Iragarkia
57. ALDIZKARIA - 2018ko martxoaren 21a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
188/2018 EBAZPENA, martxoaren 5ekoa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako toki entitateei diru-laguntzak emateko deialdi bat onesten duena herrietako kontsultategiak eta kontsultategi lagungarriak eraberritu edo handitzeko 2018ko obrak finantzatzeko asmoz.
Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 34. artikuluko 2.b) puntuan ezartzen denaren arabera, udalen edo kontzejuen eskumena da herrietako kontsultategiak edo kontsultategi lagungarriak eraikitzea eta/edo birmoldatzea, Nafarroako Foru Komunitateko osasun planen eta jarraibideen barruan.
Halaber, foru lege horren 76.1 artikuluak osasun arloko eskumen horien finantzaketa finkatzen du, adierazten baitu Nafarroako Gobernuak urtero prestatu beharreko gastu aurrekontuen proiektuan agertuko direla Foru Administrazioari dagozkion osasun arloko programa eta jarduerak burutzeko behar diren partidak.
2018ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Kontsultategiak eraberritu edo handitzeko transferentziak” izeneko 547001-52300-7609-312802 partidak gastu horiek finantzatu nahi dizkie Nafarroako toki entitateei, kontsultategien titularrak baitira. 950.000 euroko zuzkidura du partidak.
Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuko buruak egin duen deialdiaren proposamena ikusirik, Osasun Departamentuko kontu-hartzailetza delegatuaren adostasunez, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 7. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. 950.000 euroko gastua baimentzea Nafarroako toki entitateei diru-laguntzak emateko, herrietako kontsultategiak eta kontsultategi lagungarriak eraberritu edo handitzeko 2018ko obrak finantzatzeko asmoz.
2. Nafarroako toki entitateei diru-laguntzak emateko deialdi bat onestea herrietako kontsultategiak eta kontsultategi lagungarriak eraberritu edo handitzeko 2018ko obrak finantzatzeko asmoz, bai eta deialdia arautuko duten eta ebazpen honen eranskinean agertzen diren oinarri arautzaileak ere.
3. Deialdi honetako diru-laguntzen gastua 2018ko Gastuen Aurrekontuetako “Kontsultategiak eraberritu edo handitzeko transferentziak” izeneko 547001-52300-7609-312802 partidari egoztea.
4. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.
5. Deialdiaren eta bere oinarri eta egintzen aurka toki entitateek, espedientean interesa izanik, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.
6. Ebazpen hau igortzea Osasun Departamentuko kontu-hartzailetza delegatuari, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzari, kudeatzaileari, Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuari, Zerbitzu Orokorren eta Mantentze-lanen Atalari eta Oinarrizko Osasun Laguntzako Kontabilitate-kudeaketaren eta Fakturazioaren Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2018ko martxoaren 5ean.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Óscar Moracho del Río.
NAFARROAKO TOKI ENTITATEEI DIRU-LAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK, HERRIETAKO KONTSULTATEGIAK ETA KONTSULTATEGI LAGUNGARRIAK ERABERRITU EDO HANDITZEKO 2018KO OBRAK FINANTZATZEKO ASMOZ
1.–Xedea.
Oinarri arautzaile hauek xede dute Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak Nafarroako toki entitateei diru-laguntza batzuk emateko aplikatu beharreko araudia ezartzea, hots, herrietako kontsultategiak eta kontsultategi lagungarriak eraberritu edo handitzeko 2018ko obrak finantzatzekoak. Diru-laguntza horiek 2018rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 20/2017 Foru Legean aurreikusi dira, “Kontsultategiak eraberritu edo handitzeko transferentziak” izeneko 547001-52300-7609-312802 partidan, eta horrek 950.000 euroko kreditua du.
2.–Jarduketa eremua eta helburua.
