54. ALDIZKARIA - 2018ko martxoaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LEITZA

Autotaxien zerbitzu publikoaren erregelamenduko aldaketak.
Behin betiko onespena

Leitzako Udalak, 2017ko abenduaren 26an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Leitzako Autotaxien zerbitzu publikoaren erregelamendua aldatzea.

Erabaki hori 2018ko ilbeltzaren 10ean argitaratu zen, 2018ko 7. Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Epe hori iragandakoan inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu ez duenez, behin betiko onetsirik gelditu da aipatu ordenantzaren aldaketa; hori guztia Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legean eman dion idazketaren ariora.

Leitzan, 2018ko martxoaren 8an.–Alkatea, Mikel Zabaleta Aramendia.

LEITZAKO AUTOTAXIEN ZERBITZU PUBLIKOAREN ARAUDIA

Atariko xedapenak

1. artikulua. Indarra duten xedapenek ematen dizkioten eskurantzez baliaturik, Leitzako Udalak antolatu du alokatzeko ibilgailu arinetan, taximetrorik gabekoetan, bidaiariak garraiatzeko zerbitzua, agindu hauei jarraikiz antolatu ere: erregelamendu hauxe bera, Zirkulazio Kodea, Ibilgailu Arinetako Hiri eta Hiriarteko Garraio Zerbitzuari buruzko Erregelamendu Nazionala onetsi zuen martxoaren 16ko 763/79 Errege Dekretua, horiekin bat heldu diren xedapenak eta etorkizunean erregelamendu honi aplikatzen ahalko zaizkionak.

I. KAPITULUA

Erregelamenduaren xedea

2. artikulua. Erregelamendu honen xedea da orokorki arautzea gidaria duten alokatzeko ibilgailu arinetan bidaiariak garraiatzeko zerbitzua, Leitzako udal-mugartean.

Autotaxien arloan, zerbitzuaren antolaketa eta antolamendua Leitzako Udalari dagozkio, aldez aurretik arlo honetako lanbide elkarteentzako entzunaldia izanda.

3. artikulua. Autotaxi izena ematen zaie taximetro-kontagailurik ez duten turismo motako ibilgailuei.

II. KAPITULUA

Ibilgailuak, haien jabetza eta zerbitzu egiteko baldintzak

1. ATALA

Autotaxi ibilgailuak

4. artikulua. Ibilgailu guztiek balio izanen dute ibilgailuak alokatzeko zerbitzu publikorako, baldin eta, potentzia, segurtasun eta itxura aldetik, erregelamenduzko baldintzak betetzen badituzte, eta zerbitzua egiteko Udalaren baimena badute.

Ibilgailu horiek karrozeria itxia izan beharko dute, baita sarrera errazeko ateak ere, zeinetan eta gibelaldean lehiatilak izan beharko baitituzte, ahalik eta ikuspen, argitasun eta aireztapen handiena lortzeko adina, eta beira garden eta ezpaldu ezinezkoez hornituak.

Ibilgailuen barrenean beharrezko argiteria elektrikoa ezarri beharko da.

Ateek beti modu onean egon beharko dute, ibilgailuan aise sartu eta atera ahal izateko, eta behar den mekanismoa eduki beharko dute, beren lehiatilak goiti eta beheiti mugiarazteko.

5. artikulua. Autotaxi ibilgailuek 9 HP baino potentzia handiagoa izan beharko dute, eta beren edukiera erreala Industri Delegazioak mota bakoitzerako zehazten duena izanen da. Nolanahi ere, ibilgailuaren edukiera ez da inoiz 5 leku baino gutiagokoa eta 9 baino gehiagokoa izanen, gidariarena barne.

Ez da baimenik emanen urte bat baino gehiagoko ibilgailurik zerbitzuan jartzeko, eta halako ibilgailuak ezingo dira ibili Alkatetzaren baimenik ez badute.

6. artikulua. Autotaxiek “S.P.” letrak dituen plaka eraman beharko dute, karrozeriaren aitzinaldean nahiz gibelaldean. Orobat, “Taxi Leitza” hitza eraman beharko dute gibelaldeko kristalean.

