66. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

110/2018 EBAZPENA, martxoaren 15ekoa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, goi mailako arte ikasketetan sartzeko heldutasun probarako deia egiten duena 2018. urtean.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, 54. artikuluan, goi mailako arte ikasketetan sartzeko modua aurreikusten du baldintza akademikoak ez dituztenentzat: hezkuntza administrazioek araututako sarrera proba gainditzea.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren bidez araututako goi mailako arte ikasketen antolamendua ezarri zuen urriaren 26ko 1614/2009 Errege Dekretuak. Halaber, maiatzaren 14ko 631/2010, 632/2010, 633/2010, 634/2010 eta 635/2010 errege dekretuek goi mailako graduko arte ikasketen oinarrizko edukia arautu zuten honako hauetarako, hurrenez hurren: Musikako gradua, Dantzako gradua, Diseinuko gradua, Arte dramatikoko gradua, eta Kultur ondasunen kontserbazio eta zaharberrikuntzako gradua. Ikasketa horiek Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak ezarri zituen. Urtarrilaren 23ko 21/2015 Errege Dekretuak urriaren 26ko 1614/2009 Errege Dekretua aldatu zuen. Haren zortzigarren xedapen gehigarrian zehazten da, salbuespen gisa eta maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 69.5 artikuluaren arabera, hezkuntza administrazioek ezartzen ahalko dutela 18 urtetik gorakoek oro har zuzeneko sarbidea izanen dutela goi mailako arte ikasketetan –horretarako, berariazko proba bat gainditu beharko dute, izangaiak ikasketa horiek probetxuz egiteko behar diren jakintzak, trebetasunak eta gaitasunak badituela frogatzen duena–, baita 16 urtetik gorakoek ere musikako edo dantzako goi mailako ikasketetan, baldintza beretan.

Ebazpen honen bidez, goi mailako arte ikasketetan sartzeko heldutasun probarako deia egiten da, eta haren oinarriak eta sei eranskinak onesten dira.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat, prozesuaren zatiren batean parte hartzen duten pertsona guztiek inprimakien bidez ematen dituzten datuak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko fitxategietan sartuko dira, estatistika aldetik lantzeko eta prozedura horren ondorioz sor daitezkeen egiaztagiriak kudeatzeko.

Datuetan sartzeko, zuzentzeko, aurka egiteko eta ezerezteko eskubideak erabiltzen ahalko dira Hezkuntza Departamentuko Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura joz. Zerbitzu hori San Domingo kaleko 8. zenbakian dago, Iruñean.

Berariaz horrela adierazten duten pertsonak beren datuen tratamenduaren aurka ager daitezke, arrazoi sendorik eta bidezkorik badago.

Ikusita Arte Ikasketetarako Atalak heldutasun proba egiteko deialdiaren alde 2018ko martxoaren 9an emandako txostena, eta deialdiaren epeak, inskripzioak eta, oro har, proba hori garatzeko arauak finkatzearren, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.d) artikuluaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Goi mailako arte ikasketetan sartzeko baldintza akademikoak ordezten dituen heldutasun probarako deia egitea. Proba 2018. urtean eginen da, eta haren oinarriak ebazpen honen eranskinetan agertzen dira.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzura, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Zerbitzura, Arte Ikasketen Atalera, Ikasketak Antolatzeko Atalera, Aniztasunarekiko Arretaren, Orientazioaren eta Hezkuntza Premia Berezien Atalera, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera, Lanbide Heziketaren Plangintza, Antolamendu eta Garapenerako Atalera, Informazioaren Eboluzioaren eta Kudeaketaren Atalera, Eskolatze Bulegora, Orientazio Bulegora eta Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2018ko martxoaren 15ean.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

I. ERANSKINA

OINARRIAK

Alderdi orokorrak

1.–Probaren ezaugarriak.

1.1. Hiru gai hauek osatuko dute goi mailako arte ikasketetan sartzeko heldutasun proba:

–Gaztelania edo Euskara.

–Artearen historia edo Espainiako historia.

–Atzerriko hizkuntza: ingelesa edo frantsesa.

Heldutasun proba osatzen duten gaien edukiak eta curriculum-erreferentziak ebazpen honen II. eranskinean biltzen dira.

1.2. Gaztelaniako ariketa eta euskarako ariketa gaztelaniaz eta euskaraz erantzun beharko dira, hurrenez hurren, zein den ere proba egiteko aukeratu den hizkuntza.