Diru-laguntzaren xedeko jarduketak Nafarroako toki entitateen eremuan gauzatuko dira, helburu honekin: eraikuntza obrak egitea, herrietako kontsultategi eta kontsultategi lagungarrien eraikinetako instalazioak handitzeko eta/edo eraberritzeko eta/edo egokitzeko eta/edo hobetzeko. Halaber, kontsultategia egungo kokapenetik lekualdatzeko edo kontsultategi berri bat ezartzeko eraikin batean egin beharreko eraberritze obrak egitea xede duten jarduketak sartzen dira. Eraikin berriak eraikitzea ez da sartzen deialdi honetan.
3.–Jarduketa diruz lagungarriak eta gastu diruz lagungarriak.
Honako hauek dira jarduketa diruz lagungarriak:
–Kontsultategia handitzeko obrak: kontsultategia dagoen eraikinean edo horri erantsita eremu berria eraikitzeko obrak.
–Kontsultategia eraberritzeko obrak: kontsultategia dagoen eraikinean edo osasun-etxea lekualdatu edo ezarriko den eraikinean jada dagoen eremu bat eraberritzeko eta/edo birmoldatzeko obrak.
–Kontsultategia handitzeko eta eraberritzeko obrak: aurreko azpiataletako definizioak biltzen dituzten obrak.
–Halaber, deialdian sartzen ahalko dira kontsultategia dagoen eraikineko instalazioak egokitzeko eta/edo hobetzeko jarduketa txiki hauek ere, kontsultategia handitzeko eta/edo eraberritzeko obra egiten ez bada (kasu horretan, dagokion atalean sartuko lirateke): egiturazko segurtasuna, berokuntza instalazioa, elektrizitate instalazioa, iturgintza eta saneamendu instalazioa, arkitektura oztopoak kentzea, estalkiak, fatxadak eta kanpoko arotzeria, betiere mantentze-lantzat sailkaturik ez badaude.
Diruz lagungarritzat jotzen dira kontsultategiak handitzearekin eta/edo eraberritzearekin eta/edo egokitzearekin eta/edo hobetzearekin zerikusia duten gastu guztiak (obra proiektua idaztea, azterketa geoteknikoa, segurtasunaren eta osasunaren azterlana, segurtasunaren eta osasunaren koordinazioa proiektu fasean, obraren zuzendaritza fakultatiboa eta segurtasunaren eta osasunaren koordinazioa gauzatze fasean, obrak, zergak, baimenak eta argindarraren hargunea eta lotunea). Ez dira sartzen lursailen urbanizazio gastuak.
4.–Onuradunak.
Nafarroako toki entitateek eskuratzen ahal dituzte deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak.
5.–Eskaeren aurkezpena.
5.1. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.
Eskaerak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Toki entitateek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren erregistroan (Armada etorbidea, 2; 31002 Iruña) aurkezten ahalko dituzte proposamenak, edo, bestela, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren edozein bulegotan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitako gainerako erregistro eta bulegoetan, edo Nafarroako Gobernuaren erregistro orokor elektronikoan. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzara zuzenduko dira.
Diru-laguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.
5.2. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Eskabideak toki entitatearen legezko ordezkariak (udaleko alkateak, kontzejuko buruak, etab.) sinaturik aurkeztu beharko dira Nafarroako Gobernuaren eskabide orokorraren ereduaren arabera (www.navarra.es/nr/rdonlyres/17735409-f433-4066-9ffd-07d7ef7d9925/0/instanciageneral.pdf), eta haiekin batera agiri hauek:
–Zein jarduketatarako eskatzen den diru-laguntza, haren zenbatekoa eta haren helburua.
–Kontsultategia handitu eta/edo eraberritu eta/edo egokitu beharra arrazoitzen duen txostena.
–Dokumentazio tekniko eta ekonomikoa: agiri hauetariko edozein, non zenbatekoa agertuko baita, honako hauek barne: proiektu kostuak, segurtasun azterlana, obra zuzendaritza, segurtasunaren koordinazioa eta gainerako gastu diruz lagungarriak:
- Lokalak eraiki edo egokitzeko aurreproiektua, behar bezala baloratua.
