56. ALDIZKARIA - 2018ko martxoaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

8/2018 EBAZPENA, urtarrilaren 17koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, “4. zeharbidea” edo San Silvestreko abelbidea izenekoaren ibilbidea Azkoiengo udal-mugartean aldatzeko proiektua onesten duena. Azkoiengo Udalak sustatu du.

Azkoiengo abelbideak abenduaren 23ko 262/2002 Foru Dekretuaren bidez zehaztu ziren. Foru dekretu horren bidez deklaratu zen Tutera, Castejón, Valtierra, Cadreita, Milagro, Funes, Azagra, San Adrián, Azkoien, Andosilla, Cárcar, Lodosa, Sesma, Mendabia eta Vianako udal-mugarteetan abelbideak eta haiei loturiko tokiak bazeudela eta, orobat, haien guztien zabalera, trazadura eta gainerako ezaugarri fisiko orokorrak kasuan kasuko udalerria sailkatzeko espedientean ageri zirela.

Era berean, Nafarroako Gobernuak 2015eko apirilaren 22an hartutako Erabakiaren bidez (85. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, maiatzaren 5ekoan) onetsi ziren Azkoiengo udal-mugartean 4. zeharbideak egiten duen tartean hondatu edo galdu diren mugarriak berritzeko eta haien inbentarioa egiteko lanak.

Bestalde, 2015eko uztailean, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak VP079/14 txostena eman zuen Azkoiengo Udal Plan Orokorrari buruz; bertan zehaztutako zenbait alderdik erakusten zuten Azkoiengo Udal Plan Orokorra bateraezina zela Nafarroako Abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legean xedatutako babes araubidearekin. Zehazki, 4. zeharbidearekin eta Las Luchas abelbidearen adarrarekin.

2015eko urrian, Azkoiengo Udalak 4. zeharbidearen ibilbidea aldatzeko proiektua aurkeztu zuen. Aldaketak aipatu zeharbideak Azkoiengo udal-mugartean egiten duen tarteari eragiten dio, eta aurreko txostenean atzemandako hutsuneak zuzendu beharrak eragin du.

Nafarroako Abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legearen arabera, interes publikoagatik eta, salbuespen gisa eta ongi arrazoitu ondoren, baita interes partikularragatik ere, abelbide baten trazadura aldatzeko edo desbideratzeko baimena ematen ahal da, betiere azaleraren osotasuna, ibilbideen egokitasuna, trazaduren jarraitasuna, abereen pasaera eta jarduera horrexekin bateragarri eta osagarri diren gainerako erabilerak bermatzen baldin badira.

Premisa hori kontuan hartuta, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak –hura baitzen une hartan Nafarroako abelbideen kudeaketaren ardura zuen unitatea– VP079/14-2 txostena eman zuen 2015eko azaroaren 4an, eta bertan ontzat eman zuen ibilbidearen aldaketa eta oinarriak ezarri zituen Nafarroako Abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legearen 10. artikuluan ezarritako prozedura ezartzeko.

Ibilbidea aldatzeak, halaber, abelbideentzat funtsezkoa den alderdi bat zuzentzen du, hain zuzen ere, abelbide hauen sailkapenaren ondotik egindako hirigintza-garapenen ondorioz desagertuak ziren abelbide tarteak berreskuratzea.

2017ko urrian, Azkoiengo Udalak egiaztatu zuen ibilbidea aldatzeko proposamena Azkoiengo Udal Plan Orokorrean jaso zela, eta Nafarroako Abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legearen 10.3 artikuluan aurreikusitakoarekin bat, pentsatzen da planaren tramitazioan ordezkatua geratu dela aldaketa jendaurrean jartzeko tramitea. Azkoiengo Udalak jakitera eman du alegazio bat aurkeztu zela ibilbidearen aldaketaren aurka eta ezetsi egin zela. Ingurune Naturalaren Zerbitzuak alegazioari emandako tratamendua baloratu du eta egokia dela erabaki du. Azkenik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren 390/2016 Foru Aginduaren bidez onetsi zen behin betiko Azkoiengo Udal Plan Orokorra (2017ko 52. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 15ekoa).

2017ko abenduaren 29an, Azkoiengo Udalak erregistroan aurkeztu zuen ibilbide berria osatzen duen azalera Nafarroako Gobernuaren eskura jartzeko beharrezkoak diren jarduera zehatzak biltzen zituen proiektua, Ingurune Naturalaren Zerbitzuaren iritziz egokia dena. Gainera, 2018ko urtarrilaren 3an, udalak Azkoiengo Udaleko Gobernu Batzordearen erabakia aurkeztu zuen, zeinaren bidez aurreko proiektua onetsi zen. Horrela, Azkoiengo Udalak eskuragarri utzi ditu abelbidearen trazadura berrietarako beharrezkoak diren lursail guztiak, zeinak Nafarroako Foru Komunitatearen (Altxonbideak) titulartasunekoak bihurtuko diren, eta udalak egiaztatu du ez dutela kargarik.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren oinarrizko egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Onestea “4. zeharbidea” edo San Silvestreko abelbidea izenekoaren ibilbidea Azkoiengo udal-mugartean aldatzeko proiektua (erantsitako planarekin bat). Azkoiengo Udalak sustatu du.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Katastroari igortzea zein diren zatitutako lurzati berriak, abelbideen zati bihurtuko direnak.

4. Ebazpen hau Ingurune Naturalaren Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Ebazpen hau Azkoiengo Udalari eta Jesús Martínez García interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio Publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Aurrekoa gorabehera, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, beste arrazoi batzuetan oinarrituta, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, jakinarazpen egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean.

Iruñean, 2018ko urtarrilaren 17an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

ERANSKINA

Ibilbidearen aldaketaren planoa (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1800901