Iragarkia
56. ALDIZKARIA - 2018ko martxoaren 20a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
879E/2017 EBAZPENA, abenduaren 29koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Xabierko eta Zangozako udal-mugarteetako “Sierra de Peña” haize-parkeari buruzko Ingurumen eraginaren adierazpena egiten duena. Sustatzailea Gestamp Eólica SL da.
Proiektuaren ezaugarriak kontuan harturik, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 3B eranskinean sartua dago, hau da, bakarrik Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren menpe dauden jarduera eta proiektuetan. Dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.
Ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko prozedura aurretiazko kontsulten tramitea eginez hasteko helburuz, sustatzaileak laburpen memoria aurkeztu zuen 2010eko ekainaren 17an. Hemezortzi entitateri igorri zitzaien aipatu memoria, eta haietatik, honakoek erantzun zuten: Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko Habitaten Atalak eta Plangintza eta Laguntza Atalak, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak, Aragoiko Ingurumen Kudeaketaren Institutuak eta Gurelurrek.
2010eko urriaren 8an, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak, aurretiazko kontsulten tramitea bukaturik, sustatzaileari igorri zizkion erantzuna eta irismen-txostena Ingurumen eraginaren azterketa egiteko; azterketa horretan, eremuaren balio ekologiko handia nabarmendu zen eta adierazi zen proposatutako parkearen eragina kritikoa izan zitekeela, bereziki faunari zegokionez. Jasotako erantzunak eta zerbitzu honek garrantzitsutzat jotzen dituen ingurumen alderdiak Ingurumen eraginaren adierazpen honen I. eranskinean agertzen dira laburturik.
2013ko irailaren 26an, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak “Peñako haize-parkea eta horri lotutako azpiegiturak” Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren dokumentazioa eta Ingurumen eraginaren azterketa igorri zizkion Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, tramita zitzan. Zangozako eta Xabierko udal-mugarteetan kokatzen da aipatu haize-parkea. Dokumentazio horrekin, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren prozedurak aurrera egin zuen.
“Sierra de Peña” izeneko haize-parkea proposatzean, ezaugarri hauekin egin zen: 8 haize-sorgailuk osatuko zuten, 84 metroko altuerako dorrea eta 54,50 metro luzeko palak izanen zituztenak; aurreikusi zen haietako lau Peña mendiaren gailurrean kokatzea lerrokadura bakarra osatzen, eta beste lauak, berriz, modu isolatuan, mendiaren hegoaldean dauden adarretako gune garaienetan.
Parkera sartzeko eta haize-parkeko azpiegiturei zerbitzu emateko, bideen sarea egin behar zen, 14.569 metro izanen zituena; horietatik 9.377 metro aurretik zeuden bideenak izanen ziren, eta 6.474 metro eraikuntza berrikoak, zehazki, 1.837 metro lurzoru naturalean eta 3.355 metro alor landuetan. Bidearen zabalera 5 metrokoa izatea aurreikusi zen, gehi beste metro bat areketarako, eta horri, behar izanez gero, lubeten, lur-erauzketen edo zangen azalera gehitu beharko zitzaion.
Haize-parkearen energia ateratzeko linea elektrikoa 66 kV-ekoa izanen da eta Zangozako 66/220 kV-eko TAEarekin lotuko du parkea. Proposatu da energia lur azpitik/airetik ateratzea, halako moduz non zanga batean lurperatuko baita linea elektrikoak Peña mendiaren iparraldeko isurialdeko karraskaditik egiten duen ibilbide osoa; egun dauden bideak aprobetxatuko dira horretarako, harik eta lineak Peña herria pasatu arte. Aipatu herria pasatuta, eta Zangozako udal-mugartearen barnean, aireko linea bihurtuko da, Zangozako 66/220 kV-eko TAEarekin lotu arte.
Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak Ingurumen eraginaren azterketa aski zela egiaztaturik, eta abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 50. artikuluan xedatutakoarekin bat, horretarako idazkia egin zuen 2014ko uztailaren 9an zerbitzu horretako buruak.
Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak egindako errekerimenduen ondorioz, Gestamp Eólica SL enpresak dokumentazio berria aurkeztu zuen 2015eko uztailaren 5ean, aurretik aurkeztutako agirien ordez. Aurreko proiektuarekin alderatuta egin zen aldaketa nagusia haize-sorgailuen kopurua 5era jaistea izan zen, eta kokapenari dagokionez, lau Peña mendian jarriko ziren eta beste bat isolatuago, gutxi gorabehera aurrekoetatik 1.300 metro hegoalderago. Aldi berean, kendutako haize-sorgailuetara sartzeko bideak eta azpiegiturak eta haien energia ebakuatzekoak kendu ziren. Haize-sorgailuen tamaina ere aldatu zen, honela: dorreak 91,5 metroko altuera izanen zuen, eta palak 58,5 metroko luzera. Hona haize-sorgailuen behin betiko koordenatuak:
HAIZE-SORGAILUA | UTM X | UTM Y |
P1.1 | 640.870 | 4.706.478 |
P1.2 | 641.169 | 4.706.524 |
P1.3 | 641.416 | 4.706.420 |
P1.4 | 641.653 | 4.706.238 |
P1.5 | 641.722 | 4.705.082 |
Haize-sorgailu bakoitza zegokion koordenatuan kokatzeko, plataforma batzuk eginen ziren, bertatik egiteko haize-sorgailuak kokatzeko lanak. Horien eraikuntzarako aldez aurretik egin beharreko lanak izanen lirateke eremuko belar-sastrakak garbitzea eta hondeaketa-lanak, eremu laua lortu arte. Plataformen oinarrizko neurriak hauek izanen lirateke: 45 metro × 30 metro P1.1 eta P1.5 haize-sorgailuentzat; eta, 35 metro × 35 metro, berriz, P1.2, P1.3 eta P1.4 haize-sorgailuentzat. Plataformetako batzuk malda handiko eremuetan kokatuko lirateke; hortaz, beharrezkoa izanen litzateke ertzetan ezpondak edo harri-lubetak eraikitzea. Horrek esan nahi du azalera handiagoa ukituko litzatekeela.
Zapataren oina karratua da, 15,25 metroko aldeak eta altuera aldakorra (1,35 metro eta 1,75 metro artekoa) dauzkana. Dorrearen lehen zatiaren ainguratze-bernoak zapatan kapsulatuta daude.
Haize-sorgailuan bertan ekoizten da energia, 650 V-eko tentsioan; barnean kokatuta duen transformadore baten bidez, 30 kV-eko tentsioraino igotzen da. 30 kV-eko lurpeko zirkuitu elektrikoek lotuko dituzte haize-sorgailuak, eta ekoitzitako energia elektrikoa 30/66 kV-eko transformazio azpiestazio batera eramanen dute. Izena du “Sierra de Peña” TA30/66 kV, eta bertan dagoen transformadoreari esker, 30 KV-etik 66 KV-era igoko du tentsioa.
TA0/66 kV transformazio azpiestazio elektrikoa trinkoa izanen litzateke, kontrolerako eraikinaren ondoan integratua. Azpiestazio trinkoaren eta kontrolerako zentroaren eraikinari dagokionez, osagai prefabrikatuekin eginen litzateke; oin bakarra eta angeluzuzena izanen luke, gutxi gorabehera 21,60 × 8,25 metrokoa, eta 4,5 metro inguruko altuera. Parketik heldu den 30 kV-eko zirkuitua lurpetik sartuko litzateke.
