2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
ATARRABIA
Deialdia, izangaien zerrenda bat osatzeko, Herritarren Arretarako Bulegoan informazioko ofizialaren lanpostuan aldi baterako kontratazioaren bidez aritzeko
OINARRIAK
1. Deialdiaren xedea eta arau orokorrak.
1.1. Deialdia egiten da izangaien zerrenda bat osatzeko, informazioko ofizialaren lanpostuan, euskaraz jakiteko baldintzarekin, aldi baterako kontratazioen bidez aritzeko, Atarrabiako Udalaren Herritarren Arretarako Bulegoan sortzen diren aldi baterako beharrei erantzutearren.
1.2. Izangaien zerrenda honek indarrik eta ondoriorik gabe utziko du deialdiaren lanposturako aldi baterako kontratazioak egiteko lehendik dagoen izangaien zerrenda oro.
1.3. Deialdi hau egingo da Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamendua onesten duen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuan, 42.2 artikuluan, aldi baterako langileen hautapenari buruzkoan, eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezartzen denari jarraituz.
1.4. Hauek dira eginkizunak:
Atarrabiako Udalarekin, bertara agertuta, telefonoz edo bide telematikoa erabiliz, aritu nahi duen herritarrari arreta ematea, honako hauetarako:
–Bulegoan eskura dagoen informazioa ematea.
–Bere eskumeneko tramiteak kudeatzea, ezarritako prozedurei jarraituz eta horretarako gaitutako bideetako edozein erabiliz.
–Iradokizunak bideratzea eta herritarren eskabideak edo eskaerak bulegoan ebazterik ez dagoenean, dagokien zerbitzuetara bidaltzea.
Datu baseetan eta hedabideetan dagoen informazioa eguneraturik mantentzea: taulan, web-orrian, egoitza elektronikoan.
Eta, oro har, aipatutakoen antzeko guztiak, zerbitzua dela eta bere gain utzitakoak.
1.5. Lanpostuak C mailari dagokion hasierako soldata jasoko du, Nafarroako Administrazio Publikoetako langileendako ezarritakoetarik, gehi Udalaren plantilla organikoan ezarritako osagarriak (24.000 euro gordin/urtea, gutxi gorabehera, lanaldi osoko kontratuetarako).
2. Izangaien betebeharrak.
2.1. Deialdi honetan onartuak izateko, izangaiek ondoko baldintzak bete beharko dituzte:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko beste estaturen batekoa.
Aitzineko paragrafoan ezarritakoa aplikatuko zaie, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko nazionalitatea dutenen ezkontideei, zuzenbidearen arabera bananduta ez badaude, hala nola haien oinordekoei eta ezkontidearen oinordekoei ere, zuzenbidearen arabera bananduta ez badaude, baldin eta oinordekoak hogeita bat urtetik beheitikoak badira edo, zaharragoak izanda ere, haien bizkar bizi badira.
Halaber, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen aplikazio esparruan sartutako pertsonek badute parte hartzeko eskubidea, herrialde horietan langileen zirkulazio librea aplikagarria bada.
b) Hemezortzi urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina ez gainditzea.
c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean Batxilergoko titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo titulu baliokide bat izatea edo eskuratzeko moduan egotea.
d) Euskararen ezagutzari dagokionez, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko C1 maila izatea ahozkoan eta B2 maila, idatzizkoan, gutxienez.
e) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.
f) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.
2.2. Aurreko e) eta f) baldintzak aldi baterako kontratatzeko hautatu eta deitzen diren izangaiek frogatu beharko dituzte, agiri bidez, kontratua formalizatu aurretik, esaten zaien unean. Dei eginda, aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan salbu, aipatutako baldintza horiek frogatzen ez dituztenak ezin izango dira kontratatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, euren eskabidearen faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzunbeharra galarazi gabe.
2.3. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta hautapen-prozedurak eta kontratazioak iraun bitartean beharko dira bete.
3. Inskribatzeko prozedura.
3.1. Hautapen prozesuan parte hartu nahi dutenek eskabidea aurkeztu beharko dute Atarrabiako Udaleko Erregistro Orokorrean, bertara agertuta edo bere egoitza elektronikoaren bitartez, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan.
3.2. Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izango da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
3.3. Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
3.4. Deialdian parte hartzeko eskabidea I. eranskineko ereduaren araberakoa izango da eta harekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
–Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nortasuna frogatzen duen beste agiri ofizial baliokideren batena.
–Deialdian parte hartzeko eskubidea ematen duen titulu akademikoaren fotokopia konpultsatua.
–Euskararen ezagutza frogatzen duen tituluaren fotokopia konpultsatua; Hizkuntza Eskola Ofizial batek luzatutako Gaitasun Agiria edo ofizialki baliokidetzat jotzen den titulazioa aurkeztu ahalko da. Ez dira onartuko azterketa-txartelak ez eta ofizialak ez diren zentroek emandako egiaztagiriak.
