Iragarkia
65. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 5a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
11E/2018 EBAZPENA, urtarrilaren 23koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Urkilon ikerketa zundaketak kokatu eta sarbideak egiteko (II. fasea), Esteribarko udal-mugartean (Eugi). Sustatzailea Magnesitas Navarra SA da.
2017ko uztailaren 24an, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko O epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.
2017ko urtarrilaren 19an, José María del Río Jiménez jaunaren eta Gloria Cantero Marticorena andrearen eskaera jaso zen, I. faseari zegokion prozeduran interesdun gisa parte hartzeko. Eremu geografiko berean garatuko denez, pentsatu da haien parte-hartzea zundaketa kanpainaren II. fasera ere hedatzen ahal dela. Ondorio horietarako, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 89. artikuluarekin bat, espedientea ebazteko proposamenaren zirriborroa eta horren dokumentazio teknikoa igorri zitzaizkien pertsona horiei 2017ko abenduaren 7an, 15 egun balioduneko epean bidezkotzat jotzen zituzten alegazioak aurkez zitzaten. Jasotako alegazioen laburpena eta haiei eman zaien erantzuna ebazpen honen eranskinean daude.
Proposamenean deskribatutako lanak Eugin kokatzen dira (Esteribar), egun ustiatzen den meategitik hegoaldera, Urkilo izeneko alderdian. Proiektua honakoan datza: bigarren fase bat gauzatzea, hain zuzen ere, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren maiatzaren 25eko 154E/2017 Ebazpenaren bidez ingurumen ondorioetarako baimendutako lehenbiziko fasea osatzeko. Lan horien helburua da egungo meategiaren ingurunean eskura dauden magnesita baliabideen gaineko ezagutza osatzea, ustiategiaren iraupena luzatzeko asmoz.
2017ko uztailaren 24an, proiektuaren hasierako dokumentazioa sartu zen, ingurumen ukipenen azterlana eta lehengoratze plana barne. 2017ko urriaren 11n eta Pirinioaldea Kudeatzeko Atalaren 2017ko urriaren 28ko txostena ikusirik, sustatzaileari eskatu zitzaion alternatiben azterlana egiteko zundaketa hauen sarbideetarako: F2S8, F2S11A, F2S4, F2S7, F2S9 eta F2S3. Errekerimendu horren xedea zen zuhaiztietan, posiblea zen guneetan, eragina murriztea. 2017ko urriaren 31n, eskatutako alternatiben azterlana sartu zen.
Proiektatu diren lanak Natura 2000 Saretik guztiz kanpo daude, eta, zehazki, “Aldude Mendia” Kontserbazio Bereziko Eremutik kanpo. Sei hilabete eta erdiko epea aurreikusi da proiektua gauzatzeko, obren hasieratik, lehengoratze-lana barne. Epe hori luza liteke meteorologia egokia ez bada lanen garapenerako.
Proposatzen da 11 zundaketa egitea guztira, etengabeko lagina errekuperatuz. Haien sakonera 62 metrotik 330 metrora bitartekoa izanen da (2.234 metro lineal, orotara). Honako hauek dira kokalekuen koordenatuak (UTM ETRS89) eta izenak:
ID | UTM X | UTM Y |
F2S1 | 621.315 | 4,761.888 |
F2S2 | 621.397 | 4,761.757 |
F2S3 | 621.452 | 4,761.618 |
F2S4 | 621.470 | 4,761.466 |
F2S5A | 621.677 | 4,761.557 |
F2S6 | 621.787 | 4,761.489 |
F2S7 | 621.536 | 4,761.329 |
F2S7B(*) | 621.542 | 4,761.331 |
F2S8 | 621.721 | 4,761.389 |
F2S9 | 621.553 | 4,761.256 |
F2S10 | 621.771 | 4,761.248 |
F2S11 | 621.835 | 4,761.220 |
F2S11B(*) | 621.831 | 4,761.226 |
(*) Alternatibak aztertu ondoren, ondorioztatu da F2S7 eta F2S11 zundaketek metro batzuetako aldaketa izan dezaketela beren kokapenean (F2S7B eta F2S11B), azkenean erabiltzen den sarbidearen arabera. Nolanahi ere, alternatiba bakarra gauzatuko da zundaketa horietako bakoitzerako. Bi alternatibak bateragarriak dira ingurumenaren aldetik, ebazpen honetan jaso bezala. | ||
F2S1 eta F2S2 zundaketak “El Quinto” izeneko ustiategiaren perimetro baimenduaren barnean daude, belardi bat eta pista bat dauden eremu batean.
