentazioa aurkezteko azken eguna 2018ko abenduaren 11 izanen da.

b) Justifikazioa telematika bidez aurkeztuko da nahitaez, pertsona juridikoen kasuan eta nortasun juridikorik gabeko entitateen kasuan, eta ahal bada, pertsona fisikoen kasuan; ondorio horietarako, eskaerak aurkezteko 5.1.b) oinarrian ezarritakoa hartuko da kontuan.

c) Justifikazioa laguntzaren fitxan ageri den berariazko justifikazio inprimakia erabiliz aurkeztuko da, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari zuzenduta.

2. Egindako jarduketak frogatzeko dokumentazioa.

Diruz lagundutako jarduketak amaitu ondoren, enpresa onuradunek justifikatu beharko dute jarduketa horiek egin direla, eta, horretarako, laguntzaren fitxan eskura daitekeen berariazko justifikazio inprimakia aurkeztu beharko dute, ondoren aipatzen den dokumentazioarekin batera, behar bezala identifikatutako agiri bereizien bidez eskaneatuta.

1. Aurkeztutako fakturen zerrenda, justifikazio inprimakiaren xehetasun orrian ezarritakoaren ereduaren arabera.

2. Diruz lagundutako jarduketa guztiei dagozkien fakturen kopia; fakturak fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduan ezarritakoaren araberakoak izanen dira, eta, betiere, diru-laguntzaren enpresa eskatzailearen edo, hala bada, onuradunaren izenean jaulki beharko dira.

3. Fakturak ordaindu izanaren bankuko frogagiriak. Eskudirutan egindako ordainketak ez dira onartuko.

4. Kalitate turistikoaren Q marka lortu izanaren ziurtagiria, Espainiako Kalitate Turistikoaren Institutuak (EKTI) edo beste erakunde eskudun batek luzatua, edo ziurtagiria mantentzeko edo berritzeko auditoretza gainditu izanaren ziurtagiria.

5. Establezimendu turistikoan jarritako kartelaren argazkiak, eta, hala bada, sustapenerako egindako materialaren agiri-frogak, egiaztatzeko aditzera eman dela Nafarroako Gobernuak jarduketa diruz lagundu duela, 8.7 oinarrian agintzen den bezala.

6. Adierazpena, diru-laguntzaren xedeko jardueren finantzaketari buruz: diru-laguntza honetaz aparte jarduketak finantzatu dituzten funtsen zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa adierazi behar dira; funts berekiak, bestelako baliabideak, bestelako diru-laguntzak edo diruz lagundutako jarduketak sortutako diru-sarrerak izan daitezke. Adierazpen hori justifikazio inprimakian daude.

10. Diru-laguntza ordaintzea.

Frogagiriak aurkeztu, aztertu eta onartu ondoren emanen da diru-laguntza ordaintzeko ebazpena, aurreko oinarri arautzailean ezarritakoari jarraikiz.

Diru-laguntza ordainketa bakarrean emanen da; aurretik, deialdiaren organo kudeatzaileak egiaztatu behar du gastuak aurkeztutako proiektuarekin bat datozela, justifikazioa puntu guztietan zuzena dela eta diru-laguntzaren xedea bete dela.

11. Diru-laguntzen bateragarritasuna eta “de minimis” laguntzen izaera

1. Diru-laguntza hauek bateragarriak dira onuradunek jarduketa berberetarako jaso dezakeen beste edozein laguntzarekin.

Jarduketa hauetarako jasotako diru-laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide bereki batzuekin batuta, entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

2. Deialdi honetako diru-laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bati emandako “de minimis” laguntza guztien batura gehienez ere 200.000 eurokoa izanen da 3 zergaldiko edozein alditan.

Horretarako, entitate eskatzaileak behartuta daude kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan harturiko bestelako “de minimis” laguntzak aitortzera, eskaerak aurkezten dituztenean.

12. Emandako beken publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu ematen diren diru-laguntzak laguntzaren fitxan, honako hauek zehaztuta: deialdia, diru-laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, entitate onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

13. Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatuta.

14. Ordezko araua.

Deialdi honetan ezarrita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: F1803852