- Memoria tekniko baloratua.
- Enpresa eraikitzailearen aurrekontua.
Handitzeko eta/edo eraberritzeko obren kasuan, eraikinean egin beharreko azalera berriaren metro koadro eraikiak ere adierazi beharko dira, eta/edo eraberritze obrak ukitutako azaleraren metro koadroak.
–Erantzukizunpeko adierazpena, non adieraziko baita jarduketen xedeko eraikinean osasun kontsultategia dagoela (bera bakarrik, edo bera eta beste bulego batzuk).
Kontsultategia dagoen eraikinean osasun arlokoak ez diren beste bulego batzuk badaude eta diru-laguntzaren xedeko jarduketak gainerako bulegoak ere ukitzen baditu, jarduketak guztira ukitzen dituen azaleraren metro koadroak eta osasun kontsultategiari soilik dagozkion metro koadroak adierazi beharko dira.
Kontsultategia horretarako berariazko eraikin batean badago eta diru-laguntzaren xedeko jarduketak, osasun kontsultategiaren eremua ez ezik, eraikinaren gainerako zatia ere ukitzen badu, jarduketak guztira ukitzen dituen azaleraren metro koadroak eta osasun kontsultategiari soilik dagozkion metro koadroak adierazi beharko dira.
5.3. Eskaerako akatsak zuzentzea.
Diru-laguntzaren eskaerak ez baditu adierazitako baldintzak betetzen, beharrezko dokumentuak gehitu ez badira edo eskaera baloratzeko alegatu diren funtsezko alderdiak ez badira behar adina frogatu, akatsa zuzentzeko eskatuko zaio toki entitate interesdunari; horretarako, hamar egun natural emanen dira, gehienez ere, jakinarazpenaren biharamunetik aitzina, eta ohartaraziko zaio zuzenketarik egin ezean eskaerari uko egindakotzat hartuko dela; hala gertatuz gero, espedientea artxibatzeko ebazpena egin eta jakinaraziko zaio.
6.–Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak.
Balorazio batzorde bat eratzen da, instrukzio organo gisa. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako kudeatzailea batzordeburua izanen da, eta Nafarroako Iparraldeko, Nafarroako Ekialdeko, Lizarrako eta Tuterako eremuetako Oinarrizko Osasun Laguntzaren eta Laguntzaren Jarraitutasunerako zuzendariordeak eta zerbitzuburuak arituko dira batzordekide.
Deialdi honetan ezarritako ondorioetarako, balorazio batzordearen eginkizunak dira diru-laguntzak emateko prozedura antolatzea eta instruitzea.
Batzorde horren proposamena loteslea izanen da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 20.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Laguntzak emateko prozedura ebazteko eskumena Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak du.
7.–Diru-laguntza emateko prozedura, eskaerak baloratzeko irizpideak, eskaeren balorazioa eta zenbatekoaren esleipena.
7.1. Laguntzak emateko prozedura.
Deialdiko diru-laguntzak emateko prozedura arrunta izanen da, hau da, norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira, hurrengo ataletan ezarritako irizpideekin bat.
7.2. Balorazio irizpideak eta zenbatekoa esleitzeko prozedura.
7.2.1. Aurrekontuko zuzkidura.
Deialdi honi jarraikiz ematen diren diru-laguntzen finantzaketa 2018ko gastuen aurrekontuko “Kontsultategiak eraberritu edo handitzeko transferentziak” izeneko 547001-52310-7609-312802 partidaren kargura izanen da. Partidaren hasierako kreditua 950.000 eurokoa da.
