57. ALDIZKARIA - 2018ko martxoaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

251/2018 EBAZPENA, martxoaren 7koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, interes orokorreko edo sozialeko obra eta zerbitzuak egiteko langabeak kontratatzeagatik Nafarroako toki entitateei emanen zaizkien diru-laguntzen deialdia onesten duena.

Lanaren eta Gizarte Gaien Ministerioaren 1998ko urriaren 26ko Aginduaren bidez, Enpleguko Institutu Nazionalak, toki-korporazioekiko lankidetzaren esparruan, langabeak kontratatzeko ematen dituen diru-laguntzen oinarriak ezarri ziren, interes orokorreko eta sozialeko obra eta zerbitzuak egiteko.

Arau horren bigarren xedapen gehigarriak erregulazioaren xedeko gaiaren zerbitzuen eskualdaketa beren gain hartu duten autonomia erkidegoak gaitzen ditu arau hori beren antolaketaren ondoriozko espezialitateetara egokitzeko.

Maiatzaren 14ko 811/1999 Errege Dekretuaren bidez, Estatuko administrazioak Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatu zizkion Enpleguko Institutu Nazionalak lanaren, enpleguaren eta prestakuntzaren arloan egindako kudeaketaren eginkizunak eta zerbitzuak.

Estatuko araudia aintzat hartuta, bai eta egindako eginkizunen eta zerbitzuen eskualdaketa ere, gai horren arloko diru-laguntzen oinarri arautzaile ezberdinak onetsi dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren esparruan.

Horrenbestez, bidezkoa da oinarri arautzaile berriak onestea eta horiei beharrezkoak diren hobekuntzak egitea Nafarroako toki entitateei diru-laguntzak eman ahal izateko langabeak kontrata ditzaten interes orokorreko edo sozialeko obra eta zerbitzuetarako.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedea da Nafarroako Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen araubide juridiko orokorra arautzea. Foru lege horren 17.1 artikuluak xedatzen duenez, diru-laguntzak emateko prozedura arrunta norgehiagokako araubidean eginen da, salbu eta Nafarroako Gobernuak, behar adinako arrazoiak tarteko, banakako ebaluazioa egiteko baimena ematen duenean.

Nafarroako Gobernuak, 2017ko abenduaren 27ko Erabakiaren bidez, deialdi honetan banakako ebaluazioa egiteko baimena eman du, haren xede eta helburuetara hobekien egokitzen dena baita.

Azaldutakoarekin bat, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onesten dituen abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren 12. artikuluak eman dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Onestea interes orokorreko edo sozialeko obra eta zerbitzuak egiteko langabeak kontratatzeagatik Nafarroako toki entitateei emanen zaizkien diru-laguntzen 2018ko deialdia, baita haren oinarri arautzaileak ere, ebazpen honen eranskinean jaso direnak.

2. 3.968.000 euroko gastua baimentzea 2018ko gastuen aurrekontuko “Toki entitateen kontratazioetarako laguntzak. Konferentzia Sektoriala” izeneko 950001 96100 4609 241100 partidaren kargura, edo gaitzen den antzeko partidaren kargura.

Diru kopuru horretatik 2.000.000 euro erabiliko dira errenta bermatuaren hartzaileei egindako kontratazioak finantzatzeko.

3. Ebazpen hau eta dagokion eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpenaren eta deialdiaren oinarri arautzaileen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Iruñean, 2018ko martxoaren 7an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Paz Fernández Mendaza.

ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

1. Xedea eta aplikazio eremua.

1. Deialdi honen xedea da Nafarroako toki entitateei langabeak kontratatzeagatik emanen zaizkien diru-laguntzen baldintzak eta betebeharrak arautzea. Helburua da langabe horien enplegagarritasuna hobetzea, lan merkatuan sartzea erraztuko dieten lanbide-gaitasunak eskuratuta. Horretarako, diruz lagunduko dira langabeekin sinatutako lan-kontratuak, baldin eta kontratu horien gutxieneko iraupena hiru hilabetekoa bada eta lanaldiak gutxienez ere lanaldi osoko antzeko langile baten lanaldiaren %50ekoa bada.