1.3. Atzerriko hizkuntzaren ariketa kasuan kasuko atzerriko hizkuntzan erantzun beharko da.

1.4. Goi mailako arte ikasketetan sartzeko heldutasun proba gaztelaniaz edo euskaraz egiten ahalko da. Izangaiak inskripzioa egiten duenean aukeratu beharko du probaren hizkuntza.

1.5. Goi mailako arte ikasketetan sartzeko heldutasun proba gainditzeak ikasketa horietan guztietan sartzeko aukera ematen die jada 18 urte dituzten edo proba egiten den urtean adin hori betetzen duten izangaiei. Horretarako, gainera, berariazko proba gainditu beharko da, frogatzeko norberak badituela ikasketa horiek probetxuz egiteko behar diren ezagutzak, trebetasunak eta gaitasunak.

1.6. Goi mailako arte ikasketetan sartzeko heldutasun proba gainditzeak musikako edo dantzako ikasketetan bakarrik sartzeko aukera ematen die proba egiten den urtean 16 edo 17 urte betetzen dituzten izangaiei. Horretarako, gainera, berariazko proba gainditu beharko da, frogatzeko norberak badituela ikasketa horiek probetxuz egiteko behar diren ezagutzak, trebetasunak eta gaitasunak.

1.7. Goi mailako arte ikasketetan sartzeko heldutasun proba gainditzeak aukera ematen du Arteen modalitatean goi mailako zikloetan sartzeko probaren zati komuna egitetik salbuesteko, betiere lanbide heziketako, arte plastikoetako eta diseinuko heziketa zikloetan eta kirol irakaskuntzen zikloetan sartzeko probetarako urtero deialdia egiten duen ebazpenean ezarritakoari jarraituz.

1.8. Heldutasun proba gaindituz gero, estatuko lurralde osoan izanen du balioa.

1.9. Goi mailako arte ikasketetan sartzeko baldintza akademikoak ordezten dituen heldutasun proban egokitzapenak eska ditzakete hauek:

–Desgaitasunen bat frogatzen duten pertsonak. Izena emateko eskabidean proba egiteko eskatzen den egokitzapena adierazi beharko da.

–Hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituztela egiaztatzen duten pertsonak, ikasteko nahasmenduak eta arreta-defizitaren nahasmendua eta hiperaktibitatea izateagatik. Egokitzapenak Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 18ko 65/2012 Foru Aginduaren 5.7 artikuluan ezarritakoari jarraikiz eginen dira.

1.10. Honako hauek dira proban inskribatzeko tasak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasei eta prezio publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legearen 99. artikuluan xedatutakoari jarraituz (lege hori aldatu egin zen, abenduaren 30eko 1621/2005 Errege Dekretuarekin loturik –haren bidez Familia Ugariak Babesteko azaroaren 18ko 40/2003 Legearen erregelamendua onetsi zen–, Zenbait zerga aldatu eta beste tributu neurri batzuk hartzeko abenduaren 28ko 20/2011 Foru Legearen bidez), bai eta Terrorismoaren Biktimak Aintzatetsi eta haiei Osoko Babesa Emateko irailaren 22ko 29/2011 Legeari jarraituz ere:

–Proban inskribatzea: 18 euro.

–1. kategoriako familia ugariko kideak (kategoria orokorra): 9 euro.

–2. kategoriako familia ugariko kideak (kategoria berezia) eta ekintza terroristen biktimak, baita haien ezkontideak eta seme-alabak ere: doakoa.

1.11. Tasa itzultzea, interesdunak eskaturik, bidezko izanen da, bakar-bakarrik, bitan ordaindu bada edo behar baino gehiago ordaindu bada.

1.12. Tasa itzultzeko eskaeretan, interesdunek Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoko “Goi mailako arte ikasketetan sartzeko heldutasun proba” izeneko tramiteen fitxan dagoen eredua erabiliko dute.

Tasa itzultzeko eskabidea Hezkuntza Departamentuaren erregistroan aurkeztu behar da, heldutasun probak koordinatzen dituen epaimahaiari zuzendua. Eskabidearekin batera, bertan aipatzen den dokumentazioa aurkeztu beharko da nahitaez.

2.–Izena emateko baldintzak.

