63. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

9E/2018 EBAZPENA, urtarrilaren 18koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena proiektu honetarako: "Lodosako ubidearen eskuin ertzean bide bat irekitzea, 17,120 k.p.tik 18,540 k.p.ra eta 57,283 k.p.tik 60,040 k.p.ra, Castejongo eta Tuterako udal-mugarteetan". Sustatzailea Ebroko Konfederazio Hidrografikoa da.

2017ko otsailaren 27an, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko D) epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Ebroko Konfederazio Hidrografikoak planteatzen du zerbitzu bide berri bat egitea Lodosako ubidearen eskuin ertzean, zeinak, Nafarroan egiten duen tartean, hots, Castejón eta Tutera artean, 2,5 km-ko luzera eta 2-3 metroko zabalera izanen duen. Proiektua gauzatu ahal izateko, ubideak ertz horretan daukan zortasun-eremua (5-6 metrokoa) belar-sastrakaz garbituko da, eskuin aldeko hormaren gailurraren ondoko kutxak hondeatuko dira eta bide berria sendotuko da. Areka azken 360 metroetan baizik ez da gauzatuko. Zortasun-zerrenda horretan landaredi espontaneoa hazten da (sasiak, lezkak eta ailantoa) eta zuhaitzak ere badira han-hemenka (fruta-arbolak eta makal beltzak). Badirudi horrek ubideari berari eragin diezaiokeela, horregatik, jarduketa hau planteatu zenean, helburu bikoitzarekin egin zen: Lodosako ubidearen mantentze-lanak erraztea eta landaredi hori zabaltzea saihestea.

Bide berriak, bere abiapuntuan, bi abelbiderekin egiten du bat: Barca Vieja iraganbidearekin eta La Malacena adarrarekin.

Obrak intereseko edo katalogatutako basa faunako espezieen ugaltze-
aldi kritikoetatik kanpo gauzatuko dira.

Proiektuaren eremuan, nagusiki, alor landuak, ureztalurrak eta lehorreko laborantza daude. Hiri inguruko eremu andeatu bat da, Castejongo eta Alfaroko mugatik Tuterako ipar-mendebaldeko ureztalurretara zabaltzen dena. Kenduko den landare-zerrenda, balio botaniko eskasekoa izanik ere, elementu lineala da Nafarroako eremu honetako paisaian, eta basa faunako espezie batzuentzako (tartean intereseko edo katalogatutako espezieak daudelarik) babeslekua, ugaltze-tokia, bizi-eremua eta konektagarritasunerako gunea ere bada. Ubidearen ertz horietan makal beltzen eta almendrondoen aleak daude, batzuk tamaina handikoak eta oso bereziak, eta paisaiaren eta ingurumenaren aldetik balio handikoak, faunarentzat bereziki, harraparien habiak aurkitu baitira horietan. Azken tartea lubaki batetik igarotzen da, non, andeatutako lurzoruan, larre naturalak dauden, bai eta lehengoratzen ari diren ezkaidiak eta albitz-belardiak ere, eta belardiak eta lezkak dauzkaten hezeguneak, tamarizen aleak (baten bat eite ederrekoa) eta 5 metroko adaburua daukan legeltxor bat. Azken tarte honen zati bat sartua dago “Ebro ibaia” izeneko kontserbazio bereziko eremuan.

Proposatu da belar-sastrakak garbitzearen ondoriozko soberakinak bi tokitan uztea: Lodosako ubidearen hormigoizko tarte abandonatu batean, andeatua dagoen lur-erauzketaren tartearekiko paraleloa dena, eta Castejongo 4. poligonoko 123. eta 124. lurzatietan kokatutako obra-
hondakindegian.

Txostena eskatu zaie Castejongo eta Tuterako udalei. Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak jakitera eman duenez, aldez aurretik zegoen azpiegitura baten ustiaketari lotutako proiektua denez, jarduera onartua da Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onetsi duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuaren 110.2.e artikuluan ezarritakoarekin bat.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak aldeko txostena eman du proposamenari buruz eta zenbait neurri ezarri ditu, sustatzaileak proposatutakoak sendotzen dituztenak.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honetarako: "Lodosako ubidearen eskuin ertzean bide bat irekitzea, 17,120 k.p.tik 18,540 k.p.ra eta 57,283 k.p.tik 60,040 k.p.ra, Castejongo eta Tuterako udal-mugarteetan". Sustatzailea Ebroko Konfederazio Hidrografikoa da.

2. Baimen honek espedientean sartutako neurri zuzentzaileak aplikatzera behartzen du, bereziki hauek:

–Bide berriak gurutzatuko dituen abelbideen ukipenei dagokienez, aintzat hartuko da etorkizunean horiek mugarriztatzeko aukera badagoela, eta horrek bideak bi puntu horietan dauzkan bi tarte txikiak uki ditzakeela.

