65. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

159/2018 EBAZPENA, martxoaren 26koa, Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak emana. Honen bidez, 2018-2019 ikasturtetik aurrera Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Batxilergoko mailetan hezkuntza itun berezien araubidea aplikatzeko arauak ematen dira.

Otsailaren 21eko 112/2014 Ebazpenak onetsiriko deialdiaren babesean Haur Hezkuntzako bigarren ziklorako sinatu ziren hezkuntza itunen indarraldia amaitu da; izan ere, lau urterako sinatu ziren, hots, 2014-2015 ikasturtearen hasieratik 2017-2018 ikasturtea bukatu arte.

Horrez gain, Batxilergoa, Erdi Mailako Heziketa Zikloak eta Gizarte Garantiako Programak irakasten dituzten gizarte ekimeneko ikastetxeen finantzaketa publikoa arautzen duen uztailaren 3ko 11/1998 Foru Legeak honakoa ezarri zuen: “Nafarroako Foru Komunitateko gizarte ekimeneko ikastetxeetan ematen direnean, dagokien hezkuntza itun berezien xede izanen dira, abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuak ezarritako eran”.

Otsailaren 21eko 112/2014 Ebazpenak onetsiriko deialdiaren babesean eta aipatutako legea aplikatuta Batxilergorako sinatu ziren hezkuntza itunen indarraldia amaitu da; izan ere, lau urterako sinatu ziren, hots, 2014-2015 ikasturtearen hasieratik 2017-2018 ikasturtea bukatu arte.

Hori dela eta, 2018-2019 ikasturtetik aurrera Haur Hezkuntzako bigarren zikloan eta Batxilergoan dauden hezkuntza itunak lehen aldiz sinatzea edo lehendik daudenak berritzea zuzenduko duten prozedura arauak onetsi behar dira, baita hurrengo lau ikasturteetan gertatzen ahal diren aldaketak ere.

Horiek horrela, eta abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 3. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2018-2019 ikasturtetik aurrera Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Batxilergoko mailetan hezkuntza itun berezien araubidea aplikatzeko arauak onestea, I. eranskinean jasotako oinarrien arabera.

2. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

4. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Hezkuntza Zuzendaritza Nagusira, Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusira, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura, Ebaluazioaren, Kalitatearen, Prestakuntzaren, Berdintasunaren eta Bizikidetzaren Zerbitzura, Hezkuntzako Teknologien eta Informazio Sistemen Zerbitzura, Eskolatzearen Batzorde Nagusiko buruari eta Ikastetxeen, Finantzaketaren eta Ikasketetarako Laguntzen Atalari, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2018ko martxoaren 26an.–Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia, Nekane Oroz Bretón.

I. ERANSKINA

2018-2019 ikasturtetik aurrera Haur Hezkuntzako bigarren zikloko
eta Batxilergoko mailetan hezkuntza itun berezien araubidea aplikatzeko arauak

1. Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoari eta Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamendua onesten duen abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuari jarraikiz, ikastetxe pribatuek Hezkuntza Departamentuari eskabidea aurkezten ahalko diote hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik aurrera, honako helburu hauetarako:

a) Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta/edo Batxilergoko derrigorrezkoa ez den irakaskuntzarako hezkuntza itun berezia berritzea.

b) Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta/edo Batxilergoko derrigorrezkoa ez den irakaskuntzarako hezkuntza ituna sinatzea lehenengo aldiz.

c) Haur Hezkuntzako bigarren zikloari eta/edo Batxilergoari dagozkien zenbait unitate aldi baterako baimendu zituzten xedapenen babesean sinaturiko hezkuntza itunak luzatzea eta/edo aldatzea.

2. Ebazpen honen arabera berritzen edo sinatzen diren itunek lau urte iraunen dute, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 6. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Dena dela, aurreko c) atalean xedatutakoaren babesean luzatzen edo aldatzen diren hezkuntza itunak 2018-2019 ikasturterako izanen dira, eta ikasturtez ikasturte luzatzen ahalko dira, ikastetxeak lortutako aldi baterako baimena mantentzen duen bitartean.

3. Itundutako unitate kopurua kalkulatzeko irizpideak.

3.1. Haur Hezkuntzako bigarren zikloari buruz ikastetxe bakoitzean itundutako unitate kopurua kalkulatzeko kontuan hartuko diren irizpideak honako hauek izanen dira:

3.1.1. Oro har, Haur Hezkuntzako bigarren zikloari buruz itundutako eskola unitate bakoitzeko ikasleen gehieneko kopurua 25 izanen da, itunen deialdi honi heltzen dioten ikastetxeetarako (132/2010 Errege Dekretuaren 7. artikulua).

