54. ALDIZKARIA - 2018ko martxoaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

62/2018 EBAZPENA, martxoaren 5ekoa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Tokiko Agenda 21eko proiektuak, zahartzeari lotuak, gauzatze aldera, toki entitateei diru-laguntzak emateko 2018ko deialdia onesten duena.

Tokiko Agenda 21 da udalerri baten edo udalerri batasun baten plangintza estrategikoaren prozesu bat, haren garapena bideratu nahi duena jasangarritasun ekonomikora, sozialera eta ingurumenekora, helburuak udal agintarien eta herritarren arteko akordioaren bitartez zehaztuta.

Nafarroako Gobernuak 1998an uste izan zuen bazirela baldintzak tokiko garapena berritzen duten helburuak finkatzeko, jasangarritasunaren printzipioak aintzat hartuta eta, horrenbestez, Tokiko Agenda 21eko proiektuak sustatu zituen, osoko bilkuran Aalborgeko Karta eta Konpromisoak onetsi zituzten toki entitateen Ekintza eta Jarraipen Planak ezarrita eta Jasangarritasunaren gaineko Auditoriaren faseak finantzatuta.

2018ko ekitaldirako Nafarroako gastuen aurrekontuan, honako partida hauek daude:

Osasun Departamentua:

  • 520001-51200-4609-313905, “Diru-laguntzak, zahartze aktibo eta osasungarrirako estrategiarako (AGENDA 21)”, 40.000 euroko kredituarekin.
  • 520001-51200-7609-313900, “Diru-laguntzak, zahartze aktiboko estrategiako udal entitateen ekipamendurako (AGENDA 21)”, 250.000 euroko kredituarekin.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentua:

  • 740007 74700 4609 456202, “Toki Entitateentzako diru-laguntza, Nels sareko ingurumen proiektuetarako”, 40.000 euroko kredituarekin.
  • 740007 74700 7609 456200, “Toki Entitateentzako diru-laguntza, Nels sareko ingurumen proiektuetarako”, 100.000 euroko kredituarekin.

Bai Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan bai Osasun Departamentuan zenbait partida dagoenez Tokiko Agenda 21erako, bidezkoa da, efikaziari begira, organo bakarra izatea deialdiaz eta laguntzak emateaz arduratzen dena. Horrenbestez, beharrezkoa da tresnak ezartzea Osasun Departamentuaren eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren arteko elkarlana izan dadin, kudeaketa-esleipenaren teknika erabiliz horretarako. Horregatik, Osasun Zuzendaritza Nagusiak baimena eman dio Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiari kudeaketa-esleipen bat egiteko, hain zuzen ere, toki entitateentzako diru-laguntzen deialdiaren eta emakidaren kudeaketa, Tokiko Agenda 21eko proiektuak gauzatu ditzaten 2018an.

2018ko otsailaren 26an Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Osasuneko zuzendari nagusiak otsailaren 9an emandako 519E/2018 Ebazpena, zeinaren bidez Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren esku uzten baitira toki entitateentzako diru-laguntzak deitu, eman eta ordaintzeko behar diren jarduketa guztiak, Tokiko Agenda 21eko proiektuak gauzatu ditzaten.

Halaber, egun berean Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak otsailaren 8an emandako 53/2018 Foru Agindua, baimena ematen duena Osasun Zuzendaritza Nagusiak Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiari kudeaketa-esleipen bat egiteko, hain zuzen ere, toki entitateentzako diru-laguntzak deitu eta emateko, Tokiko Agenda 21eko proiektuak gauzatu ditzaten.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak aipatzen du Jasangarritasunaren, Ingurumen Hezkuntzaren eta Partaidetza Publikoaren Atalaren eskumenen eremua. Horien artean, Tokiko Agenda 21eko Tokiko Ekintza Planak garatzeko laguntza ematea dago.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onetsi zuen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Tokiko Agenda 21eko Tokiko Ekintza Planaren proiektuak gauzatze aldera, toki entitateei diru-laguntzak emateko 2018ko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak, ebazpen honen eranskinetan jasotzen direnak, onestea.

3. Transferentzia arruntetako proiektuetarako 80.000 euroko gastua baimentzea: 40.000 euro “Diru-laguntzak, zahartze aktibo eta osasungarrirako estrategiarako (AGENDA 21)” izeneko 520001-51200-4609-313905 partidaren kargura, eta 40.000 euro “Toki Entitateentzako diru-laguntza, Nels sareko ingurumen proiektuetarako” izeneko 740007 74700 4609 456202 partidaren kargura.

4. Kapital transferentzietarako proiektuetarako 350.000 euroko gastua baimentzea: 250.000 euro “Diru-laguntzak, zahartze aktiboko estrategiako udal entitateen ekipamendurako (Agenda 21”) izeneko 520001-51200-7609-313900 partidaren kargura, eta 100.000 euro “Toki Entitateentzako diru-laguntza, Nels sareko ingurumen proiektuetarako” izeneko 740007 74700 7609 456200 partidaren kargura.

