66. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

169/2018 EBAZPENA, martxoaren 12koa, Herri Lanetako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Foru Komunitatean, 2018. urtean, errepideko garraio publikoaren sektorean prestakuntza ekintzak antolatzeko diru-laguntzen deialdia.

Etengabe eboluzioan ari den gizarte baten behar aldakorrek ekartzen dute garraioaren sektoreko enpresek dinamika berritzaile horretara egokitu behar izatea.

Testuinguru horretan, langileen prestakuntza funtsezko tresna bat da sortzen diren erronkei erantzuteko. Horregatik, egokia da diru-laguntzak ematea errepideko garraioaren sektorean prestakuntza ekintzak antolatzeko, sektore horren profesionaltasuna eta lehiakortasuna hobetzen laguntzeko.

Hala, ebazpen honen xedea da diru-laguntza batzuk emateko deialdia eta oinarri arautzaileak onestea prestakuntza ekintzak antolatzeko Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan errepideko garraioaren sektorearekin zerikusia duten pertsonentzat (jardunaldiak, prestakuntzarako edo hobekuntzarako ikastaroak edo mintegiak eta liburuen eta gida didaktikoen argitalpenak).

Horrenbestez, Garapen Ekonomikorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2017 Foru Dekretuaren 63.k) artikuluak esleitu dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean, 2018. urtean, errepideko garraio publikoaren sektorean prestakuntza ekintzak antolatzeko diru-laguntzen deialdia onestea. Oinarriak ebazpen honen I. eranskinean daude.

2. 30.000 euroko gastua onestea, 2018. urteko gastuen aurrekontuko “Garraio sektoreko prestakuntza ekintzetarako laguntza” izeneko 840004/84420/4819/441100 partidaren kargura.

3. Ebazpen hau eta I. eranskina argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernuko Diru-laguntzen Datu-basean.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Kudeaketa Atalari, Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketarako eta Gastuaren Kontrolerako Zerbitzuari (Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoa) eta departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatuari.

5. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2018ko martxoaren 12an.–Herri Lanetako zuzendari nagusia, Ignacio Nagore Laín.

I. ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitatean errepideko garraio publikoaren sektorean prestakuntza ekintzak antolatzeko diru-laguntzen deialdiaren oinarriak. Laguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz banatuko dira

Lehena.–Deialdiaren xedea eta helburua.

1.–Prestakuntza oinarrizko baliabidea da errepideko garraioaren sektorearen profesionaltasuna eta lehiakortasuna hobetzeko eta sektorearen modernizazioa faboratzeko.

Deialdi honen xedea da diru-laguntza batzuk emateko oinarri arautzaileak ezartzea prestakuntza ekintzak antolatzeko Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan errepideko garraioaren sektorearekin zerikusia duten pertsonentzat (jardunaldiak, prestakuntzarako edo hobekuntzarako ikastaroak edo mintegiak eta liburuen eta gida didaktikoen argitalpenak).

2.–Ekintza horiek 2018ko azaroaren 1a baino lehen egin beharko dira.

Lanbide gaitasunaren ziurtagiriak, segurtasun aholkulari izateko ziurtagiria eta salgai arriskutsuak eramateko baimenak lortzeko antolatzen diren ikastaroak laguntza hauetatik kanpo gelditzen dira.

Bigarrena.–Diru-laguntzen zenbatekoa eta laguntza jaso dezaketen gastuak.

Deialdi honek sortzen dituen gastuak 2018. urteko Gastuen Aurrekontuko “Garraio sektoreko prestakuntza ekintzetarako laguntza” izeneko 840004/84420/4819/441100 partidaren kargura finantzatuko dira.

1.–Egiten diren prestakuntza ekintzei dagokien diru-laguntza 30.000 eurokoa da.

Deialdi honen babesean antolatzen diren prestakuntza ekintzetarako, kostuaren %100era bitarteko diru-laguntza ematen ahalko da, gehienez.

Diru-laguntzaren zenbatekoa, oinarri honetan xedatutakoaren arabera kalkulatua, seigarren oinarrian ezarritako irizpideak aplikatuz lortzen den puntuazioen arabera ponderatuko da.

Horrela kalkulatutako diru-laguntzen zenbatekoa handiagoa bada aurrekontuan erabilgarri dagoen dirua baino, hainbanaketa eginez zehaztuko da azken kopurua.

