59. ALDIZKARIA - 2018ko martxoaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

20E/2018 FORU AGINDUA, martxoaren 6koa, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak emana, “Udal esparruan euskara erabiltzeko eta sustatzeko 2018ko laguntzak” izeneko diru-laguntzaren deialdia onesten duena.

Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen helburuak garatzeko, eta Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna berresteko tresnan onartutako konpromisoak betez, foru agindu honek udal esparruan euskara erabili eta sustatzeko programak egitea sustatzen du.

Deialdi honen xedea da oinarriak ezartzea, toki entitateek proposatutako jarduketa programei, 2017ko azaroaren 1etik 2018ko urriaren 31ra bitartekoei, laguntzak emateko. Programa horiek bat etorriko dira Nafarroako Gobernuak 2017ko urtarrilaren 25ean onetsitako Euskararen I. Plan Estrategikoan (2016-2019) bildutako ekintzekin, eta haien helburu berariazkoa euskararen erabilera eta sustapena izanen da, plan horretan definituta dauden bezala:

–Erabilera soziala: euskararen erabilera areagotzea, euskal hiztunei erraztasunak emanez euskara gizartearen esparru guztietan erabiltzeko eta euskararen erabilera erraztuz.

–Hiztun berriak: euskal hiztunen kopurua handitzea, eta, horretarako, haurrak nahiz helduak euskalduntzeko prozesua Nafarroa osoan eta ahal diren baldintza onenetan bete dadin bermatzea.

–Zerbitzu publikoak: administrazio publikoei gaitasuna ematea zerbitzuak euskaraz emateko, eta zerbitzu publikoetan euskarazko eskaintza handitzea.

–Izen ona eta erakargarritasuna: euskara gizartearen balio positiboekin lotzea, horiek betirako finkatuz.

Aipatutako eperako deialdia I. eranskinean jasotako oinarriek arautuko dute, eta gehienez ere 700.000,00 euroko zenbatekoa izanen du atxikia. 2018ko gastu aurrekontuko “Udal esparruan euskara garatzeko laguntzen Programa” izeneko B30002 B3200 4609 334100 partidaren kargura ordainduko da.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailearen aldeko txostena dago, eta administrazio publikoko arlo juridikoko teknikariaren eta Kontu-hartzailetza Delegatuaren adostasuna.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz.

AGINDU DUT:

1. Toki entitateei euskara erabiltzeko eta sustatzeko diru-laguntzak emateko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jaso direnak, onestea.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimendu dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B30002-B3200-4609-334100: Udal esparruan euskara garatzeko laguntzen programa

2018

700.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu hau eta eranskinak igortzea Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatura, aipaturiko departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Ekonomia Aferetarako Bulegora, Euskarabideko Programen Bulegora eta Diru-laguntzen Datu-base Nazionalera, behar diren ondorioak izan ditzaten.

6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2018ko martxoaren 6an.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1.–Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da oinarriak ezartzea 2017ko azaroaren 1etik 2018ko urriaren 31ra bitarte toki entitateek euskara sustatu eta erabiltzeko egiten dituzten programazioak finantzatzeko laguntzak emateko.

2.–Modalitatea eta aurrekontua.

2.1. Deialdi honek modalitate hauek ditu:

a) A modalitatea: toki entitate eskatzailearen eskumen esparruan egindako programak. Honetarako aurrekontu zuzkidura 400.000 eurokoa da.

b) B modalitatea: zenbait toki entitatek batera egindako programak. Honetarako aurrekontu zuzkidura 200.000 eurokoa da. Zenbateko horretatik 50.000 euro esleituko zaizkio balorazio onena jasotzen duen programari, eta 150.000 euro gainerako programen artean banatuko dira.

c) C modalitatea: euskara zerbitzu tekniko berriak sortu eta finkatzea. Honetarako aurrekontu zuzkidura 100.000 eurokoa da.

