55. ALDIZKARIA - 2018ko martxoaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

14E/2018 FORU AGINDUA, otsailaren 21ekoa, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak emana. Honen bidez Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren deialdi bat onesten da Nafarroako Foru Komunitatean jarduera duten enpresei diru-laguntzak emateko 2018an, emakumeen eta gizonen arteko Berdintasun Planak ezartzeko edo bizkortzeko.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak, bere estatutuak onesten dituen irailaren 30eko 240/2015 Foru Dekretuarekin bat, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzea du helburuetako bat, Nafarroako bizitza politiko, ekonomiko, kultural eta sozialaren esparru guztietan lortu ere, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari laguntzen dioten baldintzak sustatuz.

Zehazkiago, sustapen ekonomikoan, enpleguan eta prestakuntzan berdintasuna lortzeko helburuetako bat da, ezinbestez, enpresen parte-hartze aktiboa izatea. Horretarako, Nafarroako enpresen konpromisoari bultzada eta sostengua eman nahi zaio, berdintasun planak egin ditzaten.

Bestalde, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak, Aukera berdinekin lan egiteko eskubideari buruzko IV. tituluan, “Enpresetako berdintasun planak eta berdintasuna sustatzeko beste neurri batzuk” izeneko III. kapituluan, berdintasun planak egin eta aplikatzeko arauak ematen ditu.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren iritziz berdintasun planen eta haien garapenaren kalitatea bermatu beharra dago, genero berdintasuna modu egokian txertatzeko enpresen kudeaketa prozesu guztietan, eta horregatik erabaki du lan-ildo hori bultzatzea 2018an, Nafarroan jarduera duten enpresetan berdintasun plan berriak egitea bultzatuz eta, horrez gain, berdintasun planen ezarpena etenda duten enpresetan horiek bizkortuz.

Horrenbestez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuari lotuta, emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren deialdi bat onestea, Nafarroako Foru Komunitatean jarduera duten enpresei diru-laguntzak emateko 2018an gizonen eta emakumeen arteko Berdintasun Planak ezartzeko edo bizkortzeko.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea; foru agindu honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimendu dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B40001-B4100-4709-232200: (E) Elkarteen berdintasun planetarako transferentziak

2018

75.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Nafarroako Gobernuaren Diru-laguntzen Datu-baseari jakinaraztea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2018ko otsailaren 21ean.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea eta helburua.

Deialdiaren xedea da Nafarroako Berdintasunerako Institutuak 2018an enpresei diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea, enpresa horietan bide hauek erabiliz emakumeen eta gizonen berdintasuna bultzatzeko eta sustatzeko diru-laguntzak alegia:

1.1. Enpresetan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako lehen planak egitea, bai barne antolakuntzari bai zerbitzu edo produktuak emateari dagokienez (1. modalitatea).

1.2. Enpresetan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako onartuta dauden planak bizkortzea, bai barne antolakuntzari bai zerbitzu edo produktuak emateari dagokienez, haien ezarpena etenda gelditu den kasuan (2. modalitatea).

2. oinarria.–Onuradunak.

Nafarroako Foru Komunitatean jarduera duten eta oinarri arautzaile hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten enpresek har dezakete parte deialdi honetan.

3. oinarria.–Betebeharrak.

3.1. Onuradun izateko, enpresek betebehar hauek bete beharko dituzte eskaera aurkezteko unean, eta haiek betetzen jarraitu beharko dute diruz lagundutako jarduera gauzatzen den bitartean eta hura justifikatu arte:

3.1.1. Legez eratua izatea eta dagokion erregistroan inskribaturik egotea.

3.1.2. Nafarroan kokatutako lantoki bat izan, eta 10 langiletik 250 langilera bitarteko plantilla Nafarroako Foru Komunitateko lantokietan.

3.1.3. Enpresan Berdintasunerako Plana izatera legez beharturik ez egotea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak ezarritakoaren arabera.

3.1.4. Deialdi hau argitaratu aurreko bi urtean enpresak eta haren legezko ordezkariek zehapenik jaso ez izana enpresak hartutako erabakiengatik, sexua edo orientazio sexuala dela-eta edo sexu jazarpenak eraginda zuzeneko edo zeharkako bereizkeria egiteagatik.

3.1.5. Ebazpen irmo baten bidez zehapenik jaso ez izana, laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan falta oso astun bat edo bi falta astun baino gehiago egiteagatik, deialdia argitaratu aurreko bi urteetan.

3.1.6. Ingurumen arloan neurri zuzentzaileak eskatzen dituen zehapen irmorik jaso ez izana aurreko bi urteetan, eskaerak aurkezteko epearen azken egunetik hasita, betiere zehapen organoaren txosten baten arabera neurri horiek gauzatu ez badira edo aplikatzeko egutegia bete ez bada.