Iruñean eta Iruñerrian (Antsoain, Aranguren Ibarra, Atarrabia, Barañain, Beriain, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Eguesibar, Elortzibar, Galar Zendea, Orkoien, Uharte, Zizur Nagusia eta Zizur Zendea) Haur Hezkuntzako bigarren zikloari buruz itundutako unitateek 20 ikasleko batez besteko ratioa izanen dute, gutxienez, itundutako eskola unitate bakoitzeko (416/1992 Foru Dekretuaren 16. artikulua).

Nafarroako Foru Komunitateko gainerako tokietan, hezkuntza maila bererako gutxieneko batez besteko ratioa 17 ikaslekoa izanen da eskola unitate bakoitzeko.

3.1.2. Itun eta Diru-laguntzen Batzordearen iritziz, gizarte eta demografia edo eskola ezaugarri bereziak dituzten populazioei erantzuten dieten ikastetxeetako Haur Hezkuntzako bigarren zikloko unitateak salbuesten ahalko dira unitate bakoitzeko oro har adierazitako ikasleen ratioa errespetatu beharretik, edo adin edo maila ezberdinetako ikasleekin unitateak ituntzen ahalko dira, erabilgarri dauden aurrekontu-izendapenekin bat badatoz.

3.2. Batxilergoari buruz ikastetxe bakoitzean itundutako unitate kopurua kalkulatzeko kontuan hartuko diren irizpideak honako hauek izanen dira:

Oro har, itunen deialdi honi heltzen dioten ikastetxeetarako Batxilergoari buruz itundutako eskola unitate bakoitzeko ikasleen gehieneko kopurua 33 izanen da (otsailaren 23ko 63/2018 Ebazpena).

Batxilergoari buruz itundutako unitateek 26 ikasleko batez besteko ratioa izanen dute, gutxienez, itundutako eskola unitate bakoitzeko (416/1992 Foru Dekretuaren 16. artikulua).

3.3. Bai Haur Hezkuntzako bigarren ziklorako, bai Batxilergorako, delako maila edo gradua osatzen duten kurtsoetako bakoitzerako unitate bat baino gehiago duten ikastetxeetan, ikasturte berean matrikulatuta dauden ikasleen kopurua eskola unitatearen gehieneko edukiera baino handiagoa bada ikastetxeak baimenduta dituen ikaspostuen arabera, talde hori behar bezala banatzen ahalko da, baina ikasketa maila edo graduan ikastetxeak baimenduta dituen ikaspostu eta unitateen edukiera inoiz ere gainditu gabe.

3.4. Eskolatze Batzorde Nagusiak eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak atal honetan xedatutakoa betetzen den begiratuko dute.

4. Sinatzen edo berritzen diren hezkuntza itunak hurrengo lau urteetan aldatzen ahalko dira Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 46. artikuluan aurreikusitako kasuetan. Itunaren aldaketa ofizioz edo parte batek eskatuta eginen da. Lehenbiziko kasuan, interesdunari entzutea eman beharko zaio.

5. Ebazpen honen arauak hezkuntza itunak aldatzeko prozedurei aplikatuko zaizkie.

6. Ebazpen honen babesean sinatzen diren hezkuntza itun bereziak II. eta III. eranskinetan agertzen diren ereduei jarraikiz formalizatuko dira. Eredu horietan alderdi bakoitzaren eskubide eta betebeharrak finkatzen dira, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Itun berezia sinatzen dutenek formalizazio dokumentuan jasotzen diren eskubide eta betebeharrak izanen dituzte, Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen Lege Organikoaren IV. tituluan eta Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduan xedatutakoari jarraikiz.

Hezkuntza Administrazioa beharturik dago ikastetxe itundua sostengatzeko funts publikoak esleitzera, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 12. eta 13. artikuluetan eta, bestela, laugarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz. Aipatu funts horien zenbatekoa Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legean aurreikusitakoaren arabera zehaztuko da.

7. Hezkuntza itunak berritzea edo sinatzea eskatzen ahalko dute behin betiko baimen edo sailkapena duten Haur Hezkuntzako, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako titularrek.

8. Aurreko atalean xedatutakoa hala izanda ere, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren lehenengo xedapen gehigarrian aurreikusitakoarekin bat, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Batxilergoko unitateren baterako aldi baterako baimena duten ikastetxeen titularrek beren ituna berritzeko eskatzen ahalko dute, baldintza hauek betez:

a) Ituna 2018-2019 ikasturterako luzatuko da, ikastetxeak irtenbidea eman behar badie bestela konpondu ez daitezkeen eskolatze premiei.

b) Ituna 2018-2019 ikasturterako sinatuko da, baina luza daiteke, baldin eta ikastetxeak aldi baterako baimenari eusten badio edo behin betiko kalifikazioa edo baimena lortzen badu, edo itun horren luzapena arrazoitu zuten eskolatze beharrek bere horretan segitzen badute.