7. artikulua. Ibilgailuek, beren barrenean, plaka bat eraman beharko dute, eta hartan beren matrikula, lizentziaren zenbakia eta jarleku erabilgarrien kopurua paratuko dira; eta horretaz gain, behar bezala homologatutako su-itzalgailu bat ere izan beharko dute.

Ibilgailuetan honako agiri hauek eduki beharko dira:

1.–Ibilgailuari dagozkion agiriak:

–Lizentzia.

–Plaka bat, ibilgailuaren udal lizentziaren zenbakiarekin eta jarlekuen kopuruarekin.

–Ibilgailuaren zirkulazio baimena.

–Indarra duen aseguru poliza.

2.–Gidariari dagozkion agiriak:

–Gidabaimena, Zirkulazio Kodeak eskatzen duen motakoa, erakunde eskudunak emana.

–Gidatzeko udal baimena.

3.–Zerbitzuari dagozkion agiriak:

–Erreklamazio liburua.

–Erregelamendu honen ale bat.

–Osasun etxearen, anbulantzien, ospitaleen, Guardia zibilaren, suhiltzaileen eta larrialdietarako gainerako zerbitzuen helbideak.

–Ordainagirien taloitegiak, toki entitateak baimenduak.

–Indarra duten tarifen ale ofizial bat.

4.–Indarra duen legeriak eskatzen dituen gainerako agiri guztiak.

8. artikulua. Ibilgailuak desinfektatu eta desintsektatu beharko dira, gutienez, urtean behin eta Alkatetzak hala agintzen duen aldiro, Osasun Ikuskatzailetzak proposatuta. Hori horrela, erakunde horren egiaztagiria eraman beharko da.

9. artikulua. Autotaxi ibilgailuaren azterketa bat eginen da urtero, Alkatetzak edo Industri Ordezkaritzak beharrezkotzat joz gero agindu ditzaketenez gainera, eta ibilgailuen titularrei zehapena paratzen ahalko zaie, baita lizentzia kendu ere, arauak behin eta berriz hautsiz gero, alegia, zainketa, itxura eta garbitasun aldetik beharrezkoak diren baldintzak betetzen ez badituzte edo eskatutako bereizgarriak eta agiriak falta badituzte.

Autotaxien urteroko azterketa Udalak egokiro erabakitzen duen epean eginen da. Azterketaren ordena autotaxien ordezkariekin ados jarrita eginen da.

2. ATALA

Lizentziak

10. artikulua. Eman litekeen lizentzia kopurua zehaztea Leitzako Udalaren eskumena da. Lizentzia horiek emateko garaian, dagokion batzordeak edo horretarako eratu litekeen epai-mahaiak egindako proposamenean oinarrituko da Udala. Erabilitako bidea edozein dela ere, bertako taxi-gidarien iritzia entzunen da.

Udal-lizentzien kopurua erabakitzeko kontuan hartuko da zerbitzuaren beharra edo komenigarritasuna. Kontuan hartuko dira, besteak beste, haren egoera, kalitatea eta hedadura; horiez gain, baita populazioa ere, eta zirkulazioaren nahiz garraioaren osotasunean izanen duen eragina.

11. artikulua. Autotaxirako udal-lizentzia eskatu ahalko duten bakarrak pertsona fisikoak dira:

–Udalerri honetan erroldatuta egotea.

–Bertan bizi izana, gutxienez eskaera egin aurreko bi urteetan.

Lizentziarako eskabidea Leitzako Udalari zuzenduko zaio. Hartan eskatzaileak adieraziko du baduela erregelamendu honen xedapen guztien berri eta onartzen dituela. Horrekin batera agiri hauek ere aurkeztuko ditu:

1.–Behar den motako ibilgailuendako gidabaimena, agintaritza eskudunak emana.

2.–NANaren fotokopia.

3.–Hiru argazki, nortasun agirirako tamainakoak.