Haize-parkearen energia ateratzeko linea elektrikoak, 66 kV-ekoak, Zangozako 66/220 kV-eko TAEarekin lotuko du haize-parkea. 15,894 kilometroko ibilbidea du, zeinetarik 6.899 metro lurrazpitik doazen (6.729 metro hasierako tartean, harik eta aireko linea bihurtzen den arte, Torre de Peña herria pasatuta, eta 170 metro azken zatian, Zangozako 66/220 kV-eko TAEan sartzean) eta 8.995 metro airetik. Proiektatu da energia airetik/lur azpitik ateratzea, halako moduz non zanga batean lurperatuko baita linea elektrikoak Peña mendiaren iparraldeko isurialdeko karraskaditik egiten duen ibilbide osoa, egun dagoen bide bat aprobetxatuz horretarako, harik eta Peña herria pasatu arte. Aipatu herria igarota eta Zangozako udal-mugartearen barnean, aireko linea bihurtuko da; alor landuak eta pinu larizioen eta alepo pinuen landaketa bat gurutzatu ondoren, iparralderantz jotzen du Onsella eta Aragoi ibaiekin gurutzatu arte. Handik, eta Zangozako 66/220 kV-eko TAEarekin lotu arte, Aragoi ibaiaren eskuineko bazterretik joaten da, ibaiarekiko paralelo, bidean alor landuak, alepo pinuen landaketak eta sastrakadiak gurutzatuz. Osotara, 43 euskarri metaliko proiektatzen dira, bloke bakarreko zapatak izanen dituztenak. Lur azpiko zangak 1,50 metrotik 1,85 metrora bitarteko batez besteko sakonera izanen du (aldakorra izanen da, gurutzaketak gertatzen badira) eta 0,8 metroko zabalera. Proiektuan aurreikusten denez, lur azpiko tartearen zati batean, lur azpiko zanga Erronkariarren altxonbidetik joanen da, zehazki 1.140 metroan barrena, eta airetik doan tartean, berriz, aurretik aipatutakoaz gain, beste hiru iraganbideren gainetik igaroko da. Airetik doan zatiak Natura Sareko espazioa ukituko du, zehazki “Aragoi ibaiaren erdiko tartea” delako kontserbazio bereziko eremua, Onsella eta Aragoi ibaiak gurutzatuz.
Parkera sartzeko eta haize-parkeko azpiegiturei zerbitzu emateko (alde batera utzita Sofuentestik sartzeko bidea, Aragoiko lurraldean), bideen sarea eginen litzateke, 7.030 metrokoa; horietatik 5.546 metro gaur egun dauden bideenak izanen lirateke, zeinak zenbait kasutan, egokitu eta zabaldu beharko diren, eta beste 1.484 metro eraikuntza berriko bideenak, zehazki, 206 metro lurzoru naturalean eta 1.278 metro alor landuetan. Bidearen zabalera 5 metrokoa izatea aurreikusi da, gehi beste metro bat areketarako, eta horri, behar izanez gero, lubeten, lur-erauzketen edo zangen azalera gehitu beharko zitzaion. 3H/2V-ko lubetak aurreikusten dira eta 3 metroko altuera gaindituz gero, harri-lubeta eraikitzeko aukera ikertuko da, okupazioa minimizatzeko. Lur erauzketak 3H/2V-koak izanen lirateke, eta 1H/1V-koak harkaitzen kasuan, edo baita bertikalak ere, okupazioa minimizatzeko.
Ingurumen eraginaren azterketan ikuspegi teknikotik eta ingurumenekotik egindako alternatiben analisia sartu da. Denek kokapen bera dute abiapuntu, Sierra de Peñan hain zuzen, eta lau alternatiba baloratzen dira haize-sorgailuak kokatzeko. Lehendabiziko aukera batek 12 makina aurreikusten ditu, eta bigarren batek, berriz, zortzi, gerora bostera murriztuko direnak Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren errekerimenduen ondotik, betiere habitatei eragindako kalteak minimizatze aldera eta errendimendu eoliko handiena bilatuz. Era berean, zenbait alternatiba baloratzen dira sarbide nagusirako eta parketik energia ateratzeko linearako. Linea elektrikorako hautatutako alternatibari dagokionez, lur azpitik joanen da ibilbidearen zati batean, abifaunaren, landarediaren eta paisaiaren gaineko eragina murrizteko.
Ingurumenaren osagaiei buruzko azterlan zorrotza sartu da. Horretarako, landarediaren identifikazio- eta kartografia-lana egin da, bereziki abariztien, karraskadien eta erkameztien unitate ezberdinena, bai eta sastrakadiena eta larreena ere. Haize-sorgailuak eta lotutako azpiegiturak kokatzeko eremuan 92/43/EEE Zuzentarauaren Europar Batasunaren intereseko habitat hauek kartografiatu dira: Somontano-Aragoiko karraskadiak (Buxo sempervirentis-Quercetum rotundifoliae 9340), Somontano-Aragoiko erkameztiak (Violo wilkommii-Quercetum fagineae 9240), abariztiak eta ipurudiak (Rhamno lycioidis-Quercetum cocciferae 5210), sabinadiak ezpelarekin (Buxo-Juniperetum phoeniceae 5210), sastrakadi eta larre submediterraneoak (Thymelaeo ruizii-Aphyllanthetum monspeliensis 4090), belar larreak (Mesobromion 6210) eta harkaiztiak Peñako gailurrean (Potentilletalia caulescentis 8210). Buxo sempervirentis-Quercetum rotundifoliae karraskadiek, Violo wilkommii-Quercetum fagineae erkameztiek, Buxo-Juniperetum phoeniceae sabinadiek ezpelarekin eta harkaiztietako landarediak berezitasun eta naturaltasun maila handia dute. Intereseko habitat horiei gehitu behar zaizkie linea elektrikoak gurutzatutako tartean dauden ibaiei eta ibar-beheari lotutakoak. Draba hispanicaren presentzia aztertu eta lokalizatu da. Nafarroan espezie kaltebera gisa katalogatua dagoenez, neurri zehatzak aurreikusi dira harkaiztiak eta pitzadurak zaintzeko, bertan baitaude espezie hori babesten duten Potentilletalia caulescentis-en komunitateak.
Sierra de Peñak paisaiaren aldetik dituen ezaugarriak eta garrantzia aintzat hartuta, azterlan monografikoa egin da haize-parkeak paisaian izanen duen eraginari buruz, barnean sartuta kalitate eta hauskortasun bisuala eta proiektuak paisaiaren gainean izanen duen eraginaren balorazioa.
IEAn sartu da abifaunak espazioaz egiten duen erabileraren urteko zikloaren azterlana, hain zuzen ere, 2011ko apiriletik 2012ko abuztura arteko aldiari dagokiona, eta bertan identifikatu dira harkaiztietako hegazti harraparien eta basoko harraparien koloniak, etzalekuak, bizi-eremuak eta hegaldien norabideak. Migrazio korridoreak ere identifikatu dira.
Bere ekologia- eta paisaia-balioak direla-eta, Sierra de Peña Erdialdeko Eremuetako Lurralde Antolamenduko Planean (POT 4) sartu da babes bereziko eremu gisa, interes bereziko landarediagatik. Gainera, POT 4 delakoan babes bereziko eremu gisa sartua dago Sierra de Peña, lurralde konektagarritasunerako gune bezala daukan balioagatik. Halaber, babes bereziko eremu gisa ere nabarmentzen da, paisaia-balioagatik, aparteko paisaia eta paisaia natural gisa.