2.–Honako hauek dira diruz laguntzen ahal diren gastuak:

2.1. Irakasleak edo hizlariak: kontratu finkoa edo behin-behineko kontratua duten langileen soldata edo ordainsariak edo kanpoko irakaskuntza-zerbitzuak, eta kasu honetan sartuko dira joan-etorri, egonaldi eta mantenu gastuak.

2.2. Ikasmateriala.

2.3. Ikasgelak:

2.3.1. Erabilitako instalazioak hirugarren baten jabetzakoak badira, erabilitako ikasgelak alokatzeko gastuak.

2.3.2. Erabilitako instalazioak onuradunarenak badira, higiezina amortizatzeko kostua (oro har onartutako kontabilitate arauen arabera kalkulatua), bai eta argi, ur eta ikasleen garbiketako gastuen zati proportzionala ere, horiek guztiak prestakuntza zehatzari ematen zaizkion denboraren eta metroen arabera kalkulatuak.

2.4. Ikastaroak egiten diren instalazioetan jarritako lan ekipo eta tresnak. Horiek ahalbideratzen dute hezkuntza jarduketa egitea.

Instalazioen irizpide bera aplikatuko da ekipoak alokatzeko gastuarekin edo amortizazio kostuarekin, ondasun inbentariagarrien kasuan.

2.5. Prestakuntza ekintzaren publizitate eta propaganda gastuak, besteak beste kartel, liburuxka eta iragarkiena.

2.6. Liburu eta gida didaktikoak argitaratu eta banatzeko gastuak. Diru-laguntzak emanen dira, bakarrik, argitaratutako liburu edo giden kopurua Nafarroako Foru Komunitatean horien xede diren garraiolarien kopuruaren araberakoa denean.

Ekintzaren kostua kalkulatzeko, atal honetako gastuak aintzat hartuko dira agiri bidez justifikatzen denaren arabera, ez besterik.

3.–Prestakuntza ekintzen diru-sarrerak:

Parte-hartzaileentzat dohainik ez diren prestakuntza ekintzen kasuan, entitate antolatzaileak ekintza bakoitzean izandako diru-sarreren berri eman beharko du. Horiek ekintzaren kostutik minoratuko dira, diru-laguntzak eta diru-sarrerak baturik aipatu kostua gainditu ez dezaten.

Hirugarrena.–Gastu diruz lagungarrietarako mugak.

Diruz laguntzen ahal diren gastuen barrenean (2. oinarriko bigarren atalean zehaztuak) honako muga hauek ezarri dira gastuak hobeki arrazionalizatzeko eta lortu nahi diren helburuei hobeki egokitzeko:

1.–Irakasleen eta hizlarien gastuak:

–Kanpoko langileak badira, entitate eskatzailearen soldatapekoak ez, diruz lagundu daitekeen gastua 135 euro dira, pertsona eta ordu bakoitzeko, barnean direla ordainsariak eta joan-etorri, egonaldi eta mantenu gastuak.

–Entitate eskatzailearen soldatapeko gainerako langileak badira, diruz lagundu daitekeen gastua, justifikatzen den lan kostua adinakoa izanen da.

2.–Bigarren oinarriko 2. ataleko gainerako kontzeptuen gastua proposatzen diren ekintzen araberakoa izanen da.

Laugarrena.–Onuradunak.

Diru-laguntza jasotzen ahalko dute legearen arabera eratuak eta Nafarroako Foru Komunitatean helbideratuak dauden garraiolari elkarteek edo irabazi-asmorik gabeko entitate publiko zein pribatuek.

Ezin izanen zaie diru-laguntzarik eman Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aipatutako kasuetakoren batean dauden elkarte edo entitateei.

Bosgarrena.–Eskaerak eta eskatzen diren agiriak aurkezteko epea.

1.–Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2.–Eskaerak Garapen Ekonomikorako Departamentuan den Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko Bulegoan aurkez daitezke (San Ignazio etorbidea, 3, beheko solairua, 31002 Iruña), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako araubide iragankorraren araberako erregistroetan.

Eskaerak telematika bidez aurkez daitezke, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.navarra.es) dagoen zerbitzuen katalogoko berariazko fitxaren bidez (hemendik aurrera katalogoko fitxa); fitxan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko lotura izanen da, eta identifikatzeko beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala izatea eta, jakinarazpenak jasotzeko gaitutako helbide elektronikoa, hamabigarren oinarrian zehaztutako eran lor daitekeena.

Aipatu fitxan deialdi honetan erantsi diren eranskinen ereduak egonen dira, aurrez aurreko tramitazio egiteko deskargatu daitezkeenak.