9. Hezkuntza ituna berritu edo sinatzean, unitate kopurua 2017-2018 ikasturtean ikastetxeak itunduta zuen bera izan daiteke, baita txikiagoa eta handiagoa ere, ebazpen honen hamabigarren eta hamalaugarren atalek aipatzen duten ebaluazioaren ondorioen arabera. Itundutako unitate kopurua ez da izanen behin ere ikastetxearen titularrak eskatutakoa baino handiagoa, ez eta baimendutako unitate kopurua baino handiagoa ere.

Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 7. artikuluari jarraikiz, itundutako hezkuntza mailaren unitate guztiak ukituko ditu itun bereziak.

Ikastetxearen titularrak erabakiko du zenbat unitate dagozkion maila bakoitzari, eta, edonola ere, eskolatutako ikasleek bertan segituko dutela bermatuko da.

Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduak bere 44. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, hezkuntza itun bat berritzeko onespena eman ezean, Administrazioa ados jar daiteke ikastetxearen titularrarekin ituna urtebetez bakarrik luzatzeko.

10. Ebazpen honen IV. eta V. eranskin gisa agertzen diren ereduen arabera, hezkuntza itunak sinatzeko, berritzeko, luzatzeko edo aldatzeko eskabideak Hezkuntza Departamentuaren Erregistroan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan zehaztutako lekuetan aurkeztuko dira. Eskabide horiek Baliabide Ekonomikoen Zerbitzuari zuzenduko zaizkio.

Behar denean, egoki den hezkuntza proiektua aurkeztuko da, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 84.3 artikuluan xedatutakoa betetzen dela frogatzeko.

Hezkuntza itunak sinatu, berritu, luzatu edo aldatzeko eskabideak Ikastetxeen Erregistro Berezian ikastetxe bakoitzaren titular gisa ageri direnek sinatuko dituzte. Titularra pertsona juridiko bat baldin bada, haren legezko ordezkaritza duenak sinatu beharko du eskabidea. Ordezkaritza frogatzeko notario-ahalorde askietsia, horren fotokopia konpultsatua edo “apud acta” ahalorde-agiria erantsi beharko da.

11. Derrigorrezkoa ez den irakaskuntzarako itun berezia lehenengo aldiz sinatu nahi duten ikastetxeek hurrengo dokumentuak erantsiko dizkiote beren eskabideari:

11.1. Azalpen txosten bat, honako hau zehazten duena:

Ikastetxeak nola asetzen dituen eskolatze beharrak, bera dagoen eskualdean, udalerrian edo, hala denean, barrutian dagoen eskariaren arabera.

Ikastetxeko ikasleen baldintza sozioekonomikoen balorazioa.

Hala denean, ikastetxean gauzatzen diren esperientzia pedagogikoen ezaugarriak eta horiek irakaskuntzaren kalitaterako eta hezkuntza sistemarako duten interesa.

Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legean eta hura garatzeko xedapenetan jasotzen diren aurreikuspenen aplikazioaren ondoriozko beharrak.

Ikastetxearen jarduera baloratzea ahalbidetzen duen beste edozein informazio (eskola jarduera osagarriak, eskolaz kanpoko jarduerak, eskola zerbitzuak eta bestelako zirkunstantziak).

11.2. Gizarte Segurantzaren Lurralde Administrazioak eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak edo Zerga Bilketarako Ordezkaritzak luzaturiko ziurtagiri eguneratuak ere aurkeztu beharko dira (edo horren baliokide den beste edozein agiri), ikastetxearen titularra zerga betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan egunean dagoela frogatzeko.

11.3. Ikastetxearen titularra kooperatiba bat bada, hori gidatzen duten estatutuen kopia erantsi beharko da. Ez da beharrezkoa izanen dokumentu hori gehitzea ikastetxea aurretik itundua badago eta kooperatibaren estatutuak aldatu ez badira itunak azkenekoz berritu zirenetik.

Aurretik aipatu diren dokumentuak aurkeztu ezean, hezkuntza itunak ez dira berrituko.

12. Derrigorrezkoa ez den irakaskuntzarako itun berezia berritu edo aldatu nahi duten ikastetxeek honako hauek aurkeztuko dituzte: ebazpen honen hamargarren atalean jasotzen den eskabidea; titularraren aitorpena, frogatzeko ituna eta haren aldaketak onestea ekarri zuten baldintzak betetzen jarraitzen duela ikastetxeak; zerga betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan egunean dagoela adierazteko ziurtagiriak; eta, kasua bada, 11.3 atalean aipatutako estatutuen kopia; eta, kasua bada, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 84.3 artikuluan xedatutakoa betetzen dela frogatzen duen agiria.

