Iragarkia
55. ALDIZKARIA - 2018ko martxoaren 19a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
94/2018 EBAZPENA, martxoaren 1ekoa, Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko udal eta kontzejuei diru-laguntzak emateko deialdi bat onesten duena, Haur Hezkuntzako 2. zikloko eta Lehen Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntza-DBHko ikastetxe publikoak hobetzeko eta birmoldatzeko obra proiektuak egin ditzaten.
Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez ezarri zen, orokorrean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen diru-laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra, eta prozeduraren kontrol eta gardentasun hobean aurrera egiteko beharrari erantzuten dio, publizitate, lehia eta objektibotasun printzipioen arabera.
Hori baino lehenago, urtarrilaren 25eko 13/1990 Foru Dekretuak berariaz arautu zuen “Eskolaurreko eta Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko ikastetxe publikoak eta Udalen Musika Eskolak eta Kontserbatorioak hobetzeko, zabaltzeko eta birmoldatzeko obra proiektuak gauzatzeko Nafarroako udal eta kontzejuentzako diru-laguntzen kontzesioa”. Foru dekretu horren xedea laguntzen sistema orekatua eta koordinatua ezartzea izan zen eta, beraz, deialdi bakoitzaren esparrua eratzeko administrazioaren irizpideak eta bideak ezartzea.
Beste alde batetik, Nafarroako 2018ko Aurrekontu Orokorretan, “Hezkuntza baliabideak” izeneko 410. programaren barnean, “Obrak udal jabetzako ikastetxeetan” izeneko 410001-41810-7609-325100 partida ageri da. Partida hori, diru-laguntzaren prozedura erabiliz, arlo horretako inbertsio proiektuak finantzatzeko da.
2018ko ekitaldi honetan deialdiaren jomugatzat hartuko dira ikastetxearen funtzionamendurako funtsezkoak diren obrak, hezkuntza jarduera normaltasunez garatzeko presako esku-hartze saihestezina eskatzen dutenak. Orobat, segurtasun eta irisgarritasunaren arloko indarreko araudietara egokitzeko obrei ere eman nahi zaie laguntza.
Toki entitateek aukera izan dezaten beren titulartasuneko ikastetxe publikoen eraikin eta instalazioak hobetzeko inbertsio proiektuetarako laguntzak eskuratzeko, nahitaezkoa da ebazpen bat ematea, 2018erako aurrekontuan aurreikusi diren diru-laguntzen deialdia onetsi eta laguntzak banatzeko oinarriak ezar daitezen.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Nafarroako toki entitateei (udalei eta kontzejuei) diru-laguntzak emateko deialdi bat onestea beren titulartasuneko ikastetxe publikoen eraikin eta instalazioak, unibertsitate mailakoak ez direnak, hobetu eta birmoldatzeko inbertsio proiektuak gauza ditzaten. Diru-laguntzak 2018rako aurrekontuko “Obrak udal jabetzako ikastetxeetan” izeneko 410001-41810-7609-325100 partidaren kargura ordainduko dira, gehienez 1.000.000 euro.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14. artikuluan eta urtarrilaren 25eko 13/1990 Foru Dekretuan ezarri dena betez. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.
3. Ebazpen hau igortzea Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaileari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuari, Obra Atalari eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.
5. Ebazpen honen kontra administrazio publiko interesdunak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko du, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen ekainaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.
Iruñean, 2017ko martxoaren 1ean.–Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia, Nekane Oroz Bretón.
ERANSKINA
Nafarroako Foru Komunitateko udal eta kontzejuei diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarri arautzaileak, Haur Hezkuntzako 2. zikloko eta Lehen Hezkuntzako (Lehen Hezkuntza-DBH) ikastetxe publikoak hobetu eta birmoldatzeko obra proiektuak gauza ditzaten
1.–Helburua.
Ebazpen honetan jasotzen diren diru-laguntzak Haur Hezkuntzako 2. zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntza-DBHko ikastetxe publikoak hartzen dituzten eraikin eta instalazioak hobetu eta birmoldatzeko proiektuak finantzatzeko izanen dira.
2.–Onuradunak.
Diru-laguntza hauek eraikin horien titularrak diren toki entitateek (udalek edo kontzejuek) eska ditzakete.
3.–Xedea.