4.–Zinpeko deklarazioa, ez administrazio bidean ez zigor bidean gidabaimena kenduz zehatu ez dutela dioena.

5.–Indarra duen legeriaren arabera beharrezkoak diren beste agiri guztiak.

Eskatutako baimena lortuz gero, onuraduna behartuta egonen da, jakinarazpen egunetik hasi eta gehienez ere hilabeteko epearen barrenean, honako agiri hauek aurkeztera:

a) Zerbitzua eginen duen ibilgailuaren zirkulazio baimena, bost urte baino gutxiagoko antzinatasuna duena.

b) Hirugarrenei eta garraiatutako lagunei egindako kalteen erantzukizun mugagabearen aseguru poliza.

Aipatu epean agiri horiek auzkeztu ezean, lizentzia iraungitzat joko da, eta berriz ere lehiaketa publikorako deialdia eginen da, lehen adierazitako prozedura erabiliz.

12. artikulua. Plazaren bat hutsik gelditzen bada, Udalak xedatuaren arabera beteko da, huts hori udal honen iragarki oholean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko den ediktuaren bidez iragarri ondoan. Ediktu horretan deialdi publikoaren baldintzak zehaztuko dira, aurreko artikuluko baldintzak betetzen dituzten izangaiek plaza huts hori eskatu ahal izan dezaten.

13. artikulua. Bertako osasun-zerbitzuak osasun-azterketa eginen die eskaera egin duten guztiei.

14. artikulua. Ematen diren lizentziak pertsonalak eta besterenezinak izanen dira, eta titularrek debekatuta izanen dute lizentzia eskuz aldatzea, uztea edo saltzea.

Hala ere, Udalak baimena eman ahalko du lizentzia esleitu edo eskualdatzeko hura erabiltzeko baldintzak betetzen dituzten pertsonei, honako kasu eta egoera hauetan:

a) Titularra hiltzen bada.

b) Taxilariak bere lanean aritzeko erabateko ezintasun iraunkorra izaten badu.

c) Taxilariak erretiroa hartu edo bere borondatez jarduerari uzten badio, betiere, gutxieneko adinera heldutakoan (65 urte).

Halaber, lizentzia eskualdatu edo esleitzeko baimena emanen zaio titularrari, erregelamenduzko erretiroaren aitzineko bost urteetan hala eskatzen badu, baldin eta aurreko hamabost urteetan zerbitzuan etenik gabe aritua bada.

Erabateko ezintasun iraunkorra Gizarte Segurantzako organo egokiaren ebazpen bidez deklaratuko da.

d) Gidabaimenak balioa galdu eta hura berriztatzeko aukera ukatzen bada, taxilariak behar dituen gaitasun psikofisiko zein psikoteknikoak galdu izanaren edo ez edukitzearen ondorioz, salbu eta gaitasunak galtzearen zioa interesdunari egozten ahal zaion egitate edo arau-hausteren bat denean.

Titularra hilez gero, lizentzia lehentasunen ordena honen arabera esleitu ahalko da:

1.–Alarguna.

2.–Seme-alabak.

3.–Legebidezko oinordekoak, bigarren ahaidetasun mailarainokoak, hala lerro zuzenekoak nola alboko lerrokoak.

Aipatutako horiek lizentzia ustiatu nahi ez badute edo ustiatzeko modurik ez badute, edonori eskualdatu ahal izanen diote, eta eskualdatzeko baldintzak beste hiru kasu horietan bezalakoak izanen dira.

Esleipena edo eskualdatze ituna onartzekotan, notarioaren agiri bidez onartu beharko dira. Hartan eskualdatzailearen eta eskuratzailearen izena eta inguruabarrak eta eskualdaketaren prezioa agerraraziko dira.

Heriotza kasuetan, era berean, lehentasunezko eskubidea duten ahaideen inguruabarrak eta, halakorik bada, eskubideari eginiko ukoak agerrarazi beharko dira.