2.1. Heldutasun proban ematen ahalko dute izena goi mailako arte ikasketetan sartu nahi izan bai, baina Batxilergoko titulurik edo 25 urtez gorakoak unibertsitatean sartzeko proba gainditu izanaren ziurtagiririk ez dutenek. Izena emateko derrigorrezkoa izanen da 18 urtetik gorakoa izatea –edo 16 urtetik gorakoa, musikako edo dantzako goi mailako ikasketetan edo bietan sartu nahi izanez gero–, edo proba egiten den urtean adin hori betetzea.

Goi mailako arte ikasketetan sartzeko baldintza akademikoak ordezten dituen heldutasun proban inskribatzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

–Goi mailako arte ikasketetan zuzeneko sarbidea ematen duen titulazio akademikoa ez edukitzea.

–18 urte izatea edo proba egiten den urtean adin hori betetzea.

–16 urte izatea edo proba egiten den urtean adin hori betetzea musikako edo dantzako goi mailako ikasketetan edo bietan sartu nahi izanez gero.

2.2. Heldutasun probarako izena emateko unean frogatuko da hartarako behar diren baldintzak betetzen direla.

3.–Izen-ematea.

3.1. Goi mailako arte ikasketetan sartzeko baldintza akademikoak ordezten dituen heldutasun proban inskribatzeko epea 2018ko apirilaren 13tik 20ra arte izanen da, biak barne.

3.2. Inskripzioa honela egiten ahalko da:

–Aurrez aurre: Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko da, edo Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorraren edozein bulegotan (2014ko 46. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 7koa), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako tokietan, eta Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiko Arte Ikasketen Atalera zuzenduko da. Izangaiak, aurkezpenaren egun berean, ensearti@navarra.es helbidera mezu elektroniko bat bidalita, iragarri beharko du dokumentazioa igorri duela, igorpenaren gordailu eguna egiaztatzen duen agiriaren kopiarekin batera.

–Telematika bidez, on line, Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoan dagoen “Goi mailako arte ikasketetan sartzeko heldutasun proba” fitxatik abiatuta, helbide honetan baitago:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/7440/Prueba-de-madurez-para-las-ensenanzas-artisticas-superiores-2018.

Horretarako beharrezkoa izanen da ziurtagiri digital balioduna edukitzea.

3.3. Izangai bakoitzak izena emateko eskabide bakarra bete beharko du, aurreko atalean aipatutako “Goi mailako arte ikasketetan sartzeko heldutasun proba” fitxan agertzen diren ereduei jarraituz. Inskripzio eskabide horien edukia ebazpen honen III. eranskinean ezarritakoa da.

Heldutasun probarako inskripzioa bikoizturik eginez gero, izangaia ez da prozesuan onartuko.

4.–Dokumentazioa.

4.1. Izangaiek dokumentazio hau erantsi beharko diote izena emateko eskabideari:

a) Nahitaezko dokumentazioa:

–Nortasun agiri nazionalaren, atzerritarren identifikazio txartelaren, pasaportearen, nortasuna frogatzen duen bidaia agiriaren edo bisaren fotokopia, bi aldeetatik.

–Heldutasun probetan izena emateko tasaren kontzeptu gisa ezarritako diru kopurua Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren diru-bilketa kontuan sartu izanaren gordekina.

–Kasua bada, familia ugariaren tituluaren fotokopia, edo Barne Ministerioak ekintza terroristen biktimentzat, haien ezkontideentzat edo seme-alabentzat emandako ziurtagiriarena.

b) Egokitzapenetarako dokumentazioa:

–Desgaitasunaren egiaztagiriaren fotokopia.

–Ikastearen nahasmenduak eta arreta-defizitaren nahasmendua eta hiperaktibitatea izateagatik, hezkuntzako premia bereziak dituzten ikasleei buruzko txosten eta agiriak, Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 18ko 65/2012 Foru Aginduaren 5.7 artikuluan eta ebazpen honetan ezarritakoari jarraikiz.

c) Salbuespenerako dokumentazioa:

–Ez da agiririk aurkeztu behar, koordinazio epaimahaiak ofizioz egiaztatuko baitu.

4.2. Arte Ikasketen Atalak honako agiri hauek bidaliko dizkio proben koordinazio epaimahaiari, 2018ko apirilaren 27a baino lehen:

–Desgaitasuna dela-eta proban egin nahi diren egokitzapenen eskaerak, eta bakoitzari dagokion egiaztagiria.

