1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
100/2018 EBAZPENA, martxoaren 1ekoa, Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez egiten baita nazioarteko mugikortasunerako unibertsitate programen laguntza osagarrien deialdia 2017-2018 ikasturterako.
Unibertsitateen Zerbitzuko zuzendariak txosten bat aurkeztu du eta bertan proposatu du 2017-2018 ikasturteko nazioarteko mugikortasunerako laguntza osagarrien deialdia onestea eta argitaratzea. Deialdia Espainiako unibertsitateek sustatzen dituzten nazioarteko mugikortasunerako programetan parte hartzen duten ikasleei zuzentzen zaie.
Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. 2017-2018 ikasturteko nazioarteko mugikortasunerako unibertsitate programen laguntza osagarrien deialdia onestea. Ebazpen honen eranskinean ageri da.
2. 230.000 euroko gehieneko gastua baimentzea, 2018ko aurrekontuko “Atzerriko Unibertsitateekin trukeak egitea: Erasmus eta beste batzuk” izeneko 411001-41210-4800-322300 partidaren kargura.
3. Ebazpen hau eta bere eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.
4. Ebazpen hau eta bere eranskina igortzea Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusiari, Nafarroako Unibertsitate Publikoari, Nafarroako Unibertsitateari, Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaileari, Unibertsitateen Atalari, Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari, Unibertsitateen Atalari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari eta Argibide Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzaten.
Iruñean, 2018ko martxoaren 1ean.–Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia, Nekane Oroz Bretón.
ERANSKINA
2017-18 ikasturteko nazioarteko mugikortasunerako unibertsitate programen laguntza osagarrien deialdia
OINARRIAK
1. Xedea.
Gaur egun, nazioarteko dimentsioaren garapena da unibertsitateko ikasketen gakoetako bat. Asmo horrekin, Espainiako unibertsitateek mugikortasunerako hainbat programa sustatzen dituzte, zenbait iturri publiko edo pribatutatik datozen funtsei eta baliabide propioei esker finantzatzen direnak. Deialdi honetan proposatzen diren laguntza osagarriak Nafarroako Gobernuak egiten duen ekarpen zuzena dira, Nafarroako unibertsitateetako ikasleen eta beste unibertsitateetako ikasle nafarren nazioarteko proiekzioa sustatzeko.
2. Laguntzen hartzaileak.
Laguntza hauek unibertsitateko ikasleek eskatzen ahalko dituzte, baldin eta Espainiako unibertsitateek nazioarteko mugikortasunerako sustatzen dituzten programetan parte hartzen badute eta deialdiaren baldintzak betetzen badituzte.
Laguntzak onuradunei ordainduko zaizkie zuzenean.
3. Laguntzen bateragarritasuna.
a) Onuradun bakoitzari emandako zenbateko osoa 100 euroko modulua aplikatzetik datorrena izanen da egonaldiko hilabete bakoitzeko, behar bezala frogaturik, eta gehienez ere bederatzi hilabeterako.
Jaso beharreko laguntza kalkulatzeko, beranduenez 2018ko azaroaren 30a hartuko da bukatzeko azkeneko eguntzat.
b) Deialdiari esleitutako aurrekontua 230.000 eurokoa da. 210.000 euro graduko ikasleek eskatutako laguntzetarako izanen dira, eta 20.000 euro masterreko ikasleek eskatutako laguntzetarako. Modalitate batean emandako laguntzen zenbatekoa modalitate horretarako aurreikusitakoa baino txikiagoa bada, gelditzen den dirua beste modalitatearen laguntzen zenbatekoari gehituko zaio.
c) Aurreko deialdietan laguntza hau izan duten eskatzaileek bigarren laguntza bat eskatzen ahalko dute, baldintza hauekin:
–Laguntzak emateko, aurrekontuan diru erabilgarria izan behar da, lehenbizikoz laguntza eskatzen duten graduko eta masterreko ikasleei laguntzak eman ondoren.
–Oinarri honen a) atalean ezarritako bederatzi hilabeteko gehieneko epea betetzeko gelditzen diren hilabeteen arabera kalkulatuko da bigarren laguntzaren zenbatekoa.