3.1.7. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko adierazitako debekuetako bat bakarra ere ez urratzea.

3.1.8. Tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean izatea.

3.2. Betebeharrak egunean dituela egiaztatzeko, eskabide-orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da, enpresaren ordezkariarena, eta bertan baimena emanen zaio NBIri adierazitako datuak kontsultatu eta egiaztatzeko.

3.3. Ez dira laguntza hauen onuradun izanen sozietate publikoak, enpresa publikoak, elkarteak, fundazioak eta irabazi-asmorik gabeko entitateak, edozein izanik ere haien izaera juridikoa.

4. oinarria.–Proiektu diruz lagungarriak eta horiek gauzatzeko epea.

4.1. Diru-laguntza emanen da 2018ko urtarrilaren 1etik azaroaren 15era bitarte enpresetan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako lehen planak egin eta garatzeko, bai eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako enpresetan onartutako planak bizkortzen laguntzeko ere, plan horien ezarpena etenda gelditu denean, oinarritzat hartuta IGE prozeduran aurreikusitako baldintzak eta metodologia.

Proiektu guztietan jasoko da prestakuntza saio bat gutxienez diseinatu eta gauzatzea, 6 ordutik gorakoa, enpresan eta lan munduan genero berdintasuna lantzeari buruzkoa, berdintasun batzordeari edo taldeari eta/edo enpresetako plantillari zuzendua; horrez gain, gutxienez ere hurrengo hiru urteetako jarduketa ildoak ere proposatuko dira proiektuetan.

Aurkeztutako proiektu guztietan enpresak Berdintasun Planaren koordinazio eta dinamizazioaren arduraduna izendatu beharko du, eta hura izanen da erreferentziako pertsona Nafarroako Berdintasunerako Institutuarentzat.

4.2. Proiektu hauek dira diruz lagungarriak:

4.2.1. Enpresaren Genero Berdintasunerako lehen Plana egiteko proiektuak (1. modalitatea); barnean fase hauek bilduko ditu, nahitaez, eta garapen osoan hizkera ez-sexista erabiliko:

a) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko diagnostikoa, bai barne antolakuntzari bai ematen dituen zerbitzu edo produktuei dagokienez. Diagnostikoan zehaztuko da, halaber, enpresak genero berdintasunaren arloan izan duen ibilbidea, baldin badu, eta ibilbide hori enpresaren kalitatea kudeatzeko planetan eta/edo prozeduretan txertatu ote den.

b) Enpresaren barne antolakuntzan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean aurrera egiteko eta zerbitzuak eta produktuak ematean genero ikuspegia txertatzeko aukera ematen duten helburuak, jarduketak, ekintzak, etab. diseinatzea.

Berdintasun planaren neurriak diseinatzean kontuan hartuko dira genero, etnia, arraza, desgaitasuna, etab. direla-eta bereizkeria anizkoitza pairatzen duten emakumeen premia berariazkoak.

c) Plana ezarri eta haren jarraipena egiteko kronograma.

Planak, gutxienez, hiru urteko plangintza izan behar du, gauzatzean izaten diren emaitzen arabera gaurkotu edo aldatu beharko balitz ere.

d) Planaren jarraipena eta ebaluazioa egiteko sistema.

Atal honetan Planaren jarraipena egiteko sistema aurreikusiko da, barne hartuta, gutxienez, Berdintasun Batzordeak edo Taldeak bilera bat egitea sei hilean behin, planaren gauzatzea baloratzeko eta aldaketak edo hobekuntzak egiteko.

4.2.2. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako enpresetan onartuta dauden planak bizkortzeko proiektuak, ezarpena etenda gelditu denean (2. modalitatea); barnean fase hauek bilduko dituzte, nahitaez, eta garapen osoan hizkera ez-sexista erabiliko dute:

a) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko diagnostikoaren datu nagusi gaurkotuak, bai entitatearen barne antolakuntzari bai ematen dituen produktu edo zerbitzuei buruzkoak.

b) Berdintasunerako Planaren ezarpenerako atzemandako zailtasunen azterketa.

c) Genero Berdintasunerako Plana bizkortzean plantillaren parte-hartzea errazten duten neurriak.

Berdintasun planaren neurriak diseinatzean kontuan hartuko dira genero, etnia, arraza, desgaitasuna, etab. direla-eta bereizkeria anizkoitza pairatzen duten emakumeen premia berariazkoak.

4.3. Proiektu diruz lagungarrien kopurua:

Enpresa bakoitzak proiektu bakar bat aurkez dezake. Enpresa batek proiektu baterako baino gehiagotarako diru-laguntza eskatzen badu, ez da eskaera bat bera ere onartuko, non ez duen adierazten zer proiektu zehatzetarako eskatzen duen diru-laguntza, kudeaketa organoak hala eskatuta.