7.2.2. Zenbatekoa esleitzeko irizpideak.
Instrukzio organoak entitate bakoitzerako proposatzen duen diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa zehazteko, aurkeztutako proiektu edo aurrekontua, adierazitako beharretara egokitzeko gaitasuna eta oinarri hauek ezarritako mugak kontuan hartuko dira.
Jarduketaren benetako gastuaren ehuneko ehun finantzatuko da, betiere jarraian adierazten diren gehieneko zenbatekoak errespetatuta.
Handitzeko eta/edo eraberritzeko obren kasuan, azalera eraikiko metro koadro bakoitzeko, gehieneko diru-laguntza 1.900 eurokoa izanen da erakinean eremu berriak eraikitzen direnean, eta 1.000 eurokoa dauden eremuak eraberritzen direnean. Gastu diruz lagungarri guztiak (3. oinarrian adierazitakoak) sartzen dira zenbateko horietan.
Instalazioak egokitzeko eta/edo hobetzeko jarduketa txikien kasuan, gehieneko zenbatekoa jarduketen benetako gastua izanen da.
Kontsultategia dagoen eraikinean osasun arlokoak ez diren beste bulego batzuk badaude eta diru-laguntzaren xedeko jarduketak gainerako bulegoak ere ukitzen baditu, kontsultategiaren azalerarekiko proportzionala izanen da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak eman beharreko diru-laguntzaren zenbatekoa.
Era berean, kontsultategia horretarako berariazko eraikin batean badago eta diru-laguntzaren xedeko jarduketak, osasun kontsultategiaren eremua ez ezik, eraikinaren gainerako guztia ere ukitzen badu, kontsultategiaren azalerarekiko proportzionala izanen da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak eman beharreko diru-laguntzaren zenbatekoa.
7.2.3. Balorazio irizpideak.
Aurkeztu eta onartutako eskaerak baloratzeko, irizpide hauei jarraituko die balorazio batzordeak:
Balorazio batzordeak prestatzen duen zerrendan ezarritako lehentasun hurrenkerari jarraikiz emanen dira diru-laguntzak, aurrekontuan dagoen diruaren arabera; zerrenda hori ondoko parametro hauetan oinarrituta eginen da:
a) Balorazio batzordeak ondoan adierazten diren ataletako batean sartuko du eskaera bakoitza, eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzak Nafarroako Foru Komunitateko herritarrei osasun prestazioa ematen dieten kontsultategien arloan dituen lehentasunen eta premien arabera esleituko ditu puntuazioak: 20 puntu gehienez, honela banatuta:
a.1) Eraikina handitu edo handitu eta eraberritu beharra, profesionalek zerbitzua emateko espazio berriak (kontsultak, aretoak) lortzeko. Azpiatal honetan, balorazio batzordeak, aurrekoan adierazitakoaz gain, espazio berrien premiak hartuko ditu kontuan, zentroari esleitutako giza baliabideen plantillaren igoerak (egina edo aurreikusia) eta/edo O-NOZek herritarrei osasun prestazio berriak emateko dituen aurreikuspenak sortuak: 20 puntu gehienez.
a.2) Eraikina eraberritu beharra, dauden espazioak berrantolatzeko eta, modu horretan, herritarrei ematen zaien arretaren baldintzak edo profesionalen lan baldintzak hobetzeko: 14 puntu gehienez.
a.3) Dauden instalazioak egokitzeko eta/edo hobetzeko jarduketa txikien beharrak, hirugarren oinarrian zerrendatuak, edo instalazioak sortu beharra: 7 puntu gehienez.
Hiru azpiataletatik bakar bat baloratuko da.
b) Kontsultategian arreta eman behar zaien herritarrak: 5 puntu gehienez, honela xehakatuta:
b.1) Kontsultategia etengabeko arretarako gunea bada: 2 puntu.
b.2) Kontsultategiari esleitutako norbanakoaren osasun txartelak: 3 puntu gehienez, honela banatuta:
–1.000 NOT edo gutxiago: 1 puntu.