3.–Eskaera II. eranskineko ereduaren arabera beteko da. Eranskin hori katalogoko fitxan dago eta dokumentazio hau erantsiko zaio:

3.1. Laugarren oinarrian eskatzen diren baldintzak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa.

a) Kasuan kasuko erregistroan inskribatua izatearen frogagiria.

b) Elkartea edo entitatea eratzeko akta edo eskritura eta estatutuak.

c) Elkartearen edo entitatearen izenean eskaera aurkezten duen pertsonaren ordezkaritza frogatzeko agiria.

d) Identifikazio fiskaleko txartela.

e) Nafarroako Foru Komunitateko garraioaren sektorean duen ordezkaritza frogatzen duten agiriak edo esperientzia garraioaren alorreko prestakuntzan.

f) Eskatzailea bere zerga betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8. artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9.4 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak lehendik dituen datuak badira, a), b), c), d) eta e) letretan eskatzen diren agiriak aurkeztu beharrik ez dago.

Kasu honetan, aurkezpena ordeztu daiteke entitatearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpenarekin, eskaeraren inprimakian dagoen horrekin (II. eranskineko eredua, katalogoko fitxan dena). Adierazi beharko da agirietan ez dela aldaketarik izan haiek aurkeztu zirenetik eta espresuki noiz eta zer administrazio organotan aurkeztu ziren, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

3.2. Egin behar diren jarduerei buruzko dokumentazioa:

Diru-laguntza zer ekintzatarako eskatzen den, haietako bakoitzeko III. eta IV. eranskinetako ereduak beteko dira, katalogoko fitxan daudenak. Horretan, datu hauek sartuko dira nahitaez:

a) Egin beharreko jarduerak azaltzeko eta deskribatzeko memoria eta haiek egiteko aurreikusten den egutegia (III. eranskina).

Irakasleak: prestakuntza ekintzak eman behar dituzten pertsonen izena, lanbide kualifikazioa eta curriculum vitae-a azaldu beharko dira. Irakasleen curriculumak aurreko deialdietan aurkeztu badira, aski izanen da ekintzaren memorian hori aipatzearekin.

Liburuak eta gidaliburu didaktikoak argitaratuz gero, ale bat edo, kasu bada, proiektu bat aurkeztuko da Garraio Zerbitzuan, deialdian aurreikusitako helburuari egokitzen zaion ikusteko.

b) Jarduera bakoitzeko aurreikusten diren gastuen aurrekontua, kontzeptuz kontzeptu xehakatua. Beharrezkoa izanez gero, jarduerak finantzatzeko baliabideak, baita eskainitako plaza kopurua ere (IV. eranskina).

Dokumentazioa eskaneatua aurkeztuko da edo, behar bada, katalogoko fitxaren ereduaren arabera betea.

4.–Eskaerak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, interesdunari jakinarazita.

Garraio Zerbitzuak eskaerari buruzko ebazpena emateko beharrezko dituen argibide edo agiriak eskatzen ahalko dizkio eskatzaileari noiznahi.

Seigarrena.–Baloraziorako irizpide objektiboak.

Balorazio irizpide hauek eta dagozkien puntuazioak erabiliko dira eskaerak baloratzeko:

a) Egin behar den jarduera (20 edo 15 puntu):

–Prestakuntza ekintzak egun bat baino gehiago irautekoak: 20 puntu.

–Prestakuntza ekintzak egun bat edo gutxiago irautekoak: 15 puntu.

–Prestakuntzarako liburuen edo gidaliburu didaktikoen argitalpena: 20 puntu.

b) Lurreko garraioaren sektoreari atxikiak egotea (20, 15 edo 0 puntu):

–Eskatzaileak Nafarroako Foru Komunitateko garraio esparruan duen ordezkaritza (20 puntu).

–Garraio gaietan esperientzia frogatua izatea (15 puntu).

c) Proposatzen diren helburuek bat egiten ote duten Foru Komunitateko garraioen esparruko prestakuntzaren, sustapenaren eta zabalkundearen arloetan dauden beharrekin (30, 25 edo 15 puntu):

–Errepideko garraioari buruzko gai berariazkoak: 30 puntu.

–Garraiorako eta logistikarako hizkuntzak: 25 puntu.

–Garraioaren eta logistikaren sektorerako berariazko aplikazio informatikoak: 25 puntu.