5. Deialdi hauek Diru-laguntzen Datu Base Nazionalera bidaltzea, Diru-Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoa betetzeko.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute interesdunek hilabeteko epean, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua. Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien jurisdikzioan, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

7. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2018ko martxoaren 5ean.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

TOKIKO AGENDA 21EKO PROIEKTUAK GAUZATZE ALDERA ,
TOKI ENTITATEEI DIRU-LAGUNTZAK EMATEKO 2018KO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1. ERANSKINA

Xedapen komunak

Lehena.–Xedea eta helburua.

2018ko ekitaldian aurretik onetsi diren edo prestatzeko prozesuan dauden Tokiko Agenda 21eko Tokiko Ekintza Planetan jasotzen diren proiektuak edo ekintzak gauzatzea sustatuko duten laguntzen araubidea ezartzea du xede ebazpen honek, toki entitateen jasangarritasuna handitzearren, tokiko kudeaketa modu integratuan eta jendearen parte-hartzearekin hobetuz. Halaber, deialdiaren helburua da adinekoekin atseginak diren herriak, hiriak eta auzoak bultzatzea, zahartze aktiboa eta osasungarria sustatze aldera.

2. eranskinean arautzen dira eragiketa arrunten gastuak diren proiektu edo ekintzetarako diru-laguntzen berariazko oinarriak.

3. eranskinean arautzen dira inbertsioak diren proiektu edo ekintzetarako diru-laguntzen berariazko oinarriak.

Bigarrena.–Jarduketa diruz lagungarriak, betebeharrak eta baztertutako jarduerak.

1. Diruz lagungarriak izanen dira aurretik onetsi diren edo prestatzeko prozesuan dauden toki entitateen Tokiko Agenda 21eko Tokiko Ekintza Planetan jasotzen diren proiektuak edo ekintzak.

2. Jarduketa diruz lagungarriek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Jarduketak Tokiko Agenda 21eko Tokiko Ekintza Planaren parte izatea. Beharrezkoa da plan hori aldez aurretik toki entitatearen organo eskudunaren erabaki baten bidez onetsia izatea. Halaber, diruz lagungarriak izanen dira Tokiko Agenda 21en zati diren eta 2018an abiarazi behar diren jarduketak.

b) Jarduketek jasangarriak, estrategikoak, eredugarriak eta transferigarriak izan behar dute, tokiko kudeaketa jasangarriari begira. Jarduketa bakoitzean garapen jasangarriaren aldekotzat jotzen diren alderdi ekonomikoak, sozialak eta ingurumenekoak justifikatuko dira.

c) Jarduketa bakoitzarekin batera, hura burutzeko beharrezkoak diren aurretiazko baimenak edo administrazio baimenak aurkeztu beharko dira.

d) 2017ko azaroaren 16tik 2018ko azaroaren 15era bitartean gauzatu eta ordaindu beharko dira. Aurretik abiarazi diren jarduketak ere onetsiko dira, baldin eta aldi horretan amaitzen badira.

3. Tokiko Agenda 21 onuradun bakoitzak lau proiektu edo ekintza diruz lagungarri aurkezten ahalko ditu gehienez ere: bi gastu arruntekoak izanen dira, eta beste biak, berriz, inbertsiokoak.

Hirugarrena.–Onuradunak.

1. Aurretik onetsi den edo prestatzeko prozesuan dagoen Tokiko Agenda 21 udal edo udalez gaindiko organo eskudunak hartutako erabakiaren bidez onetsia duten Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateak.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Mankomunitateen kasuan, onuradun izan daitezke laguntza eskatzen dutenean zeinek bere Tokiko Agenda 21 onetsian sartuta dituen udalez gaindiko proiektuak burutzeko.

Laugarrena.–Eskatutako baldintzak frogatzeko modua.

Bigarren oinarrian ezarritako baldintzak frogatzeko, eskaerak, eskabide orokor bat beteta, dokumentazio hau eraman beharko du:

1. Diru-laguntza jaso ahal izateko bigarren oinarrian aipatzen diren aldez aurreko baldintzak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa, finantzatu beharreko proiektua adierazita.

2018an abiarazten diren agendei dagokienez, organo eskudunak agendaren hasiera onesteko hartutako erabakiaren agiria eskatuko da.

2. Diru-laguntzaren xede den proiektuaren edo ekintzaren memoria teknikoa, non ekintzak, baliabideak, aurrekontuak eta epeak zehatz azalduko baitira, eta Agenda 21eko proiektuaren edo ekintzaren oinarrizko fitxa deskribatzailea, 4. eranskinean agertzen dena, behar bezala betea.

3. Erantzukizunpeko adierazpena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezartzen diren baldintzak betetzen direla dioena, 5. eranskineko ereduaren arabera.

4. Eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz hartu behar dituenean edo haiek kobratzeko kontua aldatu nahi duenean, transferentzia bidez kobratzeko eskabidea, 6. eranskinean agertzen dena, aurkeztu beharko du, behar bezala beterik eta sinaturik.

5. 2018an abiarazten diren agendei dagokienez, organo eskudunak agendaren hasiera onesteko hartutako erabakiaren agiria aurkeztuko da.

6. 7. eranskineko fitxetatik behar direnak eta bestelako dokumentazioa, 2. eranskineko hirugarren oinarrian ezarritako balorazio irizpideak frogatzeko behar dena, eragiketa arruntetako gastuetarako, baita 3. eranskineko hirugarren oinarrikoak frogatzeko ere, inbertsioetarako.

7. Proiektuak edo ekintzak administrazio publikoren baten baimenak behar baditu gauzatzeko, baimen horiek eskatu eta/edo lortu direla frogatzea.

Dokumenturen bat jadanik Foru Komunitateko Administrazioaren esku badago, interesdunak hala azaldu beharko du eskabidean (eskabide orokorra), adieraziz zer dokumentu den eta zer administrazio espedientetan dagoen, eta Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoaren arabera datu babesturik bada, baimena emanen zaio Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari haietan sartzeko.

Bosgarrena.–Eskaerak aurkezteko epea eta eskatutako baldintzak frogatzeko modua.

Eskaera alkateak edo tokiko korporazioko lehendakariak sinatu beharko du, eta ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztuko da.

Jasangarritasunaren, Ingurumen Hezkuntzaren eta Partaidetza Publikoaren Atalari igorriko zaio eskaera, eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren Erregistroan aurkezten ahalko da (González Tablas kalea, 9, Iruña). Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bulego eta erregistroetan eta Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez ere aurkez daiteke.

Seigarrena.–Ebaluazio organoa.

Balorazio Batzorde Teknikoak ebaluatuko ditu eskaerak, eta kide hauek izanen dira batzorde horretan:

–Batzordeburua: Lurralde eta Ingurumen Jasangarritasunaren arloko Berrikuntza eta Ezagutza Zerbitzuko zuzendaria, edo hark eskuordetzen duen teknikaria.

–Idazkaria: Toki Agenden eta Lankidetzaren Bulegoko burua, edo hark eskuordetzen duen teknikaria.

–Batzordekidea: Jasangarritasunaren, Ingurumen Hezkuntzaren eta Partaidetza Publikoaren Ataleko burua, edo hark eskuordetzen duen teknikaria.

–Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko batzordekidea: Osasun Komunitarioa Sustatzeko Zerbitzuko burua, edo hark eskuordetzen duen teknikaria.

–Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko batzordekidea: Osasuna Sustatzeko eta Politika guztietan Txertatzeko Ataleko burua, edo hark eskuordetzen duen teknikaria.

Beharrezkotzat joz gero, Balorazio Batzorde Teknikoak aurkeztutako eskaeren xedeko gaietako teknikari adituen parte-hartzea eskatzen ahalko du.

Zazpigarrena.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaera harturik, oinarri hauetan eskatzen den dokumentazio guztia erantsi ote den egiaztatuko da. Eskatutako dokumentazio guztia aurkezten ez bada, interesdunari eskatuko zaio akatsa zuzendu dezala errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik hasita hamar egun naturaleko epean, eta adieraziko zaio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

2. Balorazio Batzorde Teknikoak txosten arrazoitua eginen du proiektu bakoitzari emandako puntuazioei buruz.

3. Aurreko oinarrian aurreikusitako batzorde teknikoak oinarri arautzaile hauetan adierazitako irizpide, modu eta lehentasunen araberako ebaluazioa egin ondoren, Jasangarritasunaren, Ingurumen Hezkuntzaren eta Partaidetza Publikoaren Atalak ebazpen proposamena eginen du eta, horrekin batera, txosten bat, non adieraziko baitu onuradunek diru-laguntzak hartzeko baldintza guztiak betetzen dituztela. Horrez gainera, zerrenda bat ere prestatuko du, baldintza guztiak bete arren aurrekontuetako mugak direla kausa deialditik kanpora gelditzen direnekin.

4. Diru-laguntzak Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren ebazpen arrazoituaren bidez eman edo ukatuko dira. Laguntzak puntuazio-hurrenkeraren arabera emanen dira, handienetik txikienera, aurrekontu erabilgarria agortu arte.

Azken proiektu diruz lagungarrirako diru aski ez balego aurrekontuan, dagoen zenbateko erabilgarria emanen zaio aurrekontuko saldoa ahitu arte. Azken proiektu horri emandako zenbatekoa ondoren handitzen ahalko da (proiektu bakoitzerako oro har ezarritako muga errespetatuta), ordaintzeko unean nahikoa kreditu badago lortutako puntuazioen arabera emateko ordenan aurretik dituen onuradunetako baten batek ez justifikatzeagatik edo hasieran aurreikusitakoaren azpitik justifikatzeagatik.

