Iragarkia
63. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 3a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ATARRABIA
Animaliak edukitzea eta babestea arautzen duen ordenantza.
Behin betiko onespena
Atarrabiako Udalak, 2017ko urriaren 31n egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Animaliak edukitzea eta babestea arautzen duen Atarrabiako ordenantza.
Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, jendaurrean egoteko epea ireki zen, abenduaren 14an 238. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutako iragarkiaren bidez. Epea bukatu ondoren, Atarrabiako Udalak, 2018ko otsailaren 27an egin osoko bilkuran, aurkeztutako alegazioak ebatzi zituen eta behin betiko onetsi zuen aipatutako ordenantza hori; orain testu osoa ematen da argitara.
Atarrabian, 2018ko martxoaren 13an.–Alkatea, Mikel Oteiza Iza.
Ordenantza, animaliak edukitzea
eta babestea arautzen duena
I. KAPITULUA
Xedea, aplikazio eremua eta xedapen orokorrak
1. artikulua. 1. Ordenantza honen xedea da arautzea Atarrabian animaliak arduraz edukitzea, eta udalerri osoan aplikatuko da. Ordenantzak bi helburu ditu: alde batetik, pertsonen osasuna eta segurtasuna zaintzea, eta, bestetik, animaliak babestea, kontuan hartuta haien laguntasuna oso garrantzitsua dela pertsona askorentzat, eta, bereziki, pertsonen eta etxeko animalien arteko harremanak.
2. Titulu honen helburuak dira animalien babes eta ongizate mailarik handiena lortzea, animaliak arduraz eduki daitezen bermatzea, animalien galera eta abandonuak ahalik eta gehien murriztea, herritarren partaidetza bultzatzea animalien babes eta zainketan, eta pertsonen osasuna, lasaitasuna eta segurtasuna babestea.
3. Ordenantza honen bi helburu horiek bete daitezen, ezinbestekoa da animalien jabeen laguntza; izan ere, animalia bat hartzea erabakitzen dutenek argi izan behar dute beren gain hartzen duten erantzukizuna. Beharrezkoa da pertsona horiek elkarbizitza errazteko konpromisoa hartzea, bereziki arraza edo tamaina dela-eta arriskutsuak izan daitezkeen animaliak direnean.
4. Udal mailako xedapen hau honako hauetan dago oinarriturik bereziki: Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legea; Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legea, eta hura garatzeko martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretua, bai eta osasunaren, segurtasunaren eta ingurumenaren arloetan indarrean den eta aplika daitekeen araudian ezarritakoa ere.
Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan aplikatuko da Nafarroako Foru Komunitatean indarra duen arlo horretako legeria. Animalien Ongizateari buruzko araudia, edo animaliak edukitzeari eta babesteari buruz aplika daitekeen beste edozein araudi.
2. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako arauek aipatzen dituzten animaliak honako hauek dira, helburu ohikoenen arabera sailkatuta:
–Etxeko animaliak.
–Lagun egiteko animaliak: zakur arrazak, katuenak, zenbait hegazti.
–Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak
–Laguntza berezia ematen duten animaliak: gida-zakurrak eta obra eta enpresak zaintzen dituztenak.
–Akuarioko eta terrariumeko animaliak.
–Lehiaketetan edo bestelako txapelketetan erabiltzen diren animaliak.
–Aisialdi jardueretan edo ikuskizunetan erabiltzen diren animaliak eta zirko jardueretarako hezitako animaliak.
–Bertako espezieetako animalia basatiak.
–Bertako espezieetakoak ez diren animalia basatiak (Espainiaz kanpokoak).
3. artikulua. Erregelamendu honetan jasotako arauditik kanpo geratzen dira lanerako edo haragitarako animaliak, bai eta larrua edo gizakiarentzat erabilgarria den bestelako produktuak lortzeko erabiltzen direnak ere, horiei beste araudi batzuk aplikatzen baitzaizkie. Hala ere, horren salbuespena izanen da ordenantza honen 6. artikuluan xedatua.
4. artikulua. Halaber, erregelamendu honetatik kanpo geratuko dira esperimentaziorako erabiltzen diren animaliak, beste lege batzuk aplikatzen baitzaizkie.
II. KAPITULUA
Arau orokorrak
5. artikulua. 1. Etxebizitzetan lagun egiteko animaliak eduki ahal izateko, beharrezkoa izanen da etxeko baldintza higieniko-sanitarioak egokiak izatea, bai eta auzokideentzat, gainerako pertsonentzat edota animaliarentzat berarentzat arriskutsua edo deserosoa izan daitekeen egoerarik ez sortzea ere.
2. Argi patioak eta balkoiak ezin izanen dira lagun egiteko animalien ohiko bizitoki izan, ez eta 6 m²-tik beherako espazioak ere.
3. Debeku da animaliak aireztatze edo argi gabeko tokietan izatea, ezta muturreko baldintza klimatikoetan ere. Animalien gorotzak eta pixak egunero garbitu behar dira, eta bizitokiak garbi eta behar bezala desinfektatuta eduki behar dira.