–1.000 NOT baino gehiago, betiere 2.000 NOT gainditu gabe: 2 puntu.
–2.000 NOT baino gehiago: 3 puntu.
Hurrenkera ordena ezartzeko, emandako puntuazio guztiak batuko dira.
7.2.4. Eskaeren balorazioa.
Aurreko ataletan ezarritakoa erreferentziatzat hartuta, honela baloratuko dira eskaerak:
–Balorazio batzordeak aurkeztutako eskaerak tramitatu, aztertu eta ebaluatuko ditu, oinarri arautzaile hauetan ezarritako irizpide eta lehentasunen arabera, eta organo eskudunari diru-laguntzak emateko ebazpenaren proposamena igorriko dio.
–Balorazio Batzordeak arlo horretan adituak diren pertsona fisikoen edo entitate pribatuen aholkularitza eska dezake.
–Eskaerak aurkeztutakoan, toki entitate guztiek proposatutako jarduketak sailkatuko ditu instrukzio organoak, eta hurrenkera ordena ezarriko du.
–Instrukzio organoak noiznahi ere eskatzen ahalko dio entitateari eskaera hobeki baloratzeko edozein argibide.
–Balorazio irizpide guztiak aplikatu ondoren eskatzaile batzuk (bi edo gehiago) berdindurik badaude, oinarri hauen aurreko a) ataleko balorazio irizpidean puntuazio handiena duen eskatzailearen alde ebatziko da; berdinketak badirau, atal horren a.1) azpiatalean puntuazio handiena duenaren alde; berdinketak badirau, atal horren a.2) azpiatalean puntuazio handiena duenaren alde; berdinketak badirau, atal horren a.3) azpiatalean puntuazio handiena duenaren alde; berdinketak badirau, oinarri hauen aurreko b) ataleko balorazio irizpidean puntuazio handiena duenaren alde; berdinketak badirau, atal horren b.1) azpiatalean puntuazio handiena duenaren alde; eta, berdinketak badirau, atal horren b.2) azpiatalean puntuazio handiena duenaren alde. Aurreko irizpideak aplikaturik ere berdinketak badirau, zozketa bidez ebatziko da.
–Eskaera baterako diru-laguntzaren zenbatekoa gelditzen den saldo erabilgarria baino handiagoa bada, dagokion toki entitateari jakinaraziko zaio, eta galdetuko zaio kasuan kasuko aurrekontuko partidaren saldo hori adinako diru-laguntza onartzen duen. Kasu horretan, toki entitateak bere gain hartuko du gainerako gastua:
Toki entitateak onartzen badu, saldo eskuragarria adinako diru-laguntza emanen zaio, eta toki entitateak bere gain hartuko du jarduketaren gainerako gastua.
Toki entitateak onartzen ez badu, balorazio batzordeak proposatuko du diru-laguntza hurrengo eskaerei ematea, hurrenkera ordenari jarraikiz.
7.2.5. Diru-laguntzaren zenbatekoa esleitzea.
Aurreko azpiataletan adierazitako prozeduren eta irizpideen arabera esleituko da diru-laguntzaren zenbatekoa.
8.–Prozeduraren ebazpena, publizitatea eta errekurtsoak.
Eskaerak baloratu ondoren, instrukzio organoak egindako ebazpen proposamena ikusita, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak diru-laguntzak emanen ditu ebazpen baten bidez.
Ebazpenean, helburua eta zenbatekoa adieraziko dira.
Ebazpena eman eta jakinarazteko epea 3 hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute interesdunek. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.
Ebazpenaren aurka, ebazpen berariazkoa edo ustezkoa izan, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko Legean xedatutakoarekin bat, deusetan galarazi gabe aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, lege jurisdikzional horren 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.