Haur Hezkuntzako 2. zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntza-DBHko ikastetxeetako eraikinak eta instalazioak 2018. urteko ekitaldi ekonomikoan hobetu edo birmoldatzeko obrak egiteko proiektuek jaso dezakete diru-laguntza.
Salbuespenez, diru-laguntza jaso dezakete 2017ko ekitaldian egindako obrek, presakoak eta nahitaez egin beharrekoak izan badira eta udalak presako deklarazio formala eta departamentu honi egindako jakinarazpena 2017ko abenduaren 31n baino lehen egin badu.
Aurreko atalean aipatzen diren eskaerak baloratzeko, deialdi honen 8. oinarrian ezarritako irizpideak eta puntuazioak erabiliko dira.
Esku-hartzearekin zuzenean lotutako elementu edo lanen kostua izanen da soilik diruz lagungarria. Proiektua eta obren zuzendaritza gauzatzeko aholkularitza teknikoaren ordainsariek diru-laguntza jasotzen ahalko dute, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta hura ongi prestatu edo egiteko ezinbestekoak badira. Instalazioen eguneroko mantentze eta konponketa lanei dagozkien ohiko gastuak ez dira deialdi honen xede.
Ez da gastu diruz lagungarritzat joko, deialdi honen ondorioetarako, Balio Erantsiaren gaineko Zerga.
4.–Diru-laguntzen portzentajea eta gehieneko zenbatekoak.
Diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa 60.000 eurokoa da ikastetxe bakoitzeko.
Diru-laguntzen portzentajeak, ikastetxe motaren edo helburu duten jarduketaren forma zehatzaren arabera, honakoak izanen dira:
1. Haur Hezkuntzako 2. zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako obrak: diruz lagundutako proiektuaren zenbatekoaren %65 gehienez.
2. Lehen Hezkuntza-DBHko ikastetxe mistoetako egoitza edo instalazio komunetan edo erabilera partekatua dutenetan egiten diren obrak: diruz lagundutako proiektuaren zenbatekoaren %80 gehienez.
3. DBHrako soilik erabiltzen diren egoitza edo instalazioetako obrak: diruz lagundutako proiektuaren zenbatekoaren %100 gehienez.
4. Pirinio aldeko udal ikastetxeetako egoitza edo instalazioetako obrak: diruz lagundutako proiektuaren zenbatekoaren %95 gehienez, edo diruz lagundutako proiektuaren zenbatekoaren %100 gehienez, DBHrako soilik erabiltzen diren egoitza edo instalazioetako obren kasuan.
5.–Dokumentazioa.
a) Eskaerak toki entitateen legezko ordezkariek aurkeztuko dituzte; beraz, eskola elkartearen barnean (ikastetxeetako zuzendariak, irakasleak, gurasoen elkarteak, besteak beste) sustatzen den edozein eskaera ordezkari horien bidez bideratu behar da.
b) Diru-laguntzak eskatzeko aurkezten diren eskabideak Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuari aurkeztuko zaizkio, eta eskabideekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:
b.1. Diru-laguntzaren xedeko obren proiektu tekniko eguneratuaren, memoria baloratuaren edo aurrekontuaren ale bat, aurrekontua kapituluz kapitulu xehakatua. Proiektua edo memoria baloratua jada deialdi honen aurretik aurkeztu bada, eta eguneratuta badago, aski izanen da inguruabar hori eskabidean adieraztea, frogagiriarekin batera. Proiektatu diren obren izaera dela eta, zatika edo faseka egin behar direnean, espresuki adieraziko dira hobespenak edo lehentasunak.
Proiektuak, memoria baloratuak edo aurrekontu independenteak ere aurkeztuko dira esku-hartze bereiziak badira, 7. oinarriko esku-hartze moten arabera.
Halaber, zein eraikin edo instalaziotan esku hartu nahi den, horren gaur egungo egoerari buruzko txostena ere aurkeztuko da, argazkiekin batera, beharrezkoak balira.
b.2. Obrak egin nahi diren eraikin edo lurren jabetza frogatzen duen agiria edo errentamendu kontratua, obra amortizatzeko aukera ematen duen epearekin, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluko 4. puntua betez.
b.3. Obren onespenari buruzko udal erabakia, diruz laguntzeko eskatu den inbertsioaren zenbateko osoa adierazita.
b.4. Obren xede den ikastetxeko Eskola Kontseiluaren aldeko txostena.
b.5. Idazkariaren ziurtagiria, non agertuko baita udal edo kontzejuaren aurrekontuetan behar adinako zuzkidura ekonomikoa dagoela diru-laguntzaren xedeko obraren kostua ordaintzeko.
b.6. Toki entitateak honakoak egiteko konpromisoa du:
–Diru-laguntzaren xede diren eskola instalazioen geroko funtzionamendu eta mantentze gastuak bere gain hartzea, dagokion neurrian.