Zakurren bizitegi gisa gaitutako instalazioen kontrolak eginen dira aldizka, baldintza higieniko-sanitarioei eta espazioari buruzko arauak zorroztasunez betetzen direla egiaztatzeko.
4. Udal teknikariek ezarriko dute etxebizitza bakoitzeko baimendutako gehieneko animalia kopurua, etxean erabilgarri dagoen tokia, baldintza higieniko-sanitarioak eta auzokideei eragin ahal zaizkien arazoak kontuan hartuta.
5. Lagun egiteko animaliak, gida-zakurrak salbu, ez dira igogailuetan egonen beste pertsona batzuek erabiltzen dituztenean, salbu eta haiek animaliekin batera sartzea onartzen badute. Eremu komunetan animaliak lotuta eraman beharko dira eta animalia arriskutsuen kasuan, muturrekoa eraman beharko dute.
6. artikulua. Etxeko kontsumorako hegaztiak, untxiak edo antzeko animaliak etxebizitza partikularretako terraza edo patioetan hazi ahal izateko baldintza izanen da bizitokiaren egoerak, instalazioen egokitasunak eta animalia kopuruak horretarako bidea ematea, bai alderdi higieniko-sanitarioari bai herritarrentzat enbarazurik edo arriskurik ez eragiteari dagokienez.
7. artikulua. Etxebizitzetan animalia basatiak edukitzeko, indarrean den araudia betetzeaz gain, Udalaren berariazko baimena beharko da, betiere ondoko baldintzak betez gero:
Bertako espezieetakoak ez diren animaliak: Espainiak berretsitako nazioarteko itunek baimendutako espezieetako animaliak dituzten jabeek egiaztatu beharko dute animalien jatorria legezkoa dela. Ez da inolaz ere baimenduko hozka edo zizta egitearen ondorioz pozoidura eragin dezaketen animaliak edukitzea, ezta alarma sozial arrazoizkoa eragiten dutenak ere.
Bertako espezieetako animaliak: debeku da halako animaliak izatea Animaliak Babesteko Legeak babesten baditu edo alarma sozial arrazoizkoa eragiten badute.
8. artikulua. Debeku da animaliei jaten ematea kalean eta/edo eremu publikoetan, bereziki katuei eta usoei, eragin ditzaketen osasun arazoengatik.
9. artikulua. 1. Obrak eta enpresak zaintzeko erabiltzen diren zakurrek haien jabeen edo arduradunen zaintzapean egon beharko dute, eta horiek eduki beharko dituzte halako moduz non herritarrei ezin dieten kalterik eragin. Behar diren neurriak hartuko dira zakurra ez dadin eremutik atera. Bestalde, behar bezala ohartarazi beharko da, seinaleen bidez, eremua zakur batek zainduta dagoela. Animalia horiek behar bezala erregistratuak eta txertatuak egon beharko dute, eta jabeek ziurtatu beharko dute haien elikadura, hidratazioa, babeslekua eta albaitariaren kontrola, beharrezkoa denean. Obra amaitu ondoren, zakurrak kendu eginen dituzte, komenigarritzat jotzen badute. Edozein kasutan, derrigorrezkoa izanen da Udalari jakinaraztea zakurrak jartzen direnean, baita kentzen direnean ere.
2. Zaintzarako zakurrak eta oro har, loturik edo eremu txikian edukitzen diren animaliak, ezin dira etengabe eduki egoera horretan. Jabetzak aterpedun babeslekua edo aire zabaletik babesteko etxola segurtatu beharko die. Babeslekuaren egiturak ez du izanen animalia zauritu dezakeen materialik, behar bezala aireztatua egon beharko du eta beti garbi eta egoera onean mantendu beharko da.
10. artikulua. 1. Animalien jabeek eta edukitzaileek utzi beharko diete udal agintaritzako agenteei eta/edo osasun arloko ikuskariei beharrezkoak diren bisitak egiten, ikuskapenak egin eta aurreko paragrafoetan zehazten diren baldintzak betetzen direla egiazta dezaten. Betiere aplikatu beharko dira udal agintaritzak ezarritako neurri higieniko-sanitarioak.
2. Udal agintaritzak animaliak kentzeko eskatu ahalko du, higiene eta osasun egoera txarrean daudela uste badu, arrisku fisiko edo sanitariorik sortzen badute herritarrendako edo beste animalientzako, edo auzokoei behin eta berriz traba egiten badiete, betiere udal agintaritzak hori horrela dela frogatzen ahal badu.
III. KAPITULUA
Animaliak eremu publikoan eta establezimendu publikoetan
11. artikulua. Udal-mugarte osoan, hiri-lurzoruan (eremu publikoak eta parkeak) eta lurzoru urbanizaezinean (Arga eta Ultzama ibaiertzak eta Ezkaba mendia barne), salbu eta animaliak solte ibiltzeko gaitutako espazioetan, zakurrak lotuta eramanen dira, katea eta lepokoa edo arnesa dutela edo heltzeko bestelako sistemaren bat. Animalia arriskutsu edo oldarkorren kasuan, uhala katea izanen da edo erresistentzia handiko beste material batekoa, eta ez da bi metro baino luzeagoa izanen; gainera, muturrekoa eraman beharko dute.
