66. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Baratze sozialak arautzen dituen ordenantza.
Behin betiko onespena

2017ko abenduaren 22an egin osoko bilkurak hasiera batean onetsi zuen “Tuterako baratze sozialak arautzen dituen ordenantza”.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluko aginduei jarraikiz, erabaki hori 2017ko 16. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 23an, baita Udalaren ediktu oholean paratu ere, eta espedientea 30 egunean egon da jendaurrean.

Legez ezarritako jendaurreko epean ez da erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu eta, beraz, behin-behineko onespen erabakia behin betikoa izatera iragan da. Eta ondorio juridikoak sortzeko, inguruabar hori, behin betiko testuarekin batera, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen da.

Ordenantzako aldaketaren behin betiko onespenaren kontra, hautara, errekurtso hauek para daitezke:

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari edo Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Tuteran, 2018ko martxoaren 7an.–Alkate udalburua, Eneko Larrarte Huguet.

TUTERAKO UDALERRIKO BARATZE SOZIALAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Zioen azalpena.

I. KAPITULUA.–Arau orokorrak.

1. artikulua. Xedea.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

3. artikulua. Helburuak.

4. artikulua. Definizioak.

5. artikulua. Araubide juridikoa.

II. KAPITULUA.–Erabilera baldintzak eta onuradunen baldintzak.

6. artikulua. Erabiltzeko baldintzak.

7. artikulua. Onuradunak.

8. artikulua. Onuradun izateko debekuak.

III. KAPITULUA.–Baratzeak adjudikatzeko prozedura. Baimenak ematea.

9. artikulua. Baimena emateko prozedura.

10. artikulua. Eskabideak aurkeztea.

11. artikulua. Onartuen zerrenda.

12. artikulua. Baratzeetarako baimenen adjudikazioa.

13. artikulua. Iraupena.

IV. KAPITULUA.–Adjudikaziodunen eskubideak eta betebeharrak.

14. artikulua. Adjudikaziodunen eskubideak.

15. artikulua. Debekuak.

16. artikulua. Betebeharrak.

17. artikulua. Ingurumeneko arauak.

18. artikulua. Hondakinen kudeaketa.

19. artikulua. Baratzearen erabiltzaile izateari uztea.

20. artikulua. Errebokatzeko prozedura.

V. KAPITULUA.–Hornidura eta mantentze-lanak.

21. artikulua. Instalazioen hornidura.

22. artikulua. Ordutegiak.

23. artikulua. Mantentze-lanak.

VI. KAPITULUA.–Hezkuntza eskaintza.

24. artikulua. Bisitak instalazioetara.

VII. KAPITULUA.–Baratzeen kudeaketaren jarraipenerako organoa.

25 artikulua. Jarraipena.

VIII. KAPITULUA.–Zehapen prozedura.

26 artikulua. Arau-hausteak.

A. Arau-hauste arinak.

B. Arau-hauste larriak.

C. Arau-hauste oso larriak.

27 artikulua. Zehapenak.

28 artikulua. Zehatzeko agintaritza eskuduna.

29 artikulua. Zehapen prozedura.

XEDAPEN GEHIGARRIA.

AZKEN XEDAPENA.

Zioen azalpena

I.–Tuterako Udalak baratze sozialen programa jarriko du abian, olgetarako jarduera bat izanen dena udalerriko herritarrentzat, eta aukera emanen diena jolas egin, aisialdiaz gozatu, giza harremanak izan, lan egin, ikasi eta naturarekin harremana izateko.

Orobat, toki administrazioak, herritarrengandik hurbilena baita, hobekuntzak lortu nahi ditu ingurumenaren babesean, herritarren bizi-kalitatean, elikagaien kalitatean (zalantzarik gabe osasunari onurak ekartzen dizkiona) eta nekazaritzako produkzioari lotutako ingurumeneko jardunbideetan.

Azken urteetan ekimen eta kudeaketa eredu asko jarri dira abian hiri baratzeetan. Azkenik baratze sozialen eredua hautatu da, hau da, prestakuntza, jolas eta aisialdiko eremu bat herritar ororentzat eta gizartetik baztertzeko arriskua dutenekin lan egiten duten taldeentzat.

Programa hau gauzatzeko, Udalak lurzati bat hartu du errentan, 26 baratze sozialak ipintzeko (8. poligonoko 918. lurzatia).

Finka osoa Tuterako landa lurzoruan dago.

II.–Baratze sozialen programaren hartzaileak Tuteran bizi diren adin nagusikoak dira, udalerriko erroldan gutxienez urtebeteko antzinatasuna dutenak eskaerak aurkezteko epea amaitzen denetik. Baldintza hau betetzen dutenekin baratze guztiak adjudikatzen ez badira, urtebetetik beherako antzinatasuna duten erroldatuak ere izan daitezke hartzaile. Azken hauekin ere baratze guztiak betetzen ez badira, erroldatugabeak izan daitezke hartzaile.

