68. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

BERIAIN

Deialdia, gazteriaren arloko teknikariaren lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, aldi baterako
eta lanaldi erdian aritzeko

Alkatetzak otsailaren 7an emandako 19/2018 ebazpenaren bidez onetsi zen honako deialdi hau: beriaingo udaleko gazteriaren arloko teknikariaren lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzekoa, aldi baterako eta lanaldi erdian aritzeko. hauek dira deialdi horren oinarriak:

OINARRIAK

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Beriaingo Udaleko gazteriaren arloko teknikariaren lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzea, aldi baterako eta lanaldi erdian aritzeko, lanpostua jabetzan bete arte, hala badagokio.

Probak gainditurik ere lanposturik erdietsi ez duten izangaiekin langileen zerrenda bat eginen da, ordezko aritzeko, aldi baterako kontratazioen bidez, bajak, oporrak eta abar gertatzen direnerako.

1.2. Lanpostuak C mailako ordainsariak izanen ditu eta betetzen duena aldi baterako lan-kontratatua izanen da, jabetza hartzen duenetik.

1.3. Beriaingo Udaleko plantillarentzat ezarritako urteko lanaldiaren %50ekoa izanen du, eta ordutegia zerbitzuen beharretara egokituko da.

2. oinarria.–Eginkizunak.

2.1. Hona hemen bete beharreko eginkizunak:

a) Beriaingo Gazteen Zentroan egiten diren eta/edo hark egiten dituen programak garatzea.

b) Beriaingo Gazteriaren Plana abian jartzea.

c) Beriaingo gazteek proposatzen dituzten ekimen guztiak jasotzea.

d) Beriaingo gazteentzat interesa duten jarduera mota guztien antolaketan parte hartzea: aisia osasungarrira bideratuak, kirolekoak, gazteen artearen arlo guztiekin lotuta dauden kultur jarduerak (musika, ikus-entzunezkoak, dantza, antzerkia, arte plastikoak eta abar).

e) Gazteen partaidetza sustatzea gazte lokaleko programa eta jardueren antolaketan eta kudeaketan.

f) Gazte lokaleko jarduerak hedatu eta sustatzea.

g) Beriaingo gazteen dinamizazioarekin zerikusia duten zereginetan laguntzea: proiektuak eta memoriak prestatzean, diru-laguntzak eskatzean eta abarrean.

h) Beriaingo Udaleko Gazteria Alorrean antolatzen diren gainerako programa eta jardueretan laguntzea.

i) Beriaingo Kirol eta Kultura koordinatzailearekin estuki lan egin eta horri laguntzea eta, zehazki, Festen Alorra kudeatzea.

j) Udalak agintzen dizkion bestelako eginkizunak, bere lanpostuarekin bat baldin badatoz eta bere titulazio eta mailarekin zerikusia baldin badute.

3. oinarria.–Izangaiek bete behar dituzten baldintzak.

3.1. Oposizioan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Nazionalitate espainiarra izatea, edo abenduaren 29ko 27/1994 Foru Legeak bere 1. artikuluan aipatzen diren beste edozein estatutakoa, betiere bertan ezartzen diren baldintzetan.

b) Adin nagusikoa izatea.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean Goi Mailako Batxilergoko titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokidea izatea edo eskuratzeko baldintzetan egotea.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoak betetzeko gabetua edo desgaitua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik berezia ez izatea.

3.2. Baldintza horiek betetzen direla frogatu behar da, deialdi honetako hamargarren oinarrian ezartzen diren epean eta moduan. Izan ere, baldintzak bete behar dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eta hautapen prozedurak dirauen bitartean, izendapena egin arte.

4. oinarria.–Eskabideak.

4.1. Eskabideak Beriaingo Udalaren erregistro orokorrean aurkeztuko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hogeita hamar egun naturalen barrenean. Aipatu eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduaren arabera bete beharko dira eta, haietan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

4.2. Eskabideak deialdian argitaratzen den ereduari lotuko zaizkio eta dokumentazio hau erantsiko zaie:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren edo nortasun agiri baliokidearen fotokopia konpultsatua.

b) Deialdi honen 3.1 apartatuan eskatzen diren baldintzen jabe dela frogatzen duten agirien fotokopia konpultsatua.

c) Lehiaketan baloratzen ahal diren merezimenduen fotokopia konpultsatuak.

d) Azterketarako eskubideen tasa ES47 2100 5370 7722 0002 6376 kontuan ordaindu izanaren frogagiria. Ordaindu beharreko zenbatekoa: 5 euro. Azterketarako eskubideen tasa ordaintzen ez bada edo frogagiria aurkezten ez bada, izangaia baztertu eginen da.

5. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Hauexek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

–Epaimahaiburua: Pedro Cuña Sánchez, Beriaingo Udaleko Gazteria Batzordeko burua.

–Ordezkoa: Vicente Montes Calso, Beriaingo Udaleko zinegotzia.

–Epaimahaikidea: NGIko teknikari bat.

–Ordezkoa: NGIko teknikari bat.

–Epaimahaikidea: Marino Pérez de Carlos, Beriaingo Udaleko Kirol eta Kultura koordinatzailea.

–Ordezkoa: Gumersinda Torres Ramírez, Galar Zendeako Udaleko Kultura teknikaria.

–Epaimahaikidea: Jesús Izkue Apesteguía, Beriaingo Udaleko langileen ordezkaria.

–Ordezkoa: José García Ucle, Beriaingo Udaleko langileen ordezkaria.

–Idazkaria: César Suescun García, Beriaingo Udaleko idazkaria.

–Ordezkoa: Alberto García Pérez, Beriaingo Udaleko kontu-hartzailea.

5.2. Epaimahaia probak hasi baino lehen eratu beharko da, epaimahaiburuak deituta.

5.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honetako oinarrien interpretazio eta aplikazioari buruzko arazo guztiak.

5.5. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta organo dei egileari hala adierazi, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aurreikusiak dauden arrazoiak gertatzen direnean.

Halaber, izangaiek mahaikideak errekusa ditzakete, arrazoi horietako bat gertatzen denean.

5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6. oinarria.–Lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Lehiaketaldiak gehienez ere 25 puntuko balorazioa izanen du, gisa honetan banaturik:

a) Laneko eskarmentua lanpostuarekin ikusteko duten eginkizunetan, gehienez ere 10 puntu:

–Administrazio publiko baten zerbitzura gazteriarekin berariaz zerikusia duten lanpostuetan emandako urte bakoitzeko, 5 puntu eta, gehienez ere,10 puntu; zatiki bakoitzeko, haren zati proportzionala.

–Sektore pribatuan gazteriarekin berariaz zerikusia duten lanpostuetan emandako urte bakoitzeko, 2 puntu eta, gehienez ere, 5 puntu; zatiki bakoitzeko, haren zati proportzionala.

b) Titulazio akademikoak, gehienez ere 10 puntu:

–Gazteriaren arloko graduondokoak: 5 puntu.

–Esku-hartze sozialaren arloko graduondokoak: 3 puntu.

–Animazio Soziokulturaleko goi mailako teknikaria: 3 puntu.

–Gizarte Integrazioko goi mailako teknikaria edo Gizarte Hezkuntzako diplomaduna: 3 puntu.

–Gizarte Laneko gradua edo diploma: 2 puntu.

–Gazteentzako informazio zerbitzuetako eta herritarrentzako informazio zerbitzuetako unibertsitate-aditua: 1,5 puntu.

–Aisiako eta astialdiko zuzendari ikastaroa: 2 puntu.

–Aisiako eta astialdiko begirale ikastaroa: 1 puntu.

c) Ikastaroetara joateagatik, gehienez ere, 5 puntu:

–50 h baino gehiagoko ikastaroetara joateagatik, epaimahaiaren iritziz deialdiko lanpostuarekin ikusteko badute, puntu bat ikastaro bakoitzeko eta, gehienez ere, 5 puntu.

6.2. Izangaiek lehiaketan eskuratzen duten puntuazioa Udalaren iragarki-taulan eta www.beriain.es web-orrian argitaratuko da, probak hasten diren egun berean.

7. oinarria.–Oposizioaren nondik norakoak.

7.1. Oposizioko probek 70 puntuko balorazioa izanen dute gehienez. Bazterturik geldituko dira proba eta ariketa bakoitzean eskatzen den puntuazioaren erdia eskuratzen ez dutenak.