Lizentzia esleitu edo eskualdatzeko eskubidea, goian arautu den hori, iraungi eginen da baldin eta aipatu eskritura formalizatu eta Udaletxean aurkezten ez bada, behar den moduan, eskabidearekin Erregelamendua betetzen dela frogatzeko agiriekin batera, eskualdaketaren zio den gertaeraren ondoko 6 hilabeteetan, epe hori nahikotzat jotzen baita izan litezkeen gorabeherak konpontzeko.

Esleipen edo eskualdaketa guztietan, Udalak txostena eskatuko dio taxilarien lanbide elkarteari, halakorik badago. Txostenaren bidez egiaztatuko da interesdunek lanbide, lege eta eginkizun aldetik eskatzen ahal zaizkien baldintza guztiak betetzen dituztela.

15. artikulua. Titularrak behartuta daude beren lizentzia pertsonalki eta dedikazio oso eta bakarraz ustiatzera, bertze edozein lan ordainduren gainetik.

Udal lizentziaren titularrek uneoro debekaturik izanen dute ibilgailua bertze gidari baten esku uztea.

16. artikulua. Leitzako Udalak ematen dituen lizentzien erregistro edo fitxategia edukiko du eta bertan jasoko ditu titularren eta ibilgailuen gorabeherak, ordezkapenak, etab.

3. ATALA

Tarifak

17. artikulua. Udalak ezarriko ditu tarifak, eskumena daukan agintari administratiboak aurrez baimena emanda.

Tarifak nahitaez bete beharrekoak izanen dira taxilariarentzat eta erabiltzailearentzat, eta arauzkoak izanen dira udal-mugartean. Hiriarteko zerbitzuan ere aplikatu ahal izanen dira, udalerriko mugak gaindituz gero.

Hiru tarifa mota ezarriko dira: arrunta, goizeko 7etatik gaueko 9ak arte; gauekoa, gaueko 9etatik goizeko 7ak arte; eta jaiegunetakoa, jaiegunaren goizeko ordu 1etik gaueko 12ak arte.

Tarifak ibilgailuaren barrenetik erabiltzailearentzat ikusgai izanen dira.

Tarifak berrikusteko prozedura haiek baimentzeko prozedura bera izanen da.

III. KAPITULUA

Zerbitzu egitea

1. ATALA

Baldintza orokorrak

18. artikulua. Erabiltzaileek lizentziaren titularrari horrela eskatzen diotenean hasiko da zerbitzua.

Zerbitzua etenik gabekoa izanen da, eguneko hogeita lau orduetakoa, igandeak eta jaiegunak barne.

Udal zerbitzuek seinaleztatu eginen dute taxiak bakarrik aparkatzeko den tokia.

Matxura, autoaren baja, asteko atseden-eguna, oporrak, gaixotasuna edo bestelako arrazoiak direla-eta zerbitzutik kanpo egon daitekeen auto-taxi kopurua, ezin izanen da inoiz emandako lizentzia kopuru osoaren herena baino handiagoa izan.

Titularrak garbi, apain eta txukun agertu beharko du, itxura fisikoaren nahiz janzkeraren aldetik.

2. ATALA

Zerbitzu egiatearen modua

19. artikulua. Gidariak ez dio uko egiten ahalko zerbitzu bat egiteari, bidezko arrazoirik ez bada.

Bidezko arrazoitzat hartuko dira honako hauek:

1.–Polizia ondotik segika duten lagunek zerbitzua eskatzea.

2.–Ibilgailurako baimendutako lekuak baino lagun gehiago eramateko eskatzea.

3.–Bidaiaria mozkorturik edo sorgorgarrien eraginpean badago, haren bizirako arriskurik dagoenean izan ezik.

4.–Bidaiariaren arropek edo aldean daramatzan balixek, fardelek edo animaliek ibilgailuaren barnealdea higatu edo kalteak eragin ditzaketenean.

