54. ALDIZKARIA - 2018ko martxoaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARESO

Datu pertsonalen fitxategiak sortzea eta aldatzea

Aresoko Udalak, 2018ko urtarrilaren 29an egin osoko bilkura arruntean, erabaki hau hartu zuen, besteak beste:

Aresoko Udalean datu pertsonalen fitxategiak sortzea eta aldatzea.

Erabaki honen xedea da datu pertsonalen fitxategiak sortzea, eta Aresoko Udalean aurretik dauden fitxategiei erantsiko zaizkie; aurreko fitxategiak sortu ziren Aresoko Udalean datu pertsonalen fitxategiak sortzeko ordenantzaren bidez (2010eko 107. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 3koa) eta fitxategiak sortzeko eta aldatzeko erabakiaren bidez (2014ko 223. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 30ekoa).

Datuak Babesteari buruzko Lege Organikoaren 20. artikuluak ezartzen duenez, administrazio publikoen fitxategiak sortu, aldatu eta ezabatzeko nahitaezkoa da xedapen orokor bat, “Estatuko Aldizkari Ofizialean” edo kasuan kasuko aldizkari ofizialean argitaratu behar dena.

Fitxategiak sortu edo aldatzeko xedapenetan honako hauek zehaztu beharko dira:

–Fitxategiaren xedea eta eman nahi zaizkion erabilerak.

–Datu pertsonalen iturri diren pertsona edo taldeak edo datu horiek ematera beharturik daudenak.

–Datu pertsonalak biltzeko prozedura.

–Fitxategiaren oinarrizko egitura, eta hartan sarturik dauden datu pertsonalen deskribapena.

–Datu pertsonalen lagapenak eta, halakorik bada, hirugarren herrialdeentzako aurreikusten diren datu eskualdaketak.

–Fitxategiaren ardura duten administrazioen organoak.

–Zer zerbitzu edo unitatetan erabil daitezkeen sartzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta kontra egiteko eskubideak.

–Segurtasun neurriak, zehaztuz nolakoak diren: oinarrizko mailakoak, maila ertainekoak edo altukoak.

Fitxategiak ezabatzeko ematen diren xedapenetan fitxategien xedea ezarriko da, edo nola suntsitu behar diren adieraziko, hori xedatuz gero.

Toki entitatea den aldetik manaturik dituen eginkizunak betetzeko behar diren datu pertsonalen fitxategi berrien ardura du Aresoko Udalak.

Bestalde, Adingabeen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren arabera, “adingabeekin ohiko harremana duten lanbide, ogibide eta jardueretan lanean hasi eta aritzeko baldintza izanen da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasun eta sexu ukigabetasunaren kontrako delitu batengatik, eta horren barnean sartzen dira sexu eraso eta abusua, sexu jazarpena, exhibizionismoa eta sexu probokazioa, prostituzioa eta sexu esplotazioa, adingabeak galbideratzea, eta gizakien salerosketa. Hartara, lanbide, ogibide edo jarduera horietan hasi nahi dutenek Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko dute, inguruabar hori frogatzeko”. Hortaz, Udalak ziurtagiri hori eskatu behar die ohiko lanaldian adingabeekin jarduteko kontratatzen dituen eta horiekin lan eginen duten guztiei.

Fitxategiak datuen babesaren arloko legediari egokitu beharrak ekarri du erabaki honen onespena.

Lehenbizikoa.–Ezaugarriok dituzten fitxategi hauek sortu dira:

Kontratuen fitxategia.

Xede eta erabilera aurreikusiak: honako hauek kudeatzea, aplikatu beharreko legeriaren arabera: langileen kontratazioak eta zerbitzu-, obra-, hornidura- eta laguntza-kontratuen adjudikazioak.

Datuak nondik eta nola biltzen diren: interesdunek emanda, kontratua adjudikatzeko aurkezten diren agiriekin batera.

Norbanako edo talde ukituak: enplegu deialdietan parte hartzen dutenak eta Udalak kontratuak adjudikatzeko sustatzen dituen lehiaketetan parte hartzen dutenak. Kontratistak.

Fitxategiaren oinarrizko egitura:

Identifikazio datuak: NANa, izen-deiturak, helbidea, telefonoa, sinadura.

Ezaugarri pertsonalei buruzko datuak.

Gizarte-inguruabarrei buruzko datuak.

Datu akademikoak eta profesionalak.

Informazio komertzialari buruzko datuak.

Datu ekonomikoak, finantzarioak eta aseguruenak.

Tratamendu sistema: mistoa.

Datuen komunikazioak: Udalaren web-orrian (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko 19/2013 Legea, abenduaren 9koa) eta Nafarroako kontratazio atarian, Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 97. artikuluan ezarriarekin bat.

Organo arduraduna: Aresoko Udala.

Zer zerbitzutan erabil daitezkeen sartzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta kontra egiteko eskubideak: Aresoko Udala.

Segurtasun maila: oinarrizkoa.

Herritarren parte-hartzearen gaineko fitxategia.

Xede eta erabilera aurreikusiak: parte hartzeko eta jendaurreko informaziorako prozesuaren kudeaketa, herri galdeketak.

Datuak nondik eta nola biltzen diren: interesdunek berek emanen dituzte, idatziz, inprimaki edo eskabide baten bidez.

Norbanako edo talde ukituak: arauei buruzko iritzia adierazten duten pertsonak eta erakundeetako kideak. Galdeketan parte hartzen duten bizilagunak.

Fitxategiaren oinarrizko egitura:

Identifikazio datuak: NANa, izen-deiturak, helbidea, telefonoa, sinadura.

Tratamendu sistema: mistoa.

Datuen komunikazioak: ez daude aurreikusita.

Organo arduraduna: Aresoko Udala.

Zer zerbitzutan erabil daitezkeen sartzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta kontra egiteko eskubideak: Aresoko Udala.

Segurtasun maila: oinarrizkoa.

Bigarrena.–Datu pertsonalen fitxategia aldatu da, honako atal hauetan:

Xedea eta aurreikusitako erabilerak, honako hau eransteko: “Adingabeen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikulua betetzen den kontrolatzea”.

Fitxategiaren oinarrizko egitura, honako hau eransteko: “Arau-hauste administratiboei eta penalei buruzko datuak”.

Datuen komunikazioak, honako hau eransteko: “Epaile eta epaitegiei, aurrez eskatuta”.

Segurtasun maila, oinarrizkotik ertainera pasatzeko.

Hirugarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta aipatutako fitxategiak sortzea eta fitxategi pertsonala aldatzea xedatuko da. Ondoren, inskripzioak eta aldaketak jakinaraziko zaizkio Datuak Babesteko Espainiako Agentziako dagokion erregistroari.

Areson, 2018ko urtarrilaren 31n.–Alkatea, Ur Alguero Chivite.

Iragarkiaren kodea: L1801418