F2S3 zundaketarentzat beharrezkoa da 216 metro luze izanen dituen sarbide berria irekitzea 1. fasean gauzatutako Indiano 1 delako kokalekutik aurrera. Aipatu sarbidea belardi batetik igarotzen da nagusiki eta sastrakak eta zuhaizti bat dauzkan eremu txiki bat gurutzatzen du, non ez den beharrezkoa izanen alerik moztea.
F2S4 zundaketarako beharrezkoa da 155 metro luze inguruko sarbidea irekitzea, 1. faseko Boyarre zundaketa ondoko pista batetik abiatuko dena. Hasiera batean planteatu zen baso bat igarotzea, baina aurkeztutako alternatiben azterlanean belardi batetik sartzeko aukera sartu da, eta horrela, horren ertza baizik ez da ukituko.
F2S4 zundaketatik balizko sarbide bat proiektatu da 1. faseko Indiano 2 delako zundaketaraino, zeina egin gabe dagoen udalaren obra-lizentzia ez izateagatik. Sarbide berria iraleku eta sastrakadi batetik egitea planteatzen da.
F2S5A zundaketa aurretik zegoen pista batean dago. F2S6 zundaketa 1. fasean egokitutako Ipermalda delako zundaketara sartzeko pistaren ondoan dago.
Era berean, F2S7 eta F2S9 zundaketetarako sarbide berria irekitzea proiektatu da; 1. faseko Boyarre zundaketaren ondoko bide batetik abiatuko litzateke. F2S7 zundaketaraino, malda moderatuko baso batetik igarotzen da, eta zuhaitzak moztu beharrik gabe jar liteke. F2S7 eta F2S9 zundaketen kasuan, hasiera batean proiektatu zen haien arteko sarbidea malda pikoko eremu harritsu batetik egitea. Gehiegizko lur mugimenduak saihesteko, alternatiben azterlanean beste aukera hau sartu da: F2S9 zundaketara hasierako bidetik sartzea, eta bide horretara ekartzea F2S7 zundaketa (aurrerantzean F2S7B deituko da). Sarbideak bide beretik jarraituko du hegoalderantz, soilguneen eremu batetik igaroz, eta gero mendebalderantz biratuko du F2S9 zundaketaraino. Sarbide honek 197 metro izanen ditu osotara.
F2S8 zundaketari dagokionez, hasiera batean proiektatu zen sastrakadi/iraleku batetik igarotzea, 1. faseko Ipermalda zundaketara sartzeko pistatik abiatuz. Alternatiben azterlanean belardi baten ertzetik sartzeko aukera aurkeztu da, Iruzelai baserriko inguruetatik abiatuz, hain zuzen. 142 metro luze izanen da sarbide hori.
F2S10 zundaketa belardi batean dago, zeinetara 1. faseko Ipermalda zundaketatik sartzen baita. Alternatiben azterlanean aukera ematen da sarbide hori belardiaren hegoaldeko ertzeraino luzatzeko F2S11B zundaketa gauzatze aldera; horren kokapena pixka bat aldatuko litzateke hasiera batean proposatutakoarekin alderatuta (F2S11). Horrela, bi zundaketetara sartzeko bidea 137 metro luze izanen da. Alternatiba horri esker, ingurumenaren gaineko eragina txikiagoa izanen da, eta lehengoratzea, berriz, errazagoa, hasierako sarbidearekin alderatuta, horrek baso/sastrakadi irekian barrena egitea eskatzen baitzuen.
Kokapen bakoitzean 30 m² inguruko plataforma bat eginen da, zunda, zulatzeko materiala eta dekantazio putzua hartzeko modukoa. Zundaketaren parterik handienak 63,5 mm-ko diametroa du. Lurra zein den, zundaketa batzuetan 85 mm-ko diametroarekin has daiteke, eta 47,6 mm-ko diametroarekin bukatu. Aurreikusten da inklinazioa 30º-tik 70º-ra bitartekoa izanen dela bertikalarekiko. Aurreikusten da 20 metro eginen direla egun eta makina bakoitzeko.
Kokalekuan bi idoi txiki paratuko dira, bata ura biltzeko tarteko fase batean, eta bestea hagaxka-koroa sistema hozteko zirkuituko uretako lohien dekantazioa egiteko. Hornidura grabitatea baliatuz eginen da, meategian dagoen ur depositu batetik. Hazbete eta erdiko polietilenozko linea baten bidez eginen da, edo andela-traktorearen bidez, kokaleku bakoitzaren tarteko idoiraino eramanez ura.