–Garraio enpresa bat kudeatu edo bertan lan egiteko balio dezaketen bestelako gaiak: 15 puntu.

d) Jarduera osoaren kostua, kontuan hartuta haren iraupena prestakuntza orduetan eta eskainitako plazen kopurua (30 puntu gehienez), honela kalkulatuta:

Ekintzaren kostua zati ordu kopurua egiten da eta emaitza zati parte-hartzaile kopurua.

Puntuazio lortzen da bigarren zatiketaren emaitzari ondoko eskala aplikatuz:

0 - 10: 30 puntu.

11 - 20: 27 puntu.

21 - 30: 24 puntu.

31 - 40: 21 puntu.

40 baino gehiago: 18 puntu.

Aurreko a), b) eta c) ataletan deskribatutako irizpideak baztergarriak dira haien artean atal bakoitzean.

Aipatu diren puntuazioen batura 0tik 100era bitartekoa izanen da.

Aurkeztutako ekintzarako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da baldin eta c) eta d) ataletan gehieneko puntuazioaren %50 lortzen ez bada. Guztira 50 puntu baino gutxiago lortzen dituzten ekintzek ere ez dute diru-laguntzarik jasoko.

Zazpigarrena.–Ebazpena emateko eskumena eta epea.

1.–Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, Garraio Zerbitzuari eman zaio prozedura antolatu eta izapideak egiteko eskudantzia, baita aurreko oinarrian ezarritako balorazio irizpideei jarraikiz eskaerak ebaluatzekoa ere.

Ebaluazioa egin ondoren, laguntzak emateko proposamena Herri Lanetako zuzendari nagusiari igorriko zaio. Proposamenean adieraziko dira diru-laguntza jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituzten onuradunak, bai, halaber, diru-laguntzaren xede diren jarduerak, balorazio irizpideen ponderazioa eta eskaera bakoitzari eman beharreko diru kopurua.

2.–Diru-laguntzak emateko ebazpena Herri Lanetako zuzendari nagusiak emanen du. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, gehienez, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita. Epe hori espresuki ebazpenik jakinarazi gabe iraganik, interesdunek eskaera ezetsi egin dela ulertzen ahalko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Zortzigarrena.–Onuradunen betebeharrak.

1.–Onuradunek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte.

2.–Diruz lagundutako prestakuntza ekintzetako bat egin ezean, onuradunek horren berri eman beharko diote Garraio Zerbitzuari, ez egiteko arrazoiak azalduta.

Diruz lagundutako ekintza bat edo gehiago egin behar ez badira, entitate onuradunak eskatzen ahal dio Garraio Zerbitzuari, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorraren bitartez, deialdiko baldintzak betetzen dituzten beste batzuekin ordezkatzeko, hasi baino 10 egun lehenago gutxienez, eta hasi aurretik kontrakorik adierazten ez bada ordeztea onartu dela ulertuko da, baina emandako diru-laguntzaren zenbatekoa ez da handituko. Ez da diruz lagunduko onartuta dagoen ekintza bat ordezteko egiten den beste ekintzarik, aldez aurretik jakinarazten ez bada. Ordezpena jakinaraziko da VIII. eranskineko ereduaren arabera. Erantsiko da, halaber, III. eranskineko jarduerak azaltzeko eta deskribatzeko memoria, biak katalogoko fitxan daudenak.

3.–Diru-laguntza jasotzen dutenek Garraio Zerbitzuari komunikatuko diote, prestakuntza ekintza hasi baino lehenago, ekintza hori non eginen den, bai eta aurreikusten diren egutegia eta ordutegia ere, aurkeztutako eskabidean datu zehatzak ageri ez badira edo aldaketaren bat izan badute, Garraio Zerbitzuak haren garapenaren segimendua egin dezan. Aldaketaren adierazpena VIII. eranskineko ereduaren arabera eginen da, katalogoko fitxan dagoena.

4.–Onuradunak beste diru-laguntza bat eskatu edo jasotzen badu beste edozein administrazio edo entitatetatik jarduera berbererako, haren berri eman behar dio Garraio Zerbitzuari, VI. eranskineko ereduaren arabera, katalogoko fitxan dagoena.

5.–Laguntzen onuradunek irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan gardentasunari buruz ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte, bi baldintza hauek aldi berean gertatzen badira:

a) Emandako diru-laguntzak 20.000 eurotik gorakoak izatea urtean.

b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren urteko negozio-zifraren edo aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Gardentasunari buruzko betebeharrak dituzten onuradunek honako informazio hau komunikatu beharko dute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzaren lanaldi mota gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori guztia telematika bidez aurkeztuko da Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, Garraio Zerbitzuko Kudeaketa Atalari zuzendua, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean.