–Ikastearen nahasmenduak (IN) eta arreta-defizitaren nahasmendua eta hiperaktibitatea (ADNH) izateagatik, hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten izangaien probetan egokitzapenak egiteko eskaerak, eta bakoitzari dagokion egiaztagiria. Eskaera horiek aldeko txosten bat beharko dute, Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiko Aniztasunarekiko Arretaren eta Hezkuntza Premia Berezien Atalarena.

–Proba egitetik salbuesteko eskariak, frogatzeagatik heziketa zikloetan sartzeko lau proba modalitateetako edozeinetan zati komuna gainditua duela, 2008. urtetik aurrera (urte hori barne) Nafarroako Foru Komunitatean antolatutako deialdiren batean.

5.–Izangai onartu eta baztertuen zerrenda.

5.1. Onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak (horietan adieraziko dira baztertzeko arrazoiak) 2018ko maiatzaren 8an argitaratuko ditu Arte Ikasketen Atalak Hezkuntza Departamentuaren web-orrian eta Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoan.

Orobat, izangaiek eskatutako proba egokitzapenak ebatziko dira zerrenda horietan, bai eta eskatutako salbuespenak ere.

5.2. Erreklamazioak egiten ahalko dira maiatzaren 9tik 11ra bitarte, biak barne, eranskin honen 3. oinarrian agertzen diren tokietan. Horretarako, IV. eranskineko eredua erabili behar da.

–Onarpenaren kasuan, Arte Ikasketen Atalera zuzenduko dira.

–Egokitzapenen kasuan, proben koordinazio epaimahaiaren buruari zuzenduko zaizkio.

5.3. Erreklamazioak ebatzirik, onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrendak 2018ko maiatzaren 17an argitaratuko dira Hezkuntza Departamentuaren web-orrian eta Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoan.

Izangaiei dagozkien proba egokitzapenak ebatziko dira zerrenda horietan, bai eta heldutasun probatik salbuestekoak ere. Orobat, zerrenda horietan izangaien banaketa, epaimahaien araberakoa, agertuko da, baita zein ikastetxetan eginen den ere goi mailako arte ikasketetan sartzeko baldintza akademikoak ordezten dituen heldutasun proba.

6.–Salbuespenak.

6.1. Heldutasun proba egitetik salbuetsiak izan nahi duten izangaiek berariaz adierazi beharko dute izena emateko eskabidean. Era berean, ondoko betebehar hau betetzen dutela egiaztatu beharko dute, eta, horretarako, izena emateko eskabidearekin batera, taula honetan adierazten den dokumentazioa aurkeztu:

SALBUESTEN DEN ZATIA

FROGATU BEHARREKO BALDINTZAK

AURKEZTU BEHARREKO AGIRIAK

Heldutasun probatik salbuetsita egotea

Heziketa zikloetan sartzeko lau proba modalitateetako edozeinen zati komuna gainditua izatea 2008. urtetik aurrera (urte hori barne) Nafarroako Foru Komunitatean antolatutako deialdiren batean. 18 urte izatea edo proba egiten den urtean adin hori betetzea.

Ez da agiririk aurkeztu behar, koordinazio epaimahaiak ofizioz egiaztatuko baitu

6.2. Heziketa zikloetan sartzeko proben epaimahaiak ebatziko ditu salbuespenak.

7.–Heldutasun probaren kalifikazioa eta balorazioa.

7.1. Heldutasun probaren gai bakoitzari 0tik 10era arteko kalifikazioa emanen zaio.

7.2. Probaren gaietan lortutako batez besteko nota aritmetikoa, 0tik 10era eta bi zifra hamartarrekin adierazia, izanen da goi mailako arte ikasketetan sartzeko heldutasun probaren azken kalifikazioa, eta 5 puntu edo gehiago lortu beharko dira gainditzeko.

8.–Probak egiteko egutegia.

8.1. Goi mailako arte ikasketetan sartzeko heldutasun proba 2018ko maiatzaren 30ean eginen da, V. eranskinean adierazitako ikastetxean.

8.2. Proba egiteko, aldean izan behar da nortasun agiri nazionala, pasaportea, nortasuna egiaztatzen duen bidaia agiri bat, bisa edo atzerritarren identifikazio txartela, eta, horretaz gain, ariketak egiteko behar den materiala.