Ingurumen eraginaren azterlanak aurreikusten diren ingurumen ukipenak aztertzen ditu. Mehatxatutako hegaztiek (harrapariek, batez ere), paisaiak eta landaredi naturaleko azalera batzuek (kontserbazio maila altua dutenek eta 92/43/EEE Zuzentarauan habitat gisa katalogatuta daudenek) jasango dituzte ukipen nagusiak. Abifaunari dagokionez, kalte handiena jasango duten espezie nagusiak hauexek dira: miru gorria, miru beltza, sai zuria, arrano beltza, arrano sugezalea, belatz handia, aztore arrunta, gabirai arrunta eta arrano txikia, baita sai arrea ere. Gainera, Ingurumen eraginaren azterlanean egiaztatu da abifauna migratzailearen bi pasabide daudela Sierra de Peñan; horietariko bat mendiaren gailurretik igarotzen da, non bost haize-sorgailuetako lau dauden.
Haize-sorgailuen arteko bideak eta horien plataformak eraikitzearen ondorioz, ongi kontserbatuta dauden karraskadiak, erkameztiak eta ipurudiak dauzkaten eremuak ukituko dira. Kontserbazio maila altua dute eta hauskortasun handia, birsortzeko gaitasun mugatuarekin.
Ingurumen eraginaren azterketan ondorioztatzen denez, Sierra de Peña haize-parkearen proiektuak ingurumenaren gaineko inpaktu moderatu-larria izanen du tokiko abifaunari dagokionez, betiere neurri prebentibo eta zuzentzaile guztiak aplikatzen badira. Era berean, landarediaren gaineko eragina moderatu-larria bezala baloratzen da, zeina, neurri zuzentzaileak aplikatu ondoren, “moderatu”ra jaitsiko den. Azterlanak, oro har, moderatu gisa baloratzen du haize-parkearen eragina. Sierra de Peña haize-parkearen korridore ekologikoen azterlana aurkeztu da, bai eta energia ebakuatzeko lotutako azpiegiturena ere, eta ondorioa da proposatutako parkeak ez duela eraginik izango lurralde konektagarritasunean lurreko faunari dagokionez.
IEAn neurri zuzentzaileak ezartzen dira identifikatutako eragin guztietarako, hasi proiektuaren exekuzio fasean aplikatzekoak direnetatik, landarediaren gaineko eragina murrizteko, eta buka funtzionamenduan diren errotek abifauna ukitzeko arriskuari egindako jarraipenarekin eta linea elektrikoa airetik doan tarteko balizekin. Ingurumen zaintzarako programa egokia ere bildu da, proiektua garatzeko fase guztietarako.
Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak informazio berri hori jasotzen duen Ingurumen eraginaren azterlana aski zela egiaztaturik, eta abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 50. artikuluarekin bat, zerbitzu horretako zuzendariak 2015eko irailaren 29an idazkia prestatu zuen, eta bertan adierazi, bidezkoa zela proiektua jendaurrean jartzea.
Nafarroako Gobernuak 2016ko otsailaren 10ean hartutako Erabakiaren bidez “Sierra de Peña parke eolikoa eta lotutako azpiegiturak” izeneko proiektua, Gestamp Eólica SLk sustatua, Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratu zen, eta jendaurrean jarri zen, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean eta Ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko prozeduran aurreikusitako ondorioetarako, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen arabera. Nafarroako Gobernuak apirilaren 6an hartutako erabakiaren bidez (2016ko 76. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, apirilaren 21ekoan), jendaurreko epe berria ireki zen SEO elkarteak eskatuta.
Jendaurreko epe horretan, entitate hauek aurkeztu zituzten alegazioak (II. eranskinean laburbiltzen da haien edukia): Ongaiz-Zangozako Ekologistak Martxan taldeak, Galipentzuko Udalak, Zangozako Udalak, José María eta María Jesús Espatolero Esparzak eta Sauseko Udalak, eta Aragoiko Ingurumen Kudeaketako Institutuaren txostena jaso zen.
Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren txostena jaso da, 2016ko ekainaren 20koa, zeinak, erakunde horren eskumenei dagokienez, adierazten baitu Sierra de Peña haize-parkearen eta lotutako azpiegituren proiektuarekin aurreikusten diren ondorioak bateragarritzat jotzen direla sistema hidrikoari dagokionez, betiere ingurumen eraginaren azterketan jasotako neurriak aplikatzen badira, bai eta beharrezkoak diren neurri guztiak ere, jarduketa eremuko sistema hidrikoak kalte txikiena jasan dezan; uren kutsadura saihestuko da, eta arreta berezia jarriko da proiektatutako linea gauzatzean eremuan diren ibilguak ez ukitzeko: Jusko erreka-zuloak, Baratiñones, Fuente Aragón, Gallán, la Val eta Onsella eta Aragoi ibaiak, eta bermatuko da ez dela horien dinamika hidrologikoa nabarmenki aldatuko, ez eta eremuko drainatze naturala ere.
Biodibertsitatearen Zerbitzuak, Habitaten Atalaren bidez, 2016ko apirilaren 18ko txostenaren bidez, jakitera eman zuen nola sartu ziren zerbitzu horrek berak 2011ko martxoaren 21eko aurretiazko kontsulten tramitean emandako txostenean egindako proposamenak ingurumen eraginaren azterketan. Haize-parkeak ukitutako eremuaren ingurumen balorazioari dagokionez, zerbitzuak 2011ko txostena aipatzen du, non adierazten baitzen haize-parkea gauzatzeak ingurumen arloko ondorio negatiboak izan ditzakeela bertan dauden zenbait balio naturalen kontserbazioan, bai eta espezie ezberdinen kontserbazioan ere, bereziki haize-parkeen presentziak gehien ukitzen dituenen kasuan. Halaber, zerbitzuaren iritziz, Sierra de Peña haize-parkearen eraikuntza bateraezina izan daiteke ugatzaren eta Bonelli arranoaren kontserbazioarekin.
Ingurumen eraginaren azterketan abifaunak espazioaz egiten duen erabilerari buruz emandako informazioaren arabera, eremuan ez da detektatu ez Bonelli arranoaren ez ugatzaren presentziarik, nahiz eta sintesi agirian aipatu ziren. Biodibertsitatearen Zerbitzuak bazituen aipamenak proiektuaren eremuan atzemandako Bonelli arranoei eta ugatzei buruz, proiektuaren eragina baloratu baino lehen aintzat hartu beharreko moduko aipamenak. LIFE Bonelli proiektuaren esparruaren barnean, haize-parkearen proiektutik hurbil dauden lurraldeak erabili dira espeziearen populazioa berrindartzeko gune gisa. Gainera, GPS gailuen bidez markatutako Bonelli arranoen ale heldugabe batzuk aurkitu dira, eta gailu horiek erakusten dutenez, hegaztiek maiz erabiltzen dute Sierra de Peña bizi-eremu eta atseden hartzeko eremu gisa. Azpimarratzen da beharrezkoa dela zerbitzuak 2011ko aurretiazko kontsulten tramitean emandako txostenean bildutako ohar guztiak aintzat hartzea. Horrek agerian uzten du galzoriko espezie horiek ukitzeko arriskua ez dela aintzat hartu haize-parkeak faunari eraginen dizkion kalteen balorazioan. Hortaz, abifaunaren gaineko eraginaren balorazioa IEAn egindakoa baino larriagoa izanen da.