Aurrekontuko kreditu eskasiagatik diru-laguntzarik jasotzen ez duten onuradunen zerrenda bat agertuko da ebazpenean, lortutako puntuazioa eta eskatutako zenbatekoa adierazita.

5. Prozeduraren gainean ebazteko epea hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epea berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

Zortzigarrena.–Onuradunaren betebeharrak.

Diru-laguntza hartzen duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

1. Proiektua aurrera eramatean edukiaren edo kostuaren aldaketaren bat dakarren edozein gorabeheraren berri ematea, gertatzen den unean, idatziz, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari. Aldaketa horrek ez dio konpromisorik ekarriko Foru Komunitateko Administrazioari, berariaz bere gain hartzen ez badu. Jasangarritasunaren, Ingurumen Hezkuntzaren eta Partaidetza Publikoaren Atalak onetsi beharko ditu, idatziz, proiektuaren edukiaren edo moduaren aldaketa guztiak.

2. Proiektuak edo ekintzak 2018ko azaroaren 15a baino lehen egiteko eta ordaintzeko konpromisoa, Nafarroako Gobernuak toki entitatearen aldeko ordainketa agindua 2018ko ekitaldian eman dezan, toki entitateak onetsitako ziurtagiriak aurkeztu ondoren.

3. Diru-laguntza jasotzen duten proiektuen edo ekintzak kontratatzeko prozeduraren tramitazioa fase guztietan egiteko konpromisoa, bai eta proiektu edo ekintza horiek zuzen eta osorik egiteko behar diren tramite eta baimen guztiak ere; hori guztia, lanak hasten direnetik haiek onartzen diren arte. Orobat, lizitazioaren ondoriozko betebeharren erantzukizuna hartuko du, eta ez beste inork, obren edo ekintzen adjudikaziodunen aurrean.

Hala ere, toki entitateak diruz lagundutako inbertsioen %100 bitarte azpikontrata dezake.

4. Organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta Estatuko nahiz Europar Batasuneko kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.

5. Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea laguntza emateko ebazpen proposamena ematen denean.

6. Jasotako diru-laguntzaren kobrantza kontabilitate edo erregistro liburuetan erregistratzea eta diru horren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

7. Proiektu edo ekintza guztiek, diru-laguntzen deialdi honen babesean egiten badira, genero ikuspegia hartu beharko dute kontuan, testuetan eta irudietan bazterkeria islatzen duten elementuak erabili gabe.

8. Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

9. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8. artikuluak aipatzen dituen pertsona juridikoek edo entitateek Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasuna bete beharko dute, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen dituztenean eta honako bi inguruabar hauek gertatzen direnean:

a. Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea.

b. Emandako zenbatekoa entitate onuradunaren negozio kopuruaren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a. Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu gauzatua.

b. Hala badagokio, diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra, halakorik baldin badago.

Diru-laguntzak jasotzen dituzten entitate guztiek oinarri arautzaile hauetako 8. eranskineko gardentasunari buruzko betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu behar dute, adierazten den informazioarekin batera.

Entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da dokumentazio hori, eta Jasangarritasunaren, Ingurumen Hezkuntzaren eta Partaidetza Publikoaren Atalari igorriko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, kasua bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Dokumentazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak ukatu gabe, betetzen ez badira onartutako diru-laguntza ordaindu gabe utziko da, eta zenbatekorik kobratu bada, itzuli beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Bederatzigarrena.–Ordainketa egiteko modua eta epea.

Hamaikagarren oinarrian eskatutako dokumentazioa aztertu ondoren, onetsitako diru-laguntza ordainduko da. Lanak onetsitako proiektuaren arabera egin direla frogatu ezean, diru-laguntza gutxitu eginen da, burututako proiektuaren proportzioan. Diru-laguntza ordaintzeko epea bi hilabetekoa izanen da, diru-laguntza ordaintzeko ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Onetsitako zenbatekoetan ez justifikatzeagatik edo hasieran aurreikusitakoaren azpitik justifikatzeagatik hutsik geratzen den zatia azken proiektu diruz lagungarriari ordainduko zaio, zazpigarren xedapenaren 4. atalean ezarritakoaren arabera.

Hamargarrena.–Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honen diru-laguntzak bateragarriak dira Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo Espainiako nahiz atzerriko partikularrek emandako beste laguntza batzuekin.

Kasu horretan, jarduera bererako emandako diru-laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

Aurreko lerroaldean ezarritako ondorioetarako, onuradunak helburu horrexetarako beste diru-laguntzaren bat jasotzen baldin badu, Jasangarritasunaren, Ingurumen Hezkuntzaren eta Partaidetza Publikoaren Atalari jakinarazi beharko dio, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluko d) apartatuan xedaturikoarekin bat.