Hala ere, Udalak baratze batzuk erreserbatuko ditu irabazi-asmorik gabeko elkarte edo entitateetarako. Horretarako, oinarriak prestatuko ditu baratze horiek zozkatzeko ezartzen diren irizpideak betetzen dituztenen artean.

III.–Hasiera batean, programa honetarako 26 baratze jartzen dira eskura, 60tik 70 m² bitarteko azalera dutenak (plano bat eransten da):

–26 baratze horietatik, Udalak 5 erreserbatuko ditu irabazi-asmorik gabeko elkarte edo entitateetarako. Horretarako, dagokion arloak oinarriak prestatuko ditu baratze horiek zozkatzeko ezartzen diren irizpideak betetzen dituztenen artean.

–Gainerako lurzatiak (21) ordenantza honetan adierazitako moduan adjudikatuko dira.

IV.–Tuterako Udalak, ordenantza honen bidez, araubidea ezarri nahi du baratze horiek erabili eta kudeatzeko, honako hauek finkatzearren: baratzeak adjudikatzeko prozedura, hautatzeko irizpide orokorrak, onuradunen eskubide eta betebeharrak, arau-hausteak eta zehapenak, etab.

V.–Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 4. artikuluak erregelamenduak egiteko aitortzen dion ahalarekin bat, Udalak ahalmena du ordenantza hau onesteko, Administrazioaren eta herritarren arteko harremanak arautzeko tresna baita Tuterako baratze sozialen lursailen erabilerari dagokionez.

I. KAPITULUA

Arau orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da udal titulartasuneko baratzeak hartzen dituen lursailak erabili, gozatu eta aprobetxatzeko baldintzak arautzea. Lursailak 8. poligonoko 918. lurzatian daude, eta bertan kontsumo pribaturako laborantza baino ez da eginen.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Ordenantza honen aplikazio eremu objektiboa da Tuterako udalerriko hiri baratzeak hartzen edo hartuko dituzten lursailetan egiten den jarduera.

3. artikulua. Helburuak.

Baratze sozialen programaren bidez, Udalak helburu hauek bete nahi ditu, besteak beste:

–Eskatzaileei aukerako espazio libreak eskaintzea, naturan jarduera fisikoak egin eta bizi kalitatea hobe dezaten, eta elikadura osasuntsua sustatzea.

–Jolas eta jarduerak egiteko espazio bat eskaintzea Tuterako bizilagunei.

–Herritarren partaidetza eta garapen jasangarria sustatzea, biodibertsitateko espazioak sortuz.

–Erabiltzen edo aprobetxatzen ez diren espazioak berreskuratzea.

–Ingurumeneko jardunbide egokiak sustatzea arlo hauetan: laborantza, hondakinen kudeaketa, uraren aurreztea, nekazaritza ekologikoa, nekazaritza tradizionaleko erabilera eta ohiturak berreskuratzea, etab.

–Elikadura osasuntsua eta ohitura osasungarriagoak sustatzea.

–Ingurumenarekiko ezagutza eta errespetua sustatzea.

–Belaunaldien eta kulturen arteko harremanak eta trukeak sustatzea, baratzezain helduen eta gazteen artean eta ikastetxeekin egiten diren jardueren bidez.

–Tuterako baratze sozialen hezkuntza eta jolas alderdiak bultzatzea.

–Tokiko gobernua eta herritarrak inplikatzea biodibertsitatearen kontserbazioan, baratzeko espezie autoktono eta tradizionalak berreskuratuz eta balioetsiz.

–Espazioak eskaintzea barazki ekologikoak landatzeko udalerriko hiri eremutik hurbil.

–Lugorriak oneratzea eta erabiltzen ez diren orubeak eta abandonatuta dauden lursailak balioestea.

–Hobekuntzak lortzea arlo hauetan: bizi kalitatea, belaunaldien arteko harremanak, elikadura osasuntsua eta osasun fisiko eta psikologikoa.

–Familia askoren errenta hobetzea, aurrezteari eta tokiko produktuak kontsumitzeari bide emanez.

–Berdeguneen sorrera erraztea, eta nekazaritza ekologikoa hedatzea.

–Herritarrei hurbiltzea baratzearen laborantza, sakon errotua eta tradizio handikoa gure inguruan, eta baratze tradizionalari buruzko ezagutzaren transmisioa sustatzea, helduengandik gazteengana, eta ezagutza hori laborantza ekologikoaren teknikekin aberastea.

–Gertu dauden eta neurri egokia duten baratzeen eskaria betetzea, aproposak direlako egungo gizartearen bizi erritmorako.

–Tuterako biztanleek elkartu eta sozializatzeko leku bat izatea, jarduera berriak eta kohesio soziala sortuko dituena.

–Aisialdi osasuntsua sustatzea, gorputzerako nahiz bururako, eta gizartearen elikadura-ohiturak hobetzea, bertako produktu osasuntsuetara bideratuz.