Udalak, ahal den neurrian, baliabideak eta eremuak prestatuko ditu, zakurrak aske ibili eta jolastu ahal izateko.
12. artikulua. Animaliak ibilgailuetan.
1. Etxeko animaliak garraio publikoetan eramateari dagokionez, indarrean dauden xedapenak beteko dira, bai eta Nafarroako Foru Komunitateak eta kasu bakoitzean eskumena duten agintariek ematen dituztenak ere.
2. Gida-zakurrek ez dute zirkulazio mugarik izanen, betiere jabearekin ibiliz gero eta ordenantza honetan ezarritako baldintza higieniko, sanitario eta segurtasunekoak betetzen badira.
3. Une oro animalia horiek uhalarekin lotuta joanen dira eta haien arduradunak animaliarendako muturrekoa eduki beharko du, jartzea eskatzen bazaio ere.
4. Debeku da lagun egiteko animaliak aparkatutako ibilgailuetan 4 ordu baino gehiago edukitzea, eta haiek ezin dute inolaz ere animalien bizileku izan. Udaberrian, udan eta udazkenean, barruan lagun egiteko animaliaren bat duten ibilgailuak itzalean aparkatu beharko dira, eta denbora guztian aireztatuta egon beharko dute eta hidratatuta. Udal agintaritzak arrisku egoeraren bat ikusten badu, esku hartu ahalko du animaliaren ongizatea bermatzeko eta eragindako kalte materialen erantzukizunetik salbuetsita egonen da.
13. artikulua. 1. Berariaz debekaturik dago etxeko animaliak sartzea elikagaiak ekoiztu, bildu, garraiatu, saldu edo maneiatzen diren era guztietako lokaletan, baita lokal horietan egotea ere.
2. Salbuespen gisa, etxeko animaliak jatetxe, taberna, kafetegi eta antzekoetan sartzea edo egotea jabeen esku egonen da; beharrezkoa izanen da, baina, animaliek higiene eta osasun aldetik itxura egokia izatea. Inoiz ere ez dira sartuko sukaldera edo barraren atzealdera. Gainera, lotuta egonen dira eta, arriskutsuak badira, muturrekoa izan beharko dute.
3. Debekatua dago animaliak zuhaitz, farola edo eremu publikoko bestelako elementuetara lotuta uztea 15 minutu baino gehiago, traba edo arriskua eragiten badie pertsonei edo animaliari berari. Herritarren segurtasunaren arloan eskumena duen agintaritzak esanen du horietako kasuren baten aurrean gauden.
4. Debeku da zakurrak eta bestelako animaliak ibiltzea igerileku publikoetan, ikuskizun publikoak edota kirol eta kultura ikuskizunak eskaintzen diren lokaletan eta eskola eremuetan, bai eta horietan egotea ere, baimenduetako kasuetan izan ezik.
5. Animaliak egotea debekatua dagoen establezimendu edo lokalen jabeek debekua adierazten duen seinalea jarri beharko dute lokalaren sarreran, ongi ikusteko tokian.
6. Artikulu honetan ezarritako debekuetatik salbuetsita daude pertsona itsuei laguntzen dieten gida-zakurrak.
14. artikulua. 1. Debeku da lagun egiteko animalien edo etxeko animalien gorozkiak uztea eremu publikoetan. Horrenbestez, animalien jabeek gorozkiak jasotzeko poltsak eraman, poltsak itxi eta udal agintariek espresuki horrexetarako jarritako lekuetan utzi beharko dituzte edo, halakorik ezean, zaborrontzi egokietan edo paperontzietan. Elementu horietako bat ere ez badago, besterik ezean, beren etxera eraman eta etxeko zakarrontzian bota beharko dute. Gorozkiak dituen poltsa lurrean uztea ez jasotzea bezala ulertuko da.
2. Era berean, debeku da animaliek pixa egitea iragazkorrak ez diren eremuetan, esaterako, espaloiak, atariak, etab., eta animalia daramanaren erantzukizuna izanen da hura garbitzea. Bereizi egin beharko da pixa egitea animaliarenak diren beste portaera batzuetatik, hala nola markaketatik.
3. Debeku da animaliak eremu publikoan, iturrietan eta aintziretan garbitzea, bai eta iturri publikoetatik ura edaten uztea, horretarako txorrotak fisikoki ukitzen badituzte. Ereduen aniztasuna kontuan hartuz, animaliaren erantzuleak kasu bakoitzean beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu.
4. Debeku da animaliak orraztearen ondoriozko hondarrak uztea eremu publikoan, parkeetan edo lorategietan, eta jabea behartua egonen da ile hondarrak jasotzera eta udalerriko zaborrontzi eta edukiontzietara botatzera.
5. Espresuki debekatzen da animaliak udalerriko plaza eta parkeetako haurren jolastokietara sartzea.
IV. KAPITULUA
Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko berariazko arauak
15. artikulua. Definizioa.