Entitate onuradunak ez badu gardentasunari buruzko betebeharrik, adierazitako epean, aitorpen bat aurkeztuko du azaltzeko ez duela horrelako betebeharrik, adierazitako inguruabarrak gertatzen ez direlako. Aitorpen hori V. eranskineko ereduaren arabera eginen da, katalogoko fitxan dagoena.

6.–Publizitatean eta informazioa emateko jarduera guztietan, Nafarroako Gobernuaren komunikazioaren arloan indarra duen araudia aplikatuko da. Diruz lagundutako jardueren gaineko dokumentu guztietan, Nafarroako Gobernuaren logotipoa sartu beharko da, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen maiatzaren 3ko 189/2004 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat. Halaber, deialdi honen bidez egiten diren jarduerak jendaurrean zabaltzeko ekintzetan, espresuki adieraziko da Nafarroako Gobernuak parte hartu duela Garapen Ekonomikorako Departamentuaren bitartez.

Bederatzigarrena.–Gastuen justifikazioa eta diru-laguntzaren ordainketa.

1.–2018. urtean egiten diren prestakuntza ekintzetarako diru-laguntzen onuradunek ordainketa-eskaera eta egindako ekintzen gastuen eta diru-sarreren frogagiriak aurkeztu beharko dituzte 2018ko azaroaren 1etik 15era bitarte, biak barne.

Frogagiriak epe horietatik kanpo aurkezteak kasuan kasuko kontzeptuei dagokien diru-laguntza jasotzeko eskubidea galtzea ekarriko du.

Prestakuntza jardunaldietako parte-hartzaileen kopuruak eskainitako postuen %60tik gorakoa izan behar du gutxienez. Hori egiaztatzeko, bertaratzea dokumentu bidez kontrolatzeko sistemak ezarriko dira. Bestela, ez da ekintzarako diru-laguntzarik jasoko.

Ikastaroaren %60n bertaratzen diren ikasleak bakarrik hartuko dira bertaratutzat, eta ez dira inola ere parte-hartzaile gisa kontabilizatuko diru-laguntza eskatzen duten entitateetako langileak, prestakuntza ekintzetara joaten direnean.

Prestakuntza ekintzetarako diru-laguntzak behar den dokumentazioa zuzen aurkeztu eta gero ordainduko dira.

2.–Onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Memoria, jardueraren nondik-norakoei eta aprobetxamenduari buruzkoa:

Egun bat baino gehiago irauten duten prestakuntza ekintzen kasuan, jarduerako irakasleek sinatu beharko dute memoria.

Egun bat baino gutxiago irauten duten prestakuntza ekintzen kasuan, irakasleak nor diren eta haien prestakuntza adieraziko dira.

b) Egindako jardueretako parte-hartzaileei buruzko informazioa. Prestakuntza ekintza guztietan ikastaroetan parte hartu dutenen zerrenda idatziko da, bakoitzaren izena eta nortasun agiri nazionalaren zenbakia adierazita, eta asistentzia orriak, behar bezala sinatuak.

c) Frogatzeko kontua, ondoko hauek bilduko dituena: diru-laguntzari esker finantzatu eta egin diren jardueren aitorpena eta haien kostua, sortutako gastu bakoitza banakatuta.

Gastuak fakturen eta bankuko frogagirien bidez frogatuko dira. Egindako ekintzei zuzen-zuzenean loturiko gastuak baino ez dira aintzat hartuko.

Ekintza entitatearen beraren langileekin egin baldin bada, entitate onuradunak agiri bidez justifikatu beharko du bai parte hartu duten langileen soldata gordinaren kostua bai haiengatik enpresaburuek Gizarte Segurantzari ordaindutako kuota, bankuko frogagiriekin batera.

d) Matrikulengatik izandako diru-sarrerak.

e) Entitate onuradunaren ordezkariaren erantzukizunpeko aitorpena, non adieraziko duen egindako ekintza beste administrazio publikoren batek edo erakunde publiko edo pribatuek edo partikularrek diruz edo bestela lagundu duten, VI. eranskineko ereduaren arabera, katalogoko fitxan dagoena.