4. Eskatzaileek bete beharreko baldintzak.
a) Espainiako unibertsitate batean gradu edo master ofizialeko unibertsitate ikasketetan matrikulaturik egotea. Goi mailako arte eta musikako ikasketak ez daude sarturik.
b) Unibertsitateek sustatutako nazioarteko mugikortasunerako programa batean parte hartzea.
c) Egoera hauetako batean izatea:
–Nafarroan jaioa izatea.
–Nafarroan erroldaturik egon izana eskaera egunaren aurreko azken bi urteetan, gutxienez.
d) Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko eskatzen diren betebehar orokorrak betetzea.
5. Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.
Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Laguntzaren eskaera eta eskaturiko agiriak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko erregistro orokorrean aurkeztuko dira, edo Nafarroako Gobernuko erregistroko edozein bulegotan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako edozein tokitan, edo ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan aipatutako Nafarroako Foru Komunitateko erregistro orokor elektronikoan.
Hezkuntzaren Atarian, 17. oinarrian agertzen den web helbidean, dagoen inprimakia erabiliz ere aurkezten ahalko da eskaera.
Aipatutako urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatutakoaren arabera, eskaera behar bezala aurkezten ez bada, dela eskabidea gaizki bete delako, dela erantsi beharreko dokumentazioa osorik ez dagoelako, akatsen berri emanen zaio eskatzaileari, jakinarazi eta 10 eguneko epean zuzen ditzan. Horrela egin ezean, artxibatu eginen da espedientea, horretarako ebazpena eman ondoren betiere.
Deialdiaren 17. oinarrian agertzen den helbide elektronikoaren bidez ere egiten ahalko da zuzenketa.
6. Dokumentazioa:
a) Laguntza eskabidea, deialdiaren I. eranskineko ereduaren araberakoa. Eskabide hori “navarra.es” atariko tramiteen katalogotik jaisten ahalko da edo, bestela, Hezkuntzaren atarian dagoen inprimakia bete.
b) Diru-sarrera egiteko erabiliko den kontuaren IBAN zenbakia jasotzen duen zenbakia. Orobat, kontuaren titularra edo titularrak agertuko ditu. Nahitaezkoa da onuraduna kontuaren titular gisa agertzea, eta kontu hori irekita eduki behar da laguntza jaso arte.
c) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, bi aldeetatik egina.
d) Nafarroan jaio ez diren eskatzaileek erroldatze-agiri bat aurkeztuko dute, azken bi urteotan Nafarroan bizi izan direla frogatzeko.
e) Betebeharren a) eta b) atalak frogatzeko agiria:
1.–Nafarroako unibertsitate batean matrikulaturik dauden eskatzaileen kasuan, unibertsitateak berak ofizioz aurkeztuko du ziurtagiria.
2.–Beste unibertsitate batzuetan matrikulatuta dauden eskatzaileen kasuan, eskatzailea partaide duen truke programaren edo hitzarmenaren datuen ziurtagiria aurkeztuko dute: destinoko unibertsitatea eta egonaldiaren hasiera eta bukaera egunak.
f) Ikasketen ziurtagiria:
1.–Graduko ikasleentzat: 2016-2017 ikasturtean lortutako kalifikazioen frogagiria. Bertan agertu beharko dira egindako irakasgai guztiak, bakoitzari dagozkion kredituak eta ikasturte honetan erabilitako deialdietan eskuratutako kalifikazioak. Baliozko agiri gisa onartuko da ikasleak espedientea web bidez kontsultatzea, baldin eta bertan agertzen badira bere izena, NANa eta eskatutako datu guztiak.
2.–Masterreko ikasleentzat: masterra ikasteko aukera eman dien titulazioaren batez besteko nota eta titulazio horren irakasgai guztien kalifikazioak biltzen dituen agiria.
g) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzen dituela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena. Eskabidea aurkeztearen bidez frogatzen da aitorpen hori.
h) Nafarroatik kanpo dauden unibertsitateen ikasleen kasuan: erantzukizunpeko adierazpena, dioena bere unibertsitatea dagoen autonomia erkidegoan ez duela beste laguntza osagarri bat hartu nazioarteko mugikortasunerako programetarako. Eskabidea aurkeztearen bidez frogatzen da aitorpen hori.
i) Egonaldia eskaera aurkeztu baino lehen amaitu bada, “Egonaldiaren amaierako agiria” ere aurkeztuko da, behar bezala betea eta destinoko instituzioak zigilatua.