Abenduaren 23ko 50/1999 Legearen 2.2 artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, honako hauek dira arriskutsuak izan daitezkeen animaliak:
a) Ordenantza honetako I. eranskineko zerrendan agertzen diren arrazetako animaliak.
b) Ordenantza honetako II. eranskineko ezaugarrietako guztiak edo gehienak dituztenak.
c) Pertsonei edo beste animalia batzuei zauriak eragin dizkietenak, osasun arloko agintariek horren berri badute, edo izaera bereziki oldarkorra agertzen dutenak.
d) Eranskinean agertzen diren arraza garbiko zakurrak edota animalien gurutzatzeetatik sortutakoak.
Udal agintaritzak, beharrezkotzat jotzen badu, aldatu eta/edo zabaldu ahalko du aipatu eranskinean agertzen den zerrenda, kasu edo egoera zehatzetan eta aldaketa eragin duen egoera aldatzen ez den bitartean.
1. 1. eta 2. eranskinetan agertzen diren arrazetako zakurrak edo arriskutsuak izan daitezkeen bestelakoak eduki nahi dituzten pertsonek Udalean administrazio lizentzia eskatu beharko dute (irailaren 23ko 50/1999 Legearekin bat). Udalak lizentzia emanen du, ondoko baldintzak betetzen direla egiaztatu ondotik:
–Adinez nagusia izatea eta animalia zaintzeko ezgaitua ez izatea.
–Ez izatea inoiz kondenatua honako delitu hauetakoren batengatik: homizidioa, torturak, askatasunaren edo osotasun moralaren aurkakoak, sexu askatasunaren eta osasun publikoaren aurkakoak, edo zilegi ez den elkartea. Ildo beretik, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko arauteriaren aurkako arau-haustea egiteagatik zehatua ez izatea.
–Gaitasun psikologikoaren ziurtagiria.
–Frogatzea erantzukizun zibileko aseguru bat egin izana, animaliek hirugarrenei eragiten ahal dizkieten kalteengatik, erregelamenduz ezartzen den gutxieneko estaldura duena eta animaliak pertsonei edo beste animalia batzuei eragiten ahal dizkien kalteengatiko ordaina estaltzen duena.
–Egiaztatzea animalia inskribatuta dagoela arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistroan.
2. Ordenantza honek indarra hartzen duenean I. eta II. eranskinetan agertzen diren arrazetako animaliaren bat duten pertsonek eta behar den baimenik ez dutenek, gehienez ere hiru hilabeteko epean tramitatu beharko dute.
3. Haien izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta bereziki arriskutsuak izan daitezkeen zakur guztiak gehienez ere bi metroko luzera duen katez edo erresistentzia handiko uhalez lotuta eta muturrekoarekin ibili beharko dute beti eremu publikoetan eta sartzea libre duten establezimenduetan, osasun arloko arrazoiak, segurtasunekoak eta elkarbizitzarekin zerikusia dutenak tarteko.
4. Adingabeek, horditurik dauden pertsonek edota gaitasun psikofisikoak aldatuta dituztenek ezin izanen dituzte halako animaliak eraman.
5. Arestian ezarritakoa ez betetzeagatik ezar daitezkeen zehapenez gain, udal agintzaritzaren agenteek edota Alkatetzak horretarako gaitutako pertsonek animalia zuhurtziaz ibilgetu eta Udalak erabakitako zakurtegira eraman ahalko dute. Zakurra han geratuko da jabeak muturrekoa jarri eta eraman arte, gehienez 10 egunean salaketa egin zen egunetik hasita. Zakurrak zakurtegian eragindako gastuak jabearen kontura izanen dira.
Jabea ez bada zakurraren bila joaten ezarritako epean, animalia abandonatuta dagoela ulertuko da eta hil ahalko da.
6. Txakur horiek hartuko dituzten instalazioek segurtasun neurri egokiak izan beharko dituzte; zehazki, hesiak behar bezain garaiak eta sendoak izanen dira, eta ondo finkatuta egonen dira, animaliaren pisua eta presioa jasateko. Instalazioetako ateek inguruaren gainerakoa bezain sendoak eta eraginkorrak izan beharko dute, eta haien diseinuaren bidez saihestu beharko da animaliek segurtasun mekanismoak erauzi edo ireki ahal izatea.
7. Udalak tasa bat finkatuko du urtero arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeagatik, zeina ordaindu beharko baitute halako animalien jabe diren pertsonek.
Tasaren xedea izanen da irailaren 23ko 50/1999 Legean aurreikusitako administrazio lizentzia emateari buruzko udal jarduera, arriskutsuak izan daitezkeen beste animalia batzuk edukitzeari buruzkoa. Lizentzia horrek 5 urteko indarraldia izanen du.
8. Araudi hori aplikatuko zaie animalia basatiak edukitzeari, etxeko edo lagun egiteko animalia gisa edukiz gero, eta animaliek pertsonei nahiz beste animalia batzuei lesioak eragin edo heriotza eman ahal badiete, edo ondasunei kalte egin, erasokorrak izan ala ez.
V. KAPITULUA
Lagun egiteko animalien identifikazio erregistroa
16. artikulua. 1. Lagun egiteko animaliak dituzten pertsonak behartuta daude lagun egiteko animalien identifikazio erregistroan inskribatzera, gehienez ere hiru hilabeteko epean, animalia jaio edo eskuratzen dutenetik hasita. Inskripzioa albaitaritza zerbitzu ofizialen bidez eginen da. Animaliak Nafarroako legediaren arabera identifikatu beharko dira.