4. artikulua. Definizioak.

a) Erabiltzailea: baimena edo lizentziaren adjudikazioduna da, hots, pertsona fisikoa, zeinarentzat eratzen baita lagatako ondasuna erabiltzeko eta aprobetxatzeko eskubidea. Ordenantza honen ondorioetarako, baratze soziala lagatzearen onuraduna.

b) Fruituak: baratzea erabiltzetik lortzen diren etekinak, hau da, lurra erein eta tratatzetik lortzen diren elementuak, hala nola landareak, frutak, barazkiak, etab.

c) Elementu komunak: baratzeak hartzen dituen udal lurzatiko elementu naturalak edo bertan jarriak, baliagarri direnak jabe batzuentzat edo denentzat batera, hala nola korridoreak, tresnak eta lanabesak gordetzeko tokia, hesiak, hodiak, mugatzeko piboteak, etab.

d) Erantzukizuna: baratzearen erabiltzaile guztiek dute erantzukizuna, banaka eta erabiltzen duten lursail zatiari dagokionez.

e) Baratzea: banakako lursail zatia, zeinaren gainean eratzen baita erabiltzaileak erabili, gozatu eta aprobetxatzeko duen eskubidea.

f) Lurzatia: ordenantza honen xedeko baratze sozialak hartzen dituen lursaila.

5. artikulua. Araubide juridikoa.

Administrazio Publikoen Ondareari buruzko 33/2003 Legearen 85. eta 86. artikuluetan eta Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 93.2 artikuluan ezarritakoarekin bat, aginduzko baimen administratiboa izan behar da Udalaren baratze sozialak erabiltzeko.

II. KAPITULUA

Erabilera baldintzak eta onuradunen baldintzak

6. artikulua. Erabilera baldintzak.

1. Baratzea erabiltzeko (lantzeko) baimena ez da inolaz ere lursailaren jabetza eskualdatzea, titularra Udala izanen baita beti.

2. Erabiltzeko baimena pertsonala eta besterenezina da, eta hurrengo artikuluetan aipatzen diren baldintzak bete behar dira une oro ondorioak izateko.

3. Udalak erabiltzaileen prestakuntza sustatuko du laborantza ekologikoaren tekniken arloan.

4. Desadostasunak edo gorabeherak badira, Udalak bitartekari lana eginen du ukitutako pertsonekin.

7. artikulua. Onuradunak.

Irabazi-asmorik gabeko entitateetarako baratzeak alde batera utzita, gainerako baratze sozialak (21) erabiltzeko baimena eskuratzeko, gutxienez baldintza hauek bete behar dira:

a) Pertsona fisikoa izatea.

b) Adin nagusikoa izatea baimenaren eskaera sinatzen den egunean.

c) Tuteran erroldatua egotea, gutxienez urtebeteko antzinatasunarekin (eskaerak aurkezteko epea amaitzen denetik hasita).

Baldintza hau betetzen dutenekin baratze libre guztiak adjudikatzen ez badira, urtebetetik beherako antzinatasuna duten erroldatuak ere izan daitezke hartzaile. Azken hauekin ere baratze guztiak betetzen ez badira, erroldatugabeak izan daitezke hartzaile, betiere eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte eta hurrengo artikuluan aipatzen diren debekuak hausten ez badituzte.

d) Gaitasun fisikoa zein psikikoa izatea baratzeen berezko nekazaritza lanak egiteko (mugikortasun murriztua dutenentzat egokitutako baratze batzuk izanen dira, eskaria baldin bada).

e) Zerga-betebeharren ordainketak egunean izatea Udalarekin.

f) Bizikidetzako unitate bakoitzak eskaera bakarra aurkezten ahal du; etxebizitza berean bizi direnek osatzen dute bizikidetzako unitatea, haien arteko ahaidetasuna edozein delarik ere.

8. artikulua. Onuradun izateko debekuak.

Honako hauek ezin dira baratze sozial bat erabiltzeko baimenaren onuradun izan:

a) Eskaera egiten denean baimen indardunaren titular batekin bizi direnak.

b) Lursaila kentzeko zigorra jaso dutenak, zehapen espediente baten ondorioz, ordenantza hau ez betetzeagatik.

c) Bi aldiz jarraian onuradun izan direnak programa honen baratzeen adjudikazioan, salbu lursail libreak badira.

III. KAPITULUA

Baratzeak adjudikatzeko prozedura. Baimenak ematea

9. artikulua. Baimena emateko prozedura.

1. Baratze sozialak okupatzeko eta haiek erabili eta gozatzeko baimenak norgehiagokako araubidearen bidez emanen dira, gutxi daudelako. Horretarako, zozketa publiko bat eginen da onartutako eskaera guztien artean.

2. Udalak ofizioz hasiko du prozedura, tokiko organo eskudunak horretako ebazpena eman ondoren. Ebazpen horren bidez deia eginen da baratze sozialen baimenak emateko. Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratuko da deialdia. Eskabidearen eredu normalizatuak interesdunen eskura jarriko dira, HAZean nahiz web-orrian (www.tudela.es).

