66. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

63E/2018 EBAZPENA, urtarrilaren 24koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena Eslabako Hirigintzako Udal Planaren alde. Sustatzailea Eslabako Udala da.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak 2007ko azaroaren 26an Lurraldea Okupatzeko Estrategia eta Ereduari buruz emandako txostenarekin hasi zen Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura; bertan zeuden adierazirik udal plana eta Ingurumen ondorioen azterlana egitean ingurumenari dagokionez kontuan hartu beharreko alderdiak. 2016 arte ez du aurrera jarraitu hirigintzako udal planak.

Eslabako Udalak, 2017ko martxoaren 22an eginiko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Hirigintza Plana; 2017ko 74. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 18koan, argitaratutako iragarkiaren bidez eman zitzaion hasiera jendaurreko epeari.

Hirigintza Planaren aplikazio esparruak eta, hortaz, egin diren analisiak, diagnostikoak eta proposamenek udalerri osoan dute eragina, 19,28 km²-ko azaleran alegia. Hirigintzako Udal Planaren eta Ingurumen ondorioen azterlanaren deskribapena I. eranskinean dago.

Eslabako lurralde ereduari dagokionez, Oibarko ibarraren erdialdean kokatzen da eta hirigune trinko batek osatzen du, eta nagusitzen den paisaia lehorreko nekazaritzarena eta udalerria inguratzen duten gailur-lerroetako basoarena da. Hiriguneak herri gotortuaren ohiko fisionomia dauka, defentsa-izaerakoa; Santa Barbarako muinoaren hegoaldeko hegaletik zabaltzen da, eta erliebeari egokitutako hiri-egitura mantentzen du.

Aurreikusitako garapenak nekazaritzan erabiltzen diren eta topografia lau samarra duten lurretan proposatzen dira batez ere, hirigunearekin mugakidea den eremu perimetral baten barnean, ingurumen intereseko eremurik edo/eta alde arriskutsurik gabe. Hirigintza Planean garatu diren proposamenek ez dute ingurumen ukipen garrantzitsurik aurreikusten.

Ukipen akustikoei dagokienez, Ingurumen ondorioen azterlanak udalerriaren zonifikazio akustikoa jasotzen du, lurzoruaren erabilera nagusietan oinarrituz egindakoa. Eslaban ez da zarataren ondoriozko arazorik atzeman; izan ere, saihesbidea eraiki zenetik, hirigunetik urrundu zen zarata iturri nagusia.

Landa-lurzorua antolatzeko, babestu eta gorde beharreko lurzoru gisa sailkatu da, balio naturalak, paisaiarenak, nekazaritzakoak eta kulturakoak kontuan hartuta. Alabaina, beharrezkoa izanen da jarraian adierazten diren oharrak ere kontuan hartzea, ingurune naturalaren eta nekazaritza-ingurunearen azterketa osatzeko eta landa-lurzoruan jarduera eta erabilera jakin batzuk ezartzearen ondoriozko ingurumen ukipenak murrizteko:

a) Babes bereziko eremuak: Eslabako lurralde konektagarritasuna. LAP-4 delakotik ondorioztatutako irizpideekin bat eta inguruko udalerrietako (Lerga, adibidez) planeamenduekiko koherentzia gordez, udalerriaren iparraldean dauden alderdiak, hots, Erbiñaga, El Serenado, Los Fayales, Larrasoil, Azterain eta Tastaran, sartuko dira. Horri buruzko informazio grafikoa erantsi da.

b) Paisaia-balioak Eslabako olibadiak eta terraza naturalak deiturikoetan bildu dira;

–“Eslabako olibadiak” izeneko polilaborantza mediterraneoaren kultur paisaia-dela, beharrezkoa da osatzen duten elementuen identifikazio eta karakterizazio zehatzagoa egitea (harrizko hormak, erkametzen ale zaharrak, astigar arruntak, lizar hostotxikiak, lurzati atomizatuak), babestuko direla bermatze aldera.

–Terraza naturalak. Paisaiaren aldetik, mendi hegaleko alorren aztarnei dagozkienak dira, sestra-kurbei egokitutakoak, non lerrokatutako erkametzak, basotxoak eta bakandutako zuhaitzak ageri diren. Hortaz, dagoeneko abandonatuak dauden nekazaritzako erabilerek utzitako arrastoak dira, larreak eta sastrakadiak bilakatu direnak, eta halaxe jaso beharko litzateke planean.