–Kabailoi bat eginen da, birlandareztatzeko egokiak diren lurrekin, Lodosako ubidearen eskuin ertzean okupatutako lurren mugan. Lodosako ubidearen plataformaren geruzak kentzetik ateratako haziak eta hondarrak izanen dituzte, kendutako landare-zerrenda berreskuratu ahal izateko, eta planteatzen da, gerora, lur-erauzketa berriren bateko tarteren batean ereiteko beharra baloratzea.

–Ezin izanen dira 58+900 eta 59+430 k.p.en arteko makal beltzak moztu edo ukitu, haien berezitasuna, tamaina eta ingurumenaren eta paisaiaren aldetik duten balioagatik eta faunak erabiltzen dituelako. Kontuan hartuta ubidetik 2,5 metro baino gutxiagora daudela, eta ubidearen desjabetzea 5 metrokoa dela, sustatzaileak ondoko alternatiba hauek baloratzen ahalko ditu tarte horretarako ale horiek moztearen ordez.

–Gaur egun dauden almendrondoen 5 aleetatik 4 gordeko dira, tamaina handiena dutenak hain zuzen; ubidearen eta zuhaitzen arteko bidea birplanteatuko da, eta horretarako, basozaintza- edo lorezaintza-lanetan adituak diren langileek beharrezkoak diren adarrak moztuko dituzte.

–59+700 k.p.tik aurrerako tarteari dagokionez, sendotu beharreko plataformaren hondeaketaren lehenengo lur geruza gorde eta lubaki tarteko lur-erauzketen ondorioz andeatutako ondoko eremuan zabalduko da. Bidea ezin izanen da azken metroetan gauzatu 59+950 k.p.tik aurrera, hots, “Ebro ibaia” izeneko kontserbazio bereziko eremuaren barnean, lursailak ez okupatzeko.

–Makal beltzen tartea babesteari eta beste zuhaitz edo zuhaixka batzuen aleak (tamarizak, olibondoak, legeltxorrak eta almendrondoak) mozteari dagokionez, Basozaintzari (12. barrutia, Tuterakoa) jakinaraziko zaio mezu elektroniko baten bitartez (ogfotude12@cfnavarra.es) ebazpen honetako baldintzak betetzen direla gainbegira dezan.

–Proiektua gauzatzean sasi-garbitzetik eta lurrak ateratzetik soberan geratutako materialak (8.160 m³-ko bolumena aurreikusten da), lehenik eta behin, aurreko puntuan proposatutako kabailoia egitera bideratuko dira
(1 eta 3 metro arteko zabalera eta, gutxi gorabehera, metro bateko altuera izanen duena); hori lur-erauzketak eta lurraren drainatzea egiten diren tarteetan etenen da. Gainerakoa gaur egun erabiltzen ez den ubidearen tarte zahar bat (150 metrokoa) zaharberritzeko erabiliko da, jarraibide hauekin bat:

  • Abandonatutako ubidearen ertzeko zuhaitzen aleak babestuko dira (almendrondoak, tamarizak, etab.), tamaina handiena dutenak. Horretarako, horiek ukitzea saihestuko da sasi-garbitzetik ateratako materialak ekartzeko eta zabaltzeko jarduerak gauzatzean.
  • Egindako kalkuluen arabera, 54 m³/ml, aipatu materialen ekarpenak abandonatutako ubidearen tartea lehengoratzeko balio beharko du. Ezin bada erabat lehengoratu, ubidea betez joanen da kotarik altueneraino azken tartetik eta soberan dauden lurrak agortu arte.
  • Materialen ekarpena egin aurretik, lehengoratu beharreko tartearen ertzetako hondarrak kenduko dira eta ertz horietako lur multzoak edo kabailoiak ubidera botako dira.
  • Gero, hain egokiak ez diren lurren ekarpena eginen da; ubidearen ibilguaren barneko aldean utziko dira eta, azken geruza gisa, landare-
    lurra eta sasi-garbitzetik sortutako landare hondarrak jarriko dira, ingurunea modu naturalean berriz landareztatu dadin.
  • Gomendatzen da betetzen diren lurren azken profilak sekzio triangeluar irekia izatea, areka moduko bat defini dezan ubidearen aldeetako batean hezetasuna biltzeko eta inguruneko zuhaixkak eta zuhaitzak hazteko.
  • Obraren ondorioz sortutako hondeaketa-lurren bolumena lehengoratze honetarako beharrezkoa dena baino handiagoa bada, eta sustatzailearen asmoa bada horiek Castejongo 4. poligonoko 123. eta 124. lurzatietan zabaltzea, proposamen bat aurkeztu beharko du lurzati horietan jarduera horretarako egokitu daitekeen eremu zehatzari buruz, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak txostena edo ingurumenaren arloko baimena emateko.

–Obra bukatzean eta 2018ko martxoa baino lehen, proiektuaren lehengoratze plana aurkeztuko da Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan, barnean sartuta kabailoiaren definizioa, ereintzak, landaketak eta abar, neurketak, planoak eta gauzatzeko egutegia.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Tuterako eta Castejongo udalei, Basozaintzari (12. barrutia, Tutera) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko urtarrilaren 18an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1801106