3. Eskabideak aurkezteko epea zozketaren urteko urriaren 1ean hasi eta hilabete horretako 31n bukatuko da, lehendabiziko urtean izan ezik. Lehenengo urtean Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan argitaratuko da epea, baimenak emateko deialdia onetsi ondoren.

4. Itxarote-zerrenda eratuko da eskaeren kopurua baratze libreena baino handiagoa bada. Epez kanpo aurkezten diren eskaerak, ordenantza honetan ezarritako baldintzak betez gero, itxarote-zerrendan sartuko dira erregistroan sartu ziren hurrenkera berean.

5. Onartutako eskaeren kopurua baratze libreena baino txikiagoa bada, zozketa eginen da lursail zehatza eskatzaile bakoitzari esleitzeko.

10. artikulua. Eskabideen aurkezpena.

1. Interesdunek Udalaren bulegoetan eta web-orrian izanen dituzte eskura eskabidearen eredu normalizatuak.

2. Eskabideak Tuterako Udalaren erregistro orokorrean aurkeztuko dira, deialdi bakoitzean ezarriko den epean. Eskabidearekin batera dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) NANaren fotokopia konpultsatua.

b) Zinpeko deklarazioa, dioena ordenantza honetan eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela.

3. Udalak ofizioz egiaztatuko du eskatzailea egiazki Tuteran bizi dela, zerga-betebeharrak eta bestelakoak egunean dituela Udalarekin eta ordenantza hau ez betetzeagatik arau-hausterik ez duela eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

11. artikulua. Onartuen zerrenda.

1. Udalak eskaerak aurkezteko ezartzen duen epea bukatuta, jendaurrean jarriko da onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta hamar egun balioduneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko, aipatu zerrenda Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratu eta biharamunetik hasita. Erreklamazioak jartzeko epea amaituta, haiek ebatziko dira eta onartuen behin betiko zerrenda argitaratuko da.

2. Eskaera bat ere baztertzen ez bada, edo onartutako eskaeren kopurua baratze libreena baino txikiagoa bada, behin betiko zerrenda argitaratuko da zuzenean.

3. Behin betiko zerrenda argitaratu ondoren, baimenak emanen dira 7. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

12. artikulua. Baratzeetarako baimenen adjudikazioa.

1. Baratzeak adjudikatzeko, zozketa publikoa eginen da ezarritako epean onartutako eskaera guztien artean.

2. Eskatzaile bakoitzak hurrenkera-zenbaki bat izanen du zozketan.

3. Baimenak bi urteko indarraldia izanen du, lursailaren adjudikazioa jakinarazi eta biharamunetik hasita.

4. Lehenagotik ere baratze baten onuradun direnen kasuan, zozketan baratze bat adjudikatzen bazaie, lehenagotik zuten baratzea mantenduko dute.

5. Aurreikusitako lursailak adjudikatu ondoren, onuradun atera ez direnak itxarote-zerrendan sartuko dira, zozketan zuten zenbakiaren araberako hurrenkeran. Zerrendek 3 urteko indarraldia izanen dute, lehendabiziko adjudikazioarena izan ezik, 5 urtekoa izanen baitu.

6. Alkatetzaren ebazpen baten bidez emanen dira baimenak, eta onuradunen zerrenda argitaratuko da, jakinarazpen gisa, Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.

7. Adjudikazio epean erabiltzaile batek uko egiten badu edo libre uzten badu bere lursaila, arrazoia edozein delarik ere, bere lursaila itxarote-zerrendako hurrengoari adjudikatuko zaio. Adjudikazio berriari artikulu honen 3. apartatua aplikatuko zaio.

8. Borondatez uko egin dutenak ez dira sartuko itxarote-zerrendan.

9. Udalak ez ditu bere gain hartuko adjudikaziodunek baratzeetan nekazaritza lanen ondorioz izan ditzaketen kalteak.

13. artikulua. Iraupena.

1. Baratzea erabiltzeko epea 2 urtekoa izanen da; lehendabiziko 6 hilabeteek probaldia osatuko dute. Zozketaren urteko azaroaren 1ean hasiko da epea, eta, lagapenaren bi urteak igarota, urriaren 15ean bukatuko da. Hala ere, adjudikaziodunak urrian garbi utzi beharko du baratzea, baita prest ere, hurrengo adjudikaziodunak lantzeko.

2. Lursail bat baratze gisa lehendabiziko aldiz abian jartzen denean, adjudikazio epea 5 urtekoa izanen da, eta bosgarren urteko urriaren 15ean bukatuko da, adjudikazioaren hilabetea edozein delarik ere.

3. Udalak erabilera errebokatzen ahalko du bere kabuz, portaera desegokiak egiaztatzen dituenean.

IV. KAPITULUA

Adjudikaziodunen eskubideak eta betebeharrak

14. artikulua. Adjudikaziodunen eskubideak.