Aurretik aipatu diren dokumentuak aurkeztu ezean, hezkuntza itunak ez dira berrituko.

13. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak eskaera egiten duen ikastetxe bakoitzari buruzko txostena prestatuko du, eta bertan hau agertuko da:

a) Ikastetxearen identifikazio-datuak.

b) Zer hezkuntza eskualdetan dagoen, hari buruzko datuak.

c) Izandako esperientzia pedagogikoak.

d) Ikastetxeko eskola jarduera osagarriak, zerbitzuak eta instalazioak.

e) Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legean eta hura garatzeko xedapenetan jasotzen diren aurreikuspenen aplikazioa.

f) Eskabidea egokiro baloratzeko balio duen beste edozein argibide.

g) Txosteneko itun eskabideari buruzko proposamena.

Hori guztia eginen da Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 21. artikuluan ezarritako ondorioetarako.

Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuak, txosten bidez, adieraziko du ea 10. ataleko azken-aurreko paragrafoari jarraikiz aurkeztutako dokumentazioa bat datorren Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 84.3 artikuluan xedatutakoarekin, artikulu horretan aurreikusitako ondorioetarako.

Txosten horiek Baliabide Ekonomikoen Zerbitzura igorriko dira, eskabideak jaso eta hamabost egun balioduneko epean.

14. Baliabide Ekonomikoen Zerbitzuak biltzen dituen datu guztiak igorriko dizkio Itun eta Diru-laguntzen Batzordeari, Batzorde horrek baloratu eta behar den proposamena egin dezan, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 23. artikuluak xedatzen duenaren arabera.

15. Honako hauek osatuko dute Itun eta Diru-laguntzen Batzordea, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 23.3 artikuluaren arabera:

–Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia, batzordeburua izanen dena. Berdinketarik gertatuz gero, kalitateko botoa izanen du.

–Baliabide Ekonomikoen Zerbitzuko zuzendaria.

–Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria.

–Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko zuzendaria.

–Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendaria.

–Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendaria.

–Hezkuntzako Teknologien eta Informazio Sistemen Zerbitzuko zuzendaria.

–Ebaluazioaren, Kalitatearen, Prestakuntzaren, Berdintasunaren eta Bizikidetzaren Zerbitzuko zuzendaria.

–Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak hautaturiko ordezkari bat.

–Gizarte ekimeneko ikastetxeetan ordezkapen handiena duten enpresaburuen elkarteetako hiru ordezkari.

–Gizarte ekimeneko ikastetxeetan ordezkari kopururik handiena duten sindikatuetako bi ordezkari.

–Nafarroako gizarte ekimeneko ikastetxeetan ordezkapen handiena duten ikasleen gurasoen erakundeetako bi ordezkari.

–Hezkuntza Departamentuko idazkari tekniko nagusia, batzordeko idazkaria izanen dena, hitza duela baina botorik ez.

Batzorde horren proposamena bat etorri beharko da aurrekontu-izendapenekin, eta, horren ondorioz, ez du gaindituko aurrekontuko unitateen kopurua.

16. Baliabide Ekonomikoen Zerbitzuak, ikusirik Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren eta Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuaren txostenak, bai eta Itun eta Diru-laguntzen Batzordearen proposamena ere, hezkuntza itunei buruzko ebazpen proposamena emanen du. Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Ezezkoa baldin bada, arrazoiak eman beharko dira.

17. Ikastetxe itunduei finantza kontrola eginen zaie; indarreko xedapenei jarraikiz, Nafarroako Gobernuko Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuko Kontu-hartzailetzari dagokio kontrol hori egitea, edo, kasua bada, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari.

II. ERANSKINA

Haur Hezkuntzako bigarren zikloko ikastetxe pribatu batekin lau urterako hezkuntza ituna formalizatzeko administrazio agiria.

III. ERANSKINA

Batxilergoko ikastetxe pribatu batekin lau urterako hezkuntza itun berezia formalizatzeko administrazio agiria.

IV. ERANSKINA

Eskabide-orria (Nafarroako irakaskuntza pribatuan Haur Hezkuntzako bigarren zikloa ematen duten ikastetxeekin itunak hitzartzeko deialdia. 2018-2019 ikasturtea).

V. ERANSKINA

Eskabide-orria (Nafarroako irakaskuntza pribatuan Batxilergoa ematen duten ikastetxeekin itunak hitzartzeko deialdia. 2018-2019 ikasturtea).

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1804193