2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
OTEITZA
Aldaketa, Herriko jabari publikoaren aprobetxamendu bereziaren tasa arautzen duen ordenantza fiskalean. Behin betiko onespena
Oteitzako Udalak, 2017ko irailaren hogeita batean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Herriko jabari publikoaren aprobetxamendu bereziaren tasa arautzen duen ordenantza fiskaleko aldaketa.
Hasierako onespenaren erabakia 2017ko 191. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 3an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betikoz onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.
ORDENANTZA FISKALA, HERRIKO JABARI PUBLIKOAREN APROBETXAMENDU BEREZIAREN TASA ARAUTZEN DUENA
1. artikulua. Ordenantza honen xedea da udal eremu publikoko zoru, zorupe edo hegalkinetan erabilera pribatibo edo aprobetxamendu berezia egiteko tasa arautzea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 100. eta ondoko artikuluei jarraikiz.
2. artikulua. Tasa honen zerga-egitatea da udal eremu publikoko zoru, zorupe edo hegalkinetan erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziak egitea, gisa honetako aprobetxamendu edo erabilerak eginez:
1) Erabilera publikoko lurrak salgai, material edo gisako muntaduren bidez okupatzea.
2) Eremu publikoan aldamioak eta antzekoak, salmenta automatikorako aparatuak eta gisakoak jartzea.
3) Erabilera publikoko lurretan kokatutako postu, barraka, saltoki, ikuskizun eta atrakzioak, kalez kaleko industriak eta zinema filmaketa.
4) Zoru, zorupe eta hegalkinean hornidura zerbitzuen enpresa edo entitateek egiten dituzten erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziak, zerbitzu horiek interes orokorrekoak direnean edo herritar guztiei edo frankori eragiten dietenean.
5) Idoya kirol klubak egiten duen aprobetxamendu berezia, Iturtxipia udal kiroldegian dagoen futbol zelaiarena.
Bereziki, zerbitzu horien barrenean ur, gas, argindar, telefonia finko eta mugikor eta beste komunikabide moten hornidurak egonen dira, Udalaren jabari publikoa okupatzen duten sare edo antena finkoen bitartez, osorik nahiz partez, ematen badira.
3. artikulua. Tasa honen subjektu pasiboak:
a) Udal lizentzien edo kontzesioen titularrak eta aprobetxamenduaren onurak jasotzen dituzten pertsona natural edo juridikoak.
b) Lizentzia edo kontzesiorik gabe, ordenantza honen xede diren aprobetxamenduetakoren bat egiten dutenak.
c) Aprobetxamenduaz gehiago baliatu gabe toki entitatean haren baja aurkezten ez dutenak.
d) Eremu publikoan ezartzen diren edukiontzi, garabi, aldamio eta abarren kasuan, lizentziaren titularrak edo aprobetxamenduaz baliatzen direnak. Zergadunaren ordezkotzat edukiontzien jabeak eta etxegileak hartuko dira.
e) Tasa horren subjektu pasiboak dira aurreko ataleko hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten zerbitzu enpresak, bai hornidurak egiteko erabiltzen diren sareen titularrak badira, bai, sare horien titularrak izan gabe, sareak erabiltzeko, haietara iristeko edo elkar lotzeko eskubideen titularrak badira. Horri dagokionez, zerbitzu horiek ustiatzen dituzten enpresen artean sartzen dira banaketarako eta merkaturatzeko enpresak.
f) Idoya kirol kluba, futbol zelaiaren erabilera bereziagatik.
4. artikulua. Eremu publikoa okupatzeko tasaren zenbatekoa finkatzeko, aprobetxamenduaren iraupena eta ordenantza honetako xede diren aprobetxamendu bereziek okupatutako eremu publikoaren azalera hartuko da kontuan, ordenantzaren eranskinean xedatzen denari jarraikiz.
Interes orokorreko hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresendako, tasa honen zenbatekoa, hurrengo atalean jorratuko den telefonia mugikorreko kasuan izan ezik, udal mugapearen barnean enpresek urtero lortzen duten fakturazioaren diru-sarrera gordinen %1,5ekoa izanen da, tasa horri lotuta badaude.