Diru-laguntzak emateko ebazpen egin eta jakinarazi ondoren, emandako laguntzari uko egiten bazaio, edo justifikatzen den gastua emandako diru-laguntza baino txikiagoa bada, gelditzen den soberakinarekin diru-laguntza emanen zaie eskatutako hurrengo jarduketei, hurrenkera ordenari jarraikiz, betiere jarduketa aurtengo ekitaldian egitea posible bada, diru-laguntza ematen den eguna kontuan hartuta.
9.–Onuradunaren betebeharrak.
Laguntzaren onuradunak honako beharkizun hauek izanen ditu:
a) Diru-laguntzaren xedeko proiektua eta jarduerak deialdi honen oinarri, baldintza, betebehar formal eta materialen arabera gauzatzea, eta dirua, betiere, eman zen kontzeptuetarako baizik ez erabiltzea.
b) Diruz lagundutako jarduketak eta guztirako gastua justifikatzea.
c) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak edo, indarreko antolamenduaren arabera, eskumena duten beste organo batzuek egiten dituzten egiaztapen lanak eta kontrol tekniko eta finantzariorako jarduerak onartzea eta emandako diru-laguntzari buruz eskatzen dioten dokumentazio guztia eskura jartzea.
d) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzari xede berarekin eskatu edo jaso diren bestelako diru-laguntzen berri ematea.
e) Proiektua gauzatu ezin bada edo diru-laguntza ematean ezarritako baldintzak betetzen ez badira, entitate onuradunak jasotako dirua itzuliko du edo, hala denean, justifikatu ez den zatia.
f) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.
10.–Onuradunaren gardentasunerako betebeharrak.
Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 2. artikuluan aipatzen diren entitateek Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasun betebeharrak bete beharko dituzte, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen badituzte eta bi inguruabar hauek gertatzen badira:
a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea.
b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren urteko negozio-zifraren edo aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.
Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira.
Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura.
Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:
a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu gauzatua.
b) Hala badagokio, diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra, halakorik baldin badago.
Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute diru-laguntzarik jasotzen badute:
a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.
c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.
d) Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan.
e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.
Entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatu beharko du aipatutako informazioa.
Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.
Telematika bidez aurkeztuko da informazio hori, Nafarroako Gobernuaren erregistro orokor elektronikoaren bitartez, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari zuzenduko zaizkio.
Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, kasua bada, argitaratzen den egunetik hasita.
Informazio hori aurkezteko betebeharra betetzen ez bada, 59/2013 Foru Dekretuaren 7. artikuluak ezarritako ondorioak aplikatuko dira.
11.–Jarduketek bete beharreko baldintzak.
Osasun kontsultategian handitutako eta/edo eraberritutako espazioa osasun jarduerarako erabiliko da soilik.
Toki entitateak, egin beharreko jarduketetarako, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuaren araudi tekniko-sanitarioa aplikatuko du, eta, zehazki, honako hauek: Establezimenduak sortu, eraberritu edo lekuz aldatzeko eta horien funtzionamendurako baimena eskatzeko administrazio prozedura arautzeko irailaren 1eko 214/1997 Foru Dekretua eta Ospitaleratzerik gabeko osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduetarako gutxieneko baldintza tekniko-sanitarioak ezartzeko Osasuneko kontseilariak otsailaren 12an emandako 37/1999 Foru Agindua.
Halaber, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileek eraikinean jardunen dutenez, kontuan hartu beharko dira erakunde horren Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Zerbitzuak eta Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzak ematen dituzten zehaztapenak.
Onuradunak behar adinako publizitatea eman beharko dio diruz laguntzen diren jardueren finantzaketa publikoari, eta, zehazki, lanen eremuan kartel bat egonen da, obraren ezaugarriak eta finantzatzen dituen erakundea adierazita.
12.–Jarduketaren lanak egitea.
Diru-laguntza honen xedeko lanak urte honetan hasi eta egin behar dira osorik edo zati batean.
13.–Gastua justifikatzeko epea eta modu balioduna.