4.4. Gastu diruz lagungarriak:

Diru-laguntzak honako gastu kontzeptu hauek finantzatzeko izanen dira bakar-bakarrik:

a) Laguntza teknikoa (enpresatik kanpoko enpresak eta profesionalak kontratatzea). Proiektua edo proiektuaren fase bat garatzeko enpresa bat edo profesionalak kontratatzen badira, frogatu beharko da laguntza ematen duenak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan gutxienez bi urteko lan esperientzia duten langileak dituela, eta/edo gutxienez ere 120 orduko prestakuntza dutenak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan, erakunde publikoek edo unibertsitateek (publiko nahiz pribatuek) emana, edo enpresetan genero berdintasuna txertatzeko (IGE) prozeduraren arloko prestakuntza dutenak. Prestakuntza edo esperientzia duten langileek egin beharko dute eskatutako lana.

Aipatutako prestakuntza edo esperientzia dutela frogatzeko, kontratatutako laguntza ematen duen enpresak edo profesionalak adierazpena egin beharko du, ereduaren araberakoa.

Diruz lagundutako proiektuaren %100 arte azpikontrata daiteke.

Gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 12.000 eurotik goitikoa bada, frogatu beharko da, eskabidearen ereduan erantsita dagoen moduan, hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, gastu diruz lagungarrien ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina enpresarik ez badago, edo gastua egin bada diru-laguntza eskatu baino lehen. Onuradunaren txosten baten bidez frogatuko da.

b) Proiektua edo proiektuaren fase bat egitea enpresak berak hartzen badu bere gain, proiektua egiten duen eta enpresaren parte den pertsonaren lan gastuak.

Kasu honetan, proiektua egiteko izendatutako pertsonak plana koordinatu eta dinamizatzeko lanak ere hartuko ditu bere gain, baina eginkizun horietarako gastua ez da diruz lagungarria izanen.

Enpresak eskaeran bertan adierazi behar du zein langilek egin behar duen proiektua eta lanaldiaren zer portzentaje eman behar duen horretan (eredua erantsita dago).

Izendatutako pertsonaren dedikazioa frogatzean zehaztuko da zein den egiazko dedikazioa, egindako jarduerak eta horretan emandako lanaldiaren portzentajea ere adierazita.

Proiekturako izendatutako pertsonak frogatu beharko du gutxienez bi urteko lan esperientzia duela emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan, eta/edo gutxienez ere 120 orduko prestakuntza emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan, erakunde publikoek edo unibertsitateek (publiko nahiz pribatuek) emana, edo enpresetan genero berdintasuna txertatzeko (IGE) prozeduraren arloko prestakuntza egin duela.

Prestakuntza eta esperientzia frogatzeko, proiektua egin behar duenak erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar du (eredua erantsita dago).

c) Hizlariek sortutako zerbitzu-sariak, bai eta eman behar den prestakuntzaren ondoriozko joan-etorrietako eta ostatuko dietak ere.

d) Berdintasun Planaren komunikazio eta zabalkunderako ekintzak garatzeko gastuak (publizitatea, materialak argitaratu eta/edo inprimatzea, etab.).

4.5. Proiektu eta gastu hauek ez dira diruz lagungarriak:

Proiektu edo gastu kontzeptu hauek deialdi honetatik kanpo daude:

a) Enpresa onuradunetan kontratatuta edo plantillan dauden langileen nominak, salbu eta 4.4.b) oinarrian adierazitakoa.

b) Balio erantsiaren gaineko zergaren (BEZa) zenbatekoa kenduko da, enpresak hura berreskuratu edo konpentsa badezake.

5. oinarria.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.

5.1. Diru-laguntzak honako irizpide ekonomiko hauei jarraituz emanen dira:

5.1.1. Honako hau izanen da diru-laguntzen gehieneko zenbatekoa:

a) Berdintasunerako lehen planak egiteko (1. modalitatea):

–10 langiletik 50 langilera bitarteko plantilla duten enpresak: 6.000 euro gehienez ere.

–51 langiletik 100 langilera bitarteko plantilla duten enpresak: 8.000 euro gehienez ere.

–101 langiletik 250 langilera bitarteko plantilla duten enpresak: 10.000 euro gehienez ere.

b) Berdintasunerako planak bizkortzeko proiektuetarako (2. modalitatea): 3.000 euro gehienez ere.

5.1.2. 1. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuz, diru-laguntza ehuneko hauek adinakoa izanen da, betiere aurreko atalean adierazitako gehieneko diru-muga gainditu gabe:

–91tik 100 puntura bitarte lortzen dituzten proiektuetarako, eskatutako zenbatekoaren %80.

–81etik 90 puntura bitarte lortzen dituzten proiektuetarako, eskatutako zenbatekoaren %70.