2. Inskripzioa egin ahal izateko, animaliaren jabeak bere nortasun agiri nazionala eta zakurraren osasun txartela aurkeztu beharko ditu.
Eranskinean agertzen diren arrazetako zakurrei dagokienez, jabeak frogatu beharko du beharrezkoa den aseguru poliza baduela eta ordenantza honetan ezarritako baldintza guztiak betetzen dituela.
3. Lagun egiteko animalia hil edo desagertuz gero, animaliaren jabeak horren berri eman beharko du gertatu eta 15 egun naturaleko epean, albaitarien bidez edo animalia bizi den udalerriko udal bulegoetan. Halaber, animaliaren osasun txartela eta heriotzaren ziurtagiria, albaitari batek emana, aurkeztu beharko ditu.
4. Era berean, animalia baten jabetza eskualdatzen duten pertsonek edota helbidea aldatzen dutenek edo beste udalerri batera joaten direnek ere epe berean eman beharko dute gertaeraren berri. Lehenbiziko kasuan, animaliaren jabe berriaren datuak eta animalia onartzeari buruzko agiria ere aurkeztu beharko dituzte.
17. artikulua. Inskribatu ahal izateko, beharrezkoa da animaliak aldez aurretik identifikatuta egotea, transponder edo mikrotxip baten bidez.
VI. KAPITULUA
Osasun arloko arauak
18. artikulua. 1. Animalien jabeek ziurtatu beharko dute horiek beharrezkoak diren osasun arloko baldintzak betetzen dituztela, eta beharrezkoak diren albaitaritza kontrolak egin beharko dizkiete. Xede horrekin, administrazio agintariek agindu ahalko dute zenbait osasun kanpaina egiteko, lagun egiteko animalientzat derrigorrezkoak izanen direnak, zehazten den moduan eta unean.
2. Jabe bakoitzak osasun arloko dokumentazioa izan beharko du, eta bertan ageriko dira animaliaren ezaugarriak eta jaso dituen txertoak eta tratamenduak, haren osasun egoeran eraginik badute.
19. artikulua. Pertsonei edo beste animalia batzuei lesioak eragin dizkieten animalien jabeek honakoak bete beharko dituzte:
–Animalia erasotzailearen eta beren datuak eman beharko dizkiote erasotutako pertsonari, haren legezko ordezkariei eta hala eskatzen duten agintari eskudunei.
–Erasoa gertatu eta ondorengo 24 ordutan gehienez jakinarazi beharko dute Udal honetako Udaltzaingoaren egoitzan eta udal agintarien esanetara jarri beharko dute.
–Animalia erasotzailea albaitariaren behaketapean jarri beharko dute 14 egun naturalean.
–Osasun arloko dokumentazioa eta albaitariaren ziurtagiria, behaketari buruzkoa, aurkeztu beharko dituzte Udalean, behaketa aldia hasi eta 14 egunera.
–Udalari jakinarazi beharko diote albaitariaren behaketa aldian gertatzen den oro (animalia hiltzea, lapurtzea, galtzea, desagertzea, norabait eramatea).
Egoerak hala eskatzen badu eta udal agintariek beharrezkotzat jotzen badute, animalia erasotzailea Udalak zehazten duen udal zakurtegian sar daiteke, albaitariaren behaketa han bertan egiteko. Horren ondorioz sortzen diren gastuak jabearen kontura izanen dira.
20. artikulua. 1. Udalerrian bizitokia duen albaitari orok Udalari jakinarazi beharko dio atzematen duen edozein gaixotasun kutsakor, osasun arloko bakarkako neurriez gain, osasun publikoari dagozkion neurriak ere abian jartzeko.
2. Albaitaritza klinikek eta kontsultategiek artxibo bat izan beharko dute animalien fitxa klinikoekin. Artxibo hori udal agintarientzat eskuragarri egonen da.
21. artikulua. 1. Debeku da animaliak abandonatzea.
2. Lagun egiteko animaliak edota haien ardurapeko zakurren eta katuen kumeak eman nahi dituztenek Udalari jakinarazi beharko diote, udal zerbitzu eskudunek jaso ditzaten, kasuko tasa ordaindu ondoren, hala badagokio.
3. Debeku da animalia basatiak natur ingurunean askatzea.
VII. KAPITULUA
Animalia abandonatuak
22. artikulua. 1. Ulertuko da animalia bat abandonatuta dagoela eremu publikoan edo herri inguruan dabilenean jaberik edo arduradunik gabe. Kasu horietan, udal zerbitzuek jasoko dute eta Udalak zehazturiko instalazioetara eramanen da, eta bertan egonen da Animaliak Babesteko Legeak ezarritako epean, jabeak jaso, norbaiti eman edota akabatu arte. Jaberik baldin badu, bere gain hartuko ditu epe horretan hura mantentzeko eragindako gastuak.