2.2. Laguntzak 2018ko gastu aurrekontuko “Udal esparruan euskara garatzeko laguntzen programa” izeneko B30002 B3200 4609 334100 partidaren kargura finantzatuko dira, eta gehienez ere 700.000 euroko zuzkidura izanen dute, aurrekontu aldaketen ondorioz gorabeherak gertatzea baztertu gabe.

2.3. Deialdiaren B edo C modalitateetako programen zuzkidura ekonomikoa ahitzen ez bada, A modalitateko zuzkidura ekonomikoari gehituko zaio, deialdi honen 10. oinarrian ezarritako balorazio irizpideekin bat.

3.–Entitate onuradunak.

3.1. Onuradunak izan daitezke udal esparruan euskara erabili eta sustatzearen aldeko programak onartu eta garatzen dituzten toki entitateak.

3.2. Euskara zerbitzuak emateko mankomunitateetan elkartuta dauden udalek banaka ere parte har dezakete deialdian, mankomunitate horren helburuak betetzen lagunduko duen programazio berariazkoa eta osagarria eginez.

4.–Betebeharrak.

4.1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

4.2. Toki entitate eskatzaileko organo eskudunak onetsitako programazioa aurkeztea. Dokumentazio hori deialdiaren 8. oinarrian ezarritakoari jarraikiz aurkeztuko da, oinarri horretan aipatzen diren eranskinak erabiliz.

4.3. Programazioa bat etorriko da Nafarroako legeria indardunarekin eta hura beteko du ondorio guztietarako.

4.4. Programazioa egin eta koordinatzen duten langileek bete beharreko eskakizun teknikoak.

4.4.1. Eremu euskalduneko eta ekainaren 27ko 9/2017 Foru Legea onetsi baino lehenagoko eremu mistoko toki entitateetan gutxienez titulazio hau duen teknikari edo hautetsi batek prestatu eta garatuko du programazioa:

a) Diplomatura edo gradu bat.

b) EGA titulua edo baliokidea.

4.4.2. Eremu erdalduneko toki entitateetan eta eremu mistoan ekainaren 27ko 9/2017 Foru Legearen bidez sartutakoetan, berriz, diploma edo gradua duen teknikari edo hautetsi batek bete dezake lan hori.

4.5. Deialdi honen C modalitatearen babesean kontratatzen den pertsonak 4.4.1 puntuan ezarritako profila bete beharko du.

5.–Programazioaren edukiak eta jarduera diruz lagungarriak.

Jarduketa programak bat etorriko dira Nafarroako Gobernuaren Euskararen I. Plan Estrategikoan (2016-2019) bildutako ekintzekin, eta haien helburu berariazkoa euskararen erabilera eta sustapena izanen da, plan horretan definituta dauden bezala.

Jarduerak onartzeko, kontuan hartuko da toki entitate eskatzailearen hizkuntz eremua (euskalduna, mistoa edo erdalduna); horrez gain, ekainaren 27ko 9/2017 Foru Legearen bidez eremu mistoan sartu berriak diren ere aintzat hartuko da.

5.1. Programak multzotan banatuko dira, A, B eta C modalitateen arabera.

5.1.1. A modalitateko programak:

Euskara bizitza kulturalean eta sozialean sustatu eta erabiltzeko programak, toki entitateek banaka egindakoak; horien barnean honakoak:

a) Gizarte eta kultura arloko jardueren programa.

b) Errotulazio eta argitalpen programa.

c) Tailerren, edo prestakuntza ikastaroen programa.

a) Gizarte eta kultur arloko jardueren programa: zinema, antzerkia, literatura sariketak, ipuin-kontalariak, hitzaldiak, 4 orduz beherako ikastaroak edo tailerrak, bertsolaritza, euskara ikasteko laguntzak eta euskarazko udalekuetarako bekak, erakusketak eta musika emanaldiak.