Baratze sozialen adjudikaziodunek eskubidea izanen dute adjudikatutako lursaila lantzeko, hau da, lurra laboratu, erein, landatu, zaindu, mantendu, ureztatu eta ongarritzeko, horretarako behar diren tresnak erabiltzeko eta fruituak eskuratzeko.

Ustiategiaren adjudikaziodunek aldi baterako lagapenaren araubidearen arabera erabiliko dute lursaila, inolako eskubiderik kontsolidatu gabe, eta erabiltzeari utzi beharko zaio adjudikazio epea bukatu bezain pronto.

Baratzearen titularra izan behar da baratzea maiz erabiltzen duena.

15. artikulua. Debekuak.

Ordenantza honen arabera adjudikatzen diren baratzeak baratze familiar gisa baino ez dira erabiliko; beraz, ezin dute bestelako erabilerarik izan, eta honako hauek debekatzen dira espresuki:

a) Barazkiak, loreak eta landare aromatikoak ez diren laboreak landatzea baratzean.

b) Lurzorua degradatzen duten landareak landatzea.

c) Landare psikotropikoak eta/edo legez debekatuak landatzea.

d) Zuhaitzak landatzea.

e) Lurzatiaren egitura edo haren mugak aldatzea horma, zur, plastiko eta abarrekin. Ezin da, halaber, esleitutako lursailaz beste lurrak eta lurzatiak landu edo okupatzea.

f) Bestelako obrak egitea eta, zehazki, honako hauek jartzea: itxitura edo bereizgailu berriak, barbakoak, taula finkoak edo bankuak, etxolak, paletak, estalpeak, txabolak, ataripeak edo bestelako eraikinak, material artifizialez nahiz naturalez eginak; eta, oro har, materialak metatu edo abandonatzea, baratzeko lanetarako ez badira eta lekuaren estetika eraldatzen badute. Debekatzen da elementu berriak eraiki edo jartzea eta daudenak aldatzea Udalaren baimenik gabe.

g) Berotegiak ipintzea.

h) Materialen eta altzarien (mahaiak, aulkiak, etab.) biltegi gisa erabiltzea baratzea.

i) Baratzetik lortutako produktuak nolanahi merkaturatzea, kontsumo pertsonalerako baitira.

j) Adjudikatutako baratzearen bideak edo ureztatzeko ubideak aldatzea.

k) Baratze bakoitzaren mugak gainditzea. Baratzeak zedarritzen dituzten mugarriak eta itxiturak mugitzea. Erabiltzaileak esleitu zaion baratzearen mugen barruan egin behar du lana, muga horiek gainditu gabe.

l) Oilategiak eta/edo hazkuntzarako kaiolak jartzea, edo animaliak izatea baratzean, etxe-abereak izan ala ez, salbu horretarako gaitutako tokietan, Udalak jartzen baditu.

m) Putzuak egitea.

n) Baratzean sortutako hondakinak erretzea, eta sua piztea.

o) Baratzean sortutako hondakinak eta belar-sastraken garbiketetan eta bestelakoetan sortutakoak botatzea beste baratze edo orubeetan, eta hondakinak behar bezala ez bereiztea gero birziklatu ahal izateko.

p) Ura bidegabe kontsumitzea.

q) Baratzea beste bati laga, utzi edo alokatzea.

r) Baratzea ez lantzea. Barrutiaren barruan ibilgailu motordunez ibiltzea, nekazaritza tresna motordunak erabiltzeko aukera ukatu gabe.

s) Tranpak, animaliak harrapatzeko bestelako tresnak edo jaki pozoitsuak erabiltzea.

t) Garbiketa-produktuak edo ingurumena kutsatzen duten bestelakoak erabiltzea.

u) Baratzea ingurumena errespetatu gabe erabiltzea; espresuki debekatzen da herbizidak, pestizidak eta ongarri kimikoak erabiltzea.

v) Aurretik aurreikusi ez diren erabilerak, eragozpenak edo usain txarrak sortzen badituzte, beste erabiltzaileei erabilera eta atsegina murrizten badie edo tokiaren ingurunean eragina badute.

w) Ongarri kimikoak eta pestizidak erabiltzea laboreetan. Produktu horiek erabiltzea proiektuaren espirituaren aurkakoa da, baita baratzeen gainerako erabiltzaileen osasunaren aurkakoa ere.

16. artikulua. Betebeharrak.

a) Erabiltzaileak lurzatia mantendu beharko du.

Lursaila abandonatutzat hartuko da, sartutako laboreak ez direla zaintzen garbi ikusten denean edo azaleraren %50 basabelarrek hartzen dutenean edo izurrite edo bizkarroiek, hainbeste izanik, ondoko lurzatietako laboreen osasuna arriskuan jartzen dutenean.

Baratze bat abandonatua dagoenean, erabiltzaileak abisua jaso eta zazpi egun natural izanen ditu behar bezala lantzeko. Bestela, belar-sastrakak garbituko dira eta erabiltzaileak ez du eskubiderik izanen erreklamatzeko.

