64. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

22E/2018 EBAZPENA, martxoaren 16koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita gizarte-erantzukizuna sustatzeko 2018ko diru-laguntzen deialdia.

Nafarroako espezializazio adimentsuaren estrategiak (S3) 14. erronka du bere baitan (Enpresa kudeaketarako kultura berria), hots: enpresa kultura ireki eta gardena garatzea, partaidetza bidezko lidergoaren eta kudeaketa-bikaintasunaren bitartez, halako lan harremanen esparru bat sortzeko zeina oinarrituko baita enpresen eta enpresak osatzen dituzten pertsonen dimentsio sozialean, zeinak berekin ekarriko baititu balioa, konfiantza eta elkarrengananko konpromisoa.

Nafarroako Gobernuak, 2008. urtetik, halako kudeaketa sistema bat garatu du non jaso baita, besteak beste, Nafarroako enpresen kudeaketan gizarte-erantzukizuna ezartzeko metodologia (InnovaRSE) baten aplikazioa. Ekintza hau 2009. urtetik lagundu da diruz.

Nafarroako Gobernuak gizarte-erantzukizuna sustatzen du, eta horretarako enpresentzako laguntzak deitzen ditu, beren estrategietan gizarte-erantzukizuna sar dezatela errazteko.

Nafarroako Gobernuak, 2018ko otsailaren 28an hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zuen diru-laguntza hauek banakako ebaluazioko araubidean tramita zitezen, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedaturikoarekin bat.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Gizarte-erantzukizuna sustatzeko diru-laguntzen 2018ko deialdia onestea.

2. Diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Ebazpen honen ondoriozko konpromisoak betetzeko 70.000 euroko gastua baimentzea, 2018ko gastuen aurrekontuetako 810012 81500 4709 494112 partidaren kargura.

Baimendutako gastutik, hauek dira diruz laguntzen ahal den jarduketa bakoitzerako diru kopuruak: 31.500 euro, diagnostikoak egiteko; 22.500 euro, jarduketa planetarako; 3.850 euro, jasangarritasun txostenetarako; eta 12.150 euro, hobekuntza zikloetarako. Jarduketa baten eskaera guztiei erantzun ondoren, dirua soberan gelditzen bada, beste jarduketetako bat finantzatzeko erabiltzen ahalko da, horiek aurkeztu diren ordenan.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2018ko martxoaren 16an.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Nafarroako enpresetan gizarte-erantzukizuna bultzatzeko xedea dute laguntza hauek, “InnovaRSE” metodologiaren araberako diagnostikoak, jarduketa planak, jasangarritasun txostenak eta hobekuntza zikloak prestatuz.

Enpresaren estrategiako kezka sozialak, lanekoak, ingurumenekoak eta giza eskubideekiko errespetuzkoak beren interes-taldeetan nahita txertatzeari esaten zaio gizarte-erantzukizuna; horrela, beren ekintzek sortzen dituzten ondorio eta eraginez arduratzen dira. Legeria aplikagarria eta hitzarmen kolektiboak errespetatzea aldez aurreko baldintza da erantzukizun hori betetzeko.

“InnovaRSE” metodologiak enpresen gizarte-erantzukizuna esaldi batzuetan laburbiltzen du, gai horretan kontuan hartu beharreko alderdi nagusiak zehatz-mehatz deskribatuz. Guztira 30 esaldi dira: 10 esaldi, aztertzen diren dimentsio bakoitzeko (ekonomikoa, ingurumenekoa eta gizartekoa).

Aurtengo deialdiak, aurreko urteetakoek egin bezala, berdintasun arloan egun dauden kezka sozialak enpresetan txertatzen dituzten jarduketak sustatuko ditu bereziki, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren “Berdintasuna enpresen gizarte-erantzukizuna” izeneko VII. tituluarekin bat.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Honako beharkizunak betetzen dituzten enpresak izaten ahalko dira diru-laguntzen onuradunak:

a) Laneko zentro bat Nafarroan izatea, gutxienez 5 langile kontratatuta dituena eskaera aurkezten denean.

b) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala behar bada, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan xedatuarekin bat (2013ko 94. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 20koa).