Positiboki baloratzen da linea elektrikoaren zati bat lur azpitik joatea, baina Habitaten Atalak aurretiazko kontsulten tramitean egindako txostenean adierazi zuenez, hoberena litzateke linea osoa lur azpian sartzea. Nabarmentzen zuen linea elektrikoaren inguruan bazirela habiak, eta horiek balio handikoak zirela hegazti harkaiztarren kontserbazioari begira. “Aragoi ibaiaren erdiko tartea” delako kontserbazio bereziko eremuaren kudeaketa planaren oinarri teknikoetan, ondoko helburu operatiboa dago: “Linea elektrikoek hegaztiengan eragindako ukipenak gutxitzea”. Era berean, jakitera ematen zuen beharrezkoa zela proiektuaren eragin sinergikoak eta metakorrak aztertzea eremuan zeuden azpiegiturekin.
Espedientean Biodibertsitatearen Zerbitzuaren txostena ere badago, non abelbideen gaineko kalteak aipatzen diren; zehazki, energia lur azpitik ateratzeko linea elektrikoak Erronkariarren errege altxonbidearekin bat egiten duen tokian, hain zuzen ere, 1.140 metroko tartean. Adierazten du, halaber, abelbideei dagozkien lursailetan baimentzen ahal diren eraikuntza jarduera bakarrak direla bide horien kontserbazioarekin, mantentze-lanekin eta hobekuntzarekin lotutakoak. Eskatutako jarduera ez dagoenez aipatutakoen artean, ondorioztatzen da ez dela baimengarria proposatu bezala linea elektrikoa lur azpian sartzea Erronkariarren errege altxonbidean, are gehiago abelbidetik ez doazen alternatiba bideragarriak daudenean.
Aragoiko Ingurumen Kudeaketako Institutuak 2016ko apirilaren 21ean jakitera eman zuen “Sierra de Peña haize-parkea eta energia ebakuatzeko lotutako azpiegiturak” proiektua garatuz gero, abifaunak oso arrisku handia izanen duela haize-sorgailuekin eta ebakuazio linearekin talka egiteko. Azken horren kasuan, 8.995 metroko luzerako aireko linea gisa proiektatua dago. Jarduketa eremuan, espezie mehatxatuen katalogoan dauden eta kontserbazio-balio handikoak diren hegaztiak daude. Nabarmentzekoak dira, besteak beste, hegazti planeatzaileak eta harrapari handiak, bereziki, sai arrea (habiak hurbil dauzkana), arrano beltza, sai zuria, miru gorria (negupasan), baita ugatza ere, eremua horren bizitokiaren hegoaldeko mugan dagoelarik. Proiektatutako parkeak muga egiten du Aragoiko Gobernuak otsailaren 25eko 45/2003 Dekretuaren bidez onetsi zuen berreskurapen planaren esparruarekin.
Aintzat hartuta lerrokaduren jarraitutasuna eta Aragoin, Sauseko iparraldeko mendietan, eta Zangoza iparraldean kokatutako haize-sorgailuen dentsitatea, proiektua garatuz gero modu nabarmenean ukituko dira fluxu migratzaileak; izan ere, proiektua, Ingurumen eraginaren azterketari atxikitako abifaunaren azterlanean identifikatzen den bezala, Nafarroa ekialdeko ibarrak eta Onsellako ibarra Aragoin gurutzatzen dituen migrazio korridorean kokatzen da, Arba eta Riguel ibaien goi-ibarretaraino iritsiz. Zenbait espeziek erabiltzen dute eremu hori, esaterako, kurrilo arruntak eta eguneko harrapariek, adibidez, zapelatz liztorjaleak, miru beltzak, miru gorriak, mirotzen zenbait espeziek, gabiraiak eta abarrek.
Zentzu horretan, 2008an, Aragoiko Ingurumen Kudeaketako Institutuak ezezkoa eman zuen eta kontrako adierazpena eman zion Sauseko haize-parkearen proiektuari, Uncastilloko (Zaragoza) udal-mugartean; izan ere, oso arrisku handia zegoen abifaunarentzat haize-sorgailuekin talka egiteko eta eremuan diren migrazio korridoreentzat.
Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak proposatu du onespena ukatzea Peñako haize-parkeari babes bereziko eremuan egoteagatik (POTean hala sartua dago). Nafarroako Gobernuak 2016ko otsailaren 10ean hartutako Erabakiaren bidez, proiektua Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratu zen, eta ezarri zen haize-parkea bakarrik baimenduko zela baldin eta justifikatzen bazen aplikatu behar zela lurralde antolamenduko planen lehenbiziko eguneratzean, babes bereziko eremuetako erabilerak eta jarduerak zabaltzeari dagokionez, ezarritako ohiz kanpoko egoera.
Hemen aztertzen den proiektu honetan, hots, Peñako haize-parkea delakoan, 5 haize-sorgailu jartzea proposatzen da, eta horietako lauk gaur egun dagoen parke baten lerrokadurari jarraituko diote, baina ezein instalazio edo lotutako zerbitzurik partekatu gabe. Horri buruz, sustatzaileak argudiatu du ezen, existitzen diren azpiegiturak eta zerbitzuak aprobetxatzeko aukera baloratu ondoren, egin behar diren obrak eta horiek gauzatu bitartean aurretik zegoen parkeari eraginen zaizkion kalteak direla-eta, erabaki dela sarbide eta ebakuaziorako azpiegitura independenteak eraikitzea. Horrenbestez, proposamena hau da: parke autonomo bat, zeinaren funtzionamendua ez dagoen gaur egun existitzen denari lotua, lotura bakarra haize-sorgailu gehienen jarraitutasun bisuala izanen delarik.
Ondorioz, ezin da esan proiektuari lurralde antolamenduko planen lehenbiziko eguneratzean babes bereziko eremuentzat planteatutako salbuespena aplika dakiokeenik; izan ere, ez die erantzuten POTak salbuespen hori planteatzeko ezarritako helburuei, parkearen ezarpena ez baitago lotua aldez aurretik zegoen jardueraren iraupenerakin (Sos del Rey Católico II haize-parkea), eta ez ditu betetzen POTak, parkea zabaltzea baimengarria izan dadin, ezarritako irizpide espezifikoak.
Aurrekoa gorabehera, sustatzaileak, bere argudioen artean, aurkeztutako proiektua “gune eolikoak” eratzen dituzten beste haize-parke batzuen ezarpenarekin alderatzen du. Nabarmentzekoa ere bada, bestalde, gune horiek guztiak parke independente gisa tramitatu direla, eta ez aldez aurretik zeuden parkeen handitzeak bezala. Azkenik, eta aurreko guztia ikusirik, Peñan proposatutako haize-parkea parke independente gisa tramitatu behar da, ezin baita existitzen den jarduera baten handitzetzat jo. Hortaz, babes bereziko eremu batean (Interes bereziko landaredia) debekatutako jardueratzat jotzen da.
Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak jakitera eman du sustatzaileak beharrezkoak diren azterlan guztiak egin dituela parkearen eta linea elektrikoaren proiektuak ahalik eta kalte txikiena eragiteko. Alternatiba ezberdinak aztertu dira proiektuaren ingurumen eragina txikiena izan dadin, eta horrek ekarri du hasiera batean aurreikusitako haize-sorgailuen kopurua murriztea eta energia ateratzeko linea elektrikoa partzialki lur azpian sartzea.
Hala eta guztiz ere, kontuan hartu behar da proiektua interes ekologikoko gune batean kokatzen dela. Sierra de Peñan, Huescako Somontanoko barrutian, Somontanoko sektore biogeografikoaren ezaugarri diren landaredi serieen ordezkaritzarik onena dago (Loidi eta Báscones, 2006), naturaltasun-maila handiarekin. Nafarroako eremu honetan dagoen Somontanoko geosigmetumak izaera finikola du, hau da, eremu biogeografikoaren muturrean dago; horregatik, berez da hauskorra eta interesgarria, bertan biltzen baitira karraskadi aurrepiriniarren espezieak eta Somontanoko karraskadienak (Buxo sempervirentis-Querco rotundifoliae S.) eta erkamezti iberiarren Somontanoko serieak ere bai (Violo wilkommii-Querco fagineae S.), zuhaixken eta belarren segida-serieetan, hain zuzen ere, azpiegitura eolikoak Sierra de Peñako gainaldean okupatuko duen tokian.