Titulazio hori ez dauketenek eskatutako hizkuntza mailaren probat bat gaindituta frogatu ahalko dute ezagutza hori. Pobra hori deialdian parte hartzeko eskabidea aurkezterakoan eskatu beharko dute (I. eranskina). Euskararen ezagutza proba egitea eskatzen duten izangaiei, epaimahaiak hizkuntza maila zehazteko proba egiteko deituko die, Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan euskararen erabilera arautzen duen azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraituz.
–Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideetarako 10,63 euro ordaindu izanaren ordainagiria (diru-sarrera egiteko kontua: ES70 3008 0069 1926 2997 4524). Tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.
Ordainketaren kontzeptu gisa izangaiaren izena, NANa eta eskuratu nahi den lanpostuaren izena agertu beharko da.
3.5. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
3.6. Agiriak aurkezten badira Administrazio Prozeduraren Legeak baimendutako gainerako bideetakoren bat erabiliz, eskatzaileak eskabidea igorri duela jakinaraziko du fax bidez (948 136 386 zenbakia), telegramaz edo posta elektronikoz (ayuntamiento@villava.es), eskabideak aurkezteko epearen azken eguna eta ordua baino lehen.
3.7. Bi betekizun horiek gabe dokumentazioa ez da onartuko, kontratazio organoak jasotzen badu oinarri hauetan adierazitako epea amaitzeko eguna eta ordua pasatu eta gero. Dena den, aipatutako epea iragan eta bost (5) eguneko epean dokumentazioa jasotzen ez bada, ez da inola ere onartuko.
4. Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Atarrabiako Udaleko alkate udalburuak ebazpena emango du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko. Zerrenda horretan izangaien izen-abizenak jasoko dira eta, baztertuen kasuan, horretarako arrazoia ere bai.
4.2. Deialdiaren garapenari buruzko iragarki eta argitalpen guztiak Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian (www.villava.es) argitaratuko dira.
4.3. Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda argitaratu ondoko bost egun baliodunen barrenean, erreklamazioak egiten ahalko dituzte eta okerrik egin badute, haiek zuzendu.
4.4. Erreklamazioetarako epea burututakoan eta haiei erantzun ondotik, alkateak ebazpena emango du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko. Izangai bazterturik ez badago, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda. Zerrenda horretan izangaien izen-abizenak jasoko dira eta, baztertuen kasuan, horretarako arrazoia ere bai.
5. Deialdiaren epaimahaia.
5.1. Deialdiaren epaimahaia honako hauek osatuko dute:
–Mahaiburua: Atarrabiako Udaleko alkate udalburua edo Hirigintza Batzordeko burua.
–Mahaikidea: Udaleko idazkaria.
–Mahaikidea: Udaleko Herritarren Arretarako Bulegoko arduraduna.
–Mahaikidea: langileen ordezkari bat.
–Mahaikide-idazkaria: Iruñeko Udaleko Giza Baliabideen zuzendaria.
5.2. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da eta ezin izango da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa biltzen ez bada.
5.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honetako oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruko arazo guztiak.
5.4. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emango diote laguntza epaimahaiari.
6. Oposizioaldia.
6.1. Hautapen prozesuak honako proba hauek izanen ditu, oinarri hauetan adierazten den gisan eginen direnak eta 2018ko apiriletik aurrera gauzatuko direnak, seguruenik.
6.2. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren. Gainerako proben hurrenez hurreneko iragarkiak gutxienez 48 ordu lehenago emango dira argitara.
6.3. Lehendabiziko proba teoriko-praktikoa izango da, eta bertan hainbat aukeratako galdera sorta bati erantzun beharko zaio, erantzun zuzena bakarra izanik. Gaiak deialdiko II. eranskinean ageri dira eta probaren gehieneko puntuazioa 35 da. Erantzun okerrek puntuak kenduko dituzte epaimahaiak probak hasi aurretik ezarritako proportzioan. Bazterturik geldituko dira probaren gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak.
6.4. Bigarren proban, praktikoa baita, hainbat ariketa ebatzi beharko dira mikroinformatikako tresnen erabilerari buruz: Word, Excel, Outlook eta Edge. Gehienez ere 20 puntu lortu ahalko dira. Bazterturik geldituko dira probaren gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak.
6.5. Hirugarren probak, psikoteknikoa baita, izangaiak lanpostuaren profil profesiografikoaren eskakizunei noraino egokitzen zaizkien zehaztea du xede. Proba hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Atalaren laguntzarekin eginen da eta gehienez ere 30 puntu lortzen ahal dira. Ez da baztergarria izanen.
Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Zerbitzuak, probak egin ondoren, txosten psikotekniko bat emanen du lehiatzaile bakoitzari buruz. Hartan, norbera deialdiaren xedeko lanpostuaren izaera eta ezaugarriei nola egokitzen zaien baloratuko da. Zerbitzu horrek txosten psikoteknikoan izangai bakoitzari ematen dion puntuazioa loteslea izanen da epaimahaiarentzat.