c) Deialdi hau argitaratu aurreko hiru urtean zehapenik jaso ez izana Langileen Estatutuak edo aplikatzen den kolektiboak ezarritako berdintasun planen arloko betebeharrak ez betetzeagatik edo enpresak hartutako erabakiengatik, sexuarengatik edo orientazio sexualarengatik edo sexu jazarpenagatik zuzeneko edo zeharkako bereizkeria egiteagatik.

d) Ebazpen irmo baten bidez zehapenik jaso ez izana laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan falta larri bat edo bi falta larri baino gehiago egiteagatik, deialdia argitaratu aurreko bi urteetan.

e) Ingurumen arloan neurri zuzentzaileak eskatzen dituen zehapen irmorik jaso ez izana aurreko bi urteetan, eskaerak aurkezteko epearen azken egunetik hasita, edo zehapen organoaren txosten baten arabera neurri horiek gauzatu ez izana edo aplikatzeko egutegia bete ez izana.

f) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko adierazitako debekuetako bat bakarra ere ez urratzea.

Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela frogatzeko, diru-laguntza eskatzeak berekin dakar departamentu honi baimena ematea inguruabar hori ziurtatzen duten datuak kontsultatzeko, diru-laguntza ebazten duen proposamena egiten denean.

2. a), b) eta f) letretako baldintzak betetzen direla frogatzeko, eskaeran datorren erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da. Gainerako beharkizunak ofizioz egiaztatuko dira.

3. Ezin izanen dira onuradun izan Espainiako Gobernuaren Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Erakunde Publikoen Inbentarioko zerrendako entitate publikoak, ezta 4. oinarriarekin bat akreditatutako pertsonak bere baitan dituzten aholkularitza enpresak ere.

3. oinarria.–Diruz laguntzen ahal diren jarduketak eta laguntzaren zenbatekoa.

1.–Hurrengo jarduketak aholkulari gisa baimendutako pertsonekin egitea da diru-laguntzaren xedea:

1.1. Diagnostikoak: enpresei ahalbidetzen diete gizarte-erantzukizunari dagokionez beren egoera identifikatzea, hiru dekalogoetako (ingurumenekoa, ekonomikoa eta gizartekoa) esaldi bakoitza aztertuz. Horri esker, jarraitu beharreko bideak planteatuko dira, enpresaren politikan gizarte-erantzukizunaren printzipioak ezartzeko.

Emakumeen eta gizonen artean lan arloko edonolako diskriminazioa galarazteko jarduketak baloratzearren, gizarte arloko dekalogoaren 4. esaldian (genero berdintasunari lotutako alderdiak aztertzen dituena), aztertu beharko da neurri hauetako zein ari diren aplikatzen:

a) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun plan bat prestatu eta aplikatzea 250 langiletik beherako enpresetan.

b) Beren langileekin tratu eta aukera berdintasunaren politiken aplikazioan nabarmentzeagatik aitortza edo bereizgarriren bat lortu izatea (esate baterako, Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioaren “Berdintasuna enpresan” deituriko bereizgarria edo NEEZEren “Reconcilia” zigilua, eta abar).

c) Bizitza pertsonaleko, laneko eta familiako eginkizunak batera eramateko neurriak aplikatzea.

1.2. Jarduketa planak: aldez aurreko diagnostikotik abiatuta, enpresaren gizarte-erantzukizuna hobetzeko garatu beharreko ekintzak zehazten dituzte. Laguntza hauek eskuratzeko, aholkulari baimendu batek egindako gizarte-erantzukizunari buruzko diagnostikoa dutela frogatu beharko dute enpresek.

Jarduketa planek 1.1. atalean adierazitako neurriren bat, gutxienez ere, jaso beharko dute.

1.3. Jasangarritasun txostenak: tresna bat dira jarduketa plana egin duten enpresentzat, plan hori gauzatu dutela erakusteko. Txosten horretan sartzen dira erakundeak garapen jasangarriarekin lotuta egiten duen jardueraren neurketa, zabalkundea eta kontu ematea barne eta kanpoko interes-taldeen aurrean.

250 langiletik beherako enpresa baten txostenean argi gelditzen denean berdintasun plan bat prestatu eta aplikatu dela edo NEEZEren “Reconcilia” zigilua lortu eta/edo mantendu dela azken hiru urteetan, laguntza 500 eurokoa izanen da, 3. ataleko taulan adierazten den bezala.