2. Identifikaziorik gabeko animaliak berreskuratzeko epea 3 egunekoa da. Animaliak lepoko identifikatzailea edo bestelako identifikazioren bat eramanez gero, jabeak 2 eguneko epea izanen du jasotzeko, Udalak ohartarazi eta erregistroan inskribatu ondoren, inskribaturik ez balego, eta animaliaren zaintzak sorturiko gastuak ordainduta, aplikatu ahal zaizkion zehapenez gain. Aipatu epeak iraganda, animalia legez abandonatuta dagoela ulertuko da.
23. artikulua. Animaliak berreskuratzeko erregelamenduzko epea iraganda, Udalak animaliak babesteko elkarteen esku utziko ditu, haiek arduratzen baitira animaliak jaso eta zaintzeaz.
VIII. KAPITULUA
Animalien babesari buruzko xedapenak
24. artikulua. Espresuki debeku da:
–Animaliei tratu txar edo eraso fisikoak eragitea, baita sufrimendua edo justifikaziorik gabeko kaltea eragiten dizkien praktikak ere.
–Horiek abandonatzea.
–Animaliak elementu finkoei loturik edukitzea beti.
–Baldintza higieniko-sanitario egokiak betetzen ez dituzten instalazioetan edukitzea.
–Alferrikako sufrimendua edo kaltea eragin diezaieketen gaiak ematea.
–Arau-hauste penaltzat jotzen ez bada, zehapena ezarri ahalko da tranpak jartzeagatik eta gai toxikoak, pozoia edo beste edozein elementu edo produktu erabiltzeagatik, horiek lagun egiteko animaliei edo babestutako animaliei kalterik eragiten ahal badiete.
–Bizirauteko behar duten mantenua eta hidratazioa ez ematea.
–Debeku da animaliak erabiltzea ikuskizun, borroka eta bestelakoetan, horrek sufrimendua edo tratu txarra ekartzen ahal badie, legeak ezartzen dituen salbuespenak izan ezik.
–Animaliak erabiltzea sari edo esker-saritako, edo ordaineko opari gisa diru bidez eskuratzearekin ikustekorik ez duten bestelako erosketen truke.
–Hamalau urtez beheitikoei eta desgaituei saltzea, guraso-agintea, tutoretza edo zaintza dutenen baimenik gabe.
–Animaliak kalez kale saltzea. Soilik udal agintaritzak baimenduko du etxeko animalien salmenta, zakurrena eta katuena izan ezik, legezkoak diren azoka eta ferietan.
–Animaliak erabiltzea ikuskizunetan, borroketan eta ikuslearen sentikortasunari min eman diezaioketen jardueretan, osasun publikorako arriskutsuak direnetan edota animaliei sufrimendua edo tratu txarra eragitea dakartenetan.
IX. KAPITULUA
Animaliekin zerikusia duten jarduera ekonomikoak
25. artikulua. 1. Etxeko animalien saltokiak, haiek aldi baterako edo betiko hartzeko zentroak eta haiek hazteko eta/edo trebatzeko zentroak irekitzeko beharrezkoa izanen da udalaren baimena izatea. Halaber, halakoen titularrek gune zoologikoaren deklarazioa eskuratu beharko dute eta establezimenduak dagokion erregistroan inskribatu beharko dituzte.
2. Establezimendu horiek ondoko betekizunak bete beharko dituzte:
–Lagun egiteko animalien sarrera-irteerak erregistratzeko liburu bat izan beharko dute.
–Halako establezimenduetarako eskatzen diren baldintza higieniko-sanitarioak mantendu beharko dituzte, baita higienerako eta kutsatzeak prebenitzeko programa bat ere, albaitari batek prestatua.
Etxeko animalien salmenta Nafarroako Foru Komunitateko arauei jarraikiz eginen da.
Inola ere ez da baimenduko zakur eta katuak beira-arasen moduko egituretan edukitzea, saltzeko helburuarekin, edozeinek ikusteko moduan, animaliarengan eragin dezakeen estresagatik. Animaliak establezimenduan barruren dagoen tokian egonen dira, jendearen irismenetik kanpo.
Animaliak osasun egoera onean salduko dira. Zakurrek zortzi aste baino gehiago badituzte, parasitoak kenduta eta behar diren txertoak jarri dituztela dioen albaitariaren ziurtagiria aurkeztu beharko da.
Animaliaren arraza, adina, jatorria, osasun egoera eta interesa duten gainerako ezaugarriak egiaztatzen dituen agiria eman beharko zaio erosleari.
26. artikulua. Ez da baimenik emanen udalerrian paratzeko animaliak dituzten zirko eta zoologiko ibiltariak, ez eta animaliekin lan egiten duten atrakzioak ere. Apartatu honetatik kanpo gelditzen dira hegazti harraparien ikuskizunak; horietarako udal lizentzia beharko da.