Diruz laguntzen ahalko dira 2017ko abenduaren 1etik aurrera egindako kontratazioak.

2. Jarduketa eremua Nafarroako Foru Komunitatea da.

2. Entitate onuradunak eta bete beharreko baldintzak.

1. Diru-laguntzen onuradunak interes orokorreko edo sozialeko obra eta zerbitzuak egiteko langabeak kontratatzen dituzten Nafarroako toki entitateak izan daitezke, kasuan kasuko proiektua gauzatzeko behar besteko gaitasun teknikoa eta kudeaketa-gaitasuna baldin badute.

2. Onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako toki entitate bat izatea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 2. eta 3. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

b) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak.

3. Diru-laguntzaren zenbatekoa eta gastu diruz lagungarriak.

1. Honako hau izanen da diru-laguntzaren zenbatekoa lanaldi osoko kontratu bakoitzeko:

a) 1.100 euro hilean, kontratuak izenpetzeagatik errenta bermatua jasotzen duten pertsonekin, edo gutxienez ere %33ko desgaitasuna frogatzen dutenekin, edo genero indarkeriaren biktima diren emakumeekin, 12 hilabetez gehienez.

b) 1.000 euro hilean, emakumeekin izenpetutako kontratuengatik, 6 hilabetez gehienez.

c) 800 euro hilean, kontratuak izenpetzeagatik 45 urtetik gorako gizonekin edo iraupen luzeko langabeak diren 30 eta 44 urte artekoekin (gutxienez 12 hilabetez langabezian enplegu agentziak inkesta egiten duen egunaren aurreko 18 hilabetean), 6 hilabeteko iraupena duen kontratu bakoitzeko. Iraupen laburragoko kontratuetarako, 600 euro hilean emanen dira.

d) Aurreko taldeetakoak ez diren gizonekin kontratua izenpetzeagatik, 600 euro hilean, 6 hilabeteko iraupena duen kontratu bakoitzeko. Iraupen laburragoko kontratuetarako, 400 euro hilean emanen dira.

Lanaldia laburragoa izanez gero, proportzioan murriztuko da eman beharreko diru-laguntza.

Zenbateko horiek kostu unitarioko baremo estandar gisa ezarri dira, lan arloan eta Gizarte Segurantzaren arloan indarra duen legediari jarraikiz toki entitateak egin behar dituen gutxieneko kontratazio kostuen arabera (lanbidearteko gutxieneko soldata, kontratu bukaerako kalte-ordaina eta Gizarte Segurantzako enpresa-kuotak).

2. Diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, hilabete osoak bakarrik kontatuko dira, hilabete batek 30 egun hartzen dituela ulertuta.

4. Kontratazio diruz lagungarrien gehieneko kopurua.

Hauxe da toki entitate bakoitzari diruz laguntzen ahal zaizkien kontratazioen gehieneko kopurua:

BIZTANLEAK

KONTRATAZIOAK

100 arte

2

101etik 500era

4

501etik 1.000ra

6

1.001etik 5.000ra

8

5.001etik 10.000ra

12

10.001etik 40.000ra

16

40.000 baino gehiago

20

Entitate bakoitzari diruz laguntzen ahal zaizkion kontratazioak konputatzeko, Nafarroako kontzejuen populazio datuak ofizialtzat jo zituen eta ekitaldi hau hasi aurretik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen azken foru aginduan jasotako datu ofizialak hartuko dira kontuan.

Dena dela, gehieneko kontratazioen muga ez da aplikatuko aurreko oinarriaren 1.a) eta b) letretan zehaztutako kolektiboetako batekoak direnak kontratatzen direnean.

5. Aurrekontuko zuzkidura.

Deialdi honetan araututako diru-laguntzak Nafarroako Aurrekontu Orokorretan xede horretarako finkatzen den aurrekontuko partidaren kargura finantzatuko dira, baldin eta halako partidarik badago eta bertan kreditua badago.