5.–Ibili ezin den bideetan barna joateko eskatzen zaionean, alegia, erabiltzaileen eta gidariaren nahiz ibilgailuaren beraren segurtasunerako arriskua ekar lezaketen tokietan barna. Ordea, trafikoarendako irekitako bideetan zerbitzua egiteko eskatzen zaionean, ez dio uko egiten ahalko.

20. artikulua. Taxilarien eginbeharra da, edozein momentutan, agintaritzako agenteek agindutako zerbitzua betetzea, istripuan zauritutakoak edo laguntza behar duten pertsonak eramateko.

Kasu horietan ibilgailuek jasaten dituzten kalteak Udalaren kontura konponduko dira, Udalak laguntza hartu duen pertsonari gastuen ordaina eskatzea deusetan galarazi gabe, baina horretarako, nahitaezkoa izanen da ibilgailua Udalean aurkeztea, ezbeharra gertatu eta 24 orduko epearen barrenean.

IV. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

21. artikulua. Erregelamenduaren kontrako arau-hausteek arin, larri edo oso larriren sailkapena izanen dute.

22. artikulua. Hutsegite arinak:

a) Zerbitzuan egonik erretzea, erabiltzaileak ez erretzeko eskatuta.

b) Ibilgailua, kanpotik nahiz barnetik, behar bezain garbi ez edukitzea.

c) Norberaren txukuntasun falta.

d) Lankideen arteko hitzezko tratu txarrak.

23. artikulua. Hutsegite larriak:

a) Sei hilabeteko epearen barrenean lau hutsegite arin edo urtebetean hamar egitea.

b) Erabiltzaileak aukeratutako ibilbideko agindu zehatzak ez betetzea, beharrik izan gabe distantzia luzeagoak eginez.

c) Norbera edo ibilgailua gaizki egonik zerbitzuan aritzea.

d) Zerbitzu egitea ukatzea justifikatutako arrazoirik gabe.

e) Bezeroekiko harremanetan edo oinezkoen nahiz bertze ibilgailuen gidarien kontra hitz edo keinu zakarrak edo mehatxuak egitea.

24. artikulua. Hutsegite oso larriak:

a) Bidaiaria abandonatzea, eskatu duen zerbitzua egin gabe, justifikatutako arrazoirik gabe.

b) Zerbitzu egitera agertzea edo zerbitzu egitea mozkorturik edo sorgorgarrien eraginaren pean.

c) Erabiltzaileei gehiegizko prezioak kobratzea.

d) Urtebetean lau hutsegite larri egitea.

e) Ibilgailuan utzitako edozein objektu iraunkor gordetzea, ondorengo 72 orduetan Leitzako Udalari horren berri eman gabe.

f) Zirkulazio Kodearen 289. artikuluan zehaztutako arau-hausteak.

g) Lanbidean jardutea baliatuz engainuzko delituak egitea.

25. artikulua. Alkatetzak zehatuko ditu hutsegite arin, larri eta oso larriak. Hutsegite arinengatik 6,01etik 30,05 eurora bitarteko isuna ezarri eta lizentzia gehienez 15 egunerako kenduko da; hutsegite larriengatik 60,10etik 150,25 eurora bitarteko isuna ezarri eta lizentzia gehienez 6 hilabeterako kenduko da; hutsegite oso larriengatik 300,51etik 601,01 eurora bitarteko isuna ezarriko da.

Horrez gain, hutsegite oso larriak lizentzia behin betiko kenduta zehatu ahalko dira.

26. artikulua. Zehatzeko prozedura Administrazio Prozedurari buruzko Legean xedatuari jarraikiz tramitatuko da, interesdunari aurrez entzunaldia emanik.

XEDPEN GEHIGARRIA

Erregelamendu hau Nafarroako Gobernuak gerora onesten dituen xedapenen menpe egonen da, eta hartan arautu gabeko gaietan, Ibilgailu Arinetako Hiri eta Hiriarteko Garraio Zerbitzuari buruzko Erregelamendu Nazionala onetsi zuen martxoaren 16ko 763/1979 Errege Dekretuari edo gerora haren ordez ematen den xedapenari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: L1803445