f) Entitate onuradunaren ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, azaltzen duena ezen diruz lagundutako jarduerei buruzko agirietan Nafarroako Gobernuaren logotipoa jarri duela, maiatzaren 3ko 189/2004 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat, eta deialdi hau dela-eta garatutako ekintzen zabalkundean berariaz jaso dela Nafarroako Gobernuak parte hartu duela, Garapen Ekonomikorako Departamentuaren bitartez, katalogoko fitxan dagoen VII. eranskineko ereduarekin bat.

g) Ekintza egiteko hornitzaileen kontrataziorako 12.000 euro baino gehiago behar baldin badira, diru-laguntzaren entitate onuradunak erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko du, jarduera egiteko hornitzaileen kontratazioa efizientziaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz egin dela azaltzeko, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

h) Behin onuradunak diruz lagundutako ekintzak justifikatuta, inbertitu gabeko gerakinik egonez gero, organo emaileari eska diezaioke izaera bereko edo antzeko beste jarduera batzuetan erabiltzeko baimena, hau da, oinarri arautzaile hauen arabera diruz lagungarriak diren eta bera egiten ari den beste jarduera batzuetan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28 bis artikuluarekin bat.

Hamargarrena.–Ez-betetzeak.

Deialdi honetan eta legez ezarritako gainerako kasuetan ezarritako baldintzak ez badira betetzen, jasotako diru kopuruak itzuli beharko dira, osorik edo partez.

Gardentasunari buruzko betebeharrak dituzten onuradunek informazioa eman beharra bete ezean, emandako diru-laguntza ez zaie ordainduko, eta, hala bada, kobratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, Diru-laguntzei buruzko Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Gorago xedatutakoa ukatu gabe, arau-hauste eta zehapenetarako, aipatutako foru legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiko zaio.

Hamaikagarrena.–Bateragarritasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak Espainiako edo atzerriko beste administrazio publiko edo erakunde publiko zein pribatu edo partikular batzuek jarduera bera garatzeko ematen dituztenekin batzen ahalko dira.

Hala ere, emandako zenbatekoak, bakarrik edo beste diru-laguntza batzuekin baturik, ez du behin ere gaindituko onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

Hamabigarrena.–Baliabide elektronikoen bidezko komunikazioak.

Eskaeraren aurkezpen telematikoak ekarriko du laguntza hauek emateko prozeduran egiten diren jarduketa guztien komunikazioa eta egintza administratiboak modu telematikoan jakinaraztea eskatzaileen helbide elektroniko gaitura (DEH). Horretarako, eskatzaileak, DEHa izateaz gain, Nafarroako Gobernuak jakinarazpen elektronikorako gaitutako prozeduretan izena emanda egonen dira.

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke DEHa, eta jakinarazpen elektronikorako prozeduretan izena eman. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da.

Hamahirugarrena.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Emandako diru-laguntzak jendaurrean jartzeko, Nafarroako Gobernuko Diru-laguntzen Datu-baseari komunikatuko zaizkio, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Diru-laguntzen Datu Base Nazionalari igortzeko (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), baita Nafarroako Gobernuaren webgune ofizialari ere (http://www.navarra.es). Komunikazioan honako hauek adieraziko dira: deialdia, baliatuko den aurrekontuko kreditua, onuradunak eta onartutako zenbatekoak.

Ematen diren diru-laguntzak, gardentasunari buruzko betebeharraren ondoriozko informazioa eta onuradunen zerrenda Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian argitaratuko dira: www.navarra.es (deialdiaren aipamena).

Gardentasunari buruzko betebeharrak dituzten onuradunen informazioa urtebetez egonen da eskura, argitaratzen denetik hasita, eta 15 hilabete gehienez, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen denetik. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 11.2.a) artikuluan ezarritakoarekin bat, entitate onuradunak eman behar duen informazioan dauden datu pertsonalak jakinarazteko ez da beharrekoa izanen interesdunaren baimena, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian baimentzen baita.

Hamalaugarrena.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, bere oinarrien eta hura aplikatzearen ondorioz emandako egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo errekurritutako egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

II. ERANSKINA

Eskaera.

III. ERANSKINA

Memoriak. Prestakuntza ekintzaren izena.

IV. ERANSKINA

Aurrekontua.

V. ERANSKINA

Gardentasunari buruzko betebeharra.

VI. ERANSKINA

Beste diru-laguntza batzuk jakinaraztea.

VII. ERANSKINA

Jarduera diruz lagunduei buruzko agiriak.

VIII. ERANSKINA

Prestakuntza ekintzaren aldaketa/ordezpena jakinaraztea.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1803802