Informazio hori argitara emanen da, izangaiak geletan nola banatuko diren adierazita, Hezkuntza Departamentuaren web-orrian eta Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoan.

8.3. Heldutasun probaren ariketatarako deia 2018ko maiatzaren 30eko 15:30ean eginen da, eta hara joanen dira izangaiak heldutasun probako gaien ariketak egiteko.

Heldutasun probaren ariketak honela eginen dira:

PROBA

DEI EGITEKO ORDUA

GAIA

ARIKETAREN IRAUPENA

Goi mailako arte ikasketetan sartzeko baldintza akademikoak ordezten dituen heldutasun proba

15:30

Gaztelania edo Euskara

Ordu 1

Espainiako historia edo Artearen historia

Ordu 1

Atzerriko hizkuntza (ingelesa edo frantsesa)

Ordu 1

8.4. Ariketaren bat egitera aurkezten ez diren izangaiak “ez aurkeztutzat” joko dira ariketa horretan, eta, batez besteko nota kalkulatzearen ondorioetarako beharrezkoa denean, ariketa horren puntuazioa 0 izanen da.

9.–Proben emaitzak eta erreklamazioak.

9.1. Emaitzak argitaratuko dira proba egin den ikastetxean eta Hezkuntza Departamentuaren web-orrian eta Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoan, jarraian adierazten diren egunetan:

Behin-behineko emaitzak

2018ko ekainaren 8a

Erreklamazioak

2018ko ekainaren 11tik 13ra, biak barne

Behin betiko emaitzak

2018ko ekainaren 25a

9.2. Emaitzei buruzko erreklamazioak Hezkuntza Departamentuaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira (San Domingo kalea, 8), koordinazio epaimahaiko buruari igorriko zaion idazki baten bidez, IV. eranskinean ageri den ereduaren araberakoa, eta hark dagokion ebaluazio epaimahaiari igorriko dio.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukatuta, dagokion epaimahaia bilduko da haiek aztertu eta ebazteko.

9.3. Emaitzen behin betiko aktak jendaurrean jartzearekin betetzat joko da ebaluazio epaimahaiek eta proben koordinazio epaimahaiak ebazpenen eta horien ondoriozko egintzen aurka aurkeztutako erreklamazioen gainean hartzen dituzten erabakien berri emateko prozedura.

10.–Egiaztagiriak.

10.1. Goi mailako arte ikasketetan sartzeko baldintza akademikoak ordezten dituen heldutasun proba gainditzen duenak eskubidea izanen du ziurtagiri bat jasotzeko. Gai dela adieraziko da bertan, eta zein kalifikazio, bi zifra hamartarrekin adierazia, lortu duen.

10.2. Interesdunek heldutasun proba gainditu izanaren ziurtagiria jasotzen ahalko dute Hezkuntza Departamentuko Arte Ikasketen Atalean, 2018ko ekainaren 28tik aurrera.

11.–Epaimahaien osaera eta eginkizunak.

11.1. Hezkuntzako zuzendari nagusiaren otsailaren 13ko 35/2018 Ebazpenean ezarritako sarrera proben koordinazio epaimahaia izanen da heldutasun probaren koordinazio epaimahaia. Izan ere, ebazpen horren bidez egin da deialdia 2018. urtean lanbide heziketako eta arte plastikoetako eta diseinuko heziketa zikloetan sartzeko, bai eta kirol ikasketetan ere.

Probak koordinatzeko epaimahaiak, aipatu ebazpenean adierazitako eginkizunez gain, probak egin eta ebaluatzeko prozesua antolatuko du eta proben garapenarekin lotura duen oro kudeatuko du, honako hauekin lotura duena izan ezik:

a) Hezkuntza Departamentuaren web-orrian izangai onartuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak argitaratzea, eta horiei buruz aurkeztutako erreklamazioak ebaztea.

b) Heldutasun probetan onartuak izateko epez kanpo aurkezten diren eskaerak ebaztea.

Eginkizun horiek Hezkuntza Departamentuko Arte Ikasketen Atalak hartuko ditu bere gain.

11.2. Ebaluazio epaimahaiek eta Hezkuntzako zuzendari nagusiaren otsailaren 13ko 35/2018 Ebazpenean aipatzen diren aholkulariek heldutasun probari lotutako eginkizunak dituzte, ebazpen horretan sarrera-probetarako aipatutakoez gain.