Kateen gaineko zundarekin eginen dira lanak. Plataforma mugigarri batean eramanen da zunda kokalekuetaraino, eta kateen bitartez mugituko da zulatzeko puntu batetik bestera.
Atzerakako hondeamakinaz eginen dira pistak eta plataformak, landare estalkiko belar-sastrakak aldez aurretik garbituta. Landare-lurra trazaduraren inguruan pilatuko da, lehengoratze morfologikoa egin ondoren berriz bere lekura itzultzeko.
Berariazko azterlan bat aurkeztu da ukitutako landareei eta habitatei buruz. Ukituko den landaredia, gehien bat, belardiak, iralekuak eta zuhaixka-orlak izanen dira, ondokoek osatutakoak: Corylus avellana, Crataegus monogyna, Sambucus nigra, Rubus ulmifolius, Clematis vitalba, Cornus sanguínea eta Prunus spinosa. Zuhaitz geruzari dagokionez, honakoak ageri dira nagusiki: Fagus sylvatica, Quercus robur, Castanea sativa, Fraxinus excelsior. Sarbideak, partzialki, basoetatik igarotzen direnez, zuhaixka-orla ukituko da nagusiki; ez dago aurreikusia zuhaitz oinak ukitzea, ale isolaturen bat salbu. Azterlanean, ez da katalogatutako flora mehatxatuaren espezierik atzeman ukitutako eremuan.
F2S4 zundaketara sartzeko hasiera batean planteatutako bidearen inguruan, tamaina handiko gorostiak (Ilex aquifolium) atzeman dira, errespetatu eginen direnak. Basoen gaineko eragina ingurumenaren aldetik onargarritzat jotzen bada ere (betiere ingurumen ukipenen azterlanean jasotako baldintzekin), garrantzitsutzat jo da belardietatik igarotzen diren alternatibak gauza daitezela lehentasunez, modu horretan zuhaiztien eremuak ukitzea saihesteko.
Faunari dagokionez, azterlanak baztertzen du okil gibelnabarra (Dendrocopos leucotos lilfordi) edo okil beltza (Dryocopius martius) biltzea ukitutako eremuetan, egur hil ugari duten baso helduak behar baitituzte espezie horiek. Inguruneko pagoen masak oso txikiak dira, egur hil gutxikoak. Ugaltze garaian egindako landa bisitetan, ez da aurkitu edo hauteman aipatutako espezieen presentziaren frogarik. Eremuan, dena dela, intereseko zenbait fauna espezie daude, baina proiektuak ez du eraginik izanen haien gainean.
Paisaiaren gaineko eragina ere eskasa da, oso eremu txikiak baitira, lehengoratzen errazak; lanek, gainera, gutxi iraunen dute eta ez diren apenas ikusiko jende askoko tokietatik.
Proiektuko lehengoratze plana jasota dago dokumentazioan. Honako hauetan eginen dira lehengoratze lanak: ireki beharreko pistan eta egokitze lanak izanen dituzten bideetan, eta zundaketa plataformetan eta dekantazio idoietan. Lan horietan, lurraren morfologia lehengoratu eta landare lurra berreskuratuko da.
Espezie hauek hautatu dira ukitutako eremuan landatzeko: astigar arrunta (Acer campestre), hurritza (Corylus avellana), iparraldeko elorri zuria (Crataegus monogyna) eta basarana (Prunus spinosa). Halaber, belar espezie hauek ereitea aurreikusten da: Poa sp Lollium sp eta Festuca gr rubra.
300 cc-ko baso albeolotan landatuko dira zuhaitzak eta zuhaixkak. Landareen tamaina 20-30 cm-koa izanen da. 1,3 metroko sare batez babestuko dira eta akaziaren zurkaitzak paratuko dira (1,5 metro garaierakoak eta 3 x 3 cm-ko lodierakoak). Zundaketen kanpaina bukatu ondoko 10 eguneko epean eginen dira lehengoratze lanak.
Aurkeztu den dokumentazioak ingurumen balorazio egokia egiten du proiektuaren eremuari buruz, eta berariazko kapituluak jasotzen ditu balizko ukipenen balorazioari buruz.
Hori dela eta, dokumentazioa aztertuta eta Esteribarko Udalaren txostena jaso ondoren, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetu zaizkidan eskumenak erabiliz.
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Urkilon ikerketa zundaketak kokatu eta sarbideak egiteko (II. Fasea) proiekturako, Esteribarko udal-mugartean. Sustatzailea Magnesitas Navarra SA da.