6. Egin beharreko obra eta zerbitzuek bete beharreko baldintzak.

1. Entitate eskatzaileek egin beharreko obra eta zerbitzuek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Interes orokorreko edo sozialeko obra eta zerbitzuak izatea, eta toki entitateen eskumenekoak. Obra eta zerbitzu horiek ez dute ekarriko ahalmen publikoaren erabilera zuzena edo zeharkakoa eskatzen duten eginkizunak betetzea edota Estatuaren edo administrazio publikoen interes orokorrak zaintzeko ardurari dagozkionak, horiek funtzionario publikoei soilik baitagozkie.

b) Toki entitate eskatzaileek zuzenean gauzatzea.

2. Baldintza horietatik edozein betetzen ez bada, diru-laguntzarako eskaera ukatuko da.

7. Kontratatzen diren pertsonek bete beharreko baldintzak.

1. Obrak eta zerbitzuak egiteko kontratatzen diren pertsonek, kontratazioa egiten den egunean, lan gabe egon beharko dute, eta lan eskatzaile gisa inskribaturik Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren menpeko enplegu agentziaren batean.

Errenta bermatua jasotzen duten pertsonak kontratatzen badira, pertsona horiek laguntza horren onuradun izan beharko dute dagokion enplegu agentziak eskaintza tramitatzen duenean.

2. Ez da diruz lagunduko toki entitate eskatzaile berak ekitaldi berean edo aurrekoan hiru hilabeteko eperako edo hortik gorako beste epe baterako deialdi honen edo antzeko edozein deialdiren babesean kontratatu dituen pertsonen kontratazioa, salbu eta 3.1.a) oinarrian aurreikusitako kolektiboen kasuan, baldin eta izaera desberdineko zerbitzuak edo obrak egiteko kontratatzen badira.

8. Langabeak kontratatzeko irizpideak.

1. Entitate onuradunek behar diren langabeak eskatuko dizkiote dagokion enplegu agentziari kontrataziorako aurreikusita eguna baino hamabost egun lehenago, gutxienez, aurreko oinarrian ezarritakoa kontuan hartuta.

Enplegu agentziak, eskatutako profilari jarraituz (kasu guztietan bat etorriko da diru-laguntzaren eskaeraren ereduan adierazitakoarekin), azterketa bat eginen du enplegu horretarako egokiak diren eta eskura dauden pertsona batzuk aurretik hautatzeko, hau da, eskainitako lanpostuaren edukira eta lanbide mailara egokitutako lanbide profila dutenak. Azterketa hori eginda, agentziak entitate onuradunak eskatzen dizkion adina hautagai aukeratuko ditu proiektuak aurreikusten duen lanpostu bakoitzeko. Enplegu agentziak deialdiaren beharkizunak betetzen dituzten pertsonen zerrenda igorriko du, adierazita haietako bakoitza zer taldetakoa den deialdiaren 3.1 oinarrikoen artetik. Toki entitateak dagokion enplegu agentziari jakinarazi beharko dio zein pertsona joan diren deialdira eta zein ez.

Enplegu agentziak, aurretiko azterketa horretan, lanpostuaren udalerriko edo udalerrietako hautagaiak bilatuko ditu. Proiektua egiteko behar adina hautagai aurkitu ezean, beste udalerri batzuetara zabalduko du bilaketa, lehentasuna emanez hurbilen daudenei, proiektuan kontuan hartutako hautagai kopurua lortu arte. Bilaketa beste udalerri batzuetara zabalduta ere lanpostu horretarako behar adina hautagai egokirik ez badago, proiektuak eskatutako hautagai kopurua lortzeko, eskainitako lanpostura gehien hurbiltzen den lanbide profila daukaten beste pertsona batzuengana zabalduko da bilaketa, lanpostuaren udalerritik hasita. Eskainitako lanbide profiletik hurbil zein dagoen zehazteko, bilaketa bat eginen da Lanbideen Estatuko Sailkapeneko kodeen taula indarduna erabiliz (talde primarioaren mailan, 4 digitu).