Era berean, onuradunak atal horri berari jakinarazi beharko dio diru-laguntza ez den beste edozein diru-sarrera edo finantzabide, diruz lagundutako jarduketaren gainfinantzaketa izan ez dadin. Horretarako, 9. eranskina beteko du.

Hamaikagarrena.–Eragimena eta ekonomia hornitzaileen kontratazioan.

Entitate publikoak direnez, ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legea (Kontratu publikoei buruzkoa) bete beharko dute lanen kontratazioan.

Hamabigarrena.–Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

1. Ebazpen honetan eskatutako betebeharrak eta hartutako konpromisoak bete ezean, ez da diru-laguntza ordainduko edo itzuli egin beharko da, eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.

2. Diru-itzulketa, arau-hauste eta zehapenen arloan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

Hamahirugarrena.–Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen aplikazioa.

Oinarri hauetan aurreikusita ez dauden gaietan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoa aplikatuko da.

Hamalaugarrena.–Oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Hamabosgarrena.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Deialdi honetan ezarritako laguntzen onuradunen zerrenda Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.navarra.es) argitaratuko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedaturikoarekin bat.

2. ERANSKINA

Berariazko xedapenak, transferentzia arruntetarako

Lehendabizikoa.–Jarduketa diruz lagungarriak.

Eragiketa arrunten ondoriozko jarduketak behar dute izan, hala nola, azterlanak edo proiektuak, langileen gastuak, ondasunen errentamendua, material suntsigarria, beste enpresa batzuek egindako lanak, publizitatea, jardunaldiak, liburuxkak, informazio kanpainak, eta abar.

Bigarrena.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Proiektu edo ekintza bakoitzerako diru-laguntza Balorazio Batzorde Teknikoak onartzen duen aurrekontuaren %70ekoa izanen da. Puntuazio handienetik txikienera banatuko dira, zazpigarren oinarriko 3. atalean adierazitakoaren arabera, dagoen aurrekontua bukatu arte.

2. Azken proiektu edo ekintzarentzat behar beste kreditu ez badago harentzat onartutako aurrekontuaren %70 emateko, gelditzen den dirua emanen zaio.

3. Proiektu edo ekintza bakoitzerako diru-laguntza ez da inoiz 6.000 eurotik gorakoa izanen.

Hirugarrena.–Diru-laguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpideak.

1. Deialdi honen xede diren laguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.

2. Balorazio irizpideak.

Proiektuak edo ekintzak baloratzeko, 0tik 118ra arteko puntuazio orokorra emanen zaie, ondoko irizpide hauen arabera:

Proiektuaren balorazioa (93 puntu gehienez):

1. azpiataletik 31.era artekoetan, azpiatal bakoitzean zero puntu emanen da baloratzerik merezi ez duenean, puntu bat balorazio txikia bada, bi puntu balorazio ertaina bada, eta hiru puntu balorazio handia badago.

a) Onura ekonomikoa:

1. Ondare publikoaren hobekuntza.

2. Aurrezki ekonomikoa. (aurrezki ekonomikoa, ehunekotan adierazita).

3. Tokiko ekonomiarako onura.

4. Epe laburrera (proiektua edo ekintza gauzatzen den bitartean) lanpostuak sortzea (lanpostu kopurua).

5. Epe luzera (proiektua edo ekintza gauzatu ondoren) lanpostuak sortzea (lanpostu kopurua).

6. Tokiko turismo jasangarria sustatzea.

b) Onura soziala:

7. Genero-berdintasunari laguntzea.

8. Ekonomikoki ahulagoak diren gizataldeei laguntzea.9. Gizatalde ahulei edo txikiei laguntzea: desgaitasuna, gizarte-bazterketa, egoera juridiko-penala.

c) Ingurumen onura:

10. Energiaren kudeaketan (aurrezki energetikoa, ehunekotan adierazita).

11. Hondakinen kudeaketan (sortutako hondakinen murrizketa, ehunekotan adierazita).

12. Mugikortasunaren kudeaketan.

13. Uraren kudeaketan (ur kontsumoaren murrizketa, ehunekotan adierazita).

14. Biodibertsitatearen sustapena.

d) Herritarren inplikazioa eta lankidetza:

15. Pertsonen banakako inplikazioa.

16. Publikoak ez diren entitateen inplikazioa.

17. Beste herri batzuetara aldatzeko moduko proiektua.

18. Proiektu eredugarria.

e) Jakintzen eta ohituren aldaketa:

19. Ohitura osasungarriak sustatzea.

20. Ingurumena errespetatzen duten ohiturak sustatzea.

21. Klima aldaketari buruzko jakintzak eta kontzientziazioa sustatzea.

f) Adinekoekin atseginak diren herriak, hiriak eta auzoak:

22. Proiektuaren hartzaileak diren adinekoen portzentajea.

23. Adinekoen etengabeko ikaskuntzarako, aisialdi aktiborako eta ariketa fisikorako jarduerak aurreikustea

24. Biztanleei oro har zahartze aktibo eta osasungarriari buruzko informazio eta sentsibilizazio jarduerak eskaintzea

25. Adinekoen harreman sozialak bultzatzea

26. Adinekoek, eremuko zerbitzuek eta entitate sozialek proiektuan parte hartzea.

g) Proiektua baloratzeko bestelako irizpideak:

27. Aurkezturiko metodologia.

28. Etorkizuna.

29. Espazio andeatuak lehengoratzea.

30. Belaunaldiarteko elkarlana.

31. Hiriko kultur ondarea gorde, berritu eta berrerabiltzea.

Balorazio orokorrerako bestelako irizpideak (25 puntu gehienez):

h) Proiektuaren eremuaren neurria: 5 puntu gehienez.

1. 5 puntu: gauzatzeko udalerrian, kontzejuan edo tokian biztanle kopurua 7.000tik beherakoa denean.

2. 0 puntu: beste kasu batean.

i) Agendaren antzinatasuna: 5 puntu gehienez.

1. 5 puntu: ekintza plana onetsita duten agendak.

2. 0 puntu: beste kasu batean.

j) Udalen elkarlana: 5 puntu gehienez.

1. 5 puntu: udalerri bat baino gehiago ukitzen duten proiektuak.

2. 0 puntu: beste kasu batean.

k) Euskararen erabilera edo tokiko ondare ukiezinaren sustapena: 5 puntu gehienez.

1. 5 puntu: euskararen erabilera bermatzen duten edo tokiko kultur ondare ukiezina sustatzen duten proiektuak.

2. 0 puntu: beste kasu batean.

l) 60 urtetik gorako biztanleen portzentajea: 5 puntu gehienez.

1. 5 puntu: 60 urtetik gorako biztanleen portzentajea %24tik gora duten eremuetako proiektuak.

2. 0 puntu: beste kasu batean.

m) Tokiko Agenda 21en ondoriozko puntuazio osagarria: 10 puntu gehienez.

1. 10 puntu: agenda bakoitzeko aurkeztutako proiektuen artean balorazio handiena duena, aurreko balorazio irizpideetan lortutako puntuazioa batuta.

2. 0 puntu: beste kasu batean.

Puntuazioetan berdinketarik balego, aintzat hartuko litzateke a) ataleko irizpidearen balorazioa, eta berriro berdinduz gero, b) atalekoa, eta horrela, hurrenez hurren, ordena alfabetikoari jarraikiz, berdinketa hautsi arte.

Ez dira diruz lagungarriak izanen 20 puntu baino gutxiago lortzen dituzten proiektuak, nahiz eta horretarako aurrekontua izan.

Laugarrena.–Egindako gastuen eta ordainketen justifikazioa.

Diru-laguntzaren xedeko proiektuak, ekintzak edo obrak bukatutakoan, eta betiere 2018ko azaroaren 15era arte, onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Jasangarritasunaren, Ingurumen Hezkuntzaren eta Partaidetza Publikoaren Atalean:

1. Bidezkoa denean, obraren hasieraren edo zuinketaren egiaztapen akta, honako hauek sinatua: toki entitateko buruak, zuzendari teknikoak eta kontratista adjudikaziodunak.

2. Egindako jardueraren memoria laburra, emaitzen adierazleak barne.

3. Gastuen eta ordainketen zerrenda, toki entitateko idazkariak edo, bidezkoa bada, kontu-hartzaileak ziurtatua, eta, horrekin batera, egindako gastua eta ordainketa frogatzen duten ziurtagiriak, fakturak edo bestelako frogagiriak. 600 eurotik beherako zenbatekoa duten fakturetarako, eskudirutan ordaintzea onartuko da, baldin eta behar bezala frogatzen bada zuzenbidean baliozkoa den edozein baliabideren bidez.

4. Bidezkoa denean, obra amaierako akta, honako hauek sinatua: toki entitateko buruak, zuzendari teknikoak eta kontratista adjudikaziodunak.

Gastuaren eta ordainketaren zenbatekoa hasierako aurrekontua edo adjudikazioa baino txikiagoa bada, diru-laguntza zati proportzionalean gutxituko da.

Epe hori betetzen ez bada, emandako diru-laguntza ez da pagatuko.

Bosgarrena.–Onuradunen eginbeharrak publizitateari dagokionez.

Proiektuan edo ekintzan agerian egon beharko du Nafarroako Gobernuarekin batera finantzatzen den proiektua dela.

Zein den kasua, kartelen kostua proiektuaren kostuaren barrenean sartzen ahalko da.

3. ERANSKINA

Berariazko xedapenak, kapital transferentzietarako

Lehendabizikoa.–Jarduketa diruz lagungarriak.