X. KAPITULUA
Arau-hausteak eta zehapenak
27. artikulua. Animaliaren edukitzailea izanen da erantzulea, nahiz eta erantzukizun subsidiarioa jabearena ere izan, animaliak jendeari, gauzei, bide eta eremu publikoei eta, oro har, natur inguruneari kalte edo traba egiten badie, Kode Zibilaren 1905. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
28. artikulua. 1. Animalien jabeek edo edukitzaileek ordenantza honetan ezarritako betebeharrak modu larrian edo behin eta berriz hausten badituzte, eta, bereziki, horrek arriskua badakar pertsonen edota animaliaren beraren segurtasunerako edo osasunerako, udal administrazioak animalia konfiskatu eta toki egoki batera eraman ahalko du, jabearen kargura, bai eta beharrezkotzat jotzen duen edozein neurri osagarri hartu ere.
2. Konfiskatzea kautelazko neurria izanen da, zehapen espedientea ebazten den bitartean. Ebazpena ikusirik, animalia jabeari itzuli ahal zaio edota Administrazioaren jabetzara pasa ahalko da. Kasu horretan, Administrazioak adopzioan eman edo laga ahalko du, baita hil ere, konfiskatutako animaliaren ezaugarrien eta egoeraren arabera.
29. artikulua. Giza-inguruan bizi diren animaliak babesteko legean ezarritakoaren arabera, ordenantza honetan ezarritako xedapenak hausteak ekarriko du Udalak zigorra ezartzea, edota, hark proposatuta, beste administrazio batek, arau-haustearen izaera edo larritasuna dela-eta, ezarri beharreko zehapenak hala eskatzen duenean.
30. artikulua. 1. Ordenantza honi dagokionez, arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.
2. Arau-hauste arintzat joko dira:
a) Lagun egiteko animalia bat erroldatu gabe edukitzea 7/1994 Foru Legearen 10. artikuluan agindutakoaren kontra.
b) Lagun egiteko animaliak (zakur, katu, hudoak), etxekoak eta udal agintzaritzak zehazten dituenak uhal edo katerik gabe eramatea hiriko eremu publikoetan (11. artikulua).
c) Animalia horien pixarekin zikintzea eta ez garbitzea iragazkorrak ez diren eremuak.
d) Hiriko karriketan basa espezieekin ibiltzea, etxekotuak badira ere.
e) Animaliei, batez ere zakur, katu eta hegaztiei, elikagaiak ematea bide edo espazio publikoetan (8. artikulua).
f) Ikastetxe, igerileku, osasun etxe eta eraikin publikoetan animaliekin sartzea.
g) Zakurrak etxebizitzako edozein lekutan edukitzea, bereziki patio edo balkoietan, auzokoei traba eginez, zaunkak edo higiene eta osasun arrazoiak direla medio.
h) Animaliekin sartzea sarrera debekatuta duten establezimenduetan.
i) Behar bezainbat baliabiderik ez jartzea animalia etxetik, etxebizitzatik edo gordeta dagoen tokitik arduradunik gabe atera dadin eragozteko.
j) Ez betetzea 12. eta 13. artikuluetan ezarritakoa animalien garraioari buruz, animaliak toki jakinetan sartu eta egoteari buruz, eta eremu publikoan beste pertsonei traba edo arriskua eragiten dietelarik lotuta bakarrik uzteari buruz.
k) Txakurra ez inskribatzea horretarako ezarritako epean, eta 16. artikuluko gainerako xedapenak ez betetzea.
l) Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legean jasotako beste edozer egitea edo ez egitea.
m) Beste edozein arau-hauste, ordenantza honetan arau-hauste larri edo oso larri gisa sailkaturik ez badago.
3. Arau-hauste larritzat joko dira:
a) Zainketa lanetan aritzen diren zakurrei buruz ezarritakoa ez betetzea.
b) Lagun egiteko animalien edo etxeko animalien (zakurrak, katuak, zaldiak, hudoak... eta udal agintzaritzak zehazten dituen beste batzuk) gorozkiak ez biltzea eremu publikotik (14. artikulua).
c) Animaliak ez identifikatzea, 17. artikuluari jarraikiz.
d) Animaliaren osasun egoerari buruzko dokumentazioa ez izatea (18.2 artikulua).
e) Animaliaren osasun egoerari buruzko dokumentazioa eta albaitariaren ziurtagiria ez aurkeztea, erasoren bat gertatzen denean (19. artikulua).
f) Animalia erasotzailearen behaketa aldian zerbait gertatuz gero, horren berri ez ematea (19. artikulua).
g) Animaliak baldintza higieniko-sanitario desegokietan edukitzea, edota auzokideentzat edo gainerako pertsonentzat deserosoak izan daitezkeen egoerak sortzea (5. eta 6. artikuluak).
h) Lagun egiteko animaliak kalez kale saltzea edo etxeko animaliak Udalaren baimenik gabe saltzea (24. eta 25. artikuluak).
i) Animaliak instalazio desegokietan eta behar bezala elikatu gabe edukitzea.
j) 25. eta 26. artikuluetan ezarritako jarduerak abian jartzea Udalaren baimenik gabe, gune zoologikoaren deklaraziorik gabe, edo behar bezalako baldintza higieniko-sanitarioak bete gabe.
k) Udal agintaritzak ezarritako baldintzak edo neurriak ez betetzea.
l) Muturrekorik ez erabiltzea 15.3 artikuluan ezarritako kasuetan.
m) Erantzukizun zibileko asegururik ez izatea, 15. artikuluak ezarritako kasuetan.
n) Arau-hauste arinetan berrerortzea.
o) Ordenantza honetan aurreikusi gabekoak, Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legean jasota badaude.