Diruz lagundutako jarduketen eta horien gastuaren justifikazioa honako agiri hauek aurkeztuz eginen da:
–Dagozkion fakturak, jatorrizkoak edo administrazio edo notario bidez konpultsatutako kopiak. Horiekin batera, obra ziurtagiriak, zuzendaritza fakultatiboak –halakorik badago–, jabeak eta enpresa adjudikaziodunak sinatuak, aurkeztuko dira.
–Gastu horri dagozkion fakturen titularren banku-kontuetan egindako ordainketen justifikazioa.
–Toki entitateko idazkiaren ziurtagiria, adierazten duena, kontratistak hautatzerakoan, Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen aginduak eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearenak bete direla, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoaren arabera egiaztatze aldera kontratista eraginkortasunari eta ekonomiari begira hautatu dela.
–Toki entitateko idazkariaren edo kontu-hartzailearen ziurtagiria, emandako diru-laguntza zertan gastatu den, haren helburuari nola egokitu zaion eta obra adostasunez hartu den adierazten duena.
Behar denean, gastuaren egiaztagiriak edo diru-laguntza publikoaren xedea frogatzen ahal duen balio juridikoko edozein agiri aurkeztuko dira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 27. artikuluan aipatutakoari jarraikiz.
Aurretik aipatu den dokumentazioa aurkezteko epea 2018ko azaroaren 30ean bukatuko da.
14.–Diru-laguntzaren ordainketa.
Diru-laguntzaren ordainketa Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 32. artikuluan ezarritakoaren arabera eginen da.
Jarduketen gauzatzearen ordainketa dena batera egiten ahalko da diruz lagundutako jarduera bukatutakoan, edo zatika, zatikako justifikazioen (ziurtagirien) bidez, gastua eta jarduera egin direla frogatu ondoren, aurreko atalean adierazten den bezala.
Ordaindu beharreko zenbatekoa ezin izanen da emandako kopurua baino handiagoa izan.
Ordainketak konturako ordainketatzat hartuko dira, eta diruz lagundutako jarduketak erabat bukatzeari lotuak egonen dira.
Obrak 2019ko apirilaren 30a baino lehen jaso ez badira, hamaseigarren oinarri arautzailean xedatutakoari jarraituko zaio.
15.–Azpikontratazioa eta hornitzaileen kontratazioa.
Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, bidezkoa da azpikontratazioa egitea, alegia, beste batzuekin hitzartzea diru-laguntzaren xede den jardueraren erabateko edo hein bateko gauzatzea.
16.–Onuradunaren betebeharrak ez betetzea eta itzulketa.
Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, diruz lagundutako jarduketa gauzatzen ez bada, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.
Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.
Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita. Jardueraren benetako gastuaren %70 edo gehiago gauzatu denean, betebeharrak ia osorik bete direla iritziko zaio.
17.–Erantzukizuna eta zehapen araubidea.
Diru-laguntza hartzen duen entitatea Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 43. artikuluan eta hurrengoetan ezarrita dagoen diru-laguntzen arloko administrazio arau-hausteentzako zehapen araubidearen mende egonen da eta han ezarritako erantzukizunak izanen ditu.
Diru-laguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatuari jarraikiz.
18.–Diru-laguntzaren oinarri arautzaileen eta diru-laguntza ematearen kontrako errekurtsoak.
Diru-laguntzaren oinarri arautzaileen eta diru-laguntza ematea erabakitzen duen ebazpenaren kontra, interesdun diren administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Administrazio publiko ez diren interesdunek, diru-laguntzaren oinarri arautzaileen eta diru-laguntza ematea erabakitzen duen ebazpenaren kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57.4 artikuluarekin bat.
19.–Aplikatu beharreko araudia.
Deialdi hau eta haren oinarriak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraituz egin dira; beraz, oinarri arautzaileotan jasota ez dagoen guztian, lege hori oso-osorik bete beharko da.
Iragarkiaren kodea: F1803133
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