Musika emanaldietarako laguntzak ondoko baldintza hauek zuzenduko dituzte:

–Eremu euskalduneko herrietan diruz lagunduko dira, bakar-bakarrik, nagusiki kantu emanaldiak diren musika jarduerak, salbu eta herriko festetan egiten direnak.

–Eremu mistoko herrietan diruz lagunduko dira nagusiki kantu emanaldiak diren musika jarduerak eta kontzertuak, salbu eta herriko festetan egiten direnak.

–Eremu erdalduneko herrietan eta eremu mistoan ekainaren 27ko 9/2017 Foru Legearen bidez sartutako udalerrietan, diruz lagunduko dira nagusiki kantu emanaldiak diren musika jarduerak, kontzertuak eta musika instrumentala, salbu eta herriko festetan egiten direnak.

b) Errotulazio eta argitalpen programa, jarduera hauekin: errotulazioa (kaleak, bideak, eraikinak, bulegoak eta antzekoak) argitalpen inprimatuak (udal buletinak, afixak, egutegiak eta agendak, esku-orriak eta antzekoak); horrez gain, ikerlanak eta zabalkunde lanak, paperezkoak nahiz ikus-entzunezkoak.

Laguntzak ondoko baldintza hauek zuzenduko dituzte:

–Eremu euskalduneko herrietan ikerlanen eta zabalkunde lanen argitalpena baizik ez da diruz lagunduko, paperezko formatuan nahiz ikus-entzunezkoan.

–Eremu mistoko herrietan diruz lagunduko dira errotulazioa eta udal buletinen, afixen eta esku-orrien paperezko argitalpenak (euskararen eguna eta antzekoak); horrez gain, ikerlanak eta zabalkunde lanak, paperezko formatuan nahiz ikus-entzunezkoan.

–Eremu erdalduneko herrietan eta eremu mistoan ekainaren 27ko 9/2017 Foru Legearen bidez sartutako udalerrietan, aurreko atalean aipatutako jarduera guztiak diruz lagunduko dira, herriko festetan egiten direnak barne.

Ele biko argitalpenetan diruz lagunduko den gastua argitalpenean erabilitako euskararen portzentajearen arabera kalkulatuko da.

c) Entitateak antolatutako tailerren edo prestakuntza ikastaroen programa, gutxienez 4 ordukoak eta euskara erabiltzeko berariaz diseinatuak: ludotekak, udalekuak, mintzakide edo solaslaguna programak eta antzekoak.

Ludoteken eta udalekuen balorazioan kontuan hartuko da antolatutako taldeetako bakoitza; mintzakide edo solaslaguna programa, aldiz, unitate bakar bat bezala baloratuko da.

5.1.2. B modalitateko programak.

Euskara bizitza kulturalean eta sozialean sustatu eta erabiltzeko programak, aurreko puntuan jasotakoak, gutxienez zazpi toki entitatek batera egindakoak.

5.1.3. C modalitateko programa.

Nafarroako Gobernuaren Euskararen I. Plan Estrategikoan (2016-2019) oinarrituta, euskara zerbitzu teknikoak sortu eta sendotzeko programak.

5.2. Programan sartutako jardueren deskribapenean, A edo B modalitatekoak diren argi bereiziko da, eta gutxienez ere atal hauek zehaztuko dira: helburua, modalitatea (kalkulu orrian dagokiona hautatuko da), programatutako jarduera, gauzatzeko tokia eta eguna, pertsona arduraduna (edo udal saila), ebaluazio adierazlea (zenbakiz neurtzeko modukoa) eta aurreikusitako gastu eta sarreren aurrekontua.