–Ikastetxe ukituen berezko erabiltzaileak (irakasle eta ikasleak) behin-behineko lokaletara lekualdatzeko gastuei aurre egitea, obrek dirauten bitartean, baita, beharrezkoa balitz, horien alokairuaren gastuei aurre egitea ere.
–Diru-laguntzaren xede diren lokalak irakaskuntzarako bakarrik erabiltzea.
b.7. Deialdi honen xedea finantzatzeko eskatu edo lortutako bestelako diru-laguntzei, laguntzei, diru-sarrerei edo baliabideei buruzko aitorpena.
b.8. Diru-laguntzaren xede den eraikinaren edo eraikin zatiaren antzinatasuna frogatzen duen agiria.
b.9. Erakunde eskatzaileak bere eskaera sendotzeko interesgarritzat jo dezakeen beste edozein dokumentazio, baldin eta oinarri arautzaileetan adierazi diren lehentasun edo irizpideekin lotuta badago.
Eskaerak adierazitako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio bost egun naturaleko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.
6.–Aurkezteko epea eta tokia.
Eskaerak hogei naturaleko epean aurkeztuko dira, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean, Hezkuntza Departamentuan, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren bulegoetako edozeinetan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarri diren lekuetako batean edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan.
7.–Jarduketa diruz lagungarriak.
Deialdi honen xedetzat hartuko diren jarduketak:
a) Ikastetxearen eguneroko funtzionamendu egokia bermatzeko nahitaezko instalazioak izateagatik presako eta nahitaezko esku-hartzea eskatzen duten obra proiektuak, zehazki hauek:
a.1. Eraikinaren segurtasuna.
a.2. Eraikina irazgaiztea.
a.3. Berokuntza instalazioa.
a.4. Elektrizitate instalazioa.
a.5. Iturgintza eta saneamendu instalazioa.
b) Esparruak eta instalazioak oztopo arkitektonikoak kentzearen eta segurtasunaren arloan indarra duen arautegiari egokitzeko obren proiektuak (suteen aurkako babesa eta detekzioa, segurtasuna erabileran eta abar), lehenbailehen egin beharrekoak eta ikastetxearen titularra den toki entitateak bere gain ezin har ditzakeenak, entitatearen egoera ekonomikorako inbertsio handiegia delako edo ohiz kanpoko beste edozein gorabehera, Ebaluazio Batzordeak baloratuko duena, gertatu delako.
c) Energia aurrezteko eta eragimena hobetzeko jarduketak, eraikinaren inguratzailean (estalkiak, fatxadak, kanpoko arotzeria) eta instalazioetan (berokuntza eta argiztapena).
Jarduketa bat baino gehiago gauzatuz gero, proiektu, memoria baloratu edo aurrekontu independenteak aurkeztuko dira, aurreko zerrendako esku-hartze moten arabera.
8.–Deialdiaren 7. oinarriko bigarren puntua betetzen duten eskaerak baloratzeko irizpideak.
Aurreko oinarriko eskaeren artean lehentasuna ezartzeko, honako irizpide eta puntuazio hauen arabera baloratuko da esku-hartze bakoitza. 40 puntu gehienez, honelaxe banaturik:
a) Esku-hartzearen urgentzia eta instalazioaren aldez aurreko egoera. Kontuan hartuta diru-laguntzaren xede den obra zenbateraino den beharrezkoa ikastetxearen funtzionamendu egokirako. Puntu gehiago emanen zaizkie egin ezean ikastetxearen funtzionamendurako funtsezko alderdiak bereziki ukitzen dituzten esku-hartzeei, eta segurtasunerako arriskuren bat ekartzen dutenei. (30 puntu gehienez).
a.1. Eraikinaren segurtasuna: eraikinaren egiturazko segurtasuna bermatzeko behar diren konponketak baloratuko dira, eraikinaren egonkortasuna kolokan jartzeko arriskuaren arabera. Halaber, erabiltzaileen edo hirugarrenen segurtasunerako arriskuak saihesteko behar diren esku-hartzeak baloratuko dira, eraikinaren egitura ukitzen ez badute ere. (30 puntu gehienez).