Urtean bitan abandonatutzat jotzen bada baratzea, lagapena deuseztatuko da. Orobat, arrazoirik gabe abandonatzen bada (edo Udalak baliozkotzat jotzen ez dituzten arrazoiak emanda) 2 hilabetetik gorako epean, baratzearen lagapena galduko da.

b) Adjudikaziodunak nekazari arduratsuen modura landu beharko du baratze gisa lagatako lursaila, behar bezala zainduko du eta konponketa arruntak eginen ditu, kalte-ordainik eskatzeko eskubiderik gabe, proiektuan parte hartzen duen bitartean. Kontuan harturik baratzeen helburuak, adjudikaziodunak barazkiak, loreak eta landare aromatikoak baino ez ditu landatuko.

c) Adjudikaziodunek konpromisoa hartzen dute Udaleko arduradunek ematen dizkieten jarraibideak betetzeko, instalazioen mantentze-lanetan agindu bezala parte hartzeko, ordena gordetzeko eta baratzeen funtzionamendu egokia bermatzeko.

d) Adjudikaziodunek behar bezala mantendu beharko dute lursailen ingurunea, hau da, garbi eta belar eta landare espontaneorik gabe. Objektu, hondakin eta zaborrik gabe mantendu behar da baratzea hartzen duen eremua. Garbitasuna guztion ardura da, eta portaera arduratsu eta ekologikoak eskatzen du zaborra kentzea eta edukiontzietan uztea egunero.

e) Adjudikaziodun bakoitzak bere esku-erreminta eraman beharko du esleitutako baratzea lantzeko. Udala ez da inola ere erantzule izanen erabiltzaile bakoitzaren tresna hautsi, galdu edo desagertzen denean.

f) Onuradunak baratzearen ustiapena adjudikatu ondoren sortutako arrazoiengatik erabiltzen ez badu, eta ezarritako konpromisoak betetzen ez baditu 30 hamar egunetik gorako epean (maiatzetik irailera bitarte), baratzea zerrendako hurrengoari adjudikatuko zaio, eta aurreko erabiltzaileak galduko ditu ustiategiaren gainean zituen eskubide guztiak.

g) Baratzea lagatzeko epea bukaturik, parte-hartzaile bakoitzak hutsik eta garbi utziko du bere baratzea. Bestela, Udalak garbituko du adjudikaziodunaren kargura.

h) Gaizki erabiltzeagatik kaltetu, hondatu edo galdutako ondasun edo tresnak konpontzeko edo berriz jartzeko konpromisoa hartzen dute adjudikaziodunek.

i) Baratze sozialen instalazioetan sortzen bada kaltea, erabiltzaile errudunak gauzak lehengoratu beharko ditu, sortutako kaltea konponduz.

j) Adjudikaziodunek ura, ongarria, tresnak eta oro har ematen zaien edozein elementu erabiltzeari buruz Udaleko arduradunek ezartzen dituzten arauak betetzeko konpromisoa hartzen dute.

k) Udalak aldian-aldian ikuskapenak eginen ditu lursailetan. Aurreko arauak edo horietatik eratorritakoak ez direla bete ikusten bada, araua bete behar dela adieraziko zaio erabiltzaileari. Adierazpen horiek bi aldiz eginen dira gehienez. Horiek iraganik, arau-hausteak jarraitzen badu, Udalak bukatutzat joko du baratzearen lagapena.

l) Gehienez ere 30 eguneko aldirako ezintasuna gertatzen denean maiatzetik irailera bitarte, erabiltzailea horren berri eman beharko dio Udalari. Onuradunak baratzearen ustiapena adjudikatu ondoren sortutako arrazoiengatik erabiltzen ez badu, eta ezarritako konpromisoak betetzen ez baditu 30 hamar egunetik gorako epean (maiatzetik irailera bitarte), baratzea zerrendako hurrengoari adjudikatuko zaio, eta aurreko erabiltzaileak galduko ditu ustiategiaren gainean zituen eskubide guztiak.

17. artikulua. Ingurumeneko arauak.

Adjudikaziodunek konpromisoa hartzen dute nekazaritza ekologikoaren arauak betetzeko, bereziki ura aurrezteko, tantakako ureztapenaren bidez, eta ongarri organikoak eta ingurumena errespetatzen duten osasun produktuak erabiltzeko.

18. artikulua. Hondakinen kudeaketa.

Adjudikaziodunen kargura izanen da sortzen diren hondakinak behar bezala kudeatzea.

Hondakin organikoak nahiz ez-organikoak ez dira utzi behar haietarako ezarritako lekuetatik kanpo.

19. artikulua. Baratzearen erabiltzaile izateari uztea.