–71tik 80 puntura bitarte lortzen dituzten proiektuetarako, eskatutako zenbatekoaren %60.

–60tik 70 puntura bitarte lortzen dituzten proiektuetarako, eskatutako zenbatekoaren %50.

Gutxienez ere 60 puntu lortzen ez dituzten proiektuak ez dira diruz lagunduko.

5.2. Gaitutako aurrekontuko diru-izendapena agortu arte emanen dira diru-laguntzak. Horretarako, onuradun bakoitzari dagokion diru-laguntzaren ehunekoa emateko, 1. eranskinean adierazitako balorazio irizpideen arabera lortutako puntuazioa hartuko da aintzat.

Aurrekontuetako partida agortzen bada puntuazio bera duten bi eskaera edo gehiagorekin, berdinketa ebazteko modalitate bakoitzeko c) atalaren balorazioan lortutako puntuazioa soilik hartuko da kontuan (1. eranskina).

5.3. Honela banatuko da aurrekontuko diru-izendapena:

–55.000 euro plan berriak ezartzeko proiektuetarako.

–20.000 euro lehendik ezarritako planak bizkortzeko proiektuetarako.

Proiektu modalitate bakoitzerako dagoen kreditua agortzen ez bada, gainerako dirua beste modalitatearen zenbatekoari gehituko zaio.

6. oinarria.–Eskaerak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

6.1. Diru-laguntza eskatzen duten enpresek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute.

a) Eskabidea eta eranskinak, behar bezala beteak, eskatutako zenbatekoa eta proiektuaren aurrekontua eta jarduera bakoitzarena adierazita. Diru-laguntzen eskaerak ereduaren arabera aurkeztuko dira nahitaez; Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariako zerbitzuen katalogoko laguntzen fitxan eskuratzen ahal da eskabide eredua (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/). Helbide elektroniko bat adierazi beharko da, Administrazioarekiko harremanetarako bide gisa.

Proiektuaren azalpenean balorazioaren xede diren atalak zehaztu eta deskribatuko dira, oinarri hauen eranskinetan adierazitako irizpideekin bat, bakoitzari dagokion puntuazioa emateko.

b) Enpresaren ordezkaritza daukan pertsonak egindako erantzukizunpeko adierazpena, puntu hauek baieztatzen dituena:

I. Enpresa legez eratuta eta dagokion erregistroan inskribatuta dagoela, eregistro hori zein den adierazita.

II. Enpresak Nafarroan kokatutako lantoki bat duela, eta bertan 10 langiletik 250 langilera bitarteko plantilla.

III. Enpresa ez dagoela legez beharturik Berdintasunerako plana egitera, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera.

IV. Deialdi hau argitaratu aurreko bi urtean enpresak ez duela zehapenik jaso enpresak hartutako erabakiengatik, sexua edo orientazio sexuala dela-eta edo sexu jazarpenak eragindako zuzeneko edo zeharkako bereizkeria egiteagatik.

V. Enpresak ez duela ebazpen irmo baten bidez zehapenik jaso, laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan falta oso larri bat edo bi falta larri baino gehiago egiteagatik, deialdia argitaratu aurreko bi urteetan.

VI. Enpresak ez duela jaso ingurumen arloan neurri zuzentzaileak eskatzen dituen zehapen irmorik aurreko bi urteetan, eskaerak aurkezteko epearen azken egunetik hasita, betiere zehapen organoaren txosten baten bidez egiaztatzen bada neurri horiek gauzatu ez direla edo aplikatzeko egutegia ez dela bete.

VII. Enpresak eta haren ordezkariek ez dutela urratzen Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko adierazitako debekuetako bat bakarra ere.

VIII. Enpresak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela.

c) Laguntza teknikoaz arduratuko den enpresa/profesionalaren identifikazioa, atxikita duela emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan duen esperientziari eta/edo prestakuntzari buruzko adierazpena, eta/edo proiektua egiteko enpresak aukeratutako barneko pertsonarena, atxikita prestakuntzaren eta/edo esperientziaren frogagiriak, b) letrako 4.4 oinarrian aurreikusitako moduan.

d) Ordainketa transferentzia bidez egiteko eskabidea, aldez aurretik aurkeztu ez bada.

e) Enpresak Genero Berdintasunerako onartutako Plana bizkortzeko eta bertan aurreikusitako neurriak abiarazi, garatu eta betetzeko eskaeren kasuan, plana Nafarroako Berdintasunerako Institutuan ez badago, ale bat aurkeztu beharko da paperean eta euskarri digitalean.

f) Enpresak aurkeztutako proiekturako bestelako laguntzarik edo diru-laguntzarik eskatu eta/edo jaso ote duen adierazten duen adierazpena. Hala bada, eskatutako eta jasotako zenbatekoak eta nondik jaso dituen zehatz-mehatz adieraziko da.

g) Enpresak azken hiru zerga-ekitaldietan jaso dituen de minimis laguntzei buruzko adierazpena.