a.2. Eraikinaren irazgaiztea: nagusiki erakinaren estalkitik datozen hezetasun eta iragazketak baloratuko dira, eraikinaren bizigarritasunaren gaineko ukipen mailaren arabera. (29 puntu gehienez).
a.3. Berokuntza instalazioa: berokuntza instalazioan egindako konponketak eta ordezpenak baloratuko dira, mantentze-lanak izan ezik, eraikinaren bizigarritasuna ukitzen duten kasuetan. (28 puntu gehienez).
a.4. Elektrizitate instalazioa: elektrizitate instalazioan egindako konponketak eta ordezpenak baloratuko dira, mantentze-lanak izan ezik, instalazioaren segurtasunaren arabera. (27 puntu gehienez).
a.5. Iturgintza eta saneamendu instalazioa: iturgintza eta saneamendu instalazioan egindako konponketak eta ordezpenak baloratuko dira, mantentze-lanak izan ezik, nagusiki osasungarritasun gaiei lotutakoak. (26 puntu gehienez).
a.6. Espazio eta instalazioak indarreko araudira egokitzea: egokitzapenak baloratuko dira, nagusiki oztopo arkitektonikoak kentzearen eta segurtasunaren arloan (suteen aurkako babesa eta detekzioa, segurtasuna erabileran eta abar), lehenbailehen egin beharrekoak, erreferentziako arauen ez-betetzearen arabera. (24 puntu gehienez).
a.7. Energia aurrezpen eta eragimenerako jarduketak: energia aurrezpena eta eragimena hobetzeko neurri guztiak baloratuko dira, eraikinaren inguratzaileari (estalkiak, fatxadak, kanpoko arotzeria) eta berokuntza eta argiztapen instalazioei lotuak. (22 puntu gehienez).
b) Zaharberritu beharreko eraikinaren zati den instalazioaren antzinatasuna. Eraikinaren adinaren arabera puntuatuko da. (5 puntu gehienez).
I.–100 urtetik gorakoa: 5 puntu.
II.–3 urtetik 100 urtera: 0tik 5 puntura.
III.–3 urte baino gutxiago: 0 puntu.
c) Gizarte eta kulturaren aldetik ahul dauden ikasleak eskolatzea. 5 puntuz baloratuko dira egoera ahulean dauden ikasleen %40ko edo gehiagoko portzentajea duten ikastetxeak, Hezkuntza Departamentuko Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuak emandako datuen arabera. (5 puntu).
7. oinarrian ezartzen den bezala, diru-laguntza ezberdinak eska daitezke, esku-hartze moten arabera, eta, kasu horretan, proiektu, memoria baloratu edo aurrekontu independenteak aurkeztuko dira. Esku-hartze bakoitzaren puntuazioa lortzeko, kapitulu honen a) eta b) azpiatalak batuko dira.
Ikastetxe bakoitzak guztira lortzen ahal duen gehieneko diru-laguntza 60.000 eurokoa izanen da.
Ikastetxe baterako aurkeztutako eskaera guztiei guztira emandako diru-laguntza 60.000 eurotik gorakoa bada, lehentasuna puntuazio altuena duten jarduketei emanen zaie, gehieneko zenbatekoa esleitu arte.
Lortutako guztirako puntuazioan berdinketarik izanez gero, lehentasuna 2017-2018 ikastetxean matrikula handiena izan duen ikastetxeari emanen zaio.
9.–Ebaluazio Batzordea.
Aurkeztuko diren eskaerak aztertu behar dituen batzordeak kide hauek izanen ditu: Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuko zuzendaria, batzordeburu lana eginen duena, Obra Ataleko burua, Eraikuntza Bulegoko burua eta Hezkuntza Departamentuko Obra Ataleko teknikari bat.
10.–Deialdia ebaztea.
Deialdia norgehiagokako araubidearen bidez ebatziko da, 8. oinarriko baremoak erabiliz lortutako puntuazioaren arabera, aurrekontuko dirua agortu arte.
Laguntzak eman eta jakinarazi ondoren, uko egiten bazaie edo frogatutako gastuaren zenbatekoa diruz lagundutako inbertsioa baino txikiagoa bada, soberakina azken onuradunari onetsitako eskaerarako izanen da lehenik, baldin eta behar adinako kreditua egotera legokiokeena baino laguntza txikiagoa esleitu bazaio.