Proiektuak arrisku handia dakar babestutako abifaunaren zenbait espezieren kontserbaziorako. Espezie horiek Nafarroako eta Aragoiko espezie mehatxatuen katalogoetan sartuta daude, bai eta katalogo nazionalean ere, horietariko batzuk, gainera, galzoriko espezieak direlarik, esaterako, ugatza eta Bonelli arranoa; Habitat naturalak eta basa fauna eta flora kontserbatzeari buruzko Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauan ere jasoak daude. Gainera, kontuan hartu beharrekoa da haize-parkeak hegazti espezieentzako habitat egokiaren galera ekarriko duela, sortuko lituzkeen trabengatik, bai eta aipatu hegaztiek talka egiteko duten arrisku handia ere, eremu hori ugalketarako, elikatzeko eta bizitzeko erabiltzen baitute. Proposatutako haize-sorgailuek abifaunaren gainean izanen duten eragin metakorra ere aintzat hartu beharrekoa da, eremu horretan dagoeneko badirelako haize-parke ugari eta abifaunarekin gorabehera asko hauteman direlako. Horri beste zailtasun bat erantsi behar zaio: planteatutako obra zibila ingurumenaren eta paisaiaren aldetik txertatzea, izan ere, haize-sorgailuen plataformak eta bideak malda handiko eremuetan eraikiko direnez, horrek lur mugimendu garrantzitsuak ekarriko ditu, ezponda maldatsuak edo harri-lubetak, eta Nafarroan oso bereziak diren habitatak ukituko dira.
Aintzat hartuta ingurumenean ahalik eta eragin txikiena izanen duen haize-parkea diseinatzeko beharrekoak diren azterlan guztiak egin direla eta, eremuaren ingurumeneko sentikortasuna dela-eta, ezinezkoa denez proiektua naturgunearen kontserbazioarekin bateragarriak diren mailetara murriztea, jakitera ematen da “Sierra de Peña eta lotutako azpiegiturak” haize-parkea onesteak eragin onartezina ekarriko lukeela eremu horretako mehatxatutako abifaunako espezieen gainean eta aipatutako balio naturaletan, neurri zuzentzaileak aplikatzeko aukerarik gabe.
Ingurumen eraginaren adierazpenaren proposamenaren entzunaldiaren tramitea bete da, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 52. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. IEAren proposamena 2016ko apirilaren 30ean igorri zitzaion sustatzaileari. 2016ko abenduaren 23an, sustatzailearen oharrak jaso ziren. Horiek azterturik ikusi da ez dutela datu berririk ekartzen, eta beraz, proiektuaren ingurumen eraginaren balorazioa ez dela aldatzen.
Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak egindako txostenean adierazi du Ingurumen eraginaren ebaluazioa behar bezala egin dela eta proposatzen du Ingurumen eraginaren adierazpena egitea, ingurumeneko ondorioetarako soil-soilik, eta ezartzea Sierra de Peña haize-parkearen proiektua ez dela bideragarria, ingurumenaren eta ingurune natural osoaren gaineko eragina handia izanen delako, mehatxatutako abifaunako espezieen kontserbaziorako garrantzia handikoa den eremu batean kokatzeagatik eta haien gaineko eraginak duen arriskuagatik.
Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, Ingurumen eraginaren ebaluazioaren prozedura osatuta dagoela iritzita, eta azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Kontrako Ingurumen eraginaren adierazpena egiten da Xabierko eta Zangozako udal-mugarteetan “Sierra de Peña eta lotutako azpiegiturak” izeneko haize-parkea egiteari buruz, proiektua kokatu nahi den eremuan diren mehatxatutako abifaunako espezieen eta bestelako balio natural batzuen gainean izanen duen ingurumen inpaktuagatik (azalpen zatian azaldu da). Sustatzailea Gestamp Eólica SL da.
2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 53. artikuluan xedatutakoari jarraikiz (foru dekretu haren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua).
3. Ebazpen hau jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Basozaintzari, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuari, Xabierko eta Zangozako udalei, alegatzaileei eta sustatzaileari.
Iruñean, 2017ko abenduaren 29an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.
ERANSKINA
Aurretiazko kontsulten tramitearen emaitza
Aurretiazko kontsulten tramitean kontsultatutako entitate eta erakundeen zerrenda. Erantzuna igorri dutenak zehazten dira
Xabierko Udala | |
Zangozako Udala | |
Kasedako Udala | |
Sauseko Udala | |
Ondare eta Kulturako Zuz. Nag. | |
Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzua | |
Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzua | X |
Energiaren, Meatzaritzaren, Telekomunikazioen eta Industria Segurtasunaren Zerbitzua | X |
Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa | |
Aragoiko Gobernua-INAGA | X |
Nafarroako Unibertsitatea | |
Nafarroako Unibertsitate Publikoa | |
LAB | |
UGT | |
ELA | |
CCOO | |
Gurelur | X |
Aurretiazko kontsulten aldian jasotako erantzunen laburpena.
Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzua.
2011ko martxoaren 21ean, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko Habitaten Atalak txostena egin zuen eremuko ingurumen balioen garrantziari buruz. Hasteko, adierazten du proiektuaren eremua “Aragoi ibaiaren erdiko tartea” delako kontserbazio bereziko eremutik 5.315 metrora dagoela; Kaparretako natura-erreserba eta hegaztien babesgune berezitik 8 kilometrora, eta Santo Domingoko eta Caballerako mendilerroen HBBtik eta Onsella ibaitik 7 km-ra. Zerrendatu egiten ditu Sierra de Peña inguruan, Nafarroan eta Aragoin gaur egun dauden haize-parkeak eta horiek abifaunari eragin dizkioten gorabeherak. Zehazki, aipatzen da aldamenean dagoen Salajonesko haize-parkean dagoeneko haize-sorgailu bat kendu dela eragiten ari zen talka kopuru handiagatik.
Parkea ongi kontserbatutako landaredi naturala dagoen tokian egitea planteatzen da, eta horrek bete-betean eraginen lioke. Loidik eta Sesmak (1993) adierazi dutenez, Peña bezalako eremu txiki batean biltzen diren habitaten multzoak balio ekologiko handia ematen diote. Era berean, bertako basoak fase klimatikotik edo maximo biologiko egonkorretik hurbil daude, eta horregatik, arreta berezia merezi dute. Badira haien berezitasunagatik garrantzitsuagoak diren beste landare komunitate batzuk, lurraldean finikolak diren komunitateak eratzen dituztenak.
Haize-sorgailu guztiak kokatzen dira Erdialdeko Eremuetako Lurralde Antolamenduko Planaren arabera (POT4) intereseko landaredi naturalen masak dauzkaten eremuetan, bertan daudelarik erkameztien, karraskadien eta ipurudien masak.
Hona zein izanen liratekeen haize-parkea instalatzearen ondorioz kalteak jasanen lituzketen Europar Batasunaren intereseko habitatak (gaur egun kontserbazio egoera onean daudenak): Quercetum rotundifoliae karraskadiak, Somontano-Aragoiko erkameztiak (Violo wilkommii-Quercetum fagineae), Somontano-Aragoiko abariztiak (Juniperus oxycedrus) eta mendiko harkaitz karetsuak. Gailurreko irtenuneen konglomeratuek osatzen dute Peñako habitatik garrantzitsuenetako bat, hain justu parkea egitea planteatzen den lekuan daudenak. Eremu horretan dago Nafarroan ezagutzen den Draba hispanicaren populazio bakarra: kaltebera gisa katalogatua dagoen espeziea.