Inbertsiotzat hartzen diren jarduketak behar dute izan, hau da, kapital- edo zerbitzu-ondasunak sortu edo eskuratzera bideratuak, zerbitzuen funtzionamendu operatiborako beharrezkoak diren ondasun inbentariagarriak eta amortizatzeko modukoak diren ondasun immaterialak (esate baterako, errepideak eraikitzeko gastuak edo makinak, garraioko ibilgailuak eta ordenagailuak erosteko eta berritzeko gastuak).

Inbertsio bati lotutako azterlanak edo proiektuak sartzen ahal dira.

Horrenbestez, kanpo geldituko dira langileria gastuak eta gastu arruntak.

Bigarrena.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Proiektu edo ekintza bakoitzerako diru-laguntza Balorazio Batzorde Teknikoak onartzen duen aurrekontuaren %70ekoa izanen da. Puntuazio handienetik txikienera banatuko dira, zazpigarren oinarriko 3. atalean adierazitakoaren arabera, dagoen aurrekontua bukatu arte.

2. Azken proiektu edo ekintzarentzat behar beste kreditu ez badago harentzat onartutako aurrekontuaren %70 emateko, gelditzen den dirua emanen zaio.

3. Proiektu edo ekintza bakoitzerako diru-laguntza ez da inoiz 20.000 eurotik gorakoa izanen.

Hirugarrena.–Diru-laguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpideak.

1. Deialdi honen xede diren laguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.

2. Proiektuek eta ekintzek hurrengo multzo hauetako batean sartuta egon beharko dute:

a) Ibai ondoko bideak.

b) Paisaia lehengoratzeko jarduketak.

c) Ur sareen eragimena (kontrolgailuak eta kontagailuak).

d) Balioa ematea naturaguneei eta hiri-espazioen naturalizazioa.

e) Aurrezki eta eragimen irizpideak baliabideen kontsumoan, eta hondakinak ahalik eta gehien murriztea.

f) Hurbileko kontsumoa.

g) Tokiko ekonomia jasangarria.

h) Mugikortasun jasangarria eta irisgarritasuna.

i) Gizarte integrazioaren kohesioa: gutxiengoen integrazioa bultzatzen duten ekintzak, gizarte berdintasuna, gizartetik baztertuak izateko arriskuan daudenak kontratatzea, genero berdintasuna, eta abar.

j) Kutsadura akustikoari aurrea hartu eta zuzentzea.

k) Diru-laguntzen xedearekin lotutako beste proiektu batzuk, jasangarritasunaren aldekoak izanik, aurreko ataletan sartu ez direnak.

l) Adinekoekin atseginak diren herriak, hiriak eta auzoak (aire zabaleko hiri espazioak, eraikinak, etxebizitza, garraioa, komunikazioa eta informazioa)

3. Balorazio irizpideak.

Proiektuak edo ekintzak baloratzeko, 0tik 102ra arteko puntuazio orokorra emanen zaie, ondoko irizpide hauen arabera:

Proiektuaren balorazioa (72 puntu gehienez):

1. azpiataletik 24.era artekoetan, azpiatal bakoitzean zero puntu emanen da baloratzerik merezi ez duenean, puntu bat balorazio txikia bada, bi puntu balorazio ertaina bada, eta hiru puntu balorazio handia badago.

a) Onura ekonomikoa:

1. Ondare publikoaren hobekuntza.

2. Aurrezki ekonomikoa. (aurrezki ekonomikoa, ehunekotan adierazita).

3. Tokiko ekonomiarako onura.

4. Epe laburrera (proiektua edo ekintza gauzatzen den bitartean) lanpostuak sortzea (lanpostu kopurua).

5. Epe luzera (proiektua edo ekintza gauzatu ondoren) lanpostuak sortzea (lanpostu kopurua).

b) Onura soziala:

6. Genero-berdintasunari laguntzea.

7. Ekonomikoki ahulagoak diren gizataldeei laguntzea.8. Gizatalde ahulei laguntzea: desgaitasuna, gizarte-bazterketa, egoera juridiko-penala.

c) Ingurumen onura:

9. Energiaren kudeaketan (aurrezki energetikoa, ehunekotan adierazita).

10. Hondakinen kudeaketan (sortutako hondakinen murrizketa, ehunekotan adierazita).

11. Mugikortasunaren kudeaketan.

12. Uraren kudeaketan (ur kontsumoaren murrizketa, ehunekotan adierazita).

13. Biodibertsitatearen sustapena.

d) Herritarren inplikazioa eta lankidetza:

14. Pertsonen banakako inplikazioa.

15. Publikoak ez diren entitateen inplikazioa.

16. Beste herri batzuetara aldatzeko moduko proiektua.

17. Proiektu eredugarria.

e) Adinekoekin atseginak diren herriak, hiriak eta auzoak:

18. Proiektuaren hartzaileak diren adinekoen portzentajea.

19. Inguruneko irisgarritasun fisikoa hobetzea, trabak kentzea eta oztopoak gutxitzea

20. Adinekoentzako ekipamendu egokia (atseden hartzeko bankuak, komunak, erosotasuna, eurirako estalkiak, argiak, seinaleak, ibilgailu atseginak eta abar).