Bigarrenik, lehentasunen hurrenkeran, onetsita egon arren aurrekontuan diru nahikorik ez egoteagatik diruz lagundu ezin izan diren eskarietarako, betiere obrak 2018ko urriaren 1a baino lehen bukatu badira eta dagokien gastua 2018ko urriaren 20a baino lehen justifikatu bada.
Diru-laguntzak ematea eta eskaerak ezestea Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak ebatziko du, horretarako ebazpena emanez eta aurrez Ebaluazio Batzordeak eginen dion proposamena aztertuz. Ebazpen hori eskaerak aurkezteko adierazi den epea bukatu eta hurrengo bi hilabetean emanen du. Emandako diru-laguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian (www.nafarroa.eus) argitaratuko dira, adierazirik deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta diru-laguntzaren xedea.
11.–Diru-laguntzen ordainketa.
Diru-laguntza hauen ordainketa 2018ko aurrekontuko “Obrak udal jabetzako ikastetxeetan” izeneko 410001-41810-7609-325100 partidaren kargura eginen da, modu hauetako batean:
1. Ordainketa bakarra obrak bukatzen direnean.
2. Ordainketa partzialak, eskema honen arabera:
• %25, kontratistari ordaindu zaizkion obra ziurtagiriek aurreikusitako aurrekontuaren %25 gainditu dutenean.
• %50, kontratistari ordaindu zaizkion obra ziurtagiriek aurreikusitako aurrekontuaren %75 gainditu dutenean.
• Gainerako %25a, obrak bukatutakoan, justifikatu ondoren.
Ematen diren kopuru horiek jasotzeko nahitaezkoa izanen da obra horiek 2018ko urriaren 1a baino lehen bukatzea, eta frogagiriak 2018ko urriaren 20a baino lehen aurkeztea.
Diru-laguntza ordaintzeko aurkeztu beharreko agiriak:
1. Ordainketa bakarraren ordainketa tramitatzeko dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
a) Egin den esku-hartzearen faktura edo fakturak.
b) Obren ziurtagiriak, zuzendaritza fakultatiboak –halakorik badago–, jabeak eta enpresa esleipen-hartzaileak sinatuak.
c) Egindako ordainketaren frogagiria.
d) Udaleko idazkariaren ziurtagiria, obrak funts berekien bidez (edo bestelako diru-laguntzen edo baliabideen bidez) finantzatu direla dioena, non agertuko baitira zenbatekoak eta funtsen jatorria eta nola aplikatu diren, eta hala badagokio, horien bateragarritasunari eta kostua edo baimendutako gehieneko intentsitatea ez gainditzeari buruzko erabakia. (Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 16.3 eta 27.4 artikuluak).
e) Udaleko idazkariaren ziurtagiria, Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legean ezartzen diren legezko aginduak bete direla egiaztatzen duena, obra gauzatzeagatik izandako gastu diruz lagungarria 30.000 eurotik gorakoa bada, eta/edo emandako aholkularitza 12.000 eurotik gorakoa bada (Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.1 ñ) eta 28.3 artikuluak).
f) Onuradunak azpikontrataziorik egin duen edo ez azaltzen duen adierazpena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan eta deialdi honen 12. oinarriko 2. puntuan ezarritakoaren arabera.
g) Publizitate betebeharrak bete izanaren adierazpena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta deialdi honen 12. oinarriko 1. puntuan ezarritakoaren arabera.
h) Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, I. eranskineko ereduaren arabera.
i) Harrera-akta, zuzendaritza fakultatiboak sinatua, halakorik badago, baita jabetzak (udalak edo kontzejuak) eta enpresa esleipen-hartzaileak sinatua ere, edo, hala ezean, Udalak emandako agiria, obrak bukatu direla ziurtatzen duena.
2. Ordainketa zatitua tramitatzeko, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) %25eko eta %50eko ordainketaren kasuan, zuinketa-akta aurkeztu beharko da, zuzendaritza fakultatiboak, halakorik badago, jabeak (udala edo kontzejua) eta enpresa esleipen-hartzaileak sinatua, edo, hala ezean, Udalak emandako agiria, obrak hasi direla ziurtatzen duena. Horrez gain, aurreko puntuko a), b), c), d), e), f), g) eta h) apartatuetan adierazitako agiriak ere aurkeztu beharko dira.
b) Gainerako %25 ordaintzeko, a, b), c) eta i) apartatuetan adierazitako agiriak.