Txostenean jaso dira, besteak beste, ingurumen eraginaren azterketan sakondu beharreko zenbait alderdi, haize-parkearen kokapenerako alternatibak aztertzeko beharra eta, kasua bada, haize-sorgailu zehatzena ere bai, eta eragin sinergikoak eta metakorrak baloratzearen garrantzia, Aragoi aldeko parkeak ere aintzat hartuta.
Proposatutako haize-parkearen egoera nagusia kontuan hartuta, nabarmentzekoak dira hegaldiek jasanen duten kaltea, eta babestutako abifaunaren talka egiteko arriskua, bereziki harrapariek (ugatzak eta Bonelli arranoak batez ere), bai eta fauna harkaiztarrarentzat eta fluxu migratzaileentzat interesekoak diren toki ezberdinen arteko interferentziak ere.
Proiektuak abifaunarentzat dakarren arriskua lotua dago parkearen kokalekutik hurbil dauden saitegiekin, fauna harkaiztarrarentzat interesekoak diren zenbait punturen arteko lotura egiten baitute: Leire eta Arbaiungo mendilerro, arroil eta malkarrak iparraldean, Santo Domingo eta Oroelgo haitzak ekialdean, Aragoin, eta Kaparreta mendebaldean. Handik hurbil, Irunberriko, Zangozako eta Nabaskozeko elikadura osagarriko guneak daude Nafarroan, eta Luesiakoa Aragoin.
Uste da, halaber, parkearen kokalekuak eragina izan lezakeela fluxu migratzaileetan; izan ere, Nafarroako ekialdeko ibarrak gurutzatzen dituen migrazio korridorearen barnean dago; Val d’Onsellara edo Bardeara jarraitzen du aipatu korridoreak, eta espezie adierazgarriek erabiltzen dute, besteak beste, kurrilo arruntak eta eguneko harrapariek, adibidez, zapelatz liztorjaleak, miru beltzak, miru gorriak, mirotzen zenbait espeziek, gabiraiak, etab. Garrantzia handiko eremua da, paisaiaren kontserbaziorako eta kalitaterako dauzkan balioengatik, eta balorazio handia merezi duen landaredi naturalaren eta alorren mosaikoa osatzen du. Gainera, beharrezkotzat jotzen du linea elektriko guztiak lur azpitik joatea.
Uste da haize-parkea gauzatuz gero, ingurumen arloko ondorioak negatiboak izanen direla gaur egun dauden balio naturalak kontserbatzeari begira, bai eta haize-parkeen eragina jasateko arrisku gehien duten espezieei dagokienez ere, bereziki harraparien (sai zuria, arrano beltza, miru gorria, mirotz zuria, sai arrea, etab.) eta kiropteroen kasuan. Era berean, adierazten denez, Sierra de Peña haize-parkea egitea bateraezina izan daiteke ugatzaren eta Bonelli arranoaren kontserbazioarekin, zeinak galzoriko espezie gisa katalogatuak dauden Nafarroan eta, estatu mailan, berriz, galzoriko espezie eta espezie kaltebera gisa, hurrenez hurren.
Plangintza eta Laguntza Atalak txostena egin du proiektuak abelbideen gainean izan ditzakeen ukipenei buruz.
Energiaren, Meatzaritzaren, Telekomunikazioen eta Industria Segurtasunaren Zerbitzua.
Energiaren, Meatzaritzaren, Telekomunikazioen eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak egin txostenean adierazten da sistemaren operadorearekin (Red Eléctrica de España SA) batera ari dela lanean Nafarroan ebakuazio gaitasuna ahalik eta handiena izan dadin sustatzaileek egindako proposamenetan, batik bat I+G+b-ko inbertsioetan.
Aragoiko Ingurumen Kudeaketako Institutua (INAGA).
Aragoiko Ingurumen Kudeaketako Institutuak, 2010eko irailaren 13an emandako txostenean, garrantzizkotzat jotzen dituen zenbait alderdi nabarmendu ditu Ingurumen eraginaren azterketan azter daitezen.
Erroten ondoko ekialdeko isurialdean Europar Batasunaren intereseko habitatak daude, ondoko kodea dutenak: UE 9240 “Quercus faginea eta Quercus canariensis espezieetako harizti iberikoak” eta 9340 “Quercus ilex eta Quercus rotundifolia espezieetako basoak”.
Erkameztien eta karraskadien soilguneetan Orchis simia, Genista teretifolia espezieak aurki daitezke. Lehendabizikoa “kaltebera” gisa dago katalogatua Aragoiko Espezie Mehatxatuen Katalogoan, eta bigarrena, berriz, “interes berezikoa” bezala. Aragoiko Gobernuak irailaren 6an emandako 181/2005 Dekretuaren bidez arautu zen aipatu katalogoa, eta partez aldatu zen Aragoiko Foru Diputazioaren martxoaren 28ko 49/1995 Dekretua.
Era berean, badira beste espezie batzuk ere, besteak beste, hontz handia (Bubo bubo), saia (Gyps fulvus), mirua (Milvus milvus), arrano beltza (Aquila chrysaetos), belatz handia (Falco pregrinus) eta hegazti migratzaileak ere bai, adibidez, pagausoa (Columba palumbus), gabiraia (Acipiter nisus), mirotz zuria (Circus cyaneus), kurrilo arrunta (Grus grus) eta abar. Espezie horietatik, mirotz zuria, kurriloa eta miru gorria aipatu katalagoan daude “habitateko aldaketen aurrean ahul” gisa sailkatuta.
Ingurumen eraginaren azterketan jaso beharreko informazioaren zabalerari eta zehaztasunari dagokienez, eta araudian ezarritako gutxieneko edukiak galarazi gabe, honako alderdi hauek jo dira garrantzitsutzat:
–Ingurumen eraginaren azterketan, aurkeztutako dokumentazioan deskribatutako instalazioak sartzeaz gain, energia ateratzeko linea elektrikoa ere agertu beharko litzateke eta azpiegitura horrek gainerako haize-parkearekin batera ingurumenaren aldetik izanen dituen ondorioen balorazioa ere bai.
–Abifaunaren azterketa. Proposatutako jarduerak mehatxatutako abifaunaren bizitokien eremuetan eta habia egiteko tokietatik hurbil daude. Aragoiko Gobernuak irailaren 6an emandako 181/2005 Dekretuaren bidez arautu zen espezie mehatxatu horiek jasotzen dituen katalogoa, eta partez aldatu zen Aragoiko Foru Diputazioaren martxoaren 28ko 49/1995 Dekretua. Ingurumeneko Departamentuko Garapen Iraunkorrerako Zuzendaritza Nagusiari eskatu beharko litzaizkioke haize-parkearen eraginpeko eremuan dauden espezie horien presentziari buruz eskura dauden datuak.
Era berean, Basa Fauna Sendatzeko Alfrancako Zentroan eskuratuko dira proiektatutako haize-parketik hurbilen dauden parkeetan hegaztien talkei buruz jasotako datuak. Aurrekoa aintzat hartuta eta abifaunari buruzko azterlanaren ondorioen arabera, urteko bajen kopurua balioetsiko da, eta kalte handiena jasaten duten espezieak aipatuko dira. Halaber, haize-parkeak hegaztien artean eragin dezakeen “huste efektua” aztertuko da, bai eta haien joan-etorrietarako oztopo egiten duen ere.