Bi kasuetan, paisaia-balioa gainjarritako balioa da, barnean hartzen dituelarik nekazaritzaren edo ingurumenaren arloko balioak, zeinak berdin-berdin identifikatu eta sailkatu beharko diren. Beraz, paisaia-balioen karakterizazioan adierazitako alderdiak sartzeaz gain (4.13 artikulua), horien erabilera arautuko da (Erabileren eta jardueren bateragarritasunaren koadroa) eta dagokion lurzoru azpikategoria esleituko zaio: natura aldetik ustiatzeko balioa duen lurzorua edo ingurumen balioagatik zaindu beharreko lurzorua, hurrenez hurren.

c) Nekazaritza lurzoruetan, horiek arautzen dituen araudian (4.14 artikulua) berariaz adieraziko da nekazaritza paisaia dibertsifikatzen duten elementu guztiak babesteko beharra (otalurrak, larre zuhaixkadunak dituzten ezpondak eta lehorreko lurretan tartekatzen diren abariztiak eta sastrakadiak).

Era berean, erabilerak baimentzeko irizpideak zuzendu eta egokitu beharra dago; izan ere, planean sartutako terminoen arabera, horiek ez datoz PN7tik (adierazten den bezala), eta ez dira nekazaritzako eta abeltzaintzako lurzoru horien ezaugarrietara egokitzen.

d) Ingurumen balioa duten elementuen artean:

–Arangaiz erreka-zuloa sartuko da; hirigunearen ipar-mendebaldean dago.

–Intereseko habitatak bat datoz karraskadiekin eta erkameztiekin. Hortaz, errepikakorra da lurzoruaren bi azpikategoria esleitzea balio beretarako. Erabileren bateragarritasunaren koadrotik (4.17 artikulua) habitatei eta beren erabileren araubideari esleitutako azpikategoria kendu beharko litzateke; izan ere, araudi horren ondoriozko ingurumen ukipenak handiak dira.

–Mendi-hegalaren erdialdeko ukipen guneetan, alorren eta sastrakadi eta larreen artean, bi unitateen mugak berrikusi eta zuzenduko dira.

e) Ingurumen ondorioen azterlanean jasota dagoenez, udalerriaren baso-eremuan, pinuen basoberritzeak eta interes naturaleko habitatak daude, karraskadiak eta erkameztiak, besteak beste. Larizio pinuaren pinudiak, udalerriaren iparraldean nahiz hegoaldean daudenak, ingurumen eta babes balioko zuhaiztietatik ezberdindu beharko dira.

Dokumentazio osoa azterturik, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren txostenean adierazten da Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura burutu dela, eta aldeko txostena eman dio Eslabako Hirigintzako Udal Planari, zenbait baldintza jarrita.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela kontuan harturik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ondorioen adierazpena egiten da Eslabako Hirigintzako Udal Planaren alde. Eslabako Udalak sustatu du.

2. Ingurumen ondorioen adierazpen hau ematea baldin eta determinazio hauek betetzen badira:

a) Ingurumen balioak:

–Ingurumen balioak osatzea ondoko elementuak sartuz: Arangaiz erreka-zuloa eta udalerriaren iparraldeko gailur-lerroen lurralde konektagarritasunerako espazioak.

–4.17 artikulutik kentzea habitatei eta beren erabileraren araudiari esleitutako azpikategoria.

–Koniferoen basoberritzeak ingurumen eta babes balioko zuhaiztietatik ezberdintzea.

–Mendi-hegalaren erdialdeko ukipen guneetan, alorren eta sastrakadi eta larreen artean, bi unitateen mugak berrikusi eta zuzenduko dira.

b) Paisaia-balioak:

–Paisaia horien definizioan, berariaz sartuko dira ingurumenaren eta paisaiaren aldetik interesekoak diren elementuak, eta erabileren araudia berrikusiko da, halako moduz non identifikatutako balioekin bat etorriko den.

–Paisaia-balioa duen gune bakoitzari dagokion azpikategoria esleitzea.

c) Arauen bidez, nekazaritzako lurretan tartekatzen diren ingurumen balioko elementu guztiak zainduko direla bermatzea.

d) Neurriak eta planaren jarraipena:

–Oro har, Hirigintza Planaren aplikazio eta garapenean, Ingurumen ondorioen azterlanaren 5. kapituluan bildutako neurri zuzentzaileak eta prebentziokoak aplikatuko dira.