Ondorio horietarako, diru-sarrera gordinen artean ez dira sartuko egindako zerbitzuak kargatzen dituzten zeharkako zergak, ezta hirugarrenen kontura kobratutako kontu-sail edo zenbatekoak, tasaren zenbatekoa zehazteko araubide hau aplikatzen zaion entitatearen diru-sarrera berariazkoak ez badira. Orobat, Ekonomia Ministerioaren Energia elektrikoa sortzeko instalazioen administrazio erregistroaren 1. edo 2. ataletan energia sortzeko beharrezko lehengaitzat hartutako instalazioetan (araubide berezi honetan tributatzekoak) erabiltzen diren hornidura zerbitzuen zenbatekoak ez dira fakturazioaren diru-sarreren barnean hartuko.
Hornidurak egiteko kanpoko sareak erabiltzen dituzten enpresek beste enpresa batzuei haien sareak eskuratzeagatik edo haiekin lotzeagatik ordaindu dizkieten zenbatekoak kenduko dituzte beren fakturazioko diru-sarrera gordinetatik. Sare horien titulartasuna duten enpresek kontzeptu horregatik eskuratzen dituzten zenbatekoak sartu beharko dituzte beren fakturazioko diru-sarrera gordinetan.
Telefonia mugikorreko enpresak araubide orokorrari lotuko zaizkio tasa zehazteko, jabari publikoaren erabilera pribatibo edo aprobetxamendu berezia dela eta. Horretarako, erabileratik edo aprobetxamendutik eratorritako onurak merkatuan izanen lukeen balioa hartuko da oinarri, ukitutako ondasunak jabari publikokoak ez balira.
Tasa zehazterakoan, gainera, ondoko irizpide hauek hartuko dira kontuan: aprobetxamenduaren iraupena eta operadore bakoitzari egotz dakiokeen berariazko koefizientea merkatu-kuotaren arabera. Hala, tasa lortuko da merkatuaren balorea iraupenarekin eta operadore bakoitzaren berariazko koefizientearekin biderkatuz.
5. artikulua. Erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakartenean toki erakundearen jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, onuraduna, behar den tasaren ordainketa ukatu gabe, aipatu horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostu osoa ordaintzera beharturik dago, baita aurretik zenbateko hori gordailutako uztera ere.
Kalteak konponezinak badira, suntsitutako ondasunek zenbat balio duten edo kaltetutakoen baliogalera norainokoa den, horrenbeste emanen du ordainetan onuradunak.
6. artikulua. Zerga-egitatea nolakoa den, hona hemen tasaren sortzapena noiz gertatuko den:
a) Zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresendako, tasa urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean sortuko da, eta zergaldia urte naturalekoa izanen da, erabilera pribatiboa hasteko edo uzteko kasuetan izan ezik, urte naturalaren zenbatekoa proportzionalki banatuko baita.
b) Aprobetxamendua onartzen denean edo hasten den une beretik, behar den baimenik gabe ekin bazitzaion.
c) Idoya kirol klubak futbol zelaia erabiltzeagatik 10.000 euroko tasa ordainduko dio Oteitzako Udalari, urte bakoitzeko irailaren lehenengo hamabost egunetan. Tasa hori ordainduko da 15.000 euroko urteko diru-laguntza ordaintzen den bitartean.
7. artikulua. Zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresetan tasa ordaintzera beharturik daudenek hiruhilero aurkeztu beharko dute udal-mugartean erdietsi diru-sarrera gordinen aitorpena, aitzineko hiruhilekoari dagokiona hain zuzen ere.
Aipatu aitorpen horretan tasaren zenbatekoa kalkulatu beharko da, arau honetan ezarritakoaren arabera.
Aitorpena aurkeztearekin batera, dagokien tasaren zenbatekoa ordaindu beharko dute enpresek.
8. artikulua. Udalak behar den lizentziarik edo kontzesiorik eman gabe aprobetxamendua hasten bada, behar den tasa pagatzeak ez ditu egindako aprobetxamenduak legeztatuko eta, beraz, kalte-ordainik eman gabe instalazioak kentzeko agindu daiteke.