7. Laguntzak emateko irizpideak.
a) Laguntzak emateko ordena honako hau izanen da:
Lehenik, laguntza lehen aldiz eskatzen duten ikasleei emanen zaizkie laguntzak, gradukoak izan nahiz masterrekoak, 3.c klausulan adierazten den aurrekontua agortu arte.
Behin lehen aldiz eskatutako laguntzak eman ondoren aurrekontuan diru aski izanez gero, laguntza bigarren aldiz eskatzen duten masterreko ikasleei emanen zaizkie laguntzak, eta, azkenik, laguntza bigarren aldiz eskatzen duten graduko ikasleei.
b) Izangaien lehentasun ordena ikasketa espedienteen batez besteko notaren arabera ezarriko da.
Graduko ikasleentzat, 2016-2017 ikasturteko kalifikazioekin kalkulatuko da batez besteko nota.
Masterreko ikasleentzat, masterra ikasteko aukera eman dien titulazioaren batez besteko nota hartuko da kontuan.
c) Batez besteko nota Europako kreditu sistema eta unibertsitate tituluen kalifikazio sistema ezartzen duen irailaren 5eko 1125/2003 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat kalkulatuko da, kontuan hartu beharreko ohar hauekin:
1.–Zenbakizko kalifikaziorik ez dagoenean, eskuraturiko kalifikazioak honako baremo honi jarraikiz zenbatuko dira: ohorezko matrikula = 10 puntu; bikain = 9 puntu; oso ongi = 7,5 puntu; nahikoa = 5,5 puntu. “Gai” kalifikazioa duten irakasgaiak nahikoa batekin baloratuko dira.
2.–Kredituen arabera antolatutako ikasketa planak baldin badira, irakasgai bakoitza osatzen duten kreditu kopuruaren arabera emanen da puntuazioa. Batez besteko nota honela kalkulatuko da: kalifikaturiko kredituen batura, horietako bakoitza kasuko kalifikazioen balioarekin biderkaturik, zati kalifikaturiko kredituen kopuru osoa.
3.–Batez besteko notan berdinketa baldin badago, kalifikazio onenen arabera ezarriko da hurrenkera. Lehenik, lortutako ohorezko matrikulak hartuko dira kontuan; hala ere berdinketa hausten ez bada, bikain notak eta, hala, hurrenez hurren.
d) Deialdiko baldintzak bete bai baina aurrekontu faltagatik laguntzarik jasotzen ez dutenekin itxaron zerrenda bat eratuko da, honela ordenatua:
Lehenik, laguntza lehen aldiz eskatzen duten graduko ikasleak, gero laguntza lehen aldiz eskatzen duten masterreko ikasleak, gero laguntza bigarren aldiz eskatzen duten masterreko ikasleak, eta, azkenik, laguntza bigarren aldiz eskatzen duten graduko ikasleak. Talde bakoitzean, espedienteko batez besteko notaren arabera ezarriko da ordena.
8. Diru-laguntza emateko ebazpena.
Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez eman edo ukatuko dira laguntzak. Ebazpen horretan, onartutako laguntzetan bi zerrenda ezarriko dira:
Deialdiaren 9. oinarrian ezarri bezala beren egoitza justifikatu duten eta laguntza onarturik duten eskatzaileak egonen dira lehenbiziko zerrendan. Baldintzak bete arren hasiera batean deialdirako aurrekontua agortzeagatik diru-laguntzarik izanen ez duten eskatzaileak egonen dira bigarren zerrendan, hots, itxaron zerrendan. Hamahirugarren oinarrian ezarritako baldintzetan jaso dezakete laguntza itxaron zerrenda horretako eskatzaileek.
Laguntza onartzeko edo ukatzeko ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta “navarra.es” atarian argitaratuko da, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan ezarritako moduan jakinaraziko zaie interesdunei. Helbide elektronikoa eman duten interesdunei posta elektronikoaren bidez jakinaraziko zaie laguntza.
9. Onuradunen betebeharrak.
Egonaldia amaituta, laguntzen onuradunek “Egonaldiaren amaiera” izeneko agiria aurkeztu behar dute (deialdiaren II. eranskina), behar bezala beteta eta destinoko unibertsitateak zigilatuta. Agiri hori “navarra.es” atariko zerbitzuen katalogoan ere eskuratzen ahal da.
