55. ALDIZKARIA - 2018ko martxoaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

10/2018 FORU DEKRETUA, maiatzaren 16koa, Helduentzako Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duena Nafarroako Foru Komunitatean.

Bizitza guztian zehar garatzen den irakaskuntza iraunkorra da hezkuntza, eta horrelakotzat hartzea da Espainiako hezkuntza sistema gidatzen duen printzipioetako bat. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 5. artikuluak, abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoaren bidez izandako aldaketaren ondoren, ezartzen du ezen herritar guztiek eduki behar dutela bizitza osoan prestakuntza izateko aukera, eta, horrela, hezkuntza sistemaren barrenean eta kanpoan, garapen pertsonalerako eta profesionalerako ahalmenak, ezagupenak, trebetasunak eta gaitasunak eskuratu, eguneratu, osatu eta zabaldu. Artikulu horrek berak, bestalde, gehitzen du ezen administrazio publikoei dagokiela ikaskuntzarako eskaintza malguak sustatzea hezkuntza sistema titulaziorik gabe utzi zuten gazte eta helduei oinarrizko gaitasunak eta behar diren titulazioak eskura ditzaten.

Aipatu lege organikoak ezartzen duenez, helduen hezkuntzako berariazko curriculumak ezartzen ahal direla, erregelamendu bidez, aipatu legean ezarritako tituluetako bat eskuratzera bideratuak. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko oinarrizko curriculuma ezartzen duen abenduaren 26ko 1105/2014 Errege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarrian ere adierazten da hori.

Bestalde, ekainaren 2ko 562/2017 Errege Dekretuaren azken xedapenetan azkenak ezartzen du Helduentzako Bigarren Hezkuntzak irakaskuntza akademikoak zein irakaskuntza aplikatuak biltzen ahalko dituela, eta haiek modulutan antolatzen ahalko direla, hiru jakintza-esparrutan: komunikazio esparrua, gizarte esparrua, eta zientzia eta teknologia esparrua. Esparru bakoitzak, bestalde, bi maila izanen ditu. Bestetik, esparru bakoitzean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren zer ikasgai sartzen diren ematen du aditzera, eta ohartarazten du bi urtean egin ahal izateko moduan antolatu beharko direla irakaskuntza horiek.

Uztailaren 20ko Foru Dekretuak, Helduen Oinarrizko Hezkuntza arautu eta ikasketa horien egitura eta curriculuma arautzen duenak, moduluei dagokienez, modu malguan eta irekian antolatzen ditu Helduentzako Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzak, 562/2017 Foru Dekrrtuan adierazitakoarekin bat betiere.

Hezkuntza Departamentuak, apirilaren 22ko 24/2015 Foru Dekretuaren bitartez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren curriculuma garatu du. Haren bosgarren xedapen gehigarrian dioenez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari dagozkion gaitasunak eta ezagutzak eskuratu nahi dituzten helduek beren egoera eta beharrei egokitutako eskaintza izanen dute.

Foru agindu honek Helduentzako Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzen curriculuma gaurkotzen du, eta 24/2015 Foru Dekretuak ezarritakoari egokitzen.

Horregatik guztiagatik, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

Foru agindu honen helburua Helduentzako Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzen curriculuma ezartzea da. Curriculuma Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde esparruan irakaskuntza horiek ematen dituzten ikastetxeetan aplikatuko da.

2. artikulua. Irakaskuntzen antolaketa.

1. Helduentzako Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzek bi maila dituzte, eta haietako bakoitzak lau hilabeteko bi aldi.

2. Irakaskuntza hauek modulutan antolatzen dira, eta hiru jakintza-esparrutan: komunikazio esparrua, gizarte esparrua, eta zientzia eta teknologia esparrua.

3. Modulua curriculumun-unitate bat da, antolamenduzkoa, eta, bertan, irakaskuntzak zehazten dira. Moduluak independenteak dira, eta elkarrekin koordinatuak. Modulu bakoitzak lau hilabete irauten du.

4. Lau hilabeteko modulu hauek osatuko dute Helduentzako Bigarren Hezkuntzako lehen maila:

a) Komunikazioaren esparruko lau modulu: Gaztelaniako 1. modulua eta 2. modulua, eta Atzerriko Hizkuntzako 1. modulua eta 2. modulua. D/A hizkuntza-ereduetan, Euskarako 1. modulua eta 2. modulua gehituko dira.

b) Esparru zientifiko-teknologikoko lau modulu: Matematika-Teknologiako 1. modulua eta 2. modulua, Natura eta Osasuneko 1. modulua eta 2. modulua.

c) Gizarte esparruko bi modulu: Gizarteko 1. modulua eta 2. modulua.