5.3. Hurrengoak deialdi honetatik kanpo geldituko dira:

a. Ez dira diruz lagungarriak izanen entitate eskatzailearen kultur jarduera edo aisialdiko jarduera normalizatuak.

b. Toki entitateek Nafarroako Gobernuaren erabateko eskumenekoak diren eremuetan egindako jarduerak, ekintzak edo kanpainak.

c. Ikastetxeen curriculumeko ordutegian egindako jarduerak.

d. Toki entitateez kanpoko elkarteek edo erakundeek antolatutako jarduerak.

e. Entitate pribatuekiko hitzarmenak.

f. Ekitaldi gastronomikoak eta antzekoak.

g. Kirol jarduera erregularizatuak.

h. Toki entitateak pertsona edo erakundeentzat eskaintzen dituen diru-laguntzak, salbu eta euskara ikasteko eta udalekuetarako bekak.

i. Komunikabideetako publizitatea.

j. Argitalpenen harpidetzak, salbu eta dohainik banatzeko erosten badira.

k. Antzeko ezaugarriak dituzten beste batzuk.

5.4. Plantillako langileek beren eginkizunak betetzeagatik jasotzen dituzten lansariei dagokiena ez da gastutzat hartuko, salbu eta C modalitatean.

5.5. Programetan genero berdintasuna sustatuko da edukien diseinu eta garapenean, hizkera ez sexista erabiliko da eta emakumeen eta gizonen irudi ez-estereotipatua.

Toki entitateek antolatutako jardueretan gizonen eta emakumeen parte-hartzearen berri izateko, tailerretako parte-hartzeari buruzko datuak sexuaren arabera zehaztuko dira justifikatzeko fasean, berdintasun irizpideak betetzeko.

6.–Euskararen erabilera.

6.1. Deialdi honen babesean egiten diren jarduerak euskaraz eginen dira, eta, hizkuntzaren araudiari eta erabilera zuzenari dagokienez, Euskaltzaindiak ezarritakoa beteko dute.

6.2. Salbuespen gisa, gaztelaniaz egiten ahalko dira erdaldunei zuzendutako jarduerak, jarrera positiboak sustatzen dituztenak.

7.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

7.1. Eskaerak eta aurkeztu beharreko dokumentu guztiak telematika bidez aurkeztu beharko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoko fitxa erabiliz: www.navarra.es/Udal eremuan euskara erabiltzeko eta sustatzeko 2018. urteko diru-laguntzak.

7.2. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

7.3. Diru-laguntzaren eskaera oso-osorik beteta ez badago, edo nahitaez aurkeztu beharreko dokumentazioa erantsi ezean, pertsona edo entitate eskatzaileari akatsa zuzentzeko eskatuko zaio. Horretarako, gehienez ere 10 egun balioduneko epea emanen zaio, zuzentzeko errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik hasita. Hala egiten ez badu, eskaerari uko egin diola ulertuko da, eta espedientea artxibatu eginen da, egoera deklaratzen duen ebazpena eman ondoren.

7.4. Ezinbestekoa da gaitutako helbide elektroniko bat izatea; Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da.

8.–Dokumentazioa.

8.1. Laguntzaren eskaera (II. eranskina), Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogokoa: www.navarra.es/Udal eremuan euskara erabiltzeko eta sustatzeko 2018. urteko diru-laguntzak.

8.2. Programazioa, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogotik deskargatuko den kalkulu orriaren formatuko ereduaren araberakoa: www.navarra.es/Udal eremuan euskara erabiltzeko eta sustatzeko 2018. urteko diru-laguntzak.

8.3. Toki entitateko idazkariak emandako ziurtagiria, organo eskudunak programazioa onesteko hartutako erabakiari buruzkoa eta programazio hori 4.4 oinarrian jasotako zehaztapenen arabera koordinatuta dagoela adierazten duena. Horrez gain, kasua bada, sortu edo sendotu beharreko euskara zerbitzu teknikoetako langileen kontratazioak ere jasoko ditu, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoko eranskinean (IV. eranskina): www.navarra.es/Udal eremuan euskara erabiltzeko eta sustatzeko 2018. urteko diru-laguntzak.