Haize-parkeak paisaian duen eragina ere aztertu beharko da, eta horretarako, haize-sorgailuen ikusgarritasuna aztertuko da sarbide ezberdinetatik (biziguneak, errepideak, bide nagusiak, balizatutako ibilbideak, begiratokiak edo beste batzuk). Haize-parkeen simulazioa aurkeztuko da bizigune hurbilenetatik begiratuta, bereziki, Villa de Sausetik, interes kulturaleko ondasun gisa katalogatua baitago. Eremuan gaur egun dauden beste azpiegitura batzuekin batera izanen dituen ondorio sinergikoak eta metakorrak ere aztertu beharko dira.
GURELUR (Ingurune naturala babesteko Nafarroako funtsa).
GURELURrek, 2010eko uztailaren 27ko idazkiaren bidez adierazi zuen proiektua ez litzatekeela tramitatu behar 2/1993 Foru Legean fauna babesteko aurreikusitakoaren kontra doalako. Adierazten duenez, parkearen tramitazioa ez da koherentea Nafarroako 2005-2010erako Energia Planean dagoeneko egiaztatu den saturazioarekin. Era berean, haize-sorgailuekin lotuta dagoen faunaren heriotza-tasa aipatzen du, orain arteko azterlanetan jasota dagoena, eta proiektua garatzen den eremuak ingurumenaren aldetik daukan balioa nabarmentzen du, hala bertako aberastasun ornitologikoagatik, bereziki harrapariena, nola bertan diren Quercus ilex eta Quercus rotundifolia artadiengatik. Europar Batasunaren intereseko habitatak dira, eta hala dago jasoa habitat naturalak eta basa flora eta fauna kontserbatzeari buruzko Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauan. Babestutako florari dagokionez, interes bereziko espezie gisa katalogatua dagoen Genista teretifoliaren presentzia aipatzen du.
Eguneko harrapari ugarik erabiltzen dute eremua urtean zehar, eta horien artean daude, besteak beste: miru beltza, miru gorria, sai arrea, sai zuria, mirotz zuria, mirotz urdina, aztore arrunta, gabirai arrunta, zapelatz arrunta, belatz gorria eta belatz handia. Sai arre ugari igarotzen dira egunero hegan eremu honetatik. Gaueko harraparien espezie ezberdinak ere aipatzen ditu, bai eta basoko hegaztiak eta kiropteroak ere. Horrekin guztiarekin, eremuan diren baso eta sastraka mediterraneoen multzo handien balioa ere aipatzen du, eta adierazten du ondoan dauden Santo Domingoko eta Caballerako mendilerroen HBBan eta Onsella ibai inguruan sai arreen 336 bikote daudela bizitzen, ugatzen beste 4 bikote, eta sai zurien, arrano beltzen, belatz handien eta arrano txikien 20 bikote ugalkor. Adierazitako arrazoi guztiengatik eskatzen du Sierra de Peñan haize-parkea instalatzea ezetsi dadila.
Ingurumen Kalitatearen Zerbitzua. 2010eko urriko Irismen Txostena.
Ingurumen eraginaren azterketan, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuan ezarritako eduki orokorraz gain (aipatutako foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua), abifaunak urteko sasoi ezberdinetan eremuaz egiten duen erabilerari buruzko azterlana egin beharko da.
Faunari dagokionez, adierazi beharra dago eremu horretako abifaunari buruz eskuragarri dauden datuek erakusten dutela hegazti harrapari harkaiztar eta basoko harrapari ugari dagoela eta talde horrek arrisku handia duela haize-sorgailuen hegalekin talka egiteko.
Egin asmo den parkearen kokalekuaren inguruko 5-10 kilometroko erradioan dauden hegaztiei dagokienez, nabarmentzekoa da sai arrearen (Gyps fulvus) ugaltze kolonia garrantzitsuak daudela, bai eta beste hainbat hegaztiren bizi- eta ugaltze-eremu asko ere, hauenak besteak beste: ugatza (Gypaetus barbatus), sai zuria (Neophron percnopterus), arrano beltza (Aquila chrysaetos), belatz handia (Falco peregrinus), arrano sugezalea (Circaetus gallicus), arrano txikia (Hieraaetus pennatus), zapelatz arrunta (Buteo buteo), belatz gorria (Falco tinnunculus), hontz handia (Bubo bubo), mirotz zuria (Circus cyaneus), mirotz urdina (Circus pygargus), miru beltza (Milvus migrans), miru gorria (Milvus milvus), belatz txikia (Falco subbuteo), aztore arrunta (Accipiter gentilis) eta gabirai arrunta (Accipiter nisus). Ugatza da ikerketa eremuko espezierik enblematikoena eta Nafarroan dagoen espezierik mehatxatuena. Nafarroako Foru Komunitatean “galzoriko espezie” gisa katalogatuta dago (563/1995 Foru Dekretua). Eremuan dauden gainerako hegazti harrapari gehienak “kaltebera” bezala daude katalogatuak Nafarroan (arrano beltza, sai zuria, mirotz urdina, belatz handia eta miru gorria). Sai arrea, arrano sugezalea, arrano txikia, belatz txikia, aztore arrunta, gabirai arrunta eta hontz handia, berriz, “interes bereziko espezie” gisa katalogatuak daude.
Egin asmo den Sierra de Peña haize-parkearen eremuan Bonelli arranoaren (Hieraaetus fasciatus) ale gazteak daude, hain zuzen ere Nafarroan oso mehatxatuta dagoen hegazti harkaiztar bat. “Galzoriko espezie” gisa katalogatua dago (563/1995 Foru Dekretua). Parkea kokatu nahi den tokiaren inguruan, hain mehatxatua dagoen espezie horren ale helduak ere badira.
Era berean, parkea kokatu nahi den tokitik hurbil, hegazti sarraskijaleen elikadura osagarriko gune (HNOEG) bat dago, hain zuzen ere, Nafarroako Gobernuak hegazti sarraskijaleak kontserbatu eta kudeatzeko politikari jarraikiz jarritakoa. Zangozako udal-mugartean kokatutako bazkatoki horrek hegazti sarraskijaleen espezie eta ale ugari erakartzen ditu urte osoan zehar (putreak, sai zuriak, miru beltz eta gorriak, bai eta ugatza ere). Hegazti sarraskijaleen espazioaren eraginpeko eremuan haize-parkea jartzeak eragin negatibo handia izanen luke hegazti horientzat.
Ugalketa garaitik kanpo, sai arreak, sai zuriak eta miru gorriak eztei ondoko etzaleku eta/edo neguko etzaleku gisa erabiltzen dituen zenbait gune ezagutzen dira, eta horietan ale ugari biltzen dira irailetik otsailera bitarte. Horietarik ugaltzaileak ez diren ale asko maiz hurbiltzen dira Zangozako HNOEGan uzten den sarraskia jatera.
Sierra de Peñari (Xabier) eta bere ingurune hurbilenari buruzko datuek erakusten dutenez, oso litekeena da etorkizunean jarri nahi den haize-parkeak eragin kritikoa izatea faunaren gainean.
IEAn, eremuan egon daitekeen babestutako floraren presentzia aztertuko da, bai eta horri eta Europar Batasunaren intereseko habitatei eragiteko arriskua ere. Halaber, eremuan gaur egun dauden haize-parkeekin batera egon litezkeen eragin metakorrak baloratuko dira.
II. ERANSKINA
Jendaurrean jarri izanaren emaitza
Ongaiz-Zangozako Ekologistak Martxan.
