63. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

74E/2018 EBAZPENA, urtarrilaren 24koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Ingurumen baimen integratua ematen duena Zizurko udal-mugartean dagoen ijezketa metalikoen gaineko plastikozko estaldurak egiteko instalazio baterako. Titularra Recubrimientos Plásticos SA da.

Instalazio hori funtzionamenduan dago gaur egun, eta jarduera sailkatuko udal lizentziaren araubidearen menpe dago. Irekitzeko eta jarduteko behar diren udal lizentziak ditu, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean xedatutakoa betez.

Egiten den jarduera bobina formatua duten gainazal metalikoak estaltzea da, coil-coating jarraituko sistemaren bidez eta PVCzko lamina mehe bat eta/edo pintura-geruza fin bat (hainbat kolore eta akaberatan) erabilita. Estaltzeko prozesu honetan pinturetan eta itsasgarrietan dauden disolbatzaile organikoak erabiltzen dira.

Ikusi da azken urte hauetan disolbatzaile organikoen kontsumoak pixkanaka-pixkanaka gora egin duela instalazio honetan. Hortaz, disolbatzaileak kudeatzeko 2015eko eta 2016ko planen arabera, urtean 200 tonatik gorako kontsumo-muga gainditzen da.

Horrek agerian jartzen du ezen, ekoizpen mailak aldatzen ahal dituzten unean uneko gaiez gainera, gaur egungo instalazioak duen ekoizteko gehieneko ahalmen nominalak aukera ematen duela disolbatzaile organikoen kontsumo-muga hori gainditzeko.

Ondorioz, instalazio hau Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 2A eranskineko 7. epigrafean jasota dago; beraz, Ingurumen baimen integratuaren araubidearen mende dago. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Halaber, instalazio hau abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren I. eranskineko 10.1 epigrafean dago sartua, baita Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industriako emisioei buruz (kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuak) emandako azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauaren I. eranskineko 6.7 epigrafean ere (testu bategina). Horren ondorioz, Ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe dago.

Industria establezimendua ez dago irailaren 21eko 840/2015 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan sartuta. Dekretu horrek istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen, substantzia arriskutsuak tarteko diren kasuetarako.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) 12.1.f) artikuluan xedatutakoarekin bat, berrikusi egin dira substantzia arriskutsu garrantzitsuen erabilera, ekoizpena eta emisioa, eta lurzorua eta lurpeko urak kutsatzeko arriskua baloratu, eta erabaki da, ingurune horiek kutsatzeko aukera handirik ez dagoenez, ez dela beharrezkoa oinarrizko txosten bat egitea egungo kokapenari buruz, lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadurari dagokionez.

Baimen honek lurgaineko uretan zeharka isurtzeko baimena dakar, Ur Jabari Publikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikuluaren aplikazioan eskatutakoa.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 5. artikuluan xedatutakoarekin bat, baimen honek barne hartzen du atmosferara emisioak egiteko baimena, Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13. artikulua aplikatuta eskatzen dena; izan ere, artikulu horretan ezartzen denez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoko A edo B taldeetako jardueraren bat egiten duten instalazioek autonomia erkidegoaren administrazio baimena izan beharko dute aurretik.

Espedientea Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduan ezarritakoari jarraikiz tramitatu da. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Espedientea jendaurrean egon da hogeita hamar egunez, eta ez da alegazio bakarrik ere aurkeztu.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzuteko tramitean egon da hamabost egunez, eta ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu aipatu epean.

Horrenbestez, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.g) artikuluan aurreikusitakoarekin bat,

EBATZI DUT:

Lehendabizikoa.–Ingurumen baimen integratua ematea Zizurko udal-mugartean dagoen ijezketa metalikoen gaineko plastikozko estaldurak egiteko instalazioari. Instalazioaren titularra Recubrimientos Plásticos SA da. Instalazioak eta jarduerak berak Ingurumen baimen integratuari buruzko proiektuan eta espediente administratiboaren gainerako agirietan aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte, eta, edozein kasutan, ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintza eta neurriak.

Bigarrena.–Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroan hondakin arriskutsuen ekoizle gisa zentroak duen inskripzioa mantentzea, 15P01076009542005 zenbakiarekin, eta hondakin ez-arriskutsuen ekoizle gisa inskribatzea, 15P03076009542017 zenbakiarekin. Ekoizten ahal dituen hondakinak ebazpen honen III. eranskinean jasotakoak dira. Hondakinen ekoizpenean egiten den edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, aipatutako erregistroan sartzeko.

Hirugarrena.–Hondakin urak ur jabari publikora botatzeko baimena gehitzea, Ur Jabari Publikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena, uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Uren Legearen Testu Bateginaren hamargarren xedapen gehigarriarekin bat. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da zer isurketa egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak bost urteko indarraldia du, eta, une oro eskatzen ahal diren kalitate arauak eta ingurumen helburuak betetzen diren bitartean, besterik gabe berrituko da bost urtetik bost urtera.

Laugarrena.–Atmosferara emisioak egiteko baimena ematea, zeina jasota baitago Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13. artikuluan, bat etorriz Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 5. artikuluan xedatutakoarekin. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da instalazioak zer emisio egiten ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta epe hori igarotakoan, berritzeko aukera izanen da iraupen bereko epeetarako. Atmosferara egiten diren emisioetan izandako edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio.

Bosgarrena.–Baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu zuzendaritza nagusi honek, arau hauetan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzen denean: Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikulua eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen Testu Bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) 26. artikulua.

Seigarrena.–Halaber, zuzendaritza nagusi honek Ingurumen baimen integratuko baldintzak berrikusten ahalko ditu, eta, behar denean, egokitu, baldin eta eskura dauden aurrerapen teknikoek ahalbidetzen badute emisioak nabarmen murriztea, eta, betiere, jarduera nagusiaren gainean eskura dauden hobekuntza teknikoei buruzko ondorioak argitaratu eta gehienez ere lau urtera, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen Testu Bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) 26. artikuluarekin bat.

Zazpigarrena.–Instalazioa edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 24. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Zortzigarrena.–Titularrak prozedura administratiboan aurkeztu duen dokumentazioa ikusirik, betetzat jotzen da martxan jartzeko erantzukizunpeko adierazpena aurkezteko tramitea, urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuak Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legea garatzeko onetsitako Erregelamenduaren 12. artikuluan eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan aurreikusia.

Bederatzigarrena.–2018ko maiatzaren 1a baino lehenago, titularrak programa bat aurkeztu beharko du non azalduko baititu lurzorura eta lurpeko uretara irits daitezkeen emisio kutsagarriak –bereziki instalazioan dauden substantzia arriskutsuak– ekiditeko aurreikusi dituen neurriak mantentzeko eta aldian behin gainbegiratzeko jarduketak, hori guztia instalazioak ongi funtzionatzen duela segurtatzeko.

Hamargarrena.–Titularrak jarduketa plan bat aurkeztu beharko du 2018ko maiatzaren 1a baino lehen; hartan, ingurumenean eragina izan dezaketen ohiz kanpoko ustiatze baldintzak gertatzen direnean zer neurri hartuko diren deskribatuko da.

Hamaikagarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen Testu Bategina onesten duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu.

Hamabigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamahirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Hamalaugarrena.–Ebazpen hau Recubrimientos Plásticos SAri, Zizurko Udalari, Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zerbitzuari eta Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko urtarrilaren 24an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F1801282