8.5. Euskara zerbitzuak emateko mankomunitateetan elkartuta dauden udalek, beren toki esparrurako programazio berariazkoa aurkezten badute, mankomunitate horretako idazkariaren ziurtagiri bat ere aurkeztu beharko dute, programazio hori osagarria dela eta mankomunitatearen helburuak betetzen laguntzen duela frogatzeko; ziurtagiri hori Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoko eranskinaren bidez aurkeztuko da (V. eranskina): www.navarra.es/Udal eremuan euskara erabiltzeko eta sustatzeko 2018. urteko diru-laguntzak.

8.6. Gardentasuna (VI. eranskina), Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogokoa: www.navarra.es/Udal eremuan euskara erabiltzeko eta sustatzeko 2018. urteko diru-laguntzak.

Entitate onuradunek Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasun betebeharra bete beharko dute (betebehar hori irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan arautu zen) Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura diru-laguntzak eskuratzen dituztenean eta ondoko bi egoerak gertatzen direnean:

a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren urteko negozio-zifraren edo aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako negozio-zifra edo urteko aurrekontua honako hauen arteko txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu exekutatua.

b) Hala badagokio, diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra.

Aurreko kasuetan egon ez eta, beraz, gardentasunaren adierazpenik aurkeztera behartuta ez daudenek hala adierazi beharko dute VI. eranskina betez.

9.–Prozeduraren instrukzioa.

9.1. Prozeduraren instrukzioa Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuari dagokio, zeina Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen artikuluetan ezarritakoarekin bat arituko baita.

9.2. Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio diruz lagundutako programaren garapenean gertatutako edozein gorabehera, eta edozein aldaketa egiteko zerbitzu horren adostasuna beharko da aldez aurretik.

10.–Balorazio irizpideak.

Programak baloratzeko, esparru hauek hartuko dira kontuan:

10.1. A modalitateko programak. Atal honetako gehieneko puntuazioa 100 puntukoa izanen da, honela banatuta:

10.1.1. Gizarte eta kultura esparruko jardueren programa. Gehieneko puntuazioa 35 puntukoa izanen da eta irizpide hauek hartuko dira kontuan jarduerak baloratzeko:

–500 euro arteko gastua, puntu bat.

–501etik 1.000 euro arteko gastua, 2 puntu.

–1.001etik 2.000 euro arteko gastua, 3 puntu.

–2.001etik 3.000 euro arteko gastua, 4 puntu.

–3.001 eurotik gorako gastua, 5 puntu.

10.1.2. Euskarazko argitalpenen eta errotulazioaren programa. Gehieneko puntuazioa 5 puntukoa izanen da eta irizpide hauek hartuko dira kontuan jarduerak baloratzeko:

–500 euro arteko gastua, puntu bat.

–501etik 1.000 euro arteko gastua, 2 puntu.

–1.001etik 2.000 euro arteko gastua, 3 puntu.

–2.001etik 3.000 euro arteko gastua, 4 puntu.

–3.001 eurotik gorako gastua, 5 puntu.

10.1.3. Euskaraz emandako tailerrena, edo prestakuntza ikastaroen programa. Gehieneko puntuazioa 60 puntukoa izanen da eta irizpide hauek hartuko dira kontuan jarduerak baloratzeko:

–4 ordutik 20 ordura bitartekoak eta 1.000 euroko gastua gehienez, 5 puntu.

–21 ordutik 60 ordura bitartekoak eta 1.001etik 3.000 euro arteko gastua, 10 puntu.

–61 ordutik gorakoak eta 3.001 eurotik gorako gastua, 15 puntu.

10.2. B modalitateko programak.

Gehieneko puntuazioa 100 puntukoa izanen da eta irizpide hauek hartuko dira kontuan jarduerak baloratzeko:

Parte hartzen duten toki entitateen kopurua, 10 puntu gehienez ere.