Arau-hauste oso larritzat joko dira:
a) Berariazko baimenik ez izatea, 15.1 eta 15.2 artikuluetan aurreikusitako kasuetan.
b) Lagun egiteko animaliatzat hartzen ez diren etxeko animaliak eta animalia basatiak izatea, baimen espresurik gabe (7. artikulua).
c) Arriskutsuak izan daitezkeen edo pozoitsuak diren animalia basatiak edukitzea (7. artikulua).
d) Animaliak ez txertatzea Administrazioak hala erabakitzen duenean, 18.1 artikuluari jarraikiz.
e) Pertsonei lesioak eragin dizkieten animaliak albaitariaren behaketapean ez jartzea (19. artikulua).
f) Animaliekiko ankerkeria, eta tratu txarrak eta eraso fisikoak eragitea, bai eta kontrolik gabe akabatzea ere.
g) Derrigorrez jakinarazi beharreko gaixotasun kutsakorren berri ez ematea Udalari (20. artikulua).
h) Animaliak abandonatzea edo libre uztea, 21. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
i) 24. artikuluan aurrerikusitako debekuak ez betetzea.
j) Lagun egiteko animalia batek pertsonei eragindako lesioak eta erasoak (19. artikulua).
k) Uztea, esku hartuz edo esku ez hartzeagatik, arriskutsua izan daitekeen animaliak eraso egin diezaien pertsonei edo beste animalia batzuei, edota kalte, bestela, edozein ondasuni, hala eremu publikoan nola leku pribatuetan, erasoaren unean edo aurretik halakorik ez gertatzeko behar diren neurriak hartu gabe.
l) Arriskutsua izan daitekeen animaliaren bat eramatea 2 metrotik beherako uhal edo katerik gabe, dela eremu publikoan dela ordenantza honetan baimendutako guneetatik at.
m) Ordenantza honetan aurreikusi gabekoak, Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legean jasota badaude.
n) 50/1999 Legearen 13.5 artikuluan ezarritako arau-hausteak, arriskutsuak izan daitezkeen animaliei buruzkoa baita artikulu hori.
31. artikulua. Arau-hausteak larriagotzen dituzten inguruabarrak izanen dira:
A.–Osasun arriskua ere izatea gertakarien inguruabar objektiboen artean.
B.–Animaliaren osasunerako arriskua.
C.–Nahitakotasuna.
D.–Arau-hauste larrietan berrerortzea.
32. artikulua. 1. Arau-hauste arinek 300 eurora bitarteko zehapena izanen dute; larriek, 301 eurotik 750 eurora bitartekoa, eta oso larriek, berriz, 751 eurotik 7.500 eurora bitartekoa.
2. Isunen zenbatekoa zehazteko, kontuan hartuko dira aurreko artikuluan aipatutako inguruabarrak, arau-hausteak larriagotzen dituztenak, bai eta gertakarien erantzukizun-mailan eragina izan dezaketen beste batzuk ere.
33. artikulua.
1. Zehapen espedienteak Nafarroako Foru Komunitatearen eskumeneko esparruetan aplikatzekoa den zehazpen prozeduraren arabera tramitatuko dira.
2. Espedientearen hasierako ebazpena eta ordenantza honen arlokoak diren gaiei buruzko zehapen ahalmena alkatearen eskumenekoak izanen dira, eta kasua bada, dagokion zinegotzigoaren esku utzi ahalko ditu.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
15. ARTIKULUAREN ERANSKINAK
I. ERANSKINA
a) Pit Bull Terrierra.
b) Staffordshire Bull Terrierra.
c) American Staffordshire Terrierra.
d) Rottweilerra.
e) Dogo argentinarra.
f) Fila brasildarra.
g) Tosa inua.
h) Akita inua.
II. ERANSKINA
Ezaugarri hauen guztien edo hauetako gehienen jabe dira xedapen honen eraginpeko zakurrak:
a) Gihar sendoak, itxuraz indartsua, mardula, eite atletikoa, zolitasuna, bizkortasuna eta erresistentzia.
b) Aiurri handia eta adore handia.
c) Ile motza.
d) 60 eta 80 zentimetroen arteko perimetro torazikoa, 50 eta 70 zentimetroen arteko bizkar-gurutzea eta 20 kg-tik goitiko pisua.
e) Tamaina handiko burua, kuboidea, mardula, garezur zabal eta handia, eta masail gihartsu eta atereak. Masailezur handi eta sendoak; aho mardula, zabala eta sakona.
f) Lepo zabala, gihartsua eta motza.
g) Bular sendoa, zabala, handia eta sakona; saihets makotuak eta bizkar gihartsu eta laburra.
h) Aurreko gorputz-adar paraleloak, zuzenak eta mardulak; atzeko gorputz-adarrak, berriz, oso gihartsuak, hanka luze samarrak, angelu txikia egiten dutenak.
Iragarkiaren kodea: L1803617
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