Adjudikaziodun izaera honako kasu hauetan galduko da automatikoki:

a) Uko idatzia; Udalaren erregistroan aurkeztu behar da.

b) Titularraren heriotza, gaixotasun kronikoa edo baratzea lantzeko ezintasuna. Kasu horretan, jaraunsleek edo izendatutako senideek jarraitzen ahalko dute baratzea lantzen, hala nahi badute, oinarrizko irizpideak betetzen badituzte.

c) Auzotasuna galtzea Tuteran, salbu baratze libreren bat bada.

d) Lursaila ez lantzea, justifikatutako arrazoirik gabe, hilabetetik gorako epean laboratzeko sasoian (maiatzetik irailera bitarte).

e) Ordenantza honetan zehaztutako bateraezintasun bat gertatzea edo debeku bat haustea.

f) Baratzea erabiltzea ordenantza honetan zehazten ez den helburu baterako.

g) Udalak lurra errekeritzea obrak, zerbitzuak edo instalazioak ipintzeko edo interes sozialeko edo interes orokorreko azpiegiturak edo ekipamendua eraikitzeko. Udalak kalteak ez sortzeko behar den denboraz abisatuko du.

h) Elkarbizitzarako oinarrizko arauak ez betetzea, solidarioak ez diren portaerak, ur gehiegi kontsumitzea, edo produktu toxikoak edo toxikoak izan daitezkeenak erabiltzea arauak baimentzen ez dituen dosietan.

i) Baratzetik lortutako produktuak salgai jartzea.

j) Ezarritako tasa ez pagatzea.

k) Falta oso larri batengatik zehapen bat jartzea, ebazpenean espresuki zehazten denean zehapenarekin batera baratzea lagatzeko baimena errebokatzen dela.

20. artikulua. Errebokatzeko prozedura.

Udalak kenduko du erabiltzaile izaera, espedientea tramitatu ondoren. Tramitazioan egintzak azalduko zaizkio erabiltzaileari, eta hamar eguneko epea emanen zaio alegazioak aurkezteko. Espedientearen ebazpena jakinaraziko zaio interesdunari, eta adieraziko zaizkio haren kontra bidezko diren errekurtsoak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 58. artikuluarekin bat.

Baimena deuseztatzeak, arrazoia edozein delarik ere, ez du inolako kalte-ordainik edo konpentsaziorik jasotzeko eskubidea sortuko.

V. KAPITULUA

Hornidura eta mantentze-lanak

21. artikulua. Instalazioen hornidura.

Baratzea erabiltzeko lagapena adjudikatzen denean, baratzeek sarbidea eta ureztatzeko sistema izanen dituzte.

22. artikulua. Ordutegiak.

Alkatetzaren ebazpen baten bidez finkatuko dira baratzeak irekitzeko eta ixteko ordutegiak.

Jendaurrean jarriko da ebazpena Udalaren ediktu-taularen eta web-orriaren bidez.

Espresuki ezer ez bada erabakitzen, honako hau izanen da ordutegia:

–Udan: astelehenetik igandera, 7:00etatik 22:00etara.

–Neguan: astelehenetik igandera, 8:00etatik 20:00etara.

Udako ordutegia udako ordutegirako aldaketa ofizialaren egunean hasiko da, eta neguko ordutegia, aldiz, neguko ordutegirako aldaketa ofizialaren egunean.

23. artikulua. Mantentze-lanak.

Udalak mantenduko ditu elementu komunak, eta erabiltzaile bakoitzak kontserbatu eta konponduko ditu adjudikatutako baratzearen elementuak.

Erabiltzaileak berehala abisatu behar die baratzeen programaren arduradunei, edo Udalari zuzenean, kalte edo akatsen bat antzematen duenean baratzean edo instalazioetan.

Baratzea edo bere elementuak berritzeko edo lehengoratzeko obrak eta konponketak, edertzeko edo bestelako arrazoiengatik, betiere kalte edo zabarkeriarik ez badago, erabiltzailearen kontura izanen dira, eta aurretik Udalarekin kontsultatu beharko da irizpideak bateratzeko.

Erabiltzaileek instalazioen mantentze-lan arruntetan parte hartuko dute, agindutako moduan.

Tuterako Udalak ez ditu bere gain hartuko baratzeak ukitzen dituzten lapurretak eta ekintza bandalikoak.

VI. KAPITULUA

Hezkuntza eskaintza

24. artikulua. Bisitak instalazioetara.

Ikasleek eta beste interes-talde batzuek bisitak egin ditzakete baratze sozialetara, irekita dauden bitartean. Horretarako, Udalak, hezkuntza administrazioarekin edo beste administrazio batekin batera, antolatutako bisitetan sartzeko aukera emanen diete erabiltzaileek talde horiei.

VII. KAPITULUA

Baratzeen kudeaketaren jarraipenerako organoa

25. artikulua. Jarraipena.

Udalak jarraipena eginen du baratze sozialen kudeaketan, zuzenean edo zeharka, egiaztatzeko nekazariek egindako lanak bat datozela ordenantza honetan eta gainerako arau aplikagarrietan ezarritakoarekin.

VIII. KAPITULUA

Zehapen prozedura

26. artikulua. Arau-hausteak.