2. Baimenak neurri hauek aplikatzera behartzen du:
–Zundaketak dokumentazio teknikoan aurkeztutako koordenatuetan kokatuko dira, salbu lanen zuinketan gerta daitezkeen zentzuzko desbideraketak. Muntazko arrazoiren bat bada sustatzaileak zundaketaren bat hasieran aurreikusitakotik hurbil beste toki batean kokatzeko, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari adieraziko zaio hura gauzatu aurretik, txostena egiteko eta espedientean sartzeko.
–Neurri hauek hartuko dira eragozpenik ez sortzeko ingurunean habitaturik dauden bordetan:
- Lan guztiak argi orduetan eginen dira.
- Obrek, makinek, lur metaketek eta materialek ez dute trafikoa oztopatuko bordetara edo finka partikularretara ailegatzeko bideetan.
- Sustatzaileak konponduko ditu obrek bideetan egiten dituzten kalte guztiak.
–Edozein lur mugimendu hasi baino lehen, ukitzen den eremuko landare-lurra altxatu eta pilatuko da, oso-osorik erabil dadin lehengoratze-lanean.
–Neurri hauek hartuko dira, lurraren okupazioa eta arbolak botatzea gutxitzeko:
- Zuinketa bidez, argi seinalizatu beharko da pisten okupazioaren zabalera eta egin beharreko sasi-garbiketena, obren ondoko landarediak ez dezan beharrik gabeko ukipenik pairatu.
- Pista berrien trazadura lurraren topografiari egokitua izanen da, malda handiko eta harri askoko tokiak saihestuko dira, lurren mugimendua (ezponda eta lubetak) ahalik eta txikiena izan dadin.
- Neurri orokor gisa, zuhaitzak errespetatuko dira lehentasunez, eta adarrak kimatzea hobetsiko da, zuhaitzak botatzearen aurretik. Tresna egokiaz egin beharko dira kimaketak, ebakiak garbiak izan daitezen eta urraketarik izan ez dadin zuhaitzetan.
–Obrak hasi baino lehen, abisu eman beharko zaio Aezkoa-Kintoko Basozaintzari, beharrezkoak izan daitezkeen mozketak baimentzeko.
–Vianako Printzea instituzioaren aldeko txostena izan behar du proiektuak, historiaren eta kulturaren ondarea ukitzen ez dela baztertzeko.
3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 33.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.
4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen hau Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuari, Esteribarko Udalari, Aezkoa-Kintoko Basozaintzari, sustatzaileari eta interesdunei igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2018ko urtarrilaren 23an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.
ERANSKINA
Interesdunen entzunaldiko tramitean aurkeztutako alegazioak
José María del Río Jiménez jaunak eta Gloria Cantero Marticorena andreak honako hau planteatu dute alegatzaile gisa:
1. alegazioa.
Alegatzailearen iritziz, aurkeztutako dokumentazioak ez du 4/2005 Foru Legeak eskatzen duen edukia. Halaber, beharrezko zehaztasunik ez du, eta ukipenak ez dira behar bezala baloratu, aurreikusitakoak baino handiagoak baitira. Alegatzaileak dionez, ez da aurkeztu deskripzio zehatza duen oinarrizko proiektu bat.
Erantzuna:
Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioak honako hau dakar: jarduketen deskripzio teknikoa, planoak, aurrekontua, aukeren deskripzioa, ingurumen ukipenen azterlana, babesteko eta zuzentzeko neurriak, eta ingurumena zaintzeko programa. Dokumentazio horrek bat egiten du legediak eskatzen duen edukiarekin, zehazki, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 34. artikuluarekin. Artikulu horrek zehazten du “jarduera zehaztasunez deskribatzen duen dokumentu tekniko bat” aurkeztu behar dela, kontuan hartu gabe “memoria” edo “oinarrizko proiektua” deitzen zaion.
Lurzoru urbanizaezineko balioak babesteko dokumentazioari dagokionez, adierazi behar da 93/2006 Foru Dekretuaren 33. artikuluak ezartzen duela “behar denean” aurkeztuko dela. Lurzoru urbanizaezinaren baimenarekin lotutako alderdiak Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak aztertu ditu. Ez da beharrezkoa ikusten dokumentazio osagarririk eranstea, eta adierazi da jarduera baimendua dela. Baimendutako jarduerak eta erabilerak udalaren eskumenekoak izanik, ez da beharrezkoa 35/2002 Foru Lege horren 117. artikuluan lurzoru urbanizaezinerako aurreikusitako jardueraren baimena.