Azaroaren 30etik aurrera bukatzen diren egonaldien kasuan, agiria egun hori baino lehen aurkeztuko da, eta egun hori egonaldiaren azken eguntzat hartuko da laguntzaren justifikazioan eta ordainketan.
Agiria, laguntzak ordaintzeko ezinbesteko baldintza, Unibertsitateen Atalari zuzenduko zaio, eta Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko erregistroan aurkeztuko da, edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren bulegoetako batean. Orobat, deialdiaren 17. oinarrian agertzen den helbide elektronikoaren bidez aurkezten ahalko da.
10. Uko egiteak.
Laguntzen ukoak Unibertsitateen Atalari komunikatu beharko zaizkio. Aipatutako helbide elektronikoa erabiltzen ahalko da komunikazio bide gisa.
11. Ez-betetzeak.
Onartutako laguntza ez da honako kasu hauetan ordainduko:
a) Egonaldia ez egitea edo egin dela frogatzen duen “Egonaldiaren amaiera” agiria ez aurkeztea. Kasu horretan, ez da ordainduko laguntzaren zenbatekoa.
b) Eskatu eta onartutako egonaldia baino laburragoa egitea, egindako egonalditzat hartuta “Egonaldiaren amaiera” agirian agertzen dena. Kasu horretan, laguntzaren onuradunak agirian justifikatutako hilabeteei dagokien zenbatekoa jasoko du soilik, betiere kontuan hartuta justifikatutako egonaldia ezin dela azaroaren 30etik haratago joan.
12. Diru-laguntza ordaintzea.
Laguntzen onuradunek zenbateko osoa jasoko dute egonaldia amaitu ondoren.
Hiru epe ezartzen dira laguntzak ordaintzeko: 2018ko ekaina, iraila eta abendua. Data bakoitzean laguntza ordainduko zaie egonaldia hilabete hori baino lehen amaitu duten eta egonaldia gauzatu dela frogatzeko agiria aurkeztu duten onuradunei.
Egonaldia azaroaren 30etik aurrera bukatzen duten eskatzaileek laguntza jaso ahal izateko, egun hori baino lehen bidali beharko dute “Egonaldiaren amaiera” ziurtagiria.
Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez eginen da ordainketa.
13. Itxaron zerrenda.
Behin bi lehenbiziko ordainketaldietan onartutako laguntzak pagaturik aurrekontuan diru kopuru aski baldin badago onuradunek uko egiteagatik edo azkenik justifikatutako aldian doiketak egiteagatik, proposatuko da laguntza ordaintzeko hirugarren epean itxaron zerrendako onuradunei ordain dakiela laguntza, laguntzetarako aurrekontua agortu arte. Onuradunek “Egonaldiaren amaiera” izeneko agiriaren bidez justifikatuko dute egonaldia.
14. Laguntzen bateraezintasuna.
Laguntza hauek bateraezinak dira beste autonomia erkidegoek helburu bererako ematen dituzten laguntza osagarriekin.
15. Laguntzen araubide juridikoa.
Oinarri hauetan xedatuta ez dagoen orotan, arau-hausteen eta zehapenen araubidea barne, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.
Zehapen-prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean ezarririkoa izanen da.
16. Errekurtsoak.
Oinarrien eta horiek aplikatzeko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasirik hilabeteko epean.
17. Argibideak eta harremanak.
Edozein zalantza argitzeko, interesdunek honetara jotzen ahalko dute:
–Unibertsitateen Atala.
Hezkuntza Departamentua.
Santo Domingo kalea, zk.g. - 31001 Iruña (Nafarroa).
Telefonoak: 848 426078 - 848 426064.
Helbide elektronikoa: ensenanzas.universitarias@cfnavarra.es.
Eskabide-orria eta “Egonaldiaren amaiera” ziurtagiria Hezkuntza Departamentuko Argibide Bulegoan eta Unibertsitateen Atalean eskuratzen ahalko dira, baita atari hauetan ere:
http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/3673/Nazioarteko-mugikortasuneko-unibertsitate-programetarako-laguntza-osagarriak
https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/estudios-universitarios/becas
ERANSKINA
Eskabide-orria. Nazioarteko mugikortasunerako laguntza osagarriak (PDFa).
II. ERANSKINA
Certificate of attendance-Egonaldiaren ziurtagiria (PDFa).
Iragarkiaren kodea: F1803264