9. artikulua. Tasa hau kudeatzeko, toki entitate honek beste entitate batzuekin bat egin ahalko du hitzarmenen bidez, kudeaketa eta likidazioa errazagoak eta arinagoak izan daitezen.
10. artikulua. Udalak saltoki finkoak ezar ditzake azokan. Aprobetxamendu etengabea eskatu nahi dutenek, betiere JEZean alta emanak badira eta saltoki librerik bada, horretarako Udalean bertan emanen zaien eskabidea aurkeztu dezakete, eta horretaz gain 20 euro ordaindu beharko dute, eskabidea tramitatzeko tasa gisa.
Saltoki zehatz baterako merkatari bat baino gehiago izan daiteke eskatzaile, baina ez egun bererako.
Saltoki finko baterako eskabideak urtebeteko iraunaldia izanen du, besterik gabe beste urte baterako luzatuko dena eskatzaileak hura uzteko asmoa agertzen ez badu. Udalak baliorik gabe utz dezake saltoki finkorako eskabidea, eskatzaileak ordenantza hau betetzen ez duela uste badu.
Goizeko 8:30etik aurrera saltoki finkoak baldin badaude dagozkien merkatariek okupatu gabe, libre geldituko dira eta Udala arduratuko da horiek interesdunei esleitzeaz, betiere okupatu nahi diren metroen arabera eta eskaeren ordenari jarraikiz.
Saltoki finkoa esleitua duten merkatariek aldian behin agertu beharko dute, hau da, gehienez ere seihileko batean 4 aldiz egin dezakete huts, bestela, saltoki finkoa galduko dute.
Saltoki finkoaren aprobetxamenduaren tasa egunero sortuko da.
11. artikulua. 1. Iruzurtzat hartuko da behar den baimenik gabe aprobetxamendua edo erabilera hastea.
2. Bestelako arau-hausteei dagokienez eta zehapenekin ikusteko duten afera orotan, ordenantza fiskal orokorrak xedatutakoari jarraituko zaio. Toki entitateak, agindu bidez, lizentzia edo baimenik gabeko instalazioak eremu publikotik ken ditzake udal biltegietara eramateko, eta instalazio hori desmuntatu, garraiatu, biltegira eraman eta egin behar den beste edozergatik sortutako gastuak jabearen kargu geldituko dira.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenbizikoa.–Xedatzen ez den orotan, honako hauek aplikatuko dira: Ordenantza fiskal orokorra; Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea; martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legea, martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aldatzen duena, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, tasei, prezio publikoei eta enbargaezintasunari buruzko gaiei dagokienez.
Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.
Oteitzan, 2017ko irailaren 20an.–Alkatea, Tirso Salvatierra Martínez de Eulate.
ERANSKINA
Eremu publikoko eta herri-lurretako zoruko aprobetxamendu berezien tasak arautzen dituen ordenantzako zenbatekoak
1.–Azoka txikiak:
- 5 m² bitarte, horiek barne: 2,10 euro egunean, saltoki bakoitzeko.
- 5etik 10 m² bitarte, horiek barne: 4,20 euro egunean, saltoki bakoitzeko.
- 10 m²-tik goiti: 6,30 euro egunean, saltoki bakoitzeko.
2.–Postuak, barrakak, jolasak eta antzekoak:
- 0,30 euro metro karratu eta egun bakoitzagatik.
3.–Txurro dendak eta gisakoak:
- 0,60 euro metro karratu eta egun bakoitzagatik.
4.–Galtzada obretarako okupatzea:
a) Trafikoa galarazten ez denean:
- Aurrekontua gehienez ere 12.000 eurokoa: 0,60 euro egunean.
- 12.000,01 eurotik 60.100 eurora bitarte: 0,75 euro egunean.
- 60.100,01 eurotik goiti: 0,90 euro egunean.
b) Trafikoa galarazita:
- %100eko errekargua, arestiko tarifen gainean.
5.–Salmenta automatikorako aparatuak eta antzekoak:
6.–Futbol zelaiaren aprobetxamendu berezia, Idoya kirol klubak egiten duena.
- 10.000 euro urtean, Iturtxipia udal kiroldegian dagoen futbol zelaiaren erabilera bereziagatik.
Iragarkiaren kodea: L1802916