12.–Errekurtsoak.

12.1. Ebaluazio epaimahaiek eta koordinazio epaimahaiak ematen dituzten egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Hezkuntzako zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, emaitzen behin betiko aktak argitaratu eta biharamunetik aurrera.

12.2. Deialdi honen, bere oinarrien eta horiek aplikatzeko egintzen kontra, ebaluazio epaimahaiek edo koordinazio epaimahaiak hartutakoak izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

II. ERANSKINA

Goi mailako arte ikasketetan sartzeko heldutasun probaren gaien edukiak, egitura eta garapena

CURRICULUMARI BURUZKO OINARRIZKO ERREFERENTZIAK

–Goi mailako heziketa zikloetan sartzeko probetarako prestakuntza ikastaroaren curriculuma, urriaren 23ko 319/2009 Ebazpenaren bidez arautua (2009ko abenduaren 18ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).

–Batxilergoko curriculuma, apirilaren 22ko 25/2015 Foru Dekretuaren bidez arautua (2015eko uztailaren 2ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala), jakintza arlo hauekin lotuta:

EDUKIAK ETA GARAPENA

Batxilergoko erreferentziako gaiak: Gaztelania I edo Euskara I;
Atzerriko hizkuntza I (ingelesa edo frantsesa); Espainiako historia
edo Artearen historia

Gaztelania / Euskara.

Proba honen abiaburua idatziz emanen den gai bati buruzko informazioa izanen da. Informazio horretatik abiatuta izangaiak ondoko gaitasuna duela erakutsi beharko du:

–Aurkeztu den informazioa ulertzea eta testuari egokitzen zaion izenburua jartzea.

–Informazioa era sinbolikotik beste espresio mota batera transferitzea eta hitzezko forma batetik beste batera.

–Osagarria eta funtsezkoa bereiztea; halaber, ondorioak eta gertakizunak bereizteko gai izatea, kausak eta ondorioak ere bai, bilatzen duten helburua eta bitartekoak, etab.

–Akats logikoak edo informaziozkoak atzematea.

–Jaso den informazioa antolatzea eta horrekin material berriak prestatu edo osatzea, hala nola editorialak, eskutitzak, txostenak, narrazioak, etab.

–Testu idatzi bat edukiaren arabera epaitzea, bai eta okerreko oinarrietatik abiatuz eskuratu diren ondorio faltsuak atzematea ere.

–Testuari lotuta dauden gizartearen eta kulturaren arloko galderei erantzutea.

Espainiako historia.

Bi ariketa proposatuko dira, izangaiek bat aukeratu dezaten; testu bat izanen da, Espainiako historiari dagokion gai bati buruzkoa eta urriaren 23ko 319/2009 Ebazpenaren bidez onetsitako prestakuntza ikastaroaren curriculumaren araberakoa; ariketa honen bidez, izangaiak gaitasun hauek erakutsi beharko ditu:

–Testuaren ideia nagusiak laburtzea.

–Testuan ageri diren kontzeptu batzuen esanahia azaltzea, kontzeptu horiek historiarekin lotuta.

–Gai horren inguruko galderak erantzutea.

–Gaiaren inguruko ezagutzari buruzko bizpahiru galderari erantzutea.

Artearen historia.

Iruzkinak idaztea proposatzen diren irudiei buruz gai horretan Batxilergoko curriculumean (apirilaren 22ko 25/2015 Foru Dekretuan arautua) ezartzen diren edukiei lotuta.

Atzerriko hizkuntza (ingelesa edo frantsesa).

Proba honen abiaburua zailtasun ertaineko informazioa izanen da, ingelesez edo frantsesez; informazio hori idatziz emanen da. Hortik abiatuta hautagaiak ondoko gaitasuna izan beharko du:

–Aurkeztu zaion informazioa ulertzea.

–Jariotasun eta zuzentasun egoki samarrez aritzea idatziz.

III. ERANSKINA

Goi mailako arte irakaskuntzetan sartzeko baldintza akademikoak ordezten dituen heldutasun proban izena emateko eskabidea. 2018 (PDFa).

IV. ERANSKINA

Erreklamaziorako inprimakia (PDFa).

V. ERANSKINA

Heldutasun proba egiteko ikastetxea

Ikastetxea: Iruñeko Arte Eskola. Maiatzaren 30ean, 15:30ean.

Iragarkiaren kodea: F1803735