1.4. Hobekuntza zikloak: jasangarritasun txostena egina duten enpresentzat; haietan beste diagnostiko bat egiten da, lortutakoa eta egiteko dauden zereginak berrikusten dituena, bai eta beste jarduketa plan bat ere, non proposatzen baitira hobetu beharreko beste eremu batzuk, helburuak eta hartu beharreko neurriak.

Jarduketa plan berriek 1.1. atalean zehaztutako jarduketaren bat, gutxienez ere, jaso beharko dute.

2.–Gainera, diruz laguntzen ahal diren jarduketek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Gobernuaren “InnovaRSE” metodologiaren araberakoak izan behar dute.

b) Laguntza eskatzen den egunaren eta 2018ko irailaren 14aren artean egin behar dira. Ondorio horietarako, egindako gastutzat jotzen da egun hori baino lehenago fakturatu eta ordaindu dena.

c) Enpresako, jarduketa bakarrerako emanen da diru-laguntza.

d) Aholkulariak laneko denbora bat frogatu beharko du, 25 ordukoa gutxienez, diagnostiko bakoitzeko; 50 ordu, jarduketa plan bakoitzeko; 15 ordu, jasangarritasun txosten bakoitzeko; eta 60 ordu, hobekuntza ziklo bakoitzeko.

3.–Laguntzek honako zenbateko hauek izanen dituzte:

JARDUKETA

FASEAREN
KOSTUA

DIRU-LAGUNTZAREN ZENBATEKOA

1.1. Diagnostikoa

1.125 euro

1.125 euro

1.2. Jarduketa plana

2.250 euro

1.125 euro

1.3. Jasangarritasun txostena

675 euro

250,500 euro*

1.4. Hobekuntza zikloa

2.700 euro

1.350 euro

(*) Enpresa batek 250 langiletik behera badu eta berdintasun plan bat aplikatu badu edo NEEZEren “Reconcilia” zigilua lortu eta/edo mantendu badu azken hiru urteetan, 500 euroko diru-laguntza lortuko du.

4. oinarria.–Aholkulariak akreditatzea.

1. Lan Zerbitzuak aholkulari gisa akreditatutako pertsonen zerrenda bat prestatuko du, diru-laguntza jaso dezaketen jarduketak egiteko. Akreditaturik egoteko, baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Enpresentzako kontsulta edo aholku lanetan edo enpresa kudeaketan hiru urteko esperientzia izatea.

b) Kontsulta eta aholku lanetara emana den enpresa edo entitate batean jardutea, enpresak helbidea Nafarroan izanik.

c) Lan Zerbitzuak ematen duen prestakuntzan parte hartzea. Prestakuntza horrek bi saio izanen ditu: lehenbiziko saioa izanen da lehenbiziko aldiz inskribatu eta, beraz, InnovaRSE metodologiaren ezarpenean esperientziarik ez dutenei zuzendutakoa, eta bigarren saioa homologatuta egon nahi duten pertsonei zuzendutakoa: nahitaez parte hartu beharko dute.

2. Baimen hori eskuratu nahi dutenek 7 egun naturaleko epea izanen dute eskaera bidaltzeko, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, honako helbide honetara: responsabilidadsocial@navarra.es. Eskaerak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.navarra.es) zerbitzuen katalogoan (laguntzaren fitxan) dagoen ereduaren araberakoa izan behar du.

3. Aholkulari gisa akreditatutako pertsonen zerrenda aipatutako Interneteko helbidean argitaratuko da, enpresek aukeratu dezaten norekin egin nahi dituzten jarduketa diruz lagungarriak.

5. oinarria.–Eskaerak aurkeztea.

1. Apirilaren 24an hasiko da eskaerak aurkezteko epea, 08:00etan, eta 2018ko maiatzaren 11n bukatuko da.

2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.navarra.es) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, eta telematikoki eta aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak. Horrenbestez, aurkeztutzat jotzen ez direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

3. Laguntzen fitxan eskura daitezkeen ereduen araberakoa izanen dira eskaerarekin batera aurkeztu behar diren agiriak. Hain zuzen ere, ondoko agiriak. Dokumentazioa eskaneaturik aurkeztuko da, dokumentu bereizietan, bakoitza bere izenarekin identifikatuta:

a) Enpresako zuzendaritzaren konpromisoa, diruz lagundutako jarduketak abian jartzekoa, laguntzaren fitxan eskura daitekeen ereduaren araberakoa.

b) 3.3 oinarrian aipatutako laguntzaren gehienekoa jaso nahi duten enpresek agiri hauetako bat aurkeztu beharko dute:

i. Berdintasunerako plana.

ii. NEEZEren ziurtagiria, jasotzen duena zer egunetan lortu zen “Reconcilia” zigilua, eta eskaeraren egunean indarrean dela dioena, hala 3.1.3 oinarriko baldintzak betez.

4. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Lan Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio hala egin ezean eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Eskatutako dokumentazioa ez aurkeztea ezin da inondik inora zuzendu.

6. oinarria.–Diru-laguntza ematea.

1. Diru-laguntza hauek banakako ebaluazioaren araubidean emanen dira. Hori dela eta, 3. oinarrian ezarritako irizpideekin bat ebaluatuko dira eskaerak eta ebaluazio horren emaitzaren araberakoa izanen da diru-laguntza.

Eskaerak zein hurrenkeratan aurkezten diren, horren arabera tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean. Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

2. Lan Zerbitzuak eskaerak ebaluatuko ditu eta ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari; horretan agerraraziko da onuradunek laguntzak jasotzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela.

Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da diru-laguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea 3 hilabetekoa izanen da gehienez ere, eskaera aurkezten den egunetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

7. oinarria.–Justifikazioa eta diru-laguntzaren ordainketa.

1. Diruz lagundutako jarduketa gauzaturik, 2018ko irailaren 21a arteko epea, egun hori barne, izanen dute onuradunek 5. oinarrian adierazitako moduan dokumentazio hau bide telematikoan aurkezteko:

a) Justifikazioko inprimakia, laguntzen fitxan eskuratzen ahal dena.

b) Diagnostikoaren, jarduketa planaren, diruz lagundutako jasangarritasun txostenaren edo hobekuntza zikloaren ale bana, euskarri digitalean. Dokumentu horiek hizkera ez-sexistan idatzi beharko dira.

c) Diagnostikoa egin duten enpresek aurkeztu beharko dute InnovaRSE zigilua erabili izanaren dokumentua, behar bezala beteta.

d) Aholkulariaren faktura eta ordainketa frogatzen duen dokumentua. Bi dokumentuak diru-laguntzaren eskatzailearen izenean egonen dira.

Onartutako diru-laguntzaren %100 kobratzeko, zenbateko hau izanen du, gutxienez, fakturak: 3.3 oinarrian adierazitako “Fasearen kostuaren” guztirako zenbatekoa gehi egoki den BEZa. Faktura “Fasearen kostua” baino txikiagoa baldin bada, araberan murriztuko da diru-laguntzaren ordainketa.

2. Lan Zerbitzuak frogagiriak aztertuko ditu eta ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari, eta txosten bat erantsiko dio, onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak betetzen dituztela frogatzeko; besteak beste, gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu izatea.

3. Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak ordaintzeko ebazpena emanen du hiru hilabeteko epean frogagiria aurkezten denetik.

8. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan arautua, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa.

Onuradunak ez badu betetzen gardentasunari buruz informatzeko betebehar hori, ez da ordainduko onartutako diru-laguntza.

b) Diruz lagundutako jarduera egin eta justifikatzea aurreko oinarrian ezarritako moduan.

c) Behar izatera, Lan Zerbitzuari komunikatzea diru-laguntzari uko egiten diotela eta uko egitearen arrazoiak azaltzea.

d) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

9. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera eta eman beharreko dokumentazio guztia telematikaren bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.navarra.es) zerbitzuen katalogoan dagoen laguntzen fitxaren bidez.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduran egiten diren jarduketa guztien komunikazioak enpresa eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez eginen dira.

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, entitate eskatzaileen helbide elektroniko gaitua lortzen den helbide berean.

10. oinarria.–Diru-laguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, nazionalek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste diru-laguntza batzuekin.

11. oinarria.–“De minimis” laguntzak.

Deialdi honetako diru-laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako “de minimis” laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak aitortu beharko dituzte eskabide-orrian.

12. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Lan Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Diru-laguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Deialdi honen emaitzak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren laguntzen fitxan ere argitaratuko dira (www.navarra.es).

13. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik zenbatuta.

Iragarkiaren kodea: F1803851