6.2. Betebehar horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar dituztenean edo datuak administrazio horren esku daudenean, ez da eskatuko dokumentazio hori aurkezteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9.4 artikuluan xedatu bezala. Azken kasu horretan, agiria zein espedientetan jasotzen den zehaztu beharko da, eta hala egin dadila eskatzen ahalko da. Orobat, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan xedatutakoa hartuko da kontuan.

6.3. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada, enpresari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzala; halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaera ezetsi, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Proiektua deskribatzeko eta haren aurrekontua zehazteko dokumentazioa ezin da zuzendu.

7. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

7.1. Eskaerak eta dokumentazio erantsia telematika bidez aurkeztu beharko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.navarra.es) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Eskaerak aurkezteko epea 45 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaeran adierazi beharko da jakinarazpenak baliabide telematikoen bidez jaso nahi direla, eta, horretarako, gaitutako helbide elektroniko bat eduki beharko da, zeina 9. oinarrian ezarritako moduan lortzen ahal den.

Eskaera aurrez aurre aurkezten bada, pertsona interesdunari eskatuko zaio zuzentzeko, baliabide elektronikoen bidez aurkeztuz. Ondorio horietarako, ulertuko da eskaeraren aurkezpen eguna zuzenketaren eguna dela.

Dokumentazioa eskaneaturik aurkeztuko da, dokumentu bereizitan, nork bere izena behar bezala dakarrela.

8. oinarria.–Balorazioa eta diru-laguntza emateko prozedura.

8.1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Plangintzaren eta Programen Zuzendariordetzari dagokio diru-laguntza emateko prozeduraren instrukzioa. Diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.

8.2. Eskaerak baloratzeko, instrukzio organoak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko teknikarien laguntza izan dezake, eta egokiak iruditzen zaizkion jarduketak egin ditzake, ebazpen proposamenaren oinarri izanen diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.

8.3. Eskaerak 1. eranskinean zehazten diren irizpideei jarraikiz baloratuko dira, eta eskabidearekin bat aurkeztutako agiriak baizik ez dira kontuan hartuko.

8.4. Gaitutako aurrekontuko diru-izendapena agortu arte emanen dira diru-laguntzak. Horretarako, enpresa onuradun bakoitzari dagokion diru-laguntzaren ehunekoa emateko, balorazioan lortutako puntuazioa hartuko da aintzat, eta horixe izanen da lehentasun irizpidea. Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsi eginen dira.

8.5. Plangintzaren eta Programen Zuzendariordetzak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dio ebazpen proposamena. Proposamenari txosten bat gehituko zaio, balorazioen ondorioz ateratako puntuazioekin; txostenean, halaber, enpresa onuradunek diru-laguntzak jasotzeko betebehar guztiak betetzen dituztela adieraziko da, eta proiektuen balorazioa jasoko da.

9. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko komunikazioak.

Administrazio-egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduran egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematika bidez eginen dira enpresa eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoan.

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da. Gaitutako helbide elektronikoa eskuratzen den helbide berean egiten da harpidetza.

10. oinarria–Ebazpena.

10.1. Diru-laguntzei buruzko ebazpena Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta 3 hilabeteko epean, gehienez ere. Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da, diru-laguntza honen fitxan. Epe hori bukatuta ebazpen espresik eman eta jakinarazi gabe, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, behar den errekurtsoa aurkeztu ahal izateko.

10.2. Diru-laguntzak emateari buruzko ebazpenean onuradunen zerrenda eta emandako diru-laguntzaren zenbatekoak adieraziko dira, eta, kasua bada, zein eskaerari uko egin zaien.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak www.igualdaddegenero.navarra.es web-orriaren bidez jarriko ditu jendaurrean emandako diru-laguntzak, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan eta Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen 20. artikuluan ezarritako baldintzetan. Orobat, legez ezarritako informazioaren berri emanen dio Nafarroako Gobernuko Diru-laguntzen Datu-baseari, publizitaterako edo/eta informaziorako.

10.3. Diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean onuradunek gardentasun aitorpena aurkeztu beharko dute, behar bezala beteta, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat (dekretu horrek arautzen ditu Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak). Onuradunak gardentasunaren betebeharra bete behar ez badu, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du hilabeteko epean, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita.

11. oinarria.–Proiektuak gauzatzean gertatzen diren gorabeherak.

11.1. Proiektuak deialdian ezarritako epeetan gauzatu beharko dira, eta eskaeran eta diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritako moduan. Hala ere, proiektuan aurreikusitako exekuzioa aldatzen duten inguruabarrak gertatzen direnean, aldaketa hauek egiten ahalko dira:

a) Proiektuaren fase bakoitzean egin beharreko ekintzen aldaketak.

b) Proiektuan egin beharreko ekintzen arteko berrantolaketa ekonomikoa.