–Hirigintzako Udal Plana behin betiko onesten denetik aurrera, Ingurumena zaintzeko plana aplikatuko da, Ingurumen ondorioen azterlanaren 7. kapituluan bildua, helburu duena neurri zuzentzaileak eta prebentziokoak beteko direla bermatzea.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Udalen Hirigintza Planeamendurako Atalari eta Eslabako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko urtarrilaren 24an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

I. ERANSKINA

Hirigintzako Udal Planaren eta Ingurumen ondorioen
azterlanaren laburpena

Analisia, diagnostikoa eta proposamenak udal-mugarte osoari buruzkoak dira, zeinak 19,28 km²-ko azalera baitu.

Hirigintza Planean planteatzen diren udalaren intereseko helburuak dira bizitegi-eremua zabaltzea, kirol eremua handitzea instalazio gehiago jartzeko, dauden irizpide tipologikoak berrantolatzea eta zerbitzu orokorretarako eremu bat sortzea.

Testuinguru horretan, Plan Orokorrak foru helburu hauek beteko ditu: hiri bilbea mantentzea eta hobetzea segurtatuko du, bai eta kultur ondarea babestea ere, alde zaharra bereziki, eta, orobat, hura behar bezala lotzea zabalgune berriekin. Planak bizitegietarako, ekipamenduetarako eta jarduera ekonomikoetarako lurzoruaren beharrak aseko ditu, eta sistema orokorren aurreikuspena eginen du.

Planaren proposamen zehatzak dira dagoen hirigunea sendotzea eta hiri-bilbea hirigunearen hego-mendebalderantz osatzea, dagoeneko existitzen diren bideak erabiliz eta topografiari egokituz. Irizpide horri jarraikiz, ondoko jarduketa esparruak mugatu dira: 4 jarduketa asistematiko alde zaharrean eta inguruetan, eta 8 exekuzio unitate, hego-mendebaldean, Inmaculada kalean bermatuta.

Antolatutako bizitokiak 40 izanen dira osotara; horietarik, 14 bizitegitarako hiri-lurzoru finkatuan daude, eta 26, berriz, bizitegitarako hiri-lurzoru finkatu gabean.

Ez dago aurreikusia industria instalazio berririk, eta kooperatibaren ingurua finkatzen da industria erabilerarako eta tailerretarako eremu gisa (AH-I).

Zuzkidura publikoen artean daude Santa Bárbara parkea, berdegune gisa, eta udal igerilekuak, kirolerako espazio bezala. Planean proposatzen da zuzkidura-espazio bat sortzea eta espazio libre bat Santa Criz museo arkeologikorako(UE-3). Hilerriari dagokionez, lurzati bat erreserbatu da, handitzeko aukera aurreikusten delako.

Azpiegiturei dagokienez (hornidura eta saneamendua), hornidura bermatutzat jotzen da planeamenduan jasotako bizitokiei buruzko aurreikuspenetarako.

Lurzoru urbanizaezinarekin loturik, eta kontuan harturik Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legean ezarritako azpikategoriak eta LAP-4ko irizpideak, jarduerak eta erabilerak erregulatzeko arau batzuk ezarri dira.

Ingurumen aldetik balioa duen lurzoruaren barnean, udalerriaren hegoaldeko gailur-lerroaren lurralde konektagarritasunerako espazioak bildu dira, ibilguen ibai sarea eta erreka-zuloa, eta zuhaiztiak (karraskadiak eta erkameztiak) eta zuhaixkak eta larreak (sastrakadiak, abariztiak, ipurudiak, ezpeldiak eta larre meso-xerofiloak eta xerofitikoak).

Paisaia-balioak Eslabako olibadiak eta terraza naturalak deiturikoetan bildu dira. Kulturaren, paisaiaren eta ekologiaren aldetik duten balio handia-dela eta, olibadien kultur paisaia lurzatiak berrantolatzeko prozesutik kanpo geratutako esparruan hedatzen da. Paisaia horrek Erdi Aroko bideak, hormak eta lurzatiak gorde ditu.

Terraza naturalen paisaia terraza naturalek osatzen dute, zeinak heskai naturalen (zuhaixkak eta zuhaitzak) lerroek mugatzen baitituzte lurraldearen gunerik gorenean (Amikarren eta Testaran).

Ustiatze naturalerako lurzoru gisa daude Changoa eta Astiráin deituriko onura publikoko mendiak, baso gisa duten balioagatik eta, nekazaritzan duten balioagatik, berriz, lehorreko lurrak, olibadiak eta fruta-arbolak.

