63. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

10/2018 FORU AGINDUA, urtarrilaren 19koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, 2. gunea-Fiteroko Monasterioaren ingurunearen barne berrikuntzarako plan bereziaren esparrua lehentasunez birgaitu beharreko eremu deklaratzen duena.

Fiteroko Udalak eskatu du 2. gunea-Monasterioaren ingurunearen barne berrikuntzarako plan bereziaren esparrua lehentasunez birgaitu beharreko eremu deklara dezatela.

Horretarako, dagokion plan berezia eta esparru horretan eraikuntza jarduketentzako laguntzak arautzen dituen ordenantza onetsi ditu.

Nafarroako Gobernuak, Eskubide Sozialetako Departamentuaren bidez, bizitegien birgaitzea sustatzeko asmoa du herri horretan, balio historiko eta artistiko aipagarriak baititu, eta tresna egokitzat jotzen du lehentasunez birgaitzeko eremu deklaratzea.

Hori horrela, eta Erriberako Lurralde Bulegoaren aldeko txostena ikusirik, betetzat jotzen dira irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren 54. artikuluak arlo horren gainean eskatzen dituen betekizunak, eta, hortaz, bidezko da 2. gunea-Fiteroko Monasterioaren ingurunearen barne berrikuntzarako plan bereziaren esparrua lehentasunez birgaitu beharreko eremu deklaratzea. Foru dekretu horrek Nafarroan etxebizitzaren arloan babestekoak diren jarduketak arautzen ditu.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. 2. gunea-Fiteroko Monasterioaren ingurunearen barne berrikuntzarako plan bereziaren esparrua lehentasunez birgaitu beharreko eremu deklaratzea, irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuak ezarritako ondorioetarako.

2. Foru agindu hau Fiteroko Udalari, Etxebizitza Zerbitzuari eta Erriberako Lurralde Bulegoari jakinaraztea, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea; bestetik, aditzera ematen da haren kontra, ez baitu administrazio bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, foru agindu hau jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Administrazio Publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2018ko urtarrilaren 19an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.

Iragarkiaren kodea: F1801628