2. Diruz lagundutako pertsonaren batek baja hartzen badu entitate onuradunean hasieran aurreikusitako kontratazio aldia bukatu baino lehen, ordezko bat jarri beharko zaio gehienez ere 30 eguneko epean, deialdi honetan ezarritakoaren arabera, bai eta diru-laguntzaren eskaeran eta hura eman eta ordaintzen duen ebazpenean adierazitakoaren arabera ere, eta horren berri eman beharko zaio Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, kontratu berriaren egunetik hasita hilabeteko epean gehienez. Diruz lagundutako pertsonak lana borondatez uzten badu, tramitea arintzearren, onuradunak ordezkoa hautatzen ahalko du enplegu agentziak igorritako hasierako zerrendatik, baldin eta eskaintzaren eskaeratik kontratazio berriaren hasierara bitartean hiru hilabete baino gehiago igaro ez badira.

Kasu horretan, kontratazio epe efektibo guztien artean, gutxien-gutxienik, diru-laguntzaren epealdira iritsi beharko da.

9. Eskaeren aurkezpena eta epeak.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, kontratu harremana hasi eta biharamunetik hasita, baldin eta dagokion gastuaren baimena argitaratu bada. Bestela, epea hilabetekoa izanen da baimen hori argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

3. Eskaerak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez aurkeztuko dira bakar-bakarrik.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, entitateetako batek eskaera aurrez aurre aurkezten badu eskatuko zaio baliabide elektronikoen bidez aurkeztuz hori zuzentzeko. Ondorio horietarako, ulertuko da eskaeraren aurkezpen eguna zuzenketaren eguna dela.

10. Eskaerek bete beharreko baldintzak.

1. Deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak eskatu nahi dituzten entitateek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Diru-laguntzarako eskabidea, behar bezala betea, eredu ofizialaren araberakoa. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren web-orri ofizialean (www.nafarroa.eus) eskura daiteke.

b) Obraren edo zerbitzuaren memoria, eredu ofizialaren araberakoa. Eredua Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren web-orri ofizialean eskura daiteke.

c) Toki entitateak eta kontratatuak sinatutako lan-kontratua, honako alderdi hauek agertzen dituena: bete beharreko lanpostua, eta kontratazioaren hasiera- eta amaiera-egunak.

d) Enplegu agentziak aurretik hautatutako pertsonen zerrenda.

e) Erantzukizunpeko adierazpena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko zehaztuta dauden baldintza orokorrak betetzen dituela dioena.

f) Toki-korporazioko Idazkaritzaren ziurtagiria, non agertzen den egin beharreko obra edo zerbitzua toki entitate eskatzailearen organo eskudunak onetsi duela, eta hori aurrera eramateko ez dela beharrezkoa funtzio publikoen erabileran edo administrazio publikoen interes orokorren zaintzan diharduen langilerik kontratatzea, 6.1.a) oinarrian aurreikusitako terminoetan.

g) Toki-korporazioko idazkariaren ziurtagiria, diru-laguntzarik gabe gelditzen den obra edo zerbitzuaren zatia finantzatzeko kreditua badagoela adierazten duena.

h) Kontratatutako pertsonek sinatutako idazkia, non adieraziko baitute baimena ematen dutela Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak beharrezko datuak jaso ditzan deialdian ezartzen diren baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko asmoz.

i) Aurretik Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik jaso ez bada, “Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera” izeneko inprimakia.

Eskaera osorik egon ezean, instrukzio unitateak toki entitate eskatzaileari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean zuzendu ditzala akatsak, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaeran atzera egin duela ondorioztatuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19. artikuluko 3. apartatuan xedatu bezala.

2. Diru-laguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea. Eskaera aurkezteak berekin dakar baimena ematea Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak deialdia ebazteko behar den informazioa jasotzeko erakunde eskudunetatik.

11. Instrukzioa eta tramitazioa.

Diru-laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa eta tramitazioa Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuari dagozkio.

12. Ebazpena eta diru-laguntza ordaintzea.

1. Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuak egiaztatuko du diru-laguntza eskatzeko arrazoi den jarduketa gauzatu dela, bai eta deialdian ezarritako beharkizunak betetzen direla eta toki entitateak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak ordainduta dituela ere, eta ebazpenaren proposamena eginen du.

2. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, instrukzio unitateak egindako proposamena jasorik, ebatziko du diru-laguntza eman edo ukatzen den, eta, ematea erabakitzen badu, horixe ordainduko du.

Eskaerak aurkezten direnetik gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena, diru-laguntza eman edo ukatzeko arrazoiak adierazita. Epe hori ebazpen espresik jakinarazi gabe bukatzen bada, aurkeztutako eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, deusetan galarazi gabe organo eskudunak ebazpena emateko duen betebeharra.

3. Egindako eskaeraren gaineko presuntziozko edo berariazko ebazpenaren aurka, interesa duten toki entitateek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, honako hau jakinarazi eta biharamunetik hasita, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

13. Diru-laguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak emateko, banakako ebaluazioaren araubidea erabiliko da. Prozedura hori Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen aurreikuspenekin eta oinarri arautzaile hauetan ezarritakoarekin bat etorriko da.

14. Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, emandako beste laguntza batzuekin.

Aurrekoa gorabehera, ematen diren laguntzen baturak ez du inola ere gaindituko, bakarka edo denak batera, diruz lagundutako obra eta zerbitzuetan parte hartzen duten langabeak kontratatzearen ondoriozko lan kostuak.

15. Publizitatea.

1. Nafarroako Atarian argitaratuko dira ematen diren diru-laguntzak, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzetan.

2. Entitate onuradunek sustatu eta zabaltzeko jarduketa guztietan agertu beharko dute Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz laguntzen dituela, eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren baterako finantzaketa izan dutela.

16. Onuradunen betebeharrak.

Diru-laguntza hartzen duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Obra edo zerbitzu bat egiteko hautatutako langabeekin lan-kontratua sinatzea, legez ezarritako edozein modalitateren bidez.

b) Erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztea, ez dela bestelako laguntzarik jaso helburu eta kontratu berberetarako adierazteko; edo, beste laguntza batzuk jaso badira, zenbatekoa, ematen duen erakundea, emakidaren eguna eta diruz lagundutako kontratua zehaztuko dira. Horren berri izan bezain laster egin beharko da jakinarazpena, eta, betiere, diruz lagundutako kontratazio aldiak bukatutakoan.

c) Diru-laguntza jasotzen duten pertsonetako batek aldi batzuk eman behar baditu gaixotasunagatiko edo istripuagatiko baja egoeran, b) letran aipatzen den aitorpenarekin batera, baja eta alta parteak aurkeztu beharko dira, baita pertsona horiei buruzko lan kostuen hilekako banakapena ere.

d) Nafarroako Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga arloko betebehar guztiak egunean izatea, bai eta, kasua bada, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen aldeko zorrak ordaintzeari buruzkoak ere. Betebehar hori egunean duela frogatatzeko, entitate eskatzaileari jakinarazten zaio eskabidea aurkeztearekin batera baimena ematen diola Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari behar diren datuak kontsultatu ditzan, laguntza emateko ebazpenaren proposamena onesten den unean onuradunak betebehar horiek egunean dituen egiaztatzeko.

e) Diru-laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea, eta egiten diren kontroletan laguntzea.

f) Nafarroako Gobernuak eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak egindako finantzaketaren publizitateari dagokionez, entitate onuradunak dokumentuetan, prentsako iragarkietan eta zabalkunderako edo informaziorako materialean beti adierazi beharko ditu programaren izena, jarduera edo/eta funtzionamendua eta Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala, “Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak/Nafarroako Gobernuak eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak finantzatutako programa/jarduera/funtzionamendua” testuarekin batera.

g) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legedian ezarritako kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

h) Gardentasunari buruzko betebeharrak:

h.1) Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen dituzten entitate onuradunek gardentasunez aritzeko betebeharra izanen dute, bi inguruabar hauek gertatzen badira:

1) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

2) Emandako zenbatekoa entitate onuradunaren negozio kopuruaren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Horretarako, bi inguruabarrak betetzen dituzten entitate onuradunek, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, ondotik aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute telematikoki, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari zuzendua eta entitatearen legezko ordezkariak sinatua, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean:

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

–Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan.