11.2. Proiektuan egin beharreko ekintzak aldatzeko, aldez aurretik baimena eskatu behar zaio organo kudeatzaileari. Interesdunak proiektuan ez dagoen beste jarduera bat, diru-laguntzaren helburua kontuan hartuta egokitzat jotzen dena, egitea proposatzen ahalko dio Nafarroako Berdintasunerako Institutuari.

Proposatutako aldaketak behar bezala arrazoitu eta aurkeztu beharko dira, aurreikusitako jarduera egin baino gutxienez 20 egun lehenago.

Balorazioa egiteko, oinarriotan ezarritako irizpideei jarraituko zaie, eta epe eta baldintzak beretan justifikatu beharko dira.

Instrukzio organoak baloratuko du salbuespenekoak ote diren aldaketak eta horietarako ematen diren arrazoiak, haiek onartu edo ukatzeko.

Balorazioa eginda, aipatutako aldaketa berariaz baimendu edo ukatuko du Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak, eta, behar izatera, egokiak diren doikuntza ekonomikoak eginen dira.

11.3. Ez da aldez aurretik baimenik eskatu beharko aldaketaren xedea denean proiektuaren derrigorrezko faseetako jardueraren bat ez egitea, betiere diru-laguntza ematea ekarri zuen xedea aldatzen ez bada. Onuradunak behar bezala azaldu beharko ditu aldaketa horiek frogagirietan.

12. oinarria.–Proiektuak gauzatzeko baldintzak.

Proiektua behar bezala gauzatzeko asmoz, berdintasun lantaldeko edo batzordeko kideen zenbait ordezkarik parte hartuko dute Nafarroako Berdintasunerako Institutuak antolatuko duen bilera batean, eta horietako bat, nahitaez, enpresak Berdintasun Plana koordinatu eta dinamizatzeko izendatutako pertsona izanen da. Aipatutako bilera hori, bi ordukoa, Nafarroako Gobernuaren politika publikoetan enpresek betetzen duten lanari buruzkoa izanen da. Nafarroako Berdintasunerako Institutuak antolatutako bilera horretara ez joateak emandako diru-laguntza %10 murriztea ekarriko du.

13. oinarria.–Diru-laguntzen ordainketa eta justifikazioa.

13.1. Emandako diru-laguntza jarduketa diruz lagungarriak amaituta ordainduko da, gardentasun betebeharrak justifikatu eta betetzeari buruzko agiriak aurkeztu ondoren, Gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat.

13.2. Diru-laguntzaren xede diren jarduketak egin ondoren, enpresa onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute 2018ko azaroaren 15a baino lehen, diru-laguntzaren fitxa telematikoaren bidez:

–Diru-laguntzaren xede den jardueraren memoria, horretarako diseinatutako ereduaren araberakoa. Eredu hori diru-laguntzaren fitxan lor daiteke, helbide honetan: http://www.navarra.es/home_es/Servicios/. Memoria horretan jasoko da, halaber, berdintasun plana 1. modalitatean; eta onartutako planaren bizkortzea, 2. modalitatean.

Memoriarekin batera, egindako ekintzen egiaztagiriak aurkeztuko dira, bai eta haiek gauzatu edo zabaltzearen ondoriozko produktuak ere.

–Diruz lagundutako proiektuaren gastu osoaren justifikazioa, faseen arabera xehakatua. Horretarako, fakturak eta ordainketa benetan egin dela frogatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira.

Enpresak bere gain hartzen badu proiektua edo proiektuaren fase bat barnean egitea, aurkeztu beharko dira proiektua egiten duenaren nominak eta enpresak izendatutako pertsonaren dedikazioaren frogagiria, egiazko dedikazioa zehaztuta, gauzatutako jarduerak eta horretan emandako lanaldiaren portzentajea barne.

Egindako gastutzat joko da, oro har, justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena. Aurrekoa gorabehera, ez da eskatuko frogagiriak aurkezteko data baino lehen ordaindu ezin diren finantza eta zerga gastuak benetan ordainduta izatea, horretarako arrazoia likidatzeko borondatezko aldia irekita ez egotea denean.

–Dokumentu bidezko froga bat, erakusteko bete dela Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz lagundutako proiektuan daukaten parte-hartzearen berri emateko betebeharra, egiten den publizitatean eta zabalkundean eta diruz lagundutako proiektuari buruzko dokumentazio guztian Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta honako testu hau txertatuz: “Nafarroako Berdintasunerako Institutuak lagundu du diruz”.

–Enpresak aurkeztutako proiekturako bestelako laguntzarik edo diru-laguntzarik eskatu eta/edo jaso ote duen adierazten duen aitorpen espresa. Hala bada, jasotako zenbatekoen eta nondik jaso dituen zehatz-mehatz adieraziko da.