Hasteko, gogorarazten du proiektua gauzatzearen aurka agertu zela 2013ko apirilaren 18an Xabierko Udalean egin zen bilkura partizipatiboan.
Uste du proiektua planteatzen den eremuan ongi kontserbatutako landaretza eta kontserbaziorako lehentasunezko interesa duten habitatak daudela. Horiek Kontseiluak maiatzaren 21ean emandako 92/43/EEE Zuzentarauan, habitat naturalak eta basa fauna eta flora kontserbatzeari buruzkoan, daude jasota, eta gaur egun duten kontserbazio maila handia da.
Eremuan dagoen komunitate ornitologiko handia aipatzen du, bereziki harrapariena, eta haien ustez proiektu honen ebaluaziorako garrantzitsua den informazioa aurkezten dute. Laburbilduz:
1. Fauna harkaiztarrarentzat interkonexio gunea den tokian kokatuko litzateke haize-parkea.
2. Inguruan dagoeneko badagoenez haize-parke bat, hesi efektua areagotuko litzateke.
3. Eremuan harrapari handiak ibiltzen dira maiz, eta askotan ikusten dira ugatzak, sai zuria, sai arrea, arrano sugezalea, miru gorria eta miru beltza. Aipatzen da ugatzek Peña eta Galipentzu arteko gailur-lerroa erabiltzen dutela beren joan-etorrietan. Bonelli arranoari dagokionez, haize-parke hau eta lotutako linea elektrikoa ezarriz gero, LIFE Bonelli proiektuaren aurka jokatuko litzateke; izan ere, ekimen horren xede da espezie hori berreskuratzea Nafarroan eta horretarako garatutako lanak proiektuaren ingurunean egin dira, haize-sorgailuak baitira espezie horren heriotza-kausa nagusietako bat.
4. Migraziorako pasabidea da, bereziki kurriloentzat.
5. Paisaiaren gaineko eragina, zehazki, elementu hauetan: Nafarroan oso bereziak diren eta Kontseiluak 1992ko maiatzaren 21ean emandako 92/43/EEE Zuzentarauan jasota dauden intereseko habitat batzuetan (zuzentarau hori habitat naturalak eta basa flora eta fauna kontserbatzeari buruzkoa da); Peñako herri hustuan, zeina interes kulturaleko ondasun gisa katalogatua dagoen eta haize-parkearen ingurunean kokatzen den; Erronkariarren errege altxonbidean, linea elektrikoagatik; Rocaforteko eta Gabarderaleko hiriguneetan; Aragoi ibaiaren BGLan eta Onsellan, eta Arangoizko pinudietan eta Val de Uñesan Zangozan.
Horrenbestez, eta azaldutako arrazoiak aintzat hartuta, proiektua ezestea eskatzen du.
–Erantzuna.
Ebazpen honetan, kontuan hartu dira alegazioan jasotako eremuko ingurumen balioak eta proiektuaren balizko ingurumen ukipenak, eta ondorioztatu da Sierra de Peña haize-parkea eta hari lotutako azpiegiturak eraikitzeak eragin onartezina ekarriko lukeela horientzat.
Galipentzuko Udala.
Bere egiten ditu Ekologistak Martxan taldeak aurkeztutako alegazioak, eta proiektua ezestea eskatzen du.
Zangozako Udala.
Adierazten du proiektuak energia ekoizteko planteatzen dituen jarduerak berariaz debekatuta daudela babestu beharreko lurzoru urbanizaezinean, horrek ingurumenaren aldetik daukan balioagatik eta bertan dagoen interes bereziko landarediagatik, eta aipatzen du, halaber, Nafarroako Gobernuak proiektua UPS deklaratzeko emandako erabakian xedatu zela haize-parkea soilik baimentzen ahal zela ulertzen bazen Aragoiko aldean dagoen parkearen handitzea zela; baina errealitatea da Nafarroan ez dagoela aldez aurreko erabilerarik edo jarduerarik, eta proiektua ez dagoela aurreikusia Aragoiko haize-parkea handitzeko.
Azaltzen du linea elektrikoak interes arkeologikoko eremu bat ukituko duela, zehazki, Vadoluengo izeneko aztarnategi arkeologikoa, euskarrietako batek ukituko bailuke. Eskatzen du ezen haize-parkea baimentzen bada, baldintza gisa ezar dadila gaur egungo linea aprobetxatzea, edo bestela, linea berria lur azpitik joatea exijitu dadila Zangozako udal-mugartean duen ibilbide osoan.
–Erantzuna.
Energia ateratzeko linea elektrikoari eta horrek aztarnategi arkeologiko batean izan ditzakeen ukipenei dagokienez, aipatu beharra dago ingurumen eraginaren azterketan badela ondare historiko kulturalaren azterlan bat, non horren gaineko ukipenak jaso diren, barnean sartuta aztarnategi baten sakabanatze-eremuaren mugan geratuko litzatekeen euskarri bat, eta gomendatzen da hori tokiz aldatzea eta handik urrunago birkokatzea. Nolanahi ere, aintzat hartuta proiektuak oro har eragin onartezina eraginen lukeela ingurumenean, eta bideragarria izan balitz ere, linea elektrikoaren proiektua berrikusi beharko zatekeela Erronkariarren errege altxonbidean eta “Aragoi ibaiaren erdiko tartea” delako kontserbazio bereziko eremuan eragindako ukipenengatik eta efektu metakorrengatik, ez da bidezkoa horri buruzko ekintza gehiago egitea.
Proiektu hau UPS deklaratu zuen Nafarroako Gobernuaren erabakian jasotako hirigintza arloko kontsiderazioei dagokienez, eta proiektua Aragoi aldeko haize-parkearen handitzea ote den ala ez, ez dira ingurumenaren arloari dagozkion auziak, eta beraz, ez da bidezkoa horien analisia egitea Ingurumen eraginaren adierazpen honetan.
Sauseko Udala.
Ingurumenaren arloko edukirik gabe, prozeduran parte hartzeko eskaera egin du, bertan egiten den edozein administrazio egintza jakinaraz dakion.
José María eta María Jesús Espatolero Esparza, haize-parkearen ondoko finkaren jabeak.
Alegatzen dute proiektua ez dagoela justifikatua indarreko Energia Planaren arabera, Nafarroak energia elektrikoaren soberakinak dituelako.
Adierazten dutenez, proiektua egiteko eremuaren zati handi bat okupatuko da eta horrek eraginen duen ikusizko inpaktua eta zarata oso handiak izanen dira; gainera, abifaunaren gaineko hesi efektua areagotuko da, handik igarotzen baitira hegazti migratzaileak eta han bizi baita tokiko abifaunaren espezie ugari.
Era berean, adierazten dute proiektatutako instalazioek eragin negatiboa izanen dutela haien finkan gauzatzen dituzten basogintza- eta ehiza-jardueretan. Uste dute proiektatutako instalazioen ikusizko inpaktua eta pasaiaren gaineko inpaktua negatiboa izanen dela, besteak beste, Zangoza, Kaseda, Oibar eta Sauseko udal-mugarteentzat.
Eskatzen dute indarrik gabe utz dadila Sierra de Peña haize-parkearen eta lotutako azpiegituren proiektua, eta, tramitazioarekin aurrera eginez gero, beharrezkoak diren ingurumen arloko neurriak har daitezela.
–Erantzuna.
Ebazpen honetan kontuan hartu dira eremuan dauden eta alegatzaileek aipatzen dituzten ingurumen balioak.
Iragarkiaren kodea: F1800190
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