–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura.

h.2) Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreko ataleko inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

i) Entitate onuradunek, orobat, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan aurreikusitako betebehar orokorrak bete behar dituzte.

17. Diru-laguntzen jarraipena eta kontrola.

Diru-laguntzak ematen dituen organoak ahalmena izanen du aldian-aldian nahi adina kontrol eta egiaztapen egiteko, obrak eta zerbitzuak gauzatzen direla ziurtatzeko, baita diru-laguntzak jasotzeko ezarritako baldintzak betetzen diren aztertzeko ere. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuaren bidez, egiaztatuko du deialdi honen bidez laguntzen diren kontratazioaren xedeko pertsonak Gizarte Segurantzan alta-egoeran egon direla diruz lagundutako aldian.

18. Diruz lagundutako proiektuen aldaketa.

1. Entitate onuradunek, jasotzen dituzten bestelako diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrerez gain, diru-laguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan hartutako baldintzen aldaketa guztiak ere jakinarazi beharko dizkiote Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari.

Programa aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren inguruko behar adina arrazoi eman beharko dira eta inguruabar horiek gertatu eta berehala adierazi beharko dira, betiere, diruz lagundutako programa egiteko epea bukatu baino lehen.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan edozer aldatuz gero, administrazioak onartu ala ez, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da, hala badagokio.

2. Diruz lagundutako proiektuen aldaketen ondorioz diru-laguntza emateko eta zenbatekoa zehazteko aintzat harturiko baldintzak aldatzen ez badira ere, aldaketa horiek egiteko ere Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuaren oniritzia beharko da.

19. Ez-betetzeak eta diru-laguntzaren itzulketa.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, programa gauzatzen ez bada, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira.

Diru-laguntza erabiltzen baldin bada eman zen helburuetarako ez beste batzuetarako eta aldaketa hori Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazten ez bazaio, zerbitzu horrek ebazpena emanen du diru-laguntza osoa itzuli behar dela erabakitzeko.

Toki entitateak diru-laguntzaren baldintzen aldaketa jakinarazten duenean eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak hura onesten duenean, azken horrek eska dezake emandako diru-laguntzaren itzulketa partziala.

Kontratua behar baino lehen bukatzen bada, 8. oinarriaren 2. atalean adierazi bezala, eta entitateak ez badu kontratatua ordezten, edo ordezten badu oinarri horretan ezarritako baldintzak bete gabe, bidezkoa izanen da ordainketaren hein bateko itzulketa eskatzea; zenbateko hori diruz laguntzen den epea bete arte falta den denboraren araberakoa izanen da. Orobat, diru-laguntzaren zati bat itzuli beharko da ordezpena egiten duen pertsona 3. oinarrian adierazitako taldeetako batekoa ez beste batekoa bada, hura izan baitzen arrazoi diru-laguntza emateko. Ordezpen batek ez du inoiz hasieran emandako diru-laguntza igotzea ekarriko.

Edonola ere, emandako diru-laguntza guztia itzuli beharko da kontratazioa hiru hilabetetik beherakoa bada, hori baita 1. oinarrian ezarritako gutxieneko iraupena, salbu eta 3 hilabeteko iraupena duten kontratazioetan; halakoetan, 2,5 hilabeteko iraupena gaindituta, bidezkoa izanen da diru-laguntzaren itzulketa partziala egitea.

Kaleratze kasuetan, hasiera batean diruz lagundutako aldi osoa bete beharko da, kontuan harturik hasiera bateko kontratazioen eta ondoko ordezkapenen artean konputatutako kontratazio aldiak. Bestela, bidezkoa izanen da emandako diru-laguntza guztia itzultzea.

Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

20. Arau-hausteak eta zehapen araubidea.

1. Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzen onuradun diren entitateak Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen menpe egonen dira, eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

2. Diru-laguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatuari jarraikiz.

21. Ordezko araua.

Oinarri arautzaile hauetan xedaturik ez dagoen guztian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak eta aplikagarri den gainerako araudi administratiboa aplikatuko dira.

Iragarkiaren kodea: F1803401