Honako hauek dira udalerriko balio kulturalak: Santa Criz eremu arkeologikoa (interes kulturaleko ondasun deklaratutakoa) eta aztarnategi arkeologikoak. Toki interesekoak diren bide tradizionalak ere sartzen dira.

Garapen eredua zaindu beharrez erreserbatutako lursailak xede ezberdineko hiru arlotan banatzen dira: balizko industria gune bat ezartzea (NA-132 errepidea udalerrirako sarbidearekin gurutzatzen den tokian); bizitegi-erabilera, hirigunearen hegoaldeko mugan, eta Santa Barbarako gailur-lerroaren iparraldea, hirigunearen irudiari kalterik ez eragiteko.

Ingurumen ondorioen azterketaren laburpena.

Ingurumen ondorioen azterketak planaren helburuak identifikatzen ditu. Ikerketaren lehen atal batean, udalerriaren ingurumen arloko analisia, diagnostikoa eta balorazioa jaso dira.

–Ingurune naturalaren datuak biltzen ditu, honako hauei buruzkoak: klimatologia, geologia eta geomorfologia, hidrologia, biogeografia eta landaredi potentziala eta gaur egungoa, interes naturaleko habitatak eta mehatxatutako flora, fauna, eremu babestuak eta interesekoak, onura publikoko mendiak, korridoreak eta lurralde konektagarritasuna, paisaia, kultur ondarea eta ondare arkeologikoa.

–Azterketa sozioekonomikoak informazio demografikoari, jarduera ekonomikoei, bizitokiei eta azpiegiturei buruzko informazioa ematen du. Atal honek udalerriaren zonifikazio akustikoa dakar. Hiru eremu akustiko identifikatu dira: bizitegitarako eremua, industriarako eremua eta azpiegituraren sistema orokorra.

Ingurumeneko unitateen karakterizazioa eta deskripzioa aintzat hartuta, eta berezitasunaren, kalteberatasunaren, naturaltasunaren eta intereseko habitaten presentziaren irizpideak erabiliz, esparruak zehaztu dira, haien ingurumen balioaren arabera. Ingurumen balio handiena dutenak karraskadiak eta erkameztiak dira; ingurumen balio ertaina-handia dutenak, berriz, ibai bazterreko landaredia, basoak, abariztiak, sastrakadi mediterraneoak (ipurudiak, ezpeldiak) eta larreak. Eta, ingurumen balio ertaina-baxua izanen lukete larizio pinuaren basoberritzeek eta alorrek (azken horiek ingurumen balio baxua dute).

Planean ingurumenari buruz egindako diagnostikoan, planean garatutako proposamenak identifikatzen dira, bai eta horiek ingurumenean izanen duten eragina, erabileraren ondoriozko arazoak eta gaur egun landa-lurzoruan egindako jarduerak ere; horrez gain, helburuak zehazten dira, eta ingurumen balioak kontserbatzeko lehentasuna ere bai.

Ingurumen ondorioen azterlanaren 4. kapituluan, ingurunearen eta gizartearen gaineko eraginak identifikatzen eta baloratzen dira, eta ondorioztatzen du ingurune naturalaren gaineko eragina ertaina-baxua dela eta positiboa izanen dela gizartearen eta kultur ondarearen ikuspuntutik.

Ingurumen ondorioen azterlanaren 5. kapituluak babes eta prebentzioko neurrien proposamen bat garatzen du, ingurumenaren gaineko eragina gutxitzeko Hirigintza Plana garatu eta gauzatzen den faseetan, hala hiri lurzoruarentzat nola lurzoru urbanizaezinarentzat. Planteatutako neurrien artean, erabili beharreko espezieen zerrenda bat proposatzen da hirigunean edo inguruetan kokatutako jardueretarako, eta beste zerrenda bat besteak beste ondokoak jasotzen dituena: ibaien lehengoratzeak, ibai ibilguen ondoko jarduketetarako hartu beharreko prebentzio neurriak edota lur mugimenduak.

Prebenitzeko, zuzentzeko eta konpentsatzeko neurriak aplikatu ondotik ukipenei buruz egiten den balorazio orokorra positiboa izanen da gizartearen eta ondare kulturalaren ikuspegitik, eta natur ingurunerako, berriz, negatiboa eta baliogabea-negatiboa (hainbat kasutan baita positiboa ere), ertaina-apaletik apala-oso apalera bitarte.

Ingurumena zaintzeko planak, 7. kapituluan, xedetzat du prebenitzeko, zuzentzeko eta konpentsatzeko neurriak beteko direla bermatzea.

Iragarkiaren kodea: F1801219