–Agiri bat, sexu-jazarpenaren eta sexuak eragindako jazarpenaren prebentziorako enpresak ezartzen dituen jarduketa edo protokolo neurriak jasotzen dituena, bai eta gertatzen den edozein kasutan bete beharreko jarduketak ere.

13.3. Diruz lagundutako jardueraren behin betiko kostu osoa diru-laguntza kalkulatzeko kontuan hartu zena baino txikiagoa bada, edo gastuaren frogagirien bidez justifikatutako zenbatekoa emandako diru-laguntzaren arabera justifikatu beharreko zenbatekoa baino txikiagoa bada, murrizketa proportzionala ezarriko zaio diru-laguntzaren zenbatekoari, hura ematean aplikatutako portzentajeak mantenduz, betiere diruz lagundutako proiektua bete dela frogatzen bada.

14. oinarria.–Bateragarritasuna.

Deialdi honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradunek beste administrazio, enpresa eta erakunde publiko edo pribatu batzuen diru-laguntzak jasotzen ahalko dituzte, helburu edo xede bererako, haiek proiektu bakoitzaren inbertsio edo gastuaren %100 gainditzen ez badute.

15. oinarria.–Enpresa onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen babesean diru-laguntza jasotzen duten enpresek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain:

a) Diruz lagundutako proiektua gauzatzea, eta deialdiaren helburua aurreikusitako epeetan betetzea.

b) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari diru-laguntzaren xede den proiektua dela-eta sortzen den edozein gorabeheraren berri ematea eta aurkeztutako proiektuaren kudeaketa nahiz garapena aldatzeko baimena eskatzea.

c) Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emandako diru-laguntzen gainean egiten dituen egiaztapen eta kontrol tekniko eta ekonomikorako lanak onartzea.

d) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko eskatu edo lortzen diren bestelako laguntzak, diru-laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak.

e) Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak behar bezala erabiltzen direla bermatzeko asmoz, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak edukitzea, enpresa onuradunari aplikatu behar zaion araudian agindutako moduan.

f) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

g) Diruz lagundutako proiektuaz egiten den idatzizko eta ahozko publizitate eta zabalkunde mota guztietan, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko dokumentazio guztian ere, Nafarroako Gobernuaren parte-hartzearen eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren diru-laguntzaren berri ematea. Diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren egiten diren publizitate eta zabalkunderako jardueretan baizik ez da eskatuko baldintza hori.

h) Plantillari jakinaraztea lan proposamena, fase bakoitzaren emaitzak, egindako berdintasunerako plana, bai eta enpresan hura garatzeko urteko proiektuak eta ekintzak ere. Azken memoria aurkeztean, horretarako erabilitako euskarrien kopia gehituko da.

i) Gardentasunaren adierazpena behar bezala beteta aurkeztea, diru-laguntza emateari buruzko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, informazio guztia behar bezala emanez, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat (dekretu horrek arautzen ditu Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak). Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko onetsitako diru-laguntza.

j) Nafarroako Berdintasunerako Institutuak antolatutako jardunaldian parte hartzea, proiektuak gauzatzeko baldintzei buruzko 12. oinarrian aurreikusirik dagoen bezala.

k) Sexu-jazarpenaren eta sexuak eragindako jazarpenaren prebentziorako jarduketa neurriak edo protokolo bat izatea, bai eta gertatzen den edozein kasutan bete beharreko jarduketak ere.

16. oinarria.–Diru-laguntzak itzultzea.

16.1. Onuradunak deialdi honen oinarrietan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzen ez baditu, diru-laguntza galduko du eta jasotako dirua itzuli beharko du, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutze-interesak ere, halakorik bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera, eta horrek ez ditu deusetan galaraziko aipatutako 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eska daitezkeen erantzukizunak.

16.2. Diruaren itzulpena eskatzeko prozedura Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.6 artikuluan xedaturikoari jarraituz arautuko da, eta irekitzen denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

17. oinarria.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

18. oinarria.–“De minimis” laguntzak.

Deialdi honetako diru-laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan (2013ko 352 EBAO, abenduaren 24koa) xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako “de minimis” laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak aitortu beharko dituzte eskabide-orrian.

19. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluari eta hurrengoei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluari jarraikiz.

20. oinarria.–Arau osagarriak.

Oinarriotan ezarri gabeko orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoa den gainerako araudian xedatutakoak aginduko du.

I. ERANSKINA

Balorazio irizpideak

1. modalitatea.–Eskaerak baloratzeko irizpideak.

a) Proposamenaren kalitatea (60 puntu bitarte).