–7 toki entitatetik 15era bitarte, 5 puntu.

–16 toki entitate baino gehiago: 10 puntu.

b) 40 puntu emanen zaizkio onartutako aurrekontu altuena duen programari, eta gainerakoei puntuak onartutako aurrekontuarekin proportzioan esleituko zaizkie.

c) Programen kalitatea: 10 puntu gehienez ere.

–Programen diseinua: euskarri grafikoak, edukiak eta programatutako jarduerak, gehienez ere 5 puntu.

–Programen zabalkundea, ale kopurua, argitaratutako eskuorriak eta aldizkariak, web orriak izandako bisita kopurua; gehienez ere 5 puntu.

d) 40 puntu emanen zaizkie euskararen ahozko erabilera aktibatzeko helburua duten eta Nafarroako hizkuntz eremu guztietan ezarrita dauden programei. Helburu hori Euskararen I. Plan Estrategikoaren (2016-2019) lehen ardatzean jasota dago.

10.3. C modalitateko programa. Nafarroako Gobernuaren Euskararen I. Plan Estrategikoan (2016-2019) oinarrituta sortzen edo sendotzen diren euskara zerbitzuetako teknikarien gastu onartua hartuko da kontuan.

11.–Laguntzaren zenbatekoa.

Laguntzaren zenbatekoa ez da izanen ezein modalitatetan onartutako aurrekontuaren %85etik gorakoa, salbu eta B modalitatean baloraziorik onena jasotzen duen programa, 2.1 oinarrian ezarritako zenbateko osoa emanen baitzaio, programaren defizit onartua gainditu gabe betiere.

a) A modalitatea: atal honetarako ezarritako zenbatekoa lortutako puntuen proportzioan banatuko da.

b) B modalitatea: programa honetarako ezarritako zenbatekoa lortutako puntuen proportzioan banatuko da, eta ondoren onartutako gastuaren arabera esleituko zaie onuradunei.

d) C modalitatea: modalitate honetarako ezarritako zenbatekoa B mailako euskara teknikariak kontratatzeak eragindako gastuari dagokiona izanen da, kontratazioaren egunetik aurrerakoari; nomina eta Gizarte Segurantzaren enpresa kuota hartuko dira, eta ez dira diruz lagunduko kontratua amaitzeagatik kontratatuari legozkiokeen kalte-ordainak. Atal honetan ezarritako zenbatekoa aski ez bada diru-laguntzaren portzentaje horretara iristeko, proportzioan emanen da, onartutako aurrekontuan oinarrituta.

12.–Baloraziorako batzorde teknikoa.

12.1. Baloraziorako batzorde tekniko bat eratuko da deialdi honen baldintzak betetzen dituzten eskaerak aztertu eta baloratzeko.

12.2. Batzorde horren kide izanen dira:

a) Batzordeko burua: Hizkuntza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria, edo berak eskuordetzen duena.

b) Batzordeko kideak:

–Euskara Sustatzeko Ataleko burua, edo berak eskuordetzen duena.

–Plangintza eta Azterlan Ataleko burua, edo hark eskuordetzen duena.

–Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusia ordezkatzen duen pertsona bat.

c) Plangintza eta Azterlan Ataleko teknikari bat, idazkari lanetan arituko dena, hitza eta botoa dituela.

12.3. Baloraziorako Batzorde Teknikoak esleituak ditu eskaeren gaineko txostena eta balorazioa egiteko eginkizunak, betiere deialdi honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat. Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak eskaturik, kanpoko adituengana jotzen ahalko da, aurkeztutako eskaerak hobeki baloratzearren.

13.–Ebazpen proposamena.

Baloraziorako Batzorde Teknikoak eskaerak baloratuko ditu, eta Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuari igorriko dizkio bere jarduketak jasotzen dituzten aktak; zerbitzu horrek ebazpen proposamena aurkeztuko dio Euskarabideko zuzendari kudeatzaileari.

