2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
XABIER
Ur horniduraren tasak arautzen dituen ordenantza fiskala,
eta estolderiaren eta hondakin uren arazketaren tasa
arautzen duen ordenantza fiskala. Behin betiko onespena
Xabierko Udalak, 2017ko azaroaren 30ean egindako osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea ur horniduraren tasak arautzen dituen ordenantza fiskala, eta estolderiaren eta hondakin uren arazketaren tasa arautzen duen ordenantza fiskala.
Espediente hori jendaurrean egon da 30 egunez, inork alegaziorik aurkeztu gabe; beraz, behin betiko onetsita gelditu dira ordenantzak, eta haien testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatuarekin bat.
Xabierren, 2018ko otsailaren 6an.–Alkatea, Emilio Echegoyen Ascunce.
ORDENANTZA FISKALA, UR HORNIDURAREN TASAK
ARAUTZEN DITUENA
1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babespean ezarri da ordenantza hau.
2. artikulua. Edateko ur horniduraren zerbitzua erabilgarri izan edo benetan erabiltzea da zerga-egitatea.
3. artikulua. Ez da salbuespenik eginen ordainarazpen honi dagokionez.
4. artikulua. Zergadunak diren aldetik, ordainarazpen honen subjektu pasiboak dira pertsona fisiko eta juridikoak eta, nortasun juridikorik ez izanik ere, unitate ekonomikoa edo ondare bereizia osatzen duten entitateak, baldin eta edateko uraren etxeko hornidura zerbitzua eskatu badute edo hartaz baliatzen badira.
Kasuan kasuko etxeko jabeak hartuko dira zergadunaren ordezkotzat. Horiek onuradunei jasanarazten ahalko dizkiete kuotak, halakorik bada.
5. artikulua. Zerbitzuaren tasek honako kontzeptu eta zenbateko hauek izanen dituzte:
2018ko tasak:
a) Kuota finkoa, gutxienekoa: 7 euro/hiruhilekoa.
–Kontagailuen alokairuagatik: 0,60 euro/hiruhilekoa.
–Etxeko erabilerarako hornidura: 0,65 euro/m³.
b) Horniduraren hargunea paratzea: 146,00 euro.
6. artikulua. Ordenantza honetako tasaren zenbatekoa aurreko artikuluko tarifak aplikatzearen emaitza izanen da, aipatzen diren kontzeptuen arabera.
7. artikulua. Tasa ordaintzeko betebeharra kontzeptu hauengatik sortzen da:
a) Zerbitzua eskura izan eta mantentzeagatik, hornidura sarearekin lotzen denean.
b) Kontsumoagatik, kontsumitzen hasten denean.
c) Harguneagatik, haren irekiera, lizentzia edo baimena ematen denean sortu eta ordainaraziko da.
8. artikulua. Sarera lotzeko edo hornidura emateko eskatzen duenak ordainduko ditu kontagailua erosteko gastuak, bai eta instalaziorako eta hornidurarako behar diren materialen eta eskulanaren gastuak ere.
9. artikulua. Prebentziozko neurri moduan, ur hornidura mozten ahalko zaio instalazio barrenean matxurak dituen hargunearen titularrari, haien ondorioz ur-galera badago.
10. artikulua. Erabiltzaileak behin ere ez dio urik ematen ahalko beste pertsona bati, eta ez die erabiltzen utziko horretarako eskubiderik ez dutenei. Utzikeriagatik izan litekeen iruzur oro saihestu beharko du. Horrelakorik gertatuz gero, erabiltzailea izanen da erantzule bakarra.
11. artikulua. Erabiltzaileak behartuak daude ura banatzeko sare nagusiko matxura baten ondorioz gertatutakoak toki entitateari lehenbailehen jakinaraztera.
12. artikulua. Erabiltzaileari dagokio kontagailua eta ixteko giltza dauden tokia behar den bezala egon dadin zaintzea eta toki entitateak ematen dituen jarraibideak betetzea.
13. artikulua. Ordenantza honetan aipatzen diren ordainarazpenetako bat ordaindu beharra duten zergadunak behartuak daude kontagailua dagoen tokira sartzen uztera irakurketa egiten duen langile baimenduari, kontagailuaren irakurketa egin dezan, edo toki entitateko edozein langileri, baldin eta zerbitzuko beharrengatik edo antzeko beste zerbaitengatik zergadunaren etxera edo lokalera sartu beharrean badaude.
14. artikulua.
1. 5. artikuluaren a) apartatuan aipatzen diren zenbatekoak hiru hilabetean behin ordainduko dira.