1. Arau-haustetzat hartuko da ordenantza honetan eta gainerako arau aplikagarrietan xedatutakoa hausten duten egintzak, baratzeen erabiltzaile batek nahiz beste pertsona batek eginak.

2. Arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

A.–Arau-hauste arinak:

a) Baratzean berez barazkiak diren landareak ez landatzea, ordenantza honetan espresuki xedatutakoarekin bat.

b) Baratzeen erabiltzaileak ez direnak instalazioetan sartzen uztea, salbu senideak, erabiltzailea une puntual batean laguntzen dutenak, ikasleak edo baimendutako langileak badira.

c) Animaliak izatea baratzean.

d) Trakzio mekanikoko ibilgailu edo makinak izatea baratzean, nekazaritza tresna motordunak izan ezik.

e) Udalak bere langileen bidez ematen dituen jarraibideak ez betetzea, baratzeen erabilerari dagokionez.

f) Udalak ordenantza honetan ezarritako betebeharren kontrako beste edozein jarduera, arau-hauste larria edo oso larria ez bada.

B.–Arau-hauste larriak

a) Erabiltzeko lagatzen diren baratzeak ez mantentzea, kalteak edo narriadurak sortzen badira.

b) Lursailak aldatzea edo obrak egitea Udalaren baimenik gabe.

c) Beste nekazariek jasan behar ez dituzten eragozpenak sortzea.

d) Baratzearen erabilera beste bati lagatzea Udalaren baimenik gabe.

e) Lurra, lurzorua edo lurpea hondatzen duten landareak landatzea.

f) Ura bidegabe kontsumitzea.

g) Barbakoak, estalpeak edo baratzeetan baimenduta ez dauden gainerako elementuak ipintzea.

h) Larreak edo baratzeen hondakinak erretzea, edo sua piztea baratzeen barrutian.

i) Urtebetean bi arau-hauste arin edo gehiago egitea.

C.–Arau-hauste oso larriak

a) Beste nekazariei zauriak sortzea erabiltzailearen edo hura laguntzen duen norbaiten egintzengatik.

b) Lurzorua kutsatzea.

c) Beste nekazariei galaraztea baratzeen aprobetxamendu eta erabilera normala.

d) Galaraztea edo eragoztea baratzeen funtzionamendu normala.

e) Narriadura larria sortzea lagatako instalazioetan eta/edo lurzati osoan.

f) Landare exotiko edo psikotropikoak produzitzea, edo beste batzuk, haiek erein, landu, bildu edo edukitzea debekatuta badago.

g) Baratze sozialetatik lortutako produktuak merkaturatzea.

h) Identitateari edo adinari lotutako datuak edo baratzeen erabilera adjudikatzeko garrantzitsua den besteren bat faltsutzea, edo identitatea faltsutzea.

i) Urtebetean bi arau-hauste larri edo gehiago egitea.

3. Baimenaren titularrak arau-hauste larri edo oso larri bat egiten badu, baimena errebokatuko da, eta baratzea behin betiko erabiltzeko eskubidea galduko da, ezertan galarazi gabe hurrengo artikuluaren arabera ezarriko den zehapena. Errebokazioak ez dio ekarriko erabiltzaileari kalte-ordaina eskatzeko eskubidea. Lizentziaren errebokazioak ez du zehapen izaera izanen.

4. Izaera penala duten portaerak salatuko dira organo jurisdikzionaletan.

27. artikulua. Zehapenak.

1. Arau-hausteei zehapen hauek ezarriko zaizkie:

a) Arau-hauste arinei, 60 eurotik 100 eurora bitarteko isuna.

b) Arau-hauste larriei, 101 eurotik 500 eurora bitarteko isuna.

c) Arau-hauste oso larriei, 501 eurotik 1.000 eurora bitarteko isuna.

2. Zehapenak eta haien zenbatekoa ezartzeko, mailakatze irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Arau-haustea behin baino gehiagotan egitea edo hartan berrerortzea.

b) Asmo txarra izatea.

c) Gertaerek gizartean duten oihartzuna.

d) Zer kalte egin den eta zein den haien larritasuna.

28. artikulua. Zehatzeko agintaritza eskuduna.

1. Alkate-udalburua izanen da zehapenak ezartzeko organo eskuduna.

2. Aurrekoa gorabehera, alkateak tokiko beste organo baten esku uzten ahalko du zehatzeko ahalmena, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearekin bat.

29. artikulua. Zehapen prozedura.

Arau-hausleei zehapenak ezartzeko, zehapen prozedura ireki eta tramitatu beharko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean ezarritako araubidearekin bat.

Xedapen gehigarria.–Ordenantza honek ezartzen ez duen hartan, Estatuko zein Nafarroako araudi aplikagarrian xedatutakoari jarraituko zaio.

Azken xedapena.–Ordenantza honek, Udaleko Osoko Bilkurak behin betiko onetsi ondoren, Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta indarrean egonen da harik eta espresuki aldatu edo indargabetu arte.

Iragarkiaren kodea: L1803299