64. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2017ko urriaren 25ean hartua, Lezáungo udalerriaren izena aldatzea onesten duena. Hemendik aurrera “Lezaun” izanen da.

Ikusi da Lezáungo Udalak Nafarroako Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusian aurkeztu duen eskaera, zeinaren bidez Nafarroako Gobernuari eskatu baitio udalerri horren izena aldatu eta “Lezaun” izena emateko onespenaren tramitazioa egin dezala.

Aurrekariak:

Lezáungo Udalak Nafarroako Gobernuari igorri dio udal horretako izen ofiziala aldatzeko eta “Lezaun” izena emateko tramitatutako espediente administratiboa.

Aipatu espedientean honako hauek ageri dira: Lezáungo Kudeaketa Batzordeak 2017ko martxoaren 20ko bilkuran hartutako erabakia, izen aldaketa hori hasiera batean eta aho batez onetsi eta jendaurrean jarri zuena hilabeterako (2017ko 74. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 18koan), zeinaren aurka ez baitago alegaziorik, eta batzorde horrek berak 2017ko ekainaren 22ko bilkuran emandako behin betiko onespena.

Zuzenbideko oinarriak:

Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 22. artikuluak hauxe dio: “Udalerrien izenak aldatzeko udalek hartutako erabakia beharko da, aurretik, gutxienez hilabete bateko informazio publikoa egonda. Udal erabakia Foru Komunitateko Administrazioari igorri beharko zaio, Nafarroako Gobernuak onespena eman diezaion, eta hau emandakotzat hartuko da hilabete baten barnean ebazpenik ematen ez bada”.

Kasu honetan, izena aldatzeko udalak egindako eskaera 2017ko uztailaren 19koa da.

2017ko abuztuaren 16an, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 22.1 d) artikuluan ezarritakoarekin bat, toki entitateari jakinarazi zitzaion zegokion epea eteten zela Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak txostena bidali arte. Txosten hori 2017ko urriaren 4an sartu zen Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusian.

Txosten horretan ondorioztatzen da “Lezaun” euskal jatorriko toponimo bat dela, tradiziozkoa eta ezberdina, gaztelaniaz, bere grafia aplikatuz, Lezáun gisa eman dena.

Horri dagokionez, kontuan hartu behar da Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren jurisprudentzia arlo honetan, bereziki 2003ko ekainaren 30ean eta 2012ko urriaren 29an emandako epaiak, onartzen baitute eremu mistoko zenbait entitatek eskubidea dutela, euskal toponimoa dutenean, bakarrik euskal grafia erabiltzeko, eta hau horrelako kasu bat da.

Horrenbestez, bidezkoa da organo eskudunak, hots, Nafarroako Gobernuak, izena aldatzeko onespena ematea.

Nafarroako Gobernuak onetsi ondoren, Estatuko Administrazio Orokorrari igorriko zaio, Toki Entitateen Erregistroan inskriba dezan, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Toki Entitateen Erregistroan inskribatuko da.

Azkenik, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 23. artikuluan honako hau xedatzen da: “udalen izen aldaketek ofizialtasuna lortzeko ezinbestekoa da Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 14. artikuluak aipaturiko erregistroan jasotzea eta Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematea.” Hortaz, bidezkoa da onetsitako izen aldaketa aldizkari ofizial horietan argitaratzea.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposatuta,

ERABAKI DU:

1. Lezáungo Udalak eskatutako izen aldaketa onestea. Hemendik aurrera “Lezaun” izanen da udalerri hori.

2. Izena aldatzeko erabaki hau Estatuko Administrazio Orokorrari igortzea, Administrazio Publikoetako Ministerioaren Toki Entitateen Erregistroan inskriba dezan, eta, halaber, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Nafarroako Toki Entitateen Erregistroan inskribatzea.

3. Erregistro horietan inskribatu ondoren, Estatuko eta Nafarroako aldizkari ofizialetan argitaratzea.

4. Erabaki hau Lezaungo Udalari jakinaraztea.

Iruñean, 2017ko urriaren 25ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1804171