2. Artikulu beraren b) apartatuan aipatzen den ordainarazpena sortzen den unean ordainduko du erabiltzaileak.
15. artikulua. Honako hauek iruzurtzat hartuko dira:
a) Behar bezala baimenduta dauden toki entitateko langileek egiten dituzten ikustaldiak oztopatzea.
b) Kontagailuen irakurketa edo ordenantza honetan araututako zerbitzuekin ikusteko duten egiaztapenak eragoztea.
c) Toki entitateak paraturiko prezintu, sarraila edo aparatuak aldatzea.
d) Toki entitateak kontsumoa neurtzeko aparatuen aldaketaz edo ordezkatzeaz ematen dituen jarraibideak ez betetzea.
e) Kontagailuaren irakurketa maltzurkeriaz aldatzeko asmoz, baimenik gabeko mekanismoak ezartzea.
16. artikulua. Arau-hauste edo zehapenen gainerako kontuetarako, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta horrekin bat datozen gainerako arauetan xedatu bezala eginen da.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan aurreikusirik ez dagoen orotan aplikatzekoa izanen da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea.
Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartu eta ondorio juridiko osoak sortzeko, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
ORDENANTZA FISKALA, ESTOLDERIAREN ETA HONDAKIN UREN ARAZKETAREN TASA ARAUTZEN DUENA
1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babespean ezarri da ordenantza hau.
2. artikulua. Honako hauek dira tasaren zerga-egitatea:
a) Udalak egiten dituen jarduera tekniko eta administratiboak, toki entitatearen estolderiaren sarera lotzeko baimena eman ahal izateko behar diren baldintzak betetzen diren ala ez egiaztatzeko.
b) Toki entitatearen estolderiaren sarearen bitartez gorozkiak, euri-urak, ur beltzak eta hondakin urak husteko zerbitzuak, eta horiek arazteko tratamendua.
3. artikulua. Ez daude tasa honi lotuak finka lurrera eroriak, aurri egoeran deklaratuak edo orube izaera dutenak.
4. artikulua. Ez da salbuespenik eginen ordainarazpen honetan.
5. artikulua. Subjektu pasiboak dira, zergadun diren aldetik, Tributuei buruzko Lege Orokorraren 33. artikuluan aipatu pertsona fisiko edo juridikoak nahiz entitateak, ondoko ezaugarriak dituztenak:
a) Finkaren jabea, gozamenduna edo jabari erabilgarriaren titularra, sarera lotzeko lizentzia denean.
b) Udal-mugarteko finketan zerbitzu horietaz baliatzen diren bizilagun edo erabiltzaileak, beren titulua edozein delarik ere (jabeak, gozamendunak, gela bat hartua dutenak edo maizterrak, baita prekarioan ere), ordenantza honetako 2.b) artikuluan zehaztutako zerbitzuen kasuan.
6. artikulua. Betiere, etxebizitzaren edo lokalaren bizilagun edo erabiltzailearen ordezko subjektu pasibotzat hartuko da higiezinen jabea.
7. artikulua.
2018ko tasak:
–Estolderia eta arazketa: 20,00 euro/urtea.
8. artikulua. Zerga-egitatearen udal jarduera hasten denean sortzen da tasa eta hura ordaintzeko beharra. Jarduera honelakoetan hasiko da:
a) Sarera lotzeko lizentziaren eskaera aurkezten den egunean, subjektu pasiboak espresuki egiten duenean.
b) Estolderiaren udal sarera lotzen den egunetik aitzina. Kasu honetan beti ordaindu beharko da tasa, kontuan hartu gabe sarera lotzeko baimena lortu den ala ez, eta kontuan hartu gabe baimena eskuratzeko tramitatu beharreko administrazio espedientea abiarazi den ala ez.
9. artikulua. Gorozkiak, euri-urak, ur beltzak eta hondakin urak hustu eta arazteko zerbitzuak nahitaezkoak dira toki entitateko finka guztietan, baldin eta horien fatxadak estolderia duten kale, plaza edo bide publikoetara ematen badu, eta sarearen eta finkaren artean ehun metrotik gorako tartea ez badago. Tasa beti kobratuko da, interesdunak sarera lotu ala ez.
10. artikulua. Tasa honen kuotak uraren hornidura eta kontsumoaren ordainagiriek dituzten epe beretan likidatu eta bilduko dira.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, ordenantza fiskal orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatua aplikatuko da.
Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartu eta ondorio juridiko osoak sortzeko, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
Iragarkiaren kodea: L1801767