Proposamen horretan adierazita egonen da zein eskatzaile proposatzen diren laguntzak emateko eta laguntzen zenbatekoa, balorazioa ezarritako irizpideen arabera zehaztuta; horrekin batera, onartutako programa eta jarduerak azalduko dira, bai eta ezetsitako eskaerak ere, arrazoia barne.

14.–Ebazpena.

Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak ebazpen bat emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita hiru hilabeteko epean, laguntzak emateko. Epe hori bukatutakoan ebazpen espresurik eman ez bada, eskaerak ezetsi egin direla ulertuko da.

15.–Argitalpena.

Euskarabideak Nafarroako Gobernuko atarian eta bere web orrian (http://euskarabidea.eus) argitaratuko du deialdi honen ebazpena, eta bertan azalduko dira laguntza hauen onuradun diren toki entitateen zerrenda, bakoitzari ordaindu beharreko dirua eta baztertu diren entitateen zerrenda, halakorik bada, baztertzeko arrazoiak barne.

16.–Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Diru-laguntza hauek bateragarriak dira xede bererako jaso daitezkeen beste diru-laguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuekin. Halere, diru-laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, sarrera edo baliabideekin baturik, diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa.

17.–Diru-laguntzaren justifikazioa eta epeak.

17.1. Diru-laguntzaren onuradunak, behin diru-laguntza eman ondoren, beharturik egonen dira jasotako funtsak ze helburutarako eman ziren, horretan erabiltzera, eskaeran aurkeztutako proiektuarekin bat. Euskarabideak egiaztatzen ahalko du diruz lagundutako proiektuak gauzatu diren.

17.2. 2017ko azaroaren 1etik 2018ko urriaren 31ra egindako jarduerak eta haiei dagozkien gastuak onartuko dira.

17.3. Programetako gastuak frogatzeko dokumentazioa Euskarabidean aurkezteko epea 2018ko azaroaren 15ean amaituko da, eta egun horretara bitarte ordaindutako fakturak onartuko dira.

Dokumentazioa laguntzak emateko ebazpenarekin bat eta proiektuan adierazitako moduan aurkeztuko da.

18.–Diru-laguntza justifikatzeko dokumentazioa.

18.1. Kalkulu orria, toki entitate bakoitzera igorriko dena bete dezan, eskatutako datuak biltzeko (VII. eranskina).

A eta B modalitateetako programetarako, gastuei, sarrerei eta balorazioari buruzko datuak, eremu hauekin: jarduera, aurrekontua, faktura edo antzekoa jaulki zen data, hartzekodunaren identifikazioa eta faktura zenbakia, ordaindutako zenbatekoa, ordainketa data, beste instituzio publiko batzuen diru-laguntza, beste sarrera batzuk, sarrera data, ebaluazioa / tailerretan parte hartu duten pertsonen kopurua, sexuaren arabera zehaztuta, eta sortutako materiala.

C modalitateko programarako, kalkulu orrian zehaztuko dira euskara teknikarien nominaren kontzeptuan egindako ordainketak.

18.2. Idazkariaren ziurtagiria, diru-laguntza zertarako eman zen, helburu hori bete dela frogatzen duena, bai eta kalkulu orrian aurkeztutako datuak ere, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoko VIII. eranskinean: www.navarra.es/Udal eremuan euskara erabiltzeko eta sustatzeko 2018. urteko diru-laguntzak.

18.3. Baliabide eta material guztien lagin bana, paperean edo euskarri digitalean, eta, argitaratutako liburuen kasuan, bina ale.

19.–Diru-laguntza ordaintzea.

19.1. Organo kudeatzaileak 18. oinarrian eskatzen den dokumentazioa aztertu ondoren ordainduko da laguntzen zenbatekoa. Balorazio irizpideekin bat modu egokian gauzatutako programei osorik ordainduko zaie laguntzak ematean ezarritako zenbatekoa.