Lehen bi probetan puntuaziorik hoberena erdietsi duten lehen 12 izangaiek baizik ez dute hirugarren proba hori egiten ahalko.
6.6. Dei bakarraren bidez egingo dira probak, eta izangaiek NANa aldean dutela agertuko dira, nork bere nortasuna behar bezala frogatzeko. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein delarik ere.
6.7. Epaimahaiak finkatuko du probak eta ariketak egiteko ordena eta erabakiko du egun bakarrean edo gehiagotan egin behar diren.
7. Proba gainditzen dutenen zerrenda eta deia.
7.1. Proben kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak argitara emango du gainditu duten izangaien zerrenda, izangai bakoitzaren kalifikazioak batuta lortutako puntuazioaren hurrenkeran, eta 5 egun balioduneko epea irekiko du, emaitzen inguruko alegazioak aurkezteko.
7.2. Alegazioetarako epea iraganik, eta horiek ebatzita, epaimahaiak gainditu duten izangaien zerrenda igorriko dio alkateari, hautapen prozesuko espediente osoarekin batera. Zerrenda horrek izangaien izen-abizenak jasoko ditu.
7.3. Bi izangaik edo gehiagok puntuazio bera baldin badute, berdinketa hausteko, lehentasuna izango du adinez nagusiena den izangaiak.
7.4. Atarrabiako Udaleko alkate udalburuak aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrenda hauek osatuko ditu.
–Probak gainditu dituzten izangaien zerrenda.
–Probak gainditu ez dituzten izangaien zerrenda.
7.5. Izangaiak deituko dira “Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak kudeatzeko arauetan” ezarritakoari jarraituz. Arau horiek 2016ko ekainaren 28an onetsi zituen Atarrabiako Udalak eta www.villava.es web-orrian daude.
8. Datu pertsonalen babesa.
8.1. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 15/1999 Legearekin bat, izangaiek, deialdira aurkeztu hutsez, baimena emango dute beren datu pertsonalen tratamendurako, eta jakinaren gainean geldituko dira “langileen kudeaketa” izeneko fitxategia dagoela, besteak beste, langileak hautatzeko prozesuak egiteko.
8.2. Era berean, aditzera ematen zaie izangaiei bildutako datuak hirugarrenei lagatzen ahal zaizkiela legean berariaz adierazten denetan, edo lagapena beste administrazio publiko batzuei egiten zaienean, bakoitza bere eskumenetan ari dadin.
8.3. Hautapen prozesuaren emaitzak jendaurrean jarriko dira, ez bakarrik aplikatzeko arauetan ezartzen diren tokietan, baita Atarrabiako Udalaren iragarki-taulan eta bertako Udalaren web-orrian ere.
8.4. Atarrabiako Udala da fitxategiaren arduraduna eta udal egoitzan erabiltzen ahalko dira fitxategietan sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta horien aurka jotzeko eskubideak.
9. Errekurtsoak.
Deialdi honen, haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, hautara, ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza burutu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
Atarrabian, 2018ko martxoaren 13an.–Alkatea, Mikel Oteiza Iza.
I. ERANSKINA
Eskabide-orria (PDFa).
II. ERANSKINA
Gai-zerrenda
1.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.
2.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa.
3.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: I. titulua: Udalerria, Nafarroako toki entitate. III. titulua: Nafarroako toki entitateen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea. IX. titulua: Nafarroako toki entitateen jarduketak: prozedura eta araubide juridikoa, inpugnazioa eta kontrola.
4.–Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea. I. titulua: Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak. Zerga arloko eta zergaz kanpoko baliabideak. II. titulua: udal zergak.
5.–11/2007 Foru Legea, apirilaren 4koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan Administrazio Elektronikoa ezartzeari buruzkoa.
6.–15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Datu Pertsonalen Babesari buruzkoa.
7.–Udal errolda: Idazkariordetzaren 2015eko martxoaren 16ko Ebazpena, argitara ematen duena 2015eko urtarrilaren 30eko Ebazpena, Estatistikako Institutu Nazionaleko buruak eta Autonomia Erkidegoekin eta Toki Entitateekin Eskumenak Koordinatzeko Zuzendaritza Nagusiak emana, udalei jarrabide teknikoak ematen baitizkie udal erroldaren kudeaketari buruz.
8.–Abenduaren 29ko 21/2005 Foru Legea, Politika publikoak eta zerbitzu publikoen kalitatea ebaluatzeari buruzkoa.
9.–Zerbitzu-kartak: kalitatea segurtatzeko sistema. Zerbitzu ziurtatuko AENOR markaren A-58 araudi partikularra, Zerbitzu-kartetarako.
10.–19/2013 Legea, abenduaren 9koa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzkoa.
Iragarkiaren kodea: L1803894