21. Adinekoen harreman sozialak eta belaunaldiarteko jarduerak bultzatzea

22. Inguruneak sortzea, adinekoak ariketa fisikoa egitera bultzatzen dituztenak

f) Proiektua baloratzeko bestelako irizpideak:

23. Iraunkortasuna.

24. Espazio andeatuak lehengoratzea.

Balorazio orokorrerako bestelako irizpideak (30 puntu gehienez):

g) Proiektuaren eremuaren neurria: 10 puntu gehienez.

1. 10 puntu: gauzatzeko udalerrian, kontzejuan edo tokian biztanle kopurua 1.000tik beherakoa denean.

2. 5 puntu: gauzatzeko udalerrian, kontzejuan edo tokian biztanle kopurua 1.000 eta 7.000 artekoa denean.

3. 0 puntu: beste kasu batean.

h) Agendaren antzinatasuna: 5 puntu gehienez.

1. 5 puntu: ekintza plana onetsita duten agendak.

2. 0 puntu: beste kasu batean.

i) Udalen elkarlana: 10 puntu gehienez.

1. 10 puntu: bost udalerri baino gehiago ukitzen dituzten proiektuak.

2. 5 puntu: udalerri bat baino gehiago ukitzen duten proiektuak.

3. 0 puntu: beste kasu batean.

j) 60 urtetik gorako biztanleen portzentajea: 5 puntu gehienez.

1. 5 puntu: 60 urtetik gorako biztanleen portzentajea %24tik gora duten eremuetako proiektuak.

2. 0 puntu: beste kasu batean.

k) Tokiko Agenda 21en ondoriozko puntuazio osagarria: 10 puntu gehienez.

1. 10 puntu: agenda bakoitzeko aurkeztutako proiektuen artean balorazio handiena duena, aurreko balorazio irizpideetan lortutako puntuazioa batuta.

2. 0 puntu: beste kasu batean.

Puntuazioetan berdinketarik balego, aintzat hartuko litzateke a) ataleko irizpidearen balorazioa, eta berriro berdinduz gero, b) atalekoa, eta horrela, hurrenez hurren, ordena alfabetikoari jarraikiz, berdinketa hautsi arte.

Ez dira diruz lagungarriak izanen deialdi honetan finkatutako multzoetatik kanpo gelditzen diren proiektuak, ez eta 35 puntu baino gutxiago lortzen dituztenak ere, nahiz eta horretarako aurrekontua izan.

Laugarrena.–Egindako gastuen eta ordainketen justifikazioa.

Diru-laguntzaren xedeko proiektuak edo ekintzak bukatutakoan, eta betiere 2018ko azaroaren 15era arte, onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Jasangarritasunaren, Ingurumen Hezkuntzaren eta Partaidetza Publikoaren Atalean:

1. Egindako jardueraren memoria laburra.

2. Gastuen eta ordainketen zerrenda, toki entitateko idazkariak edo, bidezkoa bada, kontu-hartzaileak ziurtatua, eta, horrekin batera, egindako gastua eta ordainketa frogatzen duten ziurtagiriak, fakturak edo bestelako frogagiriak. 600 eurotik beherako zenbatekoa duten fakturetarako, eskudirutan ordaintzea onartuko da, baldin eta behar bezala frogatzen bada zuzenbidean baliozkoa den edozein baliabideren bidez.

Gastuaren eta ordainketaren zenbatekoa hasierako aurrekontua edo adjudikazioa baino txikiagoa bada, diru-laguntza zati proportzionalean gutxituko da.

Epe hori betetzen ez bada, emandako diru-laguntza ez da pagatuko.

Bosgarrena.–Onuradunen eginbeharrak publizitateari dagokionez.

Proiektuan edo ekintzan agerian egon beharko du Nafarroako Gobernuarekin batera finantzatzen den proiektua dela.

Zein den kasua, kartelen kostua proiektuaren kostuaren barrenean sartzen ahalko da.

4. ERANSKINA

Proiektuaren edo ekintzaren oinarrizko fitxa deskribatzailea.

5. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena, diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzeari buruz.

6. ERANSKINA

Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera.

7. ERANSKINA

I.–Balorazio irizpideak egiaztatzeko fitxa.

II.–Kapital transferentzien balorazio irizpideak egiaztatzeko fitxa.

8. ERANSKINA

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena.

9. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpen eredua, Tokiko Agenda 21eko jarduketa, diru-laguntzaren eskaeraren xedea dena, finantzatzeari buruz.

Iragarkiaren kodea: F1803113