19.2. Balorazio irizpideekin bat egin ez diren programen zenbatekoa proportzioan gutxituko da.

19.3. Deialdi honen indarraldian, proiektu bererako beste diru-laguntza bat ematen bazaio, toki entitateak deialdiaren organo kudeatzaileari jakinarazi beharko dio. Horren harian, diru-laguntza gutxitu eginen da baldin eta haren zenbatekoa, bakarrik edo beste administrazio edo ente publiko edo pribatu batzuek emandakoekin batera, diruz lagundutako jardueraren kostu osoa baino handiagoa bada.

20.–Oinarriak ez betetzea, itzulketak eta arau-hausteak.

20.1. Entitate onuradunak ez badu modu egokian justifikatzen programak egin izana, ez-betetze arintzat joko dira irregulartasun formalei dagozkienak; halakoetan, dirua partez itzuli beharra etorriko da, edo ordainketa partzialik ez egitea, ez-betetzearen muntaren arabera. Ez-betetze astuntzat joko dira, berriz, funtsezko kontuei dagozkienak; halakoetan, arau orokor gisa, dirua osorik itzuli beharko da, edo ez da deus ere ordainduko. Kasu batean nahiz bestean berandutze-interesak eskatzen ahalko dira, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako kasuetan. Baloraziorako Batzordeak mailakatzea egiteko komenigarriak iruditzen zaizkion irizpideak ezartzen ahalko ditu.

20.2. Arau-hauste eta zehapenetarako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

21.–Beste betebehar batzuk.

21.1. Entitate onuradunek Nafarroako Gobernuak, laguntzen fiskalizazio eta xedearen kontrol eginkizunak betetzeko, eskatzen dien informazio guztia eman beharra dute.

21.2. Programa egiteko hornitzaileen kontratazioa 12.000 eurotik goitikoa bada, toki entitateak frogatu beharko du kontratazio hori efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz egin dela, salbu eta, gastuaren ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina entitate ez badago, edo gastua egin bada diru-laguntza eskatu baino lehen.

22.–Emandako laguntzen publizitatea.

Idatzizko eta ahozko publizitate eta zabalkundeetan, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere, onuradunak Nafarroako Gobernuaren eta Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren parte-hartzearen berri emanen du. Diru-laguntzaren ebazpena jakinarazten denetik aurrera egiten diren publizitate eta zabalkunde jardueretan soilik eskatzen ahalko da betebehar hori. Aipamen hori Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuaren jarraibideekin bat eginen da (http://www.navarra.es/home_eu/Gobierno+de+Navarra/Simbolo+oficial/), kasuan-kasuan aurreikusitako elementuen arabera, eta jarduerak irauten duen aldi guztian ere mantenduko da.

Euskarabideak, entitate titularrari jakinarazi eta harekin ados jarri ondoren, euskararen sustapenerako interes handiena duten jardueren zabalkundea egiten ahalko du.

23.–Interesdunei informazioa ematea.

Administrazio prozedura honi buruz kontsultak egin edo zalantzak argitzen ahalko dira Euskarabidean, bitarteko hauek erabiliz:

a) Euskarabidearen web orria (www.euskarabidea.eus).

b) Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuaren 848 426062 telefono zenbakia.

c) euskarabidea@navarra.es helbide elektronikoa.

d) Euskarabidearen bulegoak.

24.–Aplikatzekoa den legeria eta errekurtsoak.

24.1. Oinarri hauetan aurreikusirik ez dagoen guztia Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoak arautuko du, horren bidez ezarri baitzen Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen araubide juridiko orokorra, eta, bestetik, maiatzaren 23ko 25/2012 Foru Dekretuak, udal eremuan euskara erabiltzeko eta sustatzeko laguntzak arautzen dituenak.

24.2. Deialdi honen eta haren oinarrien aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iragarkiaren kodea: F1803396