7.2. Oposizioak bi proba izanen ditu; haien bidez, lanpostuko jarduerari buruzko ezagutza praktikoak baloratuko dira. Proba bakoitzean ariketa hauek eginen dira:

a) Proba idatzia. Lanpostuko eginkizun eta edukiekin ikustekoa duten kasu praktikoei erantzutea. Gehienez ere, 40 puntu (gainditzeko, gutxienez ere, 20 puntu eskuratu beharko dira).

b) Ahozko proba. Lanpostuko jarduerari buruzko ezagutza praktikoak baloratuko dira. Gehienez ere, 30 puntu (gainditzeko, gutxienez ere, 15 puntu eskuratu beharko dira).

7.3. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek Nortasun Agiri Nazionala aldean dutela agertu beharko dute. Baztertuak izanen dira probetarako iragarri egun, ordu eta tokietan aurkezten ez direnak, arrazoia edozein izanda.

8. oinarria.–Proben balorazioa.

8.1. Mahaikide bakoitzak bere aldetik eginen du kalifikazioa, eta kalifikazio guztien batezbesteko aritmetikoa eginen da ariketa bakoitzaren puntuazioa ateratzeko. Epaimahaiko kideek emandako gehieneko puntuazioaren eta gutxienekoaren artean aldea baldin bada ariketarako aurreikusi den puntuazioaren %30etik gorakoa, ez da aintzat hartuko bi muturretako ezein puntuazio, eta batezbesteko aritmetikoa gainerako puntuazioekin eginen da.

9. oinarria.–Probetarako deialdia.

9.1. Proben datak onartuen zerrendarekin batera argitaratuko dira.

9.2. Epaimahaiak argitara emanen ditu, Beriaingo Udalaren iragarki-taulan eta www.beriain.es web-orrian, gainditu duten izangaien zerrenda eta lehen proban erdietsi dituzten kalifikazioak.

10. oinarria.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

10.1. Azken ariketaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak gainditu dutenen zerrenda argitara emanen du, Udalaren iragarki-taulan eta www.beriain.es web-orrian, erdietsitako puntuazioaren hurrenkeran, ariketetan izangai bakoitzak lorturiko kalifikazioak batuz.

10.2. Epaimahaiak puntu gehien erdietsi dituen izangaia izendatzeko proposamena eginen dio alkateari. Udalaren iragarki-taulan eta www.beriain.es web-orrian argitaratuko da proposamena.

10.3. Izendatzeko proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta 7 egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Udalaren erregistro orokorrean:

a) Deialdiaren 3.1 c) oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua.

b) Osasun txostena, karguaren eginkizunetan aritzea galarazten dion eritasunik edo minusbaliotasun fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatzen duena.

c) Zinpeko deklarazioa, erakusten duena ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua eta ez dutela baztertu inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

d) Zin egin edo hitz ematea Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

10.4. Aipatu epearen barrenean, eta behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan salbu, agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatu, eta haien jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, eskabidean faltsukeria egiteagatik izan dezaketen erantzukizuna galarazi gabe.

10.5. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, alkateak puntuazioen zerrendan, 10.1 oinarrian aipatzen den horretan, ondo-ondotik heldu den izangaiarekin beteko du lanpostua, eta harekin aurreko ataletan adierazi bezala jokatuko da.

11. oinarria.–Izendapena eta kontratazioa.

11.1. Proposatzen den izangaia kontratatzeko erabakiko du alkateak, izangai horrek aurreko oinarrian ezarritakoa betetzen badu.

Izendatuak 15 egun naturaleko epea izanen du, izendapena jakinarazten denetik, kontratua sinatzeko eta berehala lanpostuan hasteko. Hala egiten ez badu, ezinbestekoak salbu, eskubide guztiak galduko ditu; horrek 10.5 puntuan aipatu diren ondorioak izanen ditu. Izendatuak eskubidea galtzen badu eta horrek gainditu dutenen zerrendako hurrengoak ukitzen baditu, hurrenez hurreneko epeak aplikatuko zaizkie horiei, jakinarazpena banan-banan eginik.

12. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka errekurtso hauetako bat aurkez daiteke: administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian dagokion Salari zuzendua, errekurritutako egintza jakinarazi nahiz argitara eman eta bi hilabeteko epean, eta, aukeran, gora jotzekoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitara eman ondoko hilabetearen barrenean.

Beriainen, 2018ko otsailaren 7an.–Alkate udalburua, José Manuel Menéndez González.

I. ERANSKINA

Eskabide-orria (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L1801942