–Egindako proposamenaren kalitatea eta bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa, IGE prozeduran aurreikusitako baldintzak eta metodologia oinarritzat hartuta (30 puntu bitarte):

  • Proiektuaren helburu orokorra zehazten du/ Berariazko helburuak zehazten ditu, 7,5 puntu bitarte.
  • Ekintzak deskribatzen ditu berariazko helburuei lotuta, 7,5 puntu bitarte.
  • Proiektuaren garapen kronologikoa, 5 puntu bitarte.
  • Ekintzak gauzatzeko dauden giza baliabideak eta baliabide teknikoak, 5 puntu bitarte.
  • Proiektuari egokitutako aurrekontua, 5 puntu bitarte.

–Proposamena enpresaren kudeaketa planetan eta/edo kalitatea kudeatzeko prozeduretan nola txertatzen den azaltzea (10 puntu bitarte).

  • Prozesuen kudeaketan txertatzen da, 4 puntu bitarte.
  • Giza baliabideen kudeaketan txertatzen da, 4 puntu bitarte.
  • Ingurunearekiko erlazioan txertatzen da, 2 puntu bitarte.

–Enpresak genero berdintasunerako plana garatzeko duen urteko aurrekontua (10 puntu bitarte).

–Egindako diagnostikoaren aldian behingo eguneratzea bermatzen duten neurriak izatea eta genero berdintasunerako planean ezarritako ekintzen garapen maila zehaztea (10 puntu bitarte).

b) Enpresa eskatzaileak berdintasunarekin duen konpromisoa (15 puntu bitarte).

–Enpresak proiektuari esleitutako aurrekontua (7,5 puntu bitarte).

–Enpresak arlo honetan duen ibilbidea (7,5 puntu bitarte).

c) Proiektuaren eragina (15 puntu bitarte).

–Prozesuaren adierazleak (5 puntu bitarte).

–Emaitzaren adierazleak (5 puntu bitarte).

–Eraginaren adierazleak (5 puntu bitarte).

d) Proiektuaren azalpena hizkera ez sexista erabiliz (5 puntu bitarte).

e) Genero, etnia, arraza, desgaitasuna, etab. direla-eta bereizkeria anizkoitza pairatzen duten emakumeen premia berariazkoak kontuan hartzea proiektuan zehar (5 puntu bitarte).

2. modalitatea.–Eskaerak baloratzeko irizpideak.

a) Proposamenaren kalitatea (60 puntu bitarte).

–Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko diagnostikoaren datu nagusiak gaurkoturik dauden, bai entitatearen barne antolakuntzari bai ematen dituen produktu edo zerbitzuei buruzkoak, IGE prozeduraren arabera (20 puntu bitarte):

  • Lidergoaren, politikaren eta estrategiaren ardatzeko datuak eguneratzen dira, 5 puntu bitarte.
  • Pertsonen ardatzeko datuak eguneratzen dira, 5 puntu bitarte.
  • Prozesuaren kudeaketaren ardatzeko datuak eguneratzen dira, 5 puntu bitarte.
  • Ingurunearekiko erlazioen ardatzeko datuak eguneratzen dira, 5 puntu bitarte.

–Enpresan Genero Berdintasunerako Plana ezartzeko atzemandako zailtasunak aztertzeko metodologia bat garatzea (15 puntu bitarte).

  • Ezarpenerako zailtasunak atzemateko tresnak planteatzen dira, 7,5 puntu bitarte.
  • Planaren ezarpena hobetzeko ekintzak planteatzen dira, 7,5 puntu bitarte.

–Enpresako Genero Berdintasunerako Plana bizkortzeko lanetan plantillak parte har dezan proposatzen diren neurrien koherentzia (5 puntu bitarte).

–Enpresak Genero Berdintasunerako Planaren bizkortzea garatzeko duen urteko aurrekontua (10 puntu bitarte)

–Egindako diagnostikoaren aldian behingo eguneratzea bermatzen duten neurriak izatea eta genero berdintasunerako planean ezarritako ekintzen garapen maila zehaztea (10 puntu bitarte).

b) Enpresa eskatzaileak berdintasunarekin duen konpromisoa (15 puntu bitarte).

–Enpresak proiektuari esleitutako aurrekontua (7,5 puntu bitarte).

–Enpresak arlo honetan duen ibilbidea (7,5 puntu bitarte).

c) Proiektuaren eragina (15 puntu bitarte).

–Prozesuaren adierazleak (5 puntu bitarte).

–Emaitzaren adierazleak (5 puntu bitarte).

–Eraginaren adierazleak (5 puntu bitarte).

d) Proiektuaren azalpena hizkera ez sexista erabiliz (5 puntu bitarte).

e) Genero, etnia, arraza, desgaitasuna, etab. direla-eta diskriminazio anizkoitza pairatzen duten emakumeen premia berariazkoak kontuan hartzea proiektuan zehar (5 puntu bitarte).

Iragarkiaren kodea: F1802894