Aurkeztutako dokumentazioaren zehaztasun mailaz bezainbatean, juzgatzen da egokia dela ingurumen ukipenak baloratzeko. Zundaketen kokalekuak UTM koordenatuekin zehaztu da (zehaztasun metrikoa), plataformen azalera 30 m²-ra dago mugatuta eta sarbideak behar bezala zehazturik daude.
2. alegazioa.
Alegatzailearen iritziz, ebazpenak ez ditu ingurumenaren gaineko ukipenak eta zuzenketak baloratzen. Zehazki, erreferentzia egiten zaio jabetza pribatuko zenbait finkaren gaineko ukipenari (alegatzaileenak eta beste jabe batzuenak) eta baloratzen da ez direla ebaluatu ingurumenaren gaineko ukipenak, ez eta alternatibak edo segurtasun neurriak ere. Era berean, jabeek eman beharreko baimenaren beharra nabarmentzen du.
Erantzuna:
Ingurumenaren arloko alderdien balorazio egokiari dagokionez, aurkeztu den dokumentazioaren definizio maila egokia da mota honetako proiektu baterako, lehenengo alegazioari emandako erantzunean jaso den bezala. Ebazpen honen azalpen zatian laburbildu dira ingurumenaren arloko ukipen nagusiak. Halaber, dokumentazioan aurkeztutako lehengoratze planean bermatzen da ukitutako ingurunea modu egokian berreskuratuko dela.
Ukitutako lursailetako jabetza pribatuarekin lotutako alderdiei dagokienez, adierazi behar da ingurumen ukipenetarako baimena ematen duen ebazpen hau abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz soilik ematen dela. Horren bidez, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zen. Ukitutako lursailen jabetza eta jabeen balizko baimena ez dira ebazpen honetan berrikusi beharreko auziak, ingurumenaren arloko ondorioetarako soilik ematen baita ebazpen hau, berez ez delako nahikoa sustatzaileari ukitutako finketara sartzen uzteko. Lursail horietarako sarbidea meatzaritzarako baimenaren tramitean baloratuko da. Hori ingurumen baimenaren ondoren egin behar da.
Pertsonen segurtasunarekin lotura duten gaiak ere ez dira ingurumen ukipenetarako baimen honen xede. Zundaketak egiteko, meatzaritza jardueren segurtasunari eta osasunari buruzko araudia bete behar da, eta gai horretan, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzua da organo eskuduna.
Ebazpen honetan zenbait neurri biltzen dira, eragozpenik ez sortzeko ingurunean habitaturik dauden bordetan. Sustatzaileak nahitaez bete behar ditu neurri horiek, dokumentazio teknikoan horretaz zehazten denaren gainetik.
3. alegazioa.
Alegatu da ebazpenak ez dituela biltzen proiektua gauzatzeko baldintzak, epeak eta 4/2005 Foru Legean jasotako gainerako alderdiak. Jasotako neurriak okerrak eta anbiguoak dira, alegatzailearen ustez. Gainera, adierazi du ez direla jaso lurzoruak urbanizaezintzat hartzeko arrazoiak, ez eta Natura 2000 Sarearen hurbiltasuna ere.
Erantzuna:
Hasierako azalpen zatian nahiz ebazpen honen 2. puntuan argi jasotzen dira proiektua gauzatzeko baldintzak.
Lurzoru urbanizaezinaren baimenaren alderdiei dagokienez, 1. alegazioaren erantzunera jo daiteke.
Aurreikusitako jarduketak Natura 2000 Saretik kanpo eginen dira. Beraz, ez zaie inolako ukipen zuzenik eginen kontserbazio bereziko eremuei. Egin beharreko jarduketen tamaina kontuan harturik, baztertzen da zeharkako ukipenak ere egitea Natura 2000 Sareari.
4. alegazioa.
Berriz ere aipatzen da zenbait zundaketak jabetza pribatuak ukitzen dituztela. Dokumentazioak eskaintzen duen balorazioaren interes publikoa eta proportzionalitatea ez dira nahikoak aipatu ukipena gauzatzeko.
Erantzuna:
2. alegazioari emandako erantzun bera du.
5. alegazioa.
Alegatzailearen iritziz, eskatutako bermea ez da aski balizko kalteen eta lehengoratzearen ordaina izateko.
Erantzuna:
Eskatutako fidantza 33.000 eurokoa izatera pasa da, halako moduz non mantendu egin den 1. faserako zundaketa bakoitzerako ezarritako fidantzaren estimazioa, non, kokalekuen lehengoratzeaz gain, sor litezkeen beste kalte batzuk ere aintzat hartu diren, batez ere sarbideetako pista orokorren zoladuran.
Iragarkiaren kodea: F1801107
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