12.–Onuradunek bete beharrekoak:
12.1. Obrak gauzatzea.
Obren finantzaketaren publizitatea eginen da, obretan publizitate kartela jarrita, finantziazioa publikoa dela adierazteko.
Entitate onuradunek diru-laguntzaren xede diren obrak osorik egiteko azpikontratazioa egin dezakete hirugarrenekin. Nolanahi ere, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoa bete beharko dute.
2018ko uztailaren 30a baino lehen, diru-laguntza jaso duten obretarako, zuinketa-akta aurkeztu beharko da, obrak hasi direla justifikatzeko; bestela, obren hasiera atzeratzeko eskaera aurkeztu beharko da, eta hori organo eskudunak onetsi beharko du. Data horietako batean (2018ko uztailaren 30a edo baimendutako atzerapenaren data) obren hasieraren berririk ez badago, eskaera ezetsitzat joko da, eta halaxe jakinaraziko zaie behar diren ondorioetarako.
Kanpoko inguruabarren eraginez obrak ezin badira egin, toki entitateak aipatu zerbitzuari adierazi beharko dio espresuki uko egiten diola diru-laguntzari, edo diruz lagundutako obra epearen barnean egiteko arrazoiak azaldu.
Diru-laguntzaren xedeko inbertsioen gaineko kostu-gehikuntzak toki entitate onuradunak hartuko ditu bere gain.
Obren azken kostua diruz lagundutako aurrekontua baino txikiagoa bada, diru-laguntzaren zenbatekoa murrizketaren arabera gutxituko da.
Oinarrietan xedatuta ez dagoen guztirako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio eta, onuradunaren betebeharrei dagokienez, haren 9. artikuluan xedatutakoari.
12.2. Gardentasun betebeharrak.
Gardentasuna betetzera behartuta dauden diru-laguntzen entitate onuradunek, 59/2013 Foru Dekretuaren (Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasunerako betebeharrak arautzen ditu) 3. artikuluan aurreikusitako kasuak gertatzen direnean, ondoren aipatzen den informazioa eman beharko dute:
a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.
c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.
d) Kargudun bakoitzaren lanaldi mota gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan.
e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.
Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazio hori hilabeteko epean igorri beharko da, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik.
Informazio hori urtebetez egonen da ikusgai, Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.
Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.
Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak ukatu gabe, horiek bete ezean, onartutako diru-laguntza ordaindu gabe utziko da, eta, zenbatekorik kobratu bada, itzuli egin beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
13.–Bateragarritasuna edo bateraezintasuna.
Deialdi honetan arautzen diren laguntzen onuradunek beste administrazio, entitate eta erakunde (publiko edo pribatu) batzuen diru-laguntzak hartzen ahalko dituzte, edonolakoak eta helburu edo xede berekoak izanik ere, haiek proiektu bakoitzaren inbertsio edo gastuaren %100 gainditzen ez badute, BEZa sartu gabe.
Deialdi honen kargura jasotako ekarpena, beste erakunde publiko edo pribatuetatik datozen laguntzei gehituta, inbertsioaren kostu osoa baino handiagoa bada, lehenbizikoa murriztuko da, kostu horrekin bat etorri arte.
14.–Ikuskapen bisitak.
Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuko teknikariek bidezkotzat jotzen dituzten ikuskapen guztiak egin ditzakete hala obra horiek egiten ari direnean nola bukatu ondoren. Diru-laguntzen onuradun diren toki entitateak beharturik daude obretan sartzen uztera eta eskatzen zaizkien obrei buruzko agiriak ematera.
15.–Deialdi honen oinarri arautzaileetan ezartzen dena ez betetzea.
Datuen faltsukeria frogatuak, datuak ezkutatzeak edo diru-laguntzaren helburua aldatzeak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 42. artikuluan ezarri diren zehapenak ekar ditzake.
Formazko alderdiak bete ezean, baliteke diru-laguntzaren zati bat itzuli behar izatea. Funtsezko alderdiak bete ezean, berriz, baliteke diru-laguntza osorik itzuli behar izatea, hori guztia Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatuta dagoenaren arabera.
I. ERANSKINA
Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena (PDFa).
Iragarkiaren kodea: F1802941
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