5. Lau hilabeteko modulu hauek osatuko dute Helduentzako Bigarren Hezkuntzako bigarren maila:

a) Komunikazioaren esparruko lau modulu: Gaztelaniako 3. modulua eta 4. modulua, eta Atzerriko Hizkuntzako 3. modulua eta 4. modulua. D/A hizkuntza-ereduetan, Euskarako 3. modulua eta 4. modulua erantsiko dira.

b) Esparru zientifiko-teknologikoko lau modulu: Matematika-Teknologiako 3. modulua eta 4. modulua, Natura eta Osasuneko 3. modulua eta 4. modulua.

c) Gizarte esparruko bi modulu: Gizarteko 3. modulua eta 4. modulua.

6. Irakasgai hauek bi modalitatetan eman daitezke: presentziazkoan eta urrutikoan.

3. artikulua. Curriculuma.

1. Helduentzako Bigarren Hezkuntzako curriculuma, foru agindu honen I. eranskinean garatua, curriculum bakarra da, eta bi aukeretarako osatua: irakaskuntza akademikoetarako eta irakaskuntza aplikatuetarako.

2 Irakaskuntza horien curriculumaren barrenean abenduaren 26ko 1105/2014 Errege Dekretuan eta apirilaren 22ko 24/2015 Foru Dekretuan ezarritako oinarrizko alderdiak daude bildurik, banaketa honen arabera, betiere:

a) Komunikazioaren esparruko moduluetan, Gaztelania eta Literatura, Euskal Hizkuntza eta Literatura (D eta A ereduetan) eta Atzerriko Lehen Hizkuntza irakasgaien oinarrizko alderdiak txertatuko dira.

b) Esparru zientifiko-teknologikoko moduluetan honako irakasgai hauen oinarrizko alderdiak txertatuko dira: Matematika, Irakaskuntza Akademikoetara bideratutako Matematika, Irakaskuntza Aplikatuetara bideratutako Matematika, Biologia eta Geologia, Fisika eta Kimika, Teknologia, Enpresa Jarduerari Aplikatutako Zientziak, eta osasunarekin eta natur ingurunearekin zerikusia duten Gorputz Hezkuntzako alderdiak.

c) Gizarte esparruko moduluetan irakasgai hauen oinarrizko alderdiak txertatuko dira: Geografia eta Historia, Ekonomia, Ekintzailetzaren eta Enpresa Jardueraren Hastapenak, Kultura Klasikoa, eta Plastika, Ikus eta Ikus-entzunezko Hezkuntza irakasgaian hautematearen gainean dauden alderdiak.

d) Gainera, zeharko moduan, deskribatutako eremuetan, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien oinarrizko alderdiak sartuko dira.

3. Ikastetxeek eta haien irakasleek modulu bakoitzari dagozkion programazio didaktikoak garatuko dituzte. Programazioak ikastetxeko Urteko Programazio Orokorrean bilduko dira.

4. artikulua. Sarrera, ordutegia eta ebaluazioa.

1 Helduentzako Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzek, sarrerari, matrikulazioari, ordutegiari, ebaluazioari, gainditzeari eta titulazioari dagokien guztian, abuztuaren 3ko 129/2009 Foru Aginduan ezarritakoari jarraituko diote.

2. Abenduaren 8/2013 Lege Organikoaren ondoriozko ikasketen ziurtagiri ofizialak aurkezten dituzten pertsonen hasierako ebaluazioaren prozesuan, foru agindu honen II. eranskinean ageri den baliokidetzen taula aplikatuko da. Baliokidetza hauek aipatu 128/2009 Foru Aginduaren I. eta II. eranskinetan ezarritakoen osagarri dira.

5. artikulua. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua zuzenean lortzeko probak.

1. Urtero, bi proba eginen dira hemezortzi urtetik gorako pertsonek zuzenean lortu ahal izan dezaten Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua.

2. Urtarrilaren 14ko 3/2010 Foru Aginduan ezarritakoak arautuko ditu proba hauek. Esparru bakoitzeko ariketen edukiak foru agindu honetako I. eranskina izanen du curriculumerako erreferentzia.

XEDAPEN INDARGABETZAILEAK

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Indargabetutako arauak.

1. Indarrik gabe gelditu da urtarrilaren 14ko 3/2010 Foru Aginduaren 5.2 artikulua. Haren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean 18 urtetik gorako pertsonek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua zuzenean eskuratzeko proba libreak arautu ziren.

2. Indarrik gabe utzi dira, orobat, foru agindu honetan ezarritakoaren aurka jotzen duten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2018ko urtarrilaren 25ean.–Hezkuntzako kontseilaria, María Solana Arana.

ERANSKINA

Deskargatu curriculum honen dokumentu osoa PDFn:

Bigarren hezkuntzako irakaskuntzak helduentzat Nafarroako Foru Komunitatean.

Iragarkiaren kodea: F1801544